Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

250. zk., 2001eko abenduaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Herrizaingo Saila
7270

369/2001 DEKRETUA, zeinarekin ondoko bi dekretuak aldatzen baitira: urriaren 19ko 358/1999 Dekretua, Herrizaingo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena; eta ekainaren 13ko 107/2000 Dekretua, Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Programa arautzen duena.

Urriaren 19ko 358/1999 Dekretuaren bitartez, Herrizaingo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezarri ziren. Dekretu horretan, Lege Araubideko Zuzendaritzari besteak beste funtzio hau esleitzen zaio: Terrorismoaren Biktimei laguntzeari dagokiona —hartarako sortutako bulegoaren bitartez gauzatzen da aipatu laguntza.

2001eko uztailaren 11ko Inbestidura Debatean, eta 2001eko irailaren 28ko Osoko Bilkura Monografikoan, normalizazio politikoari eta elkarrizketari buruzkoan, legegintzaldirako programa-ildo nagusiari dagokionez, lehendakariak honako hau adierazi zuen: pertsona guztien askatasunen, giza eskubideen eta etikaren aldeko konpromisoa garatuko dugu.

Konpromiso etiko horren osagai funtsezkotzat honako hau planteatzen da: terrorismoaren biktimenganako elkartasuna eragingarria areagotzea, hartarako, Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza sortuaz, zeinak azpiegitura eta aurrekontu egonkor eta egokiak izango dituen, betiere terrorismoaren biktimen artezeko familiei ber-bertatik laguntza emateko,eta, halaber, edozein bortxa, txantaje edo jazarpen jasaten dutenei.

Era berean, Legebiltzarrak, 2001eko urriaren 5ean egindako osoko bilkuran, gaur egungo laguntza-programak aztertu eta beharrezkoa balitz berrikus daitezela xedatu zuen, betiere, lehendakariak egindako proposamenekin bat etorriaz, eraginpeko pertsonekin harremanak izanez, Legebiltzarreko taldeekin kontsentsu handiena bilatuaz, eta terrorismoaren biktimenganako elkartasun eragingarria sustatzearren.

Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza, hierarkikoki sailburuaren menpean dagoena, sor dadin, Lege Araubideko Zuzendaritzak aipagai dugun arloan burutzen dituen funtzioak esleitu behar zaizkio zuzendaritza berri horri —funtziook gaur egun hartarako bulego baten bitartez egiten dira—, eta, bestalde, ondoko dekretu bi hauek aldatu beharko dira: ekainaren 13ko 107/2000 Dekretua, Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Programa arautzen duena —30., 32., 35. artikuluak—; eta urriaren 19ko 358/1999 Dekretua —2. eta 7. artikuluak. Eta hori egin eta gero, Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko zuzendariaren eskumena izango da aipatu funtzioak burutzea

Eta esandakoaren ondorioz, Herrizaingo sailburuak egindako proposamenez, Lehendakaritzak onartuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2001eko abenduaren 26an egindako bileran eztabaidatu eta onartu ostean, honako hau

XEDATU DUT:

Lehenengo artikulua.– Urriaren 19ko 358/1999 Dekretuko 2. artikuluaren 1.a.1 idatz-zatiari 4. puntu berri bat eransten zaio —Herrizaingo Sailaren egitura funtzionala eta organikoa ezarri ziren dekretu horren bitartez.

Organo Zentralak

Sailburua.

Sailburuaren Kabineteko Zuzendaritza.

Zerbitzu Zuzendaritza.

Lege Araubideko Zuzendaritza.

Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza.

Bigarren artikulua.– Urriaren 19ko 358/1999 Dekretuaren 7. artikuluko 2 h idatz-zatia kendu egiten da —Herrizaingo Sailaren egitura funtzionala eta organikoa ezarri ziren dekretu horren bitartez.

Hirugarren artikulua.– Urriaren 19ko 358/1999 Dekretuari beste artikulu bat gehitzen zaio, 7. bis hain zuzen —Herrizaingo Sailaren egitura funtzionala eta organikoa ezarri ziren dekretu horren bitartez.

7. bis artikulua.– Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza.

Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzari honako funtzio hauek dagozkio:

a) Terrorismoaren Biktimenganako herritarren errekonozimendua eta elkartasuna sustatzea, hartarako jarduketa eta ekimen instituzionalen bitartez; eta, bestalde, askatasunarekiko eta giza eskubideekiko errespetua eta bakearen aldeko kultura zabaltzea.

b) Terrorismoaren biktimei zuzenean eta banan-banan egitea jaramon, zerbitzu publikoen erantzuna behar duen edozein beharrizan —kasuan kasukoa— ezagutzeko, hain zuzen ere.

c) Terrorismoaren biktimak eskubideez baliatzea sustatzeko ekimenak eta jarduerak bultzatu eta laguntzea.

d) Terrorismoaren biktimekin kontrastatuaz eta jarraian aztertzea laguntza publikoen programa; eta, beharrezkoa bada, biktimen interesei hobeto erantzuteko berrikusketa eta aldakuntza egokiak sustatzea.

e) Diruzko laguntza ematea, eta indarrean den araudian zehaztutako laguntza psikologikoa eta psikosoziala ematea.

f) Instituzio eta administrazio publikoen eta terrorismoaren biktimen arteko harremanak errazteko jarduerak bultzatzea, hartarako, laguntza eta prestazio publikoak eskatzeko prozeduren gaineko laguntza teknikoa zein legala eta informazioa emanez direlako biktimei.

g) Terrorismoen biktimei eskumendun eremuetatik laguntza integrala eta egokia emateko, Jaurlaritzako sailekin informazioari eta lankidetzari dagokienez harremanak izatea.

h) Oinarrizko helburutzat terrorismoaren biktimei giza laguntza eta laguntza psikologikoa ematea duten gizarte-mugimendu, fundazio eta elkarteekin lankidetza-harremanak izatea sustatzea.

i) Terrorismoaren biktimei laguntza egokia ematea bermatzeko, beste entitate, erakunde eta administrazio publiko batzuekin harremanak izateko bide iraunkorrak finkatzea, batez ere Estatuaren Administrazioarekin —Barne-Ministerioarekin bitartez, betiere ekainaren 13ko 107/2000 Dekretuaren 34. artikuluan zehaztutako Batzorde Tekniko Ebaluatzailearekikoak kaltetu gabe. Terrorismoaren Biktimei Laguntzako Programa arautzen da dekretu horren bitartez.

j) Indarrean diren arauek esleitzen dizkioten gainontzekoak burutzea.

Laugarren artikulua.– Ekainaren 13ko 107/2000 Dekretuaren 32. artikuluko lehenengo idatz-zatia aldatzea —Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Programa arautzen da dekretu horren bitartez—. Eta idatz-zati horren idazketa berria honako hau izango da:

Bosgarren artikulua.– Lege Araubideko zuzendariari dagozkion erreferentziak, ekainaren 13ko 107/2000 Dekretuko 30.1 eta 33 eta 35 artikuluetan jasotakoak, arau honek indarra hartu eta gero, Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko zuzendariari dagozkio (Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Programa arautzen da aipatutako ekainaren 13ko dekretuaren bitartez).

AZKEN XEDAPENA

Lehenengoa.– Dekretu hau garatzeko beharrezko diren xedapenak emateko ahalmena ematen zaio Herrizaingo sailburuari.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean hartuko du indarra dekretu honek.

Vitoria-Gasteizen, 2001eko abenduaren 26an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Herrizaingo sailburua,

JAVIER BALZA AGUILERA.


Azterketa dokumentala