Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

229. zk., 2001eko azaroaren 27a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
6586

287/2001 DEKRETUA, azaroaren 13koa, Donostiako "Aranzadi Zientzi Elkartea-Sociedad de Ciencias Aranzadi" elkartea onuragarria dela aitortzeko dena.

Bazkunei buruzko otsailaren 12ko 3/1988 Legeko 22. artikuluan jartzen duenez, Euskadiko interes orokorraren alde egiten duten elkarteei onuragarritasun-aitormena eman ahalko zaie, inskribatuta baldin badaude.

Lege horren babesean, Donostiako "Aranzadi Zientzi Elkartea-Sociedad de Ciencias Aranzadi" elkarteak aitormen hori eman dakiola eskatu du, bere ustez, erakunde onuragarria dela aitortzea merezi duelako, hezkuntza eta kulturaren alorretan burutzen dituen ekintzak direla-eta.

Elkartea 1966ko maiatzaren 11n inskribatu zen Eusko Jaurlaritzako Elkarteen Erregistroan eta, sortu zenetik, hainbat jarduera burutu ditu bere helburuak betetzeko. Helburu horiek elkartearen estatutuetako 3. artikuluan daude jasota eta hauek dira:

– Giza eta natur inguruaren arazo eta gaiak ikertzea eta ezagutzea, hala alderdi puroa nola aplikatua.

– Ezagutza horiek eta egindako ikerketen emaitzak zabaltzea.

– Arkeologi, Etnografi eta Natur ondarea babestea eta gordetzea.

Elkarteak hamaika sail ditu: Historiaurreko Arkeologia, Arkeologia Historikoa, Etnografia, Antropologia Fisikoa, Botanika, Ornodunak, Entomologia, Geologia, Karstologia, Astronomia eta Mikologia, eta erreferente bihurtu da zientzialarientzat.

Elkartearen jarduera bi alorretan antolatzen da: zientzi ikerketa eta zabalkuntza. Zabalkuntzako jarduerak zerbitzu hauen bitartez gauzatzen dira: liburutegia eta agiritegia, zientzi argitalpenak, hitzaldiak eta erakusketak, dokumentazioa, ikustaldi gidatuak, mintegiak eta ikastaroak eta prestakuntza-jarduerak.

Zientzi ikerketa eta zabalkuntzako jarduerak goi-mailako titulua dutenek gauzatzen dituzte bereziki, eta aipatutako sailetan antolatzen dira.

Elkartearen jardueren artean, bereziki aipatu behar da argitalpenen alorrean 1949tik hona urtero-urtero egin duen lana. Horren erakusle ditugu "Munibe" aldizkaria; liburutegia, 16.000 monografia eta 1.600 izenburu informatizatu baino gehiago biltzen dituena eta zientzia, dokumentazio eta zabalkuntzaren alorrean egindako jarduerak.

Lege horren 22. artikuluan agindutakoaz bat etorriz, onuragarritasun aitorpena Jaurlaritzaren Kontseiluak erabakitako dekretu baten bidez egingo da, arloa dela-eta kasuan kasuko sailek proposatuta, eta sailek eta erakunde eta entitate interesdunek txostena eman ondoren. Agindu hori betez, dagokion espedientea instruitu da, eta, ondoren, sailei eta instituzioei eskatu zaizkien txostenak erantsi zaizkio espedienteari. Txosten horietan, bestalde, aipatu elkartea onuragarria dela aitortzearen alde agertzen dira bai sailak bai instituzioak.

Ondorioz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak eta Kultura sailburuak elkarrekin proposaturik, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2001eko azaroaren 13an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Donostiako "Aranzadi Zientzi Elkartea-Sociedad de Ciencias Aranzadi" elkartea, Bazkunen Errolda Nagusian AS.P.G.00396 zenbakiaz inskribatua baitago, onuragarria dela aitortzea, uste baitugu bere jarduerekin Euskadiko interesen alde egiten duela.

Horrekin batera, aitorpen horri dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, otsailaren 12ko 3/1988 Legeko 22.2 artikuluan jasota daudenak.

Vitoria-Gasteizen, 2001eko azaroaren 13an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

ANJELES IZTUETA AZKUE.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.

Kulturua sailburua,

MIREN KARMELE AZKARATE VILLAR.


Azterketa dokumentala