Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

4. zk., 2002ko urtarrilaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
104

372/2001 DEKRETUA, abenduaren 26koa, Barakaldoko (Bizkaia) FESA Industri Pabiloia, Monumentu izendapenaz, Kultura Ondasun gisa deklaratzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babespean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

1995eko abuztuaren 8ko (urriaren 2ko 188.zk-a duen EHAA) Kultura Gazteria eta Kirol Sailburuordearen Ebazpenaren bidez, Barakaldoko (Bizkaia) FESA Industri Pabiloia Monumentu izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera eman zitzaion.

Halere, espedientea ez zen jendaurreko informazioaldira eta interesdunen entzunaldira joan, eta geldituta geratu zen, Maser Maquinaria y Servicios S.L.-k 2001eko uztailaren 18an idazki bat aurkeztu arte. Honetan, izapidetzeak aurrera egin zezan eta espedientea bukatua izan zedila eskatzen zen.

Espedientea amaitzeko, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek 2001eko abuztuaren 10ean balorazio txostena ikusita, 2001eko urriaren 4an Ebazpen Proposamena egin zen. Txostena egun babes objektua den ondasunaren deskripzioa, mugapena eta babes araudia egokitzeko zen, nabe bien eraisketa suertatu baitzen. Kultura Gazteria eta Kirol Sailburuordearen 2001eko urriaren 5eko Ebazpena eman zen (urriaren 24ko 206.zk-a duen EHAA) espedientean jendaurreko informazioaldia eta interesdunen entzunaldia ezartzeko.

Jendaurreko informazioaldia eta interesduna entzuteko izapideak burutu eta era egokian eta epe barruan, 2001eko urriaren 30ean Barakaldoko Udalak, Hirigintza Arloko Udal arkitektoak egindako alegazioak aurkeztu dira, Eranskinetan diren deskripzioa, mugaketa eta babes araudiari buruzkoak. Mugaketari dagokionez, egun den eraikina babesten dela esan behar da. Deskripzioaz, den pabilioiarena dela esan behar da ere, eta ez erausi zirenena.Beraz, sei nabe berdinak dira, 13,5 cm-ko zabalerakoak. Eta Babes Araudiari buruz, eta etorkizunerako erabilpenak ezarri ahal izateko, diren debekuen neurria zehazteko beharraz, horretarako III. eranskinean aldaketak sartu dira, 9.5. artikuluan, eta 11. artikuluari h) atal bat egin zaio.

Ondorioz, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen 11.1. eta 12. artikuluetan ezarritakoarekin bat, Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek egindako aldeko txostena ikusirik, 2001eko abenduaren 26ko bilkuran Jaurlaritzaren Kontseiluak aztertu eta onartu ondoren eta Kultura sailburuaren proposamena kontuan harturik, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Barakaldoko (Bizkaia) FESA Industri Pabiloia, Monumentu izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzea, III. eranskineko Babes Araudian aldaketak eginez, Barakaldoko Udalak 2001eko urriaren 30eko dataz aurkeztutako alegazioa kontutan hartuz, Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek beren txostenetan arrazoitutakoarekin bat etorriz.

2. artikulua.– I. eranskinean azaltzen diren arrazoiak direla-eta ondasunaren mugaketa bezala Dekretu honen Eranskin berean agertzen dena ezartzea.

3. artikulua.– Indarrean dagoen Kultura Ondareari buruzko legeak aurreikusten dituen ondorioetarako Barakaldoko FESA Industri Pabiloiaren deskripzio formala egitea, Dekretu honen II. eranskinean agertzen den moduan.

4. artikulua.– Dekretu honen III. eranskinean agertzen den Barakaldoko FESA Industri Pabiloiaren babes-araubidea onestea.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Kultura Sailak Barakaldoko FESA Industri Pabiloia Euskal Kultura Ondarearen Zentratuari atxikitutako Kalifikatutako Kultura Ondasunen Erroldan inskribatuko du.

Bigarrena.– Kultura Sailak Jabego Erregistroari Dekretu honen berri emango dio, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusitako eraginetarako. Era berean, interesdunei, Barakaldoko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari jakinaraziko zaie.

Hirugarrena.– Kultura Sailak Barakaldoko Udalari eskatuko dio udaleko hirigintza-araudia Monumentu Multzoaren babes-araubideari egokitzeko, horrela Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.2. artikuluan ezarritakoa betez.

Laugarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.

ALDIBATERAKO XEDAPENA

Monumentuaren mugaketak barne hartu duen eremu batean egin behar diren lanek dagokien Foru Aldundiko organo eskudunen baimena beharko dute. Baimen hori udal baimena eskuratu aurretik lortu beharko da, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 29.1 artikuluan ezarri bezala.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen Dekretu honen aurka, interesdunek, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Gobernu Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari, Dekretu hau argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2001eko abenduaren 26an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Kultura sailburua,

MIREN KARMELE AZKARATE VILLAR.

I. ERASKINA
MUGAKETA

Mugatutako eremua.

Mugaketak eraikina bera eta haren ingurua hartzen ditu.

Honako hauek dira mugatutako eremuaren mugak: Mendebaldean partzelarako sarrera den bidea, marra paralelo bat eginez fatxadatik 18 metrora; Iparraldean ondoko hormigoizko eraikinaren fatxada, hegoaldean ondoko finka mugakidea ixten duen harlangaitzezko harresia eta Ekialdean Cadagua ibaia.

Mugaketaren justifikazioa

Mugaketaren helburua pabiloiaren inguruko azalera zaintzea da, aurrera begira funtzionalki mugatua gerta ez dadin eta ondasunak bere balioa hobeto berreskuratu dezan. Dentsitate ertain beherakorreko inguru industrial batean dago, Cadaguako ibarrean, horrek Bilboko itsasadarrarekin bat egiten duen ingurutik hurbil; inguruak aldaketa urbanistikoak izango ditu datozen urteetan. Inguruaren mugaketa beharrezkoa da ondasuna behar den moduan babesteko eta dagokion balioa izan dezan, horregatik, babestuko dira pabiloiak inguruan, bera jotzen, dituen espazioak, lurzoru hutsak direnak, hain zuzen ere. Hori guztia egiten da multzoaren iragana ulertzeko eta aurrerantzean ere duen balioarekin bat datorren garapena ahalbidetzeko.

Guzti horrengatik, mugaketa honen baitan eraikinaz gain bere jirako ingurua ere sartzen da.

(Ikus .PDF)

II. ERASKINA
DESKRIPZIOA

FESA pabiloi industriala XX. mendeko 1909-1912 urte bitartean eraiki zen eta industriaren garapenaren eremuan zurez egindako eraikinen artean den eredurik sofistikatuena eta izugarriena da

FESA pabiloia zabaletara egindako solairu bakarreko fabrika-mota da, XIX. Mendearen bigarren erdialdean Europa osoan zehar hedatu zen motakoa. Pabiloia nabeen bidez garatzen da; oin errektangeluarreko eraikina, bi isurialdeko estalkia, infinituraino luza daitekeena, instalatzeko erraza, handitzeko aukera ematen duena eta barruko espazioa erabat aprobetxatzeko aukera ematen duena tarteko euskarririk ez duelako. Nabea edukinontzi sinplea da, nahi besteraino luzatutako sekzioa eta argitasuna murruaren hegaletako zutabe arteko hormatalak zulatuz lortzen da edo bestela, gailurraren luzeran egindako linternatzar korritu eta klaraboia handien bidez.

Pabiloiaren oina kasik karratua da, gutxi gorabehera 73 x 81 metroko neurria du. Bata bestearen ondoan jarritako 13,5 metroko zabalera duten sei nabe berdinek osatzen dute. Nabeen orientazioa Ipar-Hegoaldekoa da, horrela baitago luzetara jarrita bi isurialdeko estalkian dagoen linterna. Nabe bakoitzak 14 bitarte ditu sestra sofistikatuz eta pinotea-zurezko zutabez egindakoak.

Eraikinak kanpoaldetik edukinontzi itxura du, bolumen prismatiko sinplea du inolako apaindurarik gabekoa eta nolabaiteko forma-adierazpen bakarra ipar eta hegoaldeko altxaeretan erakusten du, hor kokatzen baitira nabeen estalkien aurrealdea eta linternak. Perimetroaren eta gailurraren altuera 11,5 eta 15 da hurrenez hurren. Nabe guztiek altuera bera dute.

Iparraldeko altxaera da pabiloirako sarrera eta duen luzera guztian zehar kale bat egiten du ondoan duen beste nabe industrial bat muga delarik. Eraikinaren nabeen sekzioaren isla da. Nabe bakoitzak bere altzairu galbanizatuzko tamaina handiko ate korrigarria du. Hegoaldeko altxaera iparraldekoaren antzekoa da konposizio aldetik baina adreilu entokatuz egindako fatxada itsua da, inolako irekidurarik ez duena; nabari dira adreiluzko zutabez egindako egitura eta estalkiko laxken buruak. Ekialdeko altxaera da Cadagua ibaitik hurbilen dagoena eta harekiko paralelo dago; barrenean inolako itxidurarik ez duen fatxada laua du eta horrek aireztatze naturala izateko aukera ematen du; argi azaltzen dira nabearen 14 bitarteak eta bere zurezko pilarez egindako egitura.

Altxaerak, oro har, tolestutako altzairuzko txapaz estalita daude kolore marroiz eta zuriz eta igeltsero-lan gutxi du. Alboetan barruko sestren bermapuntuen kapitelen buruak harburu legez jarrita ikus daitezke.

Barruko aldeak zurezko zutabezko baso handia dirudi, oin zuzen exentuak adar antzera jarritako jabaloi eta txarrantxadurak dituztenak. Espazioa soila da, apaindurarik gabekoa, egituraren eskeletoa protagonista duen hutsunea. Bi isurialdeko estalkia du eta zurezko sestren gainean luzetara jarritako linterna jarraitua du.

Honako hauek osatzen dute sestra bakoitza: tirante bikoitza, pendoloia, eta estalkiko astazaldi eta habeak. Tirante bakoitza bi piezarekin eginda dago, eta izpi-formadun loturak erabiltzen dira, zeinak pernozko mihiztadura eta hiru metalezko pletina dituzten. Pendoloia luzatu egiten da gorantz eta estalkiko linterna osatzen du. Estalkiko habeak murriztu egiten dituzte bermapuntuen arteko tarteak 7 metroko luzera duten astazaldi eta jabalonen bidez, zeinak 6metroko altueratik zurezko posteetatik jaiotzen diren. Jabaloiak bata bestearen artean zurezko bi tirante pareren bidez txarrantxatzen dira.

Sestrak oin zuzenen goiko hegalak koroatzen dituzten zurezko kapitel edo zapaten gainean oin hartzen dute. Posteak benetako enborrak dira, 11metrokoak, sekzio karratuak dituzte eta hegal bakoitza ia 50 cm-koa da eta bakoitza hormigoizko basamendu latz batean sartuta dago. Hormigoizko basamenduak metro bateko altuera du eta burdinazko txapaz estalita dago; txapak ez dira erregularrak eta ez daude jarrita poste guztietan.

Sestra-multzoa San Andresen gurutzeen bidez txarrantxatuta dago, bai gailurraren altueran bai 7 poste-ilaren gaineko aldean. Oro har, eraikuntza-sistema osorik eta egoera onean mantendu izan da. Hormarte bakoitzak aireko zurezko pasillo bat du sestren tiranteen gainean oin hartzen duena.

Hegoaldeko aldearen zutabeak adreiluzkoak dira (1x1 metro) eta barruko aldetik begiratuta, 4,5 metrotik behin agertzen diren matxoiak dira, harlangaitzezko zokalo gainean oin hartzen dutenak eta zementuzko morteroz erabat zarpeatuta daudenak.

Zenit-argiztapena du, hots, goitikakoa, eta honako hauen bidez lortzen da: inolako itxiturarik ez duten hegaletako baoen bidez, gailurretan kokatutako linternen bidez eta linternekiko perpendikular kokatuta dauden polikarbonato transluzidoen bidez. Zolatuak hormigoi talotxatuz egindakoak dira eta goitik beherako paramentuak tolestutako txapazkoak dira nahiz eta igeltsero-lan apurren bat ere izan. Estalkia txapa ondulatuzkoa da. Barruan nabeekiko paralelo jarrita dagoen txapazko itxitura arin batek pabiloia zati bitan banatzen du eta horregatik ez da espazioa bolumen bakarra legez hautematen.

III. ERANSKINA
BABES ERREGIMENA
I. KAPITULUA
BABES ERREGIMENAREN XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Babes-erregimenaren xedea.

Babes-erregimen honen idazketa justifikatuta dago, Euskal Kultur Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12. artikuluaren babesean Barakaldoko Burceñako FESA Pabiloia monumentu sailkatu izendatzeko espedienteari hasiera eman zaiolako.

2. artikulua.– Ezarpen-eremua.

Ondoren finkatuko den Babes Erregimena Barakaldoko Burceñako FESA Pabiloiari ezarriko zaio izendapenaren I. eta II. eranskinetan ezartzen diren mugaketaren eta deskripzioaren arabera.

3. artikulua.– Babes berezia behar duten elementuen zehaztapena.

Sailkatutako eraikinean babes berezia behar duten elementuak ondorengo hauek dira:

– Bolumetria eta sei nabeen multzoaren espazioaren antolaketa.

– Egiturazko elementu guztiak.

– Kanpo lagatzen dira eraikinaren itxiturak, ez dutelako inolako baliorik.

4. artikulua.– Izaera loteslea.

Babes-erregimen honetako arauak lotesleak dira, eta eraikina arau horiek errespetatuz kontserbatu beharko da. Era berean, erregimen honetako arauek hirigintza-plangintzako tresnak lotzen ditu, eta beraz, horiek ere bete egin beharko dute babes-erregimen hau, 7/90 Legeak, Euskal Kultur Ondareari buruzkoak, bere 28.1 artikuluan ezartzen duen bezala. Aipatu arau hori betetzeko, honako babes-erregimen hau duen eraikinari aplika dakiokeen hirigintza-plangintzak nahitaezkoa izango du onartu aurretik Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren aldeko txostena lortzea.

5. artikulua.– Preskripzio orokorrak

1.– Honako babes-erregimen hau duen ondasunak Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legea bete beharko du, ondorengoei dagokienez: baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta gainerako alderdiei.

2.– Babes-erregimenari lotuta dagoen ondasunaren jabeek ondasunaren kontserbazio, zainketa eta babeserako betebeharrak bete beharko dituzte. Betebehar horiek ere Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legean ezartzen dira, bere 20. eta 35. artikuluetan, eta gainera, Lurzoruaren 6/1998 Legearen 19. artikuluan.

3.– Ondasun hori botatzeko, dela osoa, dela zati bat, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak bere 36. artikuluan xedatutakoa bete eta jarraitu beharko da.

II. KAPITULUA
ERABILERAK

6. artikulua.– Erabilera baimenduak.

1.– Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak bere 23. artikuluan xedatutakoa betez, baimendutako erabilerak, eraikinaren ezaugarrietara moldatzen direnak izango dira, eta eraikinaren kontserbazio egokia ziurtatu eta babes-erregimen honen 3. artikuluan ezarritako elementuentzat ezartzen den babes berezia bermatzen dutenak, ez bestelakoak.

2.– Debekatu egingo dira aurreko paragrafoan ezarritakoa betetzen ez duten erabilera guztiak.

7. artikulua.– Irisgarritasun-araudira eta suaren aurka babesteko araudira egokitzea.

Eraikina edozein erabilera berrira moldatzeko eta ondasunaren gain egin nahi den edozein esku-hartze burutzeko, indarrean dagoen irisgarritasunari buruzko araudiaren eta suaren aurka babestekoaren irizpideei jarraitu beharko zaie, Babes Erregimenaren III. Kapituluan eraikinarentzat ezarritako jarduketa-mugak kontuan izanda.

III. KAPITULUA
ESKU HARTZEKO ERREGIMENA
1. ATALA: ESKU HARTZEKO IRIZPIDE OROKORRAK

8. artikulua.– Esku hartzeko proiektuak.

Honako babes-erregimen hau duen ondasunaren gain edozein esku-hartze egin aurretik, dagokion esku hartzeko proiektua burutu beharko da. Proiektu horrek ondorengo edukia izan beharko du:

a) Egungo egoerari buruzko dokumentazio grafiko xehatua: solairuak, 1/50 eskalan eginak; fatxada eta sekzioak, 1/20 eskalan, bere xehetasun arkitektoniko guztiekin batera, argazki-dokumentazio osoarekin, plano historikoekin e.a.; eta bereziki, egitura-sistemaren altxaera xehatua, neurtua eta akotatua.

b) Ondorengoak deskribatzen dituen dokumentazio grafikoa: egin beharreko esku-hartzeak, erabili beharreko materialak, lanak burutzeko faseak, eta lehen aipatu eskaletan proiektatutako azken egoera.

c) Kontserbazio-egoeraren azterketa. Azterketa horretan, besteak beste, honakook atxikiko dira: egitura-sisteman eragiten duten edo eragin dezaketen patologia ezberdinei buruzko azterketa bat, eta elementu ezberdinak babesteko erabaki diren neurriak.

d) Egin beharreko lanak eta erabili beharreko teknikak zehazten dituen idatzizko dokumentazioa. Gainera, erabili beharreko materialen kalitatea, material horien egokitasun eta egonkortasuna, eta beste osagaiekin duten elkarrekintza adierazi beharko dira.

e) Eraikina mantendu eta ziurtatzeko beharrezkoak diren teknika eta bitartekoak zehaztuta.

f) Esku-hartzearen aurrekontua, lanak babes-erregimen honek ezarritako aginduen arabera burutzeko behar diren teknika eta bitarteko guztiak barne hartzen dituena.

9. artikulua.– Debekatutako jarduerak.

Eraikinaren gain baimendutako esku-hartzeak bere balore historiko-arkitektonikoak kontserbatzeko mugatu dira. Horregatik, debekatu egiten dira babes bereziko funtsezko elementu horien ezaugarriak alda ditzakeen esku-hartze oro, ezaugarri horiek ematen baitiote balioa eraikin honi. Elementu horiek Babes Erregimen honen 3. artikuluan zerrendatzen dira.

Oro har, ez dira baimenduko ondoren aipatzen diren esku-hartze guztiak, edo FESA pabiloiaren balio historiko-arkitektonikoak kalte ditzaketen esku-hartzeak, ezta Babes Erregimen honetako beste edozein alderdiren aurka egiten duten gainerako esku-hartzeak ere. Xede horretarako, beren beregi debekatzen dira ondorengoak:

1.– Eraikinaren barruko bolumena aldatzea.

2.– Egungo egitura aldatzea.

3.– 9 metrotik gorako eraikinak eranstea, baldin eta jatorrizko sei nabeek kanpotik erakusten duten osotasun-itxura gutxiesten badute edo funtzioei begira ez badaude pabiloiarekin lotuta.

4.– Estalkien jatorrizko disposizioa aldatzea: jasodura-obrak, maldak aldatzea, disposizioa eta faldoi-kopurua aldatzea.

5.– Pabiloiaren barrua aldatzea: bolumetria, banaketa, solairukako banaketa, egituraren elementuak edo airezko egurrezko pasiloak, hain zuzen, jatorrizkoak izaki, eraikinari multzoko ikuspen globala indargabetu edota eragozten dituztenak.

6.– Pabiloiaren egiturazko antolaketa eta bera osatzen duten elementuak aldatzea.

7.– Estaldurak eta bestelakoak: egurrezko egitura dela ezkutatzen dutenak, edo espazio aldetik egitura asfixiatzen dutenak edo egitura laguntzaile bezala erabiltzen dutenak.

8.– 3. artikuluan babes bereziko elementu moduan jasotakoei dagokienez: estilo gehikuntzak, nahiz eta dagokion elementuak zein itxura izan zuen edo eskuhartze-lanak bukatutakoan izan beharko lukeen jasotzen duen dokumentazio grafikoa edo plastikoa izan.

9.– Nabeen barruko espazioan esku-hartzeak egitea, baldin eta barruaren ikuspegi orokorra oztopatzen badute.

10.– Oro har, Babes-erregimen honetako 2. atalean ezarri ez diren esku-hartze guztiak (esku hartzeko irizpide espezifikoak), babes berezia duten elementuen gain egin beharrekoak.

2. ATALA: ESKU HARTZEKO IRIZPIDE ESPEZIFIKOAK

10. artikulua.– Esku-hartzeko irizpide espezifikoak.

Babes-erregimenaren atal honetan azaltzen diren esku hartzeko irizpide espezifikoek FESA pabiloia osatzen duten elementuetan nola esku har daitekeen eta esku-hartzearen mugak ezartzen dituzte.

1.– Babes Erregimen honetako 3. artikuluan babes bereziko modura aipatutako elementuen gain, 308/2000 Dekretuan Berriztapen Zientifikorako ezarritako lanak bakarrik egin ahal izango dira. Dekretu horrek ondare urbanizatu eta eraikiaren birgaitze-jarduketa babestuak arautzen ditu.

2.– Eraikinari beste erabilera bat eman behar dela eta, egingo diren egokitzapen-obrak ahalik eta txikienak izango dira. Obrak egiterakoan kontu handiz zainduko da barruko itxura, saihestu egingo da egituraren antolaketan eta pabiloiaren barruko espazioen sekuentzian aldaketa nabarmenak egitea eta ez da baimenduko eurok solairutan banatzea.

3.– Baimendutako obrek nahitaez bete beharko dituzte ondorengo baldintzak:

a) Ez da erabiliko egurraren azaleko testura konpondu ezineko moduan utzi dezakeen garbitasun-tratamendurik. Garbitzeari ekin aurretik eta materialaren konposizioa aztertu ondoren, babestu egingo dira elementurik ahulenak eta estali egingo dira egurrak dituen juntak eta arrakalak.

b) Egiturazko elementuak oro har: ondo ez badaude aztertu egin beharko da nola sendotu kasuan kasu erabili daitezkeen tekniken bidez; hori horrela, elementuak desmuntatzea eta berreraikitzea, besterik ezean, erabili beharreko teknikak izango dira.

c) Instalazioak: instalazioetako kondukzioak eskura jarriko dira baina era berean, modu diskretuan eta ezingo da horretarako oin zuzenik ez jabaloirik erabili. Babestu behar den ondasuna egurrezkoa denez gero, suaren aurkako babes-sistema egokia jarri beharko da eraikinean. Eraikina zertarako erabiliko den kontuan izanda, erabilera jakinari dagokion besteko aireztatze-sistema izan beharko du.

d) Barruko espazioa osorik ikusten lagatzen ez duten barruko itxidurak kendu egingo dira eta aztertu egingo da teknikoki ea, kontserbazioaren, estetikaren eta funtzionaltasunaren aldetik erreparatuta, egun diren hormigoizko harroinak kontserbatu ala aldatu egin behar diren.

e) Babestutako ondasunaren gain egin beharreko esku-hartzeetan aurrerantzean egin daitekeen beste esku-hartzeren bat galaraziko ez duten teknikak eta materialak erabiliko dira. Babestutako ondasuna eraberritzeko egin beharreko lanak, lanok teknikoki ahalik eta bermerik gehienarekin egiteko gai dela egiaztatzen duen enpresa espezializatuei emango zaizkie.

11. artikulua.– Baimendutako eraikuntzazko esku-hartzeak.

FESA Pabiloiarentzat, baimendutako esku-hartzeak ondoren aipatzen direnak dira, baldin eta tipologia, forma eta egiturazko elementuak errespetatzen badituzte:

a) Espazio arkitektonikoa birgaitzea eta aldatutako zatiak jatorrizko egoerara bihurtzea. Horretarako, lan hauek burutu beharko dira:

– Bai barruan bai kanpoan egitura birgaitzea eta, ahal denean, aldatutako jatorrizko eraikuntza-elementuak berreskuratuko dira.

– Estalkiaren eta fatxadaren egungo materialak aldatzea.

– Fatxaden osaera-balioa berreskuratzeko aukera ematen duten elementuak birgaitzea.

– 3. artikuluan aipatzen diren babes bereziko elementuen barne espazioak birgaitzea.

– 3. artikuluan aipatzen diren elementuen espazioen banaketa eta antolaketa kontserbatzea edo berrezartzea.

– Inguruko esparrua kontserbatzea edo erreserbatzea, eraikinaren zati osagarria den aldetik.

b) Sendotze-lanak, berreskura ezin daitezkeen elementuak ordezkatuz, baina 3. Artikuluan jasotako babes bereziko elementuen ondorengo egiturazko elementuen posizioa edo kota aldatu gabe:

– Kanpoko edo barruko oin zuzen eta zutabeak.

– Egurrezko sestrak.

– Txarrantxadurak, gurutzadurak, jabaloiak eta bestelako egiturazko elementuak.

– Aireko pasilloak.

c) Kalte egiten duten gehigarriak eta interesik ez duten edo eraikinaren jatorrizko ezaugarri arkitektonikoekin bat ez datozen lan guztiak kentzea.

d) Beharrezko instalazio higieniko-sanitarioak jartzea, beti ere Babes-Erregimen honetako preskripzio guztiak errespetatuz.

e) Babes berezikotzat jo ez diren fatxadak birgaitzea eta osatzea baina, beti ere, barruko egitura-antolaketari eta 3. artikuluan aipatzen diren elementuen ezaugarriei eragin gabe.

f) Akabatuaren elementu hondaturen bat konpontzea xede duten obrak, baldin eta egitura-funtzio edo eusteko funtziorik ez badute.

g) Barruko lanak: entokatua eta pintura; zoladura egin eta konpontzea; zurgintzako barne-lanak; iturgintza-lanak; berogailua jartzea, beti ere, Babes-Erregimen honen aurka ez doazenean.

h) Altuera gutxiko barruko zatiketak, itxiera arinekin, manpara, beira, bilbe metaliko edo antzekoen modukoak, puntualak eta exentuak diren osagai bolumetrikoak, argi ulergarriak eta babes araudi honen 9. eta 10. artikuluekin ados direnak.

12. artikulua.– Ondasun babestua berreraikitzeko edo berreskuratzeko esku-hartzeak.

Aurreko artikuluak esandakoa betez, ondasunaren narriadura-kasuan, ondorengo eragiketa edo integrazioak onartzen dira:

1) Dokumentu bidez egiaztatutako egiturazko zatien integrazioa. Horretarako, kasuaren arabera, edo integrazioen ingerada argi zehazten da, edo material ezberdin baina harmoniko bat hartzen da, lehen begiratuan bereizten dena, batez ere zati zaharrekin batzen den puntu horietan.

2) Zatika egindako lanen dekorazioa berriro osatzea, zatiren bat galdu duten lanen asentamendua, hutsune txikiak lehen begiratuan bereizten diren teknika bidez berreraikiz edo jatorrizko zatiekin lotzen diren maila ezberdineko zona neutroak jarriz, edo jatorrizko euskarria agerian utziz. Ez dira inoiz zonalde figuratiboak "ex novo" integratuko edo obraren figurazioaren elementu nagusiak sartuko.


Azterketa dokumentala