
106. zk., 2002ko ekainaren 6a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Iragarpenak
Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
3317
IRAGARKIA, Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Nazioartekotze zuzendariarena. Honen bidez, beka-programa baterako hautagaientzako eskabideak aurkezteko epea ireki dela iragartzen da. Beka horiek Euskal Autonomia Erkidegoan eta atzerrian praktikak egiteko dira, enpresa esportatzaileekin eta nazioartekotzea sustatzen duten beste erakunde batzuekin lankidetzan.
Industria Berritzeko eta Garatzeko sailburuordearen 2002ko martxoaren 12ko Ebazpenean hainbat beka emateko deialdia argitaratu zen. Beka horiek Euskal Autonomia Erkidegoan eta atzerrian praktikak egiteko dira, enpresa esportatzaileekin eta nazioartekotzea sustatzen duten beste erakunde batzuekin lankidetzan. Ebazpen horretako 2. artikuluko 4. paragrafoan adierazitakoa bete egin behar denez, hau ezartzen da:
1.– Bekak gehienez ere 30 izango dira.
2.– Edozein pertsona fisikok eskatu ahal izango ditu bekak, baldin eta honako baldintzak betetzen baditu:
a) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea eskabidea aurkezten den egunaren aurreko 12 hilabeteetan gutxienez.
b) 27 urte baino gutxiago izatea.
c) Beka hauen eduki edo helburu bera edo antzekoa duen beste beka baten onuradun ez izatea.
d) Titulazioa:
– 1, Elektrizitateko ingeniari teknikoa edo Ekonomi eta Enpresa-Zientzietan lizentziatua. Ingelesa eta frantsesa menperatu behar ditu.
– 1, Ingeniari teknikoa edo Ekonomi eta Enpresa-Zientzietan lizentziatua. Ingelesa eta/edo frantsesa menperatu behar ditu eta errusiera ezagutu.
– 1, Papergintzako ingeniari teknikoa edo Ekonomi eta Enpresa-Zientzietan lizentziatua. Ingelesa menperatu behar du.
– 17, Ekonomi eta Enpresa-Zientzietan lizentziatuak edo diplomatuak. Ingelesa eta/edo alemana menperatu behar dute.
– 2, Ekonomi eta Enpresa-Zientzietan lizentziatuak edo diplomatuak. Alemana menperatu behar dute.
– 2, Ekonomi eta Enpresa-Zientzietan lizentziatuak edo diplomatuak. Ingelesa eta frantsesa menperatu behar dituzte.
– 1, Ekonomi eta Enpresa-Zientzietan lizentziatua edo diplomatua. Ingelesa eta alemana menperatu behar ditu eta alemana ezagutu.
– 2, Goi-mailako ingeniariak edo Ekonomi eta Enpresa-Zientzietan lizentziatuak. Portugesa ezagutu behar dute.
– 1, Ingeniaritzako goi-mailako tituluduna edo diplomatua. Ingelesa eta/edo alemana menperatu behar ditu.
1, Ekonomi eta Enpresa-Zientzietan lizentziatua. Ingelesa menperatu behar du eta portugesa ezagutu.
1, Ekonomi eta Enpresa-Zientzietan lizentziatua. Ingelesa menperatu behar du eta/edo txinera ezagutu behar du.
3.– Beka-eskatzaileek honako agiriak aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera:
– Curriculum vitae-a.
– Ikasketa akademikoen ziurtagiria. Bertan maila guztietako notak agertu beharko dira, eta eskatzaileak ikasketak zein urtetan bukatu zituen ere adierazi beharko da.
– Eskatzaileak egin dituen ikastaroei buruzko eta eskatzailearen lan-esperientziari buruzko egiaztagiriak. Ez dira baloratuko eskabidea aurkezten den unean agiri bidez egiaztatzen ez diren ikastaroak eta esperientzia.
– Hizkuntza-ikastaroen ziurtagiriak.
– Eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta dagoela dioen Errolda-ziurtagiria. Errolda-ziurtagiria gutxienez duela hamabi hilabetekoa izan behar da.
– Argazki bi, nortasuna agirikoaren neurrikoak.
– NANaren fotokopia.
– Zinpeko aitorpena. Eskatzaileak bertan adierazi behar du ez dela izan antzeko beste beka baten onuradun.
Agiri guzti horien originalak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira.
4.– Eskabideak aurkezteko tokia:
Industria, Merkataritza eta Industria Sailak lurralde historiko bakoitzean dituen lurralde ordezkaritzetan aurkeztu beharko dira eskabideak. Eskabideak zuzenean aurkeztu ahal dira, edo, bestela, Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean jasotako edozein eratan.
5.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da iragarki hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2002ko maiatzaren 22a.
Nazioartekotze zuzendaria,
M.ª ANGELES ELORZA ZUBIRIA.
RSS