Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

250. zk., 2001eko abenduaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
7289

AGINDUA, 2001eko azaroaren 20koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, Pasaiako Aduanetako Agenteen eta Komisio-hartzaileen Elkargo Ofizialeko estatutuak onartzeko dena.

Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaz Euskal Herriko Autonomia Estatutua onartu zen. Estatu horren 10.22 artikuluan ezartzen denez, Profesionalen Elkargoen eta Tituludun Lanbideen alorreko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez dagokio, Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan agindutakoa hautsi gabe, betiere.

Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legea aipatu eskumenaren indarrez eman zen. Lege horren 33. eta 45. artikuluetan ezartzen denez, elkargoen estatutuak eta horien aldaketak Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari jakinaraziko zaizkio. Sail horrek, estatutuok legearen barruan daudela egiaztatu ondoren, behin betiko onartuko ditu, agindu baten bitartez. Agindua, estatutuekin batera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta Tituludun Lanbideen Erregistroan inskribatuko.

Pasaiako Aduanetako Agenteen eta Komisio-hartzaileen Elkargo Ofizialaren estatutuak legearen araberakoak direla egiaztatuta, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legeak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Onarpena

Pasaiako Aduanetako Agenteen eta Komisio-hartzaileen Elkargo Ofizialaren estatutuak onartzea.

2. artikulua.– Argitalpena

Pasaiako Aduanetako Agenteen eta Komisio-hartzaileen Elkargo Ofizialaren estatutuak agindu honen eranskin gisa argitara daitezela agintzea.

3. artikulua.– Inskripzioa

Pasaiako Aduanetako Agenteen eta Komisio-hartzaileen Elkargo Ofizialaren estatutuak Tituludun Lanbideen Erregistroan inskriba daitezela agintzea, elkargoa formalki osatzen den unean.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.– Eraginkortasuna

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2001eko azaroaren 20a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO

PASAIAKO ADUANETAKO AGENTE ETA
KOMISIO-HARTZAILEEN
ELKARGO OFIZIALAREN ESTATUTUAK
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Pasaiako Aduanetako Agente eta Komisio-hartzaileen Elkargoa zuzenbide publikoko korporazio bat da, nortasun juridiko propioa eta jarduteko erabateko gaitasuna duena bere xedeak betetzeko, bere lurralde-eremuan.

2. artikulua.– Korporazio honen jardute-eremua Pasaiako Aduanako barrutia izango da. Hala ere, 1645/1981 Errege Dekretuaren 29. artikuluak ezartzen dizkion eremuetan ere jardun ahal izango du.

3. artikulua.– Elkargoaren egoitza Pasaian dago (Bulegoen eraikina, z/g, 4. solairua. Portualdea).

4. artikulua.– Elkargoak, bere jarduerari dagokionez, men egin beharko dio bai Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legeari —aurrerantzean Profesionalen Elkargoei buruzko legea—, bai Espainiako Aduanetako Agente eta Komisio-hartzaileen Kontseilu Nagusiak —aurrerantzean Kontseilua— hartzen dituen erabakiei eta bere estatutuei.

II. KAPITULUA
ELKARGOAREN XEDEAK ETA EGITEKOAK

5. artikulua.– Aduanetako agente eta komisio-hartzaileen—aurrerantzean agenteak- lanbidea antolatzea, bere ordezkari bakarra izatea eta elkargokideen interes profesionalak zaintzea dira korporazio honen helburuak. Horrek ez du esan nahi, Herri Administrazioak —aurrerantzean Administrazioa— eta Kontseiluak eskumenik izango ez dutenik.

Bere lurralde-eremuan, egiteko hauek dagozkio:

5.1.– Lanbidean jarduteko elkargoko arauak betetzen diren zaintzea, legezko bateraezintasunak zorrotz zaintzea, lanbideko deontologia printzipioei eta agente eta komisio-hartzaileen egitekoak eta eskumenak arautzen dituzten indarreko xedapenen printzipioei eustea, bere eskumenen eremuan.

5.2.– Estatutu hauek eta elkargoko organoek, beren eskumeneko alorretan, hartzen dituzten arauak eta erabakiak betetzea eta elkargokideei betearaztea.

5.3.– Elkargokideen maila teknikoa, etikoa eta kulturakoa ahalik eta onena izan dadin sustatzea, dituen baliabide guztiekin.

5.4.– Elkargokideei aholkuak ematea, beharrezkoa baldin bada, Administrazioarekiko harremanetan.

5.5.– Irizpenak eta txostenak egitea; agintariek, epaile eta auzitegiek, edozein erakunde pribatu nahiz publikok, partikularrek edo elkargokideek lanbideaz egiten dizkioten kontsultei erantzutea; eta peritoak izendatzea.

5.6.– Elkargoak erakundeetan, batzordeetan, epaimahaietan eta erakunde publiko edo pribatuetan izango dituen ordezkariak izendatzea, ordezkotza hori eskatzen zaionean.

5.7.– Justizia epaitegietan eta Administrazioan lanbideko instrusismoa salatzea eta segimendua egitea.

5.8.– Legeen urratzea salatzea eta segimendua egitea, lanbiderako kaltegarriak diren egintzak direnean.

5.9.– Behar denean, elkargokideei diziplina zehapen eta zigorrak jartzea, estatutu hauetan araututako prozeduraz.

5.10.– Elkargokideen kuotak eta diru-ekarpenak finkatzea.

5.11.– Fondoak biltzea eta administratzea, sarreren eta gastuen urteko aurrekontua prestatzea, likidatzea, balantzea egitea eta elkargokideen Biltzar Nagusiari jakinaraztea, sendetsi dezan.

5.12.– Lehia desleiala saihestea, elkargokideen artean.

5.13.– Lanbideko lanak eta lansariak onestea, alderdiek eskatuta.

5.14.– Elkargokideen identifikazio-txartelak egitea eta baliogabetzea.

5.15.– Ahaldun eta laguntzaileentzako ahalmen eta baimen emateak onestea.

5.16.– Agente elkargokideen lansarien fakturak kobratzea eta horretarako ezartzen den zenbatekoa edo ehunekoa jasotzea.

5.17.– Bezero berankorren liburu-erregistro berezi bat prestatzea, aduanako eragiketak eskatzen dituzten partikularrei edo erakundeei buruzkoa; informatzeko bakarrik izango da liburu hori —elkargokideek Elkargoaren barruan erabil dezaten izango da—, eta indarreko legerian dauden xedapenei lotuko zaie.

5.18.– Lanbidearekin zuzenean nahiz zeharka lotuta dagoen beste edozein xede, eta Elkargo Profesionalen Legearen 24. artikuluak ezartzen dizkionak. Horiek ahal bezain ondoen betetzeko behar den adina sail, zerbitzu edo batzorde eratu ahalko ditu. Lanbideari eta Elkargoko funtzionamenduari eragin diezaiokeen ororen berri eman beharko die elkargokideei.

III. KAPITULUA
ELKARGOKIDEAK

6. artikulua.–

Elkargoan sartzeko, interesik duenak eskabidea egin beharko dio Elkargoari. Betekizun hauek konplitu beharko ditu aurrez:

6.1.– Aduanetako agentearen titulua edo lanbidean aritzeko legez gaitasuna ematen dion titulu bat aurkeztu beharko du, edo, hori ezean, notaritza-testigantza edo horren benetako aldakia.

6.2.– Ekonomia Jardueren gaineko Zergari dagokion altaren justifikantea.

6.3.– Dagozkion fidantzak egin beharko ditu.

6.4.– Sartze-eskubideak ordaindu beharko ditu. Ordaindu beharreko zenbatekoa Elkargoaren Batzorde Nagusiak ezarriko du, Kontseilu Nagusiak ezarritako mugak errespetatuz.

6.5.– Zinpeko aitormena egin beharko du, lanbidean aritzeko gaitasungabeturik ez dagoela eta legeek ezartzen duten bateraezintasunik ez duela adierazteko.

7. artikulua.– Eskabidea, behar diren egiaztatzeak egin ondoren, ukatu egingo zaio:

a) Eskatzen diren agiriak aurkezten ez dituenean, edo agiri horiek benetakoak eta nahikoak ez direnean; kasu horretan, Gobernu Batzordeak, hala iritziz gero, ikertu egin ahal izango ditu agiriok.

b) Epai irmo batek lanbidean aritzeko gaitasuna kentzen dionean eskatzaileari.

c) Diziplina-espediente batez zigorra jartzen zaionean; zigorraren aldirako izango da hori.

Elkargoaren Idazkaritzan eskariari sarrera eman zitzaion egunetik kontatzen hasita, gehienez 15 eguneko epearen barruan jakinaraziko zaio ebazpena interesatuari.

8. artikulua.– Elkargokide guztiak behartuta daude lanbideko intrusismo ororen berri ematera.

9. artikulua.– Kuotak

Elkargokideak behartuta daude kuotak behar den garaian ordaintzera. Kuota horiek Elkargoaren Batzorde Nagusiak ezarriko ditu urtero, eta ohikoak nahiz ezohikoak izan daitezke (finkoak edo aldakorrak bi kasuetan).

Kuota finkoak izango dira elkargorkide guztiek ordaindu behar dituzten zenbateko jakinak.

Kuota aldakorrak izango dira elkargokide bakoitzak egiten duen lanaren arabera ezarritakoak.

Obligazio hori betetzen ez bada, Kontseilu Nagusiaren Estatutu Orokorren 35. artikuluan ezarritakoaren arabera jardungo du Elkargoak.

10. artikulua.– Elkargoak, bere eremuan, lanbidearen ordezkotza eta defentsa egingo du Administrazioan, instituzioetan, epaitegietan eta partikularrekin; legitimazioa izango du lanbidearen eta elkargokideen interesei eragiten dieten auzietan alderdi izateko; eta eskatzeko eskubidea izango du, legearen arabera, Profesionalen Elkargoei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legeak ezartzen duenarekin bat etorriz.

Elkargokideen interes profesionalen onerako diren egiteko guztiak ere erabiliko ditu elkargoak.

11. artikulua.– Lanerako baimena.

Aduanetako agente eta komisio-hartzaile batek ere ez du jarduterik izango beste elkargokide bateri emandako lanen batean, aurrez elkargokide horren baimena jaso gabe edo elkargoaren baimena jaso gabe. Horretarako, hasieran izendatutako elkargokideak sortutako gastu eta ordainsariak likidatu beharko dira.

12. artikulua.– Korporazioko bizitzan parte hartzeko eskubidea eta obligazioa daukate elkargokide guztiek, bereziki, biltzar nagusietara joateko eta, estatutu hauetan ezarritakoari jarraituz, esleitu zitzaizkien karguak leial betetzeko.

13. artikulua.– Errekurtsoak.

Elkargoaren erabakien aurka, elkargokideek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, egintza jakinarazten edo argitaratzen den egunetik aurrera, hilabeteko epean.

Gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zenetik hiru hilabete igarota, ez bada ebazpen adierazirik eman, errekurtsoa ezetsi egin dela ulertuko da, eta bidezko diren kasuetan, administrazioarekiko auzitarako bidea irekita geratuko da.

14. artikulua.– Elkargokideek eskubidea izango dute elkargoak interes profesionalak zaindu diezazkien, lehia desleialaren aurkako babesa eman diezaien, lanbideari buruzko gaietan aholkua eman diezaien, maila teknikoa igo diezaien, eta gizarte aurreikuspeneko arauak bete ditzan, dagozkion organoen bitartez.

15. artikulua.– Elkargoak Aurkibide-Liburu bat erabiliko du, eta bertan, ordena-zenbakiarekin batera, ondoko datuak idatziko dira: elkargokidearen izena, sozietate-izena, helbidea, alta-eguna eta, hala dagokionean, baja-eguna, identifikazio fiskaleko zenbakia, Aduana eta Zerga Berezietako Departamentuak adierazitako informatika-kodearen zenbakia, eta beharrezkotzat jotzen dituen gainontzeko oharrak. Elkargokideen ordena-zenbakia finkoa eta aldaezina izango da.

Elkargokideek, gai honi loturiko aldaketaren bat baldin badago, Elkargoari derrigor jakinarazi beharko diote.

16. artikulua.– Identifikazio-txartelak.

Aduana-Errenten Bulegoaren aurrean behar bezala jarduteko, Kontseiluaren Estatutuetako 31. artikuluaren 17. puntuan ezarrita dagoenaren arabera, Elkargoak hiru kategoriatako identifikazio-txartelak eman eta ezeztatu ahal izango ditu:

a) Banakako Aduana-Agenteentzat eta sozietate-administratzaileentzat.

b) Ahaldun orokorrentzat.

c) Aduana-tramiteak egiteko Ahalorde Partzialak dituzten langile edo agindupekoentzat.

Elkargokideek, gai honi loturiko aldaketaren bat baldin badago, Elkargoari derrigor jakinarazi beharko diote.

17. artikulua.– Ahalordeak.

Agenteek Ahalordeak eman ditzakete aduanako bideratze-eragiketa guztietarako edo eragiketa jakin batzuk egiteko, indarrean dauden xedapenen arabera, beti ere dagokion bulegoko langile-zerrendan agertzen diren eta benetan bertako langileak diren pertsonei ematen badizkiete, eta aplikatzekoa den araudiak ezartzen dituen baldintzak betetzen badituzte. Baldintza horiek betetzen ez dituen Agentea edo Agentziak erantzukizunean eroriko dira, eta ezgaituta gera daitezke.

Indarrean dauden xedapenek ezartzen dutena kontuan izanik, Agenteen ahaldunek Agente bakar baten ordezkaritza izan dezakete.

18. artikulua.– Ahalordeen Erregistro-Liburuan, ahalordeak bi ataletan bananduta idatziko dira. Atal batean, banakako Agenteek emandako ahalordeak idatziko dira, Ahalorde Orokorrak eta bideratze-eragiketa jakin batzuk egiteko Ahalorde Partzialak bereiziz.

Sozietateak diren Aduana-Agentziei buruzko atalean, horien Gerente, Zuzendari, Administratzaile edo Administrazio-Kontseiluko Lehendakariaren izen-abizenak idatziko dira, kasu bakoitzean pertsona horien artetik Agentziako buru zein den adieraziz. Era berean, aduanako bideratze-eragiketetarako edo beste edozein ondorioetarako, haien ahaldunak zein diren adierazi beharko da.

Elkargoan erregistra daitezkeen ahalordeak aduana-jarduerarako izango dira, eta ahalorde horietan espreski adieraziko da ahalduna beste pertsona fisiko edo juridiko batekin ordezkatzea debekatuta dagoela.

Elkargokideek, gai honi loturiko aldaketa edo ezeztapenen bat baldin badago, Elkargoari derrigor jakinarazi beharko diote.

19. artikulua.– Sozietateak diren Agentziak

Sozietateak diren Agentzien ordezkaritza, hala Biltzar Nagusietan nola Gobernu-Batzordeetan, bertako Gerente, Zuzendari, Administratzaile edo Administrazio-Kontseiluko Lehendakariak izango dute, Kontseiluaren Estatutuetako 1. artikuluan ezarritakoaren arabera Agentzia ordezkatuz.

20. artikulua.– Dokumentazioa.

Elkargokideek zabaltzen duten merkataritza-dokumentazioan, izena, helbide fiskala, identifikazio fiskaleko kodea, eta Aduana eta Zerga Berezietako Departamentuak adierazitako informatika-kodearen zenbakia espreski eta leku nabarmenean adieraziko dira, dokumentazioak aipatzen duen lanbide-jarduerari buruz inolako zalantzarik izan ez dadin.

21. artikulua.– Asegurua.

Elkargokideek, egiten duten lanbide-jardunaren ondorioz sor daitekeen erantzukizun zibilaren arriskua dagokion aseguruaren bidez estali beharra dute, Lanbide Elkargoei buruzko Legearen 12. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Elkargoak behar diren neurriak hartuko ditu Agenteek betebehar hori betetzen dutela ziurtatzeko.

22. artikulua.– Korrespontsaliak.

Agente batek beste Agente baten bideratze-enkargua jasotzen duenean, bi profesionalen arteko itun aske baten bidez onartu ahal izango du.

Agente komitentea beti lehen erantzulea izango da, Agente bideratzailearen aurrean, bideratze-eragiketaren berezko ondorio ekonomikoei dagokienez.

Elkargoak xedapen hau hausten duen edozein jarduketari zigorra ezarriko dio, Kontseiluaren Estatutuetako V. Tituluan ezarritakoaren arabera.

23. artikulua.– Berankorrak.

Elkargokideek, komitenteen ordaindu gabeko zorrak kobratzeko esku har dezan eskatu ahal izango diote Elkargoari, zorpekoa dagoela jakinaraziz. Elkargoak, komitente berankorrari zorraren ordainketa posta ziurtatuarekin eta hartu izanaren adierazpenarekin eskatuko dio.

Berankorrak ez badio eskaera horri erantzuten, Elkargoak zorduna Estatutu Orokorretako 31. artikuluko 20. puntuak aipatzen duen Bezero Berankorren Erregistro-Liburuan inskribitu ahal izango du.

Bezero berankorrak dagozkion alegazioen bitartez zorrari eragozpenen bat jartzen badio, Elkargoak zorraren gordailua edo bermea egitea eskatuko dio auzia nola konpontzen den ikusi arte. Bi alderdiak ados baldin badaude, Elkargoaren Gobernu-Batzordeak bitartekotza egin dezake. Halakorik gertatzen ez bada, aurreko paragrafoan ezarrita dagoena aplikatuko da.

24. artikulua.– Beste edozein Elkargo Ofizialetatik komitente bat Bezero Berankorren Erregistro-Liburu Berezian barne hartuta dagoela adierazten duen jakinarazpena jasotzen bada, Agente bakar batek ere ezin izango du komitente horrentzat zerbitzu profesionalik egin. Horretarako, Elkargo honek informazioa eskatu eta emango die etengabe gainontzeko Elkargo Ofizialei, eta hala dagokionean, Kontseilu Nagusiari.

25. artikulua.– Ikuskapenak.

Elkargokideak, Elkargoari Legeak eta Estatutu Orokorrek ematen dizkioten ikuskapenerako ahalmen eta funtzioen betetzea erraztera behartuta daude. Bere ikuskapen-funtzioaren barruan, Elkargoak, Gobernu-Batzordearen erabakiaren bitartez, ikuskapenaren helburua ukitzen duten liburu eta dokumentuen azterketa eska dezake, bai eta elkargokidearen agindupeko langileen nominen azterketa ere, Estatutu hauetako 17. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

26. artikulua.– Bajak

Elkargokidearen izaera galdu egingo da:

a) Elkargokideak baja eskatzen duenean. Baja Elkargoari eskatu beharko dio, idatziz.

b) Elkargoaren erabakiz ezgaiturik geratzen denean, beti ere Estatutu hauek xedatzen dutena kontuan izanik.

c) Lanbidean aritzeko ezgaitzen duen epai irmo batekin.

d) Ohiko nahiz ohiz kanpoko kuotak ordaintzen ez dituenean, sei hilabetetan, horretarako errekerimendua egin ondoren.

e) Hiltzen denean.

27. artikulua.– Elkargokide ez diren Agenteak.

Beste Elkargo Ofizial batean inskribaturik dauden agenteek barruti honetan lan egin nahi badute, aldez aurretik haien Elkargoaren bitartez jakinarazi beharko dute.

Elkargoak, agente horiei, eskaini diren baina elkargoko kuotak estaltzen ez dituen zerbitzuen benetako kostuari erantzuteko Gobernu-Batzordeak ezarritako baldintza ekonomikoak ordaintzea eskatu ahal izango die.

Eusko Jaurlaritzaren 18/97 Legearen 38. artikuluak ezartzen duenaren arabera, Agente horiek ezin dute Elkargoko organoetan parte hartu eskubide osoko kide gisa.

IV. KAPITULUA
ELKARGOAREN ZUZENDARITZA- ETA
GOBERNU-ORGANOAK

28. artikulua.– Elkargoaren gobernu-, zuzendaritza- eta administrazio-organoak Elkargokideen Biltzar Nagusia eta Gobernu-Batzordea dira.

1. ATALA - GOBERNU-BATZORDEA

29. artikulua.– Aduanetako Agente eta Komisio-Hartzaileen Elkargo Ofiziala Gobernu-Batzordeak gidatuko du, elkargoa zuzentzea eta administratzea dagozkionez gero.

Gobernu-Batzordearen egitekoak, Biltzar Nagusiari espreski adierazi gabekoez gain, hauek dira:

29.1.– Elkargokideei dagokienez:

a) Elkargokide egiteko eskabideak ebaztea.

b) Elkargokideek lanbidean duten jokabidea zuzena den zaintzea, bai euren arteko harremanetan, baita hirugarren batzuekin dituztenetan ere.

c) Legezko gaitasunik ez duenari lanbidean jardun dezan galarazteko behar diren egintzak sustatzea.

d) Hauteskundeetarako deialdiak argitaratzea, Gobernu-Batzordeko karguak betetzeko.

e) Elkargokideei bidezko diren diziplina-espedienteak irekitzea.

29.2.– Elkargoko ekonomiari dagokionez:

a) Elkargoko fondoak biltzea eta administratzea.

b) Aurrekontuak idaztea eta Elkargokideen Biltzar Nagusiari kontuen berri ematea. Horretarako, Ohiko Biltzar Nagusia egin baino hamar egun lehenago, kontuak elkargoan izango dira ikusgai, elkargokide guztiek azter ditzaten.

c) Fondoen mugimenduak baimentzea, bankuko kontuak irekitzean edo intsuldatzean.

d) Elkargoaren zerbitzurako langileak kontratatzea, eta beren ordainsariak eta laneko diziplina-araubideari loturiko guztia ezartzea.

29.3.– Bere lurralde-eremuan, erakunde ofizialei dagokienez:

a) Elkargokideak defendatzea lanbideko lanetan.

b) Elkargoaren izenean, elkargoaren eremuan lanbidean hobeto aritzeko beharrezkotzat jotzen diren hobekuntzak bideratzea, bai eta interes profesionalerako onuragarri izan daitekeen oro ere.

30. artikulua.– Karguak.

Elkargo hau Gobernu-Batzorde batek gidatuko du. Batzordea lehendakari batek, diruzain batek, idazkari batek eta batzordekide batek osatuko dute.

31. artikulua.– Hautespena.

Gobernu-Batzordeko karguak lau urterako dira eta Ohiko Biltzar Nagusian bildutako elkargokideek hautatuko dituzte. Biltzar Nagusia urtarrilerako deituko da, beti ere Elkargoen Kontseilu Nagusiko karguen hauteskundeak egin baino lehen. Batzordea egin eta 15 eguneko epearen barruan, Elkargoak Gobernu-Batzordeko kideen zerrendaren berri emango dio Kontseiluari.

32. artikulua.– Hutsik geratzen diren postuak.

Kideren baten heriotzagatik edo inork kargua uzteagatik Gobernu-Batzordean hutsik geratzen diren postuak Biltzar Nagusiak hornituko ditu, postua hutsik geratu den unetik zenbatzen hasi eta ondorengo hiru hilabeteko epearen barruan.

33. artikulua.– Bilerak.

Gobernu-Batzordea lehendakariak eskatzen duenean edo Gobernu-Batzordea osatzen duten kideen ehuneko hogeiak eskatzen duenean bilduko da. Deialdia egiteko epea 48 ordukoa izango da, premia larriko kasuak salbu.

34. artikulua.– Erabakiak.

Gobernu-Batzordearen erabakiak baliodunak izateko, kideen erdiak baino gehiagok egon beharko dute, gutxienez, bertaratuta edo beste kide batek ordezkatuta. Erabakiak botoen gehiengo soilaz hartuko dira.

35. artikulua.– Akten liburua.

Gobernu-Batzordeko Idazkaritzak akten liburu bat antolatuko du. Bertan, bilkura bakoitzera joandakoen nahiz ordezkatutakoen izenak, egiten diren bilkuren erreferentzia eta hartzen diren erabakien testuak jasoko dira. Akta horiek idazkariaren sinaduraz eta lehendakariaren oniritziaz baimenduko dira.

36. artikulua.– Funtzioak.

Lehendakariak elkargoa ordezkatuko du ekitaldi ofizialetan edo kudeaketa lanetan, Gobernu-Batzordearen erabakiak beteko ditu, lege-arauek ematen dizkioten ahalmenak eta funtzioak erabiliko ditu, eta kalitatezko botoa izango du, berdinketak ebazteko.

Diruzainak fondo sozialak zainduko ditu eta kobrantzak eta ordainketak egingo ditu.

Idazkariak biltzarrek egiten dituzten bilkuren fede emango du eta aktak egingo ditu, horretarako prestatutako liburuan jasotzeko; beharrezkoa denean, elkargoko idazkiak egingo ditu, lehendakariaren oniritziaz. Ez dagoenean edo gaixorik dagoenean batzordekide batek ordezkatuko du.

37. artikulua.– Hauteskundeak.

Gobernu-Batzordeko kideak boto-eskubidea duten elkargokideek hautatuko dituzte, bozketaz.

38. artikulua.– Gobernu-Batzordeak elkargoan hauteskundeak egingo direla iragarriko du, berritu beharreko karguen agintaldia amaitu baino hogei egun lehenago, eta botoa emateko eskubidea duten elkargokideen zerrenda argitaratu eta jendaurrean jartzeko aginduko du.

39. artikulua.– Elkargoko zuzendaritza-karguetarako botoa pertsonalki nahiz postaz eman daiteke. Botoa emateko, elkargokideek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Elkargoko obligazio guztiak beteta eduki beharko dituzte.

b) Lanbidean aritzeko etenaldian daudenek ez dute botorik ematerik izango.

c) Kasua bada, diziplina-espedientean jarritako zigorrak beteta eduki beharko dituzte.

40. artikulua.– Hautagaiak.

Elkargokide guztiak hautagai izan daitezke elkargoko edozein zuzendaritza-kargutarako, aurreko artikuluan eskatutako baldintzak betetzen badituzte.

Hautagaien aurkezpena eta karguen hautespena, Kontseiluaren Estatutu Orokorretako 55., 56. eta 57. artikuluetan xedatzen denaren arabera egingo dira.

2. ATALA - BILTZAR NAGUSIAK

41. artikulua.– Elkargokideen Biltzar Nagusia Elkargoaren organo gorena da. Biltzarrak, estatutu hauetako eskumenak erabiliz hartzen ditu erabakiak, eta horiek lotesleak dira elkargokide guztientzat.

Elkargokideen Biltzar Nagusiaren eskumenak:

a) Estatutuak onartzea eta aldatzea.

b) Ohiko eta ezohiko aurrekontuak onartzea eta horiei dagozkien kontuen berri ematea.

c) Elkargoko ondasunen inbertsio-proposamenak onartzea.

d) Gai profesionalak hobeto aztertzeko batzordeak sortzea, hala behar denean.

e) Gobernu-Batzordeko kideak hautatzea.

f) Gobernu-Batzordeko kideen jarduera aztertzea, onartzea edo, kasua bada, gaitzestea.

42. artikulua.– Biltzar Nagusiak ohikoak eta ezohikoak izan daitezke.

Ohiko Biltzar Nagusia urtero urtarrilean bilduko da, hala dagokionean Gobernu-Batzordean berritu behar diren karguak hautatzeko. Batzordearen kudeaketa ere aztertuko du, eta bere esku uzten dizkioten gai guztiak ebatziko ditu.

Ezohikoak izango dira Gobernu-Batzordeak egiten dituen gainerakoak. Deialdian agertzen diren gaiak baino ezingo dira aztertu.

Ezohiko Biltzar Nagusiak Gobernu-Batzordeak ebazten duenean bilduko dira, bai eta elkargokideen %20k gutxienez eskatzen dutenean ere. Eskabidean deialdiaren xedea jarriko da, argi eta garbi.

Ohiko Biltzar Nagusien gai-zerrenda elkargokide guztiei bidaliko zaie, hamar egun lehenago, gutxienez.

43. artikulua.– Biltzar Nagusiak balioz eratzeko, lehenengo deialdian, biltzarra osatzen duten elkargokideen erdiak gehi batek egon beharko dute, bertaratuta edo ordezkatuta. Bigarren deialdian, berriz, ez da gutxieneko kopururik beharko.

Elkargokide guztiek boto-eskubidea izango dute, elkargoko betebeharrak eguneratuta badituzte.

44. artikulua.– Biltzar Nagusietara joatea nahitaezkoa da. Hala ere, elkargokideren batek ezinezkoa badu joatea eta behar bezala justifikatzen badu, beste elkargokide bati eman diezaioke bere ordezkotza, idatziz, Kontseiluaren Estatutu Orokorretako 64. artikuluan ezarritakoaren arabera, Gobernu-Batzordeko karguak hautatzen direnean salbu.

Elkargokide bakoitzak ordezkotza bakarra izan dezake.

45. artikulua.– Bozketa.

Eztabaidatzen diren gaiei buruzko adostasunik egon ezean, bozketa egitea proposatu ahal izango du lehendakariak. Bertan dauden elkargokideen botoen gehiengo soilaz hartuko dira erabakiak.

Bozketak hiru motakoak dira: arrunta, izenduna eta boto-txartel bidezkoa.

Bozketa arrunta lehendakariak ezartzen duen hurrenkeran zutituz egingo da: eztabaidatzen den bozketa onartzen dutenak, onartzen ez dutenak eta abstenitzen direnak; bertan daudenen hogeirenak eskatzen duenean egingo da.

Bozketa izenduna honela egingo da: elkargokideak bere bi abizen esan eta , edo esan beharko du; bertan daudenen hamarrenak, gutxienez, eskatzen duenean egingo da.

Boto-txartel bidezko bozketa Biltzarrera joandakoen herenak eskatzen duenean edo lehendakariak, Mahaia ados dagoela, eskatzen duenean egingo da, elkargokideen begiruneari eragiten zaiola uste denean.

Elkargokideek botoa posta bidez bidal dezakete, Gobernu-Batzordeak karguak berritzeko hauteskundeen deialdian adierazten dituen arauak kontuan izanik.

V. KAPITULUA
ELKARGOAREN EKONOMIA-ARAUBIDEA

46. artikulua.– Elkargoaren baliabide arruntak izango dira honako hauek:

a) Korporazioak dituen ondasun eta eskubideen produktuak.

b) Elkargokideek ordaindu behar dituzten sartze-eskubideak, bai eta aldizkako kuotak ere.

c) Aduanako eragiketa ezberdinak oinarritzat hartuz finka daitezkeen kuotak.

d) Elkargoak egiten dituen argitalpenetatik ateratako etekinak.

47. artikulua.– Aparteko baliabideak izango dira honako hauek:

a) Entitate publikoek edo pertsona pribatuek elkargoari emandako dirulaguntzak edo dohaintzak.

b) Ezohiko derramak eta kuotak, Elkargokideen Biltzar Nagusiak ebazten dituenak.

48. artikulua.– Baliabide arruntak eta apartekoak Profesionalen Elkargoei buruzko Legeak eta estatutuetako eta araudietako arauek esleitutako obligazioak betetzeko izango dira soilik.

49. artikulua.– Elkargoak gastuen eta sarreren ohiko aurrekontuak eta, egonez gero, ezohikoak prestatuko ditu urtero.

50. artikulua.– Kontu-ikuskapena.

Gobernu-Batzordeak Biltzar Nagusiari onesteko aurkezten dizkion elkargoaren urteko kontuak Biltzar Nagusira bertaratu direnen artean aukeratuko diren elkargokideek ikuskatuko dituzte. Elkargokide horiek ez dira izango Gobernu-Batzordeko kideak.

VI. KAPITULUA
DIZIPLINA-ARAUBIDEA

51. artikulua.– Zigorrak horretarako bideratutako espedientearen gainean hartutako erabakiaren indarrez baino ezingo dira jarri, Estatutu hauetan arautzen den prozeduraren eta Profesionalen Elkargoei buruzko Legearen 19. artikuluan ezarritakoaren arabera.

52. artikulua.– Administrazioari dagozkion ahalmenak gorabehera, Legearekin eta ezarritako prozedurekin bat etorriz, Elkargo Ofizialaren aurrean espedienteari hasiera emateko eskumena Kontseilu Nagusiak, Biltzar Nagusiak, Gobernu-Batzordeak eta edozein agente elkargokidek izango dute.

Diziplina-ahalmena honako hauei dagokie:

a) Kontseilu Nagusiari, ukitutako pertsona Elkargoko edo Kontseiluko Gobernu-Batzordeko kidea denean.

b) Biltzar Nagusiari, gainontzeko kasuetan.

53. artikulua.– Zigor-espediente guztiak banan-banan izapidetuko dira eta antzinatasunaren eta hasiera-urtearen arabera zenbatuko dira, hurrenez hurren.

54. artikulua.– Nolanahi ere, kargu-orri edo salaketa batez hasiko da prozedura, aurrez aipatutako pertsonek edo erakundeek aurkeztuta, elkargo honen Gobernu-Batzordean.

Ez da izenpetu gabeko salaketarik onartuko.

Gobernu-Batzordeak ageri agerian funsgabeak diren salaketak baztertu egingo ditu, arrazoitutako erabaki batez.

55. artikulua.– Salaketa jaso ostean, Gobernu-Batzordeak horren kopia bat bidaliko dio salatuari. Salatuak zortzi eguneko epea izango du erantzuteko, bere eskubidearen alde egokitzat jotzen duena alegatu ahal izango du eta erabiliko dituen proba guztiak proposatuko ditu.

Zitazio edo jakinarazpen oro gutun ziurtatuz egingo da,

hartu izanaren adierazpenarekin; espedienteari posta egiaztagiriak erantsiko zaizkio.

56. artikulua.– Salaketa erantzunda edo horretarako epea iraganda, Gobernu-Batzordeak, bere kabuz edo alderdiren batek eskatuta, probaldi bat irekitzea erabaki ahal izango du, gehienez 20 egunekoa, behar diren probak egin ahal izateko.

Probaldi horretan, erruztatuak edozein proba proposatu ahal izango du, bere interesen alde.

Elkargoaren Gobernu-Batzordeak ere ahalmen hori edukiko du, eta gertakariak argitzeko bidezkotzat jotzen duen edozein proba egin dezake.

Epea amaituta, eta doakionari entzun ondoren, Gobernu-Batzordea bildu, eta gehiengoz, hartu beharreko erabakia hartuko du eta Biltzar Nagusiak berretsiko du, zeina arrazoitutako idazki batez jakinaraziko zaion doakionari.

60. artikuluan adierazten den kasuan, ebazpena Biltzar Nagusiak berretsi beharko du, eta Kontseilu Nagusiari eta Administrazio eskudunei horren berri eman beharko die.

Gobernu-Batzordeko kideren bat gehiengoz hartutako erabakiren batekin ados egon ezean, boto bereizi bat eman ahal izango du.

57. artikulua.– Arau-hausteak.

Agenteek egindako arau-hausteak oso larriak, larriak eta arinak izango dira, estatutu hauen ondorioetarako.

a) Oso hutsegite larriak izango dira honako hauek:

1.– Ezgaituta egonik edo bateraezintasun edo debeku-kausaren batean barne hartuta egonik lanbidean jardutea.

2.– Lanbidean jardutearen ondorioz doluzko delitua egitea, parte-hartze maila edozein izanik ere.

3.– Agentzian benetako langile ez direnei ahalmena ematea; ahalmen horiei eustea, estatutu hauek argitaratu aurretik emanikoak izanda ere; eta lanbidean intrusismoa errazten edo sorrarazten duen beste edozein ekintza.

4.– Kontu ofizialak aldatuta ematea, eta horren ondorioz, eskatzaileengan kalte larriak sortzea; salbuetsita geratuko dira justifika daitezkeen hutsegiteak.

5.– Aduana-Agenteek, indarrean dauden Estatutuetako 27. artikuluan adierazten den derrigorrezko jakinarazpena egin gabe, beste elkargo bateko barrutian lanbidean jardutea.

6.– Bi urteko epean, gutxienez, bi arau-hauste larri egitea.

b) Hutsegite larriak izango dira honako hauek:

1.– Lanbideko betebeharrak ez betetzea, eta hori lanbide-jarduketa eskatzen edo hitzartzen dutenen kalterako izatea.

2.– Elkargoen Legearen 13. artikuluak aipatzen duen derrigorrezko lana ez betetzea, behar bezala eskatu arren; zerbitzua eskaintzea eragozten duen arrazoi justifikatu bat badago, ez da hutsegite larritzat hartuko.

3.– Lehia desleiala eta zintzotasun eza dakarten ekintzak.

4.– Irain larriak egitea lanbide bereko beste profesional batzuen duintasunari nahiz lanbideko gobernu-organoei, edo laneko arrazoiengatik berarekin harremanetan diren pertsona edo erakundeei, bai eta beroriei eraso fisikoak egitea ere.

5.– Kontseilu edo elkargo profesionalei nahiz barruko organoei behar bezala lan egitea eragozten dieten ekintzak burutzea.

6.– Eskatzen diren agiriak ez gordetzea, erregelamenduz ezarritako gutxieneko epean.

7.– Administrazioak, Kontseiluak edo elkargo honek agindutakoak bete gabe uztea.

8.– Asegururik ez edukitzea.

9.– Lehenago oso hutsegite larritzat hartuetariko edozein, Gobernu-Batzordearen ustez, gertakariek goiko a) atalean barne hartzen den kalifikazioa emateko adina garrantzia ez dutenean.

10.– Bideratze-eragiketak egiteko baimena edo ahalmenak ematea, Elkargoak aurretik oniritzia eman gabe, aduanan aurkeztu aurretik.

11.– Bi urteko epean gutxienez bost arau-hauste larri egitea.

c) Aduanetako Ordenantzek eta Kontseiluko eta Elkargo honetako estatutuek ezartzen dizkioten gainerako obligazioak urratzea hutsegite arina izango da, beti ere arau-hauste larria edo oso larria ez badira.

58. artikulua.– Agente elkargokideek beren ahaldunek nahiz laguntzaileek eginiko oso arau-hauste larriak edo arau-hauste larriak estali egiten badituzte, erantzukizuna izango dute eta arau-hauste larri edo arinei dagozkien zigorrak jarriko zaizkie, hurrenez hurren. Erantzukizun hori izango dute, halaber, Administrazioak, kontseiluak edo elkargoak ohartarazita, ahaldun edo laguntzaile horiekin hartu beharreko neurriak hartzen ez badituzte.

Arrazoi horiengatik, erantzukizun eta zigor horiek izango dituzte elkargoko agenteek, pertsona juridikoek, beren ordezkariek eta menpekoek Administrazioan duten jarduerari dagokionez.

59. artikulua.–

59.1.– Oso arau-hauste larriek hiru urtera preskribituko dute, larriek bi urtera eta arinek urtebetera.

59.2.– Preskripzio-epea araua hausten den egunetik aurrera hasiko da.

59.3.– Zigortzeko prozedurari hasiera ematen bazaio interesatua jakinaren gainean dagoela, preskripzio-epea eten egingo da. Baina zigortzeko espedientea sei hilabete baino gehiagoan geldirik baldin badago, eta errua ez baldin bada ustezko arau-hauslearena, preskripzio-epea berriz ere martxan jarriko da.

59.4.– Oso arau-hauste larriengatik jarritako zigorrek hiru urtera preskribituko dute, arau-hauste larriengatik jarritakoek bi urtera, eta arinengatik jarritakoek urtebetera.

59.5.– Zigorra jartzeko erabakia erabaki irmo bilakatzen den egunaren hurrengotik aurrera hasiko da zigorra preskribitzeko epea.

59.6.– Betearazteko jardunbideari hasiera ematen bazaio interesatua jakinaren gainean dagoela, preskripzio-epea eten egingo da. Baina jardunbide hori sei hilabete baino gehiagoan geldirik baldin badago, eta errua ez baldin bada arau-hauslearena, preskripzio-epea berriz ere martxan jarriko da.

60. artikulua.– Zigorrak.

Aurreko artikuluetan zehaztutako arau-hausteak, honela zigor daitezke:

60.1.– Oso arau-hauste larriak:

a) 500.001 eta 5.000.000 pezeta bitarteko isuna.

b) Urtebetetik hogei urtera bitarteko ezgaikuntza, Profesionalen Elkargoei buruzko Legearen 17. artikuluak adierazitakoaren arabera.

60.2.– Arau-hauste larriak:

a) Urtebete arteko ezgaikuntza, Profesionalen Elkargoei buruzko Legearen 17. artikuluak adierazitakoaren arabera.

b) 50.001 eta 500.000 pezeta bitarteko isuna.

60.3.– Hutsegite arinak:

a) Hitzezko edo idatzi bidezko ohartarazpena.

b) 50.000 pezetako isuna, gehienez.

Diru-zigorren zenbatekoa, Legearen 16.7 artikuluaren arabera administratuko da.

61. artikulua.– Errekurtsoak.

Gobernu-Batzordeak diziplinaren alorrean hartutako erabakien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Kontseilu Nagusian, estatutu hauen 13. artikuluan jasotzen denarekin bat etorriz.

Kontseiluak gai horri loturik eta gora jotzeko errekurtsoak ebazteko hartzen dituen erabakien aurka, zuzenean errekurritu ahal izango da Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan.

VII.– KAPITULUA
GORAIPAMENAK ETA SARIAK

62. artikulua.– Kontseiluaren Estatutuetako 94. artikuluak aipatzen dituen goraipamenak, ezin izango zaizkie Elkargo honetako Gobernu-Batzordean dauden kideei eman.

VIII. KAPITULUA
ELKARGOA DESEGITEA

63. artikulua.– Pasaiako Aduanetako Agenteen eta Komisio-hartzaileen Elkargo Ofiziala desegin ahal izateko, Ezohiko Biltzar Nagusia egin beharko da, gai-zerrendan gai hori bakarrik barne hartuz, eta Biltzar hori egiten den unean boto-eskubidea duten elkargokideen %75ak onartu beharko du.

Edozein arrazoirengatik Pasaiako Aduanetako Agenteen eta Komisio-hartzaileen Elkargo Ofiziala desegin egiten bada edo legezko izateari uzten badio, desegiteko unean titular ziren elkargokideen artean banatuko da bertako ondarea, zati berdinetan.

Laguntza publikoak jaso baldin badira, laguntza horien arau erregulatzaileetan adierazten den helburua emango zaie.

Kitapena egiteko prozedura Eusko Legebiltzarraren Lege batek ezarri beharko duena izango da, indarrean dagoen Elkargo Profesionalen Legearen 31. artikuluak xedatzen duenaren arabera.

IX. KAPITULUA
ESTATUTUAK ALDATZEA

64. artikulua.– Estatutuak aldatzeko ekimena Gobernu-Batzordeak izango du. Elkargokideek ere aldaketa eska dezakete, eta hori egiteko inskribituta dauden Agenteen ehuneko hogeita bost beharko da gutxienez.

Hartzen diren erabakiak, Biltzar horretara bertaratu diren elkargokideen gehiengo absolutuarekin hartu beharko dira.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Estatutu hauetan pezetari buruz egiten diren aipamenak, Europako Moneta Bakarra indarrean sartzen denean eurotan egindakotzat joko dira, horretarako dagokion trukaneurria aplikatuz.


Azterketa dokumentala