Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

229. zk., 2001eko azaroaren 27a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
6587

AGINDUA, 2001eko azaroaren 20koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, 2002-2004 epealdirako oinarrizko eta/edo aplikatutako ikerketa proiektuetarako laguntzak eta errendimendu handiko taldeentzako laguntzak emateko deialdia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko zientzia- eta teknologia-ahalbideak areagotzeko beharra ikusita, eta ikerketa-taldeak indar daitezen, egoki irizten zaio Sail honek kudeatzen duen oinarrizko ikerketei eta ikerketa aplikatuei buruzko proiektu zehatzak garatzea xede duen programarekin aurrera jarraitzeari.

Oinarrizko eta aplikatutako ikerketako proiektu zehatzak egiteko izango da soilik deialdi hau. Proiektu horiek funtsezkoak dira, eta horietan oinarrituko dira enpresetako berrikuntzari lagunduko dioten teknologi-ikerketa eta garapenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko zientzi eta teknologi sistema sendotu egiten da deialdi honen bidez; izan ere, deialdi honek ezagutzaren garapenari lagundu egiten dio eta bide batez teknologi berritzailea garatzera eta ikertzaileen zerbitzurako baliabide materialak indartzera bideratuak dauden beste deialdiekin koordinatuta eratzen da.

Deialdi honetan, aurreko urteetan bezala, hiru modalitate daude: 1 modalitatea, oinarrizko eta aplikatutako ikerketa proiektuak sustatzeko; 2 modalitatea, errendimendu handiko ikerketako taldeak garatzeko; eta 3 modalitatea, Giza eta Gizarte Zientzietan ikerketa sustatzeko helburua duena.

Uztailaren 15ean lehendakariak eman zuen 7/2001 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ditu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu (2001eko uztailaren 17ko EHAA).

1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.) Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen du, bai eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezarri ere. Eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, berriz, Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen.

Jaurlaritzaren Kontseiluak 2000ko azaroaren 14an hartutako erabakiaren bitartez I. Unibertsitate Plana onartu zen, Unibertsitatea Antolatzeko Legearen prozedura eta ahalmenekin bat etorriz.

Ekonomi eta Ogasun Sailaren 1985eko azaroaren 12ko Aginduak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiko izapideak arautzen ditu. Aurreko guztia kontuan hartuta, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1.1.– Oinarrizko ikerketa eta ikerketa aplikatuko proiektuak burutzeko —1 modalitatea—, errendimendu handiko taldeen oinarrizko ikerketa eta ikerketa aplikatuko proiektuak burutzeko —2 modalitatea— eta Giza eta Gizarte Zientzietan oinarrizko ikerketa proiektuak burutzeko —3 modalitatea- diru-laguntzetarako deialdia egiten da, agindu honetan azaltzen diren baldintzen arabera emateko.

1.2.– Modalitateak:

1.2.1.– 1 modalitatea.

Oinarrizko ikerketako eta ikerketa aplikatuko proiektuak gauzatzea sustatu nahi da.

1.2.2.– 2 modalitatea.

Zientzi errendimendu handiko ikertzaile-taldeen artean oinarrizko ikerketako eta/edo ikerketa aplikatuko proiektuak gauzatzea sustatu nahi da.

1.2.3.– 3 modalitatea.

Giza eta Gizarte Zientzien alorrean ikerketa-proiektuak gauzatzea sustatu nahi da.

1.3.– Helburu honetarako guztira 36.000.000 pezeta (216.363 euro) emango dira, honela banatuta: 2002. urterako 18.000.000 pezeta (108.182 euro); 2003. urterako 11.000.000 pezeta (66.111 euro); eta 2004. urterako 7.000.000 pezeta (42.070 euro). Diru hori guztia Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-sailaren kontura emango da.

2. artikulua.– Onuradunak.

Diru-laguntza hauen onuradun honako erakunde hauek izango dira:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten ikerketako erakunde publikoak, nortasun juridiko propioa dutenak eta erkidegoaren administrazioarekin (deialdi hau sustatzen duen erakundearekin, hain zuzen) loturarik gabeak. Salbuespena izango da Euskal Herriko Unibertsitatea.

b) EITEko teknologia-zentroak.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten goi mailako irakaskuntzako edo/eta ikerketako erakunde pribatuak, nortasun juridiko propioa dutenak eta irabazi-asmorik gabeak.

Ikertzaile Nagusiak diru-laguntza jasoko duen erakundekoa izan beharko du.

3. artikulua.– Ikerketa taldeen ezaugarriak.

3.1.– Deialdi honetan parte hartu nahi duen ikerketa talde bakoitzak bakoitzak 1 eta 3 modalitateetako eskabide bakar batean parte hartu ahal izango du, eta 2 modalitatean ere parte hartu ahal izango du.

3.2.– Aurreko deialdian (2001eko martxoaren 27ko Agindua; 2001eko apirilaren 30eko EHAA) 2 edo 3 urterako proiektu bat egiteko finantzaketa jaso zuten ikerketa taldeek (2002 eta 2003. urteetan ere indarrean egongo direnez) ezingo dute deialdi honetan parte hartu.

3.3.– Errendimendu handiko ikerketa-talde izateko hau eskatuko da: zientzi argitalpen oparoa izatea eta zientzi eta teknologi mailan baloratutako beste merezimenduak; halaber, doktoretza aurreko eta ondorengo bekadunen kopuru handia prestatu izana, konpetitiboak diren ikerketa proiektuen kopuru handia egina izatea eta 1996tik 2000ra bitartean (biak barne) prestigiozko beste ikerketa-talde batzuekin elkarlanean aritu izana. Datu horiek agindu honen 5.3 artikuluan zehaztutako agirien bitartez egiaztatuko dira.

3.4.– Hauek osatuko dute ikertzaile taldea:

a) Ikertzaileek. Doktoretza ukan beharko dute. Gutxienez bi izango dira, taldea zuzenduko duen ikertzaile nagusia barne.

b) Ikerketa-laguntzaileek. Fakultate batek edo Goi Mailako Eskola Tekniko batek emandako lizentziadun, ingeniari edo arkitekto tituluaren jabe izan beharko dute.

Ikertzaileek (doktoreek) proiektuan izango duen gutxieneko dedikazioa lanaldi oso batekoa izango da, hots, 35 ordu astean.

Ikertzaile-taldearen gutxieneko dedikazioa bi lanaldi osokoa izango da. Kopuru horretan ez da kontuan hartzen laguntzailearen dedikazioa.

4. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

4.1.– Kontzeptu finantzagarriak.

Deialdi honetan honakoak finantzatu ahalko dira:

a) Laguntzailea: eskabidean helburu horrekin ordaindu beharreko zenbateko gisa agertuko da. Diru-laguntza esleitu ostean, Ikertzaile Nagusiak laguntzaileak zeintzuk izango diren proposatuko dio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari eguneratze-txostenaren bidez. Eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzak onartu egingo du hori, baldin eta deialdi honetan ezarritako baldintza guztiak betetzen badira.

Lanaldi osoagatik, hau da asteko 35 ordugatik, ordaindu

beharreko kopurua gehienez 1.501.467 PTA (9.024 euro) urteko izango da. Proiektuari denbora gutxiago eskainiko balitzaio, ordaindu beharreko zenbatekoa proiektuari eskainitako denboraren araberakoa izango litzateke.

Laguntzaileak bete beharreko baldintzak: lizentziaduna, industria-ingeniaria, arkitektoa edo ingeniari teknikoa izatea; deialdian parte hartzen duten erakundeen plantillakoa ez izatea; beketatik edo beste ikerketa-proiektu batzuei emandako diru-laguntzetatik diru-ordainketarik ez jasotzea, ez soldatarik, ez bestelako diru-sarrera publiko edo pribaturik.

b) Material inbentariagarria: kontzeptu honen zenbatekoa ez da 3.000.106 PTAtik gorakoa izango (18.031 euro) urtean; tresna bakoitzaren kostuak urteko 1.000.146 PTAtik beherakoa izan beharko du (6.011 euro). Proiektuaren kontura erositako material inbentariagarria erakundearen inbentarioan jaso beharko da; altzariak eta instalazioak ez dira onartuko.

c) Material suntsikorra: mugarik gabe ordainduko da, baina behar bezala justifikatuta eta proiektuaren jardueretan beharrezkoa izanda.

d) Bidaiak: proiektuaren jardunak burutu ahal izateko eta emaitzak ezagutzera emateko egindakoak. Partida honetan sartzen dira proiektuaren emaitzak azaltzeko biltzar, ikastaro edo mintegietara joan ahal izateko bidaiak.

e) Bestelako gastuak: aipatu diren kontzeptuetan jaso ez diren beste gastu batzuk, proiektuaren kostuaren %5eko zenbatekoan gehienez.

Zenbateko horiek gainditzen dituzten gastuak onartu ahal izango dira behar den bezala justifikatzen baldin badira eta ebaluazio teknikoak hori eskatzen badu.

4.2.– Eremu geografikoa.

Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duen zentro batean edo gehiagotan, edo batzuetan koordinatuta, garatuko diren ikerketa-proiektuak hartzen ditu deialdi honek. Hala ere, salbuespenez, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo noizean behin eta aldi batez zenbait jarduera burutu beharra duten proiektuak ere onar daitezke.

4.3.– Iraupena.

2002ko urtarrilaren 2an emango zaie hasiera proiektuei.

Oinarrizko eta aplikatutako ikerketa proiektuak —1 modalitatea— 2002-01-02 eta 2004-12-31 bitarteko epean burutuko dira, 1, 2 edo 3 urteko iraupenez.

Errendimendu handiko proiektuak —2 modalitatea— urtebetekoak baizik ez dira izango.

Giza eta Gizarte Zientzietako ikerketa-proiektuak —3 modalitatea— 2002-01-02 eta 2003-12-31 bitarteko epean burutuko dira, urte 1 edo 2ko iraupenez.

Proiektuaren azken urtean, ikerketa-proiektua amaitzea eragozten duten arrazoiak egon badaude, diru-laguntza amaitu egingo denez, ikertzaile nagusiak proiektua amaitzeko denbora, bai eta kreditua gastatzekoa ere, luzatzea eskatu ahal izango dio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari, beti ere, erakundearen legezko ordezkariaren oniritzia aurkeztuta. Luzapen hori, sei hilabetekoa izango da gehienez, eta eskaera hori egiteko arrazoiak behar bezala egiaztatu beharko dira. Zientzia Politikarako zuzendariak jakinaraziko dio interesatuari eskaera hori onartu den ala ez. Luzapen hori emateak ez du esan nahi proiektuaren amaierako memoria entregatzeko epea luzatuko denik.

5. artikulua.– Eskabideak betetzea eta aurkeztea.

Eskabideak aurkezteko azken eguna 2002ko urtarrilaren 9a izango da, Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Eskabideak helbide honetara bidali beharko dira:

Eusko Jaurlaritza.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila.

Zientzi Politikarako Zuzendaritza.

Erreferentzia: Ikerketa Proiektuak.

Donostia kalea, 1.

01010 Vitoria-Gasteiz.

Edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio-Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideetakoren batez baliatu ahal izango da.

Ikertzaile nagusiak egin beharko du eskabidea, eta bera atxikita dagoen departamentuko zuzendariaren eta azken honen gainetik dagoen erakundearen legezko ordezkariaren oniritzia beharko du.

5.1.– Eskabidearekin batera doazen agiriak.

Agiri hauek erantsi beharko zaizkio eskabideari:

a) Proiektuaren deskribapen orokorra, 1. eranskinaren arabera, honako hauek jasoz:

– Proiektuaren deskribapen orokorra.

– Talde ikertzailea.

– Zentroaren fitxa.

– Beste proiektu batzuetan parte hartu izanaren adierazpena.

b) Ikerketa proiektuaren memoria bat, 2. eranskinaren arabera, honakoak jasoz:

– Ikerketa-proiektuaren memoria.

– Gaiaren aurrekariak eta oraingo egoera.

– Hipotesiak – Helburu orokor eta operatiboak.

– Proiektuaren interesa – Metodologia.

– Proiektua burutzeko eskuragarri dauden instalazioak, tresnak eta teknikak.

– Lan-egitasmoa.

– Ikertzaile-taldearen esperientzia.

– Bibliografia aipagarriena.

– Eskatutako diru-laguntzaren justifikazio zehatza.

– Bi zentro edo gehiagoren arteko lankidetza.

– Errendimendu handiko taldeek honakoak ere aurkeztu beharko dituzte:

– Finantzatutako proiektu lehiakorrak.

– Doktoretza aurreko eta ondoko bekadunak.

– Beste ikerketa-talde batzuekiko lankidetza.

c) Erakunde eta zentro laguntzaileen adierazpena, 3. eranskinaren arabera.

d) Ikertzaile nagusiaren curriculum vitae-a, 4. eranskinaren arabera.

e) Ikertzaile-taldearen curriculum kolektiboa, 5. eranskinaren arabera.

f) Beste ikertzaile batzuen curriculumak, dena delakoagatik —beren garrantzia edo osagarritasuna, edo ikertzaile nagusiarenaz bestelako diziplina batekoa izatea— berariaz ebaluatzea merezi duenean.

Idatz-zati honetan aipatzen diren eranskinak 5.2. artikuluan adierazten diren helbideetan izango dira eskuragai.

Idatz-zati honetan aipatzen diren agirien jatorrizkoak eta bi kopia aurkeztu beharko dira.

5.2.– Inprimakiak.

Leku hauetan jaso ahal izango dituzte interesatuek inprimaki normalizatuak: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Zientzia Politikarako Zuzendaritzan (Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz); Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden unibertsitateetako Ikerketa Errektoreordetzetan; eta interneteko "http://www1.hezkuntza ej-gv.net" helbidean.

6. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzea, Ikerketa Proiektuen Kudeaketarako Zerbitzuaren bidez.

7. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.

Baldin eta eskabideak inprimaki edo baliabide normalizatuen bidez aurkezten ez badira eta horiekin batera aurreko idatz-zatietan zerrendatutako agiri guztiak aurkezten ez badira, 10 eguneko epean huts hori zuzendu edo agindutako agiriak aurkez ditzala eskatuko zaio interesatuari. Eta zera adieraziko zaio: horrela egiten ez badu, bere eskabideari uko egiten diola ulertuko dela; aldez aurretik horretarako ebazpena eman beharko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak —4/1999 Legeak aldatuak— 42. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

8. artikulua.– Ebaluazioa eta esleipena.

8.1.– Ebaluazio Batzordea.

8.1.1.– Diru-laguntzak lehiaketa-bidez esleituko dira eta proiektuaren iraupen osorako izango dira. Horretarako, Ebaluazio Batzordeak esleituko ditu diru-laguntzak, aurkeztutako eskabideak aztertu ondoren.

8.1.2.– Ebaluazio Batzordea Zientzia Politikarako zuzendariak (bera izango da lehendakaria) eta Unibertsitate zuzendariak osatuko dute, Ikerketa Proiektuetako zerbitzu-buruaren laguntza teknikoaz. Batzorde horrek proiektu bakoitzari buruzko txostenak eskatu ahalko dizkie kasuan kasuko ezagutza–arloan ospe eta esperientzia aitortua duten ikertzaileei.

Ebaluazio-prozesuan, Batzordeak, komenigarritzat jotzen badu, proiektuetan aldaketak sartzea iradoki ahal izango die eskatzaileei, proiektuak programa honen helburuetara hobeto egokitzeko asmoz.

8.2.– Eskabideak ebaluatu, aukeratu eta lehentasunaren arabera hurrenkeratzeko irizpideak.

Diru-laguntzak emateko ebazpen-proposamena landu ahal izateko, Ebaluazio Batzordeak jarraian aipatzen diren irizpideak izango ditu kontuan eskabideak ebaluatu, aukeratu eta lehentasunen arabera hurrenkeratu ahal izateko:

8.2.1.– 1 eta 3 modalitatetako proiektuentzat; 100 puntu eman daitezke guztira:

IRIZPIDEAK PUNTUAK

n Proiektuen kalitate zientifikoa: gaiaren interes zientifiko eta/edo teknologikoa, 20

berezitasuna eta helburuen izaera berritzailea, genero–perspektiba sartzea,

metodologiaren egokitasuna eta tresneria–teknikak; lan–egitasmo egingarri eta

posibilista.

n Ikertzaileen kalitate zientifikoa, baita curriculum vitae-an azaldutako argitalpen 10

zientifikoena ere.

n Ikertzaileek gaiari buruz duten aurre–esperientzia. 10

n Lehenagoko deialdietan finantzatutako proiektuetan lortutako errendimendu eta 10

zientzia–emankortasunaren maila.

n Aurreikusitako finantza–baliabideak proposatutako helburuei egokitzea. 5

n Ikertzaile nagusiak proiektuari eskaintzen dion dedikazioa, beti ere lanaldi osoaren 5

0,3tik gorakoa.

n EITEko zentro teknologikoek Unibertsitate– departamentuekin lankidetzan parte 10

hartzen duten ikerketa-proiektuak.

n Beste erakunde batek finantzari bezala parte hartzea. 20

n Ikertzaile-taldea diziplina askotakoa izatea 10

GUZTIRA 100

8.2.2.– 2 modalitateko proiektuentzako; 100 puntu eman daitezke guztira:

IRIZPIDEAK PUNTUAK

n Proiektuen kalitate zientifikoa: gaiaren interes zientifikoa, berezitasuna eta 20

helburuen izaera berritzailea, genero–perspektiba sartzea, metodologiaren

egokitasuna eta tresneria–teknikak; lan–egitasmo egingarri eta posibilista.

n Lehenagoko deialdien finantzatutako proiektuetan eta azken 5 urteetako beste 50

deialdi eta lankidetzetan lortutako errendimendu eta zientzi–emankortasunaren maila.

n Ikertzaileek gai horretan aurretik duten esperientzia 10

n Aurreikusitako finantza–baliabideak proposamenari egokitzea 10

n Beste erakunde batek finantzari bezala parte hartzea 10

GUZTIRA 100

8.3.– Diru-laguntzak esleitzeko prozedura.

Ikertzaileen taldeek planteatu eta behar den bezala kreditatutako beharrak eta adituek emandako aholkuak kontuan hartuta finkatuko da aurrekontua. Urteka banatuko da diru-laguntzaren guztirako zenbatekoa, aipatu diren beharren eta onartutako lan-planen arabera. Informazioa eta, beharrezkoa bada, hori aldatzeko mekanismoak agiri administratiboan jaso beharko dira.

9. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna/bateraezintasuna.

Beste erakunde finantzario batzuek helburu bererako emandako diru-laguntzak eta hemen aipatzen direnak bateragarriak izango dira. Ikerketa-proiektu batek Eusko Jaurlaritzaz besteko erakunde baten deialdian parte hartzen badu eta zati batean behintzat erakunde horrek diruz lagundu badu, erakunde horren finantzaketak babesten ez duen zatia deialdi honen bidez osatu ahal izango da, guztirako finantzaketak ikerketak dituen diru-beharrak gainditzen ez duen bitartean. Soberako finantzazioa eman dela sumatuz gero, murriztu egingo litzateke deialdi honen bidez emandako diru-laguntza, dagokion kopuruan. Zientzia Politikarako Zuzendaritza beste alde finantzariarekin harremanetan jarri ahal izango da, elkarren artean finantzatzeko akordioa lortzearren.

10. artikulua.– Ebazpena.

10.1.– Ebaluazio Batzordeak proposamena aurkeztuko dio Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeari, zeinak ebazpen baten bidez egingo baititu esleipenak. Ebazpen horren berri banan-banan emango zaie interesatuei, esleipena egingo zaien ala ez adieraziz.

10.2.– Ebazpen horren aurka interesatuek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasi eta hilabeteko epean. Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta 6 hilabeteren buruan ebazpen espresik ematen ez bada, eskabideak erantzun ezagatik ezetsi direla ulertu beharko da.

10.3.– Onartzen den proiektu bakoitzari buruz datu hauek jaso beharko dira ebazpenean:

– Zein modalitateri lotzen zaion.

– Ikertzaile nagusiaren izena.

– Zein entitate edo erakundetakoa den.

– Ikerketaren izenburua.

– Proiektua burutuko den urtealdi bakoitzari esleitutako zenbatekoa.

11. artikulua.– Laguntza ordaintzeko baldintzak.

11.1.– Deialdia ebatzi ondoren, erakunde, ente edo zentro onuradunaren legezko arduradunak eta proiektuaren ikertzaile nagusiak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko ordezkariarekin batera, diru-laguntzaren gastua arautuko duen administrazio-agiria sinatuko dute. Administrazio eta zientzi mailako jarraipena ere arautuko da agiri horretan. Aipatutako agiria sinatuz diru-laguntza nahiz horrek berekin dakartzan konpromisoak onartzen dituztela emango dute aditzera onuradunek.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzak jakinarazpen-ebazpenarekin batera eguneratze-txostena bidaliko dio ikertzaile nagusi bakoitzari. Txosten horretan emandako diru-laguntzaren banaketa adieraziko da, kontzeptuen arabera banatuta, eta laguntzaileak proposatu behar direnerako inprimakiak ere bidaliko dira. Ikertzaile nagusia banakatze horrekin ados badago, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari eguneratze-txostena itzuliko dio, laguntzaileen proposamenarekin batera, berak eta Erakundearen Legezko Ordezkariak behar bezala sinatuta. Ikertzaile nagusiak diru-laguntzaren beste banaketa bat egin behar dela uste badu, txosten horretan adierazi beharko du hori; kasu honetan, bere eta Erakundearen Legezko Ordezkariaren sinaduraz gain, Zientzia Politikarako zuzendariarena ere jaso beharko da.

11.2.– Diru-laguntzaren zenbatekoa abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-erregimenaren arabera bermatuko da; dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura emango diren diru-laguntzen berme eta itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta diru-laguntzen kudeaketan parte hartuko duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, horien erregimena eta obligazioak ere aipatzen dira.

11.3.– Proiektuaren ikertzaile nagusia atxikita dagoen erakundeari ordainduko zaio diru-laguntzen zenbatekoa.

11.4.– Erakundea Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikokoa ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko zerga-betebeharrak beteta dituela egiaztatu beharko du, Ogasun eta Finantza sailburuaren 1991eko urriaren 7ko Aginduan ezarritakoari jarraituz (1992ko uztailaren 8ko EHAA, 131 zk.a).

11.5.– Urtebeteko iraupena duten proiektuetan honela egingo da ordainketa:

a) Lehen ordainketa emandako diru-laguntzari dagokion kopuruaren %75ekoa izango da; administrazio-agiria sinatu eta eguneratze-txostena aurkeztutakoan ordainduko da.

b) Diru-laguntzaren gainerako %25ari dagokion ordainketa egiteko agiri hauek aurkeztu beharko dira:

Ikertzaile nagusiak proiektuaren urteko txosten bat eta egindako gastuaren kalkulua aurkeztu beharko dizkio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari, partaide den erakundearen legezko ordezkariak ontzat emanda. Dagokion administrazio-agirian zehaztuko da txosten horietan eman beharreko informazioa. Bai urteko txostena bai gastuaren kalkulua 2002ko abenduaren 30erako aurkeztu beharko dira.

Erakundeak gauzatutako gastuaren egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, eta gerakinik egonez gero, horien berri eman eta justifikatu. Urtealdia amaitu eta bi hilabetekoa izango da egiaztagiri horiek aurkezteko epea.

11.6.– Bi urteko iraupena duten proiektuetan honela egingo da ordainketa:

a) Lehen ordainketak lehenengo urteko diru-laguntzaren %100 hartuko du; administrazio-agiria sinatu eta eguneratze-txostena aurkeztutakoan ordainduko da.

b) Bigarren ordainketak bigarren urtekoari dagokion diru-laguntzaren %75 hartuko du; jaso ahal izateko agiri hauek aurkeztu beharko dira:

Ikertzaile nagusiak proiektuaren urteko txosten bat eta egindako gastuaren kalkulua aurkeztu beharko dizkio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari, partaide den erakundearen legezko ordezkariak ontzat emanda. Dagokion administrazio-agirian zehaztuko da txosten horietan eman beharreko informazioa. Bai urteko txostena bai gastuaren kalkulua 2002ko azaroaren 15erako aurkeztu beharko dira.

2003. urtearen hasieran egingo da ordainketa.

c) Hirugarren ordainketa, bigarren urteko diru-laguntzaren gainerako %25ari dagokiona, honela egingo da:

Ikertzaile nagusiak proiektuaren urteko txosten bat eta egindako gastuaren kalkulua aurkeztu beharko dizkio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari, partaide den erakundearen legezko ordezkariak ontzat emanda. Dagokion administrazio-agirian zehaztuko da txosten horietan eman beharreko informazioa. Bai urteko txostena bai gastuaren kalkulua 2003ko abenduaren 30erako aurkeztu beharko dira.

Erakundeak urtealdi bakoitzean gauzatutako gastuaren egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, eta gerakinik egonez gero, horien berri eman eta justifikatu. Bigarren urtealdia amaitu eta bi hilabetekoa izango da egiaztagiri horiek aurkezteko epea.

11.7.– Hiru urteko iraupena duten proiektuetan, honela egingo da ordainketa:

a) Lehen ordainketak lehenengo urteko diru-laguntzaren %100 hartuko du; administrazio-agiria sinatu eta eguneratze-txostena aurkeztutakoan ordainduko da.

b) Bigarren ordainketak bigarren urteko diru-laguntzaren %100 hartuko du eta jaso ahal izateko agiri hauek aurkeztu beharko dira:

Ikertzaile nagusiak proiektuaren urteko txosten bat eta egindako gastuaren kalkulua aurkeztu beharko dizkio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari, partaide den erakundearen legezko ordezkariak ontzat emanda. Dagokion administrazio-agirian zehaztuko da txosten horietan eman beharreko informazioa. Bai urteko txostena bai gastuaren kalkulua 2002ko azaroaren 15erako aurkeztu beharko dira.

2003. urtearen hasieran egingo da ordainketa.

c) Hirugarren ordainketak hirugarren urtealdiari dagokion laguntzaren %75 hartuko du eta jaso ahal izateko agiri hauek aurkeztu beharko dira:

Ikertzaile nagusiak proiektuaren urteko txosten bat eta egindako gastuaren kalkulua aurkeztu beharko dizkio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari, partaide den erakundearen legezko ordezkariak ontzat emanda. Dagokion administrazio-agirian zehaztuko da txosten horietan eman beharreko informazioa. Bai urteko txostena bai gastuaren kalkulua 2003ko azaroaren 15erako aurkeztu beharko dira.

2004. urtearen hasieran egingo da ordainketa.

d) Laugarren ordainketa, hirugarren urtealdiari dagokion diru-laguntzaren gainerako %25, honela burutuko da:

Ikertzaile nagusiak proiektuaren urteko txosten bat eta egindako gastuaren kalkulua aurkeztu beharko dizkio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari, partaide den erakundearen legezko ordezkariak ontzat emanda. Dagokion administrazio-agirian zehaztuko da txosten horietan eman beharreko informazioa. Bai urteko txostena bai gastuaren kalkulua 2004ko abenduaren 30erako aurkeztu beharko dira.

Erakundeak gauzatutako gastuaren egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, eta gerakinik egonez gero, horien berri eman eta justifikatu. Hirugarren urtealdia amaitu eta bi hilabetekoa izango da egiaztagiri horiek aurkezteko epea.

12. artikulua.– Diru-laguntza gauzatzeko baldintzak.

12.1.– Ikerketa-taldeko kideek erakunde horietan dauden arau orokorren arabera egingo dituzte gastuak, administrazio-agirian eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak emandako artezbideetan ezarritakoari jarraituz.

12.2.– Erakundeen urteko memorietan eta proiektutik sortutako zientzia argitalpenetan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren babesa eta proiektuaren identifikazio-kodea jaso beharko dira.

12.3.– Proiekturako proposatutako xedeak betetzeko eta helburuak gauzatzeko erabili ez diren zenbateko guztizkoei eta partzialei dagokienez nahiz Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeei eta itzulerei dagokienez ere, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26 zk.) eta Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio.

13. artikulua.– Onarpena eta jarraipena.

13.1.– Ikertzaile nagusiak eta erakunde, ente edo zentroek diru-laguntzak onartzen badituzte, deialdi hau arautzen duten oinarriak nahiz diru-laguntza jasotzen duten proiektuetako bakoitzerako sinatuko diren administrazio-agirietan jasotako klausulak ere onartu beharko dituzte.

13.2.– Faktura originalak erakundean artxibatu eta eskura izango dira, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak egiaztatu ahal izan ditzan.

13.3.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren fiskalizazio-eginkizunak betez, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzei buruzko informaziorik eskatuz gero, diru-laguntzen onuradunek eman egin beharko diete informazio hori.

13.4.– Proiektua amaitutakoan, dela helburuak lortu direlako dela aurreikusitako denbora edo esleitutako finantzaketa agortu direlako, ikertzaile nagusiak proiektuaren garapenari eta lortutako helburuei buruzko amaierako txostena aurkeztuko du, gehienez ere hamabi hilabeteko epe baten barruan. Zientzia-alorreko txosten edo argitalpen baten ohiko formatua izango du txostenak. Proiektuko ikerketak sortu dituen zientzia-argitalpen guztiak hartuko ditu bere baitan txosten horrek.

13.5.– Azken txosten horri eta egindako argitalpenei zientzi ebaluazioa egingo zaie. Ebaluazio horiek dagokion jakintzaren alorrean sona handia duten eta horrelako ebaluazioak egiten esperientzia duten ikertzaileek egingo dituzte. Ebaluazioa ezkorra gertatzen bada, eta onuradunaren jokaera administrazioko arau-haustea bada, diru-laguntza publikoen inguruan dagoen arau-hauste eta zigor araubidea aplikatuko da; hain zuzen ere,Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak jasotzen du hori.

13.6.– Salbuespenez, ikerketa proiektua bukatzea eta, ondorioz, diru-laguntza erabiltzea eragotzi duten arrazoiak egon direnean, proiektuaren azken urtea bukatzen den epealdian, ikertzaile nagusiak, erakundeko legezko ordezkariaren oniritziz, proiektua burutzeko eta kreditua gastatzeko epealdia luzatzea eskatu ahal izango dio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari. Luzapenak ez du gaindituko sei hilabeteko epea eta eskabidea egiteko arrazoiak egiaztatu beharko dira. Epe hori luzatuagatik, 12.4 idatz-zatian aipatzen den azken memoria entregatzeko epea ez da atzeratuko.

13.7.– Lortu diren emaitzek liburuak, monografiak, artikuluak, doktoretza tesiak, lizentziatura tesinak, kongresuetarako komunikazioak, patenteak, kontratuak, eredu erabilgarriak eta abar sortu badituzte, Zientzia Politikarako Zuzendaritzara bidali beharko da horien kopia bat.

14. artikulua.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatuz gero, horren helburua bete egin dela uste denean, eta, hala badagokio, beste entitate publiko edo pribatu batek emandako diru-laguntza eta laguntza batzuk batera eskuratuz gero, diru-laguntzak esleitzeko ebazpena aldatu ahal izango da. Ondorio hauetarako, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak bidezkoa den likidazio-ebazpena emango du, esleitutako diru-laguntzen zenbatekoak berregokitzeko.

Agindu honetan ezarritakoa ez betetzeagatik urtealdi bakoitzari esleitu zaion diru-zenbatekoa aldatu edo indargabetu behar bada, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak ebazpen indibidual baten bidez emango du horren berri.

15. artikulua.– Diru-laguntzak itzularazteko arrazoiak.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak ez direla bete jakinez gero, eskuratu diren zenbatekoak eta legezkoak diren interesak Euskal Autonomia Erkidegoaren Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatzen direnei jarraituz. Hauek izango dira diru-laguntzaren zenbatekoa oso-osoan edo zati batean itzularazteko arrazoiak:

15.1.– Ikertzaile nagusiak ikerketa proiektuari uko egitea edo beste erakunde, antolakunde edo zentro batera joatea edo Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora irtetea, baldin eta proiektuaren zuzendaritza eta aurreikusitako helburuak lortzea arriskuan jartzen bada.

15.2.– Ondorengo arrazoiren bat dela medio, diru-laguntza baliogabetzen bada:

a) Ikerketa proiektu bera egiteko, beste iturri batzuetatik jasotako finantzaketak metatzen badira edo, ikerketa proiektuaren aldakiak, aski justifikatu gabeak, beste erakunde, antolakunde edo zentro publiko edo pribaturen bati aurkezten bazaizkio finantzatzeko laguntza eske, aurrez Zientzia Politikarako Zuzendaritzari horren berri eman gabe eta horren onarpena jaso gabe.

b) Ikerketa proiektua proposatu diren helburuetatik eta onartutako epeetatik aldenduz garatzea, Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren baimenik izan gabe.

c) Ikertzaile-taldeko kideek berek proiektuan jarduteko finkatu duten dedikazioa ez betetzea, eta bereziki proiektuaren ikertzaile nagusiaren kasuan.

d) Deialdi honen oinarri–arauak eta administrazio-agiriak zati batean edo erabat ez betetzea.

e) Datuen ezkutaketa, aldaketa edo eske-idazkian edozein eratako manipulazioak egitea.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren pentzutan egingo diren gastu espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ekonomi eta Ogasun Sailaren 1985eko azaroaren 12ko Aginduan aipatzen diren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2002. urteko aurrekontu orokorretan behar hainbeste ordainketa–kreditu eta dagozkien konpromiso egotearen baldintzapean gelditzen da agindu honetan aipatzen diren laguntzen ebazpena. Dagozkien urtealdietan zehar aurrekontuetan egin beharreko eguneraketak ere kontuan hartu behar dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Deialdi honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa ezar dakioke Sail honi berari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezar daiteke administrazioarekiko auzietako jurisdikzioaren aurrean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak —4/1999 Legeak aldatuak— ezartzen dituen epean eta moduan.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera emango ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria–Gasteiz, 2001eko azaroaren 20a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

ANJELES IZTUETA AZKUE.


Azterketa dokumentala