
142. zk., 2002ko uztailaren 29a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
4227
183/2002 DEKRETUA, uztailaren 23koa, 2002-2003 ikasturterako unibertsitateko irakasleak eta ikertzaileak kontratatzearen gainekoa.
2002ko urtarrilaren 13an, Unibertsitateen gaineko 6/2001 Lege Organikoa sartu zen indarrean, eta horrek aldaketa handia ekarri zuen irakasleen araubide juridikora, figura berriak sortu baitzituen eta irakasle izateko betekizun berriak ezarri.
Araubide berria ezarriko bada, Euskal Autonomia Erkidegoko eskumenak erabili beharko dira, eta kontratatutako irakasleen zenbait figurari dagokionez, horien kalitatea neurtu eta egiaztatzeko kanpoko organo beregaina sortu beharko da, bai eta horien lege- eta ordainsari-araubidea ere, besteak beste.
Horrela, bada, kontratatutako irakasleen lege-erregimen berria behin betiko ezartzen ez den artean, beharrezkoa da unibertsitate-zerbitzu publikoaren jarraipena bermatzea, haren ohiko jarduera oztopatu gabe. Alde horretatik, dekretu honek ez ditu bere aplikazio-eremuaren barruan sartzen irakasle-mota hauek: irakasle laguntzaile doktorea, irakasle laguntzailea eta kontratatutako irakasle doktorea. Izan ere, horiek kontratatzeko beharrezkoa da egiaztapen-organoek irakasle horiek ebaluatzea, eta organo horiek oraindik eratu gabe daude, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan lege-arauketarik ere ez daukate. Hurrengo unibertsitate-legearen bidez eratu eta arautuko dira organo horiek.
Horren ondorioz, igaroaldi batean gaude, eta beharrezkoa da unibertsitate-zerbitzu publikoaren jarraipena bermatzea, batez ere titulazio berriei eta euskararen erabilera normalizatzeko II. egitasmoaren ezarpenari dagokienez, eta bermatu ere, oraindik ere kontratatutako irakasleen mota guztiak ez dauzkagularik.
Azkenik esan behar da dekretu honek aldi baterako indarra izango duela, hain zuzen ere, 2002-2003 ikasturtean beharrezko diren kontratazioetarako balio izango du. Hala ere, gaurko lege-egoera honek jarraitzen badu, ikasturte hori amaitutakoan ere beharrezkoa izan daiteke dekretuaren indarraldia luzatzea, dekretu osoarena edo haren alderdi batzuena.
Aldez aurretik Euskal Herriko Unibertsitateari entzunda eta Gobernu Batzordeak 2002ko urtarrilaren 30an hartutako erabakiari jarraituz onartzen da dekretu hau, eta Unibertsitateen gaineko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 48. eta 55.1 artikuluetan eta azken xedapenetako hirugarrenean xedatutakoaren babesean.
Ondorioz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposatuta, Aholku Batzorde Juridikoaren irizpenari jarraituz eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2002ko uztailaren 23an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau
XEDATU DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Dekretu honen xedea hau da: 2002-2003 ikasturterako, irakasleak eta ikertzaileak kontratatzeko arauak ezartzea, hain zuzen ere, Unibertsitateen gaineko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 1. sekzioan aurreikusten diren elkartutako irakasle, irakasle-laguntzaile, irakasle emeritu eta irakasle bisitarien kategorietako irakasle eta ikertzaileak kontratatzeko arauak.
2.– Honelako kontratuen helburua da Euskal Herriko Unibertsitatearen irakaskuntza- eta ikerketa-beharrizanei erantzutea, beraren lanpostuen zerrendan eta aurrekontu-plantillan agertzen diren beharrizanei, alegia; kontratuok lan-arloko zuzenbidearen pekoak izango dira.
LEHENBIZIKO KAPITULUA
Irakasle eta ikertzaileak
2. artikulua.– Irakasle elkartuak.
1.– Egoera hauetan kontratatu ahal izango dira irakasle elkartuak:
a) Titulazio berriak eta Euskararen Erabilera Normalizatzeko II. Plana ezartzeak eragiten dituen beharrizan berriei erantzuteko.
b) Irakasle elkartuen lanpostuak betetzeko, edozein arrazoi dela-eta lanpostu horien titularrak bajan daudenean.
c) Unibertsitateko irakasle-kidegoetako funtzionarioek betetzekoak diren lanpostuak betetzeko, lanpostu horiek aldi baterako hutsik daudenean.
2.– Irakasle elkartuak kontratatu ahal izateko betekizun hau egiaztatu beharko da: une jakin batean irakasleen beharra dagoela, eta behar horri ezin zaiola erantzun une horretan eskura dauden giza-baliabideekin. Eta, dauden irakasleen irakaskuntza-eginbeharra legez ezin denean gehitu, orduan bakarrik joko da aurreko betekizun hori betetzen dela.
3.– Aurreko 2. idatz-zatiko b) eta c) letretako egoeretan kontratatzen diren irakasle elkartuen dedikazioa ez da izango ordezkatzen dituzten irakasleena baino handiagoa.
3. artikulua.– Irakasle laguntzaileak.
Laguntzaileek irakaskuntza-lanetan lagundu ahal izango dute, baina honetarako baino ez: bi hilabete baino aldi laburrago batez, ustekabean gertatutako hutsuneak edo ordezkapenak betetzeko.
4. artikulua.– Irakasle emerituak eta bisitariak.
Irakasle emeritu eta bisitariak kontratatu ahal izango dira, 2. eta 3. artikuluetan aurreikusitako irakaskuntza-beharrizanak betetzeko.
5. artikulua.– Ordainsarien erregimena.
Kontratatutako irakasleen ordainsariak egun irakasle elkartu, laguntzaile, emeritu eta bisitarientzat ezarrita dauden berak izango dira, beren dedikazio eta legozkieekeen osagarrien arabera.
6. artikulua.– Bestelako langileak.
Unibertsitateak, lan-zuzenbidearen pean, irakasleak, ikertzaileak, teknikariak edo beste mota bateko langileak kontratatu ahal izango ditu , zientzia- eta teknika-ikerketako proiektu zehatzak garatzeko, beti ere, aurrekontuan horretarako nahikoa diru izendatuta badago.
Langile horiei ez zaie aplikatuko dekretu honetako 7. artikuluan ezarritakoa.
BIGARREN KAPITULUA
Kontratazio-prozedura
7. artikulua.– Kontratazio-espedienteak.
Lanpostu bakoitzerako kontratazio-espediente bana izango da, eta espediente horretan honako datu hauek zehaztu beharko dira:
a) Zein lanpostu betetzeko egiten den deialdia, zergatik egiten den deialdia eta kontratazioaren baldintzak zeintzuk diren.
b) Sailak egindako arrazoi-memoria, lanpostu hori Sailaren beraren giza-baliabideekin ezin dela bete behar adina egiaztatuko duena. Unibertsitatean kontratatzeko eskumena duen organoak ziurtatu egin beharko du betekizun hori betetzen denetz, eta hala balegokio, baiezkoa eman beharko du; osterantzean kontratazio-prozedurak ezingo du aurrera jarraitu.
c) Aurrekontuko zein kredituren kontura egingo den gastua, eta Gerentziaren horren gaineko aldeko txostena.
d) Deialdiaren oinarriak eta hautaketa-irizpideak.
e) Deialdiaren argitarapena.
XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA.
Unibertsitateen gaineko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 48.1 artikuluaren bigarren paragrafoak aipatzen duen muga, kontratatutako irakasle eta ikertzaileena, Unibertsitate osoari dagokio. Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitateen Legeak besterik ezarri ahal izango du.
XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA. Abian diren kontratazio-prozedurak.
Dekretu honetan xedatutakoa abian diren kontratazio-prozedurei ere ezarriko zaie.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.– Dekretu hau betearazteko gaitasuna ematea.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari gaitasuna ematen zaio dekretu hau betearazteko beharrezko diren xedapenak eman ditzan.
Bigarrena.– Indarrean sartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2002.eko uztailaren 23an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,
M.ª ANGELES IZTUETA AZKUE.
RSS