
106. zk., 2002ko ekainaren 6a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Gipuzkoako Batzar Nagusiak
3282
4/2002 FORU ARAUA, maiatzaren 6koa, Gipuzkoako Batzar Nagusien Erregelamendua onartzen duen 5/1985 Foru Araua aldatzeko dena.
Gipuzkoako Diputatu Nagusiak
Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela "Gipuzkoako Batzar Nagusien Erregelamendua onartzen duen 5/1985 Foru Araua aldatzeko maiatzaren 6ko 4/2002 Foru Araua", eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintzariek, bete eta betearazi dezaten.
Donostia-San Sebastián, 2002ko maiatzaren 6a.
Diputatu nagusia,
ROMAN SUDUPE OLAIZOLA.
Hitzaurrea
Batzar Nagusien finantza eta gobernu autonomia, Ganbarak bere esku izan behar dituen baliabideen kopurua zehazteko eta horien banaketa erabakitzeko eskumen gisa ulertuta, Foru Erakunde honen subiranotasunaren funtsa da erregelamendu eta gobernu autonomiarekin batera.
Hala ere, orain artean, Batzar Nagusien Aurrekontua onartzeko prozedura, Gipuzkoako Batzar Nagusien Jarduerarako Erregelamenduko 21.1 eta 28.6 artikuluek hurrenez hurren Mahaiaren eta Batzorde Iraunkorraren esku uzten dituzten eskumenen artean badago ere, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorren Proiektuarenari hertsiki lotuta agertzen da, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Finantza eta Aurrekontu-Erregimenari buruzko abenduaren 26ko 17/1990 Foru Arauko 28.2 eta 44. artikuluetan xedatutakoaren ondorioz; hori dela eta, praktikan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorren Proiektua ez onartzeak -Foru Aldundiak Batzar Nagusiei ez bidaltzeagatik izan nahiz Batzarrek arbuiatzeagatik izan- Batzar Nagusien Aurrekontua ez onartzea ekarri izan du, nahiz eta azken hori aldez aurretik onartuta egon, Batzarrek tresna desberdinak bideratu behar izan dituztelarik Ganbararen aurrekontuaren onarpena eraginkorra izatea lortzeko.
Disfuntzio hori konpontzeko, beharrezkoa da indarrean dagoen Erregelamendua aldatzea eta Batzar Nagusien finantza autonomia bermatzeko prozedura ezartzea, beharrezkoa den segurtasun juridikoa ziurtatzearekin batera.
Horixe da Foru Arauaren Proposamen honen xedea, zeinaren bidez artikulu berria duen Sail berri bat –Bigarrena Bis– txertatzen den.
Era berean eta prozedura berria finkatzearekiko koherentziaz, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Finantza eta Aurrekontu-Erregimenari buruzko abenduaren 26ko 17/1990 Foru Arauko 28.2. eta 44. artikuluen azkeneko intzisoen indargabetze espresua gertatzen da.
Lehenengo artikulua.–
5/1985 Foru Arauak onartutako Gipuzkoako Batzar Nagusien Jarduerarako Erregelamenduan, Seigarren Atalburuko II. Atalean, Sail berria sortzen da, hots, Bigarrena Bis saila, "Batzar Nagusien aurrekontua onartzeko prozedura" izenekoa, 106 bis ordinala izango duen artikulu berria txertatuz; hitzez-hitz honako edukia izango du:
"Bigarrena Bis Saila"
Batzar Nagusien aurrekontua onartzeko prozedura
106. Bis artikulua
1.– Erregelamendu honetako 21.1.4. artikuluan xedatutakoaren arabera, Batzar Nagusietako Mahaiak Batzar Nagusien aurrekontuaren proiektua prestatuko du irailaren 15a baino lehen, eta horren berri emango dio dagokion moduan Batzorde Iraunkorrari.
2.– Behin Batzorde Iraunkorrak Aurrekontu Proiektua jaso ondoren, izapidera onartuko du, Foru Arauaren Proposamen gisa kalifikatuko du eta Batzarkide Taldeek emendakinak aurkeztu ahal izateko hamabost eguneko epea ezarriko du; behin emendakinak kalifikatu ondoren, proiektua eta emendakin horiek Ogasun eta Aurrekontu Batzordeari bidaliko dizkio; Batzorde horrek, araugintzarako erabateko ahalmenez jardunez, eztabaidatu eta onartu egingo du, eta urriaren 15a baino lehen egin beharko du hori.
3.– Behin Batzar Nagusietako Aurrekontuaren Foru Araua onartu ondoren, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzearen kaltetan izan gabe, Lehendakaritzak Foru Aldundiari bidaliko dio dagozkion kredituak gaitu ditzan azken honek.
Bigarren artikulua.–
Batzar Nagusien Jarduerarako Erregelamendua onartzen duen 5/1985 Foru Arauko 28. artikuluko 6. ordinala edukirik gabe eta beraz ezabatuta geratzen da.
XEDAPEN INDARGABETZAILEAK
Lehena.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Finantza eta Zerga Erregimenari buruzko abenduaren 26ko 17/1990 Foru Arauko 28.2. eta 44. artikuluetako azkeneko intzisoak, Gipuzkoako Batzar Nagusien Aurrekontua Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorretan txertatzeari buruzkoak, indargabetuta geratzen dira Foru Arau honen aurkakoa izan edo Foru Arau honekiko kontraesanean egon dadin guztian, bai eta aipatutakoez gainera aurkakotasun ala kontraesan hori jaso dezan beste edozein ere.
Bigarrena.– Era berean, Foru Arau honen aurkakoak izan daitezen xedapen guztiak indargabetuta geratzen dira.
AMAIERAKO XEDAPENA
Bakarra.– Foru Arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
RSS