
142. zk., 2002ko uztailaren 29a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
4233
AGINDUA, 2002ko uztailaren 12koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, lankidetza-bekak izeneko izaera bereziko ikasketa-dirulaguntzetarako deialdia 2002-2003 ikasturterako egiten duena.
Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onetsitako Autonomia Estatutuak 16. artikuluan ezartzen duenez, era guztietako irakaskuntzak Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen dira, horrela agintzen baitu Konstituzioaren lehen xedapen gehigarriak; hori ondoko hauen kaltetan izan gabe: Konstituzioko 27. artikulua, artikulu hori garatzen duten Lege Organikoak, Konstituzioko 149.1.30 artikuluak Estatuari egozten dizkion ahalmenak eta haiek betetzeko eta bermatzeko beharrezkoa den Ikuskaritza Gorena.
Unibertsitate gaietan Estatuaren egitekoak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzko maiatzaren 25eko 1014/1985 Errege Dekretuaren eranskineko B.2 puntuak ezartzen du administrazio-egoitza Erkidego honetan duten goi-mailako irakaskuntzako ikasleei zuzendutako deialdien arauketa eta kudeaketa aipatu Erkidegoari eskualdatzen zaiola.
Arau-esparru honetan, lankidetza beketarako deialdia egiten da, beka eta ikasketa banakakoen bestelako laguntzen sistema arautu zuen uztailaren 23ko 2298/83 Errege Dekretuan aurreikusitako izaera bereziko dirulaguntza gisa. Beka horien jasotzaileak ikasketa-espediente onak dituzten eta ikastetxeetan edo unibertsitate-ikerketako zentroetan lankidetza eskaini nahi duten unibertsitateko ikasleak dira; hala, hastapenak egingo dituzte beren ikasketekin zerikusi zuzena duten irakasgai edo ikerketa-gaietan.
Hori guztia dela eta, azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintza Dekretuaren —Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren— VI. tituluan eta VII. tituluko III. kapituluan jasotako dirulaguntzen inguruan ezarritakoa kontuan hartuz; urtarrilaren 23ko 1/2002 Legeak ematen dituen baimenak aintzat harturik —lege horren bidez, besteak beste, Eusko Legebiltzarrak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren gastuen egoera onetsi zuen, 2002ko ekitaldiko Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretako Lege proiektuaren 04 atalean jaso diren gastuak, alegia—; eta otsailaren 26ko 52/2002 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntza eta laguntzen gaineko zenbait xedapen arautzaileren indarraldia luzatzeari buruzko abenduaren 26ko 267/2001 Dekretua aldarazi zuenak, ezarritakoa kontuan harturik, hauxe
EBATZI DUT:
Artikulu bakarra.– Berrehun eta hamabost lankidetza-bekatarako deia egitea. Beka horiek administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izan eta titulu ofizialak lortzeko ikasketen bigarren zikloko azken kurtsoa egiten ari diren ikasleei zuzenduta daude, unibertsitateko ikasketekin bateragarritasun erregimenpean lankidetzan jardun nahi badute, eranskineko oinarri-arauen arabera.
Helburu honetarako 665.000 euro bideratuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako finkatutako aurrekontu kredituaren arabera.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Baimena ematen zaio Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeari agindu honetan xedatutakoa burutzeko jarraibideak eman ditzan.
Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango du indarra agindu honek.
Gasteiz, 2002ko uztailaren 12a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,
ANJELES IZTUETA AZKUE.
I. ERANSKINA
LANKIDETZA-BEKAK IZENEKO IZAERA BEREZIKO IKASKETA-DIRULAGUNTZETARAKO 2002-2003 IKASTURTERAKO DEIALDIA EGITEN DUEN AGINDUARI ERANTSITAKOA.
OINARRI-ARAUAK
1. oinarri-araua.– Baldintza orokorrak.
1.– Lankidetza-beka ondoren aipatzen diren baldintza orokorrak betetzen dituzten ikasleek eskatu ahal izango dute:
a) Administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.
b) Lizentziatu, ingeniari edo arkitekto titulurik ez izatea edo titulu horiek eskuratzeko behar diren legezko beharkizunak ez izatea.
2.– Ez da laguntzarik emango karrera-bukaerako proiektuak egiteko, ez eta Proiektua hartzen duen ikasgaia bakarrik egiteko.
2. oinarri-araua.– Bekaren zenbatekoa.
2.460 euro izango da bekaren diru-kopurua. Diru hori pertsona onuradunari ordainduko zaio, eta irakaskuntza-zerbitzuen prezio publikoak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak konpentsatuko dio dagokion unibertsitateari.
3. oinarri-araua.– Onuraz baliatzea eta beste laguntzekiko bateragarritasuna.
1.– Laguntza hau behin bakarrik jaso ahal izango da, eta ikasturte bakarrean.
2.– Beka hau bateragarria da bakarrik Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren Aginduan —2002-2003 ikasturtean unibertsitate-mailako ikasketak eta goi-mailako beste ikasketa batzuk egiteko izaera orokorreko dirulaguntzetarako deia egiten duen Aginduan— aurreikusten diren bekekin.
3.– Lankidetza-bekak inoiz ere ez du izango ondorio juridikorik eta lan-ondoriorik bekadunaren eta Eusko Jaurlaritzaren edo dagokion Unibertsitatearen artean.
4. oinarri-araua. Ikasketa baldintzak.
1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, lehen zikloko ikasgai edo kreditu guztiak gaindituak izatea, eta bigarren ziklokoetan, berriz, ondoren zehazten direnak:
a) Bigarren zikloa bi urtekoa baldin bada, kredituen %48 ikasketa berrituetan, eta lehen kurtso osoa berritu gabeko ikasketetan.
b) Bigarren zikloa hiru urtekoa baldin bada, kredituen %63,5 ikasketa berrituetan, eta lehen bi kurtsoak osorik berritu gabeko ikasketetan.
Bigarren ziklora sartu ahal izateko prestakuntza osagarriak egin behar izan badira, lehenago adierazitako kalkuluaren ondorioetarako kreditu horiek bigarren zikloko kreditu gisa zenbatu ahal izango dira.
Bestalde, behar bezala justifikatutako kasuak alde batera utzita, laguntza jasotzeko eskubidea izateko, beka eskatzearen arrazoia diren ikasketa horietan matrikulaturik ikasleak eman dituen urteen kopurua, 2002-2003 ikasturtea ere zenbatu ondoren, ikasketa planak ikasketak burutzeko aurreikusten duen epea baino bi urtez luzeago baizik ezin izango da izan irakaskuntza teknikoen kasuetan, eta gainerako unibertsitate-ikasketetan, ikasketa planak aurreikusten duena baino urtebete gehiago baino ez.
2.– 2002-2003 ikasturtean, dagokion titulazioko ikasketa-plana osatzeko falta zaizkion ikasgai edo kreditu guztietan matrikula egitea.
3.– a) Aurreko 1. lerroaldean aipatzen diren ikasgaietan, irailaren 30eko 1954/1994 Errege Dekretuan jasotako —eta aurrerantzean jasotako— unibertsitate-titulazioen arabera, ondoren aipatzen diren batez besteko notak atera izana:
6,00 puntu, ikasketa teknikoetan.
7,00 puntu, esperimentazio eta osasun arloko zientzietan, lege eta gizarte zientzietan, eta giza zientzietan.
b) Batez besteko nota kalkulatzeko, irakasgaietan lortutako kalifikazio numerikoak baloratuko dira, eta haien batez besteko aritmetikoa egingo da. Lau hilabeteko irakasgaiak baldin badaude, edo kreditutan egituratutako ikasketa-planak badira, batez besteko ponderatua kalkulatuko da.
Ikasketa planen arabera bakarrik "gai" kalifika daitezkeen ikasgai edo kredituak ez dira kontuan hartuko batez besteko notaren kalkulua egiteko, ezta kalifikaziorik izan ez duten kredituen onarpena ere. Baliokidetutako edo egokitutako ikasgaien edo kredituen kasuan, jatorrizko zentroan edo ikasketetan lortutako kalifikazioa hartuko da kontuan.
Kalifikazio numerikorik ez badago, ondoren azaltzen den baliokidetasun taula aplikatuko da:
PUNTUAK	
Ohorezko matrikula	 10,00	
Bikain	 9,00	
Oso ongi	 7,50	
Nahiko	 5,50	
4.– Lankidetza-proiektu bat aurkeztea, lankidetza egingo den unibertsitate-sailak abalatua. Proiektuak, beti ere, egiten ari den titulazioa lortzeko ardatz-ikasgai edo ikasgai nahitaezko baten ingurukoa izan behar du. Proiektuak zehatz deskribatu behar ditu lankidetzak iraun bitartean bekadunak beteko dituen zereginak, bai eta izango dituen lan-erregimena eta ordutegia ere.
5.– Dagokion Sailean emango den laguntza-kopuruaren barruan kokatzeko adinako azken puntuazioa lortzea, 8. oinarri-arauaren 3. idatz-zatian azaltzen den prozeduraren arabera kalkulatua.
5. oinarri-araua. Unibertsitate bakoitzeko beka-kopurua.
1.– Lankidetza-bekak, honako era honetan banatuko dira:
a) Euskal Herriko Unibertsitatea: 125 beka.
b) Deustuko Unibertsitatea: 32 beka.
c) Mondragon Unibertsitatea: 5 beka.
d) Zaragozako Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Salamancako Unibertsitatea: bakoitzean bi beka.
e) Gainerako unibertsitateetan: beka bana.
f) Unibertsitateek esleitu ez dituzten lankidetza-bekak berriz bana ditzake Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak.
2.– Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluak sailen artean banatuko ditu esleitu zaizkion bekak. Edonola ere, balizko bekadunen kopurua eta sail bakoitzari egokitutako beka-kopurua bat ez badatoz, Gizarte Kontseiluak bidezko neurriak hartu ahal izango ditu bekak birbanatzeko.
3.– Gainerako unibertsitateetan, kasuan kasuko Gizarte-Kontseiluak edo organo baliokideak erabakitako lankidetza-beken banaketa errespetatu egingo da.
6. oinarri-araua.– Proiektuen balorazioa.
Aurreko 4. oinarri-arauko 4. idatz-zatian aipatzen diren lankidetza-proiektuak zerotik lau puntura arte baloratuko dituzte sailek.
7. oinarri-araua.– Eskabideak. Aurkezteko epea eta tokia.
1.– Ikaslea ikasketak egiten ari den unibertsitateko beken unitatean aurkeztuko dira eskabideak, unibertsitateek eskainiko duten eredu ofizialean edo "www.hezkuntza.ej-gv.net"web gunean agertzen den eredua inprimaturik, eta behar bezala sinatu eta dataturik. Horretaz aparte, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38. artikuluak aipatutako edozein tokitan ere aurkez daitezke eskabideak.
2.– Eskabideak aurkezteko epea hau izango da: Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik 2002ko irailaren 27ra artekoa, biak barne.
3.– Eskabidea ondorengo agiri hauekin batera aurkeztuko da:
a) Eskatzailearen NANaren fotokopia.
b) Administrazio-egoitzari buruzko ziurtagiria.
c) Lankidetza-proiektua, ikasleak lankidetza egingo duen sailak behar bezala abalatuta, eta seigarren oinarri-arauaren arabera baloratua.
d) Kontu korrontearen edo aurrezki-libretaren fotokopia. Fotokopia horretan bankuari edo kutxari buruzko datu hauek agertu beharko dira: bankuaren edo kutxaren kodea —dirulaguntza zein banku edo kutxatan ordainduko den jakiteko—, bulegoaren kodea, kontrol-digitoa eta kontu-zenbakia. Eskatzaileak kontu horren titularra edo titularkidea izan beharko du.
4.– Eskabideak ezarritako epearen barruan aurkeztu behar dira. Eskabideak baldintza guztiak betetzen ez baditu, interesatuari jakinaraziko zaio, hamar eguneko epean konpon ditzan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluaren arabera.
8. oinarri-araua.– Aukeraketa Epaimahaiak.
1.– Unibertsitate bakoitzean Aukeraketa Epaimahaia osatuko da, eta errektoreak ebatziko du epaimahaia nola osatuko den eta kideak zein izango diren. Epaimahaiburu errektoreorde batek jardungo du, eta idazkari lanak Unibertsitatearen beka unitateko buruak egingo ditu.
2.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. tituluko II. kapituluan gai horretaz jasotzen diren arauetan xedatutakoari egokituko zaio organo horien araubidea.
3.– Aukeraketa Epaimahaiak eskabideak aztertuko ditu eta, dagokion sailak egindako balorazioa eta ikasleak egiaztatutako kalifikazioa batuz, eskatzaile bakoitzaren guztirako puntuazioa kalkulatuko du.
9. oinarri-araua.– Aukeraketa Epaimahaien proposamenak.
Aukeraketa Epaimahaiak lankidetza-bekak esleitzeko proposamena egingo du 2002ko azaroaren 8a baino lehen; lortutako azken puntuazioaren hurrenkeran agertuko ditu, eta Gizarte Kontseiluak sail bakoitzari izendatutako kupoaren barruan egon daitezkeen berdinketak ebatziko ditu.
10. oinarri-araua.– Ebazpena eta laguntzen ordainketa.
1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gehienez hiru hilabeteko epean, Agindu honetan deitutako lankidetza bekak ebatziko ditu Unibertsitate zuzendariak. 4. oinarri-arauko 1, 2, 3 eta 4 lerrokadetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskatzaileen kopurua deitutako beken kopurua baino txikiagoa balitz, bekak ebazteko ez da beharrezkoa izango lehiaketaren teknika erabiltzea.
2.– Horren guztiaren berri emango da ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz. Bertan ez daudenak ezetsitzat joko dira. Era berean, epe horretan ebazpena eman eta jakinarazten ez bada, interesdunek ezetsitzat jo dezakete euren eskaera. Ebazpen honek ez du bukatzen administrazio bidea, eta horren aurka gorako errekurtsoa jar dakioke Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeari hilabeteko epearen barruan. Unibertsitate Zuzendaritzak, aldi berean, ebazpenaren berri emango die unibertsitateei, iragarki oholtzetan jar dezaten.
3.– Dirulaguntza dena batera ordainduko zaio bekadunari, horri buruzko ebazpena eman, eta hilabeteko epearen barruan.
11. oinarri-araua.– Bekadunen betebeharrak.
1.– Egiaztatzea laguntza esleitzeko eta laguntza horretaz baliatzeko ezarrita zeuden beharkizunak eta baldintzak betetzen dituela.
2.– Laguntza ematea bideratu zuten baldintzak bete direla egiaztatzeko beharrezko frogaketa jardueretara makurtzea, eta Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, dirulaguntzen nondik norakoak fiskalizatzean eskatutako informazio guztia ematea.
3.– 2002-2003 ikasturtean matrikulatuta dagoeneko ikasketak egitea.
4.– Egunean hiru orduan lankidetzan jardutea dagokion sailean 2003. urteko ekainaren 30a arte. Lan-erregimena eta ordutegia lankidetza-proiektuan adierazitakoak izango dira.
5.– Unibertsitate-ikasketak egiteko edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik lortzen dituen beka edo laguntzen berri ematea Unibertsitate Zuzendaritzari.
12. oinarri-araua.– Emandako beken jarraipena eta kontrola.
Bekadun bakoitzari izendatu zaion lankidetza betetzen denentz zainduko dute unibertsitateek. Ondorio horietarako, 10.4 oinarri-arauan finkatutako epea bukatu ondoren, unibertsitateek kasuan kasuko departamentuetatik txostenak jasoko dituzte esleitutako lankidetza beka bakoitzaren bidez garatutako proiektu eta lanei buruz, egindako lanen deskribapen zehatza, noraino bete den eta sailaren balorazioa jasota. Departamentuek emandako txostenak Unibertsitate Zuzendaritzara bidaliko dituzte 2003ko uztailaren 30a baino lehen. Txostenen emaitzak kontuan izango
dira hurrengo deialdian bekak banatzerakoan. Era berean unibertsitateek Unibertsitate Zuzendaritzari emango diote ez betetze kasuen berri, hark espedientea ireki edo, hala behar bada, emandako beka atzera bota dezan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren Laguntzen Bermeei eta horiek Itzultzeari buruzko Erregimen Orokorrari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
13. oinarri-araua.– Deialdiaren publizitatea.
Unibertsitate zentroek ahalik eta gehien zabalduko dute deialdi hau, iragarki-oholtzetan jendaurrean jarriz.
14. oinarri-araua.– Ordezkatzeko erabili beharreko arauak.
Agindu honetan xedatu ez denerako aplikagarri izango da, ordezko legez, 2002-2003 ikasturtean unibertsitate eta goi-mailako beste ikasketa batzuk egiteko izaera orokorreko beketarako deia egiteko den Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren Agindua.
RSS