Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

78. zk., 2002ko apirilaren 25a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Osasun Saila
2475

204/2002 EBAZPENA, martxoaren 22koa, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, ente publikoari atxikiak dauden zerbitzu sanitarioetako zentroek bilera zientifikoak egin ditzaten laguntzak emateko deialdia egiteko dena.

Prestakuntza eta ikerketa sanitarioaren arlo zabal eta anitzean beharrezkoa da informazioa eta ezagupen zientifikoak garatzea eta hobetzea, horretarako beharrezkotzat jotzen diren bilera zientifikoak antolatuz.

Osasun Sailak, Osasun Antolamendurako Zuzendaritzaren bidez, sanitarioen prestakuntza eta ikerkuntza sustatu behar du eta horretarako aurrekontuko diru-kopuru bat egokitu zaio transferitu dezan. Diru hori Osakidetzari atxikiak dauden zentroek Jardunaldiak eta Bilera Zientifikoak antola ditzaten erabiliko da, eta transferentziak arinagoak izan daitezen, Osakidetza eta Osasun Saila ente publikoari atxikiak dauden zentroei emango zaizkien laguntzak kudeatzen aritu dira.

Horregatik, helburu horri jarraituz, 2002. urterako

EBATZI DU:

Lehenengoa.– Osakidetzako zerbitzu sanitarioak antolatzeko dirulaguntzen deialdia egitea. Diru-laguntza horiek 2002. urtean osasunaren inguruko jarduera zientifikoaren zabalkunderako antolatzen diren bilera zientifikoak finantzatzeko erabiliko da.

Dirulaguntzak bilera zientifikotzat hartzen diren jarduera hauei emango zaizkie: biltzarrak, topaketak, jardunaldiak, iraupen txikiko ikastaroak, mintegiak eta Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren horren moduko jarduerak.

Bigarrena.– Laguntzen zenbatekoa 48.080.97 eurokoa izango da.

Zenbateko hori aldatu ahal izango da, eskatutako diru-laguntza guztien zenbateko osoa kontuan hartuta, eta Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren beste programa batzuetan agortu gabe gelditu diren diru-partiden arabera.

Hirugarrena.– Eskabideak 2002ko irailaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dira.

Laugarrena.– Eskabideak egiteko inprimaki arautuak ebazpen honen eranskin gisa agertzen dira eta bete ondoren Osakidetzako zuzendari nagusiari bidali beharko zaizkio helbide honetara: Araba kalea 45, PK: 01006, Vitoria-Gasteiz.

Bosgarrena.– Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Bilera edo ikastaroarekin bete nahi diren helburuak zehazten dituen memoria.

b) Bilera edo ikastaroa antolatu duen arduradunaren Curriculum Vitae.

c) Ikastaroaren edukia eta jarduera zientifikoak ahalik eta zehatzen deskribatzen dituen aurreprograma.

d) Ponente edo irakasle nagusien izena, beren jarduera zientifiko zein profesionalaren historioalarekin.

e) Sarrera eta irteeren aurrekontu zehatza. Aurrekontu horretatik kanpo geratuko dira gizarte jarduerei dagozkien gastuak.

f) Urte honetan helburu bera betetzeko eskatutako edo jasotako, dagoeneko jaso badira, bestelako finantza-bideen gaineko zinpeko aitorpena.

g) Bileraren jarduerak argitaratzeko edo zabaltzeko posibilitatea.

Ikastaro bat antolatzeko laguntza eskatuz gero, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dira.

– Ikasleak hautatzeko mekanismoak.

–Emango den diploma edo ziurtagiria, eman behar bada.

Seigarrena.– Dirulaguntzak horretarako izendatuko den Balorazio Batzordeak proposatuko ditu eta Osakidetzako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emango dira. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Zazpigarrena.– Laguntzak esleitzerakoan honako hauek hartuko dira kontuan:

a) Bere helburuetan bat etortzea Osasun saila eta Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren lehentasun arloekin, besteak beste, "Osasuna Zainduz, la Estrategia de Salud para Todos" programa, minbizia, HIESA, bihotz-hodietako gaixotasuna, helduentzako atentzioa, emakumearen osasuna, asistentziaren eta antolakuntzaren kalitatea hobetzea, eta, oro har osasunaren kudeaketarekin zerikusia dutenak (%45).

b) Egintzaren interes zientifikoa, ponenteen zein bertaratzen direnen nazioarteko izaera eta EAEko parte-hartzaileen kopurua eta ospea (%30).

c) Halaber, kontuan hartuko dira aurkeztutako eskabidearen edukiaren kalitatea, sarrera eta irteeren aurrekontua eta bestelako finantzabideen eskasia (%15).

d) Aurreko urtean ebazpen honetako 10. idatz-zatia bete izana (%10).

Zentro batek ebazpen honen bidez zehaztu diren baldintza guztiak betetzen baditu ere, ez du berez esleipenduna izateko eskubiderik.

Zortzigarrena.– Laguntza hauek bateragarriak dira bestelako laguntzekin. Hala ere, entitate guztien artean emandako diru-kopurua bilerarako behar dena baino altuagoa bada ebazpen honen bidez emandako zenbatekoa murriztuko da bilerak balio duenarekin parekatu arte.

Bederatzigarrena.– Esleitutako dirulaguntza transferentzia baten bidez dagokion zentroaren aurrekontuan sartuko da.

Hamargarrena.– Bilera amaitu eta lau hilabete pasa baino lehen dirulaguntza jaso duen zentroak Zuzendaritza Nagusiari honako hauek eman beharko dizkio (Prestakuntza Iraunkorreko Programa):

a) Diru-laguntzak jaso dituen bileraren gastu guztien balantze ekonomikoa.

b) Balantze zientifikoa izango duen bukaerako memoria. Horren barruan bileraren aktak eta ikastaroaren materiala egongo dira.

Hamaikagarrena.– Kreditu osoa 2002ko abenduaren 31 baino lehen erabiltzen ez bada galdu egingo da.

Hamabigarrena.– Dirulaguntza emateko baldintzen aldaketa.

Diru-laguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira laguntza hori emateko hartu den erabakia ere alda daiteke. Hori gertatzeko, laguntzaren helburua bete dela edo beste entitate publikok zein pribatuk laguntza eman duela ziurtatu behar da. Horrelako kasuetan Osakidetzaren zuzendaritzak kitapen ebazpena emango du eta ebazpen honen bidez emandako diru-laguntza egokituko da.

Hamahirugarrena.– Ez betetzeak.

Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak dioenaren arabera, laguntzaren onuradunak ebazpen honetan eskatutako baldintzak eta aurreikusitako helburuak ez baditu betetzen laguntza jasotzeko eskubidea galdu egingo du. Eta ordurako jasotzen hasi bada itzuli beharko du haren legezko interesekin, bestelako egintzetarako kalterik suposatu gabe.

Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.– Ebazpen honetan xedatzen ez den guztiari azaroaren 26ko 30/1992 Legeak dioena aplikatuko zaio, hau da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen edukia.

Bigarrena.– Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen, eta, urtarrilaren 23ko 4/1999 Legeak aldatutako azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta hurrengo atalek diotenari atxikiz, Osakidetza—Euskal Osasun Zerbitzuaren Administrazio Kontseilura zuzenduta gorako errekurtsoa jarri ahalko da (Araba kalea 45 zk., PK: 01006, Vitoria-Gasteiz); horretarako hilabeteko epea izango da EHAAn argitaratzen den egunetik kontatzen hasita. Interesatuek bidezko deritzoten edozein errekurtso aurkeztu ahal izango dute.

Hirugarrena.– Ebazpen honek indarra izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2002ko martxoaren 22a.

Euskal Osasun Zerbitzuaren zuzendari nagusia,

JOSU I. GARAY IBAÑEZ DE ELEJALDE.

I. ERANSKINA

BILEREN ANTOLAKETA (ikastaroak kanpo)

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA

IKASTAROAREN ANTOLAKETA

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala