Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

48. zk., 2002ko martxoaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
1521

EBAZPENA, 2002ko martxoaren 6koa, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) zuzendari nagusiarena, "Egonaldiak Familia Euskaldunetan" plangintzan parte hartu nahi duten familia euskaldunentzako laguntzak emateko modua arautzen duen HABEren zuzendari nagusiaren Ebazpena 2002ko ekitaldian aplikatzeko egokitzen duena.

1/1994 Legegintzako Dekretuak, irailaren 27koak, Euskadiko Aurrekontu Araubideari buruzko lege-xedapenen Testu Bategina zehaztu zuen. Dekretu horren IX. atalean zehaztutakoaren babesean, abenduaren 26ko 367/2001 Dekretua eman zen, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako laguntza eta dirulaguntzak arautzen dituzten zenbait xedapenen indarraldia luzatzeari buruzkoa. Dekretuan zehaztutakoaren arabera, Jaurlaritzak eta sail eta erakunde autonomo guztiek 2002 Ekitaldian aplikatzeko beharrezko diren betebehar, baldintza eta epeak egokitu ahal izango dituzte.

2000. ekitaldian, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) zuzendari nagusiaren Ebazpena eman zen, "Egonaldiak Familia Euskaldunetan" programan parte hartu nahi duten familia euskaldunentzako dirulaguntzak arautzeko (2000ko martxoaren 20ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 55. zenbakia). Hori dela eta, beharrezko diren betebehar eta epeak egokitu behar dira, 2002ko ekitaldian aplikatu ahal izateko.

Horiek horrela, honako hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

"Egonaldiak Familia Euskaldunetan" programan parte hartu nahi duten familia euskaldunentzako dirulaguntzak zehazten dituen 2000ko martxoaren 8ko Ebazpenean zehaztutako dirulaguntza-deialdirako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da 2002ko ekitaldian, Ebazpen honek eragina izango duen egunaren biharamunetik kontatuta.

2. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

Plangintza honetan parte hartu nahi duen familiak 2000ko martxoaren 8ko Ebazpenaren I. eranskineko ereduaren araberako izena emateko orria aurkeztu beharko du HABEren egoitzan, HABEri zuzendua, eta zuzenean interesatuak ekar dezake, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko uztailaren 26ko 30/1992 Legeak finkatutako edozein bide erabili.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Ebazpen honetan aipatutako laguntzetarako 48.080,97 euro emango dira 2002ko ekitaldian, EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako zehaztutakoaren kontura.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Guztien ezagutzarako eta balizko interesatuen erabilera errazteko, Ebazpen honen eranskinean doa 2002.erako aurreikuspenak eta 2000ko martxoaren 8ko Ebazpenean zehaztutakoa bateratzen dituen testua.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ebazpen honen aurka, administrazio bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete HABEko lehendakariari. Horretarako, hilabeteko epea izango dute Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango du indarra.

Donostia-San Sebastián, 2002ko martxoaren 6a.

HABEren zuzendari nagusia,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.

ERANSKINA
HELDUEN ALFABETATZE ETA BERREUSKALDUNTZERAKO ERAKUNDEA

EBAZPENA, 2000ko martxoaren 8koa, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) zuzendari nagusiarena, "Egonaldiak Familia Euskaldunetan" plangintzan parte hartu nahi duten familia euskaldunentzako laguntzak emateko modua arautzen duena.

1. artikulua.– Xedea.

Euskara landu edota hobetu zein euskalkiren bat ikasi nahi duten ikasleak hartuko dituzten familia euskaldunei 2000an laguntzak emateko deia egitea da Ebazpen honen xedea.

Laguntzetan 48.080,97 euro emango dira gehienez eta esleitutako plazak arestian aipatutako diru-muga horrez gain, ikasleek egindako eskabideak izango dituzte muga (programaz baliatu nahi duen ikasle-kopurua, eskatzen dituzten herriak eta parte hartzeko aukeratzen dituzten hilabeteak).

2. artikulua.– Plangintzaren iraupena.

Plangintza 2002ko uztailetik irailera bitartean gauzatuko da.

3. artikulua.– Laguntzaren hartzaileak.

Plangintza honetan parte hartu nahi duen Euskal Herriko familia euskaldunak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

3.1.– Biztanleriaren %70etik gora euskalduna duten udalerrietako zein auzuneetako batean bizitzea. Ebazpen honek izan ditzan ondorioetarako, honako datu hauek hartuko dira ofizialtzat:

3.1.1.– Euskal Autonomia Erkidegoan: Eusko Jaurlaritzaren Euskal Estatistika Erakundeak dagokion errolda edo zentsuan oinarrituta argitaraturiko azken datuak.

3.1.2.– Nafarroako Foru Erkidegoan: Nafarroako Gobernuko Estatistika Atalak dagokion errolda edo zentsuan oinarrituta jakinarazitako azken datuak.

3.1.3.– Ipar Euskal Herrian: datu ofizialik ezean, dagokion eskabidea onartzea edo baztertzea Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen zuzendari nagusiaren esku geratuko da.

3.2.– Egonaldia eskaintzen den hilabetean etxean edota baserrian gutxienez lau kide bizi izatea.

3.3.– Kide guztien arteko ohiko komunikazio-hizkuntza euskara izatea.

3.4.– Familia batek lehenengo aldiz parte hartzen duenean, HABEk zuzeneko ikusketa baten bitartez ontzat ematea.

4. artikulua.– Egonaldien iraupena.

Plangintzak dirauen bitarteko egonaldiak hilabetekoak edo bi hilabetekoak izan daitezke. Bi hilabeteko egonaldiak hilabete jarraietan ulertuko dira beti. Eskabidea aurkezterakoan familiak zehaztu egin beharko du eskaintzen dituen plazak hilabetekoak edo bi hilabetekoak diren, eta, azken hauen kasuan, bi hilabeteko egonaldia zein hilabeteri dagokion.

5. artikulua.– Eskainitako plazak betetzeko irizpideak.

Plangintzan parte hartuko duten familiek eskainitako plazak betetzerakoan honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, besteak beste:

5.1.– Ikasleek aukeratutako hilabeteak eta herriak.

5.2.– Esleitutako plaza-kopuruak HABEri dakarkion kostua. Kostu hori ezingo da plangintzarako dagoen diru-kopurua baino handiagoa izan. Beraz, betiere aurreko irizpideak kontuan harturik ez dira esleituko, aipatu diru-kopurua berdindu ondoren libre geratzen diren plazak.

5.3.– Familiak aurreko urteren batean parte hartu badu, HABEk eginiko txostena. Horretarako hiru punturi erreparatuko zaio: ibilitako ikasleen iritziari, bisitaldietan jasotako informazioari eta herriak eskaintzen duen azpiegiturari.

6. artikulua.– Parte hartzeko onartu beharreko baldintzak.

6.1.– Hilabete batean edo gehiagotan parte hartzeko eskabidea egiteak ez du berez esan nahi HABEk nahitaez bete behar dituenik eskainitako plaza(k).

6.2.– Familiak ikasle bakar bat besterik ezingo du hartu egonaldi bakoitzeko.

6.3.– Familiek luzatutako bi hilabeteko egonaldien eskaintza-kopurua ikasleek egindako eskari-kopurua baino handiagoa balitz, eta familiak espreski kontrakorik adierazi ez badu, HABEk bi hilabeteko egonaldiak hilabetekotan banatzeko eskubidea izango du. Era berean, bi hilabeteko egonaldira joan beharreko ikasleak joan ezina adierazi badu, eta HABEk ordezkorik aurkitu ez badu, edota joan den ikasleak lehen hilabetean bertan behera utzi badu, bigarren hilabetea hilabeteko egonaldi bilakatuko da, ondorio guztietarako.

6.4.– Hilabeteko egonaldia burutzen ari den ikasleak, baldintza beretan, egonaldia hilabete gehiagoz luzatzeko eskubidea izango du, baldin eta familiak eskainitako hurrengo hilabete horretan joan beharreko ikasleak joan ezina adierazi badu eta HABEk ordezkorik aurkitu ez badu.

6.5.– Ikasleak familiako bizitzan parte hartuko du, eta familiak gutxieneko intimitate- eta askatasun-maila eskaini beharko dio.

6.6.– Ikasleari logela pribatua eman beharko zaio.

6.7.– Ikasleak, etxeko zein baserriko lanetan parte hartzera beharturik ez badago ere, berak hala nahi badu, parte har dezake ohiko eginkizunetan.

6.8.– HABEk egiaztatuko balu familiak deialdi honetan xedatutako baldintzaren bat bete ez izana, familiak itzuli egin beharko dio ikasleari egindako aurrerakina.

6.9.– Familiak deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzei buruzko informazioa eman beharko die Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, horrela eskatzen badiete eginkizunak betetzen ari direnean.

7. artikulua.– Eskakizunak.

7.1.– Izena emateko orria

Plangintza honetan parte hartu nahi duen familiak I. eranskinaren araberako izena emateko orria aurkeztu beharko du HABEren egoitzan, HABEri zuzendua, eta zuzenean interesatuak ekar dezake, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak finkatutako edozein bide erabili.

7.2.– Ordainketa gauzatzeko dokumentazioa.

7.2.1.– Plangintzan lehendabiziko aldiz parte hartzen dutenek "Hirugarrenaren datuen alta" izeneko orria, II. eranskinaren araberakoa.

7.2.2.– Aurreko urteetako plangintzaren batean parte hartu eta helbideratze-datuetan edota bankukoetan aldaketaren bat egin nahi dutenek "Hirugarrenaren Datuetan aldaketa(k) egiteko eskabide-orria" izenekoa, III. eranskinaren araberakoa.

8. artikulua.– Epea.

Hilabeteko epea izango da izena emateko orriak eta gainontzeko dokumentuak aurkezteko, Ebazpen honek indarra hartzen duen egunaren biharamunetik kontatuta.

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsen zuzenketa.

HABEren ustetan eskatzaileak aurkezturiko dokumentazioa osatu gabe badago edo bestelako edozein akats badu, 10 eguneko epea emango zaio eskatzaileari akatsa edo hutsegitea konpon dezan. Aipatu epea igarotakoan dokumentazioa osatuko ez balu, eskatzaileak atzera egin duela ulertuko da, eta dagokion Ebazpena emango da.

10. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen zuzendari nagusiak, HABEra heldutako eskabideak eskuan, Ebazpena hartuko du eta bi hilabeteko epean jakinaraziko du, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunetik kontatzen hasita. Ebazpena EHAAn argitaratuko da. Aipatu bi hilabeteak berariazko Ebazpenik gabe igaro ondoren, eskabideak baztertutzat jo ahal izango dira.

Aipatu Ebazpenaren berri emateaz gain, plangintzaren garapenari buruzko behar besteko informazioa ere ezagutaraziko zaie laguntzaren hartzaileei.

11. artikulua.– Familiek jaso beharreko diru-kopuruak.

11.1.– Familiek honako diru-kopuru hauek jasoko dituzte:

11.1.1.– Hileko eta egonaldi burutuko 492,83 euro.

11.1.2.– Izendaturiko ikasleak joaterik izan ez eta HABEk ordezkorik aurkitu ezean, familiak 96,16 euro jasoko ditu.

11.1.3.– Izendaturiko ikasleak famili girora egokitzeko aldia bukatu baino lehenago egonaldia uzten badu, HABEk ez du ordezkorik izendatuko eta familiak 162,27 euro jasoko ditu. Famili girora egokitzeko aldia egonaldiaren lehen asteari dagokio.

11.1.4.– Bi hilabeteko egonaldiagatik familiak 985,66 euro jasoko ditu.

11.1.5.– Bi hilabeteko egonaldiaren lehen hilabetean egonaldia uztea gertatuko balitz, familiak hilabeteko dirua jasoko du: ikasleak joaterik ez badu 96,16 euro eta egokitzeko aldian uzten badu, 162,27 euro.

11.2.– Ebazpen honek ezartzen dituen laguntzak eta beste edozein erakunde publiko zein pribatuk xede berberaz eman ditzaketenak bateragarriak dira, baldin eta Ebazpen honek finkatutako dirulaguntzen xedearekiko gainfinantzaketarik ez badago. Gainfinantzaketarik balego, diru-laguntza gehienez dagokion mugaraino murriztuko da.

12. artikulua.– Laguntzen ordainketa.

12.1.– Plangintzan parte hartzen duten ikasleek 210,35 euro ordaindu beharko dituzte hilabeteko egonaldiagatik eta 420,71 euro bi hilabeteko egonaldiagatik. Diru-kopuru hori honako modu honetan banatu eta ordainduko da:

12.1.1.– Ikasleak aurrerakina ordaindu beharko dio familiari banku bidez, HABEren jakinarazpena jasotzen duenetik bost eguneko epean: 60,10 euro, esleipena hilabetekoa bada, eta 120,20 euro, bikoa denean. Gainera, ikasleak HABEri eta familiari ordain-agiri bana igorri behar die hurrengo bost eguneko epean. Epe barruan ordaintzen eta egiaztatzen ez duen ikaslea plangintzaz kanpo geratuko da ondorio guztietarako. Bestalde, familiak atzera egiten badu, aurrerakina itzuli beharko dio ikasleari.

12.1.2.– Egonaldia hasi eta famili girora egokitzeko aldia igaro ondoren ordainduko dio ikasleak familiari gainerako dirua: 150,25 euro, hain zuzen, eta ikasleak ordain-agiri bana bidali behar die HABEri eta familiari, hilabeteko lehen hamabostaldia igaro aurretik. Diru hori familiarena izango da behin-betiko, eta ikasleak ezingo du eskuratu, HABEk familiak ez dituela bete zegozkion obligazioak erabaki ezean.

12.1.3.– Bi hilabeteko egonaldietan ikasleak lehen hilabeteko lehen astearen amaieran 150,25 euro ordaindu beharko ditu, eta bigarren hilabeteko lehen astearen amaieran, berriz, gainerako 150,25 euroak.

12.2.– HABEk 11. artikuluan zehazten diren familiak jasoko dituen diru-laguntzak osatu bitarteko ordainketak egingo ditu. Diru-kopuru horiek honako modu honetan banatu eta ordainduko dira:

12.2.1.– Hileko eta egonaldi burutuko 282,48 euro ordainduko ditu: egonaldiaren barruan 120,20 euro, aurrerakin gisa, egonaldiaren lehen astea normaltasunez burutu dela egiaztatu ondoren, eta gainerako 162,27 euro egonaldia bukatu ondoren.

12.2.2.– Izendaturiko ikasleak joaterik izan ez edo esleipena egin ondoren ikasleak aurrerakin bidez egonaldira joateko asmoa egiaztatu ez badu, eta, batean zein bestean, HABEk ordezkorik aurkitu ezean, HABEk 36,06 euro eta 96,16 euro ordainduko ditu, hurrenez hurren, dagokion epearen barruan.

12.2.3.– Izendaturiko ikasleak famili girora egokitzeko aldia bukatu baino lehenago egonaldia bertan behera uzten badu, HABEk ez du ordezkorik izendatuko eta 102,17 euro ordainduko ditu dagokion egonaldiaren barruan, HABEk familiak bere gain hartutako erantzukizunen ez-betetze larritzat jo lezakeen kasuetan izan ezik.

12.2.4.– Bi hilabeteko egonaldiagatik HABEk 564,95 euro ordainduko ditu, hilabeteko bi egonaldi ordaintzen dituen modu berean: 120,20 euroko aurrerakina dagokion hilabetearen barruan, eta 162,27 euro dagokion hilabetearen amaieran.

12.2.5.– Bi hilabeteko egonaldiaren lehen hilabetean egonaldia bertan behera geratuko balitz, HABEk hilabeteko egonaldiaren pareko dirutza osatu artekoa ordainduko du: ikasleak joaterik ez badu, 36,06 euro, eta, egokitzeko aldian bertan behera uzten badu, 102,17 euro.

13. artikulua.– Kudeaketa.

Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuari dagokio deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko lanak burutzea.

14. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.

Egiaztatzen bada ez dela bete dirulaguntza emateko jarri ziren baldintzatakoren bat, itzuli egin beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako dirua eta legez dagozkion interesak, beti ere 1/1997 Dekretu Legegileak, azaroaren 11koak, eta 698/1991 Dekretuak, abenduaren 17koak, ezartzen duten eran eta diotena hautsi gabe.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Egonaldian gerta litekeen edozein gorabeheraren ondorioei aurre egiteko, HABEk honako aseguru-poliza hauek hartuko ditu:

1.– Erantzukizun zibilarena. Onuradunak: plangintzan parte hartzeko aukeraturiko familiak eta ikasleak.

2.– Istripuena. Onuradunak: plangintzan parte hartzeko aukeraturiko ikasleak.

Bigarrena.– Elkarbizitzaldian familiaren eta ikaslearen artean sor litekeen arazoren bati konponbidea emateko asmoz, plangintzan parte hartzen duten hilean hileko familia zein ikasleekin harremanetan jarriko da HABE.

Hirugarrena.– Honako Ebazpen honi azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua ezarriko zaio eta, hala badagokio, Ogasun eta Finantza Sailaren abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua. Dekretu horiek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretatik zuzendutako dirulaguntzak eman, bermatu eta itzultzeko modua arautzeaz gainera, diru-gaietan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, zereginak eta eginkizunak ere zehazten dituzte.

I. ERANSKINA

"EGONALDIAK FAMILIA EUSKALDUNETAN"

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA
HIRUGARRENAREN DATUEN ALTAK

(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA
HIRUGARRENAREN DATUETAN ALDAKETAK SARTZEKO ESKABIDE-ORRIA

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala