Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

62. zk., 2002ko apirilaren 3a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
1935

AGINDUA, 2002ko martxoaren 6koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, Aia, Getaria eta Zestoako Bake Epaitegien Idazkaritzen Elkartea onartzeko dena.

Indarrean dagoen legediak Euskal Autonomia Erkidegoari eskumena ematen dio bake epaitegien idazkaritzen elkarteak sustatzeko eta onartzeko, Mugaketa eta Ezarpen Judizialari buruzko abenduaren 28ko 38/1988 Legearen 50. artikuluan agindutakoarekin bat etorriz.

Bake epaitegiek langile gutxi dituzte, eta, gainera, langileok ez dute behar den moduko prestakuntzarik. Arazo hori konpontzeko legezko baliabiderik egokiena idazkaritzen elkarteak dira. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak elkarte horien sortzea bultzatu du, eta, horretarako, Justizi Administrazioaren zerbitzura funtzionarioak atxikitzeko eta plantilak finkatzeko ahalmenak erabili ditu, beharrezko gertatu den kasuetan.

Ondoren, Bake Epaitegietako Justiziari buruzko abenduaren 22ko 411/1998 Dekretuak (1999ko urtarrilaren 20ko EHAA, 13. zka.) erantzuna eman zion Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak bake epaitegietako justiziaren egoerari eskaintzen dion arreta berezi eta gero eta handiagoari. Ildo horretatik, egoera hori hobetzeko, prozedura uniformea ezarri zen interesatuei kasuan kasu aplika daitekeen arautegia jakinarazteko.

Aia, Getaria eta Zestoako udalek idazkaritzen elkartea, udalerri horiek osatua, eratzeko eskaera egin diote sail honi; eskabidearekin batera, elkarte horren egokitasuna bermatzen duten agiriak aurkeztu dituzte.

Horiek horrela, aipatutako legezko manuak eta aplikatzekoak diren gainerakoak ikusita, hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Aia, Getaria eta Zestoako Bake Epaitegien Idazkaritzen Elkartea onartzea. Epaitegi horiek Azpeitiko Barruti Judizialekoak dira. Elkartearen egoitza Zestoan egongo da.

2. artikulua.– Elkartearen Idazkaritza ibiltaria izango da. Bestalde, elkartea osatzen duten bake epaitegiak nork bere udalerrian izango du egoitza.

3. artikulua.– Justiziako ofizial batek, zeinak idazkari lanak egingo baititu, eta agente judizial batek osatuko dute idazkaritzen elkarteko zerbitzuak beteko dituen plantilla.

4. artikulua.– 1.– Eskabidearekin batera egindako proposamenaren bitartez, udal horiek ebatzitako barne-antolamendu eta funtzionamendurako jardunbideari lotu beharko zaio elkartea. Bake epaitegi bakoitzerako, presentzia-sistema hau jartzen da, behin-behingoz, elkarteko langileentzat:

– Aia: asteartean.

– Getaria: astelehen eta ostegunetan.

– Zestoa: asteazken eta ostiraletan.

2.– Elkarte hau jardunean hasi eta hiru hilabete igarota, bertako idazkariak behin betiko lan-plangintza edo hasieran proposatutakoaren berrespena aurkeztuko dio Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritzari. Bertan honako hauek jasoko dira: epaitegi bakoitzak izango dituen lan-egunen, lan-orduen eta jendearentzako harrera-orduen programazioa eta langileek hilero egingo dituzten joan-etorrien aurreikuspena. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak onartu beharko du plangintza hori.

3.– Jardunbide horretan edozelako aldeketarik egiteko, zuzendaritza horri jakinarazi behar zaio, Justizia Sailburuordetzak onar dezan.

5. artikulua.– Justizia Sailburuordetzaren ebazpen baten bitartez hasiko da jardunean Idazkaritzen Elkartea, beti ere, aurrekontu-baliabideen arabera plazak arauz bete ondoren.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honetan agindutakoa burutzeko beharrezko diren neurriak eta jarraibideak hartzeko ahalmena ematen zaio Justizia sailburuordeari.

Bigarrena.– Agindu honek administrazio bidea agortzen du; beraz, horren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiari, Euskal Herriko Agintaritzaren dizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasi eta hilabete biko epearen barruan.

Vitoria-Gasteiz, 2002ko martxoaren 6a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala