Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

15. zk., 2002ko urtarrilaren 22a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
475

8/2002 DEKRETUA, urtarrilaren 8koa, Gasteizko “Banco de Alimentos de Araba” elikagaiak xahutzearen aurkako elkartea onuragarria dela aitortzeko dena.

Bazkunei buruzko otsailaren 12ko 3/1988 Legeko 22. artikuluan jartzen duenez, Euskadiko interes orokorraren alde egiten duten elkarteei onuragarritasun-aitormena eman ahalko zaie, inskribatuta baldin badaude.

Lege horren babesean, Gasteizko “Banco de Alimentos de Araba” elkarteak aitormen hori eman dakiola eskatu du, bere ustez, erakunde onuragarria dela aitortzea merezi duelako, burutzen dituen ekintzengatik. Izan ere, bazterkeria, langabezia eta pobreziaren arazoetan laguntzen du, premiazko beharretarako gauzak edo soberan gelditzen diren elikagaiak lortu, biltegiratu eta zentro asistentzialei eta pertsona behartsuei dohainik banatuz.

Elkartea 1998ko martxoaren 16an inskribatu zen Eusko Jaurlaritzako Elkarteen Erregistroan eta, sortu zenetik, hainbat jarduera burutu ditu bere helburuak betetzeko. Hona helburuak:

a) Enpresa, instituzio eta erakundeekin hartu-emanak izatea, soberan geratzen diren elikagaiak eta premiazko beharrizanetarako beste gauza batzuk dohainik lortzeko.

b) Partikularrengandik elikagaiak edo antzekoak lortzea, bilketak eginez besteak beste merkataritza-guneetan eta ikastetxeetan. Halaber, gazte jendearen artean laguntza emateko eta eskuzabal jokatzeko kontzientzia sustatu nahi da, behar handienean daudenei lagundu diezaien eta elikagaiak alperrik gal ez ditzaten.

c) Produktuak biltegi edo hotz-kameretan gordetzea, beharrezkoa denean banaketa antolatzeko.

d) Asistenzia zentroen, egoitzen eta instituzioen zerrenda bat prestatzea, behar dituzten produktuak emateko eta, behar denean, zuzenean banatzeko.

e) Elkarteak dituen helburuen eta beharren berri ematea, gizartea arazoaz ohartarazteko eta herritarrengandik behar den laguntza jasotzeko.

f) Antzeko antolakundeekin eta erakunde ofizialekin hartu-emanak izatea, eurekin lankidetzan aritzeko.

Halaber, elkartearen helburuak betetzeko jarduerak betetzen dituztenak boluntarioak dira eta Euskadiko eta Espainikao Elikagaien Bankuen Federazioko kide dira. Beren lana beste elkarte batzuen lanarekin koordinatzen dute, eta horiei laguntza ematen dien sorospen-lanetan.

Arabako Foru Aldundiko Gizarte Ongizaterako Sailak “Asociación Izan” elkarteak, “Ausarki” Arabako Familia ugarien elkarteak, “Fundación Jeiki” fundazioak, Caja Laboral-Euskadiko Kutxak, “Fundación Caja Vital Kutxa Fundazioa”k, “Adra” Garapenerako eta Baliabide Asistentzialen Agentzia Adbentistak, “Asociación Erantsi” elkarteak, Gasteizko eta Urduñako “Carmelitas Descalzas” kongragazioak, “Real Monasterio de religiosas comendadoras de San Juan de Acre de Salinas de Añana” kongregazioak, Murgiako (Araba), “Comunidad de Hijas de la Caridad” komunitateak, “Hogar Alavés” ongintzarako elkarteak, Urduñako “Josefinos de Murialdo” komunitate erlijiosoak, “Religiosas de María Inmaculada, Residencia Nuestra Señora de las Mercedes” egoitzak, Gasteizko “Santa María” parrokiak eta “Instituto de las Siervas de Jesús” institutoak egiaztagiri batzuk aurkeztu dituzte. Egiaztagiri horiek erakusten dutenez, Gasteizko “Banco de Alimentos de Araba” elikagaiak xahutzearen aurkako elkarteak gizartetik baztertuta eta beharrean dauden pertsonei oinarrizko beharrak asetzen dizkie, eta Euskadiren interes orokorraren alde lan egiten du. Horrekin, beraz, bermatuta geratu da elkarteari emandako aitormena.

Lege horren 22. artikuluan agindutakoaz bat etorriz, onuragarritasun aitorpena Jaurlaritzaren Kontseiluak erabakitako dekretu baten bidez egingo da, arloa dela-eta kasuan kasuko sailek proposatuta, eta sailek eta interesatuta dauden erakunde eta entitateek txostena eman ondoren. Agindu hori betez, dagokion espedientea instruitu da, eta, ondoren, sailei eta instituzioei eskatu zaizkien txostenak erantsi zaizkio espedienteari. Txosten horietan, bestalde, aipatu elkartea onuragarria dela aitortzearen alde agertzen dira bai sailak bai instituzioak.

Ondorioz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak, eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak elkarrekin proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2002ko urtarrilaren 8an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Gasteizko “Banco de Alimentos de Araba” elikagaiak xahutzearen aurkako elkartea —Bazkunen Errolda Nagusian AS/A/07264/1998 zenbakiaz inskribatua— onuragarria dela aitortzea, uste baitugu bere jarduerekin Euskadiko interesen alde egiten duela.

Horrekin batera, aitorpen horri dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, otsailaren 12ko 3/1988 Legeko 22.2 artikuluan jasota daudenak.

Vitoria-Gasteizen, 2002ko urtarrilaren 8an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVIN.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZCÁRRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala