Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

130. zk., 2002ko uztailaren 10a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
3954

EBAZPENA, 2002ko ekainaren 10ekoa, Lan eta Gizarte Segurantza zuzendariarena, "Emankor Asociación" elkartearen Hitzarmen Kolektiboa" erregistra eta argitara dadila xedatzen duena.

8602122 C.C.O.C. espedientea.

Ikusi da aipatutako espedientea, "Asociación Emankor" elkartearen hitzarmen kolektiboari buruzkoa.

AURREKARIAK

Aipatutako Hitzarmen Kolektiboaren testua 2002ko martxoaren 21ean sinatu zuen Batzorde Negoziatzaileak eta 2002ko maiatzaren 15ean aurkeztu zen Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzan. Hitzarmena Gipuzkoa eta Bizkaiko Lurralde Historikoetarako izango da. Halaber, Mahai Negoziatzailearen eratze-agiria, Hitzarmena izenpetzearen agiria eta hitzarmena sinatzearena aurkeztu ziren.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 90. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, eta maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuan, Eusko Jaurlaritzaren martxoaren 2ko 39/1981 Dekretuan eta hori garatzen duen 1982ko azaroaren 3ko Aginduan, eta Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren organoen eta egitekoen egitura finkatu zuen otsailaren 12ko 44/2002 Dekretuan xedatutakoari jarraituz, beharrezko izapideak egin ondoren, bidezko da hitzarmen kolektiboa erregistratzea eta argitaratzea.

Adierazitako lege-aginduak eta orokorrean ezartzekoak diren gainontzekoak ikusita,

Lan eta Gizarte Segurantza zuzendariak hau

EBATZI DU:

1.– Hitzarmena Euskal Autonomia Erkidegoko Hitzarmen Kolektiboen Erregistroko Organo Nagusian erregistratzeko agindua ematea eta Batzorde Negoziatzaileari jakinaraztea.

2.– Hitzarmena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Vitoria-Gasteiz, 2002ko ekainaren 10a.

Lan eta Gizarte Segurantza zuzendaria,

ADOLFO GONZÁLEZ BERRUETE.

2001-2002 URTEKO HITZARMEN KOLEKTIBOA
"EMANKOR ASOCIACION" ELKARTEA
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

Sarrera

Gizarte-ekintzaren eremuan erkidegoaren garapena bultzatzeko zerbitzuak ematen ditu Emankor elkarteak.

Gizarte gaietan prestakuntza-modu askotako profesionalak daude elkartean: gizarte hezitzaileak eta langileak, psikologoak, pedagogoak, ... ea.

1989an elkartu ziren, euren lanarekin, erkidegoa garatzeko proiektu bat aurrera eramateko.

1. artikulua.– Lurralde eremua.

"Asociación Emankor Servicios Sociales y Culturales" elkartean lanean diharduten langile guztiei aplikatuko zaie hitzarmena.

2. artikulua.– Langileak.

Emankor elkartean besteren kontura dabiltzan langile guztiak hartuko ditu hitzarmenak. Espreski kanpoan geratuko dira Langileen Estatutuko 1.3 eta 2. artikuluetan jasotako harremanak. Hitzarmenak, halaber, bekadunak eta boluntarioak hartuko ditu, horri buruz legez jarritako araudiaren barruan.

3. artikulua.– Indarraldia.

Oro har, hitzarmen honen indarraldia urte bikoa izango da, kontuan hartu gabe noiz izenpetzen den eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean noiz argitaratzen den. 2001eko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak; beraz, 2002ko abenduaren 31n amaituko da.

Hitzarmena 2002ko azaroaren 15ean salatutzat joko da, eta beste bat egiten den arte luzatuko dira bai arauak bai betebeharrak. Salatzen den egunetik hamabost egunen barruan hitzarmeneko mahai negoziatzailea eratzeko hitza ematen dute alderdiek.

4. artikulua.– Lanaren antolaketa.

Lanaren antolaketa eta diziplina Emankor elkartearen ahalmen berezia da, eta Langileen Estatutuari, hitzarmen honi eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenei egokitu beharko zaie.

5. artikulua.– Batzorde Parekidea.

Batzorde misto parekide bat osatuko da, hitzarmena betetzen den zaintzeko eta hura interpretatzeko.

1.– Egitekoak:

a) hitzarmena interpretatzea, zuzeneko interesa duen edonork eskatuta.

b) Hitzarmenaren edukia betetzen den zaintzea, kontuan hartuta, beti ere, legeek beste erakunde batzuei ematen dizkioten eskumenak.

2.– Osaera eta funtzionamendua:

Batzorde parekideak lau ordezkari izango ditu: langileen ordezkari bi eta Elkarteko Zuzendaritzako ordezkari bi; denek izango dute hitza eta botoa. Aholkulari baten laguntza izan dezakete alderdiek.

Erabakiak baliozkoak izateko, beharrezkoa izango da batzorde parekidea osatzen duten ordezkaritzen (hau da, langileen eta elkarteko zuzendaritzako ordezkarien) ehuneko berrogeita hamarrak onartzea.

Alderdietako batek Batzorde Parekidea biltzea dadin nahi badu, beste alderdiari jakinarazi beharko dio, modu fede-emaile batez, 48 ordu lehenago. Salbuespenez, behar bezala justifikatzen bada eta alderdiek onartzen badute, tarte txikiagoarekin dei daiteke. Deia egin duenak proposatzen duen gai-zerrenda jarri beharko du deialdian. Hala ere, beste gai batzuk ere aterako dira, baldin eta alderdiek hori erabakitzen badute, espreski eta boto nahikoz.

Batzorde parekideak gehienez ere bost egun edukiko ditu aurkezten zaizkion kasuak ebazteko, lehenengo bilera egiten denetik kontatuta.

Bileren garapen eta emaitzei buruz —erabakirik hartu edo ez— akta bat egingo du idazkariak edo egiteko horiek izendatzen zaizkion pertsonak.

Batzorde parekidearen esku-hartzea edo, behar izanez gero, "PRECO II" prozedurak erabiltzea nahitaezkoa eta lehentasunezkoa da, izendatzen zaizkion gaiei eta helburuei dagokienez edozein prozedura judizial edo administratibora jo aurretik. Uko egin ezinezko eskubideei kalterik egin gabe, beti ere.

6. artikulua.– "Ad personam" bermeak.

Hitzarmenak bermatu egingo ditu langile jakin batzuk, eurak bakarrik, hitzarmena izenpetu arten zituzten hobekuntzak, finkatutakoak eta ez xurgatzekoak izango baitira.

II. TITULUA
LANGILEAK
I. KAPITULUA
LANGILEEN SAILKAPENA.

7. artikulua.– Lanbide kategoriak.

Hitzarmenaren aplikazio-eremuan dauden langileak, duten lan-kontratua eta normalean egiten duten lana kontuan hartuta, ondoren aipatzen diren lanbide talderen baten sartuko dira, dituzten titulu akademikoak gorabehera.

– 1. TALDEA.– ZUZENDARITZA ETA AHOLKULARITZA TEKNIKOA

Egiaztatutako lanbide-kualifikazioa dute eta zuzendaritza teknikoko lanak edo aholkularitza tekniko espezializatuko lanak egiten dituzte. Lau azpitalde daude:

I.– Koordinatzaile orokorra. Aitortutako lanbide-kualifikazioa du eta egiteko hauek ditu: koordinazio orokorra, zuzendaritza eta antolaketa administratiboa eta teknikoa. Emankor elkarteko ordezkariaren menpe dago hierarkian, eta arloko koordinatzaileak eta horietako langileak ditu menpean. Halaber, elkarteko konfiantzako kargua da.

II.– Arloko koordinatzaileak. Aitortutako lanbide-kualifikazioa dute eta dauden gizarte arloak koordinatzen dituzte. Koordinatzaile orokorraren menpe daude hierarkian, eta proiektuen koordinatzaileak eta horietako langileak dituzte menpean. Halaber, elkarteko konfiantzako karguak dira.

III.– Proiektuen koordinatzaileak. Aitortutako lanbide-kualifikazioa dute eta jarduera zehatzetarako proiektuak koordinatzen dituzte. Arloko koordinatzaileen menpe dago hierarkian, eta taldeko koordinatzaileak eta horien langileak dituzte menpean.

IV.– Taldeko koordinatzaileak. Aitortutako lanbide-kualifikazioa dute eta lan-taldea koordinatzen dute. Proiektuen koordinatzaileen menpe daude hierarkian, eta horietako langileak dituzte menpean.

– 2. TALDEA.– JARDUERA KUALIFIKATUETAKO LANGILEAK

Egiaztatutako lanbide-kualifikazioa dute eta programen erabiltzaileekin kualifikatutako jarduerak burutzen dituzte. Alor hauetako ezagupenak eduki behar dituzte: psikologia, pedagogia, talde-dinamika, animazio soziokulturala, gizarte hezkuntza eta ofizioen irakaskuntza. Sailkapen hauetan banatzen dira:

– Gizarte-langileak

– Animatzaile soziokulturalak

– Gizarte-hezitzaileak

– Lanbide-Hastepeneko Ikastegietako monitorea

3. TALDEA.– ADMINISTRAZIOKO LANGILEAK

Ezagupenak eta kualifikazioa egiaztatuta dutela, bulegoko lanak egiten dituzte, administrazio eta antolaketakoak, edo horrekin lotutakoak. Hiru taldetan banatzen dira:

– Administrari burua

– Administrariak

– Administrari laguntzaileak

4. TALDEA.– LANGILE ESPEZIALIZATUAK

Egiaztatutako kualifikaziorik gabe, lan orokorrak egiten dituzte hainbat ofiziotan. Langile kualifikatuek gainbegiratzen eta kontrolatzen dute haien lana.

– Astialdiko begiralea

– Kiroletako begiralea

– Sukaldeko laguntzaileak

– Laguntzaileak

– Peoi espezializatuak

– Peoiak

– Garbitzaileak

Lau talde horietan zehaztutako kategoriak adierazi baino ez dira egin eta ez dago denak bete beharrik elkartearen beharrek edo jardueren kopuruak eskatzen ez badute.

Sailkapen horrek ez du nahitaezko mugikortasun funtzionalik ekarriko lanbide talde berean edo beste batean.

8. artikulua.– Kontratazioa eta probaldia.

Kontratu mota bakoitzerako araudi espezifiko horri buruz legeetan esandakora egokitu beharko dira lan-kontratuak.

Kontratatzen diren langile guztiak, kontrakorik hitzartzen ez bada behintzat, probaldi bat pasatu beharko dute: 6 hilabetekoa 1. taldekoek, 3 hilabetekoa 2. taldekoek eta 2 hilabetekoa 3. eta 4. taldekoek.

Probaldia gaindituta, edozein modalitate eta probalditan, ezingo da beste probaldirik jarri hurrengo kontratuetan, baldin eta kategoria bereko lanpostua bada.

9. artikulua.– Lanpostua uztea.

a) Lan-harremana borondatez utzi nahi duen langileak enpresari jakinarazi beharko dio, idatziz, 15 egun lehenago.

b) Enpresak abisua aurretiaz, behar den moduan eta denboraz jasotzen badu, dagokion likidazioa ordaindu beharko dio langileari lan-harremana amaitzen denean.

c) Baldin eta jarritako epean langileak ez badu aurreabisurik ematen, elkarteak eskubidea izango du atzeratu den eguneko egun eta erdiko soldata ez ordaintzeko likidazioa ordaintzerakoan. Abisua emateko epean sartzen diren egunak izango dira muga.

10. artikulua.– Kontratazioari buruzko informazioa.

Enpresak honako hauek jakinaraziko dizkie langileei: kontratuen luzapenak edo salaketak, altak eta bajak eta subkontratazioak; dena delakoa gertatu eta hurrengo bost egun balioduneko epean jakinarazi beharko die, behar diren agiriekin batera.

II. KAPITULUA
LANGILEEN SUSTAPENA

11. artikulua.– Barne sustapena.

Lanpostu hutsak betetzeko (daudenak edo proiektu berriengatik sortutakoak), lehentasunezko eskubidea izango dute elkartean jardunean dabiltzanek.

Prozesu horretan langileen ordezkariei eta taldeko koordinatzaileei informazioa emango zaie, plantillaren legezko ordezkaritzari entzun ondoren.

III. TITULUA
LANALDIA, OPORRAK, BAIMENAK,
ESZEDENTZIAK ETA PRESTAKUNTZA
I. KAPITULUA
LANALDIA.

12. artikulua.– Lanaldia.

Langile guztientzako urteko lanaldia hau izango da: proiektu bakoitzerako baldintzen pleguan jarritakoa eta urteko 10 orduko poltsa. 2002 urtean, inoiz ez da gaindituko 1700 ordu.

Proiektuei atxikirik egon gabe enpresaren zentralean lan egiten duten langileek urtean gehienez ere 1700 orduko lanaldia izango dute 2002. urtean.

Programa batzuetan egun osorako kanpaldiak, irteerak, txangoak eta holakoak egin behar badira, benetako laneko 12 ordu zenbatuko dira.

Proiektu edo programetarako kontratatutako langileek egiten dituzten orduak hartuko dira benetako lan-ordutzat.

13. artikulua.– Aparteko orduak.

1.– Ez dago aparteko ordurik sartzerik. Salbuespen izango dira erabaki honen 2. puntuan adierazten diren kasuak.

2.– Salbuespenez, ohiko lanaldia luzatu egin daiteke, honako kasuren baten:

Halabeharrez, hau da, ezbeharrak edo ezohiko eta kalteak prebenitu edo berehala konpontzeko denean.

Aurretik nahiko denboraz aurreikusi ezin diren arrazoiengatik, ohiko lanaldia luzatzea ezinbestekoa denean enpresak ohiko moduan funtzionatzeko. Dena dela, egiaztatu egin beharko da langile berri batzuekin ezin dela gehiegizko lan hori burutu, arrazoi hauengatik:

• Denbora-tarte motzegia izateagatik eta, ondorioz, kontrataziorik egiteko ezintasunagatik.

• Behar den denboran kontrataziorik egitea ezinezkoa izateagatik.

• Enpleguko Zerbitzu Publikoei lankidetza eskatu arren, kasuan kasuko lanposturako kualifikazio egokirik duen langilerik ez bidaltzeagatik.

3.– Artikulu honen 2. puntuan aurreikusitako ezohiko egoerak gertatzean egiten diren aparteko orduak atseden-aldiez konpentsatuko dira. Sartzen den aparteko orduko ordubete eta hogeita hamar minutu hartuko dira.

Aparteko orduak sartu ahal izateko, aurretiaz zuzendariak modu adieraziz baimendu/komunikatu beharko du.

14. artikulua.– Egutegia.

Lan-egutegia Zuzendaritzak egingo du, plantillaren legezko ordezkariei kontsulta egin ondoren.

Elkartearen eta proiektu bakoitzari dagokion erakundeen artean hartutako erabakiak errespetatu, eta horiei egokitu beharko zaie lan-egutegia.

II. KAPITULUA
OPORRAK

15. artikulua.– Oporrak.

Hitzarmenak hartzen dituen langile guztiek eskubidea izango dute lanean emandako urte oso bakoitzeko 27 lanegun ordainduko oporrak hartzeko —larunbatak ez dira zenbatuko—. Irizpide hauen arabera banatuko dira:

15etik 21era lanegun, segidan hartu beharko dira, ekainaren eta irailaren artean, udan hilabete oso bat hartzeko moduan.

Gainerakoa, ahal bada, Gabonetan eta Aste Santuan eta Bazko Astean. Laneko beharren arabera hartuko dira, proiektuko koordinatzailearen eta Elkartearen zuzeneko arduradunak gainbegiratuta.

Urtea hasita Elkarteko plantillan sartzen diren langileek lan egindako egunen araberako oporraldia izango dute.

Oporrak lanegun baten hasiko dira beti, txanda guztietan.

Kasuan kasuko urtarrilaren eta abenduaren artean hartuko dira. Aurreko urtean opor-egunik galduz gero, urtarrilaren lehenengo 15 egunak galera hori konpentsatzeko utziko dira, beti ere, langilearekin hala erabakiz gero.

Opor-egun guztietan edo batzuetan langilea bajan badago, oporrak gero hartzeko eskubidea izango du, opor-egun guztietatik gutxienez 15, urte naturalaren barruan.

III. KAPITULUA
BAIMENAK, ESZEDENTZIAK, GAIXOTASUNAK.

16. artikulua.– Ordaindutako lizentziak.

Langileak, aurretik abisatuta eta justifikatuta, ordaindutako lizentzia batzuetarako eskubidea izango du, arrazoi hauengatik:

a) 15 egun, ezkontzagatik edo ezkondu gabeko bikotea osatzeagatik; behar bezala eta agiri ofizialez egiaztatu beharko da.

b) Aitatasunagatiko lizentzia: seme-alaba baten jaiotzagatik edo ume bat hartu edo adoptatzeagatik, aitak hiru laneguneko baimeneko eskubidea izango du; hirurak segidan hartu beharko ditu, jaiotzaren egunetik edo adoptatu nahiz hartzen den umea etxera iristen den egunetik 15 eguneko epean. Lizentzia hau bi egunez luza daiteke —egun ordainduak izango dira—, erditzea multiplea denean edo umea zesareaz jaiotzen denean.

c) 5 egunera arteko lizentzia lehenengo graduko senideen heriotza, gaixotasun larria, ospitaleratzea edo ebakuntza kirurgikoa dela eta; berdin dio odolkidetasunezko senideena, ezkontza-ahaideena edo ezkondu gabeko bikoteen senideena izan. Arrazoi horregatik langileak probintziatik kanpora joan behar baldin badu, lizentzia egun batez luzatuko da, beti ere, joan-etorri bakoitzean 150 kilometrotik gora egin behar badu.

d) Azterketa medikoetara joateko behar duen adinako lizentzia, kontsultako ordua laneko ordutegiaren barruan dagoenean.

e) Egun 1, ohiko etxebizitza aldatzeagatik.

f) Egun 1, lehen graduko senitarteko baten ezkontzagatik.

g) Egiteko publikoak edo pertsonalak, norberak egin beharrekoak, betetzeko baimena. Horiek egiteko behar duten denbora izango dute, baldin eta horiek lanorduetatik kanpora ezin badira egin.

h) Egiteko sindikalak edo langileak ordezkatzeko lanak egiteagatik, legeetan eta hitzarmen honetan ezarritako moduan egingo da.

Ezkondu gabeko bikoteak ezkondutakoen parean egongo dira ondorio guztietarako.

17. artikulua.– Legezko zaintzagatiko lanaldi-murriztapena.

Langileak, legezko zaintza dela-eta, bere kontura urritu fisiko, psikiko edo sentsorial bat edo 6 urte baino gutxiagoko haurra badauka, baldin eta ordaindutako lanik egiten ez badute, laneguna murrizteko eskubidea edukiko dute, gutxienez lanaldiaren heren batez eta gehienez erdiaz. Ordainketak ere murrizketaren arabera murriztuko dira. Lizentzia-aldia amaitzean, bere lanaldiarekin hasiko da besterik gabe.

Halaber, baimena izango dute bigarren gradura arteko odolkidetasunezko senide bat edo ezkontza-ahaide bat zaintzeko, baldin eta adin, gaixotasun nahiz istripuren bategatik euren kabuz moldatu ezin badira eta ordaindutako lanik egiten ez badute.

18. artikulua.– Kontratua etetea: seme-alabak zaintzeko eszedentzia.

Langileek eskubidea izango dute seme-alaba bat zaintzeko, gehienez ere hiru urtez. Berdin dio seme-alaba berezkoa den, adoptatutakoa edo hartutakoa —betiko nahiz adoptatu aurretikoa. Eszedentziaren epea jaiotza egunean hasiko da, edo, bestela, ebazpen judizialaren edo administratiboaren egunean.

Halaber, baimena izango dute bigarren gradura arteko odolkidetasunezko senide bat edo ezkontza-ahaide bat zaintzeko, baldin eta adin, gaixotasun nahiz istripuren bategatik euren kabuz moldatu ezin badira eta ezintasunak irauten duen artean ordaindutako lanik egiten ez badute.

Langilea artikulu honen araberako eszedentzian dagoen aldia zenbatu egingo da antzinatasunerako. Gainera, langileak eskubidea edukiko du, enpresariak deituta, lanbide-prestakuntza ikastaroetara joateko, lanera itzultzen denean, bereziki.

19. artikulua.– Ordaindu gabeko baimenak.

Langile guztiek gehienez ere urtean soldatarik gabeko 30 eguneko baimena eska dezakete. Eta eman egin beharko zaie, baldin eta 30 egun lehenago eskatzen badute eta benetako arrazoi bat badute.

20. artikulua.– Nahitaezko eszedentzia.

Eszedentzia borondatezkoa edo nahitaezkoa izan daiteke.

Nahitaezkoak eskubidea emango du lanpostua gordetzeko eta antzinatasuna zenbatzeko, eta enpresari idatziz jakinarazi ondoren, arrazoi hauetakoren bat dagoenean emango da:

a) Kargu publiko baterako aukeratzen edo izendatzen denean eta horregatik lanera joan ezin denean.

b) Soldadutzagatik, ordezko gizarte-zerbitzuagatik edo intsumiso izateagatik askatasuna kentzea dakarten zigorrak daudenean, gertakariak irauten duen artean.

c) Lan sindikalak egiteagatik, bai probintzian bai eremu handiagoan.

Zertarako eskatu ziren, arrazoi horrek irauten duen artean iraungo dute eszedentziak eta murriztapenak. Amaitzen direnean, langileak ez du beste bat hartzerik izango harik eta urtebete igarotzen den arte egoera normalera itzultzen denetik aurrera.

Nahitaezko eszedentzian dagoen langileak 30 egun naturaleko epea izango du, nahitaezko eszedentziarako arrazoia amaitzen den egunetik aurrera, lanpostura itzultzeko. Salbuespen izango da kontratua eszedentzia-aldian amaitzen bazaio, kontratua egiteko arrazoi izan zen proiektuaren administrazio-kontratuaren indarraldia amaitzearen ondorioz. Kasu horretan, indarrean den legedian ezarritakora joko da.

21. artikulua.– Borondatezko eszedentzia.

Borondatezko eszedentzia eskatzeko, beharrezkoa izango da enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna edukitzea eta aurreko lau urteetan eszedentzian ez egotea.

Idatziz aurkeztu beharko da, gutxienez hil bi lehenago, salbu eta behar bezala justifikatutako —eta onartutako— arrazoirik badago.

Gutxienez urtebeterako eta gehienez bost urterako eskatu beharko da.

Eszedentzian den langileak lehentasunezko eskubidea baino ez du edukiko elkartean dauden edo sortzen diren kategoria bereko edo antzeko lanpostu hutsetara joateko.

22. artikulua.– Eszedentziaren ondorengo itzulera.

Kapitulu honetan adierazitako eszedentzia bereziak eta nahitaezkoak amaitzean, baldin eta langileak egoera hori amaitzean legez jarritako epeetan lanpostuetara itzultzen ez badira, behin betiko baja emango zaie enpresan.

Eszedentzia kasu bietan (nahitaezkoa eta borondatezkoa), kontuan hartuta aldi baterako eta lizitaziora atera daitezkeen programen ezaugarriak, baldin eta lizitazio berri bat egiterakoan langilea eszedentzian badago, lehentasuna izango du lizitazio horretan sartzeko. Horretarako, enpresak behar den denboraz abisatuko dio (hil bi lehenago), eszedentzia amaitu ahal dezan.

23. artikulua.– Aldi baterako ezintasuna.

Langileei, gaixotasun arrunt batek edo lanekoa ez den istripu batek eta laneko istripu batek edo lanbide-gaixotasun batek eragindako aldi baterako ezintasunean daudela, guztirako ordainketa garbiaren %100 jasotzeko behar duten soldata-osagarria emango die entitateak lehenengo bost hilabeteetan eta enpresak sortutako lanpostu hutsa betetzeko beharra duen arte.

Egiaztagiri mediko bat badago eta medikuek aginduta badago, gehienez egun bi hartu ahalko dira.

24. artikulua.– Mutualitateak.

Elkarteak langileen legezko ordezkariei jakinaraziko die zein lan-istripu eta lanbide-gaixotasunen mutualitatek estaliko dituen elkarteko langile guztien laneko istripuak eta lanbideko gaixotasunak.

Enpresak sistema publikoan estiliko ditu kontingentzia arruntengatik (gaixotasun arrunta eta lanekoa ez den istripua) sortutako aldi baterako ezintasunengatiko prestazioak eta kontingentzia horiengatiko alta eta bajen kontrol sanitarioa. Horien estaldura ezingo du egin Gizarte Segurantzaren entitate laguntzaileen bitartez (Laneko Arriskuen eta Lanbideko Gaixotasunen Mutualitateak).

25. artikulua.– Amatasun-lizentzia eta haurdunaldi-baimena.

Amatasun-lizentzia 16 astekoa izango da. Eskubide horretaz baliatzen den familia-unitateko kideak berak aukeratuko du nola banatu aste horiek. Hala ere, segidan hartu beharko ditu, eta erditzea horien barruan gertatu beharko da. Aldi horretan, langileak soldataren %100 jasoko du.

Adopzioagatiko lizentzia ere 16 astekoa izango da. Eskubide horretaz baliatzen den familia-unitateko kideak berak aukeratuko du nola banatu aste horiek. Hala ere, segidan hartu beharko ditu, eta umea etxera aste horien barruan iritsi beharko da.

26. artikulua.– Edoskitzea.

9 hilabetetik beherako haurra edoskitzeko, langileek lanlekutik ordu betez ateratzeko baimena izango dute; tarte hori zatitu egin dezakete. Gurasoetako bat baino ezingo da baliatu eskubide horretaz. Langileak, nahi badu, eskubide horren ordez orduak metatu egin ditzake egun libreak hartu ahal izateko helburu bererako, eta horrela, amatasun-baja luzatzeko.

IV. KAPITULUA
PRESTAKUNTZA

27. artikulua.– Titulu bat hartzeko ikasketak.

Langileari, titulu bat jasotzeko ikasten badabil, ordainketetan ezer kendu gabe, behar dituen lizentziak emango zaizkio deialdi ofizialetako azterketak egiteko. Horretarako, ikasketa horiek egiteko matrikula eginda duela eta azterketetara joan dela egiaztatu beharko du.

28. artikulua.– Elkarteak proposatutako ikastaroak.

Prestakuntza-ikastaroak, birziklatze-ikastaroak eta beste titulu batzuk enpresak berak eskatzen baditu edo horri buruz langileen ordezkariek egindako proposamena onartzen badu, langileek horietara joateko behar duten denbora izango dute, eta soldata osoak jasoko dituzte, bai eta matrikulagatik ordaindu beharrekoak ere (matrikula, joan-etorria, egonaldia, mantenua eta janaria). Ikastaro horiek benetako lanordutzat hartuko dira.

29. artikulua.– Hobekuntza ikastaroak.

Hobekuntza-ikastaroek ordaintzeko eskubidea emango dute baldin eta elkarteak idatziz baimena ematen badu. Langileak beka bat baldin badu, elkarteak bekaren zenbatekoa eta ikastaroaren kostuaren arteko aldea baino ez du ordainduko. Ikastaro horietara joateko eskaera eman egingo da, baldin eta langilearen absentziak elkartearen jardunei kalterik egiten ez badie.

Prestakuntzan emandako ordu bakoitza benetan lan egindako ordutzat hartuko da.

IV. TITULUA
ORDAINKETAK

30. artikulua.– Ordaintzeko kontzeptuak.

Hitzarmen kolektibo honetan jasotako ordainketa-kontzeptuak hauek dira: oinarrizko soldata, antzinatasuna eta osagarriak, kontratatutako langile bakoitzaren kategoriaren arabera eta zein proiektutan sartuta dagoen kontuan hartuta:

Kategoria bakoitzerako 2001eko oinarrizko soldata 2000 urteko oinarrizko soldatari %4 aplikatzetik ateratzen dena izango da. Proiektu eta kategoria bakoitzerako 2001eko hileko oinarrizko soldata honakoa izango da:

GIZARTE ETA HEZKUNTZA ARLOETAN ESKUHARTZEKO PROGRAMA:

Taldeko koordinatzailea (37 1 / 2 ordu astean) 		193.440 PTA/ 1162,60 euro.

Gizarte-hezitzailea (37 1 / 2 ordu astean) 		167.847 PTA/ 1008,78 euro.

LANBIDE-HASTAPENEKO IKASTEGIAK

Taldeko koordinatzailea (37 1 / 2 ordu astean)		193.440 PTA/ 1162,60 euro.

Tailerreko begiralea (35 ordu astean)		175.397 PTA/ 1054,16 euro.

Tailerreko begiralea (20 ordu astean)		107.016 PTA/ 643,18 euro.

INFORMAZIOA ETA ORIENTAZIOA EMATEKO HARRERA ZERBITZUAK

Taldeko koordinatzailea (37 1 / 2 ordu astean)		193.440 PTA/ 1162,60 euro.

Gizarte-langilea (37 1 / 2 ordu astean)		178.396 PTA/ 1072,18 euro.

Gizarte-hezitzailea (37 1 / 2 ordu astean)		167.847 PTA/ 1008,78 euro.

LAGUN BAKARREKO PROIEKTUAK

Lanaldi osoz:

Abantoko gizarte-langilea (37 1 / 2 ordu astean)		178.398 PTA/ 1072,19 euro.

Administraria ( 37 1 / 2 ordu astean)		147.541 PTA/ 886,74 euro.

Lanaldi erdiz:

Ludotekako begiralea 		83.924 PTA/ 504,39 euro.

Zaratamoko Kultur Etxeko animatzailea 		 83.924 PTA/ 504,39 euro.

Zaratamoko Kultur Etxeko animatzailea 		83.924 PTA/ 504,39 euro.

KIROL JARDUERA:

Kirol-begiraleak, 2001ean lan egindako orduko eta

ordainketa-kontzeptu guziak (proportzioan: aparteko

ordainketak, apartekoak, oporrak, lanpostua uzteagatiko

kalte ordaina)		1.785 PTA/ 10,73 euro.

GIPUZKOA:

Proiektuko koordinatzailea (37 1 / 2 ordu astean)		250.262 PTA/ 1504,10 euro.

Familia-psikologoa (37 1 / 2 ordu astean)		222.427 PTA/ 1336,81 euro.

Gizarte hezitzailea (37 1 / 2 ordu astean)		 208.552 PTA/ 1253,42 euro.

Administrari laguntzailea (20 ordu astean)		88.422 PTA/ 531,42 euro.

2002ko igoera 2001eko soldata-taulekiko egingo da, 2001ean Euskal Autonomia Erkidegoan Kontsumoko Prezioen Indizeak (KPI) duen igoera aplikatuta eta %0,4 gehituta. 2002ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean.

Aurreko lerroaldean ezarritako igoera edo indarrean sartzea aldatu egin ditzake hitzarmen honetako Batzorde Parekideak, baldin eta: entitate esleitzaileek egiten dituzten proiektuen prezioak berrikusterakoan ikusten bada ez direla Euskal Autonomia Erkidegoko KPI-aren igoerara iritsi edo dagokion urteko martxoaren 31 baino aurreragoko ondorioak badituzte.

31. artikulua.– Ordaintzeko baldintzak.

Hilea bete eta hurrengo hileko lehenengo bost egunen barruan ordainduko da soldata. Banku-transferentziei dagokienez, langileak esango du zein erakundetan sartu behar den dirua.

32. artikulua.– Antzinatasun-osagarria.

Hitzarmen kolektiboa sinatu ondoren, batzorde parekidea osatuko da gaia tratatzeko. Hala ere, antzinatasuna kontuan hartuko da lanbideko barne sustapena edo eszedentziak lortzeko.

33. artikulua.– Kategoria goragoko lanak egiteagatiko plusa.

Arrazoi justifikatu bat tarteko eta langileak ados daudela, beren lanbide-kategoriari dagokion kategoria baino goragoko lanak izendatzen bazaizkie, goragoko lan horiei dagokien ordainketa jasoko dute, egoera horretan dauden artean.

34. artikulua.– Aparteko ordainsariak.

Langileek urtean bi aparteko ordainsari jasoko dituzte: uztailaren 15ean eta abenduaren 15ean. Horiek bermatutako soldataren gainean likidatuko dira. Sei hilabetero sortuko da eskubide hori.

35. artikulua.– Hileko aurrerakina.

Hitzarmen honen eraginpean dauden langileek, elkartean gutxienez urtebete badaramate, hileko aurrerakinak jasotzeko eskubidea izango dute. Horretarako beharra justifikatu egin beharko dute. Ezingo du hileko soldata garbiaren %90 gainditu.

Elkarteak aurrerakinak ematea uka dezake, baldin eta aurrerakinak plantillako %30 ari bada jasotzen edo aurrerakinak emateko likideziarik ez badu.

36. artikulua.– Dietak eta kilometroak.

Elkarteak eskatuta, langileren batek lan bat egiteko bere autoa erabili behar baldin badu, autopistako gastuez gain —behar bezala justifikatu beharko dira—, 0,20 euro ordainduko zaizkio kilometroko.

Halaber, langileak, laneko kontuak direla-eta kanpoan bazkaldu edo gaua eman behar badu, eskubidea izango du elkarteak gastu horiek ordain diezaizkion. Hauek dira mugak:

– Gosaria: 1,8 euro

– Bazkaria eta afaria: 12,02 euro, bakoitza

– Ostatua: kasu bakoitzean ezarriko da.

Elkarteak diru-zenbatekoa aurreratu egin beharko du, langileak hala eskatzen badio. Hala ere, behin betiko likidazioa egingo da gero, gastuen egiaztagiriak aurkeztu ondoren.

VI. TITULUA
LANEKO SEGURTASUNA ETA HIGIENEA
HOBEKUNTZA SOZIALAK ETA ESKUBIDE
SINDIKALAK
I. KAPITULUA
Laneko segurtasuna eta higienea.

37. artikulua.– Segurtasuna eta higienea.

Hitzarmen honen eraginpeko langileek laneko segurtasun eta higienearen alorreko xedapenak bete beharko dituzte, besteak beste, Langileen Estatutuan jasotzen direnak, laneko arriskuak prebenitzeko legean jasotakoak eta Europako Erkidegoko zuzentarauetan jasotakoak. Gainera, xedapen orokorrak bete beharko dituzte.

Halaber, hitzarmen honen eraginpeko langileek azterketa mediko bat egiteko eskubidea izango dute urtero, nahi izanez gero. Elkarteak sindikatuetako ordezkariei jakinaraziko dizkie kontratatutako ugazaben mutualitateak alor horretan eskaintzen dituen zerbitzuak.

II. KAPITULUA
Eskubide sindikalak.

38. artikulua.– Eskubide eta informazio sindikalak.

Edozein sindikatutako kide izateagatik ez dago langileari bereizkeriarik egiterik. Bere iritziak askatasun osoz eman ditzakete eta lanerako edo gizarterako interesgarriak diren argitalpenak argitaratu eta zabal ditzakete. Elkarteak sindikatuen ohol bat jarriko du langile guztientzat.

39. artikulua.– Langileen batzarrak.

Langileei batzarrak egiteko eskubidea bermatuko die elkarteak, beti ere, indarrean den legediaren arabera eta elkarteko lanak behar bezala egiten badira.

48 ordu lehenago eman beharko zaio batzarraren berri, elkarteko ordezkariari.

40. artikulua.– Langileen ordezkarien eskumenak, eskubideak eta bermeak.

Langileen ordezkariek, sindikatuetako ordezkariek eta enpresa batzordeko kideek eskumen, eskubide eta berme hauek izango dituzte: Langileen Estatutuan, Askatasun Sindikalari buruzko Lege Organikoan, hitzarmen honetan eta aplikatzekoak diren gainerako legezko xedapenetan jasotakoak.

41. artikulua.– Langileen ordezkariak: batzordea, langileen ordezkariak.

Enpresa Batzordea, eta hori ezean, langileen ordezkariak elkarteko langile guztien ordezkaritza-organoak dira. Langileen Estatutuan eta aplikatzekoak diren gainerako legeetan zehazten direnak izango dira langileen ordezkarien eta enpresa batzordearen egitekoak. Ordezkariek edo enpresa batzordeko kideek 15 orduko kreditua izango dute hilean.

42. artikulua.– Enpresarekiko batzarrak eta hitzarmen kolektiboaren negoziazioa.

Hitzarmen kolektiboa negoziatzen emandako denbora eta elkarteak deitutako batzarrak lanordu izango dira eta ez dira sindikatuen ordu-kredituaren kargura zenbatuko.

VIII. TITULUA
DIZIPLINA-ARAUBIDEA

43. artikulua.– Hutsegiteak.

Langileek egiten dituzten egintza edo omisio zigorgarriak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke, nolakoak diren eta zein inguruaberretan egin diren kontuan hartuta.

* Hutsegite arinak:

1.– 3 hilabeteko aldian, inolako justifikaziorik eman gabe, lan lekura lau aldiz berandu iristea;

2.– 3 hilabeteko aldian, inolako justifikaziorik eman gabe, lanera egun batean ez azaltzea;

3.– justifikatutako arrazoi bategatik lanera joan ez izana ez adieraztea, salbu eta halabeharrezko kasuren bat bada.

* Hutsegite larriak:

1.– 3 hilabeteko aldian, inolako justifikaziorik eman gabe, lan lekura lau aldiz baino gehiagotan berandu iristea;

2.– 3 hilabeteko aldian, inolako justifikaziorik eman gabe, lanera egun baten baino gehiagotan eta hiru baino gutxiagotan ez azaltzea;

3.– Hutsegite arin bat behin baino gehiagotan egitea.

* Hutsegite oso larriak:

1.– Kode Deontologikoaren aurkakoak diren egintzak edo iruzurra, abusuak edo kontratuzko fede onaren kontrakoak direnak burutzea. Lapurreta eta ebasketa. Laneko errendimendua gurata jeistea, arrazoirik gabe; lankideak, boluntarioak edo elkarteak eskaintzen dituen zerbitzuen erabiltzaileak hitzez edo egitez gaiki tratatzea; jarrera xenofoboak edo arrazistak; erabiltzaileen isilpeko informazioa lanlekutik kanpo zabaltzea eta antzekoak.

2.– 3 hilabeteko aldian, inolako justifikaziorik eman gabe, lanera hiru egun baino gehiagotan ez azaltzea.

3.– Lanera berandu iristea behin eta berriz.

4.– Bi hutsegite larri egitea arrazoi beragatik edo hiru hutsegite arrazoi desberdinengatik.

44. artikulua.– Zigorrak.

– Hutsegite arinengatik: hitzezko edo idatzizko ohartarazpena.

– Hutsegite larriengatik: lana eta soldata kentzea bi egunetik hamar egunera arte, zenbaterainoko larria den eta inoiz aurretik egin den kontuan hartuta.

– Hutsegite oso larriengatik: lana eta soldata kentzea 16 egunetik 60 egunera, lanetik botatzeko ohartarazpena eta lana eta soldata etetea; diziplinazko iraizpena.

Hutsegite larriak edo oso larriak idatziz jakinarazi beharko zaizkio langileari, hutsegitea zein egunetan eta arrazoiak azalduz. Baldintza horiek gabe, preskribatu egingo da lan ondorioetarako. Langileen ordezkariei eta enpresa batzordeko kideei ere emango zaie kopia bat. Zehapen guztiek, horiek jakinarazten diren egunetik aurrera, epea bat emango die langileei, alegazioak aurkezteko: 4 laneguneko epea hutsegite larrientzat eta 10 lanegunekoa hutsegite oso larrientzat. Zehapenak jartzeko proposamen guztiak lan ordezkaritzaren nahitaezko txosten bat izango dute.

45. artikulua.– Hutsegiteen preskripzioa.

Hutsegiteak preskribitzeko epeak:

Hutsegite arinak 15 egunera preskribituko dira.

Hutsegite larriak 30 egunera.

Hutsegite oso larriak 60 egunera.

Preskripzioak honela zenbatuko dira: elkarteak edo lan-unitateko arduradunek, edo, hutsegitea horiek egin badute, hurrengo goragoko arduradunak hutsegitearen berri duenetik; edozein kasutan ere, arinak 30 egunera, larriak 60 egunera eta oso larriak 120 egunera.

Bilbao, 2002ko martxoaren 21.


Azterketa dokumentala