Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

142. zk., 2002ko uztailaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
4237

EBAZPENA, 2002ko martxoaren 13koa, Energia zuzendariarena. Honen bitartez, Antoñana-Santa Cruz lineako Cotexa transformazio zentrorako adar gisa (Santa Cruz de Campezo), 13,2 kV-ko linea elektriko bat instalatzea baimentzen da, eta linea horren aldaketa proiektua onartzen.

Lurralde bulego honetan hasitako 67/16530-ATH01.120 espedientea aztertu da. Espediente hori Iberdrola Distribución Eléctrica, SA (helbidea: Urartea kalea, 2. Gasteiz) baltzuak eskatuta hasi da. Izan ere, baltzu horrek administrazio baimena ematea eta gauzatzeko proiektua onartzea nahi du, linea elektrikoa eta transformazio zentra instalatzearren. Bestalde, baltzuak behar bezala bete ditu abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuko VII. tituluko II. kapituluan araututako izapideak (dekretu hori 2000/12/27ko EAOn argitaratu zen, eta hau arautzen du: argindarraren garraiatzeko, banatzeko, merkaturatzeko eta hornidura emateko jarduerak, eta argindarraren instalazioak baimentzeko prozedurak). Horretan, dekretu horretako azkeneko lehen xedapenean ezarritakoari jarraitu behar zaio, bai eta Industriari buruzko 21/92 Legean (uztailaren 16koa) ezarritakoari ere.

Aurkeztutako proiektua aztertu da. Proiektua Francisco J. Bermejo de la Fuente industria ingeniariak sinatuta dago eta Industria Ingeniarien Elkargoak 2001eko urriaren 25ean 011.122 zenbakiarekin ikus-onetsita.

Horiek horrela, Energia zuzendariak, urriaren 16ko 223/2001 Dekretuan (Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala onartzen duen dekretua. 2001/10/24ko EHAA) emandako aginpideak erabiliz:

EBATZI DU:

Iberdrola Distribución Eléctrica, SA baltzuari Santa Cruz de Campezon (Kanpezuko udalerria), Antoñana TEA-Santa Cruz lineako Cotexa transformazio zentrora doan adar gisa, 13,2 kV-ko linea elektriko bat instalatzea baimentzea, eta haren aldaketa gauzatzeko proiektua onartzea. Hauek dira instalazio horren ezaugarri nagusiak:

Lurpeko linea elektrikoa, zirkuitu bakuna.

Zerbitzu-tentsioa: 13,2 kV.

Eroaleak: aluminiozkoak, 150 mm2-koak, HEPRZ1 motako 12/20 kV-ko isolamenduarekin, plastikozko tutuan bideratuak.

Luzera: 362 m.

Abiaburua: Antoñanako TEA-Santa Cruz lineako Cotexa transformazio zentrora doan adarreko 1.007. euskarria (jartzeko dago).

Amaiera: linea bereko 1.010. euskarria (ordezkatzeko dago).

Ebazpen hau abenduaren 1eko 1955/2000 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz onartu da, eta baldintza hauekin, hala nola:

1.– Obrak, onartutako proiektuari jarraituz egin behar dira (halakorik egokituz gero, eskatzen eta onartzen diren aldakuntzekin).

2.– Instalazioen titularrak, instalazioak gauzatzean, ondorengo erakundeek ezarritako baldintza teknikoak bete beharko ditu.

3.– Ebazpen hau eman eta urtebetera, instalazioak abian izan behar dira.

4.– Instalazioen titularrak obrak burutu direla jakinarazi beharko dio Arabako Lurralde Bulegoari, aginpidea duen teknikariak izenpetutako obra amaierako ziurtagiria emanez. Hartara, bulego horrek behin betiko ikuskatzea eta zerbitzuan jartzearen akta egin ahal izango ditu.

5.– Baimen hau eman den arren, eskatzailearentzat beharrezko izango dira, orobat, udal nahiz probintzia aginpideko baimenak, eta obrak egiteko behar diren gainerakoak. Era berean, baimen honek ez ditu kentzen hirugarrenek izan ditzaketen eskubideak, eta salbu uzten du jabetza eskubidea.

Administrazio bidea burutzen ez duen ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Administrazio eta Plangintza sailburuordeari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita. Hori guztia, 4/1999 Legean (hark aldatu du azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena) araututakoari jarraituz.

Vitoria-Gasteiz, 2002ko martxoaren 13a.

Energia zuzendaria,

TXABER LEZAMIZ CONDE.


Azterketa dokumentala