
106. zk., 2002ko ekainaren 6a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Kultura Saila
3294
EBAZPENA, 2002ko maiatzaren 9koa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, Peñacerrada-Urizaharrako (Araba) Jasokundeko Andra Mariaren eliza, monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera emateko eta jendaurrean jartzeko dena.
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumena garatzeko, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena, onartu zen.
Peñacerrada-Urizaharrako (Araba) Jasokundeko Andra Mariaren elizak daukan kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkezturiko Ebazpen Proposamenari jarraituz, honako hau
EBATZI DUT:
Lehena.– Peñacerrada-Urizaharrako (Araba) Jasokundeko Andra Mariaren eliza, monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedienteari hasiera ematea, I. Eranskineko mugaketa eta II. Eranskineko deskripzioarekin bat etorriz.
Bigarrena.– Espedientea jendeaurrean jartzea. Ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, 20 eguneko epea egongo da alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84. eta 86. artikuluetan jasotzen denari jarraiki. Aipaturiko espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea, 1, Vitoria-Gasteiz).
Hirugarrena.– Ebazpen hau interesdunei, Peñacerrada-Urizaharrako Udalari, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurugiro Sailari jakinaraztea, jakinarazpena jasotzen duten egunaren biharamunetik hasi eta 15 eguneko epean beren eskubideak defendatzeko egoki iritzitako alegazioak eta dokumentuak aurkez ditzaten.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Araba Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak Ebazpen horren berri izan dezan.
Vitoria-Gasteiz, 2002ko maiatzaren 9a.
Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea,
IMANOL AGOTE ALBERRO.
I. ERANSKINA
MUGAKETAK
Mugaketaren eremua.
Mugaketak, batetik, eraikina bera eta, bestetik, inguratzen duen urbanizazioa hartzen ditu barne.
Horrela, hurrengo muga hauek zehazten dute eremua: ekialdetik eta mendebaldetik, eliza inguratzen duten plaza bien arteko kaleetako eraikuntzek; hegoaldetik eta iparraldetik, elizaren eta bi alde horietako eraikuntzen artean dauden bi herri-plazekin.
Mugaketaren arrazoiak.
Mugaketa hau Jasokundeko Andra Mariaren parrokiko inguruneko ingurumen-, edertasun- eta ikusmen-balioak zaintzeko beharragatik proposatu da. Eliza hiribilduko egituraren barruan, dentsitate txikiko hirigunean dago eta alboetako alde bakoitzean plaza bat du, biak ere ezaugarri berezidunak: bata hegoaldetik herrirako sarrera da eta bestea udaletxearekin batera bilgune zibikoa eta erligiosoa. Inguru osoaren mugaketa beharrezkoa da ondasuna bere edertasun eta balio betean ikus dadin babesteko; inguruaren mugaketa horrek, era berean, elizaren ondoko guneak babestea eskatzen du, aldameneko eremurik gabe ulertezinak izango bailirateke dituen jatorrizko izaera zeremoniala, multzoaren beraren batasuna eta herri-egituran duen lekua.
Horregatik, mugaketa honek elizaren eraikina ez ezik inguratzen duen gunea ere barne hartzen ditu.
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA
Oinplanu errektangularreko tenplua da. Lau zatitan banatutako nabea du, baita oinei atxikitako absiderik gabeko dorrea eta aldamenetan bost kapera: hiru hegoaldeko alboan eta bi iparraldekoan. Bolumenik garrantzitsuena angeluzuzeneko prisma da, nabea alegia; horri kaperak eta arkupeak gehitzen zaizkio, eta horrela aldamenetan, luzeratara, garaiera txikiagoa duen beste gorputz bat eratzen da. Azpimargarriak dira elizaren alboetako arkupeak eta kaperak, horien aurrean osatu baitira herriko plaza biak.
Jasokundeko Andra Mariaren elizak inguru garbi batera begira du fatxada nagusia, eta harresiaren hegoaldeko atetik elizarako kalea baino gorago dago. Hegoaldeko fatxadak bi alde ezberdin ditu; elizaren horma bera eta sarrerako arkupearen bolumena hiru kaperekin batera. Hegoaldeko arkupea da elizaren sarrera, dorrearen ondoan dago mendebaldeko alboan eta harlanduzko bi arku handi ditu: bata, erdi-puntukoa da eta bestea, duen zabalera handiagatik, pixka bat zapalagoa. Arkupeak elizaren atari zaharrenerako sarbidea du, eta bertan, apaingarri aberatseko arkiboltako arku puntadun bat ageri da: lehen arkua, hosto estilizatuduna; bigarrena eta hirugarrena giza-irudidunak, batzuk musika-tresnak jotzen (emakume batek lautea, gizon batek adarra eta beste batek txirula bikoitza); eta laugarren arkua, hosto multzo oso naturalistekin, eta giltzarrian, giza irudiak ageri dira zaldipetik. Arku-gainak hostotza artean pertsonaiak nabarmentzen ditu. Tinpanoa laua da eta bi erlaitzetan oinarritua dago: begiralearen ezkerrekoak fraideen irudiak eta hegaldun pertsonaia bat ditu; eskuinekoak, alegiazko izaki bat, hiru buruduna eta lehoi arrapaladuna. Aske dauden zortzi zutarrik eta habe arteko eta ategaietako ziriek eusten diote arkuari. Kapiteletan, hostotza artean, gizaki eta animalia irudiak daude. Arkupean txurunbeldutako hutsartea dago, hiru gingileko eta zutarri txikiko markoa duen leiho batekin. Gainerako fatxada erlaitzetik gertu dauden xaflen eta orejeten bidez inguratutako leiho dinteldunek eta kaperako habe karratuek markoztutako hiru hormatalek osatzen dute. Fatxadaren bigarren planoa nabea ixten duen horma da, barreneko zatiak markatzen dituzten garaiera ezberdineko kontrahormak ditu, eta, lehen eta bigarren zatiko horman sartutako harrizko txakur batzuek gainean duten erlaitzari eusten diote. Hirugarren zatian idibegi bat dago, eta, lehenengo zatian eta burualdean, berriz, oso arku zapaleko leihoak. Lehen zatiko leihoak bi zatitan banatzen du txakurren gaineko erlaitza.
Iparraldeko fatxadak dorretik hurbil dagoen eta neurri txikiagokoa den beste arkupe bat du, erdi-puntuko bi arkuduna eta apainketa ugariagokoa, eta erdizirkularra den eskailera batetik du sarbidea. Arkupean, hegoaldeko atearekin ardatz berdinean erabiltzen ez den beste ate bat dago, fuste leuneko bi zutarri erdirekin, txintxilikatutako girlandadun kapitel jonikoekin eta koskadun erlaitzarekin. Fatxada honetan alboko bi kapera besterik ez daude, bigarren eta hirugarren zatietan. Fatxada nabaria da horma hutsa delako, hirugarren zatiko kaperan dagoen leiho txiki bat ezik ez baitago hutsarterik. Iparraldeko fatxadak nabea ixten duen hormako erlaitz erromanikoaren aztarnak errepikatzen ditu.
Horman ezarritako antzinako erlaitz horrek harburuak ditu, eta hauek begi handiko eta aurpegikera nabarmeneko animalien buruak dituzte. Perla kordaz apaindua dagoen erlaitz gotiko bat nabeko hormaren gainaldea hartzen du.
Ekialdeko fatxada nabearen luzapena da, horma itsu eta laua, eta aldarea gordetzen du. Horma horren kanpoko aldearen eta etxe baten artean kantoi estu bat dago. Elizak dituen bi garaierak isladatzen ditu fatxadak: nabearena eta kaperena. Nabearen angeluetan kontrahormak daude. Mendebaldeko fatxadaren ezaugarri dira hegoaldeko arkupe alderantz duen dorrea eta, dorrearen eta elizaren oinen arteko angeluan dagoen lokala. Dorrea liraina da, oin laukiduna, harlanduzkoa eta hiru zatikoa. Kanpai tokiak erdi-puntuko lau arku ditu; kupula oboide batek eta linterna zilindriko batek azkena ematen diote. Dekorazio xumekoa da, erlaitz arruntak eta angeluetan harrizko lau flamero ditu. Beheko bi zatiak, bata bestearengandik koska batek bereziak, arruntak dira, orejetadun plakekin inguratutako leiho txikiak dituzte eta barruan hareharrizko eskailera zilindrikoa.
Barruari dagokionez, tenpluak luzetara hiru zatitan banatutako nabe bakarra eta burualde zuzena dauzka, guztiak espazio lineal bakarra osatzen duela; garaiera txikiago duten kaperak batzen zaizkie erdiko zatietan. Lau zatiak ezberdinak dira; oinetakoa da luzeena eta hirugarren zatia motzena. Nabearen ganga gurutzeriakoa da, nerbio zuzenekin osatua eta nerbioak zabaltzen diren eremua nolakoa den, haren arabera, lau puntako izarrak eratzen dituzte. Gurutzeriaren giltzarriak oso soilak dira; aipatzeko modukoak bigarren eta hirugarren zatietako erdiko giltzarriak, San Andresen irudia eta koroatutako beste irudi bat besterik ez dira. Kaperek ia erdi puntuko arku irregularrak dituzte, formari dagokionean ezberdintasun nabarmenak azaltzen dituzte eta beren artean ez daude komunikatuta. Lehen zatian daude tenplurako sarbidea eta koroa. Arku eskartzanoa, loroi eta triglifo modurako mentsulaz apaindutako frisoa eta koskadun erlaitza ditu koroak; halaber, iparraldeko alboan, bi mentsulen gainean balkoia dauka. Bigarren zatian, hegoaldeko horman eta kaperaren gainean, konoaren tronko erdiko forma duen hutsartea dago. Aldarearen aldean Errenazimenduko erretaula zoragarri bat dago, kaperek ere erretaula barrokoak eta neoklasikoak dituzte.
Akaberetarako erabilitako materialei dagokienez, gangen aparailua entokatuta dago; barruko harri-hormak, aldiz, ez daude entokatuta, erregularrak dira eta zati batean mutxardadura erakusten du eta azaleraren zati handi batean pikatu latza; mortero grisezko junturak nabarmenak bezain baldarrak dira. Oso toki bakanetan lehengo enluzitu kromatikoen aztarnak ikus daitezke. Zorua neurri txikiko egurrezko parketaz estalita dago, lau mailak jasotako aldarean izan ezik, marmol berdea erabili baita han; koruko zorua teila-koloreko zeramikazkoa da. Estalkia zeramika kurbatuko teilazkoa da eta kanpoko hormak harlanduzkoak nabearen goialdeko hormaren zatia izan ezik, entonkatuta baitago.
RSS