
203. zk., 2001eko urriaren 19a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Arartekoa
5742
EBAZPENA, 2001eko urriaren 9koa, jarduneko Arartekoarena, 2001-2002rako ikerketa aplikatuko beka bat emateko deialdia onartzen duena.
Ararteko erakundeak hainbat beka iragarri ditu azken urteotan, bereziki graduatu-ondokoentzat, giza eskubideen alorrean trebatzeko eta ikerketak burutzeko. Horrela, bere eginkizuna betez, giza eskubideen alorreko diziplinarteko ikerlana bultzatu nahi izan du gure autonomia erkidegoan.
Ikerlan horietako batzuk teorikoak izan dira; beste ikerlan batzuetan, aldiz, gure erkidegoko arazo zehatz bat aztertu da. Deialdi honen bidez, bigarren mota horretako lanak sustatu nahi dira, eta zehatz-mehatz aztertu eskubideren baten aplikazioa edo gizarte-talde ahulenetako baten egoera.
Beraz, aurreko deialdietako esperientzia kontuan izanik, erakunde honi egokia iruditu zaio beka bat iragartzea, gure erkidegoan giza eskubideak aplikatzeari buruzko ikerlana egin dadin, honako oinarrien arabera:
OINARRIAK
I.– Deialdiaren xedea
Deialdi honen xedea ikerlanerako beka bat ematea da, gure erkidegoan, gizarte-talde ahulenetako bati dagokionez, giza eskubideak nola edo zenbateraino aplikatzen diren ikertzeko.
II.– Bekaren edukia
1) Beka honek Ararteko erakundearekin lankidetzan aritzeko aukera emango dio bekadunari -pertsona bakarra zein taldea izan-. Erakundeak, bere dokumentazio zerbitzuaren bitartez, materialak eta informazioa eskuratzeko bidea erraztuko dio, Estatuko edo autonomietako beste erakunde batzuekin informazio-trukeak bideratuz.
2) Ikerketa-bekaren helburua lan bat egitea da, xeheki aztertzeko eta ezagutzera emateko zein egoeratan dagoen talde jakin bat edo eskubide zein eskubide multzo bat EAEn.
III.– Pertsona edo talde eskatzaileek bete beharrekoak
Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren herritar guztiek izango dute beka hau jasotzeko aukera.
IV.– Eskabideak noiz eta nola egin
1) Ebazpen hau EHAAn argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta 30 eguneko epea izango da eskabideak aurkezteko.
2) Ebazpen honen eranskinean aipatzen diren datuak adierazi beharko dira eskabidean, honako agiriokin batera:
a) Unibertsitateko titulu eta espediente akademikoak.
b) Curriculum vitae-a. Hor adieraziko da norberak zer-nolako eskarmentua duen lanean eta borondatezko lanetan —halakorik izango balu—, zein hizkuntza dakizkien, nolako eskarmentua eta prestakuntza dituen, eta baita ere, bekaren mamiari begira, interesgarritzat jotzen dituen bestelako merezimenduak.
Eskabidea pertsona talde batek aurkezten badu, taldearen datuak ere adierazi beharko dira: aurrez egindako lanak, taldekideen prestakuntza, eskarmentua eta lanbide-esperientzia, batez ere lana koordinatzeaz arduratuko den pertsonarenak.
c) Curriculum vitae-n adierazitako merezimenduen egiaztagiriak.
d) Eskatzailea pertsona bakarra bada, lan hori egitea eragotziko dion bateraezintasun arrazoirik ez dagoela adierazten duen zinpeko aitorpena; eta eskatzailea norbanakoa edo taldea bada, lan bera egiteagatik beste dirulaguntzarik jasoko ez duela ziurtatzen duen agiria.
e) Txosten labur bat, deialdiaren aztergaiarekin zerikusia duten aurretiko lan eta esperientziak azaltzen dituena, eta hasierako lan-proposamena.
3) Eskabideak Ararteko erakundearen egoitzara bidali beharko dira (Prado kalea, 9, 01005 Vitoria-Gasteiz), edo bere bulegoetako batera (Mazarredo zumarkalea, 15, 5. A, 48001 Bilbao; eta Askatasunaren hiribidea, 26, 4. solairua, 20004 Donostia-San Sebastián).
V.– Hautagaien aukeraketa
1) Aukeraketa Batzordeko partaide izango dira honako hauek:
Lehendakaria: Ararteko andre txit gorena edo horrek ordezko izendatzen duena.
Mahaikideak:
– Ararteko andre txit gorenak izendaturiko pertsona bat.
– Euskal Herriko Unibertsitateko bi ordezkari.
Idazkaria: Arartekoko Idazkari Nagusia edo horrek ordezko izendatzen duena.
2) Aukeraketa Batzordeak gehiengoaren adostasunaz hartu beharko du edozein erabaki.
3) Eskabideak sailkatu egingo dira, eta puntuazio bat emango zaie: lehenbizi, aurkeztutako agirien balorazioaren arabera, eta gero, elkarrizketaren emaitza aintzat hartuz. Balorazioa egiterakoan, batez ere kontuan hartuko da eskatzaileek giza eskubideen alorrean duten ezaguera eta prestakuntza, eta giza eskubideei buruzko ikerlanak egiten duten eskarmentua, mamia zehazteko eta adierazteko gaitasuna, bekaren gaia aztertzeko duten denbora, eta beren lehen lan-proposamena interesgarria den eta zein ikuspegitatik aztertu asmo duten.
4) Eskatzaileak (norbanakoak edo lanaren koordinatzaileak, eskabidea talde batek eginez gero) Aukeraketa Batzordearekin izango duen elkarrizketan, aurkezturiko lan-proposamena azaldu eta defendatu beharko du. Batzordeak galderak egin ahal izango dizkio, bai azaldutakoaz, bai beste gai batzuez ere: hala nola, bekaren aztergaiaz, edo eskatzailearen lanbide-profilaz eta lan egiteko aukerez.
Sei eskabide baino gehiago jasotzen badira, Aukeraketa Batzordeak lehenbiziko sei hautagaiak bakarrik elkarrizketatu ahal izango ditu, aurkezturiko agirien arabera haiek baloratu ondoren.
5) Aukeraketa Batzordeak zerrenda bat ezagutaraziko du: han agertuko dira beka jasotzeko proposatzen duen pertsonaren izen-abizenak, bai bi ordezkorenak ere; azken hauek, sailkapenean lortu duten tokiaren arabera, lehentasuna izango dute uko-egiteengatik edo bestelako gorabeherengatik gerta daitezkeen postu hutsak betetzeko. Azkenik, Ararteko andre txit gorenak ebatziko du deialdia Ebazpen honen babesean.
6) Aukeraketa Batzordea gai izango da oinarri hauek interpretatzeko eta hautagaien aukeraketa-prozesuan azal daitezkeen zalantzak argitzeko.
VI.– Beka hartzen duen pertsona edo taldearen betebeharrak
Beka hartzen duen pertsonak edo taldeak baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Azterlan edo ikerlan bat egin beharko du, deialdi honen helburu eta mamiari egoki erantzuten diona, euskaraz edo/eta gaztelaniaz.
b) Gutxienez hiru hilabetean behin, egindako lanaren eta lortutako emaitzen berri eman beharko dio Ararteko erakundeari, oniritzia edo onespena jaso dezaten.
c) Deialdi honetan ezarritako baldintza guztiak onartu beharko ditu.
VII.– Bekaren ezaugarriak
1) Bekak hamar hilabete iraungo du, nori eman erabakitzen den egunetik kontatzen hasita.
2) Bekaren zenbatekoa, guztira 2.850.000 PTAkoa (17.128,84 eurokoa) izango da, eta hiru zatitan ordainduko da: lehenengoa, beka nori eman erabaki bezain laster; bigarrena, VI.b) atalean aipatu dugun hiruhileroko lehen informazioa ontzat ematean; eta hirugarrena, bekaren helburu den azterlana jaso eta baloratutakoan.
3) Beka hartzeak eta horri onura ateratzeak ez du kontratupeko edo estatutupeko loturarik sortuko Ararteko erakundearekin.
4) Beka hartzekotan, ezin da lan bera egiteagatik beste erakunderen baten laguntzarik jaso.
5) Beka hartu duen pertsona edo taldeak hari uko egiten badio, galdu egingo ditu oinarriotan adierazitako eskubide guztiak.
VIII.– Beka kentzeko arrazoiak
1) VII.2) atalean aipatu diren kopuruak emateari utziko zaio zertzelada hauetakoren bat gertatzen bada:
a) Bekadunak VI. atalean aipatu diren betebeharretakoren bat betetzen ez badu.
b) VI.b) atalaren arabera bekadunak aurkeztu beharreko informazioak erakundearen oniritzia jasotzen ez badu.
c) Beka-lana egiten ari den bitartean, bekadunak on ustez bateraezintasun-baldintza urratzen badu, non eta erakundeak ez duen besterik erabakitzen, kasuan kasuko zertzeladak aintzat hartuz.
2) Bekadunak eskatu zaizkion baldintzak bete ezean lortu badu beka, oso-osorik itzuli beharko du jasotako diru-kopurua. Gorabehera hori beka-lana egiten hasi osteko bi hilabeteetan antzematen bada, lehenengo ordezkoa izendatuko dute bekadun.
3) Erakundeak lana ez dela ona edo bekari ez zaiola onurarik atera irizten badio, bekadunak itzuli egin beharko du jasotako diru-kopuruaren zati bat edo kopuru osoa.
4) Artikulu honetan ezarritakoaren arabera hartzen diren erabaki guztiak behar bezala arrazoituko dira eta bekadunari jakinaraziko zaizkio, eta betiere errespetatu egingo dira Herri Administrazioen Araubidearen eta Guztientzako Administrazio Jardunbidearen Legean aurreikusitako irizpideak.
IX.– Ikerketa-lanak ezagutaraztea
1) Beka honen ondorioz sortutako lana Ararteko erakundearena izango da. Arartekoak, egoki deritzonean, lan hori argitaratu eta zabaltzeko eskubidea bereganatuko du —osorik edo horren zati bat, bere bitartekoak erabiliz edo beste erakunde batzuekin hitz hartuta—,eta beti lanaren egilea edo egileak aipatuko ditu. Lana argitaratu eta zabaltzerakoan, Ararteko erakundeak beharrezkotzat jotzen dituen aldaketak proposatu ahal izango dizkio egileari (pertsona edo taldeari).
2) Lana aurkeztu zen egunetik bi urte igaro ondoren Arartekoak argitaratu ez badu, egileak (pertsona edo taldeak) bere esku izango du, egokien iruditzen zaion bidea erabiliz zabal dezan.
Vitoria-Gasteiz, 2001eko urriaren 9a.
Jarduneko arartekoa,
MERCEDES AGÚNDEZ BASTERRA.
ERANSKINA / ANEXO
BEKAREN ESKABIDE-ORRIAN AGERTU BEHARREKO DATUAK
DATOS QUE DEBEN FIGURAR EN LA SOLICITUD DE BECA
A– NORBERAREN DATUAK / IDENTIDAD
*Norbanakoen eskabideak (izen-abizenak eta NA) / Solicitudes individuales (nombre, apellidos y DNI):
*TALDEEN ESKABIDEAK / SOLICITUDES DE GRUPOS
TALDEKIDEEN DATUAK (izen-abizenak eta NA) / DATOS PERSONALES DE LOS MIEMBROS (nombres, apellidos y DNI):
B– TALDEAREN KOORDINATZAILEA(K) / PERSONA(S) QUE ASUME(N) LA COORDINACIÓN DEL GRUPO:
HELBIDEA / DIRECCIÓN:
KALEA / CALLE:
HERRIA / LOCALIDAD:
TELEFONOA / TELÉFONO:
POSTA KODEA / CÓDIGO POSTAL:
C– MEREZIMENDUAK / MÉRITOS QUE ALEGAN:
* AURREZ EGINDAKO LANAK / TRABAJOS PREVIOS:
* PRESTAKUNTZA / FORMACIÓN:
* LANA EGITEKO AUKERA / POSIBILIDAD DE REALIZACIÓN DEL TRABAJO:
* HIZKUNTZAK / IDIOMAS:
D– ESKABIDEAREKIN BATERA AURKEZTUTAKO AGIRIAK EDO MATERIALAK
DOCUMENTACIÓN Y/O MATERIALES QUE SE ADJUNTAN A LA SOLICITUD
ZENB. / NÚM.:EDUKIA / CONTENIDO:
1.....................................................................
2.....................................................................
3.....................................................................
4.....................................................................
Ararteko andre txit gorena. / Excma. Sra. Ararteko.
RSS