Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

75. zk., 2002ko apirilaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
2363

AGINDUA, 2002ko martxoaren 20koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, 2002-2003 ikasturtean Eibarko Hezkuntza-Esparruko Egoitza-Zentroan, barnetegi-erregimenean, tokia izateko deia egiten duena.

Herritar guztiek dute hezkuntzarako eta irakaskuntza askatasunerako eskubidea, eta hezkuntzara berdintasun egoeran sartzeko dauden muga eta desorekak berdintzeko diren neurriak jartzea aginte publikoaren egitekoa da.

Eibarko Hezkuntza-Esparruak dituen ezaugarri bereziak direla eta, oso eskaintza egokia egin daiteke, batez ere beren ohiko bizilekua dagoen herritik kanpoan mota bateko ikasketak egiten dituen ikasleentzat.

Horregatik, urteko deialdi baten bidez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak barnetegi-erregimenean egoteko tokiak eskaintzen dizkie interesdunei.

Aipatutako tokiak eskatu ditzaten izangaiek bete behar izango dituzten baldintzak arautzeko, honako hau

XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
DEIALDIAREN XEDEA

1. artikulua.– Eibarko Hezkuntza-Esparruko Egoitza-Zentroan, barnetegi- erregimenean, tokia izateko deialdia egitea da Agindu honen xedea.

2. artikulua.– Ikastetxeen zuzendariak finkatuko du egoitzan zenbat toki dauden betetzeko eta nola banatu behar diren mailaka eta kurtsoka. Ondoren, hautaketa eta tokien esleipenerako batzordeari emango dio horren berri.

3. artikulua.– Izangaiak aukeratzeko prozesua hurrengo artikuluetan xedatutakoari lotuko zaio.

II. KAPITULUA
BALDINTZA OROKORRAK ETA IKASKETA-
BALDINTZAK

4. artikulua.– 1.– Plazak lehenengo aplikatuko zaie eskakizun hauek betetzen dituzten eskatzaileei:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean familiaren helbidea izatea. Baldintza hau eskaria aurkezterakoan egiaztatu beharko da, dagokion udalak emandako erroldatze-egiaztagiriaren bidez.

Ez dute baldintza hau bete beharrik 2001-2002 ikasturtean deialdi honetako Egoitza-Zentroan tokia izan zutenek, ezta, Eibarko Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate-Eskolan 2002/2003 ikasturterako onartuta dauden Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikasleek ere.

b) Ikasi nahi dituen ikasketak emango dituen fondo publikoekin ordaindutako ikastetxerik ez izatea, ez bere ohiko bizilekua dagoen herrian, ezta garraiobideak direla medio erraz joan-etorri daitekeen herri hurbilen batean ere. Eskakizun hau betetzea ez da beharrezkoa izango, ikaslearen egoera familiar, sozial edo ekonomikoa apartekoa baldin bada eta dagozkion zerbitzuek horrela egiaztatzen dutenean.

c) Ikasketak egiten egon edo 2002-2003 ikasturtean egiteko onartua izan zonaldearen ondorengo ikastetxe batean:

– Eibarko Ingeniaritza Tekniko Industrialeko Unibertsitate-Eskolan

– I.E.S. "Uni Eibar-Ermua" B.H.I.

–Eibarko "Armeria-Eskola" G.B.L.H.I.n

– I.E.S. "Elgoibar" B.H.I..

– Elgoibarko Makina-Erreminta Institutuan.

2.– Arestian aipatutako baldintzak bete beharrik ez dute izango ekainaren 13ko 107/2000 Dekretuak, Terrorismoaren biktimak laguntzeko programa arautzen duenak, 7.5. artikuluan aurreikusitako egoeretan dauden pertsonek.

5. artikulua.– 1.– Aurreko artikuluan adierazitako eskakizunak betetzen dituzten eskatzaileei plazen esleipena egin eta gero, lanpostu hutsik geratzen bada, eskakizun hauek betetzen ez dituzten eskatzaileei adjudikatu ahal izango zaizkie plaza horiek, artikulu honen hurrengo bi puntuetan dauden irizpideekin bat etorriz.

2.– Egoitza tokiak eslei dakizkieke lankidetza bekak dituzten ikerketa lanak edo enpresa batean edo inguruko ikertze zentroan karrera bukatzeko proiektuak egiten dituztenei, Eibarko Hizkuntza Eskola Ofizialeko irakurleei eta deskribatutako antzeko egoeretan dauden pertsonei.

3.– Halaber, egoitza plazak adjudika dakizkieke zonaldeko ikastetxe batean ikasketak egiten dituzten ikasleei, nahiz eta 4. artikuluan ezarritako betekizunen bat ez bete, baina, beti ere objetiboki balora daitezkeen bestelako arrazoi partikularrak daudenean egoitza plaza ematea aholkatzen dutenak.

III. KAPITULUA
ESKARIAK AURKEZTEA ETA IZAPIDETZEA

6. artikulua.– 1.– Eskariak egiteko Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan edo deialdi honetako Egoitza-Zentroan banatuko diren orriak erabili beharko dira. Orri horietan eskari-egileek aurkeztu eta bete behar dituzten agiriak eta datuak datoz zehaztuta.

2.– Eskari-orriak behar bezala beteta Eibarko Hezkuntza-Esparruko Egoitza-Zentroan aurkeztuko dira edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako edozein bulegotan.

3.– Ikasleek azaldutako arrazoiak agiri bidez egiaztatu beharko dituzte eskari-orriak aurkezterakoan.

4.– Eskabideak jaso ditzaten funtzionarioek orrietako alderdi guztiak behar bezala beteta daudela ikusi beharko dute eta gerta daitezen hutsak konpontzeko edo agindutako agiriak aurkezteko eskatuko diete interesdunei hamar eguneko epean.

7. artikulua.– Egoitzako tokiak eskatzeko bi txanda izango dira:

– Lehenengo txanda ekainaren 10ean hasi eta uztailaren 19an bukatuko da, egun biak barnean hartuta.

– Bigarren txanda irailaren 9tik urriaren 11a artekoa izango da, biok barnean hartuta.

IV. KAPITULUA
HAUTAKETA-ORGANOA

8. artikulua.– Hautaketa-batzorde bat izango da balioespena eta egoitzako tokiak esleitzeko proposamena egiteko eta gerta litezkeen hutsuneak beteko dituzten ordezkoak aukeratzeko. Hona partaideak:

– Eibarko Hezkuntza-Esparruko gerentea. Horrek Kudeaketa, Administrazio eta Zerbitzuetako buruari eman ahal izango dio eskuordetza eta Batzorde honen lehendakaria izango da.

– Ikastetxeen Zuzendaritzako Batxilergoen zerbitzuburua.

– Eibarko Hezkuntza-Esparruko Egoitza-Zentroko zuzendaria.

– Eibarko Hezkuntza-Esparruko Egoitza-Zentroko idazkaria; Batzordeko idazkari izango da eta hizpidea izango du baina ez botorik.

V. KAPITULUA
EGOITZAKO PLAZAK BERRIZTATZEKO,
AUKERAKETA EGITEKO ETA ESLEITZEKO
PROZEDURA

9. artikulua.– 2001-02 ikasturtean deialdi honetako Egoitza-Zentroan plaza izan zuten ikasleei berez berriztatuko zaie plaza, betiere 4. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen baldin badituzte. Gainerako plazak esleitzeko, jarraian datozen artikuluek xedatutakoari jarraiki jardungo da.

10. artikulua.– Hautaketa egiteko eta plazak esleitzeko batzordea bilduko da eskabideak aurkezteko lehenengo epea bukatu eta gero eta agindu honen 4.3. artikuluan adierazitako ikastetxeek ezarritako epeetan ikasleak onartzeko fasea erabakitzen dutenean. Batzordeak 7. artikuluan ezarritako lehenengo epean eskabidea aurkeztu duten eta Agindu honen 4. artikuluan adierazitako betekizunak betetzen dituzten ikasleen eskabideak baloratu beharko dituzte. Balorazioa honako artikuluan ezarritako irizpideei jarraiki egingo da.

11. artikulua.– 1.– Aurkeztutako eskaerak baloratzeko aintzat hartuko da eskegileek eskolatzeko duten zailtasun maila eta aparteko problematika izandako kasuak.

2.– Eskolatzeko zailtasunak dituzten izangaien kopurua baino txikiagoa bada tokiena, ikaslearen egoera sozioekonomikoa kontuan hartuko da, egoera hau behar bezala egiztatuta izan behar duelarik. Horretarako, ikasketetarako bekak emateko deialdi orokorrean ezarritako familiaren errenta garbia kalkulatzeko metodoa erabiliko du Batzordeak.

12. artikulua.– 1.– Aurreko artikuluan bildutako arauak beteaz eskabideak balioetsi ondoren, Batzordeak plazak esleitzeko bidezko ikusten duen lehenengo proposamena egingo du eta, egoki izanez gero, hutsik gera litezkeen plazak betetzeko ordezkoak izendatuko ditu.

2.– Horrez gain izangaiei beraiek egindako eskabideari buruz hartutako erabakiaren berri emango zaie. Eskabideari ezetza ematen bazaio, arrazoietan oinarritua izan beharko da eta legez erreklamazioak aurkezteko dituzten bideen berri emango zaie ikasleei.

13. artikulua.– Hautaketa egiteko eta plazak esleitzeko Batzordea urriaren bigarren hamabostaldian berriro bilduko da, egoki izanez gero egoitzako plazak esleitzeko proposamen berria egiteko; 7. artikuluan ezarritako bigarren epean eskabidea aurkeztu duten eta Agindu honen 4. artikuluan adierazitako betekizunak betetzen dituzten ikasleen eskabideak baloratu beharko dira.

Bigarren fase honetan ere Agindu honen 11. eta 12. artikuluetan balorazioa egiteko adierazitako irizpideak eta prozedura erabiliko dira.

14. artikulua.– 1.– Baloratzeko eta hautatzeko bigarren fasea amaitutakoan, Batzordeak egoitzako plazak esleitzeko behin betiko proposamena eta, egoki izanez gero ordezkoen zerrenda ere, Ikastetxeen Zuzendariari igorriko diote.

2.– Bestalde, Agindu honen 4. artikuluan adierazitako betekizunak betetzen dituzten eskatzaileei plazen esleipena behin egin eta gero, plaza hutsik geratuko balitz, Hautaketa Batzordeak Ikastetxeen zuzendariari Agindu honen 5. artikuluaren 2. eta 3. puntuetan ikusitako suposamenduetan sartuta dauden eskatzaileak onartzeko proposamena egin diezaioke.

15. artikulua.– Deialdi hau ebaztea Ikastetxeen zuzendariari dagokio.

16. artikulua.– Azaroaren 15a baino lehenago emango zaio ebazpena deialdi honi eta interesdunei jakinarazi. Ebazpen adierazirik ematen ez bada aipatutako epe horren barruan, eskaria ezetsita izan dela ulertuko da.

VI. KAPITULUA
EGOITZA-ZENTRORA BERTARATZEA

17. artikulua.– Egoitza-Zentroak bertaratzeko egunak esleituko dizkie ikasleei, beren ikasketak egiten dituzten ikastetxeko eskola egutegiaren arabera. Ikasleek, esleitutako egunetan bertaratzen ez badira, egoitzako tokia betetzeko eskubidea galduko dute, behar bezala justifikatutako halabeharrezko arrazoirik ez badute behintzat.

18. artikulua.– Baten batek huts eginez gero, ordezkoei deituko zaie, zerrendaren hurrenkera gordez, hutsunea betetzeko.

19. artikulua.– Egoitzako tokia lortu duten ikasleek Egoitza-Zentroko barruko arauak bete beharko dituzte.

VII. KAPITULUA
DIRU EKARPENA

20. artikulua.– 1.– Egoitza-tokia duten ikasleek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak prestatzen dituen zerbitzuen prezio publikoak finkatzen dituen Aginduan zehaztutako egoitzaren prezio publikoaren zenbatekoa ordaindu beharko dute.

2.– Betebehar hori ez dute bete beharko ekainaren 13ko 107/2000 Dekretuak, Terrorismoaren biktimak laguntzeko programa arautzen duenak, 7.5. artikuluan aurreikusitako egoeretan dauden pertsonek.

3.– Dagokion zenbatekoaren ordainketa gehienez hiru zatitan banatuko da, hiruhilabeteko bakoitzaren hasieran ordainduko delarik.

VIII. KAPITULUA
ERREKLAMAZIOAK ETA IKUSKARITZA

21. artikulua.– Deialdi honetako ebazpenaren aurka, interesdunek gorako errekurtsoa aurkeztu diezaiokete Hezkuntza sailburuordeari. Ebazpena jakinarazten zaien egunaren biharamunetik hasita, hilabeteko epea izango dute horretarako.

22. artikulua.– Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak beretzat gordetzen du eskari-egileek egiazko datuak azaldu ote dituzten aztertzeko eta agindu honetan araututakoa betearazteko ahalmena.

IX. KAPITULUA
DEIALDI HONETAN EZ DAUDEN EGOILIARRAK ONARTZEA

23. artikulua.– Behin deialdia ebatziz gero, plaza hutsik geratuko balitz, Egoitza-Zentroko zuzendariak baimena eman ahal izango du eskatzen duten pertsonak, Agindu honen 4. artikuluan edo 5. artikuluko 2 eta 3 puntuetan ezarritako baldintzak betetzen baldin badituzte, eskaera egiten dutenetik ikasturtea amaitu arte egoitzan onartzeko. Egoitza-Zentroko zuzendariak sarrera berri horiek berehala jakinaraziko dizkio Ikastetxeen zuzendariari.

24. artikulua.– 1.– Horrez gain, ikasturteko edozein momentutan, Egoitza-Zentroko zuzendariak denboraldi baterako aldizkako egoiliarrik onartzeko baimena eman ahal izango du, betiere plaza hutsik geratzen baldin bada, eta plaza horiek aprobetxatzea eta ikasle egoiliarretaz arduratzea, jarduera biak, bateragarriak direnean.

2.– Adierazitako baimen horiek egoitzako tokiak eta jangela erabiltzea eskatzen duten hezkuntza, gizarte edo kirol alorretako pertsona edo erakundeei, edo antzerako agenteei emango zaizkie, erabileraren xedea erakunde horien ekitaldi edo programak egitea izanik. Baimenak ematerakoan, hezkuntzako ekitaldi edo programak egiteko xedez eskatzen duten pertsona edo erakundeek lehentasuna izango dute, hala nola eskola bidaiariak, eskolen arteko trukaketak, Europa mailako programak, etab. egiteko eskatzen dutenek.

3.– Aldizkako egoiliarrak onartzea baimentzeko ez da beharrezkoa izango horiek Agindu honen 4. artikuluan edo 5. artikuluko 2 eta 3 puntuetan ezarritako baldintzak betetzea.

4.– Egoitza-Zentroko zuzendariak egoitzan onartutako aldizkako egoiliarren zerrenda eta zenbat denborarako onartu diren Ikastetxeen zuzendariari jakinaraziko dio. Jakinarazpen hori gutxienez urtean behin, eta Ikastetxeen zuzendariak eskatzen duen guztietan egingo da.

5.– Egoitzan bizi ez diren pertsona edo erakundeek Egoitza-Zentroko lokal eta gelak une zehatzetan erabiltzeko, oro har Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpean diharduten unibertsitatez kanpoko ikastetxe guztietarako xedatutakoa bete beharko da. Horretarako, Hezkuntzako Gipuzkoako Lurralde ordezkariari baimena eskatu beharko zaio.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Egoitzan tokia izandako ikasleek ez dute alojamendu eta jantoki zerbitzuen eskubiderik izango ez asteburutan ezta jaiegunetan ere. Hala eta guztiz ere, Hezkuntza-Esparruko Gerentziari eta Egoitza-Zentroko Zuzendaritzari baimena ematen zaio, aipatutako egunetan ikasle egoiliarrek alojamendu eta jantoki zerbitzuak erabiltzeari buruzko baldintzak emateko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek hartzen ez duen guztirako, azaroaren 26ko 30/1992 Legera (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua) joko da.

Bigarrena.– Hezkuntza sailburuordeari ahalmena ematen zaio Agindu hau aplikatu, interpretatu eta garatzeko behar diren xedapenak egiteko.

Hirugarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango du indarra agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2002ko martxoaren 20a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

ANJELES IZTUETA AZKUE.


Azterketa dokumentala