Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

229. zk., 2001eko azaroaren 27a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
6584

285/2001 DEKRETUA, azaroaren 13koa, Bilboko "Asociación Patronato de Señoras del Sanatorio de Gorliz" elkartea onuragarria dela aitortzeko dena.

Bazkunei buruzko otsailaren 12ko 3/1988 Legeko 22. artikuluan jartzen duenez, Euskadiko interes orokorraren alde egiten duten elkarteei onuragarritasun-aitormena eman ahalko zaie, inskribatuta baldin badaude.

Lege horren babesean, Bilboko "Asociación Patronato de Señoras del Sanatorio de Gorliz" elkarteak aitormen hori eman dakiola eskatu du, bere ustez, erakunde onuragarria dela aitortzea merezi duelako, haur, gaztetxo eta, oro har, gazteentzako ongintza eta kultura zentroak garatzeko, sustatzeko eta horiekin lankidetzan aritzeko burutzen dituen ekintzak direla-eta.

Elkartea 1986ko azaroaren 24an inskribatu zen Eusko Jaurlaritzako Elkarteen Erregistroan eta, 2000ko irailaren 14ko ebazpen baten bitartez, bere estatutuak aldatu zituen. Sortu zenetik, hainbat jarduera burutu ditu bere helburuak betetzeko. Helburu horiek elkartearen estatutuetako 2. artikuluan daude jasota eta hauek dira:

– Elkarteko kideei, behar fisiko, espiritual, erlijiozko, moral, kulturazko eta ekonomiko guztiak betetzeko behar dituzten zerbitzu pertsonalak eta ongintzako laguntza ematea, inolako ordainsaririk jaso gabe.

– Gizarte ongizatearen inguruko programazio eta prebentzio-azterketak egitea; era guztietako laguntza eta sorospen pertsonala ematea eta haur eta gazteentzako bekak eta laguntzak ematea, bereziki Bizkaikoentzat, Gorlizko Sendategiko haurrei arreta berezia eskainiz.

– Haur, gaztetxo eta, oro har, gazteentzako ongintza eta kultura zentroak garatzea eta sustatzea eta horiekin lankidetzan aritzea. Ildo horretatik, bereziki bilatuko da Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan aritzea, guztien onerako diren helburu horiek lortzeko.

Azken urteotan egindakoaren laburpen gisa, dirua eman zaie erakunde hauei: "Proiekto Hombre", "Nuevo Futuro", Asociación Espalola contra el Cancer", "Centro de Subnormales Uribe-Costa", "Asociación de Caridad San Vicente de Paul", "Aitor Celaya Sánchez", "Hospitalidad Vizcaina Nuestra Señora de Lourdes", "Asociación de niños fenilcetonúrucos de Vizcaya", "Asociación de Síndrome de Down", "Becas para investigación de Leucemia infantil (A.E.C.C.), "Asociación Familiar Vizcaina", "Centro ocupacional Beata Rafaela (A.A. Esclavas), "Centro educativo Arangoya", "Guardería infantil Danok-Bat", "Asociación Esclerosis Múltiple de Vizcaya-ADEMBI y Aspremar".

Elkarte honek lan horrekin aurrera egiteko asmoa du, hau da, administratzen dituen fondoek sortutako interesak une bakoitzean behar gehien duten zentro, etxe eta elkarteen artean banatzen.

Lege horren 22. artikuluan agindutakoaz bat etorriz, onuragarritasun aitorpena Jaurlaritzaren Kontseiluak erabakitako dekretu baten bidez egingo da, arloa dela-eta kasuan kasuko sailek proposatuta, eta sailek eta erakunde eta entitate interesdunek txostena eman ondoren. Agindu hori betez, dagokion espedientea instruitu da, eta, ondoren, sailei eta instituzioei eskatu zaizkien txostenak erantsi zaizkio espedienteari. Txosten horietan, bestalde, aipatu elkartea onuragarria dela aitortzearen alde agertzen dira bai sailak bai instituzioak.

Ondorioz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak elkarrekin proposaturik, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2001eko azaroaren 13an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Bilboko "Asociación Patronato de Señoras del Sanatorio de Gorliz" elkartea, Bazkunen Errolda Nagusian V/231/86 zenbakiaz inskribatua baitago, onuragarria dela aitortzea, uste baitugu bere jarduerekin Euskadiko interesen alde egiten duela.

Horrekin batera, aitorpen horri dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, otsailaren 12ko 3/1988 Legeko 22.2 artikuluan jasota daudenak.

Vitoria-Gasteizen, 2001eko azaroaren 13an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala