
203. zk., 2001eko urriaren 19a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
5755
AGINDUA, 2001eko urriaren 8koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena. Agindu honen bidez, "Giza Eskubideak/ Derechos Humanos" lemapeko idazlan eta kartel lehiaketarako deia egiten duen agindua egokitu egiten da 2001ean aplikatzeko.
Irailaren 27ko 1/1994 Legegintza Dekretuaren bidez, EAEren Aurrekontu Erregimenari buruz indarrean dauden lege-xedapenen testu bateratua onartu zen, eta dekretu horren IX. tituluan ezarritakoaren babesean eman zen abenduaren 26ko 275/2000 Dekretua, zeinaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusien kontura ematen diren laguntzak eta diru laguntzak arautzen dituzten zenbait xedapenen indarraldia luzatzen baita; hala, horretarako, Jaurlaritzak, sailek eta organismo autonomiadunek badute aukera 2001eko ekitaldian aplikatzeko behar diren epeak, baldintzak eta betebeharrekoak egokitzeko.
2000ko ekitaldian, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2000ko urriaren 18ko Agindua eman zen, zeinaren bidez Giza Eskubideak/ Derechos Humanos" lemapeko idazlan eta kartel lehiaketarako deia egin baitzen (2000ko urriaren 27ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta, zk.: 207). Horrenbestez, agindu hori 2001. ekitaldian aplikatzeko epeak eta baldintzak egokitu egiten dira.
Horiek horrela, honako hau
EBATZI DUT:
Lehenengo artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
2000ko urriaren 18ko Aginduan ("Giza Eskubideak-Derechos Humanos" lemapean idazlan eta kartel lehiaketarako deialdia egiten du) ezarritako deialdian sartzeko eskabideak aurkezteko epea, 2001. ekitaldirako, hilabetekoa izango da agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.
2. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.
Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek eskabideak behar bezala beteta aurkeztu beharko dute, 2000ko urriaren 18ko Aginduko I. eranskinean agertzen den eredu estandarrari jarraiki, Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Giza Eskubideen eta Justiziarekiko Lankidetzarako Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz 01010), beroiek hara eramanda edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4. artikuluan ezarritako edozein bideren bidez (lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen).
Orobat, 2000ko urriaren 18ko Aginduaren 2., 3. eta 4. oinarrietan ezarritako agiriak ere aurkeztu beharko dira.
3. artikulua.– Epeak egokitzea.
Deialdi honetarako, 2000ko urriaren 18ko Aginduan 2000. eta 2001. urteei egiten zaizkien aipuak 2001. eta 2002. urteei, hurrenez hurren, eginak direla ulertu behar da.
4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Agindu honetan aipatutako laguntzetarako, 2001eko ekitaldirako 2.000.000 pezeta (12.020,24 euro) zuzentzen dira, horretarako EAEko Aurrekontu Orokorretan ezarritako aurrekontu-atalaren kontura.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Jakin dadin eta interesaturik egon litezkeenei bere erabilera errazteko, 2001. ekitaldirako egindako aurreikuspenak eta 2000ko urriaren 18ko Aginduak ezarritako erregimen orokorra batzearen ondoriozko testua eta eranskinak gehitzen zaizkio agindu honi, eranskin gisa.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Agindu honek administrazio-bidea amaitzen duenez, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, agindua argitaratzen den egunaren biharamunetik hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
Bigarrena.– Prozeduraren gaiaz agindu honetan arautu ez den guztiari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa aplikatu beharko da.
Hirugarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean agindu hau.
Vitoria-Gasteiz, 2001eko urriaren 8a.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,
JOSEBA AZKARRAGA RODERO.
ERANSKINA
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2000ko urriaren 18ko AGINDUAren testu egokitua. Agindu horren bidez, "Giza Eskubideak/ Derechos Humanos" lemapeko idazlan eta kartel lehiaketarako deia egin zen.
Artikulu bakarra.– Giza Eskubideak/ Derechos Humanos" lemapeko lehiaketarako—idazlan eta txartel modalitateetan—, dei egiten dugu agindu honetan ezarritako oinarrien arabera.
Hona lehiaketaren helburua:
– Giza eskubideak sustatzen eta zabaltzen gazteen partaidetza bultzatzea.
– Gai horren gaineko gizarte-sentikortasuna bultzatzea eta laguntzea.
OINARRIAK
Lehenengoa.– "Giza-Eskubideak / Derechos Humanos 2001" lemapeko idazlan eta kartel lehiaketan Euskal Autonomia Erkidegoko herri ikastetxeetako edo ikastetxe pribatuetako DBH eta DBHOko ( BBB, UBI, LHko) ikasle guztiek hartu ahal izango dute parte.
Modalitate bakoitzean bina talde ezarri dira:
– 15 urte bitartekoak.
– 16 urtetik gorakoak.
Bigarrena.– Aurkezten diren lanek, dagozkien modalitatearen arabera, honako ezaugarriak izan beharko dituzte:
* Idazlan-modalitatea.
Euskal Autonomia Erkidegoaren hizkuntza ofizial bietatik edozein erabili ahal izango da idazlanetan.
Lanak gehienez lau orrikoak izango dira, mekanografiatuak. Hala ere, idazlana prestatzeko aurretik egindako lanari buruzko agiriak ere onartuko dira.
* Kartel- modalitatea.
1.– Edozein teknika erabili ahal izango da aurkeztu beharreko lanak egiteko: akuarela, tinta, olioa, argizaria, ikatz-ziria, eta abar.
2.– Lan horiek gutxienez 50 x 80 cm-koak izan beharko dute, eta euskarri batean bidali behar dira.
Hirugarrena.– Lanek argitaratu gabeak izan beharko dute eta nahitaez Giza Eskubideekin eta Bakearekin zerikusia duen edozein alderdi izango dute gai.
Aurretik beste lehiaketaren batean saria jaso duten lanak ez dira honetan kontutan hartuko.
Laugarrena.– Aurkeztu beharreko lanak ikasgelako ikasleek egingo dituzte, banaka eta irakasle baten zuzendaritzapean. Lehiaketan aurkeztutako lanaren zuzendaritza daraman irakasleak egiaztatuko du lanaren jatorria, eta dagokion ikastetxea zein den adieraziko du.
Bosgarrena.– Ikastetxeetako zuzendariek nahiz ikasleek berek aurkez ditzakete lanak, posta ziurtatuaz nahiz Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Guztientzeko Administrazio Jardunbidearen azaroaren 26ko 30/92 Legeko 38.4 artikuluan ezarritako bideetako batez baliatuz, honako helbidera bidaliaz:
Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Giza Eskubideen eta Justiziarekiko Lankidetzarako Zuzendaritza (Donostia-San Sebastián kalea, 2, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Lan bakoitzarekin, eskabide-orria (agindu honetako I. eranskina) bidali behar da, behar bezala beteta, eta kartazalean nahiz zorroaren kanpoaldean zein modalitate eta adin-taldekoa den adierazi behar da.
Lanak hilabeteko epean aurkez daitezke Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
Seigarrena.– Lan batek irabaziko du modalitate eta adin-talde bakoitzean, eta irabazleei honako sari hauek emango zaizkie:
– Astebeteko bidaia bi lagunentzat Nazio Batuen egoitzara, New Yorken, 2002ko eskola-egutegiak hartzen duen oporraldian egingo da bidaia, antolaketa arrazoiengatik data aldaketa ematen ez bada.
– Plaka oroigarri bat irabazlearen ikastetxerako.
Irabazlearen ikasgelako haurrak Bilboko Umeentzako Gabonetako Parkean sariak banatzeko ekitaldian parte hartzera gonbidatuko ditugu.
Zazpigarrena.– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Giza Eskubideen eta Justiziarekiko Lankidetzarako zuzendariari dagokio sariak esleitzea, horretarako izendatutako epaimahaiaren proposamenez. Honako pertsona hauek edo bere ordezkoek osatuko dute epaimahaia:
– Giza Eskubideen eta Justiziarekiko Lankidetzarako zuzendaria, lehendakari arituko dena, kalitateko botoa izango du eta berak ebatziko du berdinketa gertatuz gero.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko lehendakaria edo berak izendatutakoa.
– Nestor Basterretxea Arzadun jauna.
– Nazioarteko Amnistiako Euskal Herriko Batzordeko lehendakaria edo berak izendatutakoa.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko teknikari batek egingo du idazkari lana.
Lanak baloratzerakoan honako hauek hartuko dira kontutan: lanen kalitatea, lehiatzaileen adina eta ikuspegiaren originaltasuna.
Epaimahaiak esleitzeke utz dezake modalitate bat baldin eta egindako lanak kalitate aski ez duela irizten badio. Halaber, ohorezko aipamenak ematea erabaki ahal izango du lan batek merezi duela iritziz gero.
Zortzigarrena.– Sarien esleipena ikasleei berei eta saritutako ikastetxeetako zuzendariei jakinaraziko zaie, eta jendaurrean entregatuko zaizkie horretarako Eusko Jaurlaritzak Bilboko Erakustazokan egingo den 2001-2002ko Umeentzako Gabonetako Parkean jarriko duen erakustokian antolatuko den ekitaldi batean.
Saritu gabeko lanen jatorrizkoak dagozkien ikasleei itzuliko zaizkie.
Bederatzigarrena.– Saritutako lanen ustiatze-eskubideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku lagako dira, hiru urtez eta doan lagako ere. Giza eskubideen arloan antola daitezkeen kanpainetan lanak erreproduzitu, hedatu, jendaurrean jarri, eraldatu eta egokitzea hartzen dute bere baitan ustiatze-eskubide horiek.
Lagapen horiek idatzirik formalizatuko dira, eta sari ikasle saridunak dagokion agiriak bete eta Giza Eskubideen eta Justiziarekiko Lankidetzarako Zuzendaritzara bidaliko ditu, 15 eguneko epean sariaren berri ematen zaionetik kontatzen hasita.
Hamargarrena.– Lanak lehiaketan aurkezteak oinarrietan ezarritakoa erabat onartzea dakar.
I ERANSKINA
"GIZA-ESKUBIDEAK/ DERECHOS HUMANOS - 2000" LEMAPEKO IDAZLAN ETA KARTEL
LEHIAKETA
GIZA ESKUBIDEEN ETA JUSTIZIAREKIKO LANKIDETZARAKO ZUZENDARITZA
JUSTIZIA, LAN ETA GIZARTE SEGURANTZA SAILA
ESKATZAILEAREN DATUAK:
Izena:
Helbidea:
Herria: Probintzia.
Telefonoa:
Lehiaketa modalitatea:
Idazlana
Kartela
Adina:
DATU AKADEMIKOAK
Ikastetxea: .Ikasturtea:
Ikastetxeko Helbidea Telefonoa
Lana ziurtatzen duen irakaslea.
LANEN IZENBURUAK:
1
2
3
4
5
Tokia eta data:
Eskatzailearen sinadura: Irakaslearen sinadura:
RSS