Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

229. zk., 2001eko azaroaren 27a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
6585

286/2001 DEKRETUA, azaroaren 13koa, Bilboko "Coorvisor – Coordinadora Vizcaina Socio-Laboral de Asistencia al Sordo" fundazioa onuragarria dela aitortzeko dena.

Bazkunei buruzko otsailaren 12ko 3/1988 Legeko 22. artikuluan jartzen duenez, Euskadiko interes orokorraren alde egiten duten elkarteei onuragarritasun-aitormena eman ahalko zaie, inskribatuta baldin badaude.

Lege horren babesean, Bilboko "Coorvisor – Coordinadora Vizcaina Socio-Laboral de Asistencia al Sordo" fundazioak aitormen hori eman dakiola eskatu du, bere ustez, erakunde onuragarria dela aitortzea merezi duelako, entzumen-arazoak dituztenak gizartean eta lan-munduan sartzeko egindako lana dela eta.

Elkartea 1988ko abenduaren 28an inskribatu zen Eusko Jaurlaritzako Elkarteen Erregistroan eta, 1998ko ekainaren 10eko Ebazpen baten bitartez, bere estatutuak aldatu zituen. Sortu zenetik, hainbat jarduera burutu ditu bere helburuak betetzeko. Helburu horiek elkartearen estatutuetako 2. artikuluan daude jasota eta hauek dira:

a) Gorren lan-egoera kontrolatzea eta horren jarraipena egitea eta egoera horretan eragiten duten gorabeherei buruzko informazioa ematea, bai gorrei bai gizarteari, oro har.

b) Gorren sustapen soziolaborala bultzatzea, bai prestakuntza jasotzeko eta lan-munduan sartzeko baliabideei dagokienez, bai lanen bat lortzeko aukerei dagokienez.

c) Gorrei babes soziolaborala eskaintzea, beren eskubideak errespetatzen direla begiratuz, egin beharreko izapideetan lagunduz, beren egoeraren duintasuna ziurtatzeko erraztasunak emanez eta legeekin bat ez datozen egoerak erregularizatzeko eskatuz.

d) Gorren kezkak, salaketak eta eskariak bideratzea eta bitartekari-lanak egitea, kolektibo horren egoera soziolaboralaren ondorioz sortzen diren arazoak konpontzeko.

e) Instituzio, erakunde, agintari eta hiritarrek laguntza eman eta era guztietako jarduerak burutu ditzaten lortzea, betiere, hemen azaldutako helburuarekin.

"COORVISOR" federazioaren zerbitzu eta programen garapen eta ezarpenak zera dute oinarri, gorren arazoak aztertzen eta irtenbide praktikoak bilatzen emandako urteak, kolektibo horrek adierazitako behar eta iradokizunen bilketa eta eragindakoen, profesionalen eta senideen esperientzia.

"Coorvisor" federazioaren helburua da entzumen-arazoak dituzten bizkaitarren egoera normalizatzea, bai gizartean eta bai lanean, entzumen-arazorik ez duten pertsonen baldintza berberetan egon daitezen hauxe lortzeko:

– Bizimodu duina arlo guztietan (pertsonalki, gizartean, erkidegoan, familian, hezkuntzan, lanean, kultur-jardueretan eta aisian).

– Pertsona gor bakoitzak lor dezakeen autonomia mailarik gorena.

– Gizarteak eskaintzen dituen baliabide eta zerbitzuak erabili ahal izatea.

– Gizartea garatzen laguntzea, urteetan gorren kolektiboaren ezaugarri izan den pasibitatea baztertuz.

Lege horren 22. artikuluan agindutakoaz bat etorriz, onuragarritasun aitorpena Jaurlaritzaren Kontseiluak erabakitako dekretu baten bidez egingo da, arloa dela-eta kasuan kasuko sailek proposatuta, eta sailek eta erakunde eta entitate interesdunek txostena eman ondoren. Agindu hori betez, dagokion espedientea instruitu da, eta, ondoren, sailei eta instituzioei eskatu zaizkien txostenak erantsi zaizkio espedienteari. Txosten horietan, bestalde, aipatu elkartea onuragarria dela aitortzearen alde agertzen dira bai sailak bai instituzioak.

Ondorioz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak elkarrekin proposaturik, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2001eko azaroaren 13an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Bilboko "Coorvisor – Coordinadora Vizcaina Socio-Laboral de Asistencia al Sordo" federazioa, Bazkunen Errolda Nagusian F/B/27/88 zenbakiaz inskribatua baitago, onuragarria dela aitortzea, uste baitugu bere jarduerekin Euskadiko interesen alde egiten duela.

Horrekin batera, aitorpen horri dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, otsailaren 12ko 3/1988 Legeko 22.2 artikuluan jasota daudenak.

Vitoria-Gasteizen, 2001eko azaroaren 13an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala