Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

62. zk., 2002ko apirilaren 3a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
1936

AGINDUA, 2002ko martxoaren 8koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, martxoaren 12ko 50/1996 Dekretuan xedatutako entitate aholku-emaileak homologatzeko aurtengo epea ezartzen duena (50/1996 Dekretuak tokian tokiko Enplegu eta Prestakuntza Egitaraua arautzen du luzaroan langabezian daudenentzat).

Otsailaren 3ko 13/1998 Dekretuak Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren diru-laguntzak arautzen dituen zenbait dekretu aldatu zuen, besteak beste martxoaren 12ko 50/1996 Dekretua, zeinak tokian tokiko Enplegu eta Prestakuntza Egitaraua arautzen baitu luzaro langabezian daudenentzat. Izan ere, 50/1996 Dekretuko 2.2 a) artikuluak dioenez, enpleguari buruzko informazioa, orientazioa eta motibazioa eskaintzeko, enplegua bilatzeko teknikak irakasteko eta laneratzen laguntzeko, entitate aholku-emaile homologaturen baten aholkularitza teknikoa jaso beharko dute erakunde onuradunek.

Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari buruzko aipamenak Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari buruzko aipamentzat hartu behar dira, lehendakariaren irailaren 17ko 19/2001 Dekretuak ezarritakoari jarraiki (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen dekretua aldatzen du dekretu horrek).

Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 1996ko martxoaren 13ko agindu baten bitartez, entitate aholku-emaileak homologatzeko bidea arautu zen, eta, era berean, entitate horiek homologatzeko bete behar dituzten betekizunak eta baldintzak ezarri ziren.

1996ko martxoaren 13ko Aginduaren 5.2 artikuluan ezarrita dagoenez, Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak urtero jakinaraziko du homologatzeko eskabideak aurkezteko epea; beraz, gaitasun hori erabiliz eta publizitate printzipioa betez, hau

EBATZI DUT:

1.– artikulua.– Xedea.

Entitate aholku-emaileak homologatzeko eskabideak aurkezteko 2002ko epea ezartzea da agindu honen xedea (Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 1996ko martxoaren 13ko Aginduaren 5.2 artikuluan aurreikusi zen epe hori).

2.– artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

2002ko ekitaldiko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da agindu hau indarrean jartzen denetik.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek administrazio-bidea amaitzen duenez, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari hilabeteko epean edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Hori guztia, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 116. eta 117. artikuluetan eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1 a) eta 46.1. artikuluetan ezarritakoa betez.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2002ko martxoaren 8a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala