
203. zk., 2001eko urriaren 19a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Arartekoa
5743
EBAZPENA, 2001eko urriaren 9koa, jarduneko Arartekoarena, 2001-2002rako ikerketa beka bat emateko deialdia onartzen duena.
Ararteko erakundeak hainbat beka iragarri ditu azken urteotan, bereziki graduatu-ondokoentzat, giza eskubideen alorrean trebatzeko eta ikerketak burutzeko. Horrela, bere eginkizuna betez, giza eskubideen alorreko diziplinarteko ikerlana bultzatu nahi izan du gure autonomia erkidegoan.
Aurreko deialdien emaitza onak kontuan harturik, erakunde honi egoki iruditu zaio beste ikerketa-beka bat iragartzea, profesionalak prestatzeko eta giza eskubideen babesari lotutako gai berezi batzuk aztertzeko, honako oinarrien arabera:
OINARRIAK
I.– Deialdiaren xedea
Giza eskubideen alorrean ikerketak egin, trebatu eta azterlanak burutzeko beka bat ematea du xede deialdi honek.
II.– Bekaren edukia
1) Bekak Ararteko erakundean ikertu eta trebatzeko aukera emango diote bekadunari. Erakundeak, bere dokumentazio zerbitzuaren bitartez, materialak eta informazioa eskuratzeko bidea erraztuko dio, Estatuko zein autonomietako erakundeekin informazio-trukeak bideratuz.
2) Honako hauek dira ikerketa-bekaren xedeak:
a) Giza eskubideei buruzko ikerketa zientifikoa egitea, herritarrek gaur egun dituzten arazoak xeheki aztertuz, eta arreta berezia eskainiz Euskal Autonomia Erkidegokoei. Horretaz gain, zenbait erakundek eta zentro espezializatuk egindako lanak biltzea eta ezagutaraztea.
b) Lizentziadunei prestakuntza osagarria ematea giza eskubideen babesari lotutako gai jakin batzuetan.
III.– Eskatzaileek bete beharrekoak
Beka hau jaso ahal izateko, baldintzok bete beharko dira:
a) 1996ko urtarrilaren bataz geroztik lizentziadun tituluaren jabe izatea.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko herritarra izatea.
IV.– Eskabideak noiz eta nola egin
1) Ebazpen hau EHAAn argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta 30 eguneko epea izango da eskabideak aurkezteko.
2) Ebazpen honen eranskinean aipatzen diren datuak adierazi beharko dira eskabidean, agiri hauekin batera:
a) Unibertsitateko titulu eta espediente akademikoak.
b) Curriculum vitae-a. Hor adieraziko dira norberak zein esperientzia duen lanean edo borondatezko lanetan —halakorik izango balu—, zein hizkuntza dakizkien, nolako eskarmentua eta prestakuntza dituen, eta baita, bekaren mamiari begira, interesgarritzat jotzen dituen bestelako merezimenduak ere.
c) Curriculum vitae-n adierazitako merezimenduen egiaztagiriak.
3) Eskabideak Arartekoaren egoitzara bidali beharko dira (Prado kalea, 9, 01005 Vitoria-Gasteiz), edo bere bulegoetako batera (Mazarredo zumarkalea, 15, 5. A, 48001 Bilbao; eta Askatasunaren hiribidea, 26, 4. solairua, 20004 Donostia-San Sebastián).
V.– Hautagaien aukeraketa
1) Aukeraketa Batzordeko partaide izango dira honako hauek:
Lehendakaria: Ararteko andre txit gorena edo horrek ordezko izendatzen duena.
Mahaikideak:
– Ararteko andre txit gorenak izendaturiko pertsona bat.
– Eusko Legebiltzarreko ordezkari bat.
– Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko ordezkari bat.
Idazkaria: Arartekoko Idazkari Nagusia edo horrek ordezko izendatzen duena.
2) Aukeraketa-probak honela banatuko dira:
a) Azterketa idatzia, teoriko-praktikoa: Zuzenbide publikoarekin edo/eta giza eskubideekin zerikusia duen gai orokor bati buruzko iruzkina.
b) Ahozko azterketa: hautagaiak bere azterketa idatzia azaldu eta defendatu beharko du Aukeraketa Batzordearen aurrean. Batzordeak galderak egin ahal izango dizkio azaldutakoaz, edo bekaren mamiarekin eta hautagaiaren profilarekin zerikusirik duten beste gai batzuez. Azterketa idatzian (teoriko-praktikoan) lortutako kalifikazioaren arabera, lehen sei tokietan sailkatutakoek egingo dute ahozko proba hau.
3) Azterketa idatzian eta ahozkoan lorturiko emaitzak eta norberaren curriculuma kontuan hartuz, puntuazioa emango zaio hautagai bakoitzari eta sailkapena egingo da.
Bai proba idatzian, bai ahozkoan, hara zer baloratuko den batez ere: hautagaiaren ezagupenak eta trebakuntza, edozer adierazteko duen heldutasuna, gauzak laburtzeko eta ikuspegi batetik begiratzeko gaitasuna, arazoak konpontzeko irudimena, baita giza eskubideekin lotutako gai edo alorretan dituen interesa eta eskarmentua ere.
Curriculuma baloratzeko orduan, aintzat hartuko dira batik bat espediente akademikoan agertzen diren notak, norberak lanean edo borondatezko lanetan duen esperientzia, eta hizkuntzak jakitea, horien ezagupena behar bezala egiaztatzen bada.
4) Aukeraketa Batzordeak zerrenda bat luzatuko dio Ararteko andreari: han agertuko ditu beka jasotzeko proposatzen duen pertsonaren izen-abizenak, bai bi ordezkorenak ere; azken hauek, sailkapenean lortu duten tokiaren arabera, lehentasuna izango dute uko-egiteengatik edo bestelako gorabeherengatik gerta daitezkeen postu hutsak betetzeko. Azkenik, Ararteko andre txit gorenak ebatziko du deialdia Ebazpen honen babesean.
5) Aukeraketa Batzordea gai izango da oinarri hauek interpretatzeko eta hautagaien hautatze-prozesuan azal daitezkeen zalantzak argitzeko.
VI.– Bekadunaren betebeharrak
Bekadunak beka hartzekotan, baldintzok bete beharko ditu:
a) Azterlan edo ikerlan bat egin beharko du, euskaraz edo/eta gaztelaniaz, erakundeak ezarritako bideari jarraiki. Bekadunak gai zehatz baten ikerketa proposatu ahal izango du.
b) Bi hilabetean behin, egindako lanaren eta lortutako emaitzen berri ematea erakundeari, honen oniritzia edo onespena jaso dezaten.
c) Deialdi honetan ezarritako baldintza guztiak onartzea.
VII.– Bekaren ezaugarriak
1) Bekak hamar hilabete iraungo du, nori eman erabakitzen den egunetik kontatzen hasita.
2) Bekaren zenbatekoa, guztira 1.750.000 PTAkoa (10.517,71 eurokoa) izango da, eta hilak bete ahala ordainduko da, 175.000 PTA (1.051,77 euro) hileko.
3) Beka hartzeak eta horri onura ateratzeak ez du kontratupeko edo estatutupeko loturarik sortuko Ararteko erakundearekin.
4) Beka hartzekotan, bekadunak ezingo du besterentzat edo norberarentzat beste lanik egin, horrek bekari lotutako eginkizunak ondo betetzea galerazten diola baderitzo Aukeraketa Batzordeak. Horregatik, beka eman baino lehen, erakundeak hala eskatuta, bekadun proposatutako pertsonak zinpeko aitorpena aurkeztu beharko du, lan hori egitea eragotziko dion bateraezintasun arrazoirik ez dagoela adierazten duena.
5) Hartzaileak bekari uko egiten badio, galdu egingo ditu oinarriotan adierazitako eskubide guztiak.
VIII.– Beka kentzeko arrazoiak
1) VII.2) atalean aipatu diren hileroko kopuruak emateari utziko zaio honako zertzelada hauetakoren bat gertatzen bada:
a) Bekadunak VI. atalean aipatu diren betebeharretakoren bat betetzen ez badu.
b) VI.b) atalari jarraiki bekadunak aurkeztu behar duen bi hileroko txostenak erakundearen oniritzia jasotzen ez badu.
c) Beka-lana egiten ari den bitartean, bekadunak on ustez bateraezintasun-baldintza urratzen badu, non eta erakundeak ez duen besterik erabakitzen, kasuan kasuko zertzeladak aintzat hartuz.
2) Bekadunak eskatu zaizkion baldintzak bete ezean lortu badu beka, oso-osorik itzuli beharko du jasotako diru-kopurua. Gorabehera hori beka-lana egiten hasi osteko bi hilabeteetan antzematen bada, lehenengo ordezkoa izendatuko dute bekadun.
3) Erakundeak lana ez dela ona edo bekari ez zaiola onurarik atera irizten badio, bekadunak itzuli egin beharko du jasotako diru-kopuruaren zati bat edo kopuru osoa.
4) Artikulu honetan ezarritakoaren arabera hartzen diren erabaki guztiak behar bezala arrazoituko dira eta bekadunari jakinaraziko zaizkio, eta betiere errespetatu egingo dira Herri Administrazioen Araubidearen eta Guztientzako Administrazio Jardunbidearen Legean xedatutako irizpideak.
IX.– Ikerketa-lanak ezagutaraztea
1) Bekadunak paratutako lana Arartekoarena izango da, eta honek, egoki deritzonean, lan horren zati bat edo lana osorik argitaratu eta zabaltzeko eskubidea bereganatuko du, eta beti egilearen izena aipatuko du.
2) Lana aurkeztu zen egunetik bi urte igaro ondoren Arartekoak argitaratu ez badu, egileak bere esku izango du, egokien iruditzen zaion bidea erabiliz zabal dezan.
Vitoria-Gasteiz, 2001eko urriaren 9a.
Jarduneko arartekoa,
MERCEDES AGÚNDEZ BASTERRA.
ERANSKINA / ANEXO
BEKAREN ESKABIDE-ORRIAN AGERTU BEHARREKO DATUAK
DATOS QUE DEBEN FIGURAR EN LA SOLICITUD DE BECA
A- NORBERAREN DATUAK / Identidad
ABIZENAK / Apellidos:
IZENA / Nombre:
NA / DNI:
B- HELBIDEA / Dirección
KALEA / Calle:
HERRIA / Localidad:
TELEFONOA / Teléfono:
POSTA KODEA / Código Postal:
C- LIZENTZIADUN TITULUAK / Licenciaturas
ZERTAN LIZENTZIADUNA / Licenciatura en ZEIN UNIBERTSITATEK EMANA / Universidad de
D- BESTE TITULU BATZUK ETA/EDO DIPLOMAK, KONTRATUAK, BORONDATEZKO LANAK, ETAB. / Otros títulos y/o diplomas, contratos, actividades de voluntariado, etc.
IZENA / Denominación EMAILEA / Expedido por
E- HIZKUNTZAK / Idiomas
HIZKUNTZA / IdiomaMAILA / Nivel DIPLOMA
HITZ EGITEKO GAI / Hablado IDAZTEKO GAI / Escrito
F- ESKABIDEARI ERANSTEN ZAIZKION AGIRIAK / Documentación que acompaña a la solicitud.
ZENB. / Núm.:EDUKIA / Contenido:
1.....................................................................
2.....................................................................
3.....................................................................
4.....................................................................
Ararteko Andre Txit Gorena. / Excma. Sra. Ararteko.
RSS