
48. zk., 2002ko martxoaren 8a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Kultura Saila
1520
53/2002 DEKRETUA, otsailaren 26koa, Aiarako (Araba) Kexaako eraikin-multzoa, Monumentu Multzo izendapenaz, Kultura Ondasun gisa sailkatzeko dena.
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
Kultura Gazteria eta Kirol sailburuordearen 2001eko azaroaren 21eko Ebazpenaren bidez, Aiarako (Araba) Kexaako eraikin-multzoa Monumentu multzo izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera eman, eta jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko izapidea egin zen (EHAA-ren 243. zenbakian argitaratua, 2001eko abenduaren 18an).
Jendaurreko informazioaldia eta interesdunei entzuteko izapideak burutu dira eta ez da alegazio bakar bat ere aurkeztu .
Ondorioz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 11.1. eta 12. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek egindako aldeko txostena ikusirik, Kultura sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2002ko otsailaren 26ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATU DUT:
1. artikulua.– Aiarako (Araba) Kexaako eraikin-multzoa, Monumentu Multzo izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzea.
2. artikulua.– I. Eranskinean azaltzen diren arrazoiak direla-eta, ondasunaren mugaketa bezala Dekretu honen Eranskin berean agertzen dena hartzea.
3. artikulua.– Indarrean dagoen Kultura Ondareari buruzko legeak aurreikusten dituen ondorioetarako sailkatu den ondasunaren deskripzio formala egitea, Dekretu honen II. Eranskinean agertzen den moduan.
4. artikulua.– Dekretu honen III. Eranskinean agertzen den Aiarako (Araba) Kexaako eraikin-multzoaren babes-araubidea onestea.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.– Kultura Sailak Aiarako (Araba) Kexaako eraikin-multzoa Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitako Sailkatutako Kultura Ondasunen Erregistroan inskribatuko du.
Bigarrena.– Kultura Sailak Jabego Erregistroari Dekretu honen berri emango dio, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako. Era berean, interesdunei, Aiarako Udalari, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari ere jakinaraziko zaie.
Hirugarrena.– Kultura Sailak Aiarako Udalari eskatuko dio udaleko hirigintza-araudia Kexaako eraikin-multzoaren babes-araubideari egokitzeko, horrela Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.2. artikuluan ezarritakoa betez.
Laugarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Araba Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Kexaako eraikin-multzoaren mugaketak barne hartzen duen eremuan egin behar diren lanetarako dagokion Foru Aldundiko organo eskudunen baimena beharko da. Baimen hori, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 29.1 artikuluan ezarritakoa betez, udal baimena eskuratu aurretik lortu beharko da.
AZKEN XEDAPENAK.
Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen Dekretu honen aurka, interesdunek, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Gobernu Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, Dekretu hau azkenengoz argitaratzen den egunaren biharamunean zenbatzen hasita.
Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2002ko otsailaren 26an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Kultura sailburua,
MIREN KARMELE AZKARATE VILLAR.
I. ERANSKINA
KEXAAKO ERAIKIN-MULTZOAREN MUGAKETA.
Mugatutako eremua.
Babestuko den inguruaren mugak hauek dira:
Iparraldea: Komentuko ortuaren harlangaitzezko horma eta honek iparraldeko muturrean duen ertzetik pasatzen den eta errotako sakanaren perpendikularra den marrazuzena. 308 metrotan kokatzen den marrazuzen honen inguruan mendi magala leuntzen da.
Hegoaldea: Sarbide den eraikinaren ondoko desnibela eta eraikin multzoarekin mugatzen den Ozekarako bidea.
Ekialdea: Errotako sakana, zubia, bidea eta ezpataina duen dorrean barne.
Mendebaldea: Komentuaren harrizko itxitura.
Mugaketaren justifikazioa.
Mugaketa honek eraikin multzoa bera ezezik, bera kokatuta aurkitzen den mendi magala ere hartzen du bere baitan, bere ingurune hau ezinbestekoa baita eraikin multzo honen ikuspegi egokia mantendu nahi badugu. Helburu honekin, mugaketaren oinarria muga fisiko eta geografiko ukaezinak dira. Besteak beste, bi errekak, plataformaren oina, partzelaren hesiak eta bideen bitartez finkatzen dituzte esparru honen mugak.
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
ONDASUNAREN DESKRIPZIOA
Eraikin-multzoa Aiarako bailararen erdian dago. Bertaratzeko Amurriotik Artziniegara doan C-624 bidea hartu behar da eta Errespalditza parean bidearen ezker aldera jo.
Multzoak plataforma bat osatzen du mendi hegalaren erdi inguruan eta hor kokatzen dira bata bestearengatik ezberdintzea zail gertatzen diren hainbat eraikin, izan ere urrutitik begiratuta, bakarrik bata bestearen gainean kokatutako teilatu eta hormak ikusten baitira.
Bertara joateko bide estu bat hartu behar da eta bidean, errebolta batean dago bertara joateko zubia. Erreboltan kanpai bat duen ezpataina dago eraikin erlijiosoa han inguruan dela abisatzen.
Zubiaren beste aldean hiru eraikin ziren, bata aurri egoeran eta beste biak adosatuak, eraikin-unitate bakarra osatuz, eta gaur egun etxebizitzak direlarik. Daturik ez den arren, badirudi eraikinak sarreraren defentsarako eginak zirela.
Horien ostean hiri-gune bat dago, plazatxo forma duena eta eraikin nagusietarako sarbidea dena. Eraikin horien itxurari erreparatuz gero, bata bestearen jarraipen dira nahiz eta bakoitzak bere erabilera propioa eta ondokoaren independentea izan.
Aipatutako plaza horretara heltzearekin bat honako hauek ditugu bertan:
– Jauregia, Aiaratarren leinu-etxea. (Komentu berria)
– San Juan Bataiatzailearen Komentua. (Komentu zaharra)
– Virgen del Cabello Elizaren kapera eta dorrea.
– San Juan Bataiatzailearen Eliza.
Jauregiak sarrera independentea du baina besteetan sartzeko abadetxearen beheko solairutik igaro behar da, eta ondoren hiru erabilpen ezberdinak banatzen dituen patio baten bitartez.
JAUREGIA, AIARATARREN LEINU-ETXEA
XIV. mendean eraikitako Jauregi-gotorlekua da, gotikoa goren aldian zegoenean. Oin karratua, hegaletan dorreonak eta erdian patio handi bat zituen. Fatxada nagusia ekialdekoa zen, bertan apaindu gabeko arku zorroztua duen ate bat dago.
Ziren dorreetatik bakarrik Ipar-ekialdekoa dugu egun. Eraikinak solairu bi ditu, biak ere harlangaitzez eginak. Kanpora egindako baoak zulo txiki karratuak dira, 1737ko konponketa-lanean egindakoak, eta ez daukate interesik.
Iparraldeko altxaerak baditu zenbait jatorrizko elementu, hots, baoak, leihate bizkiak, gotikoak, harrian landutako arkua dutenak; eta arkuz errematatutako atea. Leihate batzuk komentu berria eraikitzeko lanak egin zirenean berreskuratu ziren, beste batzuk, ordea, estalita jarraitzen dute ez zeudelako osorik eta ez zirelako konpondu.
Barruko patioa eraberritu zenean interesa zuten elementuak mantendu eta beste eraikin berri bat egin zen, baoen ordena eta erritmo zorrotza erakusten dituena, modu sinplean egina. Gaur egun mojen gelak, jangela, egongela… daude bertan.
Pedro López de Ayala kantzelariaren dorrea (Ipar-ekialdeko dorrea) ere eraberritu zen eta egun museoa da eta bertara jauregiaren ate nagusitik joan behar da.
SAN JUAN BATAIATZAILEAREN KOMENTUA
Fernan Pérez de Ayala, Kexaako jauregi-gotorlekuaren fundatzailea, politikan buru belarri sartuta bizimodua eman ondoren, predikatzaileen ordenan sartu zen. Hil aurretik, donazio-karta egin zuen Kexaako monastegia moja dominikei uzteko.
Komentuak bi solairu dituen klaustro karratua du eta horren inguruan du banatuta bere espazioa. Behe solairuak ganga ertzduna du, puntu erdiko fajoi-arkuak dituena. Gakoak Santo Domingoren ordenaren XVIII. mendeko gurutzez eta harmarriz apainduak daude. Argitasuna idibegi/okulo eta leiho errektangeluarren bidez lortzen da.
Batzar-gela XVIII. mendekoa da, holako esparru zabal barrokoa da, estalki laua du eta bai aldeetan eta aurrealde bietan ilargixkak ditu. Estalkia modu geometrikoan jarritako ornamentuzko molduraz apainduta dago. XVIII. mendeko arkitektura zibilerako interes aipagarria duen egoitza da.
Elizako koru altura bakarrik mojek dute sarbidea. Ertzdun ganga du eta puntu erdiko fajoi-arkuz bananduta. Bigarren trailuan sabaileiho bat dago eta hortik sartzen da gelan argia.
Gainontzeko gelek ez dute aparteko interesik. Fatxadek bao desordenatuak dituzte inolako hierarkiarik ez dutenak.
VIRGEN DEL CABELLOKO DORREOI KAPERA
Pedro López de Ayala jaunak, komentuaren fundatzailearen semeak, eraiki zuen Virgen del Cabelloko kapera. Dorreoi trinko eta latza, harlangaitzezkoa eta hegalak harlanduz eginak dituena. Hiru kurbaturako modiloien gainean jarritako hegalkin modura jarritako almenek errematatzen dute.
Dorreoiak baho gutxi ditu, erdibituak goiko solairuetan eta erligiosoak behekoan, idibegi bat eta puntu erdiko leiho luzatua.
Virgen del Cabelloren kapera beheko solairuan dago. Bertara klausurako eta 1735ean eraikitako elizarako sarbidea den patiotik joan behar da. Portada arku zorroztua da eta dobela handiak eta hiru arkibolta ditu, hiruetatik bakarrik bigarrena dekoratua. Arkuak oin hartzen duten janbetako baketoiak eta inposta pertsona-buruen irudi txikiz apainduta daude.
Barrua kanoi zorrotzeko gangak estaltzen du; gangak bi tarte ditu hormari erantsita dauden zutabetan oin hartzen duen fajoi-arku batek banatzen dituenak. Bertan dira Aiarako jaun-andre nagusien hilobiak; lau dira guztira eta balio artistiko handia dute.
Kaperaren gainean sala bat dago eta patioko eskaileretatik gora lehen eskailera-ataletik aurrera eginda han bertan dago. Gapirio eta korapilozko sabai batek estaltzen du. Leihoak erdibituak dira eta hegaleko bankudunak dira.
Almenen-gunea gela handi diafanoa da eta estalkiak, 60. edo 70. hamarkadan berritu zenak, metalezko egitura du.
SAN JUAN BATAIATZAILEAREN ELIZA
Komentuko tenplu nagusia da eta Kexaako parrokia. Klausurako patio komunean du sarrera. Portada ertz biziko lau arkibolta dituen arku zorroztua da eta ez dago dekoratua.
Absidea harlangaitzezkoa da, poligonala eta lau kontrahormek indartzen dute. Erdiko hormatalean idibegi/okulo bat dago.
Barruan bost tarteko nabea da, bostetik hiru elizan eta bi koruan. XVIII. mendeko ertzdun gangak ditu eta lehen eta hirugarren tarteek aurreko eraikitze-lanetako arrosa-leihoak ditu.
Ertzdun gangak 1739an egin zituen Juan Andres de Llagunok. Kapera nagusia tertzeletezko nerbiodun ganga batek estaltzen du, erdiko nabearen inguruan zirkuluak eginez jarritako nerbio kurbatuak ditu mentsulen gainean jarrita. Nerbioen arteko ganga zatiak grisailazko gruteskoekin apaintzen dira. XVI. Mendeko lehen urteetakoa da.
Tenpluaren behean Fernán Pérez jaunaren familiaren hilobi-eskulturak daude.
Tenpluaren sakristia Aiaratarren jauregiaren hego-ekialdeko dorreoian dago.
ABADETXEA
Sarbidea den patioa ixten du eta bere fatxada da. Ziurrenera XVIII. mendekoa da, azken eraikuntza-lanak egin zirenekoa. Baoak goitik behera alineatuta ditu eta beheko solairua harlanduzko puntu erdiko arku bik esatzen dute. Goiko bi solairuetako bakoitzak balkonera bana eta leiho txikia dituzte.
BESTE ERAIKUNTZAK
Sarbidea den zubia, ezin da ondo ikusi dagoen landarediarengatik baina, dirudienez, zapata mailakatuan jarritako arku zorrotza du. Harlanduz egina dago, eta petrilak lauza lauez errematatuta daude. XVII. mendekoa dela esan daiteke, garai horretan antolatu baitziren lehen azokak Kexaan.
Sarbidean diren etxeak, zubiaren ondoan. Bi eraikin dira bertan bata bestearengandik ezberdinduak. Lehenak, zubitik hurbilago dagoenak, puntu erdiko arkudun portikoa du, bao dintelduak eta gaineko errematea harriz egina du, bigarrenak, interes gutxiago du baina aipatzekoa da duen bao bat hirugingileko gotiko estilokoa, ziurrenera beste nonbaitetik ateratakoa.
Zubiaren eskuinaldean ageri diren eraikuntza- aztarnak zubiaren defentsa izango zenarenak dirudite, plazaren ondoan duenaren antzeko batenak. Ez da eraikuntzaren aztarna handirik geratzen eta dagoena landarediak tapatzen du.
Bidearen beste aldean, Kexaako parrokia zaharraren dorrea dago, komentua seinalatzeko aztarna modura geratu dena bertan.
Komentuaren barruan eraikuntza exentu bat dago, inolako baliorik ez duena, nekazaritzako tresnak gordetzeko erabiltzen dena. Ortuan badira sakabanaturik horrelako eraikuntza txiki batzuk balio gutxikoak baina multzoaren itxurari kalterik egiten ez diotenak eta ondo integratuta daudenak.
III. ERANSKINA
BABES ERREGIMENA
I. KAPITULUA:
BABES ERREGIMENAREN XEDAPEN OROKORRAK.
1. artikulua.– Babes erregimenaren xedea.
Honako Babes Erregimen hau Kexaako eraikin-multzoa sailkatutako monumentu-multzo izendatzeko espedientearen zati bat da. Sailkatutako ondasunak babes erregimen honetan jasotzen denaren arabera zainduko dira eta bertan jasotako baldintzetara egokituko dira baita hiri-planeamenduko lanabesak ere.
2. artikulua.– Ezarpen-eremua.
Ondoren zehaztuko den babes-erregimena Multzoaren barruan jasotako eraikin eta espazio guztiei ezarriko zaie.
II. KAPITULUA:
ERREGIMEN OROKORRA
3. artikulua.– Edukia.
1.– Honako testu honetan ondarea babesteko bete beharreko baldintza orokorrak zehaztuko dira, bai Babes Erregimen honek garatu dezakeen hiri-planeamenduan, bai aurrerantzean egin daitezkeen berrikuspenetan bete beharrekoak.
2.– Babes Erregimenak garatuko duen hiri-planeamenduak babestutako elementu bakoitzak duen babes-maila aldatzea proposatu ahal izango du. Hori egiteko justifikatu egin beharko dira dena delako elementuak Babes Erregimenak xehatutako babes-mailaren ordez beste baten menpe jartzeko komenientzia eragiten duten zioak.
3. Hiri-planeamenduaren lanabesen aldeko txostena Kultura Sailak eman behar duenez, proposamena aztertu ondoren, hala dagokionean, sailkatutako Monumentu-multzoaren Babes Erregimena aldatzeko espedienteari hasiera emango dio.
4. artikulua.– Babes-erregimena garatzeko hiri-planeamendua.
1.– Honako Babes Erregimen honetan jasota dagoen aipatu ondasunei ezarri beharreko hiri-planeamenduak ezin bestean behar du Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 28.1 artikuluan aipatzen den txostena. Planeamenduan edozein esku-hartzeren harmonizazio-gradua jasoko da eta baita oin berriko eraikuntzena ere.
2.– Honako Babes Erregimen hau garatuko duten hiri-planeamenduko lanabesak onartu bitartean zorrotz bete beharko da aipatutako Legearen 28.2 artikulua.
5. artikulua.– Preskripzio Orokorrak.
1.– Espazio publikoetan egingo diren esku-hartzeak haien izaera eta hiri-egitura indartuko dute, halaber, hiri-altzariak ere multzoaren girora egokitu eta harmonizatuko dira.
2.– Babes Erregimen honen babes-mailetan jasotako eraikin guztiek Euskal Kultur Ondareari buruzko Legean aurreikusten denaren menpe egongo dira baimen, erabilera, jarduera, defentsa, isun, arau-hauste eta bestelakoei dagokienez.
3.– Honako Babes Erregimen honetan aipatzen diren zaharberritzeko esku-hartze-motak abenduaren 26ko 308/2000 Dekretuak garatzen ditu. Dekretu hori ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzkoa da.
4.– Honako Babes Erregimen honek eragiten dien ondasunen jabeek bete egin beharko dituzte ondasun horiek kontserbatzeko, zaintzeko eta babesteko Euskal Kultur Ondarearen 7/1990 Legearen 20. eta 35. artikuluek eta Lurzoruaren 6/1998 Legearen 19. artikuluak ezartzen dizkien betebeharrak.
6. artikulua.– Esku-hartze proiektuak.
Hiru babes-mailatakoren batean, hots, babes berezikoan, ertainean edo oinarrizkoan jasotako eraikinei buruzko esku-hartze proiektuek eraikinen egungo egoerari buruzko dokumentazio grafiko xehatua jaso beharko dute. Egin nahi den esku-hartzearen balioa erakusten duen dokumentazio guztia aurkeztuko da: solairuak, fatxadak eta sekzioak 1/50 eskalan, zehaztasun arkitektonikoak 1/20an, argazki-dokumentazio osoa, plano historikoak, e.a.
7. artikulua.– Eraberritzeko eta aldatzeko lanak edo eraikitze berria.
Multzoan egin daitezkeen eraberritzeko, aldatzeko edo eraikitze berri bat egiteko lanak gauzatzeko bete beharreko baldintzak zehaztuko dituen hiri-planeamendua onartu bitartean, ez da onartuko eraikinen disposizio bolumetrikoa aldatzerik. Aipatutako jarduera egiten bada honako irizpide hauen araberako baldintzak bete beharko ditu:
a) Aurretiaz diren teilatu hegaletako eta gailur altuerak mantenduko dira.
b) Fatxadak duen kontzepzio laua errespetatuko da eta ez da utziko gorputz hegaldurik egiten.
c) Inguruaren ezaugarriekin bat datozen elementu osagarriak erabiltzea.
d) Aurretiaz diren elementuak kontserbatzea.
e) Akaberak egiteko honako materialak erabiltzea: zarpeatua, harlangaitza edo harrizko materiala.
8. artikulua.– Ezarpen-esparrua.
Kapitulu honetako Erregimen Orokorra Sailkatutako Monumentu Multzo izendapenaz mugatu den Kexaako Eraikin-multzoaren baitako ondasun higiezin eta elementuei ezarriko zaie.
III. KAPITULUA:
BABES-MAILAK
1. ATALA- ALDEZ AURRETIKOAK
9. artikulua.– Sailkapena.
1.– Mugaketaren baitako ondarea honako babes-kategoria edo babes-mailaren arabera sailkatuko da:
– Hiri-espazioak
– Babes berezia
– Babes ertaina
– Oinarrizko babesa.
– Babes morfologikoa.
– Desadostasuna
2.– Honako erregimen honekin babestutako eraikina babes-maila batekoa zein bestekoa izan, bere zati edo elementu osagarriren batzuk banan-banan baloratu ahal izango dira eta horretarako, ondorengo zatikako babes-maila edo kategoriak ezarriko dira:
– Babes partziala
– Desadostasun partziala
10. artikulua.– Berebiziko garrantzia duten elementuak.
Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.1.e) artikuluak ezartzen duena betez berebiziko garrantzizko elementutzat joko dira honakoak: Aiaratarren leinu-etxearen kanpoko fatxada, San Juan Bataiatzailearen eliza, Virgen del Cabelloren dorreoi-kapera eta San Juan Bataiatzailearen klaustroa eta batzar-gela.
2. ATALA- MONUMENTU MULTZOAREN BABES GUNEA
11. artikulua.– Babes-erregimenaren xedea.
Monumentu-multzoaren babes-gunetzat joko da iparraldeko mendi-hegala bere oinetik bertatik, monumentu-multzoa kokatzen den plataforma dagoen toki guztia. Monumentu multzoak, urrutitik begiratuta, multzo-itxura hori izatea nahi da.
12. artikulua.– Zehaztasunak.
Monumentu-multzoaren babes-gunean ez da inolako eraikuntza egiterik baimenduko, bakarrik, urbanizatu ezin den lurzoruari dagozkion erabilerak eta jarduerak baimenduko dira eta, beti ere, multzoaren balioarekin bat etorri eta bera kontserbatzeko direnean.
3. ATALA- HIRI-ESPAZIOAK.
13. artikulua.– Babes-erregimenaren xedea.
Babes Erregimen honen ondorioetarako hiri-espaziotzat joko dira multzoaren hiri-egitura osatzen duten eraiki gabeko espazioak, nahiz erabilera publikokoa izan nahiz ez. Honako hauek dira:
– Eraikin multzoaren sarbide den plaza.
– Eraikinen barruko patioak
– Mojen ortuak.
14. artikulua.– Garapenerako hiri-planeamenduaren zehaztasunak.
1.– Multzoa osatzen dutelako hiri-espazioek duten aparteko balioarengatik, planeamenduak neurri zehatzak jasoko ditu horiek kontserbatzeko. Hori guzti hori honako agiri honen 4. artikuluan aipatzen den txostenean jasoko da.
2.– Planeamenduaren egitekoa izango da Babes Erregimen honen baitako espazio guztiek bete behar dituzten baldintza zehatzak ezartzea, zeinek bereak, eta beti ere honako honetan jasotzen diren irizpideen arabera.
3.– Aurreikusi egin beharko da bai sarrerak, bai plaza, bai barruko patioak behar den moduan urbanizatzea. Planeamenduaren egitekoa izango da egin beharreko lanen akaberak eta jarri beharreko hiri-altzairuak nolakoak izan behar duten zehaztea.
15. artikulua.– Kaleak, bideak eta oinezkoen esparruak.
1.– Oraingo lerrokadurak mantenduko dira.
2.– Egingo diren lanen xedea, iparraldetik multzoari begiratuta, plaza nagusian ibilgailurik ez ikustea izango da.
3.– Plaza eta Ozekara doan bidea urbanizatzeko egingo diren lanen artean zolaketa-lanak aurreikusiko dira.
4.– Zerbitzu guztiak lurpetik bideratzeko ahalegina egingo da.
4. ATALA- BABES BEREZIA.
16. artikulua.– Babes bereziaren xedea.
Babes bereziko elementutzat joko dira honako erregimen honen estaldurarik zabalena merezi duten ondasun higiezin eta elementuak. Honako baldintza hau bete beharko dute: izaera berezia eta balio arkitektoniko, artistiko edo kulturala izanik, duten kontserbazio-egoerarengatik euren jatorrizko ezaugarri arkitektonikoak berreskuratzeko aukera eskaintzea.
17. artikulua.– Babes bereziko mailaren baitako elementuen preskripzioak.
1.– Babes bereziaren menpeko eraikinak babes-mailarik gorena dute eta egingo zaizkien eraberritze-lanak euren egitura eta ezaugarriak errespetatuz egin beharko dira eta ez dira inola ere asmatutakoak edo diseinu berrikoak izango.
2.– Babes bereziz babestutako ondasunak osorik edo euren zatiren bat eraisteko baimena Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluan ezarritakoaren arabera eman ahal izango da.
3.– Eraikin horietan eragin dezakeen lan edo esku-hartzeak egiten direnean euren konfigurazio bolumetrikoa eta lerrokadurak errespetatu beharko dira.
4.– Aipatutako ondasun higiezinak erabiltzerakoan bermatu egin beharko da eurok ondo kontserbatzea eta ezingo da Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen III. Tituluan jasotako zehaztasunen aurka eginez jokatu.
5.– Eraikinotan euren kontserbazioa eta dagokien balioa berreskuratzera zuzendutako eraikuntzako esku-hartzeak egin ahal izango dira. Horregatik, abenduaren 26ko 308/2000 Dekretuan Eraberritze Zientifikoa egiteko ezartzen diren lanak egin ahal izango dira. Dekretu hori ondare urbanizatua eta eraikia eraberritzeko babestutako jarduerei buruzkoa da.
18. artikulua.– Babestutako elementuak.
Kexaako eraikin-multzoaren mugatutako eremuan Babes Bereziko mailakoak dira San Juan Bataiatzailearen eliza eta Virgen del Cabelloren dorreoi-kapera.
5. ATALA. BABES ERTAINA.
19. artikulua.– Babes ertainaren xedea.
Babes ertaina izango dute ondoren zehazten diren baldintzetakoren bat betetzen duten eraikin eta elementuak:
– Duten balio arkitektonikoak aparteko berezitasunik izan ez arren, eraikitako ondasunen zati interesgarriak direnean. Interes hori honako hauek emango diote: tipologiari erreparatuz gero duen barne-banaketak, banaketa bertikaleko elementuen kokapenak eta partzelaren okupazioak eta bertan diren eraikinen kokapenak, eta bestalde, duen bestelako edozein ezaugarri morfologikok.
– Aparteko berezitasuna duten balio arkitektonikoak izanik, ondasunok berreskuratzeko egin beharreko esku-hartzeak ez badaude Babes Bereziaren baitan tipifikatuta.
20. artikulua.– Babes ertaineko mailan jasotako elementuen preskripzioak.
1.– Babes bereziz babestutako ondasunak osorik edo euren zatiren bat eraisteko baimena Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluan ezarritakoaren arabera eman ahal izango da.
2.– Eraikin horietan eragin dezakeen lan edo esku-hartzerik egiten denean haien konfigurazio bolumetrikoa eta lerrokadurak errespetatu beharko dira.
3.– Aipatutako ondasun higiezinak erabiltzerakoan bermatu egin beharko da eurok ondo kontserbatzea eta ezingo da Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen III. Tituluan jasotako zehaztasunen aurka eginez jokatu.
4.– Eraikinotan euren kontserbazioa eta funtzionaltasuna ziurtatzera zuzendutako eraikuntzako esku-hartzeak egin ahal izango dira eta egingo diren lanek euren elementu tipologiko, formal eta egiturazkoak errespetatu beharko dituzte. Babes Bereziak baimentzen dituen lanez gain, abenduaren 26ko 308/2000 Dekretuan Eraberritze Kontserbatzailea egiteko ezartzen diren A eta B kategorietan jasotako lanak ere egin ahal izango dira, eraikinen kontserbazio-egoeraren arabera. Dekretu hori ondare urbanizatu eta eraikitakoa eraberritzeko babestutako jarduerei buruzkoa da.
21. artikulua.– Babestutako elementuak.
Kexaako eraikin-multzo legez mugatutako eremuan Babes Ertaina izango dute honako hauek: komentu zaharra (San Juan Bataiatzailea), abadetxea eta zubiaren ondoko etxebizitzetariko lehena (arkuak dituen etxea).
6. ATALA- OINARRIZKO BABESA
22. artikulua.– Oinarrizko babesaren xedea.
Oinarrizko babesa izango dute ondoren zehazten diren baldintzetakoren bat betetzen duten eraikin eta elementuak:
– Aparteko balio arkitektoniko, historiko edo artistikorik izan ez eta babes maila ertainean sartu eta eraberritze-lanak egiteko adinako interesik ere ez dutenean baina, halere, ikuspuntu tipologikotik edo anbientaletik eraikitako ondasunen zati interesgarri direnean egokitzat jotzen da ondasunok sendotzeko lanak egitea.
– Aparteko berezitasuna duten balio arkitektoniko edo historikoak izanik, ondasunok berreskuratzeko egin beharreko esku-hartzeak ez badaude goragoko babes-mailetan tipifikatuta.
23. artikulua.– Oinarrizko babes-mailaren baitako elementuen Preskripizioak:
1.– Oinarrizko Babesaz babestutako ondasunak osorik edo euren zatiren bat eraisteko baimena Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluan ezarritakoaren arabera eman ahal izango da.
2.– Eraikinotan goragoko babes-mailetan jasotako esku-hartzeez gain ondare urbanizatu eta eraikitakoa eraberritzeko babestutako jarduerei buruzko abenduaren 26ko 308/2000 Dekretuan sendotzeko esku-hartzeetarako aurreikusitako lanak egin ahal izango dira. Halaber, eraberritzeko esku-hartzeak ere ahalbideratuko dira (baita eraisketa partziala ere), eraikinak, honako Babes Erregimen honek garatuko duen planeamenduak jasotako beharrezko baldintza funtzionalak edo beharrezko lerrokadurak bete ditzan beharrezkoak gertatzen diren heinean.
24. artikulua.– Babestutako elementuak.
Kexaako eraikin-multzoa mugatzen den eremuan, sarbidea den zubiaren ondoko bigarren etxeak (Arkuak dituen etxearekin mehelina duenak) Oinarrizko Babesa izango du.
7. ATALA- BABES MORFOLOGIKOA
25. artikulua.– Babes morfologikoaren xedea.
Babes-maila honetan daude balio arkitektoniko, historiko edo artistikorik izan ez arren, Multzoak duen konfigurazio-eskemari laguntzen diotelako baloratuta dauden partzeletan kokatzen diren ondasun higiezinak.
26. artikulua.– Babes morfologikoaren mailaren baitako elementuen preskripizioak.
1.– Partzela bai forma-, bai neurri-baldintzei dagokienez dagoen moduan utzi beharko da, nahiz eta Babes Erregimen honek garatutako planeamendu urbanistikoan ezar ditzakeen aldaketak egin ahal izango diren, beti ere, bide publikoa hobeto zehazteko balioko duten zuzenketa txikiak badira.
2.– Eraikin hauetan, ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko abenduaren 26ko 308/2000 Dekretuak, Ordezkatze motako eraikitze-eskuhartzeetarako jasotzen dituen eskuartzeak egingo dira.
3.– Planeamendua onartu bitartean, eraberritzeko edo ordezkatzeko eskuhartzeetan Babes Erregimen honetako 8. artikuluan jasotzen dena egin beharko da
4.– Eraikin berriak multzorako sarbidea konfiguratu beharko du zubiaren eta Aiaratarren leinu-etxearen arteko lotura mantenduz. Eraikinak mantenduko dituen baldintzak planeamendu urbanistikoak zehaztutako parametroen araberakoak izango dira eta horregatik, planeamenduak bana-banan zehaztuko ditu ondoko kontzeptuak:
– Partzelaren definizio bolumetrikoa.
– Hondoa eta zabalerak
– Teilatu-hegalen eta gailurren altuerak
– Estalkiak eta izan daitezkeen bolumen irtenak edo luzernarioak estalkiaren plano berean.
– Beheko solairuaren altuera.
– Kanpo aldeko altxaeren konposizio-eskemak.
– Akabera-materialak.
27. artikulua.– Babestutako elementuak.
Kexaako eraikin-multzoa mugatzen den eremuaren barruan, honetara sartzeko zentzua jarraituz sarbidea den zubiaren eskuin aldean dagoen eraikina Babes Morfologikoa izango du.
8. ATALA- BALORAZIO PARTZIALAK.
28. artikulua.– Balorazioaren xedea.
Eraikin baten zati edo bere alderdiren bat osatzen duten elementuen gaineko balorazioak egin ahal izango dira, osatzen duten eraikinaz aparte euren babes-maila propioa izan dezaten.
29. artikulua.– Mailak.
Elementuen balorazioa positiboa ala negatiboa izan sartuko dira ala ez Babes Partzialaren mailan.
30. artikulua.– Babes partziala.
Eraikin baten elementuei Babes partziala ezarriz gero, elementu horiek honako Babes Erregimen honen 18. artikuluan jasotako eraikinetarako ezarritako moduan tratatu eta errekuperatu beharko dira.
31. artikulua.– Babes partziala duten elementuak.
Kexaako eraikin-multzoa mugatzen den eremuan, honakoak sartzen dira Babes Partzialeko mailan:
– Sarbidea den zubiaren ezkerretara dagoen bigarren etxearen:
• Ekialdeko fatxadako hirulobuloko leihoa
– Aiaratarren Jauregian:
• Bolumetria eta bere espazio-antolamendua.
• Eraikinaren kanpoko ingurukaria: kanpoko fatxadak osatzen dituzten perimetro-murruak, fatxadotan diren elementu guztiak barne direlarik (leihoak, arkuak…) eta kanpotik ikus daitekeen estalkiaren ingurukaria. Ez da kontuan hartzen patioaren barruko fatxada eraikuntza-lan berria delako.
– Komentu zaharrean:
• Patioaren eta eraikinaren arteko espazio-harremana eta murruen sisteman diren baoak.
• Klaustroa, bere solairu biak, dituen egiturazko elementu guzti.
• Batzar-gela.
• Goiko korua.
• Eraikinaren kanpoko ingurukaria: kanpoko fatxadak osatzen dituzten perimetro-murruak eta kanpotik ikus daitekeen estalkiaren ingurukaria. Ez dira kontuan hartzen diren baorik gehienak. Babesten diren bai gezileihoak eta Virgen del Cabellorren dorre-kaperaren ondoan diren aintzinako baoak.
– Komentura, elizara eta dorre-kaperarako sarbidea den patio komunean:
• Patioaren eta eraikinaren arteko espazio-harremana eta murruen sisteman diren baoak (sarbide diren ateak).
IV. KAPITULUA:
BABESIK EZA.
32. artikulua.– Balorazioaren xedea.
Babes gabeko elementuak dira babesa izateko besteko balio arkitektonikorik, historikorik edo aipagarririk ez dutenak.
33. artikulua.– Babesik gabeko elementu edo eraikinek dituzten preskripzioak.
1.– Eraikin horietan era guztietako esku-hartzeak baimenduko dira, baita ordezkatzeko esku-hartzeak ere, beti ere honako Babes Erregimen honek garatzen duen planeamendu urbanistikoak ezartzen duen moduan.
2.– Planeamendu hori onartu bitartean, eraberritzeko edo ordezkatzeko esku-hartzeetan Babes Erregimen honetako 7. artikuluan jasotzen dena egin beharko da.
34. artikulua.– Babes gabeko elementuak.
Babes gabeko izendatutako Kexaako eraikin-multzoaren eraikin eta elementu urbanoak aurreko babes-mailetan jaso ez direnak dira.
RSS