
250. zk., 2001eko abenduaren 28a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
7271
AGINDUA, 2001eko azaroaren 30ekoa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena, erregimen bereziko energia elektrikoa ekoizten duten instalazioen gaineko kontrolari eta jarraipenari buruzkoa.
Arlo Elektrikoaren azaroaren 27ko 54/1997 Legeak arlo elektrikoko jarduerak arautzen ditu, eta arreta berezia jartzen du erregimen bereziari atxikita dauden energia elektrikoaren ekoizpen jardueretan; izan ere, erregimen bereziari atxikitzen dira beste industri jardueraren baten osagarri direlako, energia primario jakin bat erabili dutelako edo potentzia gutxikoak direlako.
Sistema elektrikoaren barruan ekoizten den energia elektrikoa erregimen berezikotzat joko da, baldin eta energia sortzeko honako eraren bat erabiltzen bada:
a) Baterako sorkuntza erabiltzen duten edo jarduera elektrikoekin zerikusirik ez duten bestelako elektrizitate ekoizpen-motak erabiltzen dituzten autoekoizleak, baldin eta errendimendu energetiko handikoak badira eta potentzia instalatua 50 MW baino txikiagoa bada.
b) Energia primario moduan energia berriztagarri ez kontsumigarriren bat, biomasa edo edozein bioerregai mota erabiltzen bada, baldin eta titularrak ez badu erregimen arrunteko ekoizpen-jarduerarik egiten eta baldin eta potentzia instalatua 50 MW baino txikiagoa bada.
c) Energia primario moduan hondakin ez berriztagarriak erabiltzen badira eta potentzia instalatua 50 MW baino txikiagoa bada.
d) Horiez gain, nekazaritza, abeltzaintza eta zerbitzuetako sektoreetako hondakinak tratatzeko eta gutxitzeko instalazioetatik ekoizten den energia elektrikoa ere erregimen bereziari atxikita egongo da, baldin eta errendimendu energetiko handikoak izanik, potentzia 25 MW-koa edo txikiagoa bada.
Baterako sorkuntza, hondakin eta energia-iturri edo baliabide berriztagarriez hornitutako instalazioek ekoiztutako energia elektrikoari buruzko abenduaren 23ko 2818/1998 Errege Dekretuak 54/1997 Legeak erregimen bereziko ekoizpenari buruz xedatutakoa garatzen du, lehendik zegoen araudia bateratzen du eta era horretako instalazioen ustiatzaileen eta energia elektrikoa banatzen duten enpresen arteko harreman tekniko eta ekonomikoak arautu behar dituzten oinarrizko irizpideak garatzen ditu.
Bestalde, 1991ko uztailaren 8ko Aginduak Euskal Autonomia Erkidegoko baterako sorkuntza-instalazioen errendimendua kontrolatzeko metodoa eta aldizkakotasuna ezarri zituen orduan indarrean zegoen legediak ezarritako ildo orokorrak kontuan hartuta. Baina, legedia aldatu egin denez, berriro zehaztu behar dira instalazio horiek ustiaketa fasean duten errendimendua kontrolatzeko baldintzak.
Ondorioz, eta Euskal Herrirako Autonomia Estatutuak energia gaietarako oinarriak exekutatzeko eta legeak garatzeko autonomia erkidego honi emandako eskumenak erabiliz, honakoa
XEDATU DUT:
1. artikulua.– Eremua.
Agindu honetan dauden arauak eta eranskinak Euskal Autonomia Erkidegoan egon eta izaera duten edo izaera hori lortzeko eskabidea egin duten ekoizpen-instalazioei aplikatuko zaizkie; eta izaera lehendik badute, baterako sorkuntza, hondakin eta energia-iturri edo baliabide berriztagarriez hornitutako instalazioek ekoiztutako energia elektrikoari buruzko abenduaren 23ko 2818/1998 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera aitortu zaielako da.
2. artikulua.– Instalazioaren titularren betebeharrak.
1.– Erregimen bereziko erregistroan inskribatuta dauden instalazioen titularrek edo ustiatzaileek aurreko urteko memoria laburtu bat bidali beharko dute urteko lehenengo hilabetean instalazioa dagoen lurralde historikoko Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko lurralde bulegora. Memorian honako hauek jaso beharko dira: batetik, instalazioaren ustiaketa-datu guztiak, eta horiek Agindu honetako II. eta III. eranskinetan ezarritako ereduak erabiliz adieraziko dira; eta bestetik, I. eranskinean adierazitako errendimendu eta/edo autokontsumo izaera betetzen dela egiaztatzen duten kalkuluak. Kalkuluak egiteko, eranskineko balioak aplikatu beharko dira.
2.– Aurreko paragrafoan adierazitakoez gain, 2818/1998 Errege Dekretuko 2. artikuluaren arabera a) eta b) taldeetan sailkatutako ekoizpen-instalazioen titularrek edo ustiatzaileek instalazio horietan erregistratutako ustiaketa-datuen laburpena ere bidaliko diote hilero administrazioak aintzatetsitako entitateari.
3.– Ekoizpen-instalazioetan erregistratutako datuak Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren esku egon beharko dira beti; izan ere sailak egoki ikusten dituen ikuskapen tekniko guztiak egin ahal izango ditu. Ikuskapenak administrazioak aintzatetsitako entitatearen bitartez egingo ditu eta aurreko paragrafoan adierazitako betekizunak betetzen direla egiaztatzeko egingo ditu.
3. artikulua.– Kontol-erregistroak.
1.– Abenduaren 23ko 2818/1998 Errege Dekretuak a) eta d) taldeetan sailkatu dituen eta Agindu honetako 1. artikuluan ere jasota dauden energia elektrikoaren ekoizpen-instalazioak badira, honako datuen eguneko eta hileko balio metatuak erregistratu beharko dira ustiaketa fasean zehar:
a) Prozesuaren linea bakoitzari transmititutako bero-energia erabilgarria. Prozesuaren lineatzat joko dira sorkuntza-sistemak ekoizten dituen eta erabiltzaileen ekipo kontsumitzaileetan erabiltzen diren energia guztiak.
b) Energia primarioaren kontsumoa. Erabilitako erregaiaren beheko berotze-ahalena aipatu beharko da.
c) Ekoiztutako energia elektriko aktiboa.
d) Sarera esportatutako energia elektrikoa.
e) Sorkuntza ekipoaren funtzionamendu-denbora.
2.– Lehenengo paragrafoan adierazitako informazioa jaso behar duen tresneria toki egokian ipini beharko da, esandako balio metatuak eta garbiak behar bezala jaso ahal izateko.
3.– Ekoizpen-instalazio bat erregimen berezikoa izendatzeko eskatzeko aurkeztu behar den proiektuaren memoria teknikoan tresneriaren ezaugarriak eta kokapena jaso beharko dira, eta memoriaren separata gisa aurkeztu beharko dira.
4. artikulua.– Gutxieneko errendimenduak.
2818/1998 Errege Dekretuaren 14. artikuluan xedatutakoaren arabera, Errege Dekretu horretako 2. artikuluko a) eta d) taldeetan jasota dauden instalazioen titular edo ustiatzaileek urtero bidali beharko dute urteko lehen hiruhilabetekoan instalazioa dagoen lurralde historikoko Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde bulegora honako hau: Agindu honetako I. eranskinean eskatzen diren betekizun teknikoak betetzen direla egiaztatzen duen egiaztagiria. Administrazioak aintzatetsitako entitate batek eman beharko du egiaztagiri hori.
5. artikulua.– Errendimenduak kontrolatzeko entitate aintzatetsia.
1.– 2818/1998 Errege Dekretuaren 14. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, esan behar da Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren zeregina dela baterako sorkuntza-instalazioen errendimenduak kontrolatzeko arloan entitate aintzatetsi moduan jarduteko baimenak ematea.
2.– Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren baimena ematen duen ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Baimenak bost urteko indarraldia izango du.
3.– Baterako sorkuntza-instalazioen errendimenduak kontrolatzeko arloan entitate aintzatetsi moduan jarduteko baimena nahi duten entitateek baimen-eskabieda aurkeztu beharko dute Industria, Merkataritza eta Turismo Sailean, bai eta honako beste agiriok ere:
a) Entitatearen estatutu juridikoen adierazpena eta finantza-iturriak.
b) Estatutuak edo entitatea arautzen duen araua.
c) Jardueren memoria.
4.– Administrazioak entitate bat aintzatetsi behar badu, entitate horrek ziurtatu beharko du egin beharreko jarduerak burutzeko nahikoa gaitasun tekniko eta finantzarioa duela, eta hori ziurtatzeko honako baldintzak bete beharko ditu:
a) Entitateak frogatu egin beharko du nahikoa gaitasun tekniko eta finantzario duela administrazioaren aintzatespena behar duten jarduerok burutzeko, eta hori ziurtatzeko, jarduera horien gaineko araudian eskatzen diren betekizun guztiak bete beharko ditu.
b) Entitateak nahikoa baliabide material izateaz gain, prestakuntza profesional eta tekniko egokia eta erregelamenduari buruzko prestakuntza egokia duen pertsonala izan beharko du, behar bezala burutu ahal izateko administrazioak entitateari aintzatetsitako jarduerak.
5.– Administrazioak entitate kopuru mugatua aintzatetsiko du, eta, kopurua mugatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen eskaria hartuko du kontuan. Edozelan ere, eta esandakoaren ondorioetarako, energia arloan ari diren eta baterako sorkuntzaren arloan esperientzia duten izaera publikoko entitateek lehentasuna izango dute baterako sorkuntza-instalazioen errendimenduak kontrolatzeko arloan entitate aintzatetsi moduan jarduteko aintzatespena jasotzeko orduan.
6.– Baterako sorkuntza-instalazioen errendimenduak kontrolatzeko arloan administrazioak aintzatetsitako entitate moduan jarduteko baimena eskuratzen duten entitateek 2818/1998 Errege Dekretua eta Agindu honetan jasotako eginkizun guztiak bete beharko dituzte.
6. artikulua.– Zigorrak.
1.– Agindu honetan aurreikusitakoa betetzen ez bada, eta, horren ondorioz, energiaren kontserbazioari buruzko abenduaren 30eko 82/1980 Legean jasotako arau-hausteren bat egiten bada, edo aplikagarria den bestelako arauren bat urratzen bada, urratutako arauan ezarritakoaren zigorra ezarriko da.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean ezarritakoa kontuan hartuta, organo batek prozedura bat ebazteko eskumena badu, prozedura hasteko eskumena ere izango du.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Instalazio hidraulikoek, baterakuntzako sorkuntza instalazioek eta energia berriztagarriko baliabide edo iturriek ekoiztutako energiari buruzko abenduaren 9ko 2366/1994 Errege Dekretuan ezarritakoa kontuan hartuta, lehendik erregimen bereziari atxikita dauden eta Errege Dekretu horretan ezarri ziren errendimendu energetikoari buruzko betekizunak nahitaez bete behar dituzten instalazioek ere bete egin beharko dituzte Agindu honetako 3.eta 4. artikuluetan jasotako administrazio-betekizunak.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetu egiten dira Euskal Autonomia Erkidegoko baterako sorkuntza-instalazioen errendimendua kontrolatzeko metodoa eta aldizkakotasuna ezarri zituen Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 1991ko uztailaren 8ko Agindua eta Agindu honetan ezarritakoari kontrajarrita dagoen beste edozein xedapen.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean.
Vitoria-Gasteiz, 2001eko azaroaren 30a.
Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,
JOSU JON IMAZ SAN MIGUEL.
I. ERANSKINA
1.– Potentzia instalatua 50 MW-koa edo txikiagoa duten eta abenduaren 23ko 2818/1998 Errege Dekretuan zehaztutako taldeetako batean jasota dauden energia elektrikoaren ekoizpen-instalazioei aplikatuko zaie agindu honetan ezarritakoa. Hona hemen taldeak:
a) Baterako sorkuntza erabiltzen duten edo jarduera elektrikoekin zerikusirik ez duten bestelako elektrizitate ekoizpen-motak erabiltzen dituzten autoekoizleak, baldin eta errendimendu energetiko handikoak badira eta eranskin honetan ezarritako betekizunak betetzen badituzte.
Autoekoizletzat joko dira batez ere norberak erabiltzeko elektrizitatea sortzen duten pertsona fisiko edo juridikoak. Eta elektrizitatea norberak erabiltzeko dela esango da, baldin eta sortzen duten energia elektrikoaren urteko batez besteko autokontsumoa honakoa bada: sortutako energia elektrikoaren 100eko 30 kontsumitzen badute, potentzia 25 MW baino txikiagoa izanik; edo,bestela, sortutako energia elektrikoaren 100eko 50 kontsumitzen badute, potentzia 25 MW-koa edo handiagoa izanik.
b) Energia primario moduan energia berriztagarri ez kontsumigarriren bat, biomasa edo edozein bioerregai mota erabiltzen bada.
c) Energia primario moduan aurreko multzoan jaso ez diren hondakinak erabiltzen badira.
d) Nekazaritza, abeltzaintza eta zerbitzuetako sektoreetako hondakinak tratatzeko eta gutxitzeko instalazioak; baldin eta errendimendu energetiko handikoak izanik, potentzia 25 MW-koa edo txikiagoa bada. Instalazio horiek bete egin beharko dituzte eranskin honetan ezarritako errendimendu energetikoari buruzko betekizunak.
2.– a) eta d) taldeetako ekoizpen-instalazioen errendimendu energetikoa honela jasoko da:
R = E + V
Q
Q = energia primarioaren kontsumoa. Erabilitako erregaiaren beheko-berotze ahalmena jasotzen du.
V = industriako ekoizpen-prozesuetarako industriak eskatzen duen bero eraginkorraren unitate termikoak.
E = sortutako energia elektrikoa, alternadore-bornetan neurtuta, energia termiko moduan adierazita eta honako baliokidetzarekin: 1kWh = 860 kcal.
Errendimendu elektriko baliokidea formula honen bidez zehaztuko da:
REE= E
Q- V
0,9
2.1.– a) eta d) taldeetako ekoizpen-instalazioak erregimen bereziari atxikitzeko, ezinbestekoa izango da errendimendu elektriko baliokidea erabilitako erregaiari dagokionaren parekoa edo handiagoa izatea, beti ere honako taulen arabera:
REE
(Portzentajea)
Erregai likidoak galdarak dituzten
zentraletan 49
Erregai likidoak motor termikoetan 56
Erregai solidoak 49
Gas naturala eta GLP motor termikoetan 55
Gas naturala eta GLP gas-turbinetan
eta bestelako teknologiak 59
2.2.– Ohiko erregai bat baino gehiago erabiltzen duen instalazio bakoitzari gutxieneko errendimendua aplikatuko zaio, beti ere bakoitzari teknikoki egotzi ahal zaion energia elektrikoaren eta energia primarioaren arabera.
OHARRA: Datu energetiko guztiak operazio-aldi berari buruzkoak izan beharko dira, eta aipatu diren gutxieneko betekizunak bete beharko dira, operazio-aldia urtekoa bada behitzat.
III. ERANSKINA
Zentrala:
Zentralaren izena:
Teknologia (1):
Tokia: kalea edo plaza, ingurua eta abar
Herria:
Lurralde Historikoa:
Zein taldetakoa den (2. artikulua):
Zein enpresa banatzaileri isurtzen dion:
Talde kopurua:
Potentzia izendatua guztira kW-tan:
Multzo bakoitzaren potentzia izendatua kW-tan:
Hidraulikoa:
Ibaia.
Saltoa metrotan:
Emaria m3-tan segundoko:
Termiko klasikoa:
Erregai mota(k):
Titularra:
Izena:.
Helbidea:
Herria:
Lurralde historikoa:
Inskripzio-data (Euskal Autonomia Erkidegoko erregistrokoa)
Behin behinekoa:
Behin betikoa:
(1) Hidraulika fluidoa, ponpaketa purua, ponpaketa mistoa, gas-turbina, kondentsaziozko lurrun-turbina, kontrapresiozko lurrun-turbina, ziklo konbinatua, diesel motorra, bestelakoak (adierazi zeintzuk).
_________________, ______ (e)ko ____________aren ________(a).
RSS