Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

229. zk., 2001eko azaroaren 27a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
6583

284/2001 DEKRETUA, azaroaren 13koa, Bilboko "Entidad de apoyo al Desarrollo de las Maquetas Empresariales (Dema)" elkartea onuragarria dela aitortzeko dena.

Bazkunei buruzko otsailaren 12ko 3/1988 Legeko 22. artikuluan jartzen duenez, Euskadiko interes orokorraren alde egiten duten elkarteei onuragarritasun-aitormena eman ahalko zaie, inskribatuta baldin badaude.

Lege horren babesean, Bilboko "Entidad de apoyo al Desarrollo de las Maquetas Empresariales (Dema)" elkarteak aitormen hori eman dakiola eskatu du, bere ustez, erakunde onuragarria dela aitortzea merezi duelako, enpresa eta prestakuntza arloan buruturiko sustapen-jarduerengatik, bereziki gazteei eta emakumeei zuzendutakoengatik.

Elkartea 1989ko irailaren 15ean inskribatu zen Eusko Jaurlaritzako Elkarteen Erregistroan eta, 1993ko maiatzaren 18ko ebazpen baten bitartez, bere estatutuak aldatu zituen. Sortu zenetik, hainbat jarduera burutu ditu bere helburuak betetzeko. Helburu horiek elkartearen estatutuetako 2. artikuluan daude jasota eta hauek dira: bereziki Gazteentzako Enpresa Praktiken Programaren baitan enpresak sortzea eta sustatzea.

Helburu hori lortzeko, elkarteak, besteak beste, jarduera hauek burutu ahal ditu:

1) Enpresen sorrera bultzatzea.

2) Eratuta dauden enpresen ekonomia eta finantza kudeaketa zaintzea.

3) Eratuta dauden enpresei merkatu berriei buruzko aholkuak ematea.

4) Enpresak eratzeko eta kudeatzeko administrazio-izapideak erraztea.

5) Enpresei atxikitako pertsonei prestakuntza ematea, eskatzen duten arloetan.

6) Enpresen egiturak sendotzeko laguntza ematea.

Elkarteak Bizkaiko Lurralde Historikoan jardungo du bereziki, eta lau helburu lortu nahi ditu bere jardueren bitartez:

– Enpresa ekimenak sortaraztea.

– Enpresa heziketa bultzatzea.

– Lan aukerak areagotzea.

– Enpresa-kultura bultzatzea.

"Entidad de apoyo al Desarrollo de las Maquetas Empresariales (Dema)" elkartearen iritziz, autoenplegua lan-mundura eta lan-harremanen mundura sartzeko eta Bizkaiko gazteen baldintza soziekonomiko eta lanekoak hobetzeko bide egokia da, nahiz eta behar bezala landu gabeko arlo bat den.

Horregatik, elkarte honek, 1987tik hona, Enpresa Proiektuen Programa eta Enpresak Sortzeko Laguntza Programa ezarri ditu, Europako Batasunaren laguntzarekin, Bizkaiko campuseko unibertsitate-fakultateetan, tailer-eskoletan, institutuetan eta lanbide heziketako ikastetxeetan.

Halaber, hainbat erakundek aurkeztutako agirien arabera, enpresak eta prestakuntza sustatzeko jardueren bitartez, elkarteak Euskadiren interesen alde egin du, kontuan izanda, gainera, bereziki gazteekin eta emakumeekin lan egin duela.

Lege horren 22. artikuluan agindutakoaz bat etorriz, onuragarritasun aitorpena Jaurlaritzaren Kontseiluak erabakitako dekretu baten bidez egingo da, arloa dela-eta kasuan kasuko sailek proposatuta, eta sailek eta erakunde eta entitate interesdunek txostena eman ondoren. Agindu hori betez, dagokion espedientea instruitu da, eta, ondoren, sailei eta instituzioei eskatu zaizkien txostenak erantsi zaizkio espedienteari. Txosten horietan, bestalde, aipatu elkartea onuragarria dela aitortzearen alde agertzen dira bai sailak bai instituzioak.

Ondorioz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak elkarrekin proposaturik, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2001eko azaroaren 13an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Bilboko "Entidad de apoyo al Desarrollo de las Maquetas Empresariales (Dema)" elkartea, Bazkunen Errolda Nagusian AS/B/01661/1989 zenbakiaz inskribatua baitago, onuragarria dela aitortzea, uste baitugu bere jarduerekin Euskadiko interesen alde egiten duela.

Horrekin batera, aitorpen horri dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, otsailaren 12ko 3/1988 Legeko 22.2 artikuluan jasota daudenak.

Vitoria-Gasteizen, 2001eko azaroaren 13an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala