Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

98. zk., 2002ko maiatzaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
3116

105/2002 DEKRETUA, maiatzaren 14koa, Balmasedako (Bizkaia) La Encartada txapel lantegia, Monumentu Multzo izendapenaz, Kultura Ondasun gisa sailkatzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Balmasedako La Encartada txapel lantegiak zuen kultura-interesa ikusirik, Kultura Sailburuordetzaren 1991eko abenduaren 10eko Ebazpenaren bitartez (1992ko otsailaren 17ko EHAA, 32. zk.) ondasun hori, Monumentu Multzo izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Espedientea hasiera aldian geratu zen, baina ez zen jendaurrean jartzeko izapidetza bete.

Kultura Gazteria eta Kirol sailburuordearen 2002ko urtarrilaren 28ko Ebazpenaren bidez (otsailaren 28ko EHAA, 42. zk.), Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko Legearen 11. artikuluaren arabera izapidetza bultzatzeko eta espedienteari amaiera emateko, jendaurreko informazioaldia eta interesdunen entzunaldia zabaltzea erabaki zen, ondasunaren deskripzio eta mugaketa gaur egungo egoerara egokitu eta oraindik egin gabe zeukan babes araubidea ezarri ondoren.

Jendaurreko informazioaldia eta interesdunari entzuteko izapideak burutu ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu.

Ondorioz, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 11.1. eta 12. artikuluetan ezarritakoarekin bat, Kultura sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2002ko maiatzaren 14ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Balmasedako (Bizkaia) La Encartada txapel lantegia, Monumentu Multzo izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzea.

2. artikulua.– Ondasunaren mugaketa bezala Dekretu honen I. Eranskinean agertzen dena ezartzea.

3. artikulua.– Indarrean dagoen Kultura Ondareari buruzko legeak aurreikusten dituen ondorioetarako, sailkatutako ondasunaren deskripzio formala egitea, Dekretu honen II. Eranskinean agertzen den moduan.

4. artikulua.– Dekretu honen III. Eranskinean agertzen den Balmasedako La Encartada txapel lantegiaren babes-araubidea onestea.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Kultura Sailak Balmasedako La Encartada txapel lantegia Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitako Sailkatutako Kultura Ondasunen Erroldan inskribatuko du.

Bigarrena.– Kultura Sailak Jabego Erregistroari Dekretu honen berri emango dio, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako. Era berean, interesdunei, Balmasedako Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari jakinaraziko zaie.

Hirugarrena.– Kultura Sailak Balmasedako Udalari eskatuko dio udaleko hirigintza-araudia Monumentu Multzoaren babes-araubideari egokitzeko, horrela Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.2. artikuluan ezarritakoa betez.

Laugarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Monumentuaren mugaketak barne hartzen duen eremuan egin behar diren lanek dagokien Foru Aldundiko organo eskudunen baimena beharko dute. Baimen hori udal baimena eskuratu aurretik lortu beharko da, Euskal Kultura Ondareraen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 29.1 artikuluan ezarri bezala.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen Dekretu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Jaurlaritzaren Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, Dekretu hau azken aldiz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2002ko maiatzaren 14an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Kultura sailburua,

MIREN AZKARATE VILLAR.

I. ERANSKINA
MUGAKETA

Mugaketaren eremua.

Mugaketak honakoak hartzen ditu barne: lantegia, nabe guztiak barne direla; «Plaza Txikiko» etxea deritzan etxebizitza-blokea; kaperaren eraikina eta etxebizitza-bloke itsatsia edo «Etxe Berria»; azpiegitura hidraulikoa, Kadagoa ibai gaineko presak, bilketa-kanalak, ur-ateragailua, urtegiak eta hustubideak osatzen dutena; lantegian biltzen diren altzariak; eta bestetik, multzo horren inguruan dagoena.

Hala, mugaketa eremuak honako muga hauek ditu: mendebaldean, kanalaren ardatzetik eta Bilbo-Reinosa errepidetik 10 metrora dagoen lerro paraleloa; iparraldean «Etxe Berria» deritzan eraikinetik 10 metrora dagoen lerro paraleloa; hegoaldean, lantegiko atzealdeko fatxadatik 105 metrora dagoen lerro paraleloa; eta ekialdean, Kadagoa ibaia. Kanalaren ardatzaren alde bakoitzeko 10 metro eta presa ere hartzen dira barne.

Mugaketaren justifikazioa.

Multzo arkitektoniko industrialaren inguruan azalera bat babestu beharrak justifikatzen du proposatutako mugaketa; hala, etorkizunean multzo hori ez da nabarmen murriztuko, eta aldi berean ondasunari balio emateko aukera izango da. Ondasuna babestu eta horri balio emateko, beharrezkoa da ingurunea mugatzea, eta horrek eraikinen ondoko espazioak –erabilerarik gabeko espazioak eta baratzak– babestea eskatzen du. Horren xedea bikoitza da; batetik, multzoaren iraganaren ulertzea, funtzionamendu industrialaren alderditik zein ikuspegi sozialetik, eta, bestetik, bere balioaren arabera, geroko garapena ahalbidetzea. Multzoa landa-ingurune batean kokatua dago, Kadagoa ibaiaren ezkerraldean, hain zuzen.

Hori dela-eta, mugaketa horrek, lantegiaren eraikina ez ezik, bizitegi-eraikinak, azpiegitura hidraulikoak, lantegiko ondasun higigarriak eta multzo osoa inguratzen duen ingurune osoa ere hartzen ditu barne.

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

Lantegia hiru gorputz edilizioz osatua dago, nabarmen bereizten direnak. Hirurak elkartuta garai desberdinetan eraikitako eraikin trinko bakarra osatzen dute. Lantegiaren osagarriak: lau nabetako erdiko gorputza, bi nabetako ekialdeko alboko eraikina, eta aurrekoen zeharkako eraikina, iparraldeko fatxada osatzen duena. Iparraldeko zeharkako eraikinak luzetarako aurrealdean nabe txiki itsatsia dauka. Lantegiaren osagarri gisa eta beste multzo bat osatzen dutela, baina elkarren artean nabarmen bereizita, alderdi sozialean lantegiari lotuta dauden hiru eraikin ageri dira: «Plaza Txikiko» etxea, «Etxe Berria» eta «Guadalupeko Birjinaren kapera».

Erdiko gorputza, 1892an eraiki zena, 45 x 20 metroko angeluzuzena da; 5 metro zabaleko lau nabe berdin biltzen ditu, iparraldetik hegoaldera jarraian jarrita. Nabeek bi isurialdeko estalkia dute, eta horietako bakoitzak 15 tarte ditu, pendoloidun egurrezko 14 zertxaz, grapez eta bernoz mihiztatutako 3 listoitako tirantez eginak. U bikoitzean ijetzitako burdinazko zutabeak daude, elkarren artean torlojuz lotuta. Zutabe horiek osatzen dituzten hiru ilaren burdinurtuzko kapitelak eta harri-horma perimetrala zertxa horien gainean ageri dira.

Beheko solairua, berariazko erabilpenik gabea (lehengo ukuilua eta garajea), eta lehen solairua ditu (irundegia eta ehundegia). Pabilioiaren zati bat altuera bakarrean dago; bertan pilak biltzen dira, iparraldean, ardatz eragile nagusiaren hasieraren azpian; bi altueratan dagoen atondoa da, mekanismo eragileak ikusteko behatoki ezin hobea. Beheko solairuko parte bat baizik ez da baliatu, mendebaldeko hegalean lurraren eta kanalaren artean dagoen malda dela-eta. Lehen solairua prozesu produktiboaren nukleoa da, eta hartan biltzen dira ardatz eragile nagusiak –egon lokaztuta–, bai eta lan toki zabalak ere. Espazio soil hori hegoaldean soilik dago banatuta, kristalezko tabike batez eta sabai baxuagoa batez: ehundegia da. Lehen solairuko forjek gangatila zeramikoak eta soliba metalikoak dituzte, eta egurrez zolatuta daude. Beheko solairua zementuz eta harriz zolatuta dago pilen eremuan.

Hegoaldeko fatxada dago kanpoaldera, eta lau nabeen sekzioaren adierazgarri da: nabe bakoitzak bi bao ditu, kanpoaldean arku beheratuz txaranbelduta eta barnealdean ateburu egiten. Mendebaldeko fatxada baxuagoa da, hari atxikitako kanala dela-eta, eta 15 bao ditu lehen solairuan, guztiak ere aurrekoen antzekoak. Fatxadak zuriz pintatuta daude, eta baoak moldura lau urdinez inguratuta daude, hortz eta giltzarri faltsuak nabarmenduz lehen solairuan. Beheko solairua pixka bat ateratzen da fatxadatik, zokalo baten antzera, eta bere baoetako moldurak bakunagoak dira. Iparraldeko eta ekialdeko fatxadek ez dute kanpoaldera ematen, alboko eta zeharkako eraikinek beren baitan hartzen baitituzte.

Alboko eraikina 1908an eraiki zen eta aurretik deskribatu dugunaren aldamenean dago. Hura baino altuagoa da, beheko solairua eta beste bi solairu ditu, eta sei metro argiko bi hormartek osatzen dute. Guztira, 45 x 12 metro ditu.

Barnealdean, beheko solairuak konponketa lanetarako, artilea garbitzeko eta txapelak lehortzeko tailerrak biltzen ditu, baita aroztegia eta garajeak ere. Bigarren solairua txapelak bukatu, josi, plantxatu eta paketatzeko eta mantak lehortzeko tokia da, eta egurrezko zertxadun estalkia ikus dezakegu. Adreiluzko tabike batzuek irregularki zatitzen dituzte bai bataren bai bestearen barnealdeak, bertan egiten ziren lanak banatzeko.

Lehenengo solairua eraikin honen gela nagusia da, eta mantak egin eta txapelak konpontzeko prestatuta. Luzetarako gela handia da, beste bi solairuak baino altuagoa; erdian zutabe metalikodun ilara bat dago, eta sabaian gangatila makurrak eta habexka metalikoak biltzen dira. Zuzenean komunikatzen da erdiko eraikinaren nabeekin, azken honen jatorrizko leihateen bidez, komunikaziorako bao bihurtu zirenak. Manta-tailerraren ardatz nagusiak luzetara zeharkatzen du gela. Horretaz gain, eraikin itsatsiaren erdiko nabearen erdialdean karga-jasogailu bat dago, eta eskailera bat iparraldeko hegalean.

Kanpoaldean, hegoaldeko eta ekialdeko fatxadak daude bakarrik, eta eraikinaren muga aurreko eraikinaren plano berean dago; beraz, kanpoaldeko itxura globala eta bateratua da, altuagoa bada ere. Hegoaldeko fatxadak bi nabeak erakusten ditu, aurreko eraikinarekin hormatal bakar altuagoa osatzen du. Lau ardatz ditu, bakoitzak hiru bao dituela, bina hormarteko. Ekialdeko fatxadak 15 ardatz ditu; beren baoak txaranbelduak dira, ateburuak dituzte beheko solairuan eta arku beheratuak gaineko solairuetan. Baoak eta bazterretako moldurak hortz handiekin apainduta daude.

Bi eraikinetan erabili diren eraikuntza sistemak berdintsuak dira, zutabe metalikoen luzera desberdina bada ere; zutabe horiek hiru solairuetan zabaltzen dira, 14 metro luze inguruko pieza bakarrean.

Iparraldeko zeharkako eraikina bi etapatan eraiki zen, 1892an eta 1900ean, hain zuzen. 40 x 10 metro ditu, eta, hain zuzen lantegiaren fatxada nagusia eta lantegirako sarrera dira. Bere luzera dela-eta, eraikin multzoaren ekialdeko fatxada hormataletik ateratzen da. Hiru solairu ditu. Beheko solairuan, sorgailua, galdara, tindatzeko gela eta lantegiko sarrera daude. Lehenengo solairuan bulegoak daude, baita lehengo artile-lehortegia eta ahuntz-ilearen biltegia ere. Bigarren solairua etxebizitza zen eta terraza gorde du, ekialdeko hegalean estalia dagoena. Eraikin honek konpartimentu asko ditu, baita haustura ugari ere 3 maila desberdinen artean, eta ez du hierarkia espazial distributiborik. Fatxada nagusiak 13 ardatz ditu, bakoitzak 3 bao dituela (leiho bana solairuko). Baoek arku beheratuak dituzte eta neurri desberdinak. Bigarren solairuan, ekialdeko hegaleko lau baoen ordez terraza dago, hiru orientabidetara irekia. Apaingarriak gainerako eraikinenen antzekoak dira.

12 x 4 metroko nabe angeluzuzena zeharkako eraikinari itsasten zaio iparraldean, eta turbina eta erreguladorea biltzen ditu. Sorgailua barne hartzen duen gelari itsatsitako eraikin txikia da, eta itsatsita dagoeneko nabetik barnerako sarbidea dauka. Turbinarako ur-sarbidea da, eta kanalaren planoaren azpitik dago.

Aurrez deskribatutako eraikinek lantegia osatzen dute, baina badira beste batzuk inguruetan, lantegiaren eraikin sozialaren parte direnak. Lantegitik gertuen dagoena Plaza Txikiko Etxea da, eta beste biak urrunago daude, baratze batzuek bereizita.

Plaza Txikiko Etxea, 1892-94 bitartean eraiki zena, etxebizitza-eraikin angeluzuzena da. Beheko solairua eta bi solairu biltzen ditu, 26 x 12 metrokoak. Egurrezko egitura dauka eta horma perimetralak hargin-lanekoak. Multzoaren sarreran dago, lantegiko aurretiko bistarekin falka osatzen duela. Oso gertu dagoen lantegiaren eta etxebizitzen arteko espazio libretik naleko ura ateratzen da. Eraikinak 12 etxebizitza biltzen ditu, launa solairukoak, eta lantegiko jangelak hartu zituen barne. Bi isurialdeko estalkia du, eta fatxada nagusiak 7 ardatz ditu, beren baoek leihoburuak dituztela (hiruk, balkoiak), eta dena simetrikoki antolatuta dago. Zeharkako aldeak hiru ardatz ditu, eta erdiko ardatzean balkoiak azaltzen dira.

Guadalupeko Birjinaren kapera gurtze-eraikina da, eta eskola hartu zuen barne 50eko hamarkada arte. Lantegitik 150 metro ingurura dago, Burgoserako errepidearen ertzean, eta lantegiaren eta etxe berrien artean. 16 x 8 metroko nabe angeluzuzena da, hormarte bakarrekoa, eta bi isurialdeko estalkia, solairu bakarra eta sotoa biltzen ditu. Errepide aldera dagoen fatxada nagusiaren erdiko ardatzean kanpandorrea dago, eta ardatz hori estalkiko erlaitzaren gainetik nabarmentzen da, txapitula antzera. Simetria-ardatz horretan sarrerako atea dago, haren gaineko baoa, eta ezkila barne hartzen duen okulua. Erdiko ardatzaren bi aldeetan 4 metro garaiko bi bao bertikal daude, hegaletan zabalagoak direnak. Atzealdea baratze batzuetara begira dago, eta baoen osaketa berdintsua da; kanpandorrerik ez du, ordea, eta bai sotoa, lurrean dagoen malda dela-eta, baita behatoki bat ere, egurrezko hegalean. Baoek arku beheratuak dituzte. Apaingarri gehienak fatxada nagusian biltzen dira, eta gehienak adreiluzko moldurak dira. Horietan okulua nabarmentzen da, arku faltsu antzera, eta silarriko erdiko dobela. Erlaitzak bi friso ditu: batak moldura laua dauka, eta dekorazio geometrikoa, eta bestea adreiluzkoa da. Akaberak zementuzkoak dira eta egoera txarrean daude, eta lantegira ematen duen horma hastiala itsua da.

Etxe Berria XX. mendearen hasieran eraiki zen, bizitoki-eraikina da, planta angeluzuzena du, bi solairu eta beheko solairua, kaperara ematen du, altuxeagoa da eta lantegitik zertxobait urrunago dago. 20 x 12 metro ditu, eta barnealdean zazpi etxebizitza bereizten dira. Bi isurialdeko estalkia, egurrezko egitura eta harri-hormak dauzka, azken hauek zementuzko morteroz luzituak. Fatxada nagusiak 5 ardatz biltzen ditu, bakoitzak 3 bao dituela. Haietako bik balkoiak dituzte, eta leihoburuak bao guztietan. Atzealdeak antolaketa horixe bera dauka, baina sotoa agerian du.

Lantegiak ur-hornidura behar du, eta horretarako presa bat dago Kadagoa ibaian, baita kanal bat ere bere ezkerraldean, mendebaldeko fatxadarekiko paraleloa. Horrek turbinari eragiteko ura ekartzen du. Presak grabitate-arkua du, harri-hormakoa da, 40 metro luze eta 2 metro altu da, eta alboko gainezkabidea dauka. Kanalak bi uhate ditu sarreran, eta aurreneko 40 metroak harri-hormakoak dira, ibaiarekiko paraleloak. Ubide azpikoa 50 metro luze da, zabalera aldakorrekoa.

Turbinaren ardatzaren mugimendu birakariak eragiten du makinek behar duten energia. Ardatz horrek, polearen eta erdiko ardatzarekiko transmisioaren bidez, bigarren mailako 7 ardatzetara eramaten du indar eragile birakaria, eta ardatz horiek, beren larruzko poleen bidez, makinen inertzia-bolanteak mugiarazten dituzte. Trikotatzeko makinak –motor elektrikoak dituzte– plantxak eta josteko makinak izan ezik, gainerako makinak sistema horri esker mugitzen dira.

Txapelak egiteko hainbat makina behar ziren; izan ere horiek gabe ezinezkoa zen prozesu produktiboa. Makina horiek eraikinaren beraren parte dira, ondasun higigarri gisa. Hauexek dira:

Badana militarrak josteko PFAFF makina.

Badana militarrak josteko NECCHI makina.

Forru militarra josteko RIMOLDI makina.

Josketa industrialeko 4 makina ALFA.

Forrua josteko U.S. BLIND STITCH makina.

Josketa industrialeko 2 makina ALFA, zaharragoak.

Ahoak Tenkatzeko 2 makina.

Txapelak plantxatzeko 3 makina.

Estanpatzeko 2 makina.

Txapela militarretan zuloak egiteko makina 1.

Josteko 2 makina THE SINGER MANFG.

Josteko makina 1 107 W-50.

Josteko makina 1 52-58.

Josteko makina 1 710.

Moxorkak egiteko 2 tresna. Platt. Platt Brothers & C.º Limited 1982.

Hariak okertzeko zuzena. Platt. Platt Brothers & C.º Limited 1892.

Hari neurgailua. Platt. Platt Brothers & C.º Limited 1892.

Zapi zatigailua. Grau- Tarrasa. 1956 ( 2. eskukoa)

Luzigailuak. 1892.

Dinamoa. Edison. Tip-3. Compañie-Continentale Edison Ivri-Sur Seine.1892.

Kitzikagailua, 135 9.zkia. La Electricidad. S.A. Sabadell.

Alternadorea. 19.344. zkia. La Electricidad. S.A. Sabadell.

Karda-Borratzailea. Cestin Martín, Societe Anonyme Celestin Martín.

Verviers Belgique. 1896.

Bitarteko karda edo Errepasagailua. Celestin Martín. 1896.

Turbina. Universal Francis J.M. Voith. 1910.

Turbina-Erreguladorea. Erreguladore hidrauliko automatikoa. Voith.

J.M. Voith.1910.

2 Karda-Borratzaile. Platt. Platt Brothers & C.º Limited. 1892.

Batuarra (Irekigailua edo Willow) Platt. Platt Bro-thers & C.º Limited 1892.

Desmuntatzailea. Platt. Platt Brothers & C.º Limited 1892.

Irekigailua-Koipeztagailua. Platt. 1892.

2 Bitarteko karda edo Errepasagailu. Platt. 1892.

Harikaltzeko Karda. Platt. 1892.

Karda zorrozkailua. Platt. 1892.

Zapalgailua. Baciana & Sanahuja. Sabadell. 1939.

Pizteko karda. Joaquin Bacina. Sabadell.1908.

Kargadore automatikoa. Celestin Martín. Societé Anonyme.

Verviers Belgique. 1896.

Pizteko karda. Celestin Martín .1896.

2 Mula selfaktino. Platt. 1892.

Konoak harikaltzeko makina. 4 erabilpenetarako B.49. Max G.-ren ondorengoak.

Buschner. S.A. (Makipuntua) 1950.

Sareak konpontzeko 2 makina. Sistema ingelesa. José Torrent. 1928.

2 Hidroateragailu. Platt. 1892.

Artilea garbitzeko tokia.

Prentsa. Salador Julia. Tarrasa.

Mantak astintzeko makina. Belgika 1908.

Mantak esekitzeko gakoa. Snock. Bélgica.

Mantak esekitzeko gako mekanikoa. Sucs. Duran Dañameras. 1907.

Mantak jotzeko 2 pila. Speciale. Grosset & Debatisse. 1908.

Manta-garbigailua. Sole-Sola. Sabadell. 1909.

2 Manta-ehungailu. Jaquard. Sucs. De Duran Cañameras. 1907.

Manta-ehungailua. Sachsische Webstuhlfabrik. 1908.

Irazkigailua. Snock Sistema. 1907.

4 Manta-ehungailu. Snock. Nienet & C.º La Constructora Mecánica. Sabadell. 1908.

Mantak egiteko moxorka. Sucs. De Duran y Cañameras. 1908.

Ahuntz-ileko garbigailua. Mateo Sanges. Sabadell. 1907.

Jotzeko makina.

Jotzeko makina. Etxekoa. La Encartada. S.A. XIX. mende amaierakoa.

Jotzeko makina. Berritua. XIX. mende amaierakoa.

Jotzeko makina. John M.Sumner C.º (bitartekaria) Manchester 1892.

Kardatzeko makina. Sensada Ramoneda y Cía. Tarrasa. 1891.

Kardatzeko makina. John M. Sumner C.º (Bitartekaria) Manchester 1892.

2 Kardatzeko makina. Jose Ribalta. 1895.

Txapelak jotzeko pila. XIX. mende amaierakoa.

Txapelak jotzeko 2 Pila. Hope Wel Maker. Basford Nott. 1892.

Sareak konpontzeko makina. Erref. 97.887. Julius Köhler. XX. mendearen hasierakoa.

Sareak konpontzeko makina. Erref. 97.886. Julius Köhler. XX. mendearen hasierakoa.

Sareak konpontzeko makina. XX. mendearen hasierakoa.

Trikotatzeko makina. Orratz kopurua: 167 x 167.

Trikotatzeko makina. Orratz kopurua: 168.

Trikotatzeko makina. Olot-Gerona.

Harilkatzeko makina. Frantziarra. P. Busque. Sabadell. XIX. mendearen amaierakoa.

Harikaltzeko 2 makina. Etxekoak. La Encartada. XX. mendearen hasierakoak.

Matazak egiteko makina. Pedro Rebordaosaren Tailerra. Jorbetas, 32. Manresa. XX. mendearen hasierakoa.

Moxorkak egiteko makina. Belgikarra. 1896.

III. ERANSKINA
BABES-ERREGIMENA
I.KAPITULUA
BABES-ERREGIMENAREN XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Babes-erregimenaren xedea.

Babes-erregimen hau Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12. artikuluaren arabera idazten da, Balmasedako La Encartada de El Peñueco txapel-lantegia Sailkatutako Monumentu Multzo izendatzeko espedientea irekitzeko.

Babes-erregimen hau La Encartadako multzo arkitektoniko industriala Sailkatutako Monumentu Multzo izendatzeko ezartzen da; multzo horrek barne hartzen ditu txapel-lantegia, Plaza Txikiko Etxea, Etxe Berria eta Kapera izeneko eraikinak, eraiki gabeko espazioak, eta lantegian biltzen diren ondasun higigarriak. Erregimen hori sailkapenak eragiten dien ondasunen zaintzari ezarriko zaio, eta hirigintza-plangintzako tresnak bertan xedatutakoari lotuko zaizkio.

2. artikulua.– Ezarpen-eremua.

Jarraian finkatzen den Babes-erregimena Multzoaren mugaketan biltzen diren eraikin, ondasun higigarri eta espazio guztiei ezarriko zaie, I. eta II. eranskinen mugaketaren eta deskribapenaren arabera.

II. KAPITULUA
ERREGIMEN OROKORRA

3. artikulua.– Edukia.

1.– Testu honen edukiak nola Babes-erregimen honek gara lezakeen hirigintza-plangintzak hala etorkizunean hari egingo zaizkion berraztertzeek bete beharreko baldintza orokorrak ezartzen ditu, ondarearen babesari dagokionez.

2.– Babes-erregimena garatzen duen hirigintza-plangintzak babestutako elementu bakoitzean dagoen babes-maila aldatzea proposa lezake. Kasu horretan, argi eta garbi zehaztuko du zein diren elementu horiei Babes-erregimenak ezartzen duenaren bestelako babes-maila bat ezartzeko arrazoiak.

3.– Kultura Sailari dagokio hirigintza-plangintzako tresnen aldeko txostena egitea, eta behin proposamena aztertu ondoren, dagokion espedienteari hasiera eman diezaioke, Sailkatutako Monumentu Multzoaren Babes-erregimena aldatzeko.

4. artikulua.– Garapeneko hirigintza-plangintza.

1.– Babes-erregimen honetan biltzen diren ondasunei ezartzen zaien hirigintza-plangintzak Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 28.1. artikuluan aipatzen duen txostena eskatuko du; orobat, edozein esku-hartzeri –solairu berria eraikitzea barne– dagokion harmonizazio-maila hartuko du barne.

2.– Babes-erregimen hau garatzen duten hirigintza-tresnak onartzen ez diren bitartean, aipatu Legearen 28.2. artikulua bete beharko da ezinbestean.

5. artikulua.– Preskripzio orokorrak.

1.– Espazio publikoetan gauzatuko den jarduera orok beren hiri-izaera eta -egitura sustatuko ditu; halaber, hiri-altzariak multzoaren ingurune-izaerarekin uztartuko dira.

2.– Babes-erregimen honen babes-mailetan biltzen diren eraikin guztiei Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legean aurreikusitakoa ezarriko zaie, baimenari, erabilpenari, jarduerari, defentsari, zigorrei, arau-hausteei eta gainerakoei dagokienez.

3.– Babes-erregimen honek aipatzen dituen birgaitzeko esku hartzeko motak abenduaren 26ko 308/2000 Dekretuan garatzen direnak dira. Dekretu hori urbanizatutako eta eraikitako ondarea birgaitzeko babestutako jarduerei buruzkoa da.

4.– Babes-erregimen honek eragiten dien ondasunen jabeek kontserbatzeko, zaintzeko eta babesteko betebeharrak bete beharko dituzte, Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legeak, 20. eta 35. artikuluetan, eta 6/1998 Lurzoruaren Legeak 19. artikuluan agintzen dituztenak, hain zuzen ere.

6. artikulua.– Esku hartzeko proiektuak.

Babes bereziko, ertaineko edo oinarrizko babeseko mailetan biltzen diren eraikinetan esku hartzeko proiektuek honako hauek bildu beharko dituzte, proposatzen den esku-hartzea baliagarria dela frogatze aldera: eraikinaren egungo egoeraren dokumentazio grafiko zehatza, 1/50 eskalan planta, fatxada eta sekzioetarako, xehetasun arkitektonikoak 1/20 eskalan, dokumentazio fotografiko osoa, plano historikoak, etab.

7. artikulua.– Berritzeko, ordezkatzeko edo berriz eraikitzeko lanak.

Multzoaren barnean berritzeko, ordezkatzeko edo berriz eraikitzeko lanetan bete behar diren baldintzak ezarriko dituen hirigintza-plangintza onartzen ez den bitartean, ezin izango da eraikinen antolamendu bolumetrikoan aldaketarik eragin. Jarduera horiek bete beharrekoak honako irizpide hauei lotuko zaizkie:

a) Aurretiko teilatu-hegaleko eta gailurreko altuerak gordeko dira.

b) Fatxada lauari eutsiko zaio, eta gorputz irtenik egitea galaraziko da.

c) Ingurunearen berezko konposizio-elementuak erabiliko dira.

d) Aurretikoak gordeko dira.

8. artikulua.– Ingurune-baldintzak zaintzea.

II. eranskinean zerrendatzen diren babestutako ondasun higigarriak biltzen diren eraikinetan, debekatuta dago ondasun higigarrien kontserbazio eta funtzionamendurako kaltegarri gerta litezkeen berokuntza- edo hozte-sistemak instalatu edota erabiltzea.

9. artikulua.– Babestutako ondasun higigarriak jatorrizko kokalekuko eraikinari atxikitzea.

II. eranskinean zerrendatzen diren ondasun higigarriak ezin izango dira jatorrizko kokalekuko eraikinetatik bereizi, eta La Encartadako Multzo Monumentalaren eraikin sailkatuei ezarriko zaien xede bera ezarriko zaie; haietatik bereizi ahal izateko ezinbestekoa izango da Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak aurrez horretarako baimena ematea, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 37.2. artikuluan ezarritakoaren arabera.

10. artikulua.– Ezarpen-eremua.

Kapitulu honen Erregimen Orokorra ezarriko zaie La Encartadako txapel-lantegiaren Sailkatutako Monumentu Multzoaren mugaketan biltzen diren eraikin, ondasun higigarri eta elementu guztiei.

III. KAPITULUA
BABES-MAILAK
1. ATALA
AURRETIKOAK.

11. artikulua.– Sailkapena.

1.– Mugaketak barne hartzen duen ondarea honako babes-maila hauen arabera sailkatuko da:

– Elementu garrantzitsuen babesa.

– Hiriko espazioak.

– Babes Ertaina.

– Oinarrizko Babesa.

12. artikulua.– Elementu garrantzitsuak.

Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.1.e) artikuluan ezarritakoa betetzeko, II. eranskinean biltzen direnak hartuko dira elementu garrantzitsutzat, azpiegitura hidrauliko osoa barne. IV. kapituluak ondasun higigarri garrantzitsuen babesa garatzen du.

2. ATALA
HIRIKO ESPAZIOAK

13. artikulua.– Babesaren xedea.

Babes-erregimen honen xedeetarako, hiriko espaziotzat hartuko dira multzoaren kanpoko egituraren parte diren eraiki gabeko espazioak, erabilera publikokoa izan ala ez. Honako hauek dira:

– Lantegira sartzeko bidea.

– Lorategiak eta eraikinen inguruko berdeguneak.

– Multzoaren kanpoko antolaketa espaziala.

14. artikulua.– Garapeneko hirigintza-plangintzaren ebazpenak.

1.– Plangintzak ezarri beharko ditu Babes-erregimen honek biltzen dituen espazio guztiek nork bere aldetik bete behar dituen baldintza zehatzak, hartan azaltzen diren irizpideen arabera.

2.– Sarreren eta aparkalekuaren urbanizazio egokia aurreikusiko da, eta plangintzak erabakiko du haietan zein akabera egin eta zein hiri-altzari jarri behar diren.

3.– Jardueren helburua azpiegitura hidraulikoak –Kadagoa ibairako kanala/hustubidea barne– estali, txikiagotu edo deuseztatuko lituzketen kanpoko esku-hartzerik ez egitea izango da.

4.– Esparruko instalazio lagungarriak kenduko dira, esaterako, aire-transformadoreak, txakurtegiak eta multzoa degradatzen duten gainerako elementuak, ondasunari balioa ematearekin bat ez datozen neurrian.

5.– Kale eta bideetan burutuko diren jarduerek horren zola aurreikusiko dute.

6.– Inguruko esparrua gorde egingo da, multzo monumentalaren lagungarri gisa.

3. ATALA
BABES ERTAINA

15. artikulua.– Babesaren xedea.

Honelako babesa ezartzeko, eraikinak edo elementuak baldintza hauetakoren bat bete beharko du:

– Oso balio arkitektoniko garrantzitsuak ez izanagatik ere, ikuspegi tipologikotik eraikitako ondarearen parte interesgarria izatea, barneko antolamenduagatik, elementu bertikalen antolamenduagatik, lursailaren gaineko antolamenduagatik edo beste edozein ezaugarri morfologikogatik.

– Oso balio arkitektoniko garrantzitsu izanik, haiek berreskuratzeko esku-hartzeak goi mailako babes-mailetarako tipifikatutakoen barruan sartu ezin izatea.

16. artikulua.– Babes-maila ertainean biltzen diren elementuen preskripzioak.

1.– Babes ertaineko ondasunen eraispen osoa edo partziala Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluan ezarritako kasuetan soilik baimenduko da.

2.– Eraikin hauetan burutuko diren lan edo esku-hartze guztietan, eraketa bolumetrikoa eta lerrokadurak gordeko dira.

3.– Eraikin hauei esleituko zaien erabilerak beren kontserbazioa bermatuko du une oro, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen III. Tituluaren zehazpenak hautsi gabe.

4.– Eraikinen funtzionaltasuna zaintzea eta segurtatzea helburu duten eraikuntzako esku-hartzeak baimenduko dira, eta horretarako burutuko diren lanek elementu tipologiko, formal eta egiturazkoak errespetatu beharko dituzte. Ildo horretan, abenduaren 26ko 308/2000 Dekretuak, urbanizatutako eta eraikitako ondarea birgaitzeko babestutako jarduerei buruzkoak, Kontserbaziorako Berriztapenaren A eta B kategorietan ezartzen dituen lanak burutu ahal izango dira, eraikinek azaltzen duten kontserbazio-egoeraren arabera.

17. artikulua.– Babestutako elementuak.

La Encartadako eraikin-multzo gisa mugatutako eremuan, honako hauek sartzen dira Babes Ertaineko mailan:

– Lantegiko erdiko eta alboko eraikinak.

– Eraikin guztien fatxadak, bigarren solairuko zeharkako eraikina eta honen eta lantegiaren bitarteko horma izan ezik.

– Plaza Txikiko Etxearen eta Etxe Berriaren barneko antolaketa espaziala, eta, hain zuzen, lehenengoaren 4 etxebizitza eta bigarrenaren 3 etxebizitzaren antolamendua eta elementu komunak.

– Azpiegitura hidrauliko osoa.

4. ATALA
OINARRIZKO BABESA

18. artikulua.– Babesaren xedea.

Oinarrizko babesa ezartzeko, eraikinak edo elementuak baldintza hauetakoren bat bete beharko du:

– Balio arkitektoniko, historiko edo artistiko garrantzitsurik ez izanagatik ere, hura finkatzea egokitzat jotzea, eraikitako ondarearen parte interesgarria den heinean, tipologia- edo ingurune-ikuspegitik, harik eta babes ertaineko mailan sartzeko adinako interesik ez badu, eta beraz, hartan ez bada zaharberritze-lanik burutuko.

– Balio arkitektoniko edo historiko garrantzitsuak izanik ere, hura berreskuratzeko esku-hartzea goragoko babes-mailetarako tipifikatu direnen artean sartu ezin izatea.

19. artikulua.– Oinarrizko babeseko mailan dauden elementuen preskripzioak.

1.– Oinarrizko babeseko ondasunen eraispen osoa edo partziala Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluan ezarritako kasuetan soilik baimenduko da.

2.– Eraikin hauetan, babeseko goragoko mailetan daudenez gain, abenduaren 26ko 308/2000 Dekretuan azaltzen diren esku-hartzeak baimenduko dira. Dekretu hori urbanizatutako eta eraikitako ondarea birgaitzeko babestutako jarduerei buruzkoa da, finkatzea deritzan eraikuntzako esku-hartzerako, hain zuzen. Orobat, Berritzeko esku-hartzea baimenduko da (baita eraispen partziala ere), eraikina beharrezkoak diren baldintza funtzionaletara edo lerrokaduretara egokitzeko beharrezkoa denean, Babes-erregimen hau garatzen duen plangintzaren arabera.

20. artikulua.– Babestutako elementuak.

La Encartadako eraikitako multzo gisa mugatutako eremuan, Oinarrizko Babeseko mailan, zeharkako eraikina, kapera, Plaza Txikiko Etxea eta Etxe Berria sartzen dira. Eraikin horien barne antolamendua, ordea, babes horretatik kanpo gelditzen da, Babes-erregimen honen 17. artikuluaren arabera etxebizitzei dagokienean izan ezik.

IV. KAPITULUA
LA ENCARTADAKO MONUMENTU MULTZOAREN ONDASUN HIGIGARRIAK ZAINTZEARI BURUZKO XEDAPEN OROKORRAK

21. artikulua.– Izaera loteslea.

Kapitulu honetan biltzen diren ebazpenak II. eranskinean zerrendatzen diren babestutako ondasun higigarrietan egin nahi diren jarduera guztietan bete beharko dira ezinbestean, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 37.1. artikuluan ezarritakoaren arabera.

22. artikulua.– Informazioa eta ondasun higigarrira heltzea.

1.– Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 24. artikuluan ezarritakoaren arabera, II. eranskinean zerrendatzen diren babestutako ondasun higigarrien gaineko eskubide errealen jabe, edukitzaile eta titularrek agintari eskudunen esku jarri beharko dute Lege hori ezartzeko beharrezkoa den informazio guztia.

2.– Aurreko paragrafoan aipatu direnek, halaber, erraztasunak jarriko dizkiete agintariei ondasun higigarri horietara heltzeko aukera izan dezaten, betiere haiek aurrez eskatuta eta ikuskatzea beharrezkoa denean. Orobat, behartuta daude ikerlariei babestutako ondasun higigarriak azter ditzaten uztera, dagokion foru-aldundiak xede horretarako igorritako baimena jaso ondoren.

3.– Jendaurreko erakusketa.

II. eranskinean zerrendatutako ondasun higigarriak jendaurrean erakutsiko dira, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 24.3. artikuluan ezarritakoaren arabera. Administrazioarekiko ondasunak gordailuan uzteak haiek jendaurrean erakusteko eskubidea dakar, aurrez azaldutako Legearen 40.2. artikuluaren arabera.

23. artikulua.– Kokapena.

II. eranskinean zerrendatzen diren babestutako ondasun higigarriak atxikita daudeneko jatorrizko kokalekuan gordeko dira. Hala, haiek testuingurutik ateratzea galaraziko da eta prozesu produktibo eta industrialaren gaia direla aintzat hartuko. Dagokion foru-aldundiak, ordea, Babes-erregimen honen 9. artikulua bete ondoren, ondasun horiek beste toki batean gordetzea agin dezake, ohizkanpoko arrazoiengatik jatorrizko kokalekuak haiek ongi zaintzeko beharrezkoak diren baldintzak betetzen ez baditu, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 39.2. artikuluan ezarritakoaren arabera.

24. artikulua.– Baimendutako erabilerak.

Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 23. artikuluan ezarritakoaren arabera, II. eranskinean zerrendatutako babestutako ondasun higigarrien kontserbazio egokia bermatuko duten erabilera guztiak baimenduko dira; hori ez ezik, erabilera horiek ondasun horien izaera produktibo eta industriala errespetatu beharko dute.

1. ATALA
ESKU-HARTZEAK. IRIZPIDE OROKORRAK.

25. artikulua.– Baimendutako esku-hartzeak.

1.– II. eranskinean zerrendatzen diren babestutako ondasun higigarrien gainean burutuko diren zuzeneko zein zeharkako esku-hartze guztiek beren zaintza eta haiek gerora osorik helaraztea izan behar dute helburu.

2.– Baimenduta dauden esku-hartzeak zaintze prebentiboa edo babesa, zaintzea eta zaharberritzea dira. Jarraian, bakoitzari dagozkion jarduerak azaltzen dira:

a) Erregimen honen xedeetarako, zaintze prebentiboa edo babesa zeharkako ekintzak burutzea da, ondasuna baldintza ezin hobean erabiltzea eta harekin gozatzea ahalbidetzen dutenak. Hori ez ezik, aldaketarik ez gertatzeko eta narriadura oztopatzeko beharrezkoak diren baldintzak jarri behar dira. Gainera, babesak ondasuna egokiro kontserbatzeko beharrezkoak diren aldizkako zuzeneko ekintzak ere hartzen ditu barne.

b) Xede berdinetarako, zaintzea babestutako ondasun higigarrian esku-hartze teknikoko zuzeneko ekintzak burutzea da. Esku-hartzeak, helburu terapeutikoa du, ondasunen narriadura atzeratzeko xedez.

c) Zaharberritzea babestutako ondasun higigarrian zuzeneko ekintzak burutzea da, hura ulertarazteko xedearekin, betiere bere osotasun estetiko, fisiko zein historikoarekiko begirunetik abiatuta.

3.– Esku-hartzeek ez dute energia-transmisioko jatorrizko izaera indargabetu behar, ezta makinek eta beren elementu lagungarriek osatzen duten multzo produktiboa ere; xede horretarako, funtzionamendua ahalbidetzen duten elementu guztiak, esaterako, poleak eta uhalak, zainduko dira, eta oro har ordezko baliabide lagungarriak erabiltzea saihestuko da.

26. artikulua.– Esku-hartzeen lehentasuna.

Zuzeneko esku-hartzeen aurretik, lehentasuna emango zaio II. eranskinean zerrendatzen diren babestutako ondasun higigarrien zaintze prebentiboari, aldaketak saihesteko eta narriadura oztopatzeko beharrezkoak diren baldintzak jarrita. Aipatu ondasunak ongi zainduko badira, haien gaineko jarduera fisikoak soilik behar-beharrezkoak direnean burutuko dira, edo, beren egoera txarra dela medio, haiek ulertarazteko eta gerora helarazteko ezinbestekoak direnean.

2. ATALA
ESKU-HARTZEAK. ZAINTZE PREBENTIBOA EDO BABESA.

27. artikulua.– Mantentze-plana.

1.– Dagokion foru-aldundiak abian jarri ahal izango du II. eranskinean zerrendatzen diren babestutako ondasun higigarriak mantentzeko plana, beren egoera ikuskatu eta kontrolatzeko. Honako jarduera hauek bilduko ditu:

a) Aldizkako azterketak burutuko dira herdoiltzeak garbitu, koipeztatu eta kontrolatzeko, izurriak kontrolatzeko eta ezkutuko zonaldeak garbitzeko.

b) Ingurune-baldintzak kontrolatuko dira (hezetasuna, tenperatura, argia, kutsagarri atmosferikoak).

c) Bionarriaduraren eragileen ugaritzeari aurre egiteko tratamenduak.

d) Barne egitura zaintzeko baldintzak aldian behin berraztertuko dira (engranajeak lotzeko sistemak, transmisio-mekanismoak eta sistema mekanikoak).

2.– II. eranskinean zerrendatzen diren babestutako ondasunen legezko jabe eta edukitzaileek haietan sartzeko baimena emango diete aldundiak izendatuko dituen teknikariei, mantentze-plana gauzatzeko aukera izan dezaten; gainera, plana ongi gauzatzeko eskatuko dieten informazio guztia emango diete.

28. artikulua.– Babestutako ondasun higigarriak garbitzeko jarduerak.

II. eranskinean zerrendatzen diren babestutako ondasun higigarriak garbitzeko aldian behin burutuko diren jardueretan, debekatuta dago haiek honda litzaketen prozedura erasotzaileak baliatzea, eta produktu kimiko korrosiboak ahalik eta gutxien erabiliko dira. Irensteko prozedurak erabiltzekotan, ondasun higigarria zaintzea bermatuko duten sistemak baliatuko dira.

3. ATALA
ZAINTZEKO ETA ZAHARBERRITZEKO ESKU-HARTZEAK.

29. artikulua.–Zuzeneko esku-hartzeen oinarrizko arauak.

1.– Ondasun higigarri batean egingo den zuzeneko esku-hartze orok honako printzipio hauek bete beharko ditu: jarduerak ikusteko eta antzemateko modukoak izatea, itzulgarriak izatea, bateragarriak izatea eta egonkortasuna edukitzea. Jarduera burutzeko baliatuko diren produktu, material eta prozesuek ez dute Kultur Ondasuna kaltetuko, ondoren han burutuko diren azterketa zein tratamenduak ez eragozteko moduan.

2.– Ezin izango da inola ere ondasun higigarrien materialik deuseztatu, jarduera hori haiek babesteko edo beren berezko balio historiko eta estetikoak gordetzeko ezinbestekoa izan ezean. Irizpide kontrajarriak azalduz gero, diziplinarteko batzordea osatuko da, erabakia hartzeko ahalmena izango duena.

3.– Burutuko diren jarduerak ongi dokumentatuko dira, eta, nolanahi ere, babestutako ondasun higigarriaren balioa degradatzen duten elementu bateraezin eta gehigarriak aurreikusi eta deuseztatuko dituzte. Elementu horiek esku hartzeko proiektu teknikoan zehaztuko dira, eta hori, hain zuzen, ondorengo artikuluan azaltzen den moduan landu beharko da.

30. artikulua.– Esku-hartzeko proiektu teknikoa.

1.– Zuzeneko esku-hartzeko jarduerak burutu aurretik, esku-hartzeko proiektu teknikoa landu behar da, diziplina anitzeko talde batek egin eta bermatuta. Zaintzaileek, zaharberritzaileek, historialariek eta ondasun higigarri horiei erasaten dieten patologien diagnostikoan eta tratamenduan adituek osatuko dute talde hori.

2.– Esku hartzeko proiektu teknikoak honako hauek bildu behar ditu:

a) Azterketa-diagnostikoa, honako hauek barne hartuko dituena:

– Makinen dokumentazio fotografiko eta planimetriko osoa.

– Makinaren ikerketa historiko eta teknikoa, makinaren historia materialaren azterketa eta azterketa historiko eta tekniko osoa barne, ondasun higigarriaren pieza guztien fitxa teknikoekin.

–Kontserbazio-egoeraren azterketa-diagnostikoa, ondasunaren patologiak eta narriaduraren sorburuak adierazita.

b) Esku-hartzea gauzatzeko proiektua, honako hauek bilduko dituena:

– Esku hartzeko proposamena, egin beharreko lanak, baliatuko diren material eta teknikak eta egin behar diren jardueren balorazio justifikatua barne.

– Jardueraren kronograma, proiektua gauzatzeko fase eta epeak deskribatuta.

– Ondasunaren mantentze eta zaintze prebentiborako beharrezkoak diren teknika eta baliabideak zehaztea.

31. artikulua.– Zuzeneko esku-hartzeak burutu aurretik, nahitaezkoa da dagokion foru-aldundiak horretarako baimena ematea.

Esku hartzeko zuzeneko jarduerak aurrera eramateko, beharrezkoa izango da dagokion foru-aldundiak baimena ematea, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 38.1. artikuluan ezarritakoaren arabera. Baimen hori aurreko artikuluan zehaztu diren azterketa-diagnostikoa eta esku hartzeko proiektu teknikoa balioetsi ondoren eman liteke.

32. artikulua.– Zaintzeko eta zaharberritzeko lanak gauzatzea.

1.– Jarduera-irizpidea ahalik eta gutxien esku hartzea izango da; hala, ondasunaren ezaugarriak ez dira aldatuko, eta kasu bakoitzerako irtenbideak bilatuko dira, gehiegizko tratamendua edo originala asmatu edo interpretatzeko arriskua saihestu ez ezik, lanaren historikotasuna eta mekanika errespetatuko dituztenak.

2.– II. eranskinean zerrendatzen diren babestutako ondasun higigarriak zaindu eta zaharberritzeko lanak gauzatzea betiere zaintzaile eta zaharberritzaile profesionalen ardurapean utziko da.

3.– Zaintzeko edozein tratamendu edo metodo ezarri baino lehenago, dagozkion proba prebentiboak burutuko dira, metodoa eraginkorra dela eta ondasunari kalterik egingo ez diola egiaztatzeko.

4.– Proba analitikoak egitean, proba horiek egiteko beharrezkoak diren laginketak baino ez dira egingo, ondasunen alderik ezkutuenetan egin ere.

5.– Ezarriko diren zaintzeko tratamendu edo metodoetan material egokiak baliatuko dira, ahalik eta itzulgarrienak, zaharberritzearen alorrean kalitate eta eraginkortasun frogatua dutenak eta ingeniaritza-lanaren osagarriei batere kalterik eragingo ez dietenak. Ildo horretan, ez da bereizi gabeko tratamendurik eta tratamendu masiborik egingo.

33. artikulua.– Ondasuna desmuntatzea.

Ondasun higigarriak zaindu eta zaharberritzeko lanak burutzeko haiek desmuntatzea beharrezkoa denean, esku hartzeko proiektu teknikoak desmuntatzeko proiektua hartuko du barne. Proiektuak hauek bilduko ditu: dokumentazio fotografikoa, planoak, siglak, oharrak eta sestra eta kota orokorrak, ondoren ondasuna berriz zuzen muntatzea bermatzeko. Proiektuak desmuntatzeko, gordetzeko eta birjartzeko epeak ere aurreikusiko ditu, baita sailkatutako ondasunaren osagarriak non eta zein egoeratan gordeko diren ere.

34. artikulua.– Jarduera-txostena.

1.– Behin esku-hartzea amaitzen denean, jardueraren txostena egingo da, esku-hartzearen prozesua jasota uzteko eta dokumentatzeko. Txostenak honako hauek bilduko ditu:

– Esku-hartzea nork burutu duten eta noiz burutu den.

– Ondasuna esku-hartzea baino lehen zein egoeratan zegoen deskribatzea, zein elementu ukitu diren adierazita.

– Baliatu den zaintzeko tratamendu edo metodoaren justifikazioa, erabilitako materialak zehaztuta.

– Esku-hartzea burutu ondoren ondasuna zein egoeratan dagoen balioestea. Balioespenean zehaztu egingo dira zuzen daitekeen lana mantentzeko arriskuak eta kontrako kondizioak, bai eta ondasunaren funtzionamenduaren zaintze prebentiborako beharrezkoak diren teknikak eta baliabideak ere.

2.– Esku hartzeko txosten hau dagokion foru-aldundiaren Kultur Zerbitzuei eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari igorriko zaie.

4. ATALA
ONDASUN HIGIGARRIAREN LEKUALDATZEA

35. artikulua.– Lekualdatzea noiz baimenduko den.

1.– Honako kasu hauetan baimenduko da II. eranskinean zerrendatzen diren babestutako ondasun higigarriak lekualdatzea:

a) Ondasun higigarrietan edo haiek kokatuta daudeneko eraikinean egin behar diren zaharberritzeko lanen ondorio diren beharrengatik. Behin zaharberritzeko lan horiek amaituta jatorrizko kokalekuan instalatuko dira.

b) Aldi baterako erakusketak antolatzeko, ondasunaren lekualdaketa osoa edo partziala eskatu ahal izango da, betiere zaintzeko, lekualdatzeko eta erakusteko neurri egokiak bermatzen badira, edonolako narriadura eragozteko.

2.– Nolanahi ere, ondasuna jatorrizko kokapenetik kanpo dagoen bitartean, gordelekuak ondasuna ongi zainduko dela bermatzen duten baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatuko da, dagokion foru-aldundian.

36. artikulua.– Lekualdatzeko eta birkokatzeko proiektua.

1.– Lekualdaketa baino lehen, lekualdatzeko eta birkokatzeko proiektua idatziko da, eta hori Euskal Kultura Ondarearen Zuzendaritzak onartu beharko du.

2.– Lekualdatzeko eta birkokatzeko proiektuak honako hauek zehaztu beharko ditu:

a) Lekualdaketa zein baldintzatan burutuko den, erabilitako garraiobideak eta babes-mekanismoak zehatz adierazita.

b) Zein tokitan kokatuko den aldi baterako. Ildo horretan, babes-erregimenaren arabera hark ondasuna zaintzea bermatzeko biltzen dituen baldintzak deskribatuko dira.


Azterketa dokumentala