Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

4. zk., 2002ko urtarrilaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
100

EBAZPENA, 2001eko abenduaren 17koa, Merkataritza eta Kontsumo sailburuordearena, Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbara Ofizialetako Gobernu Organoak berritzeko hauteskundeetarako deia egiteko dena.

Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbara Ofizialei buruzko martxoaren 22ko 3/1993 Oinarrizko Legeak dionez, Estatuko Administrazioari dagokio hauteskundeetarako prozesuaren hasiera zehaztea, gai horretan eskumena duten autonomi erkidegoei kontsulta egin ondoren; hauteskundeetarako deia egitea, berriz, kasuan kasu horien gain dagoen administrazioari.

Ekonomia Ministerioaren 2001eko ekainaren 25eko Aginduak irekitzat ematen du hauteskundeetarako prozesua Espainiako Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbara Ofizialen Plenoak eta bere Kontseilu Nagusia berritzeko.

Ganbarek hautesleen zerrendak jendaurrean jarri ondoren, eta horien aurka aurkezten diren erreklamazio eta errekurtsoak ebatzi ondoren, bidezko da Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbara Ofizialetako Gobernu Organoak berritzeko hauteskundeetarako deia egitea, Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbara Ofizialei buruzko martxoaren 22ko 3/1993 Oinarrizko Legearen II. kapituluan eta, ekainaren 22ko 816/1990 Errege Dekretuak emandako idazkeraren arabera, Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbara Ofizialei buruzko Arautegi Orokorraren III. kapituluan xedatutakoa betez.

Ondorioz, xedapen horien arabera, Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen urriaren 16ko 223/2001 Dekretuaren 18.2 artikuluak ematen dizkidan eskumenen indarrez, eta Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbara Ofizialei kontsulta egin ondoren, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Deialdia.

Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbara Ofizialetako Gobernu Organoak berritzeko hauteskundeetarako deia egitea.

Bigarrena.– Hauteskunde-batzordeak.

1.– Hauteskundeen gardentasuna eta objektibitatea bermatzeko, deialdi hau argitaratzen denetik zortzi eguneko epearen barruan, ganbara bakoitzaren eremuari dagokion hauteskunde–batzordea eratuko da, ekainaren 22ko 816/1990 Errege Dekretuaren 18. artikuluan jasotako eran eta osaketa eta aginpidetzekin.

2.– Ganbara bakoitzaren egoitza sozialean jarriko da hauteskunde-batzordeen egoitza.

3.– Hauteskunde-batzordeetan ganbarek izango dituzten hautesle-ordezkariak aukeratzeko zozketa Merkataritza eta Industriako Arabako Ganbararen egoitzan (Eduardo Dato kalea, 38) izango da goizeko 12:00etan, deialdi hau argitaratzen den egunaren hurrengo egun baliodunean. Ekitaldia publikoa eta bakarra izango da Euskal Autonomia Erkidego osorako eta Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko ordezkari bat izango da horren buru.

Hirugarrena.– Hautagai-zerrendak, hautesleek emandako botoen arabera.

1.– Ganbara bakoitzeko plenoa osatzen duten talde eta kategoria bakoitzari dagozkion kideen hautagai-zerrendak kasuan kasuko ganbarako idazkaritzan aurkeztu beharko dira idatziz, idazkaritza horien lanorduen barruan eta ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den biharamunetik hamabost egun balioduneko epearen barruan.

2.– Ekainaren 22ko 816/1990 Errege Dekretuaren 18.bis.1. artikuluan xedatutakoaren arabera, talde edo, hala badagokio, kategoria bakoitzeko haustesleen %5en sinaduren abala beharko dute hautagai-zerrendek gutxienez. Taldeko edo kategoriako hautesleak berrehundik gora balira, nahikoa izango da hamar hautesleren sinadura.

3. Hautagai-zerrendak aurkezteko idazkian hauexek jaso beharko dituzte:

a) Pertsona fisikoa bada: izen-abizenak, helbidea eta NAN zenbakia.

b) Pertsona juridikoa bada: sozietatearen izena, helbidea, identifikazio fiskalerako zenbakia eta bere ordez izenpetzen duen pertsona fisikoaren datuak. Ordezkaritza hori behar bezalako ahalordearen bidez kreditatu beharko da.

c) Hautagai izatea onartu den egiaztagiria, izangaiak izenpetuta eta jakinarazpenetarako helbidea jarrita.

d) Izenpea egiaztatzeko, fede-emaile publikoz, banketxe baten onarpenaz edo ganbarako idazkariaren egiaztagiri batez kreditatu beharko da.

4.– Hautagai-zerrendak aurkezteko idazkariarekin batera Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbara Ofizialei buruzko martxoaren 22ko 3/1993 Oinarrizko Legearen 8. artikuluak eskatzen dituen eskakizunak kreditatzen dituzten agiriak aurkeztu beharko ditu hautagaiak plenoko kide izateko.

5.– Hautesleen botoen bidez hautatuak izatea erabakitzen duten hautagaiak ezin izango dira enpresa elkarteek proposatutako hautagai-zerrendetan agertu.

Laugarrena.– Hautagai-zerrendak aldarrikatzea, hautesleek emandako botoen arabera.

Hauteskunde-batzordeak hautagaiak aldarrikatuko ditu hautagai-zerrendak aurkezteko epea amaitu eta hamar eguneko epearen barruan, ekainaren 22ko 816/1990 Errege Dekretuaren 18.bis.1. artikulua betez. Epe horren barruan hautagai-zerrendek izan ditzaketen akats konpongarriak zuzendu ahal izango dira.

Bosgarrena.– Posta bidezko botoa.

1.– Ganbaretako hautesleen botoez hautatutako plenoko kideen hauteskundeetan, hautesleren batek aurreikusten badu hauteskunde egunean ezin izango duela bozkatu dagokion kolegioan, posta bidez eman ahal izango du botoa. Horretarako, norberak eskatu beharko dio ganbarari aurretik, deialdi hau argitaratzen denetik hogei egun baliodunen epearen barruan, ekainaren 22ko 816/1990 Errege Dekretuaren 19. atalean finkatzen diren betekizun eta prozeduraren arabera.

Eskaria ganbarako idazkaritzan bertan aurkezten bada, interesdunak bere NANa edo pasaportea erakutsi beharko du izenpea egiaztatzeko; ez da inolaz ere onartuko agiri horien fotokopia aurkeztea.

Eskaria posta egiaztatuaz bidaltzen bada, izenpearen egiazkotasuna fede-emaile publikoz edo banketxe baten onarpenaz kreditatu beharko da.

Eskarian honako datu hauek jaso beharko dira:

a) Hauteslearen izen-abizenak eta helbidea, eta izenpetzailearen NANaren fotokopia.

Gainera, pertsona juridikoa denean:

Sozietatearen helbidea.

Ordezkariaren datu pertsonalak eta sozietatean duen kargua.

Identifikazio fiskalerako zenbakia.

Behar den ahalordea.

b) Botoa eman nahi duen taldea edo kategoria, hala behar izanez gero. Horrelakorik jarriko ez balu, postaz bidalitako botoa izena emanda duen talde edo kategoria guztietarako dela ulertuko da.

2.– Kasuan kasuko ganbarako idazkaritzak honako hauek egiaztatuko ditu: hautesleen zerrendan izena emanda dagoela, horren egiaztagiria egingo du eta, zerrendan jasoko du boto pertsonala onartu ez diezaioten. Gero, beharrezko diren agiri guztiak bidaliko dizkio eskatzaileari berak emandako edo, bestela, zerrendan jasota dagoen helbidera hauteskunde eguna baino hamar egun baliodun lehenago. Talderen batean hautaketarik egin beharrik ez baldin badago, horren berri emango zaio eskatzaileari. Halaber, eskatu eta eman diren egiaztagirien berri emango dio hauteskunde-batzordeari.

3.– Bakarrik onartuko dira modu honetan eman eta jasotako botoak otsailaren 25eko 12:00ak arte.

4.– Hautesleak postaz botoa emateko kasuan kasuko egiaztagiria eta agiriak jasotakoan bertara joanda botoa eman nahi badu, egin ahal izango du, agiriok hauteskunde-mahaiari itzuli eta gero. Horrela egin ezean, ez da botoa jasoko.

Seigarrena.– Hauteskunde-mahaiak.

1.– Ekainaren 22ko 816/1990 Errege Dekretuaren 20.1 artikuluan jasotako zozketa, hau da, kasuan kasuko hauteskunde-batzordeak hauteskunde-mahaietan parte izan behar duten ganbaretako ordezkariak izendatzekoa, ebazpen honen laugarren puntuan aipatzen den hautagai-zerrendaren aldarrikapena egiten den egunean bertan izango da hauteskunde-batzorde bakoitzaren egoitzan.

2.– Enpresa elkarteek proposatutako plenoko kideen hautapenaren buru izan behar duen hauteskunde-mahaia ere izendatuko da ekitaldi berean; izan ere, hautesleen botoez hautatutako kideak hautatzeko eratzen den bera izango baita. Mahai bat baino gehiago izanez gero, hauteskunde-kolegioa osatzen duten mahai guztien artean hautatuko da zozketaz.

Zazpigarrena.– Bozketak.

Hautesleen botoez hautatutako ganbaretako plenoetako kideak hautatzeko bozketak egiteko egunak eta haustekunde-kolegioak zabalduko diren lekuak eta orduak hauexek izango dira ganbara bakoitzarentzat:

1.– Merkataritza eta Industriako Arabako Ganbara Ofiziala:

Eguna: bozketak 2002ko otsailaren 26an egingo dira, talde eta kategoria guztientzat.

Lekua: Merkataritza eta Industriako Arabako Ganbara Ofizialaren egoitzan (Eduardo Dato kalea, 38) jarriko den hauteskunde-kolegioan.

Ordutegia: 9:00etatik 20:00etara.

2.– Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Bilboko Ganbara Ofiziala:

Eguna: bozketak 2002ko otsailaren 26an egingo dira, talde eta kategoria guztientzat.

Lekua: Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Bilboko Ganbara Ofizialaren egoitzan (Errekalde Zumarkalea, 50) jarriko den hauteskunde-kolegioan.

Ordutegia: 9:00etatik 20:00etara.

3.– Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Gipuzkoako Ganbara Ofiziala:

Eguna: bozketak 2002ko otsailaren 26an egingo dira, talde eta kategoria guztientzat.

Lekua: Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Gipuzkoako Ganbara Ofizialaren egoitzan (Ramon Maria Lili pasealekua, 6) jarriko den hauteskunde-kolegioan.

Ordutegia: 9:00etatik 20:00etara.

Zortzigarrena.– Emaitzen zenbaketa, horiek egiaztatzea eta botoez hautatutako hautagaiei jakinaraztea.

1.– Emaitzen zenbaketa eta egiaztapena ekainaren 22ko 816/1990 Errege Dekretuaren 20. artikuluan xedatutakoaren arabera egingo da.

2.– Hauteskunde-batzorde bakoitzak bozketaren azken emaitza egiaztatu ondoren ekitaldi publikoan, horiek amaitzen direnetik hirugarren egunera ganbarako idazkaritzak hautatutako bakoitzari kide hautatua izan den egiaztagiria emango dio.

Bederatzigarrena.– Botoez hautatutako kideen kargu-hartzea.

1.– Hautesleen botoez hautatutako kideek kasuan kasuko ganbarako idazkariaren aurrean egingo dute euren kargu-hartzea, egiaztagiria jasotzen dutenetik eta, betiere, hautatu direnetik hilabeteko epearen barruan.

2.– Arauzko epea igarotzen bada kargu-hartzea egin gabe, kide hautatuek izaera hori galduko dute eta kargu hutsa ekainaren 22ko 816/1990 Errege Dekretuaren 22. artikuluan finkatutakoaren arabera hornituko da.

Hamargarrena.– Enpresa elkarteek proposatutako hautagai-zerrendak.

1.– Martxoaren 22ko 3/1993 Legearen 7.1.a)2. artikuluak aipatzen dituen plenoko kideak hautatzeko asmoz, kasuan kasuko ganbarako plenoko kideen karguei hautagai-zerrendak proposatu ahal izango dizkie honako enpresa elkarte hauek: Bizkaiko Enpresarien Konfederazioa (CEBEK), Sindicato Empresarial Alavés (SEA), Merkataritza eta Zerbitzuen Arabako Federazioa, Gipuzkoako Enpresarien Elkartea (ADEGI) eta Gipuzkoako Merkatarien Elkartea.

2.– Bozketen azken emaitzak egiaztatzen direnetik hiru eguneko epearen barruan, aipatutako enpresa elkarteek kasuan kasuko hauteskunde-batzordearen aurrean bere hautagai-zerrenda aurkeztuko dute. Elkarte horiek nork bere zerrenda aurkeztu ahal izango du edo elkarte batzuen artean. Epe horren barruan hautagai-zerrenda aurkeztu ezean kasuan kasuko enpresa elkartearen hautapen prozesuan parte hartzeko eskubidea galduko da.

3.– Enpresa elkarte horiek proposatutako hautagai-zerrendak barne araubide bakoitzean jasotako bete beharreko kide kopuruaren herena gainditu beharko du eta honako agiri hauekin batera aurkeztu beharko da:

a) Proposatutako hautagaien izen-abizenak, helbidea, NAN edo pasaportearen zenbakia eta ganbara bakoitzaren eremuan ekonomia arloan izen onekoa dutela justifikatzen duten merezimenduak.

b) Proposatutako hautagai bakoitzaren idazkia adierazita onartu egingo dutela, aitortuta ez dutela beste edozein onartu eta jakinarazpeneratako helbidea jarrita.

c) Hautagaiaren NAN edo pasaportearen fotokopia.

4.– Hautagaiak zerrenda bakar batean proposatu ahal izango dira.

5.– Enpresa elkarteek proposatutako hautagai-zerrendak deialdiaren puntu honetan jasotzen diren betekizunak betetzen ez badituzte, baliogabetu egingo dira eta, ondorioz, hauteskunde prozesutik kanpo geratuko dira.

Hamaikagarrena.– Enpresa elkarteek proposatutako hautagaien aldarrikapena.

1.– Hautagai-zerrendak aurkezteko epea amaitzen denetik hiru eguneko epearen barruan, hauteskunde-batzordeak hautagaiak aldarrikatuko ditu, bete beharreko kide kopuruaren herena baino handiagoa izango den kopuruan zerrenda bakoitzeko. Epe horren barruan hautagai-zerrendek izan ditzaketen akats konpongarriak zuzendu ahal izango dira.

2.– Hauteskunde-batzordeak ez onartzeko arrazoirik antzemango balu, zerrenda baliogabetu eta hauteskunde prozesutik kanpo geratuko litzateke.

3.– Ezin izango balitz hautagaien aldarrikapena egin, hutsik geratuko dira enpresa elkarteek kasuan kasuko ganbaretako plenorako proposatutako kide postuak.

4.– Hauteskunde-batzordeak akta batean jasoko ditu hautagaien aldarrikapena eta gertatutako gorabeherak. Horren kopia egiaztatua bidaliko dio Merkataritza eta Kontsumo Sailburuordetzari hiru egunen buruan. Halaber, horren edukiaren berri eman beharko du kasuan kasuko ganbararen egoitzan iragarkia ipinita.

Hamabigarrena.– Enpresa elkarteek proposatutako hautagai-zerrenden hautapena.

1.– Enpresa elkarteek proposatuta, ganbara bakoitzeko plenoetako kideak hautatzeko bozketak 2002ko martxoaren 15ean izango dira ganbara bakoitzaren egoitzan 17:00etatik 20:00etara.

2.– Hautesleen botoez hautatutako kideek, euren karguen jabe egin direnek, ordurako aldarrikatuta dauden eta enpresa elkarteek proposatutako hautagaien artean bozkatuko dute, hornitu beharreko kargu guztien kopurua baino handiagoa izango ez den kopuruan.

3.– Bozketa sekretua izango da eta hura amaitzen denean deialdi honen seigarren puntuan xedatutakoaren arabera eratutako hauteskunde-mahaiek botoen zenbaketa egingo dute jendaurrean eta botorik gehien izan dituen hautagaia edo hautagaiak hartuko dira aukeratutakotzat, boto kopuruaren hurrenkeraren arabera. Berdinketa egonez gero, zozketaz ebatziko da.

4.– Bozketak amaitzen direnetik hirugarren egunera kasuan kasuko hauteskunde-batzordeak egiaztatuko du horien azken emaitza.

5.– Ganbarako idazkariak aukeratutako hautagai bakoitzari kide hautagai deneko egiaztagiria emango dio.

6.– Hautagai horiek euren karguen jabe egin ahal izango dira kasuan kasuko ganbarako idazkariaren aurrean, egiaztagiri hori jasotzen duten momentutik eta, betiere, hautatzen direnetik hilabeteko epearen barruan.

Epe hori igarotzen bada karguaren jabe egin gabe, kide hautagaiaren izaera galduko du eta kargu hutsa legez jasotako eran hornituko da.

Hamahirugarrena.– Gobernu organoak eratzea.

1.– Pleno berriak sortzeko bilkura kasuan kasuko ganbararen egoitzan egingo da eta Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko ordezkari bat izango da horren buru.

2.– Lehenago karguaren jabe egin ez diren plenoko kideak, hautatuak izan diren modua gorabehera, bilkura horretan egin dezakete kargu-hartzea.

Plenoko kide aldarrikatu edo hautatu denen baten aurka errekurtsoa aurkeztu bada eta bilkura egunerako ebatzita ez badago, bere karguaz jabetuko da. Errekurtsoaren ebazpenak aldarrikapena edo hautapena baliogabetuko balu kargu hutsa legez ezarritako eran hornituko da.

3.– Plenoaren eratzeak balioa izan dezan, bete egin beharko da gobernu organo horren funtzionamendu arauek finkatzen dutena, hain zuzen, ganbara bakoitzaren barne araubidean finkatutakoa.

4.– Plenoa eratutakoan, batzorde exekutiboko burua eta gainerako karguak hautatuko dira jarraian. Horretarako, hauteskunde-mahaia sortuko da ekainaren 22ko 816/1990 Errege Dekretuaren 21.bis artikuluan jasotako osakera eta funtzioekin.

5.– Hauteskunde-mahaia eratuta, batzorde exekutiboko burua eta gainerako karguen hautapena ganbara bakoitzaren barne araubidean ezarritako moduan egingo da, Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbara Ofizialei buruzko martxoaren 22ko 3/1993 Oinarrizko Legearen 7. artikuluan xedatutakoaren arabera.

6.– Plenoko kide guztiek, edonolakoa izan dela hautatzeko modua, bozketa aktibo eta pasiborako eskubidea daukate.

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean. Administrazio bidea agortzen ez duenez, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuari hilabeteko epearen barruan argitaratzen den biharamunetik.

Vitoria-Gasteiz, 2001eko abenduaren 17a.

Merkataritza eta Kontsumo sailburuordea,

BELEN GREAVES BADILLO.


Azterketa dokumentala