Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

75. zk., 2002ko apirilaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
2371

AGINDUA, 2002ko apirilaren 11koa, Kultura sailburuarena, arte eszenikoetan profesionalak prestatzeko egitarau eta jarduerei dirulaguntzak emateko erregimena arautzen duen Agindua egokitzen duena 2002ko ekitaldian aplikatu ahal izan dadin.

Euskadiko Aurrekontuen Erregimenari buruzko legezko xedapenen Testu Bategina onartzen duen irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuaren IX. Tituluan ezarritakoaren babesean, abenduaren 26ko 367/2001 Dekretua eman zen. Otsailaren 26ko 52/2002 Dekretuz zati batetan aldatutako 367/2001 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen pentzutan emandako laguntzak eta dirulaguntzak arautzeko zenbait xedapenen indarraldia luzatzeko bidea ematen du; horri jarraituz, Jaurlaritzak eta gainerako sailek zein erakunde autonomoek behar diren epeak, betekizunak eta baldintzak molda ditzakete aipatutako Agindua 2002ko ekitaldian aplikatzeko.

2000ko ekitaldian, Kultura sailburuak 2000ko ekainaren 28ko Agindua eman zuen, arte eszenikoetan profesionalak prestatzeko egitarau eta jardueretako dirulaguntzen erregimena arautzen zuena, hain zuzen ere. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 124. zenbakian argitaratu zen, 2000ko ekainaren 29an. Honako honen bidez, Agindu hori 2002ko ekitaldian aplikatu ahal izateko behar diren epeen eta baldintzen egokitzapenak egingo dira.

Horiek horrela,

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Eskabideen aurkezpenerako epeak.

Arte eszenikoetan profesionalak prestatzeko egitarau eta jardueretara zuzendutako laguntzak arautzen dituen 2000ko ekainaren 28ko Aginduaren babesean, 2002ko ekitaldian eginiko dirulaguntza-eskariak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, honako Agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

2. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko Agiriak.

Honako Agindu honen araberako laguntzen eskatzaileek, 2000ko ekainaren 28ko Aginduko Eranskinetatik dagokion eredua erabiliz betetako eskabidea eta bertan eskatutako gainontzeko agiriak bidali beharko dituzte, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sortu eta Zabaltzeko Zuzendaritzara, honako helbide honetara: Donostia kalea, 1 (01010 Vitoria-Gasteiz), zuzenean emanda edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako beste edozein bidetik.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Agindu honen bidez ezarritako dirulaguntzetarako, ehun eta berrogeita hamar mila berrehun eta berrogeita hamairu euro (150.253 euro) zuzenduko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-atalaren kontura, dirulaguntza modalitate bakoitzera honako kopuruak zuzenduko direlarik:

– Arte eszenikoetako profesionalen prestakuntza integrala lortzera zuzendutako ikastaroak antolatzeko: ehun eta zortzi mila ehun eta larogeita bi euro (108.182 euro).

– Arte eszenikoetako profesionalen prestakuntzarekin lotutako arlo zehatzetako prestakuntza jarduerak antolatzeko: berrogeita bi mila eta hirurogeita hamaika euro (42.071 euro).

Artikulu honetan jaso den guztirako zenbatekoa aldatu egin ahal izango da honako hiru faktore hauek kontuan hartuta: eskatutako dirulaguntzen guztirako zenbatekoa, Kultura Sailean laguntzak emateko beste egitasmo batzuk bideratu ondoren aurrekontuan ahitu gabe geratutako dirua eta dirulaguntzak ebatzi gabe egotea. Adierazitako aldaketaren berri Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen ebazpen bidez eman beharko da.

4. artikulua.– Datak eta epeak egokitzea.

Deialdi honi dagokionez, 2000ko ekainaren 28ko Aginduan 2000ko jarduerari eta 1999-2000 ikasturteari egiten zaizkien erreferentziak, hurrenez hurren, 2002ko jarduerari eta 2000-2001 ikasturteari egiten zaizkiela ulertuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.– Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka interesdunak aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaioke Kultura sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezake Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietako Salan bi hilabeteko epean, honako Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Bigarrena.– Honako Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2002ko apirilaren 11.

Kultura sailburua,

MIREN AZKARATE VILLAR.


Azterketa dokumentala