Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

15. zk., 2002ko urtarrilaren 22a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Nekazaritza eta Arrantza Saila
466

348/2001 DEKRETUA, abenduaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza arloko egitura laguntzak arautzen dituen Dekretua aldatzeari buruzkoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza arloko egitura laguntzak arautzen dituen abenduaren 26ko 297/2000 Dekretua argitaratu zen 2000ko abenduaren 30eko EHAAn (249 zk.). Dekretuaren xedea: “(…)arrantza arloan Europako Elkarteak gauzatu behar dituen esku-hartze egiturazkoetarako irizpide eta baldintzak zehaztea, euskal arrantza arlora zuzendutako laguntza guztietarako arau-markoa garatuz”.

Kontseiluaren 1999ko abenduaren 17ko 2792/1999 Arautegiak (EB) osatzen du egiturazko laguntzen eta arrantza arloko berregituraketaren gaietan Europako Batasunak 2000-2006 epealdirako duen esparrua. Arrantza sektoreko interbentzioen —helburu legetxe egiturak dituztenen— modalitateak eta baldintzak zehazten dira arautegi horretan, eta Estatu bateko lurraldean burututako interbentzio egiturazkoen esparrua ezartzen da arrantza sektorean.

Arautegi horren ondoren argitaratu dira, argitaratu ere, arrantza eta akuikulturaren arloan Estatuaren laguntzak aztertzeko diren Zuzentarauak (2001/C 19/05), hain zuzen ere, Estatu guztiek aplikatu behar dituztenak arlo horretako laguntza erregimenetan, betiere aldez aurretik Batzordeak onartu ondoren. Zuzentarauok, arrantza politika komuna garatzearen ondorioz, eta Estatuaren laguntzak uneoro aztertzeak dakarren eskarmentuan oinarrituta, 1997an argitaratu zirenak ordezkatzen dituzte.

Halabeharrezkoa da gaur egungo laguntza erregimena jarraibide berriei egokitzea, elkargarriak bihurtu nahi baitira Batzordeak ezarrita duen epearen barruan. Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza arloko egitura laguntzak arautzen dituen Dekretua aldatzeari buruzko abenduaren 26ko 297/2000 Dekretua aldatu beharra dakar horrek; eta aldatu, arrantza eta akuikulturaren arloan Estatuaren laguntzak aztertzeko diren Zuzentarauek (2001/C 19/05) eragiten dioten alor guztietan aldatuko da.

Ondorioz, arrantzaren arloko erakunde profesionalei aholkua eskatu, Aholku Batzorde Juridikoak dioena entzun, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak proposamena egin eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2001eko abenduaren 11n egindako bileran aztertu eta onartu ostean, hauxe

XEDATU DUT:

Lehenengo artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza arloko egitura laguntzak arautzen dituen abenduaren 26ko 297/2000 Dekretuko 8. artikuluaren 5 zenbakia aldatu egiten da, eta beste erredakzio bat izango du aurrerantzean:

“5.– Batzordearen 96/280/EE Gomendioari jarraiki enpresa txiki eta ertainetan egin daitezen inbertsioetan areagotu egin daitezke zeharkako laguntzak finantzatzeko bideak, hain zuzen ere, EEk 2 eta 3 taldeen finantzaketan partehartzeari dagokionak, eta betiere areagotze horrek diru-laguntzaren gai den kostu guztiaren %10a ez badu gainditzen. Onuradun pribatuaren partaidetza murriztea ekarriko du horrek.”

Bigarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza arloko egitura laguntzak arautzen dituen abenduaren 26ko 297/2000 Dekretuko 16. artikuluaren 4 zenbakia aldatu egiten da, eta beste erredakzio bat izango du aurrerantzean:

“4.– Batzordearen 96/280/EE Gomendioari jarraiki, enpresa txiki eta ertainetan egin daitezen inbertsioetan areagotu egin daitezke zeharkako laguntzak finantzatzeko bideak, hain zuzen ere, EEk 2 eta 3 taldeen finantzaketan EBk partehartzeari dagokionez, eta betiere areagotze horrek diru-laguntzaren gai den kostu guztiaren %10a ez badu gainditzen. Onuradun pribatuaren partaidetza murriztea ekarriko du horrek.”

Hirugarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza arloko egitura laguntzak arautzen dituen abenduaren 26ko 297/2000 Dekretuko 17. artikulua behin betiko etetearen ondorioz, erredakzio berri bat izango du bigarren neurriak:

“- Ontzia Europako Batasunaz kanpoko herrialde bati edo kide izateko izangai ez den bati behin betiko eskualdatu edo esportatzea, betiere, Nazioarteko Zuzenbidearen arauen edota arrantza baliabideen kontserbazio eta kudeaketarako arauen aurkakoa ez bada esportazio hori eta arrantzaleen lan-baldintzak egokiro bermatzen badira. Eskualdatutako ontziak aldez aurretik ustiatu dituen baliabideekin konparatuz gero, eskualdaketa honen ostean arrantza-ahalmena murriztu egingo da, salbu eta ontzi horrek arrantzarako ahalmenak galdu baditu EBrekin sinatutako erabaki baten ondorioz edo beste erabaki baten ondorioz. Hirugarren herri horretako erregistroan inskribatu behar da lehenbailehen ontzi hori eta ezingo du, aurrerantzean, arrantzarik egin EBko itsas-uretan.”

Laugarren artikulua.– 1.– Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza arloko egitura laguntzak arautzen dituen abenduaren 26ko 297/2000 Dekretuko 19. artikuluaren 2 zenbakia aldatu egiten da, eta beste erredakzio bat izango du aurrerantzean:

“2.– Sozietate misto baten barruan egindako behin betiko eskualdaketarengatiko primak ezingo dira izan artikulu honetako 1. paragrafoan ontziak zatikatzeagatik aurreikusi diren primen gehienezko kopuruaren %80tik gorakoak. Ez da, hala ere, ezelango laguntza publikorik onartuko, hori dela-eta, 20 TRB edo 22 GT baino gutxiagoko tonelaketa edo 30 urtetik gora dituzten ontzientzat.

Sozietate mistoak eratzeagatik laguntzak Itsas Arrantzako Idazkaritza Nagusian eskatu beharko dira. Idazkaritza horretan ebatziko dira eskabideok, betiere, 2792/99 (EE) Arautegiko 8. artikuluan ezarritakoa betetzen bada.”

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza arloko egitura laguntzak arautzen dituen abenduaren 26ko 297/2000 Dekretuko 19. artikuluaren 6 zenbakiko a) puntua aldatu egiten da, eta beste erredakzio bat izango du aurrerantzean:

“a) Enpresak aldi baterako elkartzeko primaren kasuan, lehenago jasotako zenbatekoaren zati bat; zati hori prorrata temporis kalkulatuko da, behin betiko geldiarazpenearen aurreko bost urteak kontutan hartuta.”

Bosgarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza arloko egitura laguntzak arautzen dituen abenduaren 26ko 297/2000 Dekretuko 32. artikuluaren 2 zenbakia aldatu egiten da, eta beste erredakzio bat izango du aurrerantzean:

“2.– Batzordearen 96/280/EE Gomendioari jarraiki, enpresa txiki eta ertainetan egin daitezen inbertsioetan areagotu egin daitezke zeharkako laguntzak finantzatzeko bideak, hain zuzen ere, EEk 2 eta 3 taldeen finantzaketan EBk partehartzeari dagokionez, eta betiere areagotze horrek diru-laguntzaren gai den kostu guztiaren %10a ez badu gainditzen. Onuradun pribatuaren partaidetza murriztea ekarriko du horrek.”

Seigarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza arloko egitura laguntzak arautzen dituen abenduaren 26ko 297/2000 Dekretuko 40. artikulua aldatu egiten da, eta beste erredakzio bat izango du aurrerantzean:

“Laguntzen xede, era berean, uretako baliabideak babestu eta garatzera zuzendutako elementu finkoak edo mugikorrak jartzeko diren elementuak eta proiektuen jarraipen zientifikoa baino ezingo dira izan. Interes kolektiboa izan beharko dute, halaber, proiektuok.”

Zazpigarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza arloko egitura laguntzak arautzen dituen abenduaren 26ko 297/2000 Dekretuko 44. artikuluaren 2 zenbakia aldatu egiten da, eta beste erredakzio bat izango du aurrerantzean:

“2.– Neurri hauen baitan Arrantzako Ekoizleen Elkarteak eratzea sustatu eta horien jarduna bideratuko da, Kontseiluaren 1992ko abenduaren 17ko 3759/1992 (EEE) Arautegian —Arrantzako Produktuen Sektorearen Merkatuaren antolaketa komuna ezartzen duenean— bideratutako ildotik. Honako laguntzak 2000ko abenduaren 31rako onespena jaso dutenentzat dira eta 2001. urteko urtarrilaren 1etik aurrera onespen hori eskuratzen dutenek, 104/2000 (EE) Arautegian ezarritakoaren arabera, laguntza horiek onespen espezifikoko eguna eta handik hiru urteren buruan jaso ahal izango dituzte, kalitate hobekuntza plana gauzatzea errazteko asmoz.

Laguntza horien zenbatekoek, 1., 2. eta 3. urteetan, honako muga hauek izango dituzte:

Ekoizleen Erakundeak edo horien kideek komertzializatutako produkzio balioaren %3, %2a eta %1a.

Ekoizleen Erakundearen kudeaketa gastuen %60a, %40a eta %20a.”

Zortzigarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza arloko egitura laguntzak arautzen dituen abenduaren 26ko 297/2000 Dekretuko 48. artikulua aldatu egiten da, eta beste erredakzio bat izango du aurrerantzean:

“44. artikuluko 2 zenbakian aipatzen diren laguntzen ordainketa 1999ko abenduaren 17ko 104/2000 (EE) Arautegiaren xedapenen bidez burutuko da. Arautegi horretan, arrantza eta akuikultura sektoreetako produktuetan merkatu komunak antolatzea ezartzen da, Kontseiluaren 1999ko abenduaren 17ko, 2792/1999 (EE) Arautegiarekin bat etorrita.

44. artikuluko 3 zenbakian aipatzen diren laguntzak honela ordainduko dira:

– Esleitutako diru-laguntzaren %50a, laguntzaren esleipen ebazpena jakitera ematen denetik aurrera.

– Diru-laguntza jaso duten jarduerak burutu direnaren frogagiriak aurkeztu ondoren ordainduko da, osorik edo zati batean, gainerako %50a.”

Bederatzigarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza arloko egitura laguntzak arautzen dituen abenduaren 26ko 297/2000 Dekretuko 51. artikuluaren 2 zenbakia aldatu egiten da, eta beste erredakzio bat izango du aurrerantzean:

“Modu honetan ordainduko dira laguntzak:

– Esleitutako diru-laguntzaren %50a, laguntzaren esleipen ebazpena jakitera ematen denetik aurrera.

– Diru-laguntza jaso duten jarduerak burutu direnaren frogagiriak aurkeztu ondoren ordainduko da, osorik edo zati batean, gainerako %50a.”

Hamargarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza arloko egitura laguntzak arautzen dituen abenduaren 26ko 297/2000 Dekretuko 53. artikulua aldatu egiten da, eta beste erredakzio bat izango du aurrerantzean:

“Gehienezko zenbatekoa honako Dekretuko II. Eranskinaren 2. paragrafoan —partaidetza finantzarioaren mailei buruzkoan— aurreikusitakoak mugatzen du.”

Hamaikagarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza arloko egitura laguntzak arautzen dituen abenduaren 26ko 297/2000 Dekretuko 54. artikuluaren 2 zenbakia aldatu egiten da, eta beste erredakzio bat izango du aurrerantzean:

“Laguntzak honako era honetan ordainduko dira:

– Esleitutako diru-laguntzaren %50a, laguntzaren esleipen ebazpena jakitera ematen denetik aurrera.

– Diru-laguntza jaso duten jarduerak burutu direnaren frogagiriak aurkeztu ondoren ordainduko da, osorik edo zati batean, gainerako %50a.”

Hamabigarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza arloko egitura laguntzak arautzen dituen abenduaren 26ko 297/2000 Dekretuko 55. artikuluaren 2 zenbakia aldatu egiten da, eta beste erredakzio bat izango du aurrerantzean:

“2.– Diru-laguntzak eskura ditzaketen inbertsio publikoak zein pribatuak, honako instalazio eta ekipoak dituzte helburu legetxe:

– Portuetan arrantza produktuak porturatzeko, tratatzeko eta biltegiratzeko baldintzak hobetzen dituztenak.

– Arrantza ontzien jarduera hobetzen dutenak, hor sartuz ontziok erregaiez, izotzez eta urez hornitzea eta ontzien mantenimendua eta segurtasuna.

– Kaiak egokitzea, produktuak ontziratu eta lehorreratzean segurtasun baldintzak hobetzearren.”

Hamahirugarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza arloko egitura laguntzak arautzen dituen abenduaren 26ko 297/2000 Dekretuko 57. artikuluaren 2 zenbakia aldatu egiten da, eta beste erredakzio bat izango du aurrerantzean:

“Laguntzak honako era honetan ordainduko dira:

– Esleitutako diru-laguntzaren %50a, laguntzaren esleipen ebazpena jakitera ematen denetik aurrera.

– Diru-laguntza jaso duten jarduerak burutu direnaren frogagiriak aurkeztu ondoren ordainduko da, osorik edo zati batean, gainerako %50a.”

Hamalaugarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza arloko egitura laguntzak arautzen dituen abenduaren 26ko 297/2000 Dekretuko 58. artikuluaren 2 zenbakia aldatu egiten da, eta beste erredakzio bat izango du aurrerantzean:

“2.– Neurriak ondorengo hauei buruzkoak izango dira, batez ere:

– Kalitatea ziurtatzearekin eta produktuen etiketatze eta normalizatzearekin lotutako ekintzak.

– Kalitatea nabarmentzen duten sustapen kanpainak.

– Azoka, areto eta erakusketak antolatu eta bertan parte hartzea.

– Kontsumitzaileen eta merkatuaren erantzunak aztertzeko frogak eta inkestak.

– Azterlanak edo merkataritza helburu duten misioak antolatzea.

– Merkatuen prospekzioa eta zundaketak, produktu komunitarioak beste herrialde batzuetan komertzializatzeko ikuspegiak ere barne hartuz.

– Komertzializatzeko baldintzak hobetzeko eta heldugabeen espezieak babesteko kanpainak, baita ere soberakindun edo infraustiatutako espezieak.

– Salmentarako aholkua eta laguntzak eta handizkariei, xehekariei eta ekoizleen erakundeei eskainitako zerbitzuak.”

2.– Dekretuaren 58. artikuluari 3 zenbakia gehituko zaio, honako hau dioena:

“3.– Lehenetsiko diren neurriak:

– Soberakindun edo infraustiatutako espezien komertzializazioa bermatuko dutenak.

– 3759/92 zenbakiko Arautegiaren (EE) arabera aitorpen ofiziala eman zaien erakundeei aplikatutakoak.

– Ekoizleen hainbat erakundek edo agintari nazionalek aitortuta egon eta sektorekoak diren beste erakundeek aldi berean aplikatutakoak.

– Arrantzako eta akuikulturako produktuei dagokienez, kalitatezko politika bat susta dezatenak

– Ingurugiroa errespetatzen duten metodoen bidez lortutako produktuak sustatzezkoak”.

3.– Dekretuaren 58. artikuluari 4 zenbakia gehituko zaio:

“4.– Ez da neurririk hartuko merkataritzako marken arabera eta ez zaio ezelango aipamenik egingo halako edo bestelako herrialde edo inguruari, salbu eta jatorrizko aitorpen ofiziala Kontseiluaren 1992ko uztailaren 14ko 2081/92 Arautegiz emandakoa bada, produktu edo fabrikazio prozedura jakin baten inguru geografiko bati dagokionez. Dekretu hori nekazaritzako produktuen eta elikagaien indikazio geografikoak eta jatorrizko izenak babesteari buruzkoa da. Erreferentzia hori 2081/92 Arautegiko (EE) 6. artikuluaren 3 paragrafoan ezarritako erregistroan inskribatzen denetik aurrera baino ez da onartuko.”

Hamabosgarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza arloko egitura laguntzak arautzen dituen abenduaren 26ko 297/2000 Dekretuko 59. artikulua aldatu egiten da, eta beste erredakzio bat izango du aurrerantzean:

“Finantza partaidetzari buruzko 2. paragrafoan —Dekretu honetako II. eranskinekoan— finkatutako gehienezkoek mugatuko dute gehienezko zenbatekoa.”

Hamaseigarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza arloko egitura laguntzak arautzen dituen abenduaren 26ko 297/2000 Dekretuko 60. artikuluaren 2. paragrafoa aldatu egiten da, eta beste erredakzio bat izango du aurrerantzean:

“Laguntzak honako era honetan ordainduko dira:

– Esleitutako diru-laguntzaren %50a, laguntzaren esleipen ebazpena jakitera ematen denetik aurrera.

– Diru-laguntza jaso duten jarduerak burutu direnaren frogagiriak aurkeztu ondoren ordainduko da, osorik edo zati batean, gainerako %50a.”

Hamazazpigarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza arloko egitura laguntzak arautzen dituen abenduaren 26ko 297/2000 Dekretuko bederatzigarren xedapen gehigarriari lerroalde berri bat, bigarrena, gehituko zaio:

“Arrantza sektorerako laguntza estatalak (EBAO-C19, 2001eko urtarrilaren 20koa) aztertzeko jarraibideekin elkargarriak izango dira laguntzok 2001eko uztailaren 1etik aurrera, eta diru-laguntzak ezingo du gainditu itsas-ontziaren benetako kostuaren %20a.”

Hamazortzigarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza arloko egitura laguntzak arautzen dituen abenduaren 26ko 297/2000 Dekretuari hamabigarren xedapen gehigarria gehitzen zaio:

“Dekretu honetan ezarritako diru-laguntzen ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legean eta horren garapen arauetan ezarritako moduan, honako entitate hauek joko dira laguntzailetzat: Gipuzkoako Kofradien Federazioa, Bizkaiko Kofradien Federazioa, Euskadiko Arrantza Komertzializatzaileen Federazioa, Pasaiako Arrantza Ontzietako Armadoreen Elkartea eta Ondarroako Alturako Arrantza Ekoizleen Erakundea, betiere, Dekretu hau garatuko duen Aginduaren bidez zehaztuko diren kaudimena eta eraginkortasun badituzte. Entitate laguntzaile izendatzeko prozedura ere Agindu horretan finkatuko da, azken baten lankidetza Akordioa izenpetzea ekarriko duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legean eta horren garapen arauetan ezarritako oinarrizko erregimena —entitate laguntzaileen obligazioei buruzkoa—kontuan izanda, aurreko lerroaldean aipatzen diren entitateek Nekazaritza eta Arrantza Sailarekin batera egingo dute lan Dekretu horri dagozkion zenbait eginkizun burutzeko, honako hauek hain zuzen:

– Bazkideek aurkeztutako eskabideen izapideak.

– Aurkeztutako egitasmoen eta horien exekuzio planaren analisia.

– Egitasmoen bideragarritasunari eta horien exekuzio planari buruzko iradokizunak.”

Hemeretzigarren artikulua.– II. eranskineko 2. paragrafoari, partaidetza finantzarioaren mailei buruzkoari, lerroalde berri bat gehituko zaio:

“Kudeaketako agintaritzak zehaztuko du zenbait zeregin 1 edo 3 taldean sartzen diren, honako hauek alegia: ur baliabideak zaintzea eta garatzea, arrantza portuen ekipamendua, merkataritzako irtenbide berriak sustatu eta bilatzeko neurriak eta profesionalek gauzatutako ekintzak. Honako ezaugarri hauek hartuko dira kontuan:

– Interes kolektiboak lehenetsiko dira, eta ez norbanako interesak.

– Onuradun kolektiboak (ekoizleen erakundeak; merkataritzako ordezkarien erakundeak) lehenetsiko dira, eta ez norbanako onuradunak.

– Jendeak eragiketaren emaitzak eskura izatea lehenetsiko da, eta ez jabego eta kontrol pribatua.

– Erakunde kolektibo eta ikerketa institutuen partaidetza finantzarioa.”

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin egunaren biharamunean hartuko du indarra dekretu honek.

Vitoria-Gasteizen, 2001eko abenduaren 11n.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

IÑAKI GERENABARRENA MARTÍNEZ DE LA HIDALGA.


Azterketa dokumentala