Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

130. zk., 2002ko uztailaren 10a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
3950

AGINDUA, 2002ko ekainaren 26koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena. Agindu honen bidez, 2002-2003 ikasturtean unibertsitateko ikasketa-zerbitzuengatik ordaindu beharreko prezioak finkatzen dira.

Unibertsitateen abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 81.3.b) puntuak dioenez, titulu ofizialak lortzeko diren ikasketen kasuan, Autonomi Erkidegoak finkatuko ditu zerbitzu akademikoei dagozkien prezio publikoak, beti ere Unibertsitatea Koordinatzeko Kontseiluak ezarritako mugen barruan. Gainontzeko ikasketetarako, berriz, Gizarte Kontseiluak finkatuko ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatea Antolatzeko ekainaren 29ko 19/1998 Legearen 33.etik 35.enera bitarteko artikuluek ikasketa-tasak arautzen dituzte, eta ezartzen dute abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 81.3.b. artikuluak aipatutako ikasketa-tasak eta bestelako eskubideak prezio publikotzat joko direla, eta, horrenbestez, tasa eta prezio publikoei buruzko lege-ordenamenduak ezarritakoa beteko dela horiek araupetzeko

Bestetik, prezio publikoak ezartzeko irizpide orokorrak finkatzen dituzte maiatzaren 29ko 13/1998 Legearen —Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta honen erakunde autonomoek prezio publikoen bidez ordaindu ditzaketen zerbitzu eta jardunak zehazten dituenaren— 177.etik 182.era bitarteko artikuluek. Uztailaren 21eko 161/1998 Dekretuak zehazten ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta horren erakunde autonomiadunek kobratu ahal izango dituzten zerbitzuak eta jardunak. Horretaz gain, Dekretu horren bigarren artikuluak ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Sailek eta horren erakunde autonomoek prezio publikoak kobratu ahal izango dituztela Dekretu horren eranskinean aipatzen diren zerbitzu eta jardunengatik; aldi berean, Dekretu horren hirugarren artikuluak ezartzen du Ogasun eta Administrazio Sailari txosten loteslea eman beharko zaiola prezio publikook finkatzeko edo aldatzeko, dagokion Saileko sailburuaren aginduz edo eskuratu behar dituen erakunde autonomoa hari atxikita dagoeneko Saileko sailburuaren aginduz.

Horretarako, uztailaren 21eko 161/1998 Dekretuaren eranskinaren zazpigarren idatz-zatiak ezartzen du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak prezio publikoak kobratu ahal izango dituela ofizialtasuna duten tituluak lortzeko Euskal Herriko Unibertsitateak ematen dituen goi mailako hezkuntzako zerbitzu publikoengatik.

Bestalde, Familia Ugariak Babesteko ekainaren 19ko 25/1971 Legeak, berriz, honakoa ezartzen du: familia ugarietako partaideek ikasketa- eta administrazio-sari eta tasen exentzioak eta murrizketak izango dituztela, hezkuntza maila eta ziklo guztietan eta, bereziki, unibertsitate-hezkuntzan. Aurreikusitako hori garatzeko, ekainaren 29ko 19/1998 legearen 35. artikuluak ezartzen du kide ugariko familia ohorezko nahiz bigarren mailakoetako ikasleek ez dutela tasa akademikorik ordaindu beharko, eta kide ugariko lehen mailako familia duten ikasleek, berriz, tasa akademikoaren ehuneko 50 baino ez dutela ordaindu beharko.

Terrorismoaren biktimentzako laguntza-programa arautzen duen ekainaren 13ko 107/2000 Dekretuaren arabera, biktimak baliatu ahal izango dira unibertsitate-eremuari dagokion arauak xedatzen dituen salbuespenez eta onuraz.

Irailaren 26ko 190/2000 Dekretuak Euskal Herriko Unibertsitatean ematen diren titulazioen esperimentazio-maila berriak zehaztu, eta maila horiek 7tik 4ra jaitsi ditu.

Unibertsitatea Koordinatzeko Kontseiluko Koordinazio eta Plangintza Batzordearen 2002ko ekainaren 11ko saioan hartutako erabakian xedatutakoaren esparruan, eta ekonomi- eta finantza-txostenean proposatutakoaren arabera, agindu honen bidez finkaturik geratzen dira Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek goi-mailako irakaskuntzako zerbitzu publikoaren truke ordaindu behar dituzten zenbatekoak. %4,5eko gehikuntza ezarri zaio iazko ikasturteko prezioen aldean.

Horiek guztiak direla eta, hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Titulu ofizialak eta unibertsitatearen tituluak.

1.– Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean titulu ofizialak lortzeko goi-mailako hezkuntzako zerbitzu publikoaren truke 2002-2003 ikasturtean ordaindu beharreko prezioak eranskinetako tarifetan adierazitakoak dira.

2.– Unibertsitatearen tituluak lortzeko diren unibertsitate-ikasketen prezioak, Gizarte Kontseiluak finkatuko ditu.

2. artikulua.– Eraberritu ez diren irakaskuntzak.

1.– Kreditu-sistemaren bidez egituratuta ez dauden irakaskuntzen kasuan, ikasturte osoaren prezioa I. eranskinean adierazitakoa da.

2.– Irakasgai solteentzat finkatutako prezioaren zenbatekoa ikasturte osoko prezioaren araberakoa izango da. Zenbateko hori honela kalkulatuko da: ikasturte osoak (aurreneko matrikula, bigarrena, hirugarrena edo ondorengoren bat) balio duen zenbatekoa eta I. eranskineko a) eta b) tarifak zatituko dira irakasgaiari dagokion ikasturteko urteko irakasgaien kopuruarekin.

3.– Irakasgaika ordaintzen bada, bi irakasgai-mota bereiziko dira: urtekoak eta lau hilabetekoak. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak sailkatuko ditu irakasgaiak. Lau hilabeteko irakasgaiei urteko irakasgaien prezioaren zenbatekoaren erdia aplikatuko zaie.

4.– Matrikularen zenbatekoa kalkulatutakoan, hala badagokio, ohorezko matrikulei dagozkien hobariak kenduko zaizkio zenbateko horri.

3. artikulua.– Kreditu-sistemaz egituratuta dauden irakaskuntzak.

1.– Gai edo irakasgaien zenbatekoa (ikasleak aukeratzeko gaiak edo irakasgaiak direnak izan ezik) kalkulatzeko, kreditu bakoitzaren prezioa (irakaskuntzen esperimentazio-mailaren arabera eta II. eta III. eranskinetan ezarritakoa kontuan hartuta), irakasgaiari izendatutako kreditu-kopuruarekin biderkatuko da.

2.– Ikasleek berek aukeratuko dituzten gaien kredituak, aukeratutako gaien titulaziorako ezarritako tarifaren arabera ordainduko dira.

3.– Unibertsitateak ikasleari aukera ditzan eskaintzen dizkion eta helburu horretarako bereziki sortu dituen gaien kasuan, ikasleak lortu nahi duen titulazioari dagozkion prezioak aplikatuko dira.

4.– Hautaketa libreko kredituak amortizatzeko Unibertsitateak onartu bai baina Unibertsitateko ikasketa-planekin bat ez datozen jarduerei, ikasleak lortu behar duen titulazioaren arabera, horri legokiokeen zenbatekoaren %25 aplikatuko zaie.

5.– Campus Birtualean emandako kredituei 1. esperimentaltasun mailari dagozkion prezioak aplikatuko zaizkie, lortu nahi den titulazioa gorabehera.

6.– Doktoretza-programen kasuan, kredituaren prezioa III. eranskinean agertzen dena izango da. Dagokion sailak doktoretza-tesiaren proiektua onartutakoan, ikasleak, urtero, V. eranskinean adierazitako prezioa ordaindu beharko du tutoretzaren truke.

7.– Osasunbide arloko espezialitateetako irakaskuntzetan, IV. eranskinean adierazitako zenbatekoa aplikatuko da.

8.– Nolanahi ere, kredituak baliokidetasuna dela eta onartzen direnean, proba bat gaindituz kredituak lortzeko bidea ematen duten irakaskuntzarik gabeko gaietan, ahitzeko diren planetako ikasgaien kasuan horiei dagozkien irakasgaiak ematen ez badira, edo ikastetxeetatik kanpo egindako praktika babestuen kasuan, titulu horietarako finkatutako prezioen %25 ordainduko da, titulu bakoitzari dagokion eranskinean esaten denaren arabera.

9.– Hala badagokio, ohorezko matrikulei dagozkien hobariak kenduko zaizkio matrikularen zenbatekoari. Hobari horiek aurreko lerroaldeetan adierazitakoaren arabera kalkulatuko dira.

4. artikulua.– Bestelako zerbitzuak.

Ebaluaketen, proben, tituluak ematearen eta Idazkaritzako eskubideen prezio publikoak V. eranskineko tarifetan adierazitakoak dira.

5. artikulua.– Matrikulatzeko eskubidea.

1.– Ikasleak irakasgai solteetan matrikulatu ahal izango dira, irakasgai bakoitzari dagokion ikasturtea kontuan hartu gabe.

2.– Aurreko lerroaldean esandakoa gorabehera, eraberritu gabeko irakaskuntzetan ikasketak hasten dituzten ikasleek aurreneko ikasturteko irakasgai guztien matrikula egin beharko dute, aurreneko ikasturte horretako irakasgairen batzuk konbalidatzen zaizkien kasuetan izan ezik.

3.– Halaber, eraberritutako irakaskuntzetan ikasketak hasten dituzten ikasleek, gutxienez, honako kreditu-kopuru honen matrikula egin beharko dute: 70 edo 65 kredituena, hurrenez hurren lau edo bost urtetan antolatutako ikasketa-planak badira; eta 60 krediturena gainerako kasuetan.

4.– Nolanahi ere, azterketarako eta matrikulatutako irakasgaien ebaluaketarako eskubidea, ikasketa-planetatik eratorritako bateraezintasun akademikoen pean geldituko da.

5.– Xedapen honetan ezartzen den matrikula-eskubidea erabiltzeak ez du ekarriko ikasketa-planen beharren arabera ikastetxe bakoitzak duen eskola-ordutegi orokorren errejimena aldatu beharrik.

6.– Matrikularen prezioa ordaintzeak bi azterketa-deialditarako eskubidea emango du ikaslea matrikulatu den irakasgai edo gai bakoitzeko, beti ere ikasturtearen barruan. Unibertsitateak ezarriko ditu deialdietako egunak.

6. artikulua.– Ordaintzeko era.

1.– Ezarritako prezioak ordaintzeko era aukeratzeko eskubidea izango dute ikasleek. Bi aukera daukate: ikasturte hasieran dena batera ordaintzea edo, bestela, hiru zati berdinetan zatituta ordaintzea: aurreneko zatia matrikula egitean, bigarrena abenduaren lehen hamabostaldian, eta hirugarrena urtarrilaren lehen hamabostaldian.

2.– Lau hilabeteka egituratutako irakaskuntzen kasuan, unibertsitatearen esku egongo da bigarren lauhilabetekoari dagokion matrikula lauhilabeteko horren hasieran egiteko baimena ematea. Kasu horretan ezingo da aplikatu aurreko lerroaldean aipatutako ordainketa zatikatua.

3.– 1. idatz-zatian zehaztutako ordainketaren zatiketa ez da aplikatuko, ikasleak ordaindu beharreko prezioen zenbatekoa 150 eurokoa baino txikiagoa bada.

4.– Matrikula ordaintzen ez bada edo matrikularen prezioaren zati bat bakarrik ordaintzen bada, indarrean dagoen legeriari helduko zaio eta, horrenbestez, ordaindutako zenbatekoak galduko dira eta ikasturte horretan ikaslea matrikulatuta egon den irakasgai guzti-guztiak ezabaturik geratuko dira, salbu Unibertsitatearen iritziz ikasleak behar bezala frogatzen badu arrazoi larriren bat egon dela edo iruzur-asmorik izan ez duela.

7. artikulua.– Adskribatutako ikastetxeak.

Adskripzio-hitzarmenetan onartutakoaren kalterik gabe, adskribaturik dauden unibertsitate-ikastetxe eta unibertsitate-institutuetako ikasleek, I. eta III. eranskinetako tarifetan ezarritako prezioen %25 ordainduko diote unibertsitateari. Gainerako prezioak oso-osorik ordainduko dira aurreikusitako zenbatekoan.

8. artikulua.– Ikasketen konbalidazioa.

1.– Ikastetxe pribatuetan edo atzerrikoetan egindako ikasketak direla eta, ikasturte osoen edo irakasgai solteen konbalidazioa lortzen duten ikasleek kasuan kasuko eranskineko tarifetan jasotako prezioen %25 ordainduko diote unibertsitateari.

2.– Unibertsitate publikoetako ikastetxeetan egindako ikasketak konbalidatzeagatik ez da ordainduko preziorik.

9. artikulua.– Familia ugariak.

1.– Lehen mailako familia ugarietako partaideek aurreko artikuluetan ezarritakoa aplikatuz egokituko litzaizkiekeen prezioen %50 ordaindu beharko dute.

2.– Bigarren mailako eta ohorezko familia ugarietako partaideek ez dituzte ordainduko aurreko artikuluetan ezarritakoa aplikatuz egokituko litzaizkiekeen prezioak.

10. artikulua.– Bekak.

1.– Ikasketa pertsonalizatuei laguntzeko beka-sistemak eta beste dirulaguntza batzuk arautzen dituen uztailaren 28ko 2298/1983 Errege Dekretuaren esparruko beka bat Euskal Autonomia Erkidegoko edo Estatuko Aurrekontu Orokorren pentzutan eskatzen duten ikasleek ez dute irakaskuntzako zerbitzuengatiko prezioa matrikula egitean bertan ordaindu beharrik izango. Hala ere, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Batzordeak aldez aurretik hala erabakita, unibertsitateetako idazkaritzetan, badaezpada, finkatutako baldintza akademikoak betetzen ez dituzten ikasleei irakaskuntzako zerbitzuengatiko prezioa ordaintzea eska dakieke.

2.– Matrikula betetzean, beka bat eskatu dutela eta, dagozkien prezioak ordaindu ez dituzten ikasleek, hautespen epaimahaiak behin-behinekoz beka ukatzen badie, egin zuten matrikulari dagokion prezioa ordaindu beharko dute, ukapen horren kontrako alegazioak aurkeztu ala ez.

3.– Unibertsitate zuzendariak, jardunbidearen edozein unetan edo jardunbidea amaitu ondoren, pertsona bati emandako beka indargabetzen badu, egin zuen matrikulari dagokion prezioa ordaindu beharko du.

4.– Prezioa ordaintzen ez badu, matrikula ezabatuta geldituko da irakasgai guztietarako, indarrean dauden legeetan aurreikusitako eran.

5.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko beka bat duten pertsonei dagozkien irakaskuntzako zerbitzuengatiko prezioen zenbatekoa sailak berak ordainduko dio Unibertsitateari.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean sartuko da indarrean. Egun horretatik aurrera, eranskinetako tarifak aplikatuko zaizkie 2002-2003 ikasturtean eman beharreko zerbitzu akademikoei.

Vitoria-Gasteiz, 2002ko ekainaren 26a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

ANJELES IZTUETA AZKUE.

2002-2003 IKASTURTEAN UNIBERTSITATEKO IKASKETA-ZERBITZUENGATIK ORDAINDU
BEHARREKO PREZIOAK FINKATZEN DITUEN AGINDUAREN I. ERANSKINA
KREDITU-SISTEMAZ EGITURATUTA EZ DAUDEN IRAKASKUNTZAK
TARIFAK

a) Honako titulu hauek lortzeko ikasketak. Lizentziaturak: Medikuntza, Odontologia, Farmazia, Zientziak, Informatika, Arte Ederrak, Itsasgintza Zibila eta Itsas-Makinak. Arkitektoa, Injinerua eta Injineru Teknikoa. Diplomaturak: Erizaintza, Itsasgintza Zibila eta Itsas-Makinak (unibertsitate-eskoletako tituludunak fakultateetan eta goi-eskola teknikoetan sartzeko egokitze-kurtsoak barne).

b) a) atalean zehaztutakoak ez diren eta lehen eta bigarren zikloko titulu ofizialak ateratzeko diren gainerako unibertsitate-ikasketak (unibertsitate-eskoletako tituludunak fakultateetan sartzeko egokitze-kurtsoak barne).

IKASTURTE OSOA

	LEHENENGO 	BIGARREN 	HIRUGARREN

	MATRIKULA	MATRIKULA	EDO ONDORENGO

			MATRIKULAK	

	Euroak	Euroak	Euroak	

a)	631,60	694,75	834,17	

b)	445,85	490,44	588,87	

2002-2003 IKASTURTEAN UNIBERTSITATEKO IKASKETA-ZERBITZUENGATIK ORDAINDU

BEHARREKO PREZIOAK FINKATZEN DITUEN AGINDUAREN II. ERANSKINA
UNIBERTSITATE-TITULU OFIZIALEN
KATALOGOAN DAUDEN IRAKASKUNTZEN
ESPERIMENTAZIO-MAILAK

1. mailako esperimentazioa: lizentziaturak: Biologia, Biokimika, Elikagaien Zientzia eta Teknologia, Ingurugiro Zientziak, Itsas Zientziak, Farmazia, Medikuntza, Odontologia, Kimika eta Albaiterotza. Diplomaturak: Enfermeria, Fisioterapia, Giza Elikadura eta Dietetika, Podologia.

2. mailako esperimentazioa: Lizentziaturak: Arte Ederrak, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak, Enologia, Fisika, Geologia, Itsas makinak, Nautika eta Itsas Garraioak, Itsas Irrati Elektronika, eta Itzulpengintza eta Interpretaritza. Ingeniariak: Aeronautika; Nekazaritza; Automatika eta Elektronika industriala; Bideak, Ubideak eta Portuak; Meatzeak; Mendiak; Elektronika; Geodesia eta Kartografia; Geologia; Industria; Informatika; Materialak; Itsasoa eta ozeanoak; Industri Antolamendua; Kimika; Telekomunikazioak. Arkitektoak. Arkitekto teknikoak. Diplomaturak: Logopedia, Itsas Makinak, Itsas Nabigazioa, Optika eta Optometria, Itsas Irrati Elektronika eta Lanaren bidezko Terapia. Ingeniari tekniko aeronautikoak: Aeromotoreak, Aeronabigazioa, Aerountziak, Aireportuak, Ekipo eta Material Aeroespazialak. Nekazaritza-ingeniari teknikoak: Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiak, Barazki-frutazaintza eta Lorazaintza, Nekazaritza eta Elikagaien Industria, Nekazaritza-Mekanizazioa eta Eraikuntzak. Industri Diseinuko ingeniari teknikoak. Baso-ingeniari teknikoak: Baso-Ustiapenak, Baso-Industriak. Kudeaketa-informatikako ingeniari teknikoa. Sistemen Informatikako ingeniari teknikoa. Industria-ingeniari teknikoa: Elektrizitatea, Industria-Elektronika, Mekanika, Industria-Kimika eta Ehungintza. Meatzetako ingeniari teknikoa: Meatze-ustiapenak, Meatzetako Instalazio Elektromekanikoak, Mineralurgia eta Metalurgia, Energi Baliabideak, Erregaiak eta Lehergaiak, Meatzetako Sondeo eta Ikerkuntzak. Untzigintzako ingeniari teknikoa: Itsasorako Egiturak, Untzietako Propulsio eta Zerbitzuak. Herri-Lanetako ingeniari teknikoa: Eraikuntza Zibilak, Hidrologia, Garraioak eta Hiri Zerbitzuak. Telekomunikazio-ingeniari teknikoak: Telekomunikaziorako Sistemak, Sistema Elektronikoak, Soinua eta Irudia, Telematika. Topografiako ingeniari teknikoa.

3. mailako esperimentazioa: Lizentziaturak: Zientzia eta Teknika Estatistikoak, Ikus-entzunezko Komunikazioa, Dokumentazioa, Musikaren Historia eta Zientziak, Matematika, Pedagogia, Publizitatea eta Harreman Publikoak, Psikologia eta Psikopedagogia. Diplomaturak: Bibliotekonomia eta Dokumentazioa, Gizarte-Hezkuntza, Estatistika, Gizarte Lana eta Turismoa. Irakasletza: Entzutea eta Mintzaira, Hezkuntza Berezia, Gorputz Hezkuntza, Haur Hezkuntza, Musika Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Atzerriko hizkuntza.

4. mailako esperimentazioa: Lizentziaturak: Administrazio eta Enpresa Zuzendaritza, Antropologia sozial.eta kulturala, Zientzia Aktuarialak eta Finantzakoak, Politika- eta Administrazio-Zientziak, Lan-Zientziak, Zuzenbidea, Ekonomia, Filosofia, Filologia Alemana, Filologia Arabea, Filologia Katalana, Filologia Klasikoa, Filologia Eslaboa, Filologia Frantsesa, Filologia Galegoa, Filologia Hebreoa, Filologia Hispanikoa, Filologia Ingelesa, Filologia Italianoa, Filologia Portugesa, Filologia Romanikoa, Euskal Filologia, Geografia, Historia, Artearen Historia, Humanitateak, Merkatu-Ikerketa eta -Teknikak, Hizkuntzalaritza, Kazetaritza, Soziologia, Literatur Teoria, Literatura Konparatua. Diplomaturak: Enpresa Zientziak, Kudeaketa eta Administrazio Publikoa, Lan Harremanak.

2002-2003 IKASTURTEAN UNIBERTSITATEKO IKASKETA-ZERBITZUENGATIK ORDAINDU
BEHARREKO PREZIOAK FINKATZEN DITUEN AGINDUAREN III. ERANSKINA
KREDITU-SISTEMAZ EGITURATUTAKO
IRAKASKUNTZAK
TARIFAK
	IRAKASKUNTZAREN	LEHENENGO	BIGARREN	HIRUGARREN 	DOKTORETZA

	ESPERIMENTAZIO	MATRIKULA	MATRIKULA	ETA ONDOR.	PROGRAMA

	MAILA	(Kreditu prezioa)	(Kreditu prezioa)	 MATRIKULAK	(Kreditu prezioa)

				(Kreditu prezioa)	

		Euroak	Euroak	Euroak	Euroak	

	1	11,36	12,49	15,00	43,34	

	2	10,89	11,97	14,35	43,06	

	3	8,43	9,29	11,14	35,63

	4	7,32	8,05	9,65	31,10

2002-2003 IKASTURTEAN UNIBERTSITATEKO IKASKETA-ZERBITZUENGATIK ORDAINDU

BEHARREKO PREZIOAK FINKATZEN DITUEN AGINDUAREN IV. ERANSKINA
OSASUNBIDE ESPEZIALITATEETAKO IKASKETAK
TARIFAK

Euroak

1.	Urtarrilaren 11ko 127/1984 Errege

Dekretuaren eranskineko 3. atalean

aipatzen den ospitale-hezkuntzarik

behar ez duten Sendaketa Espezialitateei

buruzko ikasketak, kreditatutako

ikasketa-unitateetan:			

	Kreditu bakoitzeko	25,87

2.	Urriaren 15eko 2708/1982 Errege

Dekretuaren arabera onartuak izan

diren Lanbide Eskoletako Farmazia

Espezialitateei eta Klinika Analisiei

buruzko Espezialitate Ikasketak:			

	Kreditu bakoitzeko 	26,26	

2002-2003 IKASTURTEAN UNIBERTSITATEKO IKASKETA-ZERBITZUENGATIK ORDAINDU
BEHARREKO PREZIOAK FINKATZEN DITUEN AGINDUAREN V. ERANSKINA
TARIFAK
1. TARIFA.– EBALUAKETAK, PROBAK
ETA TUTORETZA

Euroak

1.1.	Unibertsitatera sartzeko

gaitasun-probak	49,31	

1.2.	Itzulpengintza- eta Interpretaritza-

ikasketak egiteko sarrera-probak	49,08	

1.3.	Pedagogi gaitasuneko agiria

	1. Ikasturte osoa 	151,04	

	2. Bigarren zikloa 	103,49	

1.4.	Karrera amaierako proiektuaren

ebaluaketa	95,03	

1.5.	Graduko azterketa edo tesinaren

ebaluaketa 	95,03	

1.6.	Goi-mailako hezkuntzako atzerriko

tituluak homologatzeko proba: 	95,03	

1.7.	25 urtetik gorakoentzako hastapenerako

eta argibiderako ikasturtea 	78,05	

1.8.	Doktoretza tesigileen tutoretza 	22,76	

1.9.	Doktoretza-tesirako azterketa 	98,64	

2. TARIFA - TITULUAK ETA IDAZKARITZA

Euroak

2.1.	Titulu akademikoak ematea		

2.1.1.	Doktoretza 	148,81	

2.1.2.	Lizentziatua, Arkitektoa eta

Injinerua 	99,90	

2.1.3.	Diplomatua, Arkitekto Teknikoa

eta Injineru Teknikoa 	49,98	

2.1.4.	Ikasketa Aurreratuen

Egiaztagiria-diploma 	54,35	

2.1.5.	Unibertsitateko edo graduondoko

titulu ofizialak ematea eta horien

bikoizketen inprimaketa	22,32	

2.2.	Idazkaritza		

2.2.1.	Ikasketa-espedientea irekitzea

ikastetxeren batean ikasketak

hasten direlako, egiaztagiri

akademikoak eta ikasketa-

espedienteak tokiz aldatzea 	17,24	

2.2.2.	Ikasketa-espedientea irekitzea

hirugarren zikloko ikasketak

hasten direlako 	17,24	

2.2.3.	Kopia autentiko, autentikatu

eta konpultsatuak ematea

	Kopiako 	3,40	

	Konpultsatu beharreko agiriaren

orri gehigarriko 	0,33	

2.2.4.	Identifikazio-txartela ematea 	3,91	


Azterketa dokumentala