
49. zk., 2002ko martxoaren 11, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
1558
EBAZPENA, 2002ko urtarrilaren 31koa, Ingurumen sailburuordearena, Sociedad Financiera y Minera, S.A. (Cementos Rezola) enpresak Arrigorriaga eta Bilbon sustatu duen Larrako eta Goriko harrobiak ustiatzeko proiektuak ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioa egiteko dena.
Ekainaren 28ko 1302/1986 LED, Ingurumen Eraginaren Ebaluaketari buruzkoa, eta irailaren 30eko 1131/1988 ED betez, horien eranskinetan jasotako obra, instalazio edo beste edozein jarduera gauzatzeko proiektu publiko zein pribatu, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioaren Jardunbidepean jarri beharko dira. Lurralde Antolamendu, eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 20ko 306/2001 Dekretuari jarraituz, Ingurumen Sailburuordetzari dagokio ingurumena eta natur baliabideak babesteko ezarri behar diren baldintzak jasoko dituen Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Deklarazioa egitea. Sociedad Financiera y Minera S.A. enpresak Arrigorriagan eta Bilbon sustatu duen Larrako eta Goriko izeneko harrobiak ustiatzeko proiektuak Ingurumenaren gaineko Eraginari buruz indarrean dagoen araudia bete behar duenez, eta jarduerarako Bilboko Udalak eman beharreko udal lizentzia lortzeko jardunbidearen esparruan, honako izapide hauek gauzatu dira, besteak beste:
– Aurretiazko kontsultak, 1996ko uztailaren 5ean.
– Sustatzaileak Bilboko Udalean jarduera-lizentzia eskatu zuen, 1997eko abenduaren 24an.
– Jendaurrean jarri zen 2001eko abuztuaren 20tik urriaren 1era bitartean (2001eko abuztuaren 20ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 160. alea eta 2001eko irailaren 11ko Bizkaiko Aldizkari Ofiziala).
– Aipatutako epea behin bukatuz gero, Bilboko Udalak Ingurumen Sailburuordetzara bidali zituen aurkeztutako alegazioak, 2001eko urriaren 22an.
Erreferentziako espedientean jasotzen diren agiri tekniko eta txostenak aztertu eta gero, egiaztatu da ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlana zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutakoa betetzen duela. Ondorioz, bidezkoa da ingurumenaren gaineko eraginari buruzko deklarazioa egitea. Ingurumen organoaren eskumeneko adierazpenak bategiteko harrobiaren jardueraren kalifikazioa erantsi zaio deklarazioari, azaroaren 30eko 2414/1961 Dekretua, Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuen Arautegia onartzen duena, aplikatuz, horixe baita jarduerarako udal lizentzia lortzeko sustatutako espedientea hasi zen unean aplikagarria zen araudia.
Ondorioz, Ingurumen sailburuordeak honako hau
EBATZI DU:
1.– Sociedad Financiera y Minera, S.A. (Cementos Rezola) enpresak Arrigorriagan eta Bilbon sustatu duen Larrako eta Goriko harrobia ustiatzeko proiektuen ingurumenaren gaineko eraginari buruzko aldeko deklarazio hau egitea.
2.– Proiektua gauzatzeko ondoren adieraziko diren baldintzak ezartzea. Baldintza horiek lotesleak izango dira Euskal Herriko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorraren 47.2 artikuluan zehaztutakoaren arabera.
2.A.– Proiektua honako hauen arabera garatuko da: proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztutako agiriak eta ebazpen honetako zehaztapenak.
Aipatutako proiektuak 9 urte iraungo duela aurreikusten da eta beste 30 urte luzatu ahal izango da, Meategiei buruzko uztailaren 21eko 22/1973 Legearen 62. artikuluaren arabera.
Epe honetan eragindako lurralde-eremua 1C, 2C, 1M eta 2M fronteei, hauen sarbideei eta ondoko instalazioei dagokie. Sustatzaileak plano bakarra egin beharko du, 1:5.000ko eskalan. Bertan proiektuaren lurralde-eremua definitu beharko da proiektuaren ekintzak orokorrean hartuta.
2.B.– Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Euskal Herriko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorraren 50. artikuluan xedatutakoa izango da aplikagarri.
2.C.– Espediente honen ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozedurak izan du kontuan meatze-jarduerak sortutako ingurumenaren gaineko eragina, 1C, 2C, 1M eta 2M fronteen ustiapena bukatu arte, hau da, ebazpen honen 2.A. idatz-zatian aipatzen den lurralde-eremuan sortutako eragina.
Hala eta guztiz ere, sustatzaileak luzatzeko baimena eskatu nahi izanez gero, Ingurumen-Organo honi izapide horri erantsiko zaizkion agiriak bidaliko dizkio, Organo horrek onar ditzan. Honen helburua izango da neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa egokitzea ustiapen fase berrien egoera zehatzari. Dokumentazio horrek ingurumenaren gainean beharrezkoa den informazioa jasoko du; bereziki, irailaren 30eko 1131/88 Errege Dekretuaren 11. artikuluan deskribatzen dena. Dekretu honek Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/86 LED-a betearazteko arautegia onesten du.
Dena dela, 2041. urtera arte aurreikusitako baliabideak behin agortuta, handik aurrera jarduera garatzeko baldintzak ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio berriak ezarri beharko ditu, izapide honetan ebaluatu ez diren ingurumenaren gaineko eragin negatibo esanguratsuak egon baitaitezke. Batez ere, Pagasarri inguruaren gainean izan lezakeen eragina aztertu beharko da xehetasun osoz; hori guztia, hala ere, ez da eragozpena izango ebaluazio berrian aurkitu ahal diren gaiak saihesteko edota zuzentzeko.
2.D.– Neurri babesle eta zuzentzaileak.
Proiektuaren sustatzaileak ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko aurkeztutako agirietan jasotakoaren arabera burutuko dira neurri babesle eta zuzentzaileak eta ondoko idatz-zatietan zehaztutako neurriekin osatuko dira.
2.D.1.– Hautsa gutxitzeko neurriak.
2.D.1.1.– Zulatze lanetan, lan-tresneria guztiek hautsa jasotzeko gailuak izan beharko dituzte.
2.D.1.2.– Birrinketa, sailkapen eta uhal garraiatzaileen instalazioek hauts-ekoizpena gutxitzeko sistemak izango dituzte.
2.D.1.3.– Egun zoladura daukaten bideetan aldizka mantentze-lanak egin beharko dira, ibilgailuak pasatzean hautsa gutxiago sakabanatu dadin.
2.D.1.4.– Kamioiak dabiltzan areak ureztatzeko beharrezko neurriak jarriko dira, hautsa gutxitzeko.
Harrobiko plaza bakoitzean gurpilak garbitzeko gailu bat jarriko da pistatara lur gutxiago eraman dezaten.
2.D.1.5.– Hautsa ez zabaltzeko neurri zuzentzaileak gaur egungo ekipamendu, instalazio eta azpiegiturei aplikatzeaz gain, ekipo mugikorrei, instalazioei eta ustiapenaren fase operatibo bakoitzean jardunean dauden azpiegiturei ere aplikatuko zaizkie.
2.D.1.6.– Airearen kalitate-helburuak betearazteko ondoren aipatuko diren neurriak hartu beharko dira; hala ere, hori guztia ez da eragozpena izango aurreko idatz-zatietan ezarritakoa betetzeko.
a) Suspentsioan dauden partikulen inmisiorako balioen batez besteko aritmetikoa, urteko aldian zehar bildutako eguneko batez besteko balioena, ez da 150 µg/m3N baino handiagokoa izango, eta urteko aldian zehar bildutako eguneko batez besteko balio guztien 95eko pertzentila ez da 300 µg/m3N baino handiagoa izango, abuztuaren 1eko 1613/1985 ED zati baten aldatzen duen urriaren 30eko 1321/1992 EDaren arabera. Neurketak metodo grabimetrikoari dagozkio.
b) 24 ordutan jalkigarri diren partikulen batez besteko kontzentrazioak ez du 300mg/m2-ko balioa gaindituko.
c) Partikulen jaulkipenari dagokionez, otsailaren 6ko 833/1975 Dekretuaren, Egurats-Giroaren Babespenari buruzko 38/1972 Legea garatzen duenaren, IV. eranskinak arautzen duen muga izango da ezargarri: 150 mg/m3 N.
2.D.2.– Zaraten eta dardaren ondoriozko efektuak gutxitzeko neurriak.
2.D.2.1.– Leherpenek 22-381-93 UNE Arauari egokituko zaizkio. Beraz, eraikinetan erregistratuko diren dardarek ez dituzte arauan aurreikusitako mugak gaindituko. Abrisketako San Pedro baseliza III. taldeko egiturakotzat joko da.
2.D.2.2.– Aire-uhinaren presioak ez du 128 dB (L), goreneko balioa, gaindituko eraikinetako agerieneko fatxadan.
2.D.2.3.– Titularrak praktikan jarri beharko du banakako informazio sistema harrobitik hurbil bizi diren pertsonek zehatz-mehatz ezagut dezaten leherpenek sortutako bibrazioak eta aire-uhina gutxitu eta kontrolatzeko neurriak zeintzuk diren.
2.D.2.4.– Kalitate-helburuak zaratari dagokionez.
Titularrak neurriak hartu beharko ditu, leherpenik ez dagoen aldietan, jardueraren prozesu desberdinetako zarata-maila ondorengo mugei egokitzeko:
– Eguneko zaratak: Etxebizitzen barrualdera jaulkitako zarata ezin izango da inoiz ere 40 dB (A) baino handiagoa izan barrualdean, etengabeko balioan neurtuta Leq 60 segundo, 8:00 eta 22:00ak bitartean leiho eta ateak itxita, ezta 45 dB (A) ere gehienezko baliorik altuenetan.
– Gaueko zaratak: Etxebizitzen barrualdera jaulkitako zarata ezin izango da inoiz ere 30 dB (A) baino handiagoa izan barrualdean, etengabeko balioan neurtuta Leq 60 segundo, 22:00 eta 8:00ak bitartean leiho eta ateak itxita, ezta 35 dB (A) ere gehienezko baliorik altuenetan.
– Era berean, ondoko industri jardueretako barrualdera ezin izango da 60 dB (A) baino zarata handiagorik jaulki.
2.D.3.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.
2.D.3.1.– Egitura eta instalazioak lurreratzetik sortzen den materiala Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998ko Legearen arabera kudeatu beharko da, eta hondakin horiek isurtegira botatzeko badira, horren kudeaketa hondakin inerte eta inertizatuen kudeaketari buruzko azaroaren 2ko 423/1994 Dekretuan xedatutakoari egokituko zaio.
2.D.3.2.– Ibilgailuetatik eta makineriatik sortutako olio erabiliak baimendutako kudeatzaile baten bidez jaso eta kudeatu beharko dira, Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legean, eta irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan olio erabiliaren kudeaketa arautzen duenean, xedatutakoa betez.
2.D.4.– Urak eta lurrak babesteko neurriak.
2.D.4.1.– Ur zikinak husteko sarearen eta horiek tratatzearen gaineko informazio xehatua aurkeztu beharko da Ingurumen Sailburuordetza honetan.
Euri-urak nahiz bideak ureztatzeko sistemetatik, hautsaren kontrako beste neurri batzuetatik, kamioiak garbitzetik etab. sortzen diren ur zikinak tratatzeari dagokiona hain zuzen. Ur horiek bildu egingo dira eta, isuri aurretik, dekantazio putzuen bidez tratatuko dira.
Kartografikoki aurkeztuko dira 1:2.500 eskalan, edo xehatuagoan, eta behar diren planoekin: euri-urak husteko eta harrobiko solidoez beteriko urak jasotzeko sareenak, dekantazio putzuekiko konexioenak, putzu horien ezaugarrienak eta isuriaren amaierako puntuenak, eta zaintzako egitaraurako laginak hartuko diren puntuenak.
Halaber, dekantazio putzuetan atxikitako lokatzen helburua ere zehaztuko da; bai eta putzuak garbitzeko maiztasuna eta modua ere.
2.D.4.2.– Erregaien zama-lanak, olio aldaketak, eta ezbeharrez isurketak eragin ditzaketen bestelako ibilgailuen mantentze-jarduerak nahiz tailerrean ohikoak diren jarduerak zola iragazgaitza eta isurketak jasotzeko sistema duen aldean egingo dira.
2.D.4.3.– Efluente likidoak isurtzeak eta horretarako erabili behar diren instalazioek organo eskudunek isurketarako emandako baimenean zehaztu dituzten baldintzak bete beharko dituzte.
2.D.4.4.– Olio-andelen bat jartzen bada horrek segurtasunezko ontzia eduki beharko du, andel nagusia apurtzen bada edo estankotasuna galtzen badu isurketarik ez dela egongo bermatu dadin
2.D.4.5.-Erregai-andelek urriaren 20ko 2085/1994 Errege Dekretuan, Petrolio –instalazioen arautegia onesteko denean, eta araudi hori garatzen duen gainerako arauetan jasotako xedapenak bete beharko dituzte.
2.D.5.– Paisajea eta ustiapenak eragindako espazioa leheneratzeko neurriak.
Leheneratzeko Plana ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlanaren arabera garatu beharko da; hori guztia, hala ere, ez da eragozpena izango erauzketa-jarduerek kaltetutako naturguneak leheneratzeari buruzko ekainaren 20ko 115/2000 Dekretua eta gaiarekin bat datorren gainontzeko araudia betetzeko. Honako baldintza hauek ere izango dira kontuan:
2.D.5.1.– Erauzketa-lanek eragindako alde guztiak bereoneratu beharko dira, ustiapena amaitutakoan aldatzen direnak barne, nahiz eta aurkeztutako bereoneratzeko planean ez egon.
2.D.5.2.– 1C frontearen eta gaur egun ikatza metatzeko aldean dagoen ikatz-parke zaharreko ikatz-hondarrak kendu, eta alde hori leheneratuko da, ebazpen hau argitaratzen den egunetik hasi eta bi urteko epean.
2.D.6.– Honako neurri hauek garatuko dira kultura-ondarea babesteko; hori guztia, hala ere, ez da eragozpena izango Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeak ezarritakoa betetzeko.
2.D.6.1.– Lan egitean arkeologi aztarnaren bat (edo kobazuloren bat) aurkituz gero, bada ez bada alde horretako lanak utzi, eta zuzenean jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari. Honek adieraziko ditu hartu beharreko neurriak.
2.D.6.2.– 2M fronteko mendia irekitzeko landare-lurra kentzeko lanak arkeologo batek gainbegiratuko ditu.
2.E.– Ingurumena zaintzeko egitaraua burutu beharko da sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera (neurketen tokia parametro eta alditasuna), eta honako hauek erantsi beharko zaizkio:
2.E.1.– Bibrazioak eta aire uhinaren presioa kontrolatzea, leherketak gertatzen diren bitartean.
Sustatzaileak bibrazioak eta aire uhinaren presioa neurtzeko programa egingo du proiektuaren esparruan dauden eraikuntzetan eta egituretan (ubideak). Horretarako, ustiapen fronte bakoitzean egindako leherketek sortutako eraginak eta bereiztu ahal diren egoerak kontuan hartuko dira. Beste gai batzuen artean, kasu bakoitzean arrisku gehien duten puntuak zehaztu eta kartografiatuko dira eta horrela laginketa sare bat definituko da.
Aipatutako sarearen puntu bakoitzean bibrazio eta aire uhin neurketak egingo dira, hilean behin. Kontrola hasi eta lehenengo urtea pasa ondoren, maiztasuna aldatu ahalko da, lortutako emaitzen arabera.
Bibrazioak kontrolatzeko metodoak eta erreferentziako balioak UNE 22-381-93 arauan aurreikusitakoak izango dira.
Aurreko neurketei dagozkien emaitzak aurkezterakoan, leherpenari dagozkion datu guztiak adieraziko dira.
2.E.2.– Zarata kontrolatzea.
Sustatzaileak proiektuaren esparruaren barruan jendea bizi den guneetan zarata neurketa programa egingo du, leherketak gertatzen ez diren garaian garatzeko. Programa hori egiteko proiektuaren esparruko gune bereiztuetan garatuko diren jardueren eragina (zama eta garraio lanak, zulaketak, birrinketak eta abar) kontuan hartuko da. Beste gai batzuen artean, kasu bakoitzean arrisku gehien duten puntuak zehaztu eta kartografiatuko dira eta horrela laginketa sare bat definituko da.
2.E.3.– Hautsa kontrolatzea.
Hautsa kontrolatzean jaulkigarri diren partikulak eta suspentsioan daudenak kontuan hartu beharko dira, partikula horiek bai jendea bizi den guneetan bai naturguneetan eragina duten neurrian.
Sustatzaileak laginketa proposamena egin beharko du. Bertan arrisku gehien duten puntuak zehaztu eta kartografiatuko dira, proiektuaren esparruko gune bereiztuetan garatuko diren jardueren eragina (zama eta garraio lanak, zulaketak, birrinketak eta abar) kontuan hartuta. Aipatutako proposamenean finkatutako puntuetan hartu behar diren laginak zehaztuko dira, jalkigarri diren partikulak hilean behin eta suspentsioan daudenak hiru hiletan behin neurtu behar direla kontuan hartuta. Kontrola hasi eta lehenengo urtea pasa ondoren, maiztasuna aldatu ahalko da, edo lortutako emaitzen arabera.
2.E.4.– Isuriketak kontrolatzea.
Efluenteen kalitatearen analisia egingo da ebazpen honen 2.D.4.1. idatz-zatian aipatzen diren dekantazio putzu eta sistema bakoitzean. Horretarako, hilean behin honako parametro hauek neurtuko dira: suspentsioan dauden solidoak, jalkigarri diren materialak, uhertasuna, eroankortasuna, pH, hidrokarburoak eta olioak eta koipeak. Kontrola hasi eta lehenengo urtea pasa ondoren, maiztasuna aldatu ahalko da, lortutako emaitzen arabera. Hori guztia, hala ere, ez da eragozpena izango isurketa-baimena emateko organo eskudunak ezarritakoa betetzeko.
2.E.5. Agiri bategina.
Sustatzaileak ingurumena zaintzeko egitaraua aurkeztu beharko du Ingurumen Sailburuordetza honetan, ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean proposatutako kontrolak eta ebazpen honetan ezarritakoak bat eginda. Egitarau horretan, neurketarako puntu guztiak adierazita egongo dira, eta zehaz-mehatz kokatzeko behar diren krokisak ere izango ditu. Halaber, egitarauari dagokion aurrekontua ere sartu beharko du.
2.E.6.– Neurri babesle eta zuzentzaile guztien aplikazioaren arrakasta kontrolatzea.
Helburu hori betetzeko, urtean behin txostena egingo da. Bertan neurri babesle edota zuzentzaile berriak jasoko dira, orduko ezarritakoak urriak direla egiaztatu, ingurumenaren gaineko eragin berriak aurkitu edota aurrerabide teknologikoek zuzentze modu eraginkorragoak eskuragarri bihurtuz gero.
2.F.– Ingurumena zaintzeko egitaraua osatzen duten txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu eta Ingurumen Sailburuordetza honi bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko egitarauen emaitzak urtean behin bidaliko dira ingurumenean aditua den erakundeak egindako txostenarekin batera. Esandako txostenean emaitzen analisia jasoko da, epe horretan emandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbideak eta, halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aurrez aldetik ez bada egin.
Sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez eta Herri Administrazioen ikuskaritza-zerbitzuen esku egongo dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpena izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.
Neurri babesle eta zuzentzaileak eta, halaber, ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango da, baita neurtu behar diren parametroak, neurketa egiteko maiztasuna eta parametro horien mugak ere barne. Aldaketak egingo dira araudi berriak indarrean jartzeak edo inplikatutako sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharrak hala gomendatzen duenean. Halaber, bai neurri babesle eta zuzentzaileak bai ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira bai sustatzaileak eskatuta bai ofizioz, ingurumena zaintzeko programaren emaitzen arabera.
2.G.– Sustatzaileak honako dokumentu hauek bidali beharko dizkio Ingurumen Sailburuordetzari, honek onar ditzan igurumen ondorioetarako soilik; hori guztia, hala ere, ez da eragozpena izango ebazpen honek aurreko idatz-zatietan ezarritakoa betetzeko.
2.G.1.– Ebazpen hau argitarazten den egunetik hasi eta hilabete bateko epean, 2.A. idatz-zatian aipatutako plano bakarra, 1:5.000 eskalan. Bertan proiektuaren lurralde-eremua definitu beharko da proiektuaren ekintzak orokorrean hartuta.
2.G.2.– Ebazpen hau argitaratzen den egunetik hasi eta hilabete bateko epean, drainadura sareak eta tratamendurako instalazioak deskribatzen dituen agiria, 2.D.4.1.idatz-zatian adierazita bezala.
2.G.3.– Ebazpen hau argitaratzen den egunetik hasi eta hiru hilabeteko epean, 2.E.5. atalean aipatutako ingurumena zaintzeko egitaraua jasota duen agiri bategina, 2.E. atalean ezarritako aldaketei egokitua.
Agiri horiek bidaltzen direnetik hilabete bateko epea igarotzen bada esanbidezko adierazpenik jaso gabe, kasuan kasuan aplikagarri den jardunbideari jarraituko zaio.
2.H.– Sustatzaileak, urtean behin, ingurumena zaintzeko egitaraua osatzen duten analisiak eta txostenak Ingurumen Sailburuordetzari bidali beharko dizkio, ebazpen honen 2.E. eta 2.F. ataletan zehaztutakoaren arabera eta, hala badagokio, 2.D.4.3. atalean aipatzen den isuriketa baimenak ezartzen duenaren arabera.
3.– Sociedad Financiera y Minera, S.A. (Cementos Rezola) enpresak sustatu duen harrobiko jarduera gogaikarri gisa kalifikatu da, zarata eta hautsa jaulkitzen duelako; eta arriskutsu gisa, leherpenak direla-eta haitzak askatzen direlako. Jarduerak ebazpen honetako 2.D. atalean finkatutako neurri babesle eta zuzentzaileak bete beharko ditu.
4.– Ingurumenaren gaineko eraginari buruzko deklarazio hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2002ko urtarrilaren 31.
Ingurumen sailburuordea,
IÑAKI EZKURRA YURREBASO.
RSS