Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

75. zk., 2002ko apirilaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
2374

EBAZPENA, 2002ko martxoaren 26koa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, Aiarako (Araba) Ureta Dorretxea Monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera eman, jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Aiarako (Araba) Lantenoko auzoan den Ureta Dorretxeak daukan kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkezturiko Ebazpen Proposamenari jarraituz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehena.– Aiarako (Araba) Lantenoko auzoan den Ureta Dorretxea Monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera ematea, I. Eranskineko mugaketarekin eta II. Eranskineko deskripzioarekin bat etorriz.

Bigarrena.– Espedientea jendaurrean jartzea, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta 20 eguneko epean alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84. eta 86. artikuluetan oinarrituz. Aipaturiko espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

Hirugarrena.– Ebazpen hau interesdunei, Aiarako Udalari, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari jakinaraztea, jakinarazpena egin eta 15 eguneko epean alegatu eta egokitzat jotzen dituzten agiriak eta frogagiriak aurkeztu ahal izateko.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Araba Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak Ebazpen horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2002ko martxoaren 26a.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea,

IMANOL AGOTE ALBERRO.

I. ERANSKINA
MUGAK
Mugaketaren eremua.

Mugaketak, batetik, eraikina bera eta, bestetik, inguratzen duen lorategia ere jasotzen ditu.

Hona hemen, eremuaren mugak: ipar-ekialdetik, handik igarotzen den errepidea, bera barne; hego-ekialdetik, 20 metrora dagoen eta fatxadeekiko paraleloa den lerroa, eta ipar-mendebaldetik, erreka.

Mugaketaren arrazoiak.

Mugaketa hau Uretako dorretxearen inguruneak dituen ingurumen, edertasun eta ikusmen balioak zaintzeko beharragatik proposatu da. Dentsitate txikia duen baserri-ingurunean dago eta, azken urteotan eraikin berririk egin ez delako, aldatu gabe jarraitzen du. Inguruaren mugaketa beharrezkoa da ondasunari babesa eta balio jakin bat emateko; inguruaren mugaketa horrek, era berean, dorretxearen ondoko lursailen babesa eskatzen du, aldameneko eremurik gabe ezingo bailitzateke ulertu dorretxearen zergatia eta historia.

Horregatik, mugaketa honek dorretxearen eraikina ez ezik inguratzen duen lursaila ere bereganatzen du.

FOTOLITO
II. ERANSKINA
AZALPENA

Dorretxe eta bizitegi hau XV. mende bukaerakoa eta XVI. mendearen hasierakoa da. Oin karratuko eraikina da eta alde bakoitzak hamaika metro neurtzen ditu. Hiru solairu ditu: behekoa, lehena eta lau uretara dagoen estalkipea. Sarrera nagusia ipar-ekialdeari begira, errepide ondoan dago, eta lehen solairuaren parean zubi bati esker herriko errepidea eta dorrearen arteko lubakia zeharka daiteke. Harrizko eraikina da, ertzetan harlanduak ditu eta fatxada nagusian portada bikoitza du.

Ipar-ekialdeko fatxada ezaguna da bi solairuetako bakoitzean sarrerako ate bat duelako. Goiko atea da eraikinaren sarrera eta fatxada erdia hartzen du lehen solairuaren parean. Beheko solairuan, aldiz, ikuiluen sarbide den antzeko beste ate bat dago. Aipatutako portada biak erdi-puntuko arku banatan bukatzen dira, eta arkuaren inguruan eta atezangoan koska eta moldura arineko harlandu handiko dobelak dituzte. Goiko atea iltze-buruzko ilaradun eta txandakatutako esfera erdidun alfiz molduratuaren bidez koadroan sartuta dago, Sarrera hauen hutsarteak zabalak dira, goikoak 2,75 x 1,60 metro ditu eta behekoak 2,55 x 1,60 metro. Beheko solairuan, errepidetik lubakira eta beheko atera doan sarbidea zaintzeko, metro bat baino gehiagoko altuera duten bi gezileiho daude, eta lehen solairuan atearen alde banatan 0,70 metrokoak diren bi leiho ia karratuak daude. Leihoak harlandu handiko markotan daude eta azpian, beheko eta lehen solairuaren artean sei ukondo lerrokatuta daude, lau eskubialdean eta bi ezkerraldean. Estalkiaren teilatu-hegala sarrerako ate gainetik hurbil hasten da, eta horregatik, fatxadak altuera txikia erakusten du. Beheko solairuan, eskubi aldeko albo baten solairuaren eranskina dago, eta gezileiho baten zatia estaltzen du.

Ipar-mendebaldeko fatxada errekari begira dagoelako da azpimarragarria, alde horretatik nabarmenagoa baita; beheko solairuan bi gezileiho bakarrik daude eta bat ia estalita; lehen solairuan, aldiz, fatxada nagusikoen antzerakoak diren bi leiho eta garrantzirik gabeko beste bi berri daude. Estalkia begiratuz gero, eraikina itsusitzen duten hiru tximinia daude.

Hego-ekialdeko lehen solairuaren goiko ertzean lerrokatuta dauden lau hutsarte izan ezik, ia hormatal guztiak ez dauka hutsarterik. Alde horretako berezitasunik nabarmenena fatxadak azaltzen duen harrizko eranskina, solairu batekoa da, beheko solairu guztian zehar ur batera dagoen estalki eta guzti. Hego-mendebaldeko edo atzekoa den fatxadak beheko solairuan eskubiko ertzaren ondoan piska bat kakotutako ateburudun atea dauka; ezkerraldean bi gezleiho ditu; lehen solairuan hormatalaren erdian fatxada nagusiko antzerakoa den leihoa du eta bere eskubian eraiki berria den hutsartea. Lehen solairuaren parean egindako porlanezko terraza batek eta honen oinarrian egindako zementu-bloke itxiturak, gezileiho bat estaltzen duenak, fatxada narriatuta utzi dute.

Barrualdeari dagokionez, dorrea egurrezko lau habetzanen bidez zehaztatuta dagoen erdiko lauki batez egituratua dago, eta horiek osatzen dute eremu nagusia. Estalkipean egurrezko txabeta eta larakodun zutoinen egitura ikusten da, ganbararen eremu irekia da; lehen solairuan egitura estalita dago eta etxebizitzaren erdiaren inguruan korridore batek gelekin elkartzen du, dorrearen bizitegia da eta berezko leihoek, alde banatan, barruan landutako harrizko bi eserleku dituzte. Beheko solairuan, egitura nagusiaren zati bat eserlekuen gainean ezarritako bi zutoinen bidez egina dago eta beste bi zutoinak harrizko horma batek ordezkatzen ditu, eta era berean, hormak egonlekua bi zatitan banatzen du, ikuilua da, eta gezileihoen lagungarri izateko hormen txaranbeldu handia ikusten da.


Azterketa dokumentala