Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

78. zk., 2002ko apirilaren 25a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
2467

EBAZPENA, 2002ko martxoaren 25ekoa, Hezkuntza sailburuordearena, Hizkuntz Normalkuntzako Proiektuetatik kanpora zein ikastetxe geratzen diren eta beraietan sartuta zein ikastetxek jarraitzen duten jakinaraziz.

1998ko maiatzaren 11n argitaratu zen EHAAn Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1998ko apirilaren 27ko Agindua, Hizkuntz Normalkuntzako Proiektua egin nahi duten ikastetxeentzako deialdia eginez.

Aipatutako deialdiaren oinarri nagusietako batek, 4.1.3 puntuak hain zuzen ere, honela dio: "Ikastetxea euskarazko jarduna indartzeko plan honetara bere gogoz eta bere baitarik bilduko da, bere baliabideak dezakeenetik abiatuz egin gogo duenera zuzenduz."

1998ko abuztuaren 3an argitara eman zen EHAAn Hezkuntza sailburuordearen 1998ko uztailaren 6ko ebazpena, Hizkuntz Normalkuntzako Proiektuen deialdia ebatziz.

1999ko uztailaren 23an argitara eman zen EHAAn Hezkuntza sailburuordearen 1999ko ekainaren 22ko ebazpena, berrikuspena eta eguneratzeak eginez.

2000ko abuztuaren 9an argitara eman zen EHAAn Hezkuntza sailburuordearen 2000ko uztailaren 4ko ebazpena, berrikuspena eta eguneratzeak eginez.

2001eko irailaren 4an argitara eman zen EHAAn Hezkuntza sailburuordearen 2001eko uztailaren 16ko ebazpena, berrikuspena eta eguneratzeak eginez.

2001eko uztailaren 16ko Ebazpenaren 4. atalak, bestalde, zioen 2001eko abenduaren 31rako ikastetxeek egindako HNPa aztertu ondoren eta irailetik abendura bitartean egindako lana kontuan harturik, Hezkuntza Sailak orduko onarpena berrikusi ahal izango zuela.

Azterketa eta berrikuspen lan hori egiteko batzordea 2002ko urtarrilaren 25ean bildu da. Berrikuspen horren ondorio gisa agertu da planera "bere gogoz eta bere baitarik" bildu ziren ikastetxeetako bik, arrazoi desberdinak direla medio, oraingoz horretan ez jarraitzeko gogoa edo ezina azaldu dutela. Horrezaz gain baieztatu da gainerako ikastetxeek "bere baliabideak dezaketenetik abiatuz egin gogo dutenera zuzenduz" burutzen ari direla Hizkuntz Normalkuntzako Proiektua. Eskola bakoitzak bere neurriko proiektua egin du eta berak erabaki du zein zen neurri hori. Horretarako, bertako kideen adostasun giroa bultzatu da, aurrerantzean ere egiten jarraitu beharko den bezalaxe.

Ondorioz, eta Batzordearen proposamenari jarraiki, Ebazpen honetan zehazten da zein ikastetxe geratu diren Hizkuntz Normalkuntzako Proiektuetatik kanpora eta zein ikastetxek jarraitzen duten barnean. Horren haritik, hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Ondoan agertzen diren ikastetxeak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1997ko maiatzaren 8ko Aginduz (1997ko maiatzaren 16ko EHAA) argitara eman zen deialdira aurkeztu ziren eta Hezkuntza sailburuordearen 1997ko uztailaren 22ko Ebazpenaren bidez (1997ko abuztuaren 20ko EHAA) onartuak izan ziren. Oraingo ebazpen honen bidez Hizkuntz Normalkuntzako Proiektuetatik kanpora geratzen dira:

Idiazabalgo Aita Iparragirre herri ikastetxea

Bilbaoko San Fco. Javier-San Ignacio herri ikastetxea

2. artikulua.– Hezkuntza sailburuordearen 2001eko uztailaren 16ko Ebazpenean onartutako gainerako ikastetxeek Hizkuntz Normalkuntzako Proiektuetan jarraitzen dute.

3. artikulua.– 2001-2002 ikasturtean ikastetxeko prestakuntza-proiektu gisa "Hizkuntz Normalkuntza"-ren arlora aurkeztu eta 2001eko abenduaren 10eko Ebazpenaren bidez ( 2002ko urtarrilaren 14ko EHAAn) onartuak izan diren ikastetxeei, Hizkuntz Normalkuntzako proiektuen barruan beste guztiekin batera aritzeko onespena egiten zaie. Ikastetxe hauek besteekin batera arituko dira aurrerantzean Hizkuntz Normalkuntzako prestakuntza-saioetan, mintegietan e.a. Ikasturte honen amaiera arte ondoko ikastetxeok egindako ibilbidea berariaz aztertuko du Ebazpen eta Jarraipen Batzordeak eta, bere oniritzia jasoz gero, hurrengo ikasturtean normaltasun osoz jarraitzeko aukera eskainiko zaie. Hauek dira ikastetxe horiek:

Araiako Araia herri ikastetxea

Aiarako Etxaurren Ikastola herri ikastetxea

Gasteizko Olabide ikastola

Kanpezuko Campezo institutua

Bilbaoko Unamuno institutua

Portugaleteko Ballonti institutua

Barakaldoko Cruces institutua

Barakaldoko Juan Ramon Jimenez herri ikastetxea

Barakaldoko Munoa herri ikastetxea

Abadiñoko Abadiño institutua

Durangoko Durango institutua

Durangoko Landako herri ikastetxea

Gernikako Sta. Lucia herri ikastetxea

Urnietako Egape Ikastola herri ikastetxea

4. artikulua.– Hizkuntz Normalkuntzako Proiektuetan jarraitzen duten ikastetxeek honako gomendiook gogoan izanik egitea komeni da aurrerabidea:

– Gauzatu eta praktikara eraman nahi duten proiektua, kasuan kasuko ikastetxearen neurri eta egoerarako egokia den moduan aplikatzea.

– Proiektuak gauzatzeko garaian ustekabekoak sortuko balira, guneko Hizkuntz Normalkuntzako Teknikariaren aholku-gomendioak aintzat hartzea.

– Ikasturte amaieran bete beharko den galdekizunean azaldu, aztertu eta balioztatu ahal izango dira ustekabeko horiek, eta dagozkien irtenbide egokienak emango.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.– Errekurtso arrunta jar daiteke administrazio-bidea amaitzen ez duen Ebazpen honen aurka, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aurrean, berau EHAAn argitaratzen denetik hasi eta hilabeteko epean.

Bigarrena.– Ebazpen hau EHAAn argitaratzen denetik aurrera izango da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2002ko martxoaren 25a.

Hezkuntza sailburuordea,

NEKANE AGIRRE ARREGI.


Azterketa dokumentala