Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

62. zk., 2002ko apirilaren 3a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Jaurlaritzaren Lehendakariordetza
1915

6/2002 EBAZPENA, martxoaren 20koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako hitzarmenak, beherago zehaztuak, argitara daitezela xedatzeko dena.

Eusko Jaurlaritzak zenbait hitzarmen sinatu ditu, eta argitara eman daitezen, honako hau

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ondoko hitzarmen hauek argitara ematea:

– Lankidetza-hitzarmena, Valladolideko unibertsitatearekin sinatutakoa, «eredu estokastikoen garapen, balidazio eta aplikazioa, janariaren bidez irentsitako sustantzia kimikoen eta nutrienteen giza-esposizioa ebaluatzerakoan» izeneko ikerketa-proiektuaren esparruan. (I. eranskina).

– Hitzarmena, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen eta Urduñako Udalaren artekoa, hizkuntza-prestakuntza eta normalizazioaren arloan izenpetzekoa. (II. eranskina).

– Donostia-San Sebastiango udalarekin sinatutako lankidetza hitzarmena, Donostia-San Sebastian udalerriko Iza, Loiolako Urbazterrak, Auditz-Akular, Morlans, Marrutxipi, Antondegi, Zubieta-Hegoa eta Molinao izeneko eremuetan babes ofizialeko etxebizitzak / etxebizitza sozialak sustatzeari buruzkoa. Etxebizitzok babespeko alokairuan edo azalera-eskubidepean emango dira. (III. eranskina).

Vitoria-Gasteiz, 2002ko martxoaren 20a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko

Harremanetarako zuzendaria,

JOSÉ LUIS ERREKATXO LABANDIBAR.

I. ERANSKINA

LANKIDETZA-HITZARMENA, VALLADOLIDEKO UNIBERTSITATEAREKIN SINATUTAKOA, «EREDU ESTOKASTIKOEN GARAPEN, BALIDAZIO ETA APLIKAZIOA, JANARIAREN BIDEZ IRENTSITAKO SUSTANTZIA KIMIKOEN ETA NUTRIENTEEN
GIZA-ESPOSIZIOA EBALUATZERAKOAN»
IZENEKO IKERKETA-PROIEKTUAREN ESPARRUAN.

Vitoria-Gasteiz, 2002ko urtarrilaren 23a.

BILDU DIRA

Batetik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun sailburuorde jauna. Kargu horretarako izendapena azaroaren 6ko 277/2001 Dekretuan agertzen da, 2001eko azaroaren 15eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, 221 Zk.koan.

Bestetik, Manuel García Teijeiro jauna, Valladolideko Unibertsitateko errektoreordea. Unibertsitatearen izenean eta ordezkapenean dihardu, bai eta Valladolideko Unibertsitateko errektorearen ordez ere, 2001eko maiatzaren 21eko ebazpenari jarraituz, zeinaren bidez Valladolideko Unibertsitateko errektoreak bere eskumenak delegatzen baititu, eta Unibertsitateko Estatutuek ematen dizkion atribuzioen arabera. Alderdi biek ondoko hau

AZALTZEN DUTE

1.– Osasun Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzak laguntza bat jaso duela, Europako Batzordeak emanda, ikerketa-proiektu batean parte har dezan, Europako beste herri batzuetako erakundeekin batera (Kontratu Zk.a: QLK1-CT-1999-00155).

2.– Aipatutako proiektuaren izena hauxe da: «eredu estokastikoen garapen, balidazio eta aplikazioa, janariaren bidez irentsitako sustantzia kimikoen eta nutrienteen giza-esposizioa ebaluatzerakoan», hemendik aurrera «Montecarlo Proiektua».

Ikerketa-lan hori Irlandako «Trinity Collegue»ko Elikadura Estudioetako Institutuak koordinatzen duela, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila ez ezik ondoko hauek ere partaideak direla, kontratatzaile gisa, Europako Batzordearekin batera: Irlandako «Trinity Collegue»ko Matematikako Eskola, Holandako RIKILT eta TNO, Italiako INRAN eta Erresuma Batuko Southampton-eko Unibertsitatea.

3.– Montecarlo Proiektuaren helburu nagusiak hauexek direla:

3.1.– Ekuazio matematiko batzuk garatzea, eredu estokastiko bat egiteko behar diren osagai guztiak sartzeko edo kontuan edukitzeko, eta ordenagailurako software egokia garatzeko. Eredu estokastiko hori zenbait sustantzia kimikoren ingestari buruzkoa da.

3.2.– Estudio multizentriko bat egitea, dauden datuak erabiliz, sustantzia kimikoen ingestei buruzko eredu estokastikoaren osagaiak ikertzeko eta eredu horien alde matematiko eta estatistikoekin erlazionatzeko.

3.3.– Janari-ingestei buruz dauden datu-baseak eredu estokastikoaren balidaziorako behar diren datuekin betetzea, sustantzia kimiko zehatz batzuen kasuan, zeren eredua korapilotsuegia izan bailiteke sustantzia kimiko horietarako.

3.4.– Batetik, sustantzia-sorta zabal baterako garatutako eredu estokastikoa balidatzea (sustantzia horiek janari-aditiboak, nutrienteak eta pestizidak dira) datu-base desberdinetatik datozen datuekin, aurretiko datu-baseetatik datozen ingesta errealekin, janari-anoak bikoizteari buruzko estudioetatik datozen ingesta errealekin eta biomarkadoreekin; eta bestetik, balidatutako ereduen sentsore-azterketa egitea.

3.5.– Gida praktiko batzuk lortzea, sustantzia kimikoen ingestei buruzko eredu estokastikoa egoki erabiltzeko, eta gidez hornitzea, eredu estokastikoaren bidez lortutako emaitzak egoki interpretatzeko.

3.6.– Janarien bidez irentsitako sustantzia kimikoen esposizioaren ebaluazioan inplikatuta dauden agintari nazionalei eta erakunde zientifikoei ondorioak ematea.

4.– Osasun Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritza parte hartzen ari dela plagiziden esposizioa ebaluatzeko arloan. Proiektua hasi zenetik, 2000ko otsailetik, goiko 3.1tik 3.3ra bitarteko ataletan lan egin da, eta gaur egun hurrengo ataletan ari da.

5.– Europako Batzordeak finantzatutako proiektuan Estatistika Batzorde Aholkulari baten laguntza edukitzeko konpromiso tekniko eta aurrekontuzkoa kontenplatzen dela, parte hartzen dutenen aldetiko estatistika-teknikoek osatzen dutela.

6.– Valladolideko Unibertsitateko Estatistika eta Ikerketa Eraginkorreko Sailak:

– baduela pertsonalik bai inferentzia estatistikoko oinarrizko ikerketan ari dena baita ere testuinguru desberdinei aplikatutako eta entitate desberdinek finantzatutako metodo estatistikoak garatzeko diren zenbait proiektutan aktiboki parte hartzen duena. Hona hiru adibide: bat, landarediaren NDVI izeneko jarduera-indizearen teledetekzioaren bidezko estimazioa; bi, eskualde demografikoen sailkapena, ebaluazio demografikoaren irizpideen araberakoa; eta hiru, drogazale aktiboei buruzko egoera soziosanitarioaren analisia.

– eta baduela behar besteko gaitasuneko pertsonalik Montecarlo Proiektuan parte hartzetik erator litezkeen estatistika-arazoei buruz, hitzarmen honetan ezartzen den arabera.

7.– Beraz, bildutakoak ados jarri dira eurentzat guztientzat interesa duten gaietan lankidetzan hasteko, kontuan izanda ondoko

KLAUSULAK:

Lehenengoa.– Hitzarmenaren helburua.

Hitzarmen honen helburua da, izan, Osasun Sailaren eta Valladolideko Unibertsitatearen artean lankidetza-marko bat eratzea, Montecarlo Proiektua burutzeko eta laguntza emateko estatistika-arloan.

Bigarrena.– Elkarrekin egiteko programak.

Osasun Sailak eta Valladolideko Unibertsitateak parte hartuko duten proiektuaren puntuak hauexek dira:

.– Aztertzea nola sustantzia kimikoaren sarrera-datuen formatua desberdina izateak baldintzatu ditzakeen lortutako emaitzak, garatutako ereduen aplikazioan.

.– Janarien bidez plagizidak irensteko proposatutako ereduen balidazioa aztertzea.

.– Gida gisako eskuliburuak garatzea, janarien bidez gertatzen den plagizida-esposizioa estimatzerakoan garatutako ereduak erabiltzeko.

.– Balidazio-estudioak eta sentsibilitate-analisiak deskribatzen dituzten artikuluak prestatzea, eta artikulu horiek aurkeztea zientzia-aldizkari nabarmenen batean argitaratu ahal izateko.

Azkeneko txostena egitea. Txosten hori argitaratu daiteke edo bera bakarrik edo proiektu honetako beste zati batzuekin batera. Dena dela, egin den lan guztia zehatuko da txostenean.

Hirugarrena.– Hitzarmenaren edukia.

Lankidetza honen esparru barruan:

1.– Montecarlo proiektua garatzeko behar diren azpiegituraren eta baliabideen horniduraz Osasun Saila arduratuko da.

2.– Valladolideko Unibertsitateko Estatistika eta Ikerketa Eraginkorreko Sailak, dagokion aldetik eta aipatutako proiektua garatzeko, beka baterako deialdia egingo du eta estatistikan goi mailako tituludun espezialista batentzat izango da. Era berean, lehiaketaren ebazpen positiboa egin ondoren, bekadunaren lanaren tutoretza bere kargu hartuko du, Cristina Rueda Sabater arduraduna izanik. Cristina Valladolideko Unibertsitateko Estatistika eta Ikerketa Eraginkorreko Saileko unibertsitate-irakasle titularra da. Bekarako deialdia «Becas de colaboración para titulados financiadas con cargo a proyectos de investigación en la Universidad de Valladolid» delakoari buruzko unibertsitate-araudiaren arabera egingo da, zeina Gobernuko Batzordeak onartu baitzuen 1995eko ekainaren 22an.

3.– Bekadunak bigarren klausulako alde tekniko-estatistikoak garatuko ditu eta proiektu horri baino ez dio ekingo. Saileko irakasleak 20 ordu hilean emango dizkio tutoretzari. Lan horietako aldia 2002ko martxoan hasi eta 2003ko otsailean amaituko da, bi hileak barne.

4.– Osasun Sailak 23.186,- euro emango dizkio Valladolideko Unibertsitateari bekari atxikitako kostuak betetzeko. Diru-kopuru horretan sartuta daude bekadunak, kontzeptu bategatik edo besteagatik -baina bere prestakuntza-jarduera garatzeagatik- izango dituen gastu guztiak. Diru-kopurutik sobratuko den dirua Estatistika eta Ikerketa Eraginkorreko Sailaren ardurapean gelditzen da.

5.– Emanaldiak hiru fasetan egingo dira: %45a (10.434 euro) hitzarmena sinatzen denean, %40a (9.274 euro) lankidetza hasi eta sei hilabetera eta gainerako %15a (3.478 euro) azkeneko txostena entregatzerakoan, 2003ko martxoan. Azken bi faseetan beharrezkoa da ordainketa egin baino lehen hitzarmenaren Batzordeak ontzat ematea. Aipatutako aportazioak Valladolideko Unibertsitateak diru-sarrera biltzeko duen kontu mugatuan sartuko dira; kontua hauxe da: 21040175701100000039.

Laugarrena.– Baldintza orokorrak.

1.– Hitzarmen hau moldatuko da bai Europar Batasunak 5gn. Programa Markoko ikerketa-proiektuetan lankidetzan aritzeko arautzen dituen baldintza orokorretara eta bai proiektu konkretu honetarako Europar Batzordeak ezarritako baldintza espezifikoetara.

2.– Era berean, hitzarmen honetako alderdien arteko erlazioa -alderdi bakoitzari dagokion neurrian, eta Montecarlo Proiektuko entitateen akordioen barruan- Europar Batzordearekin sinatuko diren konpromisoetara moldatuko da.

Bosgarrena.– Jarraipena.

Batzorde bat sortzen da hitzarmen honen jarraipenerako. Batzordeko kideak hauexek dira:

Osasun Saileko proiektuaren arduraduna, Luis González de Galdeano Jn. Eta

Valladolideko Unibertsitateko Estatistika eta Ikerketa Eraginkorreko Saileko zuzendaria, José Antonio Menéndez Jn.

edo beraiek ordezkatzen dituzten pertsonak. Batzordea hiru hilabetetik hiru hilabetera bilduko da.

Seigarrena.– Hitzarmenaren iraupena.

Programa hau sinatzen den egunean hasiko da indarrean eta indarrean jarraituko du 2003ko martxoaren 31era arte, alderdietako batek kontrakorik esaten ez badu.

Zazpigarrena.– Araudi aplikagarria.

Programa hau administratiboa da eta bere arauemaileak hauexek dira: programan bertan dauden klausulak, aplika dakizkion arau bereziak eta ekainaren 16ko 2/2000 legegintzako Errege-dekretua, zeinak onartzen baitu Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen testu bategina, gerta daitezkeen zalantzak eta hutsuneak ebazteko egina.

Eta ados daudela agertzeko, hitzarmen hau bi alderdiek sinatzen dute, ale bikoiztuz eta goian adierazitako egun eta lekuan.

Osasun sailburuordea,

RAFAEL CERDÁN ARANDIA.

Valladolideko Unibertsitateko Ikerketako 		errektoreordea,

MANUEL GARCÍA TEIJEIRO.

II. ERANSKINA
HITZARMENA, HERRI ARDURALARITZAREN
EUSKAL ERAKUNDEAREN ETA URDUÑAKO UDALAREN ARTEKOA, HIZKUNTZA-PRESTAKUNTZA ETA NORMALIZAZIOAREN ARLOAN
IZENPETZEKOA.

Hitzarmena, Urduñako Udalaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen artekoa.

BILDUTAKOAK

Alde batetik, Jon Koldobika Urrutia Mingo jauna, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendari eta ordezkari gisa.

Bestetik, Koldo Xabier Egiluz Isusi jauna/andrea, Urduñako udalburu-lehendakari eta ordezkari gisa.

ADIERAZI DUTE

I.– 10/1982 Legeak (Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizko Legeak( aitortzen du herritar orok eskubidea duela euskara nahiz gaztelania erabiltzeko herri-administrazioarekiko harremanetan, eta, ondorioz, administrazioari agintzen dio eskubide hori gauza dezan.

II.– 6/1989 Legeak (Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legeak), hizkuntza-normalizazioari buruzko tituluan, bere baitan biltzen ditu 10/82 Legean ezarritako printzipio eta tresnak. Legeak, halaber, hizkuntza-eskakizunaren figura sortzen du; horrela, aurrerantzean, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetako lanpostuak hornitzeko prozesuetan eta, oro har, hautaketa-prozesuetan, irizpide objektiboak izango dira euskara-maila baloratzeko.

III.– Urtarrilaren 9ko 1/1996 Dekretuak (Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura organikoa zehazten duenak( bere 12.1 artikuluan ezartzen duenez, erakunde honi dagokio, Euskalduntze Zerbitzuaren bitartez, Euskadiko herri-administrazioetan diharduten langileen hizkuntza-prestakuntza bultzatu, programatu eta ebaluatzea, hain zuzen ere, uztailaren 6ko 6/1989 Legeak (Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legeak( eta lege hori garatzeko araudiak ezarritako moduan. Helburua da, beraz, euskal administrazio horietan euskararen erabilera normaltzea, beti ere, herri-administrazioekin lankidetzan eta Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiak (gaur egun Hizkuntza Politikarako Sailordetzak) euskararen normalizazioa lortzeko egindako planekin bat.

IV.– Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duenak( testu bakar batean biltzen ditu euskararen administrazio-erabilerari buruzko hainbat xedapen, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko plangintza-prozesuaren antolamenduari buruz Eusko Jaurlaritzak zenbait dekretutan emandako xedapenak; eta biltzeaz gain, erregularizatu, argitu eta harmonizatu ere egiten ditu. Legeak, era berean, aipatutako prozesuko bigarren plangintzaldia bideratuko duten oinarriak finkatzen ditu.

V.– Urduñako Udalak hizkuntza-normalizazioko plana onartuta dauka, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duenak( dioenarekin bat.

VI.– Hori guztia ikusita, Urduñako Udalak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen lankidetza eskatzen du indarrean dauden xedapenen arabera bete behar dituen hizkuntza-helburuak lortzeko.

Horregatik guztiagatik, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta Urduñako Udalak erabaki dute lankidetzan aritzea azken erakunde honen hizkuntza-normalizazioko lanetan. Horretarako, HITZARMEN hau adostu dute, ondoko printzipioak eta jarduteko ildoak abiapuntu dituela.

HITZARMENAREN HELBURUA

Lehenengoa.– Hitzarmen honen bidez finkatu nahi da zein nolako harreman juridikoa izango duten Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta Urduñako Udalak beren artean Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 1998ko ekainaren 9ko Aginduan ezarritakoari dagokionez. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen udal-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

Bigarrena.– Aurreko hitzarkinak aipatzen duen harreman juridikoak honako jardute-esparruak izango ditu:

– Euskara-ikastaroak antolatzea: euskalduntze/alfabetatzeko eta 4. hizkuntza-eskakizuneko hizkuntza-prestakuntzako ikastaroak.

– Dirulaguntzak: euskara-ikastaroetara doazen langileak ordezkatzeko.

– Terminologia juridiko-administratiboa.

– Euskarazko administrazio-materiala prestatu eta erabiltzea.

EUSKALDUNTZE/ALFABETATZEKO ETA 4. HIZKUNTZA-ESKAKIZUNEKO HIZKUNTZA-PRESTAKUNTZAKO IKASTAROAK

Hirugarrena.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Urduñako Udalaren esku jartzen ditu Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 1998ko ekainaren 9ko Aginduko I. Kapituluan jasotako hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuak. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen toki-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

Laugarrena.– HAEEko zuzendariaren 1992ko urriaren 5eko Erabakiko lankidetza-hitzarmenen indarrez ezarritako ordu-kredituak, aurrerantzean ere, baliozkoak izango dira, eta zenbatzeko modua orain arteko berbera izango da.

Bosgarrena.– Urduñako Udalak hitz ematen du hitzarmen honetako euskara-ikastaroetara doazen bere langileei oso-osorik ordainduko dizkiela dagokien lanpostuko lansariak.

Seigarrena.– Urduñako Udalak hitz ematen du, halaber, bidea erraztuko diela hitzarmen honetako euskara-ikastaroetan onartu diren bere langileei ikastaroetara joan daitezen. Eta, horretarako, behar diren egokitzapenak edo murrizketak egingo ditu langile horien lan-ordutegian.

Zazpigarrena.– Urduñako Udalak, hitzarmen hau izenpetzearen ondorioz, onartu egiten ditu Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 1998ko ekainaren 9ko Aginduko hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuak jaso ahal izateko baldintzak. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen toki-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

EUSKARA-IKASTAROETARA DOAZEN
LANGILEAK ORDEZKATZEKO
DIRULAGUNTZAK
(UDAL-ADMINISTRAZIOETARAKO BAINO EZ)

Zortzigarrena.– 1.– Udal-administrazioetako langileak euskara-ikastaroetara joatea errazagoa izan dadin, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak dirulaguntzak emango ditu ikastaroetara doazen langileak ordezkatzeko, baldin eta ordezkapen horiek beharrezkoak badira.

2.– Dirulaguntza horiek emateko, bete beharrekoa izango da Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 1998ko ekainaren 9ko Aginduko II. Kapituluan ezarritakoa. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen toki-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

TERMINOLOGIA JURIDIKO-ADMINISTRATIBOA

Bederatzigarrena.– Administrazio-hizkera finkatzeko eskumena HAEEri dagokiola-eta, erakunde honek, aldian-aldian, hitzarmen hau izenpetzen duten herri-erakundeei termino juridiko-administratiboen zerrendak bidaliko dizkie, hain zuzen ere, Administrazio Hiztegiaren egitasmoan adosten eta onartzen diren terminoen eta unitate lexikoen zerrendak.

Urduñako Udalak, berez edo HAEEk eskatuta, eguneroko lanetan gehien erabiltzen diren administrazio-agirietako terminoak eta unitate lexikoak eskuratuko dizkio.

Urduñako Udalak, bere administrazio-idazkietan, HAEEk Administrazio Hiztegian onartzen duen terminologia juridiko-administratiboa erabiliko du.

EUSKARAZKO ADMINISTRAZIO-MATERIALAK PRESTATU ETA ERABILTZEA

Hamargarrena.– Urduñako Udalak, HAEErekin elkarlanean, behar diren maiztasun-azterketak egingo ditu bere agirietan, eta, horrela, zehaztuko dira zein diren herri-erakunde horrek gehien erabiltzen dituen administrazio-agiri eta espedienteak. Ekimen horren bidez jakingo da zein idazki diren herritarren eta Urduñako Udalaren arteko harremanetan lehentasuna dutenak euskara aldetik egokitzeko.

Urduñako Udalak administrazio-agirien egokitzapenean antzematen dituen behar orokor eta zehatzak jakinarazi ahal izango dizkio HAEEri; horrelakoetan, bada, hizkuntza aldetik egokitzeko hautatu diren administrazio-agiri zehatzak eskuratuko dizkio. HAEEk, berriz, administrazio-idazki horien ereduak prestatuko ditu, eta Urduñako Udalari bidaliko aztertu eta balora ditzaten.

Aurreko lerroaldean aipatutako bidez, edo HAEEk bere kabuz, prestatzen diren administrazio-idazkien behin betiko proposamen guztiak igorriko zaizkie lankidetza-hitzarmen hau izenpetzen duten administrazio guztiei.

HITZARKIN OROKORRAK

Hamaikagarrena.– 1.– Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duenak( Azken Xedapenetatik Lehenengoan ezartzen duenez, banan-banako prestakuntza-planen bat ezarrita duten langileen ordu-kreditua egokitu beharko da, eta egokitu ere Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 1998ko ekainaren 9ko Aginduko I. eranskinaren arabera.

2.– Egokitzapen hori kalkulatzeko, kontuan hartuko da langilearen hasierako mailaren eta lortu beharreko hizkuntza-eskakizunaren arteko aldea. Langilearen hasierako maila mailaketa-probaren bidez zehaztu ahal izango da.

3.– Ordu-kredituaren luzamendutzat ezarritako ordu-kopurua baliozkoa izango da langilea ordezkatzeko dirulaguntza zehazteko, eta hori edozein dela ere ezarritako banan-banako prestakuntza-plana.

4.– Banan-banako prestakuntza-plana ezarrita duten langileak ordezkatzeko dirulaguntzak emateko, kontuan hartuko da, ezinbestez, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 1998ko ekainaren 9ko Aginduko II. Kapituluan ezarritakoa; agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen toki-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak. Beraz, horrelako kasuetan, langilea ordezkatzeko dirulaguntzak emateko, ezinbestekoa izango da luzatutako ordu-kredituaren balantzea positiboa izatea.

5.– Banan-banako prestakuntza-planaren ezaugarriak direla-eta, baldin eta HAEEk hileko asistentzia-datuak (dirulaguntzak emateko ezinbestekoak direnak( ezagutzerik ez badu, eta banan-banako prestakuntza-planaren ebaluazio edo aprobetxamendu-datuak eskuratzerik ez badu, erakunde publiko onuradunak ikaslearen bertaratzea egiaztatu beharko du. Horretarako, organo eskudunak dagokion ziurtagiria egin beharko du eta aldian-aldian HAEEra bidali; horrekin batera, prestakuntza-planaren ebaluazioa eta aprobetxamendua igorri beharko ditu.

Hamabigarrena.– Hitzarmen hau izenpetzen denetik aurrera, beronek izango du indarra. HAEEko zuzendariaren 1992ko urriaren 5eko Erabakiaren bidez argitaratutako hitzarmen-eredua, berriz, indargabetu egingo da.

Hamahirugarrena.– Hitzarmen honek urtebeteko iraupena izango du. Era berean, urtebeteka luzatuko da berez, baldin eta alderdietako batek ere amaitutzat jotzeko asmoa berariaz adierazten ez badu.

Hamalaugarrena.– Izenpetzen duen edozein alderdik, bere kontura, amaitutzat jo ahal izango du hitzarmen hau; horrelakoetan, nolanahi ere, bermatu egin beharko da hasitako jarduerak bukatuko direla. Erabaki hori idatziz jakinarazten denetik hiru hilabetera, Hitzarmenak indarra galduko du.

Eta alderdi biak ados daudela adierazteko, Hitzarmen hau izenpetu dute Gasteizen, 2002ko otsailaren 8an.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen izenean,

JON KOLDOBIKA URRUTIA MINGO.

Urduñako Udalaren izenean,

KOLDO XABIER EGILUZ ISUSI.

III. ERANSKINA
DONOSTIA-SAN SEBASTIANGO UDALAREKIN
SINATUTAKO LANKIDETZA HITZARMENA,
DONOSTIA-SAN SEBASTIAN UDALERRIKO IZA, LOIOLAKO URBAZTERRAK, AUDITZ-AKULAR, MORLANS, MARRUTXIPI, ANTONDEGI,
ZUBIETA-HEGOA ETA MOLINAO IZENEKO EREMUETAN BABES OFIZIALEKO ETXEBIZITZAK / ETXEBIZITZA SOZIALAK SUSTATZEARI BURUZKOA. ETXEBIZITZOK BABESPEKO ALOKAIRUAN EDO AZALERA-ESKUBIDEPEAN EMANGO DIRA.

Gasteizen, 2002ko urtarrilaren 22an.

BILDUTA

Alde batetik, Javier Madrazo Lavín Jaun Txit Gorena, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

Eta Bestetik, Odón Elorza Gonzalez Jauna, Donostia-San Sebastiango alkate-udalburua.

BERTARATU DIRA

Lehena, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua den aldetik eta Jaurlaritzaren legezko ordezkari gisa, ahalmen hori eman baitzitzaion 2001eko abenduaren 26an Jaurlaritzaren Kontseiluak egindako bilkuran.

Eta bigarrena, Donostia-San Sebastiango alkate-udalburua dena eta udalaren izenean, ahalmen hori eman baitzitzaion 2001eko maiatzaren 30eko osoko bilkuran.

Bi hitzarmenkideek elkarri aitortu diote Lankidetza Hitzarmen hau izenpetzeko legezko gaitasun nahikoa, eta horretarako honakoak adierazi dituzte:

ADIERAZITAKOAK

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuaren 10.31 atalak zera zehazten du: Euskal Autonomia Erkidegoa da soilik lurraldearen eta itsas ertzaren antolaketa, hirigintza eta etxebizitzaren arloetan aginpideduna.

Ildo honetatik, 2001-2005 legealdirako Eusko Jaurlaritza eratzeko izenpetutako Koalizio Akordioak egitarauen helburuen artean hauxe ohartematen du: babestutako etxebizitzaren eskaintza areagotzea, batez ere alokatuta lagatzeko etxebizitza sozialena.

Hori bermatzeko, ezinbestekoa da Administrazioak arduratsu jardutea eta lurzorua modu eraginkorrez kontrolatzea. Horrekin batera, Administrazioak kemenez ekin behar dio lurzorua eskuratzeari eta kudeatzeari. Horregatik, herri-aginteek, kasu honetan Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eta Donostia-San Sebastiango Udalak legitimitatea daukate eta, nolabait, behartuta daude batera jarduteko, beharrezkoak diren babes ofizialeko etxebizitzak egin ahal izateko baldintzak sortzeko eta etxebizitzetarako lurzoru-ondare publiko egokia lortzeko, espekulazioa baztertuz.

Bigarrena.– Era berean, bi herri-erakunde hauek elkarrekin eta batera burutu behar duten eginkizuna baieztatzeko eta sendesteko, aurreko atalean aipatutako alderdiei dagokienez, autonomia-erkidegoak, alde batetik, eta toki-erakundeek, bestetik, elkarren arteko harremanetan beste administrazioek beren egitekoak eraginkortasunez betetzeko behar dituzten lankidetza eta laguntza eman beharko diete, nork bere esparruan.

Hirugarrena.– Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eta Donostia-San Sebastiango Udalak egokitzat jo dute babespeko etxebizitzen programa finkatzea udalerri horretarako, hitzarmenkide bakoitzak izango duen jarduera arautzeko jarraibide orokorrak jasoko dituena, babespeko etxebizitzen eskaintza bermatu eta handitu dadin.

Horretarako, Donostia-San Sebastiango Udalak sailaren esku jarriko du babespeko etxebizitzen sustapena burutzeko beharrezkoa den lurzorua. Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak, ostera, kasuan kasuko eraikinak eraikitzea hartuko du bere gain.

Babespeko etxebizitzen programa hau honako eremu eta jarduerei dagokie:

A) Loiolako Urbazterrak: 60 etxebizitza sozial babespean alokatzeko eta babes ofizialeko 83 etxebizitza azalera-eskubidepean.

B) Auditz-Akular: 100 etxebizitza sozial babespean alokatzeko, babes ofizialeko 150 etxebizitza babespean alokatzeko eta babes ofizialeko 250 etxebizitza azalera-eskubidepean.

C) Morlans: 50 etxebizitza sozial babespean alokatzeko, babes ofizialeko 100 etxebizitza babespean alokatzeko eta babes ofizialeko 100 etxebizitza azalera-eskubidepean.

Laugarrena.– Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak, etxebizitzaren arloan dituen aginpideak erabiliz, babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko lurzorua behar du, etxebizitzen beharrizan egiaztatua duten udalerrietan, hauen artean Donostia-San Sebastianen, errenta-ahalmen txikia izanik etxebizitzaren merkatu librera jotzerik ez duten familiei begira.

Bosgarrena.– Euskadiren Ondareari buruzko uztailaren 27ko 14/1983 Legearen 41. artikuluak zera agintzen du: ondare higiezinak eskuratzeko jardunbidea lehiaketa publikoa da, baina artikulu bereko 3. zenbakian, ostera, zuzeneko kontratazioa ere ahalbidetzen da, Jaurlaritzaren Kontseiluak baimena eman ondoren, kasu honetan bezalaxe, erosteko premia eta eraikuntza-merkatuan eskaintza urriak daudenean.

Euskadiren Ondareari buruzko uztailaren 27ko 14/1983 Legearen 63. artikuluak ezartzen du ondasun higiezinak doan eskuratzeko Jaurlaritzaren Kontseiluaren onarpena behar dela, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak eta interesatuta dagoen saileko sailburuak batera proposatuta.

Seigarrena.– Proposatutako eragiketa honako jarduera hauek hitzartzean datza: udalarenak diren eta babespean alokatzeko etxebizitza sozialak sustatzera zuzenduko diren lursailak doan eskuratzea eta udalarenak diren eta babespean alokatzeko babes ofizialeko etxebizitzak sustatzera zuzenduko diren lursailak doan eskuratzea, lursail hauei lotutako urbanizazio-kostuak bere gain hartuz, eta orobat, babes ofizialeko etxebizitzak azalera-eskubidepean sustatzera zuzendutako lursailak salerosketa bidez eskuratzea, lursail hauei lotutako urbanizazio-kostuak bere gain hartuz. Eskualdaketa horren indarrez, Euskal Autonomia Erkidegoak, hiru kasuetan, kasuan kasuko eraikinak eraikitzen direla bermatzeko betebeharra hartu du bere gain.

Zazpigarrena.– Donostia-San Sebastiango Udalak babes ofizialeko etxebizitzen beste sustapen batzuk egiteko asmoa du, etxebizitzak babespean alokatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak, mota honetako jarduerei sostengua emateko asmoz, dirulaguntzei eta finantzaketa kualifikatuari buruzko araudia garatu du, kreditu-erakundeekin aldian-aldian izenpetzen dituen finantza-lankidetzako hitzarmenetan bilduta dagoena.

Zortzigarrena.– Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak, bai zuzenean, bai Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, EA (VISESA) enpresaren bitartez, hainbat lur ditu Donostia-San Sebastian udalerriko plangintza-eremu desberdinetan (Iza, Marrutxipi, Antondegi eta Zubieta-Hegoaldea) babespeko etxebizitzak sustatzeko; eremu hauek hiriko gainerako eremuen hazkundearekin bateratuta garatu beharko dira.

Bederatzigarrena.– Bion interesak, konpromisoak eta ekarpenak egoki bideratzeko, bi hitzarmenkideek konpromisu-akordio hau izenpetu dute honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hona zein den konpromisu-akordio honen xedea: Donostia-San Sebastian udalerrirako babespeko etxebizitzen programa ezartzea eta Donostia-San Sebastian udalerriko Iza, Loiolako Urbazterrak, Auditz-Akular, Morlans, Marrutxipi, Antondegi, Zubieta-Hegoaldea eta Molinao izeneko eremuetan azalera-eskubidepean zein babespean alokatzeko babes ofizialeko etxebizitzak eta etxebizitza sozialak sustatzeko politika gauzatu ahal izateko bitartekoak jartzea.

Bigarrena.– Donostia-San Sebastiango Udalak, jardueraren bermatzailea eta interesatua denez, osoko bilkuraren akordioz hitzarmen honek aztergai dituen lurzoruei eta azalera-eskubideei dagokienez honako hauek egiaztatzeko konpromisua hartu du bere gain:

a) Libre erabiltzekoak direla.

b) Oin berriko eraikinak eraikitzeko gaitasun geologikoa.

c) Ez dutela zortasun, karga, zerga, errenta eta okupatzailerik.

d) Babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko beharrezkoak diren legezko baldintzak betetzea.

Hori guztia ondorengo klausuletan azaltzen diren ondare-eragiketak egin aurretik egiaztatu beharko da.

Hirugarrena.– Donostia-San Sebastiango Udalak, jarraian adierazitako lurrak Euskal Autonomia Erkidegoari doan lagatzeko konpromisoa hartu du; lur horiek inolako urbanizazio-kargarik gabe, hau da, behar bezala urbanizatuta, sustapenerako behar adinakoak (eta ondorio horietarako behar diren hirigintza-aprobetxamenduen %100 dutela) lagako ditu:

A) Loiolako Urbazterrak: 60 etxebizitza sozial babespean alokatzeko.

B) Auditz-Akular: 100 etxebizitza sozial babespean alokatzeko.

C) Morlans: 50 etxebizitza sozial babespean alokatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak Donostia-San Sebastiango Udalaren osoko bilkuraren akordioa Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazio Sailari jakinarazteko konpromisoa hartu du bere gain, honen bidez Jaurlaritzaren Kontseiluak dagokion onespena izapidetu dezan.

Klausula honetan aurreikusitako ondare-eragiketa notario-eskrituran formalizatu behar da, adierazitako doako emakida onartzen duen Jaurlaritzaren Kontseiluaren akordioa egiten denetik hasi eta hilabeteko epearen barruan.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak konpromisoa hartu du, dagozkion aurrekontu-izendapenak egin ondoren, adierazitako etxebizitzen barne-urbanizazioko obrak eta eraikuntzakoak kontratatu eta osorik egiteko.

Laugarrena.– Donostia-San Sebastiango Udalak, jarraian adierazitako lurrak Euskal Autonomia Erkidegoari doan lagatzeko konpromisoa hartu du; sustapenerako behar adinakoak (eta ondorio horietarako behar diren hirigintza-aprobetxamenduen %100 dutela) lagako ditu:

A) Auditz-Akular: babes ofizialeko 150 etxebizitza babespean alokatzeko.

B) Morlans: babes ofizialeko 100 etxebizitza babespean alokatzeko.

Kasu honetan Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak bere gain hartu du urbanizazio-kargak ordaintzeko eta/edo adierazitako eraikuntza-aprobetxamenduei lotutako urbanizazio-obrak egiteko betebeharra.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak Donostia-San Sebastiango Udalaren osoko bilkuraren akordioa Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazio Sailari jakinarazteko konpromisoa hartu du bere gain, honen bidez Jaurlaritzaren Kontseiluak dagokion onespena izapidetu dezan.

Klausula honetan aurreikusitako ondare-eragiketa notario-eskrituran formalizatu behar da, adierazitako doako emakida onartzen duen Jaurlaritzaren Kontseiluaren akordioa egiten denetik hasi eta hilabeteko epearen barruan.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak konpromisoa hartu du, dagozkion aurrekontu-izendapenak egin ondoren, adierazitako etxebizitzen barne-urbanizazioko obrak eta eraikuntzakoak kontratatu eta osorik egiteko.

Bosgarrena.– Donostia-San Sebastiango Udalak, halaber, jarraian adierazitako lurren gainean Euskal Autonomia Erkidegoari azalkera esku aldatzeko konpromisoa hartu du; sustapenerako behar adinakoak (eta ondorio horietarako behar diren hirigintza-aprobetxamenduen %100 dutela) salduko ditu:

A) Loiolako Urbazterrak: babes ofizialeko 83 etxebizitza azalera-eskubidepean.

B) Auditz-Akular: babes ofizialeko 250 etxebizitza azalera-eskubidepean.

C) Morlans: babes ofizialeko 100 etxebizitza azalera-eskubidepean.

Kasu honetan Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak bere gain hartu du urbanizazio-kargak ordaintzeko eta/edo adierazitako eraikuntza-aprobetxamenduei lotutako urbanizazio-obrak egiteko betebeharra.

Azalera-eskubidea Donostia-San Sebastiango Udalak 2000ko ekainaren 13an egindako osoko bilkuran aho batez hartu zuen Akordioaren bitartez ezarri zituen baldintzetan eskualdatuko da.

Lurzoru horren eskualdaketa-prezioak ezin izango du inolaz ere gainditu eskualdaketaren unean indarrean dagoen babes ofizialeko etxebizitzen araudiaren araberako lurzoru urbanizatuaren gehienezko balio eragingarria.

Zehazki, Loiolako Urbazterrak eremuaren kasuan, lurzoruaren prezioa sustapenaren salmenten ondoriozko diru-sarrera guztien ehuneko hamarrekoa izango da, babespeko etxebizitzen azken prezio errealaren arabera.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak konpromisoa hartu du, dagozkion aurrekontu-izendapenak egin ondoren, adierazitako etxebizitzen barne-urbanizazioko obrak eta eraikuntzakoak kontratatu eta osorik egiteko.

Seigarrena.– Auditz-Akular deritzon eremuan, Donostia-San Sebastiango Udalak oraindik ez duenez amaitu bertako lurzoru guztiak eskuratzeko lana, honako jarduera-ildo hauek hartuko dira aintzat:

1.– Donostia-San Sebastiango Udalak eremu horretan eskuratuta dituen lurzoruak besterendu ahal izango ditu eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak zuzenean erosi ahal izango ditu.

2.– Donostia-San Sebastiango Udalak erosteko aukerak idatzi eta izenpetu ahal izango ditu eremu horretako lurren jabeekin. Aukera hauek Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eskualdatu eta betearazteko modukoak izango dira.

3.– Donostia-San Sebastiango Udalak nahitaezko desjabetze-espedientea hasi ahal izango du eremu horretako jabetza partikularreko lurrak eskuratzeko. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila izango da desjabetze horren onuraduna.

Goian adierazitako hiru suposamenduetako edozeinetan, eskuraketa-prezioak ezin izango du 5.500,- PTA/m2 baino handiagoa izan, hori baita Donostia-San Sebastiango Udalak orain arte egin dituen eskuraketetan ordaindu duen prezioa.

Morlans deritzon eremuan, Eusko Jaurlaritzak lurrak badauzkanez, bai zuzenean bai bere sozietate publikoren baten bitartez, nahikoa izango da Donostia-San Sebastiango Udalak hirugarren, laugarren eta bosgarren klausuletan aurreikusitako etxebizitzak osatzeko behar diren lurzoruak lagatzea, eremu horretan konpromisopean hartutako etxebizitza-motaren proportzioan.

Zazpigarrena.– Bi administrazioek bere gain hartu dute beharrezko izapideak egiteko konpromisoa, aurreikusitako sustapenak errazago burutzeko eta, batez ere, hitzarmen honen gai diren lurzoruen erosketari, inorenganatzeari eta azalera-eskubidepean lagatzeari dagozkien ondare-eragiketak Toki Erakundeen Ondasunei buruzko Erregelamenduan, hirigintzari buruzko legerian eta Lurzoru-Ondare Publikoei buruzko ekainaren 29ko 20/1998 legean adierazitakoaren arabera egin eta horiek notario-eskrituran jaso eta Jabetza Erregistroan erroldatzeko erraztasun guztiak emateko. Horretarako, komenigarritzat jo dute eraikinen eskualdaketa horiek kasuan kasuko babespeko etxebizitzen sustapena programatzen den ekitaldiaren lehenengo hiruhilekoan gauzatzea.

Zortzigarrena.– Donostia-San Sebastiango Udalak konpromisoa hartu du babes ofizialeko etxebizitzen beste sustapen batzuk egiteko, etxebizitzak babespean alokatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak, mota honetako jarduerei sostengua emateko asmoz, kreditu-erakundeekin aldian-aldian izenpetzen dituen finantza-lankidetzako hitzarmenetan bilduta dagoen dirulaguntzei eta finantzaketa kualifikatuari buruzko araudia aplikatuko du.

Etxebizitza sozialak sustatzeko finantza-neurriak babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko finantza-neurriei buruzko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2000ko abenduaren 26ko Aginduan edo honen ordez ematen den araudian ezarritakoaren arabera emango dira.

Legezko xedapen horretan adierazitakoa betez, finantza-neurriak jaso ahal izateko sustatzaileak aldez aurretik kasuan kasuko azterlan ekonomikoa aurkeztu beharko du eta hori aztertutakoan erabakiko da haien gehienezko zenbatekoa, adierazitako aginduaren arabera.

Ondoren, hitzarmena izenpetu beharko da sustatzailearen eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren artean, hala badagokio sustatzaileak finantza-neurriak eskuratu ahal izateko.

Bederatzigarrena.– Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak konpromisoa hartu du Euskal Autonomia Erkidegoaren jabetzakoak diren Iza eta Marrutxipi izeneko eremuetan babespean alokatzeko babes ofizialeko etxebizitzak eta/edo etxebizitza sozialak sustatzeko politika gauzatzeko aukera aztertzeko.

Hamargarrena.– Antondegi izeneko eremuari dagokionez, bi administrazio publikoen iritziz ahalik eta intentsitate handieneko babespeko etxebizitzen sustapena egitea komeni da, lurraldeak bere topografiaren ondorioz eskaintzen dituen aukera errealak kontuan hartuta.

Ildo honetan, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak konpromisoa hartu du antolamenduari eta bideragarritasun ekonomiko finantzarioari buruzko analisi zorrotza egiteko eta azterlan hori egin bezain laster Donostia-San Sebastiango Udalari helarazteko.

Azterlan horretan ateratzen diren ondorioak ikusirik, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eta Donostia-San Sebastiango Udalak Hiri Ordenazioko Plan Orokorra Puntualki Aldatzeko espediente teknikoa idatziko dute. Donostia-San Sebastiango Udalak konpromisoa hartu du dokumentu honen izapideak ahalik eta lasterren egiteko.

Hamaikagarrena.– Zubieta-Hegoaldea izeneko eremuari dagokionez, bi administrazio publikoen iritziz eremuaren hirigintza eta eraikuntzako aukerak aurki hasiko den Hiri Ordenazioko Plan Orokorra berrikusteko prozesuaren barruan aztertu behar dira.

Hala eta guztiz ere, alderdi biek lurzoru hauek urbanizazio-prozesura bizkorrago txertatzea komeni dela erabakiko balute, gaur egun indarrean dagoen hiri-plangintzaren aldaketa puntual baten bitartez egin liteke lurzoru hauen hirigintza-garapena.

Dena den, egindako balioespenen arabera, hiri-plangintzak eremuaren hirigintza-garapena ahalbidetu behar du, luzeen jota ere, akordio hau izenpetzen denetik hasi eta zazpi urteko epean.

Hamabigarrena.– Pasaia udalerriaren mugakide den Molinao izeneko eremuari dagokionez, Donostia-San Sebastiango Udalak konpromisoa hartu du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak bertan egingo den etxebizitzen sustapenean parte hartzeko proposamena egiteko, Pasaiako Badia birgaitzeko jarduera publikoen baitan.

Hamahirugarrena.– Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak konpromisoa hartu du Donostia-San Sebastian Euskal Autonomia Erkidegoari doan eta inolako urbanizazio-kargarik gabe lagatzen zaizkion lurzoruetan egiten den sustapenean interesatutako udalerri izendatzeko. Hori dela-eta, kasu hauetan udalerrian erroldatutako pertsonek baino ezin izango dute etxebizitzak esleitzeko prozesuan parte hartu.

Dohainik eta urbanizazio-karga bere gain harturik egiten den sustapenean, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak konpromisua hartu du, ondoko hauek sustapenean interesatutako udalerri izendatzeko:

Andoain

Astigarraga

Donostia-San Sebastian

Hernani

Lasarte-Oria

Lezo

Oiartzun

Pasaia

Errenteria

Urnieta

Usurbil

Hala eta guztiz ere, aipatutako lurzoruan sustatuko diren etxebizitzen erdiaren gainean, Donostia bakarrik ezarriko da sustapenean interesatutako udalerri gisa.

Hamalaugarrena.– Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak konpromisoa hartu du Etxebide – Etxebizitzen Euskal Zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoan oro har eskaintzen dituen zerbitzuak, informazioa eta kudeaketa Donostia-San Sebastiango Udalaren eskueran jartzeko. Donostia-San Sebastiango Udalak, bestalde, konpromisoa hartu du Udaleko Etxebizitza Zerbitzuen eta Etxebide - Etxebizitzen Euskal Zerbitzuaren arteko lankidetza-oinarriak zein terminotan ezarriko diren aztertzeko, bikoiztasunik izan ez dadin eta herritarren eta administrazioaren harremanak errazte aldera.

Hamabosgarrena.– Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak bere gain hartu dituen konpromiso guztiak, konpromisu-akordio honen klausuletan zenbateko ekonomikoa zehaztu gabe dutenak, aldez aurretik dagozkien aurrekontu-izendapenak eginak izatearen baldintzapean egongo dira.

Hamaseigarrena.– Dokumentu honetan jasotako betebeharrak ez betetzea, kontratua deuseztatzeko zioa izango da, hitzarmenkideak lehengo egoera juridikora itzuliz, aipatutako deuseztapena eragiten duen hitzarmenkideak, sorraraz ditzakeen kalte eta galerak ordaindu beharko dituela, bai beste hitzarmenkideari bai uste oneko besteri.

Eta adostasuna eta uste ona erakusteko, hitzarmen hau izenpetu dute lau aletan, idazpuruan adierazitako leku eta egunean.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.

Donostia-San Sebastiango alkate-udalburua,				

ODÓN ELORZA GONZALEZ.


Azterketa dokumentala