Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

186. zk., 2001eko irailaren 25a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
5257

AGINDUA, 2001eko ekainaren 27koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialeko estatutuak onesten dituena.

Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onartutako Euskadiko Autonomia Estatutuak, bere 10.22 artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoak profesionalen elkargoen eta tituludun lanbideen arloan eskumen esklusiboa duela ezartzen du, Espainiako Konstituzioaren 36 eta 139. artikuluetan xedatutakoaren kaltetan izan gabe.

Eskumen horri jarraiki emandako azaroaren 21eko 18/1997 Legeak (tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzkoak), bere 33 eta 45. artikuluetan ezartzen duenez, elkargoen eta Kontseiluaren estatutuak eta beren berrikuntza Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari jakinaraziko zaizkio behin betiko onartzeko (beren legezkotasuna aldez aurretik egiaztatu ondoren), Estatutuekin batera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta Tituludun Lanbideen Erregistroan inskribatuko den Aginduaren bidez.

Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialeko Estatutuak legeari egokituta daudela egiaztatu ondoren, azaroaren 21eko 18/1997 Legeak (tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzkoak) ematen dizkidan eskumenei jarraiki

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Onarpena

Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialeko Estatutuak onartzea eta, segurtasun juridikoaren ondorioetarako, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legeko bigarren xedapen iragankorrak xedatutakoaren ildotik, bertan aurreikusitako dekretua onartu aurretik, administrazio edo lan zuzenbideak araututako zerbitzu-erlazio baten bidez Administrazio Publikoari lotuta dauden profesionalei sendagaigile lanetan jarduteko elkargoan izena ematea, baldin eta lanaren helburu herritarrak badira. Hala ere, profesional hauek lanbidean modu pribatuan jarduteko elkargoko kide izan beharko dute, tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 30. artikuluan xedatutakoaren arabera horrela eskatzen bada.

2. artikulua.– Argitalpena.

Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialeko Estatutuak Agindu honen Eranskin gisa argitara daitezela agintzea.

3. artikulua.– Inskripzioa.

Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialeko Estatutuak Tituludun Lanbideen Erregistroan inskriba daitezela agintzea (Elkargoa formalki eratzen denean).

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.– Eraginkortasuna.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2001eko ekainaren 27a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.

Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofiziala (GiSEO) Estatutuak
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. KAPITULUA

1. artikulua.– Izena. Helbidea.

1.– Gipuzkoako Lurralde Historikoan osagile lanean diharduten Medikuntzako lizentziadun eta doktore guztiak biltzen dituen elkargoak Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofiziala (GiSEO) izango du izena.

2.– GiSEOk Donostia-San Sebastiánen izango du egoitza, hain zuzen ere, Frantzia pasealekua 12, behea helbidean, edo, bestela, Gobernu Batzordeak erabakitakoan.

2. artikulua.– Izaera juridikoa.

1.– GiSEO zuzenbideko publikoko profesionalen elkargoa da, Konstituzioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuak, Profesionalen Elkargoen Legeak eta Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko Legeak babestua. Halaber, demokratikoki eratuta dago, izaera ordezkaria du eta baita izaera juridikoa ere, Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko administraziotik at lekutzen duena. Horrek ez du esan nahi, ordea, legea dela eta, haiekin ezin duenik zuzenbide publikoko harremanik izan.

2.– GiSEOk bere jarduera eremuan aritzeko eskubide osoa du. Hori dela eta, erosi (kostu bidez edo irabazi asmoz), besterendu, saldu, zergak jarri, izan edo beretzat eskatu ahal izango ditu edozein eratako ondasunak, era berean, zorrak ere egin ahal izango ditu eta, oro har, zernahi eskubideren jabe izan, lege egintza bideratu eta jasan, jurisdikzio zibilean, penalean, lan arlokoan, administrazioarekikoan..., bidea edozein dela ere, errekurtso eta erreklamazio jarri, baita gora jotze edo kasazio errekurtsoak ere.

3.– GiSEOk, bere jarduera eremuan eta, izaera publikoa dela eta, eskuordetuaz egitera behartuta ez dagoen helburu sozialak lortzeko, bere buruaren jabe izan ahal izango da eta helburu horiek lortu ahal izango ditu zuzen nahiz zeharka legeak onartzen dituen bide juridiko-zibilak edo –merkantilak baliatuz. Hau da, besteak beste, itunak, kontratuak, hitzarmenak... izenpetu ahal izango ditu, hala erakunde publikoekin, nola pribatuekin, elkarte merkantiletan akzioak edo partehartzea izan ahal izango du eta erakunde eta fundazioetan parte hartu edo horrelakoak sortu ahal izango ditu.

3. artikulua.– Ordezkaritza.

1.– Aurreko puntuan jasotako ahalmen guztiak erabiltzea elkargoko lehendakariaren zeregina da, baldin eta elkargoko kideen batzarrean onartutako aurrekontuetan jasotakoak Gobernu Batzordeak aldez aurretik onetsi baditu.

2.– Halaber, lehendakariak edo, estatutuetan ezarritakoaren arabera, haren ordezkoak ordezkatuko du elkargoa lege auzietan. Batari zein besteari, Gobernu Batzordeak onartutakoan, prokuradoreei, legelariei eta edozein eratakoa mandatariri ahalmenak emateko eskubidea aitortuko zaizkio.

4. artikulua.– Enblema eta logotipoa

GiSEOk Gobernu Batzordeak erabakitzen duen enblema eta logotipoa izango ditu.

5. artikulua.– Betebeharrak.

GiSEOri dagozkio ondokoak: mediku lanaren ordezkaritza, elkargoko kideen jarduera profesionala antolatzea (bere eskumenen baitan) eta elkargoko kideen interes profesionalak babestea. -

Beraz, nahitaez biltzen ditu bere baitan medikuntza eta kirurgiako lizentziadun eta doktore guztiak, baldin eta, egun indarrean dauden legeen ildotik, ondokoak betetzen badituzte: izan Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialaren eremuan lan egin, herri administrazioan edo erakunde publiko zein pribatuetan lan egin, baldin eta azken horiek egoitza nagusia edo bakarra Gipuzkoan badute. Hala ere, azaroaren 25eko 18/1997 Legeko bigarren xedapen iragankorrean xedatutakoa ezin izango da urratu. Zuzenbide pribatuak arautzen dituen erakundeek pribatu izaera izango dute.

Gipuzkoako Lurralde Historiakoan lan egin arren, egoitza bakarra edo nagusia Gipuzkoan ez badute, izan Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialaren baitan jardun ahal izango dute, baldin eta beste mediku elkargo bateko kideak badira eta hala direla jakinarazi badiote Gipuzkoako Elkargoari, halaxe ezartzen baita Sendagileen Elkargoen Euskal Kontseiluko Estatutuetan eta Elkargo Medikoen Antolakuntzako Estatutuetan.

Estomatologoen eta Odontologoen Elkargoen izena eman duten eta horrexetan baino ez diharduten medikuntza eta kirurgiako lizentziadun eta doktoreek (estomatologiako espezialistak) ez dute zertan izan Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialean izena eman.

Medikuntza eta kirurgiako lizentziadun eta doktoreek, nahiz eta lan horretan jardun ez edo beste elkargo batzuetan izena emanik izan Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialean eman ahal izango dute izena.

2. KAPITULUA
HELBURUAK ETA BETEBEHARRAK

6. artikulua.– GiSEOk, bere eremuan, indarrean dagoen legediak aitortzen dizkion eskumen guztiak onartzen ditu, eta baita administrazioak berariaz, osasun publikoa dela, mediku jardunaren antolaketa dela eta jardun horren balore etikoen iraunaraztea dela, estatutu honetan jasotakoak bete ditzan, eskuordetzan aitortzen dizkion eskumenak ere.

GiSEOk, bere jardun eremuan, ondoko betebeharrak izango ditu:

A.– Elkargoko kideen nahi zilegien babes eta ordezkari lanetan ondokoak:

1.– Agintari eta organo publikoen aurrean Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialeko kideen ordezkari izatea.

2.– Bere eskumenen arloan eta legeak xedatzen duenaren ildotik mediku jarduna antolatzea.

Hori dela eta, Elkargoak bertara sartzeko bideak ezarri ahal izango ditu, baita medikuen gaitasun profesionala neurtzeko bideak ere. Azken horretarako unibertsitateak, Osasun Sailak eta zientzia elkarteek emandako irizpideek aintzat hartuko dituzte. Elkargoak zerbitzu medikoak eskaintzen dituzten erakundeei, publikoak nahiz pribatuak izan, kalitatea neurtzeko auditoriak eskaini edo eskatzen dizkioten ziurtagiriak emango dizkie. Elkargoak emaitzen berri eman ahal izango du, baita auditoriaren helburu izan diren edo ziurtagiria eskatu duten erakundeen berri ere.

3.– Interes profesionalak eta elkargoko kideen duintasun profesionala babestea eta, behar denetan, hau da, duintasun profesionala arrazoirik gabe gutxiesten denetan, behar den laguntza eskaintzea.

4.– Eusko Jaurlaritzak ematen dituen arauei, mediku lanaren baldintzei, lan horren betebeharrei, arantzel edo tarifa bidez finkatutako eremu eta ordutegiei eta bateraezintasun erregimenari buruz gaztigatzea, bai zuzenean, bai Sendagileen Elkargoko Euskal Kontseiluaren bidez.

5.– Medikuntzaren eta haren betebeharrei (eremua, eskatutako titulu ofizialak, bateraezintasun erregimena, arantzel eta tarifa bidez zehaztutako ordutegiak...) buruzko lege proiektu eta arauei buruz gaztigatzea, bai zuzenean, bai Sendagileen Elkargoko Euskal Kontseiluaren nahiz Sendagileen Elkargo Ofizialeko Kontseilu Nagusiaren bidez.

6.– Eskatzen bazaio, ikasketa planak egiten eta garatzen parte hartzea, batez ere, graduondoko eta espezializazio ikasketei dagokienez; titulu profesionalak egiaztatzea eta erregistratzea, elkargoko kideen identifikazio datuak, haien titulu profesionalak eta, informazio gehiago izate aldera, beste edozein garrantzizko datu artxibatzea, Mediku jardunarekin zerikusirik duten ikasketak, proiektuak eta proposamenak egiteko beharrezko jotzen diren estatistikak egitea eta bisatuak eta erregistroak gauzatzea.

7.– Ebazpen, erabaki edo hitzarmen bidez nahiz Sendagileen Elkargoko Euskal Kontseiluaren edo Sendagileen Elkargo Ofizialeko Kontseilu Nagusiaren bidez eskuordetzan eman zaizkion edo herri administrazioek (estatukoa, autonomia erkidegokoa, foru aldundikoa eta tokian tokikoa) emandako eskumenak eta ahalmenak kudeatzea eta erabiltzea, baldin eta emakida horiek onartu baditu.

8.– Kalitatezko zerbitzu mediko bat eskaini ahal izateko, erakunde publiko zein pribatuei ondokoa eskatzea: Elkargoko kideak bitarteko material eta pertsonal nahikoaz hornitzea.

9.– Legeak ezarritakoaren ildotik, epaitegiei, erakunde ofizialei, norbanakoei eta taldeei aholkuak ematea.

10.– Ordainsariak zehaztea. Sari horiek gutxi gorabeherakoak izango dira, eta kideek osasun zerbitzuak eskaintzen dituzten aseguru libreko erakundeekin eztabaidatu ahal izango dituzte. Egun indarrean dauden legeen ildotik, elkargoko kideen interesak administrazioaren, erakundeen eta norbanakoen aurrean aldeztea.

11.– Elkargoko kideen zerga-ordainketa dela eta, bere kabuz edo Sendagileen Elkargoko Euskal Kontseiluaren edo Sendagileen Elkargo Ofizialeko Kontseilu Nagusiaren bidez esku hartzea, Profesionalen Elkargoen Legeak eta zerga alorreko ordenamendu juridikoak xedatzen dutenaren ildotik.

12.– Kideen artean nahi kide eta besteren artean sor litezkeen arazoak ebaztea, baldin eta arazoko alderdiek hala eskatzen badute, eta arazo horiei irtenbidea emateko bide egokiak zehaztea.

13.– Nork bere kabuz mediku lanetan diharduenean kobratu behar dituen zenbatekoak gutxi gorabehera proposatzea, zenbateko horiek eztabaidatzeko irizpideak jakinaraztea eta, oro har, administrazioaren, erakundeen, epaitegien, elkarteen eta norbanakoen aurrean medikuen interesak aldeztea eta ordezkatzea, tokian tokiko eta unean uneko indarrean dauden xedapenen arabera.

Aipatutakook direla eta, kontuan izan behar da medikuak libre lehian arituko direla eta, zerbitzu eskaintzari eta zerbitzuengatiko ordainsariari dagokienean, Lehiaren Babesari buruzko Legeari eta Bidegabeko Lehiari buruzko Legeari lotuko zaizkiela. Besterengan eragina izan dezaketen elkargoaren ebatziek, erabakiek zein aholkuek Lehia Babesteko Legeak ezarritakoa izango dute muga.

14.– Interesdunak eskaturik ordainsariak, soldatak... judizioz kanpoko bideetatik kobratzeko behar beste gestio egitea.

B.– Mediku lanaren behatze eta bideratze helburuari dagokienean, ondokoak:

1.– Lanak eskatzen dituen printzipio etiko eta legalak betearaztea eta aldeztea. Horretarako beharrezko arau deontologikoak zehaztuko ditu eta arauok betetzen direla egiaztatu.

2.– Arau deontologikoak urratzen dituzten Elkargoko kideak zigortuko ditu eta zigorra betearaziko du.

3.– Zientzian oinarri duten medikuntzako aurrerapen guztiak hedabideek argitara ditzaten ahaleginduko da eta hedabideok egia ez den ezer argitara ez dezaten saiatu.

C.– Mediku lanaren zientzia, kultura, lan eta gizarte arloko sustatzeko helburuari dagokionean, ondokoak:

1.– Egoki iritzitako zientzia, kultura eta gizarte arloko egitarauak bultzatzea eta gauzatzea.

2.– Sendagile erretiratuak, gaixoak edo elbarriak, sendagileen alargunak, sendagileen seme-alaba ezinduak (fisikoak zein psikikoak) nahiz sendagileen umezurtzak zaintzen parte hartzea eta laguntzea eta horretara edo antzeko zereginetara bideratutako ekimenak sustatzea.

3.– Elkargoko kideei ahalik eta aholku zerbitzu onenak eskaintzea eta antolatzea.

4.– Behar izanez gero, informazio aldizkari bat argitaratzea.

5.– Elkargoko medikuen gaitasun profesionala hobetzen laguntzen duen etengabeko prestakuntza medikoa bultzatzea, bai zuzenean, bai unibertsitatearen edo espezialitate mediko-kirurgiko bakoitzeko zientzia elkarteen bidez.

6.– Elkargoan euskararen erabilera normalizatzeko egitarauak bideratu eta bultzatzea.

7.– Elkargoarekin zerikusia duten elkarteetan edo zerikusirik izan ez, baina itunak eta hitzarmenak direla eta, harremanen bat duten elkarteetan zuzenean edo zeharka (titular edo parte hartzaile hutsa izanik), bizi kalitatea areagotzen duten zerbitzuak kideei eskaintzeko, edozein eratako ekimenak bultzatzea eta sustatzea.

D.– Osasuna sustatzeko, ondokoak:

1.– Herrialdeko aginte publikoekin eta beste erakunde batzuekin elkarlanean jardutea osasun babesa izateko eskubidea lortzeko. Horretarako, asistentzia sanitarioa eta mediku lana arautzen duen araudi eraginkorra, doia eta orekatua bultzatu beharko da, baita medikuen lanaren helburu diren aldetik jendearen interesak babesten eta aldezten parte hartu ere.

2.– Osasunaren babesarekin eta sustapenarekin zerikusia duten gaietan herritarrei etengabeko aholkuak ematen laguntzea.

3. KAPITULUA
ADMINISTRAZIO ETA BESTE ERAKUNDE
BATZUEKIKO HARREMANAK

7. artikulua.– EAEko administrazioarekiko harremanak.

GiSEOk EAEko administrazioarekin harremanak izango ditu.

1.– Mediku lanarekin zerikusirik duten auzietan Osasun Sailarekin.

2.– Alderdi profesionalarekin, instituzionalekin edo korporatiboei, oro har, dagokienean, Justizia, Lan eta Gizarte Gaietako Sailarekin.

8. artikulua.– Estatuko administrazioarekiko harremanak:

GiSEOk Sendagileen Elkargoko Kontseilu Nagusiaren bidez izango ditu harremanak estatuko administrazioarekin.

9. artikulua.– EAEko beste sendagile elkargo batzuekiko harremanak.

1.– GiSEOk, bere helburuak bete ahal izateko, Sendagileen Elkargoen Euskal Kontseiluaren bidez EAEko gainontzeko sendagileen elkargoekin harremanak izango ditu. Hala ere, horrek ez du esan nahi elkargoek beren artean zuzenean ezin izango dutenik harremanik izan.

2.– GiSEOk Sendagileen Elkargoen Euskal Kontseiluaren gastuak ordaintzen lagunduko du. Lagundu ere azken elkargo horren estatutuetan xedatuta dagoenez.

10. artikulua.– GiSEO ahaleginduko da elkargoaren lurralde eremuan administrazioak eratzen dituen parte hartze edo aholku batzorde, kontseilu eta organoetan ordezkaritza egokia izaten, baldin eta batzorde, kontseilu eta organo horiek medikuen jardunaren baldintza orokorrak aztertzea edo ikertzea badute helburu.

11. artikulua.– GiSEOk beste elkargo sanitario batzuekin izan ahal izango ditu harremanak zuzenean.

II. TITULUA
GOBERNU ORGANOAK
1. KAPITULUA
BATZAR OROKORRA

12. artikulua.– Izaera.

Batzar Orokorra, hau da, kide guztiek osatutako batzarra, kideen ordezkaritzari dagokionez, organo gorena da eta Gobernu Batzordeak bere jardueraren berri hari eman beharko dio.

13. artikulua.– Hona hemen Batzar Orokorraren egitekoak:

1.– Estatutuak onartzea eta aldatzea.

2.– Gobernu Batzordea hautatzea.

3.– Aurrekontua onartzea.

4.– Aurrekontuaren kitapena onartzea.

5.– Sarrera kuota zehaztea.

6.– Ohiko eta ezohiko kuotak eta kuota bereziak zehaztea.

7.– Beste elkargoren batekin bat egiteko elkargoa deuseztea.

8.– Gobernu Batzordearen aurka aurkeztutako zentsura mozioa onartzea ala ez.

14. artikulua.– Batzorde Orokorraren batzarrak.

1.– Batzar Orokorrak urtea behin izango du ohiko bilkura, gutxienez. Horretarako ezinbestekoa izango da Gobernu Batzordeak aldez aurretik Batzar Orokorrera dei egin izana.

2.– Ezohiko bilkura Gobernu Batzordeak deituko du, berak hala nahi duelako edo elkargoko kideen ehuneko hogeik, gutxienez, idatziz hala eskatu duelako. Horrelakorik gertatuz gero, aztertu nahi diren gaiak zehatz-mehatz aurkeztu beharko dira.

3.– Bilkurako gai zerrenda Gobernu Batzordeak aurkeztu beharko du.

15. artikulua.– Deialdiak.

1.– Ohiko bilkuretarako deialdiak, gai zerrendak atxikirik dituztela, bilkura baino, gutxienez, hamar egun lehenago bidali beharko zaizkie idatziz elkargoko kide guztiei.

2.– Ezohiko bilkurak berrogeita zortzi ordu lehenago jakinarazi ahalko dira eta, horretarako, telegrama, posta elektronikoa edo prentsako iragarkia (lurraldean gehien saltzen den edo diren egunkari edo egunkarietan) baliatu ahal izango dira.

3.– Bilkura lehenengo deialdian egingo da, baldin eta elkargoko kideen erdiak baino gehiago badaude, eta bigarren deialdian bertaratuen kopurua gorabehera.

16. artikulua.– Erabakiak.

1.– Erabakiak hartzeko bertaratuen gehiengo soila nahikoa izango da, zentsura mozioa bozkatzen denetan izan ezik.

2.– Ezin izango da gai zerrendatik at dagoen gairik bozkatu.

3.– Ezin izango da, inola ere, besteren ordez botorik eman.

17. artikulua.– Erabakien balioa.

Lehendakariak hartutako erabakiak elkargoko legelariari jakinaraziko dizkio forma aldetik balekoak diren ala ez azter ditzan. Balekoak badira, lehendakariaren ardura izango da berehala betearaztea.

18. artikulua.– Erabakiak aurkatzea.

Batzar Orokorrak hartutako erabakiak Elkargoko Gobernu Batzordearen (txostena berak egin beharko du) bidez Sendagileen Elkargoko Euskal Kontseiluaren menpeko organo eskudunaren aurrean aurkatu beharko dira idatziz. Bestalde, Sendagileen Elkargoko Euskal Kontseiluaren erabakiak administrazioarekiko auzietarako jurisdikzioan aurkatu beharko dira.

19. artikulua.– Zentsura mozioa.

1.– Gobernu Batzordearen aurkako zentsura mozioa kideen %20k aurkeztu beharko du gutxienez.

2.– Gobernu Batzordeak gehienez hilabete izango du zentsura mozioa eztabaidatuko den bilkura deitzeko.

3.– Gobernu Batzordearen aurkako zentsura mozioa onartu izan dadin, ondokoak bete beharko dira:

a.– Bilkurara, gutxienez, kideen erdiak bertaratzea.

b.– Gutxienez bertaratuen %60k zentsura mozioa onartu izana.

4.– Gobernu Batzorde beraren aurka ezin izango da bigarren zentsura moziorik aurkeztu lehenengotik, gutxienez, bi urte igaro ez badira.

2. KAPITULUA
GOBERNU BATZORDEA

20. artikulua.– Gobernu Batzordea Osoko bilkurak eta Batzorde Iraunkorrak osatuko dute.

21. artikulua.– Hona hemen Osoko Bilkura osatzen duten kideak:

a.– Lehendakaria.

b.– 1. lehendakariordea.

c.– 2. lehendakariordea.

d.– Idazkaria.

e.– Idazkariordea.

f.– Diruzain-kontuhartzailea.

g.– Bederatzi bokal.

22. artikulua.– Gobernu Batzordeak ondoko betebeharrak izango ditu:

1.– Estatutuak onartzeko eta aldatzeko prozesuak abian jartzea.

2.– Elkargoko kideen batzarrean aurkeztuak izan daitezen, elkargoko aurrekontuak eta kontuan onartzea.

3.– Elkargoko kideen batzarrean aurkeztu beharreko

aurrekontuen eta kontuen kitapena onartzea.

4.– Erantzukizun profesionaleko asegurua dela eta, elkargoko kideek harpidetu beharreko gutxienezko zenbatekoa zehaztea.

5.– Elkargoko kideen eta elkargoaren menera jarritako erregimendunen gaineko zehapen ahalmena.

6.– Altak eta bajak baimentzea. Jarduneko komunikazioen berri izatea eta, hala behar izanez edo egoki iritziz gero, informazio osagarria eskatzea.

7.– Legeek, araudiek, estatutu hauek... aitortzen dizkioten beste edozein ahalmen.

8.– Egoki iritziz gero, zehaztutako baldintzetan, Elkargoaren bilkura aretoa edo beste edozein areto erabiltzeko baimena ematea.

9.– Bidezko bada, elkargoko kideen zerrendak uzteko baimena ematea.

23. artikulua.– Batzorde Iraunkorra eratzea.

Honakook osatuko dute Batzorde Iraunkorra:

a.– Lehendakariak.

b.– Lehendakariordeek.

c.– Idazkariak.

d.– Idazkariordeak.

e.– Diruzain-kontuhartzaileak.

24. artikulua.– Batzorde Iraunkorrak ondoko betebeharrak izango ditu:

1.– Lehendakariaren eta lehendakariordeen txostenak jasotzea.

2.– Diru sarreren eta irteeren hileroko kitapenen berri izatea.

3.– Elkargora heltzen diren izapidezko gaiak aztertu eta ebaztea.

4.– Bidezko bada, elkargoko kideen zerrendak uzteko baimena ematea.

5.– Egoki iritziz gero, zehaztutako baldintzetan, Elkargoaren bilkura aretoa edo beste edozein areto erabiltzeko baimena ematea.

6.– Gobernu Batzordeak eskuordetzan uzten dizkien betebeharrak gauzatzea.

7.– Premia dela eta, Gobernu Batzordea bildu arte ezin bada itxaron, haren edozein egiteko egitea. Horrelakoetan Batzorde Iraunkorrak ebatzitakoaren berri eman behar izango dio Gobernu Batzordeari.

25. artikulua.– Agintaldiaren iraupena eta lana uzteko zergatiak.

Zuzendaritzako kideen agintaldia lau urtekoa izango da.

Gobernu Batzordeko kideek ondokoengatik utzi beharko dute lan hori:

a.– Administrazio publikoko (estatukoa, autonomia erkidegokoa, tokian tokikoa...) edozein kargutarako edo elkargoko medikuen interesekin bat ez datorren interesen babesa helburu duen karguren baterako izendatu dituztelako.

b.– Kargu publikorako desgaitzea berekin batera dakarren epai irmoa jasan beharragatik.

c.– Agintaldia bukatu delako.

d.– Interesdunak uko egiten diolako.

e.– Kargu publikoak betetzea debekatzen duen gobernu edo administrazioko kargu betearazle baterako izendatu dituztelako.

f.– Sendagileen Elkargo Ofizialeko Kontseilu Nagusiko Iraunkorrerako izendatu dituztelako.

g.– Huts larri edo oso larriak direla eta, diziplina zehapen irmoengatik.

h.– Hautatua izan zenean betetzen zituzten baldintzak betetzen ez dituztelako.

i.– Zergatirik gabe Gobernu Batzordeak alde batera egindako sei bileratara huts egiteagatik.

j.– Elkargoko kideen batzarrak zentsura mozioa onartu duelako.

26. artikulua.– Kargua utzi edo kargutik kendu dituztenak ordezkatzea.

1.– Karguren bat betetzen dutenetatik erdiek baino gehiagok karguari uko egiten badiote, Sendagileen Elkargoko Euskal Kontseiluak egoki irizten dituen neurriak hartuko ditu behin-behineko Gobernu Batzordea osatzeko. Behin-behineko batzorde horrek hutsik geratu diren karguetarako hauteskundeetan hautatuak izan direnek karguaz jabetu arte jardungo du lanean. Hauteskunde horiek estatutu hauetan zehaztutakoaren arabera egingo dira, hau da, bost hilabete baino lehen oraindik agintaldia bukatzeko urte bi baino gehiago falta badira. Hauteskunde horietan hautatakoek ohiko hauteskundeak egin arte jardungo dute kargu horietan.

Agintaldia bukatzeko bi urte baino gutxiago geratzen badira, hautatutakoek agintaldi horretan eta hurrengoan jardungo dute karguan.

2.– Karguari uko egin diotenak erdiak baino gutxiago badira, hutsuneak Gobernu Batzordeak berak beteko ditu eta, horretarako, kargua utzi dutenen ordezkoak izendatuko ditu. Izendapen horiek elkargoko kideen batzarrak berretsi beharko ditu. Izendatutakook hurrengo hauteskundeak arte baino ez dute jardungo.

27. artikulua.– Osoko Bilkuraren batzarrak.

1.– Osoko Bilkura gutxienez hilean behin bilduko da, eta ezohiko bilkuraren bat egitekotan, gutxienez, Osoko Bilkurako kideen %20k eskatu beharko du edo Batzorde Iraunkorrak edo lehendakariak beharrezko ikusi beharko dute.

2.– Osoko Bilkuretara ondokoak joan ahal izango dira: elkargo profesionaletako lehendakari eta ordezkariak, Deontologia Batzordeko lehendakaria. Batzuek zein besteak hitza izango dute, baina ez botorik. Nola lehenengoek hala bigarrenak aholkuak emango dizkiote Gobernu Batzordeari nork bere taldeari edo batzordeari buruzko gaiei dagokienean.

Lehendakariak agindutakoan idazkaritzak egingo du Osoko Bilkurarako deia. Lehendakariak berak zehaztuko du gai zerrenda Osoko Bilkura egin baino zortzi egun lehenago gutxienez. Deialdiaren berri idatziz emango da eta gai zerrenda atxikiko zaio. Lehendakariak, premia arrazoiak direla eta, edozein unetan egin ahal izango du Osoko Bilkurarako deia.

3.– Lehenengo deialdia ebatzitako legezkoa izan dadin, ezinbesteko izango da Osoko Bilkura osatzen duten kide gehienak bertan izan daitezen. Bigarren deialdian nahikoa izango da bertaratuen gehiengo soila hartutako ebatziak balekoak izan daitezen. Berdinketarik gertatuz gero, lehendakariaren kalitate botoak erabakiko du.

4.– Bilkuretara joatea nahitaezkoa izango da. Zergatirik gabe alde batera egindako sei bilkuretara huts egiten duena kargutik kenduko da.

28. artikulua.– Batzorde Iraunkorraren bilerak.

1.– Batzorde Iraunkorrak hilean behin egingo du ohiko bilera lehendakariaren aginduz idazkariak deituta. Eta sarriago gaiek hala behartzen badute edo kideetako hiruk, gutxienez, idatziz, hala eskatzen badute.

2.– Batzorde Iraunkorrerako deia bilera baino berrogeita zortzi ordu lehenago egin beharko da idatziz. Halaber, lehendakariak ahalmena izango du premiazko bilerak deitzeko.

3.– Era berean, Batzorde Iraunkorreko kide guztiak egon eta kideek hala iritziz gero ere osatu ahal izango da Batzorde hori.

4.– Ebatziak Osoko bilkuretarako zehaztutako eran hartuko dira. Ikusi 27.3 artikulua.

5.– Batzorde Iraunkorrak Osoko Bilkurako edozein kide deitu ahal izango du bere bilerara haren eskumenpeko gaiak aztertu behar badira.

4. KAPITULUA
ELKARGOKO KARGUAK

29. artikulua.– Lehendakaria.

Lehendakaria Sendagileen Elkargoko Euskal Kontseiluak, Sendagileen Elkargo Ofizialeko Kontseilu Nagusiak, Gobernu Batzordeak edo beste gobernu organoren batzuek emandako araudi, ebatzi edo xedapenetan ezarritakoa betearazten ahaleginduko da. Estatutu hauek aitortzen dizkioten ahalmenen mugetan emandako arauak bete egin beharko dira. Horrek ez du esan nahi, ordea, haien aurkako erreklamaziori ezin egin daitekeenik.

Horiez gain, ondokoak ere izango dira lehendakariaren egitekoak:

1.– Joaten den batzorde orokor nahiz ohiko edo ezohiko batzorde orotan lehendakari izatea.

2.– Elkargoko kideen, Osoko Bilkuraren edo Batzorde Iraunkorraren proposamena entzun ondoren, batzordeak izendatzea, eta egoki iritziz gero, batzordeburu izatea.

3.– Batzordea biltzeko deia egitea, batzordeari hasiera ematea, batzordea zuzentzea eta batzordea bukatutzat ematea.

4.– Onartutakoan, behar diren aktak izenpetzea.

5.– Administrazioei Elkargoko Batzordearen ebatziak betearazteko eta haren eztabaidagaiak argitzeko eta konponbidean jartzeko behar beste argibide eskatzea.

6.– Gobernu Batzordeak Sendagile batek elkargoan izena eman duela egiaztatzeko onartzen duen agiriari oniritzia ematea.

7.– Agintariei, erakundeei edo norbanakoei bidali beharreko txosten eta jakinarazpenei buruzko oniritzia ematea.

8.– Kontu korronteak erabiltzeko, diru sarrerak egiteko baimena ematea eta dirua ateratzeko taloiak, txekeak, ordaintzeko aginduak eta kanbio letrak izenpetzea.

9.– Elkargoko idazkariak egindako ziurtagiriak ikus-onestea.

10.– Ordaintzeko aginduak eta ordainketak eta kontabilitate liburuak onartzea.

11.– Elkargoko kideen jarrera profesionala erazkoa izan dadin eta elkargoak entzute ona izan dezan zaintzea.

Idazkariak izan ezik, Gobernu Batzordeko gainontzeko kideek eta lehendakariak doan jardungo dute lan horietan. Hala ere, ordezkaritza eta elkargoko lehendakari izateagatiko konpentsazio gastuetarako dirua zehaztuko da.

30. artikulua.– Lehendakariordeak.

Lehendakariordeek lehendakariak agintzen dizkien lan guztiak egingo dituzte, baita lehendakariarenak berarenak ere, azken hori ez badago, gaixorik badago, abstenitu egin bada edo errefusatu egin badute.

Lehendakari kargua hutsik badago, 1. lehendakariordeak, elkargoko kideek berretsitakoan, lehendakari lana beteko du. Bete ere lehendakaria aukeratu izan zeneko agintaldia bukatu arte.

Berdin jokatuko da 1. lehendakariorderik ez badago, gaixorik badago, abstenitu egin bada edo errefusatu egin badute. Horrelakoetan lehendakari kargua 2. lehendakariordeak beteko du.

31. artikulua.–

1.– Lehendakariak eta lehendakariordeek elkargoan eta haien eskuetan utzitakoetan agintea izango dute.

GiSEOk, denon hobe beharra helburu duela eta, legearen babesa eta EAEren onarpena izango du.

GiSEOk prestu eta haren lehendakariak txit prestu tratamendua izango dute.

32. artikulua.– Idazkari orokorra.

Estatutu hauek, indarrean diren xedapenek eta lehendakariak agindutako aitortzen dizkioten egitekoez gain, ondokoak ere idazkariaren lanak izango dira:

1.– Elkargoko egintza guztietarako deiak idatzi eta bidaltzea, lehendakariak agindutako eran eta sasoian.

2.– Batzar Orokorreko eta Gobernu Batzordearen Osoko Bilkuretako eta Batzar Iraunkorretako aktak idaztea. Akta horretan bertaratutakoak jasoko dira eta, onartu eta gero, behar den liburura itzuliko. Behin betiko liburuan idatzitakoan, bai idazkariak, bai lehendakariak, izenpetuko dituzte.

3.– Zerbitzua ahalik eta onena eta antolatuena izan dadin, behar beste libururen ardura izatea. Liburu horien artean, besteak beste, ondokoa izango da: elkargoko kideei jarritako zigorrak jasotzen duena.

4.– Elkargora igorritako jakinarazpen eta eskaera guztiak jasotzea eta horien berri lehendakariari ematea.

5.– Sendagileak elkargoan izena eman duela egiaztatzen duen agiria lehendakariarekin batera izenpetzea.

6.– Interesdunek eskatutako ziurtagiriak egitea.

7.– Urteko gorabeherak jasotzen dituen oroit-idazkia idaztea. Oroit-idazki hori Ohiko Batzar Orokorrean irakurriko da.

8.– Estatutu hauetan xedatutakoa bitarteko eta muga, elkargoko administrazio zerbitzuen zuzentzeko eta langileen buru izateko ardura bere gain hartzea. Horiek horrela, Batzorde Iraunkorrari entzundakoan, bistak jasotzeko eta idazkari lanak betetzeko ordutegia zehaztuko du.

Idazkari kargua ordaindua izango da. Gobernu Batzordeak erabakiko du zenbat ordaindu eta aurrekontu orokorretan islatuko da.

33. artikulua.– Idazkariordea.

Idazkariordeak Gobernu Batzordeak erabakitako eran lagunduko dio idazkariari. Azken hori ez balego, gaixorik balego, abstenituko balitz, errefusatuko balute edo kargu hori hutsik balitz, idazkariordeak beteko luke eta ez litzaioke besteri horren zergatirik jakinarazi beharko.

34. artikulua.– Diruzain-kontuhartzailea.

Diruzain-kontuhartzaileak elkargoko kontabilitatea eramateko beharrezkoak direnak eskueran jartzea izango du ardura, hau da, banku kontuetako txeke eta taloiak eta ordaintzeko agindu eta karguak izenpetzea.

Urtero aurkeztu beharko du Diruzaintzako Kontu Orokorra. Kontu hori, bai Gobernu Batzordeak, bai Konpromisarioen Batzarrak, onartu beharko du.

Aurrekontu proiektua ere idatzi beharko du, zein Gobernu Batzordeak eta Batzar Orokorrak onartu beharko duten. Halaber, kontabilitateari darion balantzea egin beharko du eta beharrezko kontaketak egingo ditu aldiro.

35. artikulua.– Bokalak.

Gobernu Batzarreko bokalek Gobernu Batzordeak haietako bakoitzari edo denei batera egiteko agindutako lanen ardura izango dute.

Bokalek beren ardurapeko sekzioen ardura izango dute eta baita haietako buru izan. Era berean, sekzioetan onartutakoen eta proposatutakoen berri emango diote Gobernu Batzordeari.

5. KAPITULUA
DEONTOLOGIA BATZORDEA

36. artikulua.– Helburuak eta betebeharrak.

Deontologia Batzordeak Gobernu Batzordeari laguntzea eta aholkuak ematea du helburu azken horrek bete ditzan eta elkargoko kideei betearaz diezazkien elkargoko eta lanbideko arauak. Gobernu Batzordeak helburu horretarako beharrezkoak diren txosten eta ikerketa guztiak eskuraraziko dizkio Deontologia Batzordeari.

Bestalde, Gobernu Batzordeak edo elkargoko kideek proposatu eta bere ardurapeko diren gai guztiak aztertzea izango du egitekoetako bat. Ateratzen dituzten ondorioak Gobernu Batzordeari jakinaraziko dizkio. Deontologia Batzordeak dakien, ebazten, proposatzen eta ondorioztatzen dituen gaien berri eman beharko dio Gobernu Batzordeari indarrean dauden arauak ahalik eta ondoen beteak izan daitezen.

Etikari dagozkionetan, deontologia arauak urratu diren ala ez aztertuko du eta ematen duen irizpena loteslea izango da eta Gobernu Batzordeak bete egin beharko du.

37. artikulua.– Erabakiak.

Bilera bukatutakoan, idazkariak bertan erabakitakoa aktan jasoko du, baita izenpetu ere. Idazkariaren izenpearekin batera lehendakariaren oniritzia agertu beharko du aktan.

Lehendakariak bideratuko du akta. Horretarako, erregistroaren bidez, Idazkaritza Orokorrera bidaliko du astebete baino lehen. Hori horrela gertatu dela ziurtatzeko fotokopia jasoko du. Fotokopian erregistro zenbakia eta data ageriko dira eta dagokion batzordeko erregistro liburuan sarrera zenbakia notatu ondoren, batzordeko departamentuko agiritegian gordeko da. Batzordeko agiritegiaren ardura idazkariarena izango da. Agiritegian batzordeak bere egitekoan erabiltzen dituen agiriak gordeko dira.

Elkargoko idazkari orokorrak Deontologia Batzordearen aktetan jasotako erabakien berri jakinaraziko dizkio lehendakariari.

38. artikulua.– Osaketa.

1.– Gobernu Batzordeak erabakiko du zenbat pertsonak osatuko duten Deontologia Batzordea. Dena den, Deontologia Batzordeko kideak, gutxienez, bost izango dira eta, gehienez, zazpi.

2.– Urte birik behin aldatuko dira, baina lehendakariak eta idazkariak ezin izango dute kargua batera utzi. Kargua uzten dutenek, Gobernua Batzordeak eskatu eta beraiek onartzen badute, beste agintaldi batean ere jardun ahal izango dute.

3.– Batzorderako kide berriak hautatzen diren bakoitzean, lehendakaria eta idazkaria ere hautatu egingo dira.

4.– Gobernu Batzordeak izendatuko ditu.

5.– Lehen aldiz izendatuak badira, nahitaez onartu beharko dute kargua elkargoko kideek. Aurrerantzean ez dute zertan onartu.

39. artikulua.– Deialdiak eta bilerak.

Deontologia Batzordea hilean behin bilduko da. Bilera egunak, hau da egutegia, batzorde horrek berak zehaztuko du. Hala ere, ezohiko batzarrak ere egin ahal izango ditu, baldin eta lehendakariak edo kideetariko gehienek hala eskatzen badute.

Batzordeko lehendakaria, batzordeburu izateaz gain, batzordeko ordezkari ere izango da eta berari bidaliko zaio, Idazkaritza Orokorreko Erregistrotik igaro eta gero, elkargoak bideratzen duen eskutitz oro.

Batzordeko lehendakariak berak jakin bezain laster jakinaraziko die batzordeko kideei bileretan aztertu beharreko gaiak.

Deontologia Batzordeak aztertzen dituen gaiak, gaiari buruzko txostena egin edo ebatziren bat hartu aurretik, isilpean gorde beharko dira eta batzordeko kideren batek gai horren berri ematea huts larritzat joko da.

III. TITULUA
HAUTESKUNDE ARAUAK

40. artikulua.– Gobernu Batzordea botoa emateko eskubidea duten elkargoko kide guztiek hautatu ahal izango dute. Ez dute boto eskubiderik izango Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialeko kide ez direnek.

41. artikulua.– Deialdia.

Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialeko Gobernu Batzordeko kideak hautatzeko deia Gobernu Batzordeak berak egingo du. Deialdia eraz jakinaraziko da eta jakinarazpen horretan hauteskunde prozesuko epeen berri emango da. Hautagaien zerrendak aurkezteko, gutxienez, hogei eta, gehienez, hogeita hamar egun natural izango dira. Elkargoak, gizalegez, hauteskundeetarako deiaren berri emango die Sendagileen Elkargoko Euskal Kontseiluari eta Sendagileen Elkargo Ofizialeko Kontseilu Nagusiari.

Gobernu Batzordeak, hauteskundeetarako deia egindakoan, hautesle errolda zehaztuko du. Errolda hori hauteskundeak egin baino bi hilabete lehenago argitaratu beharko da egin ahal izan diren hutsak denbora horretan zuzendu egin ahal izan daitezen.

42. artikulua.– Hauteskunde Batzordea.

Gobernu Batzordeak Hauteskunde Batzordea izendatuko du. Azken horrek hauteskundeetako gorabehera guztien ardura izango du. Sei izango dira batzorde horretako kide titularrak eta beste hainbeste ordezkoak. Horietako hiru, nork bere ordezkoa duela, aldez aurretik izan diren gobernu batzordeetako kide izango dira, gainontzeko hirurak eta haien ordezkoak elkargoko herenetako kide bana izango da, izena eman zueneko eguna kontuan hartuta egindako hurrenkeraren arabera hautatua.

Hauteskunde Batzordea eratutakoan, kideek titularretako bi aukeratuko dituzte, bata lehendakari lanetan jardun dezan eta bestea idazkari lanetan aritzeko. Hauteskunde Batzordeko kideak, ez titularrak, ez ordezkoak, ezin izango dira hautagai izan hauteskundeetan.

43. artikulua.– Hautagaiek bete beharreko baldintzak.

Hona hemen Gobernu Batzordeko kide izateko hautagaiek bete beharreko baldintzak:

a.– Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialean ondoko kategorietarikoren batean izena emanda izatea: jardunekoa, ez jardunekoa, ohorezkoa.

b.– Hauteskunde erroldan agertzea.

c.– Kuotak direla eta, zorrik ez izatea.

d.– Debekuren baten nahiz ezintasun legal edo estatutarioren baten pean ez izatea edo sendagile lanetan jarduteko gaitasungabeturik izatea.

44. artikulua.– Hautagaiak.

Hautagaiek hautagai zerrenda oso eta itxiak aurkeztuko dituzte. Zerrenda horiek bertan agertzen diren hautagai guztien sinadura, datu pertsonalak eta elkargokoak jasoko dituzte, baita hautagai bakoitza zein kargutarako aurkezten den ere. Boto gehien lortzen dituen zerrendak irabaziko ditu hauteskundeak.

Hauteskunde Batzordearen aburuz, Sendagileen Elkargoko Kideen interesekin bat ez datozen interesak aldezten dituzten elkargoko kideak ezin izango dira hautagai izan.

Ezin izango da inoiz hautagai izan Gipuzkoako Sendagileen elkargo Ofizialeko kide ez den sendagilerik.

45. artikulua.– Hautagai zerrendak onartzea.

1.– Hautagai zerrendak aurkezteko epea amaitzen den egunaren biharamunean Hauteskunde Batzarra bilduko da eta hautatuak izan daitezkeen hautagaien behin-behineko zerrendak argitara emango ditu. Argitaratutakoan, Hauteskunde Batzarrak zazpi egun emango ditu alegazioak aurkezteko, akatsak zuzentzeko, beharrezko agiriak osatu edo aurkezteko nahiz hautatuak izateko nahitaez bete beharreko baldintzak betetzen ez dituzten hautagaiak ordezkatzeko. Alegazioak eta gainontzekoak aurkezteko epea amaitzen den egunaren biharamunean Hauteskunde Batzarra bilduko da eta Gobernu Batzorderako hautatuak izan daitezkeen hautagaien behin betiko zerrendak argitara emango ditu. Epe horiek bukatutakoan, gutxienez, hogei egun natural eta, gehienez, hogeita hamar egun natural izango dira hauteskundeak egiteko.

2.– Debekatutako dago gainontzeko hautagaiak gutxiesten duen edo kode deontologikoan jasotako printzipioak urratzen duen hauteskunde jardun oro. Debeku hori aintzat ez hartzeak berekin darama hautagaien zerrendetatik baztertzea. Baztertze hori, Deontologia Batzordeari entzun ondoren, Hauteskunde Batzordeak erabakiko du.

3.– Hautagai zerrendak aukeratzeko epea betatutakoan, zerrenda bakarra aurkeztu bada, hura izango da aukeratua beste inongo izapiderik gabe.

46. artikulua.– Hautatzeko jardunbidea.

1.– Gobernu Batzordeko kideak bozketa bidez hautatuko dira. Bozketa horretan bozkatzeko eskubidea duten elkargo ofizialeko kide guztiek hartu ahal izango dute parte.

2.– Gobernu Batzordeak hauteskunde barrutiak antolatu ahal izango ditu. Hauteskunde barruti horiek beren hauteskunde mahaiak izango dituzte, unean-unean behar diren beste. Hauteskunde barrutiren batean hauteskunde mahairik ez badago, betebehar hori elkargoan bertan izango den hauteskunde mahaiak beteko du.

3.– Botoa elkargoko kideak berak eman beharko du hauteskunde txartel bidez. Postazko botoa ere onartuko da. Posta bidez botatu nahi bada, botatu nahi duenak postazko botoa emateko txartela eskatu beharko du elkargoan hautagaien zerrendak argitaratzen direnetik kontatzen hasita hamabost egun baino lehen.

4.– Hauteskunde egunean elkargoko kideek hautagai zerrenda guztiak izango dituzte eskueran hauteskunde mahaietan.

5.– Boto emaileak "Gobernu Batzordea Hautatzeko" idatzita duen kartazalean sartuko du botatu nahi duen zerrenda, ondoren, agiri bidez bere burua identifikatu eta hauteskunde mahaiko lehendakariari emango dio azken horrek hautestontzian sar dezan.

Elkargoko kideak botoa postaz ematea erabakitzen badu, hautagai zerrenda guztiak eta bi kartazal bidaliko zaizkio etxera. Kartazaletako batek "Gobernu Batzordea Hautatzeko" izango du idatzita azalean eta besteak "GiSEOko Gobernu Batzordea hautatzeko txartela dauka barruan".

Boto emailea: izena eta abizenak............................

Elkargoko kide zenbakia.....................................

Sinadura:...................................................

Elkargoko kideak honela jardungo du: lehenengo kartazalean hautagai zerrendatariko bat baino ez du sartuko, itxi egingo du. Kartazal hori bestean sartuko du, bertan eskatzen zaizkion datuak beteko ditu eta kartazal hori ere itxi egingo du. Bigarren kartazal hori hirugarren batean sartuko da, kartazal hori edozein eratako izan liteke eta bertan, "hauteskundeak" idatziko da nabarmen. Hirugarren kartazal horretan NANaren fotokopia ere sartuko da eta posta ziurtatu bidez bidaliko Hauteskunde Batzordeko idazkariari. Kartazal hori jendaurrean irekiko da eta Hauteskunde Batzordeko idazkariak sinadura egiaztatu eta gero, haren esku geratuko dira hauteskundeetako beste kartazal biak itxita hauteskunde egunera arte. Egun horretan kartazal horiek hauteskunde mahaietako lehendakariei emango dizkie.

Elkargora hauteskundeak hasi urretik heltzen diren kartazal guztiak onartuko dira eta hasi eta gero heltzen direnak zabaldu barik apurtuko dira.

Elkargoan izango den hauteskunde mahaiko lehendakariak zainduko ditu posta bidez heldutako kartazalak, ireki gabeak, hauteskunde mahaiak itxi arte. Itxitakoan eta kartazala igorri duenak botorik eman ez duela egiaztatutakoan, kartazal horiek zabaldu egingo dira eta botoa jasotzen duen kartazala hautestontzian sartuko da. Nor edo nork botoa posta bidez bidali eta bera hauteskunde mahaira joanda eman badu, kartazaleko botoa baliogabea izango da eta kartazala zabaldu barik apurtu egingo da.

Hauteskunde mahai bat baino gehiago badago, hauteskundeak bukatutakoan, mahaietako kideak hautestontziak eta hauteskunde zerrendak hartu eta elkargora joango dira. Han, mahai guztiak bertan direla, hautestontziak zabaldu eta botoak zenbatuko dira. Hautestontzietako botoak zenbatutakoan, botoa posta bidez bidali dituztenen kartazalak zabalduko dira; zabaldu ere aurreko lerroaldean zehaztutako eran.

47. artikulua.– Mahaiak eratzea, botazioa eta botoak zenbatzea.

Hauteskunde mahaia edo mahaiak noiz eratu (eguna eta ordua) deialdian zehaztuko da. Elkargoko hiru kidek eratuko dute mahaia eta nahitaez mahai horretako hautesle erroldako kide izan beharko dute. Zaharrenak lehendakari lanetan jardungo du eta gazteenak izakariarenetan. Badaezpada ere haien ordezkoak ere izendatuko dira. Bai titularrak, bai ordezkoak, zozketa bidez aukeratuko dira eta aukeratutakoek ezinbestez onartu beharko dute egiteko hori.

Hautagai zerrendek kontu-hartzaile bana izendatu ahal izango dute hauteskunde mahai edo mahaietarako.

Itxuran aldaketaren bat, idazketan hutsen bat nahiz eredu ofizialaren araberako ez diren boto txartelak baliogabeak izango dira.

Zehaztutako orduan hauteskundeak bukatutakoan, hautagai zerrenda bakoitzak lortutako botoak zenbatuko dira jendaurrean elkargoan. Emaitzak akta batean jasoko dira.

Akta hori, hauteskunde mahaiko kideek eta kontu-hartzaileek izenpetua, Hauteskunde Batzordeari emango zaio eta batzorde horretako lehendakariak emaitzak jakinaraziko ditu.

Hauteskunde Batzordeak bere kide guztiek izenpetuko duten akta egingo du eta elkargoko batzordeari hauteskundeetako emaitzak jakinaraziko dizkio. Halaber, azken honek Sendagileen Elkargoko Euskal Kontseiluari, Sendagileen Elkargo Ofizialeko Kontseilu Nagusiari eta osasun administrazioari jakinaraziko die. Horretarako irabazi duen hautagai zerrendaren izendapenaren berri emango die.

48. artikulua.– Irabazi duen hautagai zerrendakoen kargu jabetzea.

Gobernu Batzordea osatzeko hautatutakoek hauteskundeetako emaitzak jakinarazten diren egunaren biharamunetik kontatzen hasita 10 egun izango dituzte beren karguez jabetzeko. Hautagai zerrenda bakarra aurkeztu bada, hauteskundeak egiteko zehaztu zen egunetik kontatzen hasita hamar egun baino ez dituzten izango karguez jabetzeko.

IV. TITULUA
ELKARGOKO KIDE EGITEA
1. KAPITULUA

49. artikulua.– Elkargoko kide egitea.

1.– Nahitaezkoa da Gipuzkoan sendagile (edozein dela ere espezialitatea) lanetan jarduteko GiSEOko kide izatea, baldin eta sendagilearen jardute eremu bakarra edo ia erabatekoa Gipuzkoa bada.

2.– Ondoko hauek izango dira sendagile lanak: medikuntzako lizentzia edo doktore titulua izatea eskatzen duen edozein zerbitzu mediko, nahiz eta jardun pribatuan aritu ez edo instalaziorik izan ez. Halaber, sendagile jardun profesionaltzat joko da erakunde publiko zein pribatuetan aholkuak ematea, zuzendaritza mediko lanetan jardutea, ikuskapen lanak egitea edo kontrolatzen aritzea, baldin eta horietarako medikuntzako lizentzia edo doktore titulua eskatzen bada.

3.– Sendagile lanetan jarduteko eskatzen den titulazioa izan, gainontzeko betekizunak bete eta eskatzen duen oro onartu beharko da nahitaez elkargoan.

4.– Legeak onartzen duen espezialitateren bateko titulua duen sendagileak titulu hori ere aurkeztu beharko du izena ematean. Artean titulu hori ez badauka, titulu hori emateko eskatu duela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztuko du elkargoak duen espezialisten liburuan jaso dezan. Titulua jasotakoan, jatorrizko hori ere aurkeztu beharko du.

5.– Izen emateen, alten eta bajen berri eman beharko zaio Sendagileen Elkargo Ofizialeko Kontseilu Nagusiari.

50. artikulua.– Elkargoko kide bihurtzeko eskabideak.

1.– GiSEOn onartua izateko, batetik medikuntza eta kirurgiako lizentziadun edo doktore izan beharko da eta, bestetik, indarrean dagoen legediarekin bat, elkargoak ezartzen dituen betebeharrak bete.

Eskabidearekin batera jatorrizko titulua eta Elkargoko Batzordeak beharrezko jotzen dituen administrazio agiri edo bestelako aurkeztu beharko dira. Jatorrizko titulurik izan ezean, hura eskatu edo badela egiaztatzen duen notario agiria aurkeztu beharko da.

2.– Eskabidea aurkeztu duena beste lurralde edo probintzia batetik badator, aurrekoez gain, jatorrizko lurralde edo probintziako sendagileen elkargoan baja izan dela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko du. Baja hori agiri ereduan egin beharko da, eta bertan, besteak beste, ondokoak ageriko dira: elkargoko kuotak ordaindu dituela egiaztatzen duen aitorpena eta sendagile lanetan jarduteko behin-behineko edo behin betiko debekurik ez duela egiaztatzen duen agiria.

3.– Eskatzaileak, halaber, sendagile lanetan jarduteko asmoa duenetz adieraziko du, eta hala bada, baita non eta zein espezialitatetan ere. Sendagile espezialista zereginetan aritzeko asmoa badu, espezialista titulua agertu beharko du. Titulu horrek ministerioak edo arlo horretan eskumena duen erakundeak emandakoa edo onartutakoa izan beharko du.

4.– Gobernu Batzordeak hilabete izango du eskabidea onartu edo baztertzeko. Denbora horretan beharrezko jotzen dituen egiaztatzeak egin ahal izango ditu, baita eskatzaileari agiri eta azalpen osagarriak eskatu eta behin-behineko elkargotaratzea baimendu ere.

5.– Karrera amaitu berri eta artean medikuntza eta kirurgiako lizentzia jaso ez dutenei Gobernu Batzordeak behin-behineko elkargotaratzea onartu ahal izango die, baldin eta eskatzaileak unibertsitateari ordaindu badizkio titulua jasotzeagatiko eskubideak. Halaber, titulua jasotakoan, eskatzailea behartuta dago titulua elkargoan aurkeztera.

6.– Beste lurralde bateko sendagileen elkargoren batean izena emanik duen sendagileren batek Gipuzkoakoan izena eman nahi badu, beste lurralde horretako sendagileen elkargoko kide dela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko du.

7.– Europako Batasuneko sendagileren batek Gipuzkoako Elkargoan izena eman nahi badu, unean-unean indarrean dauden Europako Batasuneko arauak baliatuko dira.

8.– Atzerriko sendagileak elkargoan onartzeko, indarrean dauden xedapenek xedatutakoa hartuko da aintzat.

51. artikulua.– Elkargoko kide bihurtzea ez onartzea eta errekurtsoak.

1.– Ondokoetan ez da onartuko elkargoko kide bihurtzea:

a) Eskabidearekin batera aurkeztutako agiriak nahikoak ez direnean, haien egiatasunak zalantzaren bat sortzen duenean, zuzentzeko edo osatzeko eskatu eta sasoiz egin ez denean edo eskatzaileak elkargoko kide bihurtzeko aurkeztutako datu edo agirietan gezurren bat esan duenean.

b) Eskatzaileak, beste elkargoren bateko kide izanik, elkargo horretako kide izateagatik ordaindu beharreko kuotak ordaindu dituela egiaztatzen ez duenean.

c) Epaitegiren baten epai irmoa dela eta, eskabidea egin duen unean sendagile lanetan jardutea debekatuta duenean.

d) Beste sendagile elkargoren batek sendagile lanetan jardutea debekatu eta berriro lan horretan aritzeko baimenik eman ez dionean.

e) Eskabidea egitean, ezin badu sendagile lanetan jardun, elkargoren batek, Sendagileen Elkargoko Euskal Kontseiluak nahiz Sendagileen Elkargo Ofizialeko Kontseilu Nagusiak diziplina-zentzarazpen bat jarri diotelako.

Sendagile lanetan jarduteko baimena berreskuratutakoan edo elkargoko kide bihurtzea debekatzen zuten oztopoak desagertutakoan, elkargoko kide bihurtzeko eskabidea onartu beharko da inongo aitzakiarik eta luzapenik gabe.

2.– Hilabeteko epean Gobernu Batzordeak elkargoko kide bihurtzeko egindako eskabidea ez onartzea erabakitzen badu, ez onartzeko erabakia hartu duenetik kontatzen hasita hamabost egun izango ditu eskatzaileari jakinarazteko. Jakinarazpen horretan onartu ez izanaren arrazoiak eta erabaki horren aurka jarri daitezkeen errekurtsoak ere jakinaraziko zaizkio.

3.– Ez dutela onartu jakinarazten dioten unetik kontatzen hasita eskatzaileak hilabete izango du Sendagileen Elkargoko Euskal Kontseiluari errekurtso arrunta aurkezteko. Kontseiluak hirurogei egun izango ditu errekurtsoa erabakitzeko. Erabakia errekurtsoa ez onartzea bada, eskatzaileak administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango du, halaxe ezartzen baita Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko Legeko 48.1 artikuluan.

52. artikulua.– Onartu eta gero egin beharreko urratsak.

Eskatzailea elkargoan onartutakoan, dagokion nortasun txartela emango zaio eta Kontseilu Nagusiari onartua izan dela jakinaraziko.

Halaber, zenbait datu, hala nola, pertsonalak, elkargokoak eta profesionalak, idatziz jasoko dira. Elkargoko kidea behartuta dago datuak ematera. Horrela uneoro eguneratuta egon daitezen.

53. artikulua.– Elkargoko kide ez egiteagatiko zehapenak.

1.– GiSEOk, ziur dagoenean, Justizia, Lan eta Gizarte Gaietako Sailari edo horren ordezkoari lurraldean elkargoko kide izan barik sendagile lanetan ari diren medikuntzako lizentziadun edo doktoreen berri emango dio, elkargoko kide egin daitezen sailak egoki iritzitako neurriak har ditzan eta, arau hauste hori dela eta, 18/1997 Legeko 15.1.a artikuluan ezarritako zehapena ezarri diezaien.

2.– Elkargoko kide izan barik sendagile lanetan ari diren medikuntzako lizentziadun edo doktoreei jarritako desgaitze edo inhabilitazio zehapena elkargoko kide bihurtzeko eskabidea egiten den egunetik aurrera zenbatuko da. Eskabide horrek ez du indarrik izango zehapena bete arte.

54. artikulua.– Elkargoko kide motak.

1.– Estatu hauen ildotik hona hemen elkargoko kide motak:

a) Jardunekoak.

b) Ez jardunekoak.

c) Ohorezko kideak.

d) Kide ohoretsuak.

2.– Jarduneko kide izango da sendagile lanetan ari den oro, edozein dela ere haren espezialitatea, bere kabuz edo besteren menpe aritu egun osoz ala ez, zerbitzu enpresaren batekin funtzionario, estatutupeko, lan edo zerbitzu kontratua izan, zerbitzu enpresa hori publikoa zein pribatua bada ere.

3.– Ez jarduneko kide izango da Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialeko kide izan arren, sendagile lanetan ez diharduena.

3.– Ohorezko kide izango dira hirurogeita hamar urte bete dituzten sendagileak, baita hirurogeita bost beteta izan eta erretiratuta daudenak edo, urte horiek izan ez arren, elbarri edo guztiz ezinduta daudenak.

Ohorezko kideak, hogeita bost urte baino gehiago badaramatzate kide izaten, ez dute ordainduko, ez elkargoko kuota, ez "Fundación Patronato de Huérfanos de Médicos Príncipe de Asturias" elkarteko kuota. Dena den, ohorezko kide izan arren, hau da, hirurogeita hamar urte beteta izan arren, sendagile lanetan jardun ahal izango dute, baldin eta beraien egoera psikofisikoak aukera hori ematen badie. Egoera psikofisiko hori elkargoak ezartzen dituen azterketa profesionalek neurtuko dute.

Ohorezko kide izan arren, hogeita bost urte baino gutxiago badaramatzate kide izaten, hogeita bost urte horiek bete arte elkargoko kuotaren ordainketa baino ez zaie barkatuko.

4.– Kide ohoretsuak izango dira sendagile izan ala ez medikuntzaren alorrean lan aipagarria eta garrantzitsua egin dutenak. Kategoria hori ohorezkoa izango da eta Elkargoko Kideen Batzarrak erabakiko du.

5.– GiSEOk Elkargoko Ohorezko Kide titulua emango dio titulu hori aldez aurretik jaso ez duen elkargoko kide zaharrenari, baldin eta elkargo horretako kide izaten berrogei urte baino gehiago badaramatza. Berrogei urte horiek alde batera edo txandaka egindakoak izan ahal dira. Titulu hori urtero emango da.

6.– Merituak direla eta, sendagile erretiratuak edo ezinduak ohore handiagoa merezi badu, osasun agintariei proposatuko zaie sari bat eman diezaiotela. Halaber, Elkargoko Ohorezko Kide izendatuko dute.

2. KAPITULUA
ESKUBIDEAK, BETEBEHARRAK ETA DEBEKUAK

55. artikulua.– Elkargoko kideen eskubideak.

Hona hemen elkargoko kideen eskubideak:

a) Elkargoa kudeatzen parte hartzeko eskubidea. Hau da, eskatze, boto eta zuzendaritza karguak eta lanpostuak eskuratzeko eskubidea.

b) Sendagile lana dela eta, gutxietsiak edo jazarriak izanez gero eta gutxietsiak edo jazarriak hala eskatuz gero, elkargoak aldeztuak izateko eskubidea.

c) Agintariei, epaitegiei eta erakunde publiko zein pribatuei oinarri sendoa duten erreklamazioak aurkeztu behar dizkietenean edo, sendagile jarduna dela eta, aldeak edo desadostasunak sortzen direnean, elkargoaren laguntza eta elkargoak ordezkatzeko eskubidea. Egiteko horrek sortzen dituen gastu juridikoak eskatzaileak, hots, kideak, ordainduko ditu, baldin eta Gobernu Batzordeak bestelakorik erabakitzen ez badu.

d) "Fundación Patronato de Huérfanos de Médicos Príncipe de Asturias" elkarteko kide izateko eskubidea.

e) Elkargoak berak zuzenean edo hitzarmen bidez harremanak izan ditzakeen aurreikuspen elkarteetako kide izateko eskubidea.

f) Sendagile jardunean mugarik ez izateko eskubidea, baldin eta deontologia kodea edo estatutu honek araututakoa betetzen badu.

g) Elkargoko kide izateagatik legeak, estatutu hauek edo Gobernu Batzordeak onartu eta elkargoak berretsi dituen kargak, eta ez besterik, ordaintzeko eskubidea.

56. artikulua.– Beste sendagile elkargo bateko kideen eskubideak.

Beste sendagile elkargo bateko direnek ondoko eskubideak izango dituzten:

a) Sendagile jardunean mugarik ez izateko eskubidea, baldin eta deontologia kodea edo estatutu honek araututakoa betetzen badu.

57. artikulua.– Elkargoko eta babes edo komunikazio erregimenean dauden kideen betebeharrak.

1.– Elkargoko kideek ondoko betebeharrak izango dituzte:

a) Estatutu hauetan araututako betetzea, baita elkargoko gobernu organoek erabakitakoa ere, baldin eta estatutu hauetan haien indarra bertan behera gera dadila eskatzen ez bada.

b) Zehaztutako kuotak ordainduta izatea.

c) Elkargoarekin eta elkargoko kideekin zintzo jokatzea eta, sendagile lanetan diharduela, kideren batek pairatu behar izan duen gutxiespen edo bidegabekeriaren baten jakinaren gainean badago, horren berri elkargoari ematea.

d) Elkargoari jakinaraztea lanean duten kargua eta duten tituluarekin zein medikuntza arlotan diharduten, beraien espedienteetan jasota gera dadin.

e) Bizilekuz aldatu badira, aldaketa horren berri ematea.

f) Sendagile jarduna dela-eta edozer iragarri nahi izanez gero, elkargoari baimena eskatzea. Iragarki horrek deontologia kodean zehaztutakoa bete beharko du eta ez da sekula baimenik gabe argitaratu beharko. Halaber, edozelako komunikabideetan berri edo ekimen medikoak argitaratzeko, deontologia kodean zehaztutakoa bete beharko da.

g) Elkargoko gobernu organoek eskatutakoa betetzea eta, batez ere, batzorderen bateko kide bada, batzorde horri laguntzea.

h) Sendagile lana dela-eta gerta daitezkeen arriskuei aurre egiteko erantzukizun zibil profesionaleko asegurua izatea.

i) Sendagileen Elkargoko Euskal Kontseiluari nahiz Sendagileen Elkargo Ofizialeko Kontseilu Nagusiari egingo zaion eskaera eta erreklamazio oro elkargoaren bidez egitea. Elkargoak eskaera edo erreklamazio hori dagokion txostenarekin batera bideratuko du.

j) Errezeta medikoei buruzko araudia betetzea.

k) Elkargoari jakinaraztea kontsultetan lan egiten duten profesionalen izenak.

l) Elkargoari intrusismo profesional ororen berri ematea.

m) Elkargoari jakinaren gainean dagoen arauz kanpoko sendagile jardun ororen berri ematea. Arauz kanpoko jarduntzat ondokoak joko dira: laneko deontologia arauak urratzen dituzten jardunak edo sendagile zerbitzu horiek kontratatzen dituzten interesei kalte dakarkieten arduragabekeriak.

2.– Babes erregimenean dauden sendagileek c), e), f), h), i), j), k), l) eta m) idatz-zatietan zehaztutakoa izango dute betebehar.

58. artikulua.– Debekuak.

1.– Deontologia kodean ezarritako ezinbestez betebeharreko debekuez eta aurreko artikuluetan zehaztutakoez gain, elkargoko kideek ez dute ondokorik egingo:

a) Ez dute sendatzeko prozeduren edo norberak egindako sendagarrien eraginkortasuna bermatuko, baldin eta sona handiko zientzia elkarteek edo sendagileek oniritzia eman ez badiote.

b) Ez dute, ez onartuko, ez babestuko, mediku titulu barik inork lan horretan jardutea.

c) Ez dute erabiliko, ez errezetetan, ez formuletan, medikuntzaren arloan lan egiten duten guztiek ulertuko ez duten, ez ikurrik, ez hizketarik. Halaber, ez dute erabiliko inprimakirik, sendagai-etxeen edo –prestakinen berri eman eta iragarki zeregina bete dezakeenik.

d) Ezin izango dute inongo pertsonarekin edo elkarterekin elkar hartu lanbideak eskatzen duen gizalegearen aurkakoak edo legez kanpokoak diren helburuak lortzeko.

e) Ez dute biltzailerik erabiliko.

f) Sendagileak direla baliaturik, ez diete bezeroei salduko edo eskuraraziko, ez drogarik, ez sendabelarrik, ez norberak egindako botika edo prestakinik, baldin eta ez badute, ez beharrezko baimenik, ez beharrezko osasun erregistrorik.

g) Ez diete beren izena osasun zentro bateko zuzendari edo aholkulari gisa erabiltzen utziko medikuntzaren alorreko enpresei edo industriei, baldin eta beraiek benetan zuzendari edo aholkulari ez badira eta enpresok eta industriok indarrean den legedia eta deontologia kodea betetzen ez badute.

h) Ez dute ondokoengatik eta ondokoetatik ordainsaririk eta zuzeneko edo zeharkako etekinik onartuko: botika eta sendatzeko tresnak saltzen dituzten etxeetatik, bainuetxeetatik, ur mineral edo medizinaletako etxeetatik, optiketatik... artesari edo komisioengatik, publizitatea egiteagatik, bezeroak lortzeagatik edo indarren diren arauekin bat ez datozen lanak egiteagatik.

i) Ez dute erabiliko gaixoak sendatzen zientifikoko kontrolatuta ez dagoen bitartekorik. Halaber, ez dute, ez diagnostikoa egitean, ez gai terapeutikoak erabiltzean, itxurakeriarik edo iruzurrik egingo.

j) Ez dute praktika dikotomikorik egingo.

k) Ez dute, jakinarazi gabe, beren elkargoko lur eremutik kanpo sendagile lanik egingo, baldin eta ondokoetako baten baterako ez bada: egoera larria, senide bati eskaini beharreko laguntza edo Gipuzkoako Lurralde Historikoan egotea elkargoko kideei behin-behineko beharrizan iragankorrengatik laguntza ematearen ondorio ez bada.

l) Ez dituzte, irabazi asmoekin, gaixoak kontsulta publikoetatik pribatuetara bidaliko.

m) Ez diote inori kontsulta edo klinika erabiltzen utziko, nahiz eta medikuntza lizentzia edo doktore titulua izan, baldin eta Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialean izena emanik ez badute edo, beste batean izena emanik izanda, horren berri eman ez badute.

n) Ez dute sendagile lanetan jardungo, baldin eta halakoetarako ez gaitzen duten aldaketa organikoak, psikikoak edo aztura toxikoak antzematen dituen azterketa medikoa egin ez badute.

o) Ez diete beren klinika edo kontsulta erabiltzen utziko sendagile lanetan jardutea debekatuta duten elkargoko kideei.

2.– Debeku berauek izango dituzte, beste sendagile elkargo batean izena emanik izan arren, Gipuzkoan diharduten sendagileek.

59. artikulua.– Elkargoko kideen arteko desadostasunak.

Lana dela-eta elkargoko kideen artean sortu ahal diren iritzi aldeak edo desadostasunak Gobernu Batzordearen eskumen izango dira eta hark ebatziko ditu. Auzi horretako kideetarikoren bat Gobernu Batzordeko kide ere bada, Sendagileen Elkargoko Euskal Kontseiluaren eskumen izango da hari ebatzia ematea.

V. TITULUA
ESKUMENAK

60. artikulua.– Eskumenak, oro har.

Hona hemen GiSEOren eskumenak: estatutu hauetako 2. eta 3. artikuluek aitortzen dizkioten helburuei buruz bere arauetan zehaztutakoak, estatutu hauetako 6. artikuluan aipatutakoak eta Elkargoko Gobernu Batzordeak, Kideen Batzordeak eta Batzorde Iraunkorrak, Profesionalen Elkargoei buruzko Legea eta Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko Legea baliaturik, aitortzen dizkiotenak.

61. artikulua.– Eskumen zehatzak.

Aurrekoez gain, medikuntza eta zientzia babestu eta sustatu aldera, ondoko eskumen zehatzak ditu:

1.– Sendagile jarduna ikuskatzea, lanbideari buruzko publizitatea eta propaganda eta sendagile lanaren interes zilegiak, izen ona eta duintasuna edo osasun publikoa kalte dezakeen komunikabideetan ager daitekeen informazio oro kontrolatzea.

2.– Gipuzkoako agintari eta erakundeen aurrean Gipuzkoako sendagileak ordezkatzea.

3.– Ordezkatzen dituen kideen eskubideak eta izen ona aldeztea, baldin eta horiek laidotu, kaltetu edo gutxietsi badituzte eta laidook, kalteok edo gutxiespenok Gipuzkoan bertan egin badira. Lan intrusismoarekin zerikusia duten auziak salatu eta aztertzea.

4.– Sendagileen erroldaren, informazioa hobea izan dadin beharrezko ikusten diren datuen eta tituluen ardura izatea eta sendagileen jardunarekin zerikusia duten ikerketak, proiektuak eta proposamenak egiteko beharrezko jotzen diren estatistikak egitea.

5.– Sendagileen jarduna arautzen duten deontologia arauak ezartzea.

6.– Elkargoko kideei beren lan jardunarekin zerikusia duten betebehar etiko eta legalak bete ditzatela eskatzea.

7.– Legez kanpoko lehian aritu, deontologia kodea urratu nahiz, sendagile direla eta, gehiegikeriatan dihardutenak zehatzea.

8.– Deontologia arauak urratzeagatik jarritako zigorrak betearaztea.

9.– Bezero eta sendagileen arteko diru kontuetan artekari izatea.

10.– Elkargoko kideen ordezkari del aldetik, laguntza sanitarioko seguru libreko erakundeetako ordezkariekin hitzarmenak izenpetzea, zenbait zerbitzu direla eta, aplika daitezkeen hainbat zerbitzu-sari zehazteko.

11.– Administrazio, elkarte, epaitegi, erakunde eta norbanakoen aurrean sendagileen interesak ordezkatu eta aldeztea, unean-unean indarrean dauden xedapenak aintzat hartuta.

12.– Hartzekoak, ordainsariak eta zerbitzu-sariak jasotzearen ardura izatea, oro har edo interesdunak eskatuta. Interesdunak eskatuta, baldin eta elkargoan horretarako aurkeztu diren txosten edo peritazio medikoak badira.

13.– Osasun politika eta laguntza planak zehaztean, plan horiek gauzatzean eta osasuna eta osasun laguntzarekin zerikusia dutenetan parte hartzean, Gipuzkoan agintari publikoekin elkarlanean jardutea.

14.– Izaera kulturala nahiz zientifikoa duten prestakuntza programak egin eta betetzea Gipuzkoan.

15.– Erakunde publiko zein pribatuei elkargoko kideentzako gutxienezko tresnak eta giza laguntza eskatzea, kalitatezko medikuntza eskaini ahal dezaten guztiz ezinbestekoak.

16.– Bezero eta elkargoko kideen arteko auzietan artekari izatea eta auziok erabakitzeko bitartekoak zehaztea.

VI. TITULUA
EKONOMIA ETA FINANTZA ARLOKO ERREGIMENA

62. artikulua.– Elkargoaren ekonomiak ez du zerikusirik, ez OMCrekin, ez Sendagileen Elkargoko Euskal Kontseiluarekin. GiSEOk autonomia osoa du bere ondarea kudeatzen eta administratzen.

63. artikulua.– aurrekontua egitea.

GiSEOk urtero egingo du aurrekontu proiektua. Aurrekontu hori gutxi gorabeherakoa izango da eta urte naturaleko diru sarrerak eta gastuak jasoko ditu. Aurrekontua Elkargoko Kideen Batzarrak onartuko du.

64. artikulua.– Aurrekontua kitatzea.

GiSEOk urtero aurkeztu beharko dio Elkargoko Kideen Batzarrari balantzearen eta aurrekontuaren kitapenaren egoera zein den aurreko urteko abenduaren 31n, hala irizten badio, onar dezan. Hori egin aurretik balantze hori —egindako gastuen eta izandako diru sarreren ziurtagiriekin batera— Elkargoko Kideen Batzarrak izendatutako Ogasun Batzordeak aztertuko du.

Elkargoko Kideen Batzarrak Ogasun Batzordeko hiru kideak izendatuko ditu Gobernu Batzordea hautatzeko hauteskundeen ondoren egindako lehen bileran.

Ogasun Batzordeko elkargoko kideek, Elkargoko Kideen Batzarra egin aurretik, gastu partidak aztertuko dituzte, baita dauden ordainagiriekin bat datozen ere.

Egiaztatzen txotena egingo dute. Txosten hori Elkargoko Kideen Batzarrean irakurriko da.

Urtean zehar, datak diruzainarekin zehaztu eta gero, Ogasun Batzordekoek garai jakin batean egindako gastuak ikuskatu ahal izango dituzte.

65. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

GiSEOren baliabideak hirutara sailkatzen dira: ohikoak, ezohikoak eta bereziak.

A) Ohikoak izango dira:

a.– Ondarea osatzen duten eskubideen eta ondasunen etekinak.

b.– Txosten, irizpen, ikerketa, izenpe beharrak eta Gobernu Batzordeak erabakitako beste zerbitzu batzuengatiko ordainsariak.

c.– Kide bihurtzearengatiko eskubideak, ohiko eta ezohiko kuotak, derramak barne, ziurtagiriengatiko zehaztuta den partea, baimendutako zigiluak eta inprimaki ofizialak.

d.– Ziurtagiri fede-emaileak ordaintzeko agindua.

e.– Sendagile jardunengatiko eskubideak.

f.– Legearen ikuspuntutik aurrekoekin berdindu daitekeen edozer.

B) Ezohiko baliabideak izango dira:

a.– Jatorri publikoa zein pribatua duten diru laguntzak eta emakidak.

b.– Jaraunspen edo beste edozein bidez elkargoaren ondare bihurtzen diren ondasunak.

c.– Legezko den beste edozein, baldin eta ohiko baliabide ez bada.

C) Bereziak.

Aurreko idatz-zatietan ez jasotakoak izango dira baliabide berezi.

66. artikulua.– Sarrera kuotak.

1.– Elkargoko kide izateko izena ematean, sarrera kuota ordaindu beharko da. Kuota hori, Gobernu Batzordeari entzun ondoren, Elkargoko Kideen Batzarrak zehaztuko du.

2.– Kuotak lanbideen arteko gutxienezko soldataren %50ek baino gehiago egiten badu, kide gazteek, hau da, karrera azken bost urteetan bukatu dutenek, hala eskatzen badute eta Gobernu Batzordeak onartzen badie, hiru txandatan ordaindu ahal izango dute kuota hori. Dena den, hiru txanda horiek kide egiten direnetik kontatzen hasita urtebete baino lehenago ordaindu beharko dituzte.

67. artikulua.– Ohiko kuotak.

a.– Elkargoko kide diren sendagileek, jardunekoak zein ez jardunekoak izan, behartuta daude Elkargoko Kideen Batzarrak onartutako eta zehaztutako kuotak (hiruhilabeterik behin ordaindu beharrekoak) ordaintzera, baita Sendagileen Elkargoko Euskal Kontseiluak, Sendagileen Elkargo Ofizialeko Kontseilu Nagusiak eta Fundación Patronato de Huérfanos de Médicos Príncipe de Asturias elkarteak zehaztutakoak ere.

b.– Elkargo bitan izena emanik duten kideek nahitaez ordaindu behar dituzten Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialak zehaztutako kuotak.

68. artikulua.– Ezohiko kuotak.

Zor edo ordainketa bereziei dagokienez, Elkargoko Kideen Batzarrak hala erabakitzen badu, Batzarrak ezohiko kuotak ezarri ahal izango ditu. Kuota horiek ezinbestez ordaindu beharko dituzten kideek.

Ezohiko kuotak ez ordaintzeak ohikoak ez ordaintzeak dituen ondorio berak izango ditu.

69. artikulua.– Kuota bereziak.

Kuota bereziek beren araudia izango dute.

70. artikulua.– Kuotak ez ordaintzea.

Hiruhileko bi ordaindu gabe dituen kideari hiruhilekook ordaintzeko eskatuko zaio. Horretarako zentzuzko beta emango zaio, hilabete gehiago, baina %20ko errekargua izango du.

Lau hiruhileko izanez gero zor, Batzordeak auzi bidez eskatu ahal izango dio. Horrek ez du eragozten, ordea, Elkargoak zorrak, errekarguak eta sortutako gastuak kobratzeari ekitea.

Elkargoko kideren batek elkargoarekin zorren bat badu, ezin izango dio elkargoak inolako agiririk egin, ezta bajarena berarena ere.

Gobernu Batzordeak zor zaizkion kuotak eta karguak kobratzeko epeak luzatzea dauka bere gogara, hau da, unean uneko egoeraren araberako baldintzak erabaki ditzake.

Sei hiruhilekoko kuotak ordaindu ez badira eta auzi bidez ere kobratzea lortu ez bada, Batzordeak baja emango dio elkargoan. Orobat, sendagile lanetan jarraitzen badu, Osasun eta Justizia Sailei jakinaraziko die. Horrek ez du eragozten, ordea, zor zaiona, horri dagozkion errekarguak eta sortutako gastuak kobratu arte auzi bideari ekitea.

71. artikulua.– Kuotak biltzea.

Sarrera kuota elkargoan izena ematean ordaindu beharko da.

Ohikoak, ezohikoak eta bereziak hiru hilabeterik behin ordainduko dira eta, ordaindutakoan, ordaindu dela egiaztatzen duen agiria emango da.

OMCk zehaztutako kuotak, ezinbestez ordaindu beharrekoak, OMCren Batzarrak xedatutako eran ordainduko dira. Halaber, zenbatekoa ere berak zehaztuko du.

72. artikulua.– Gastuak.

Elkargoaren gastuak eskaintzen dituen zerbitzuei onik eusteko bestekoak izango dira. Hala ere, ezin izango da onartutako aurrekontuan aurreikusten ez den ordainketarik egin, baldin eta bidezko gasturik ez bada. Bidezkoa bada, Diruzaintzak duena kontuan izanik, Gobernu Batzordeak kreditu gehigarri bat bideratzea erabaki ahal izango du. Erabaki horren berri Elkargoko Kideen Batzarrari eman beharko dio.

Lehendakariaren edo diruzainaren baimenik gabe ezin izango da ordainketarik egin.

73. Artikulua.– Elkargoa deuseztatuz gero, ondasunak nola banatuko diren.

Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofiziala deuseztatuz gero, batzorde kitatzaile bat izendatuko da. Batzorde horrek, zorrak ordaindutakoan, elkargoak dituen ondasunak dagokion tituluan zehaztutakoaren arabera banatuko ditu.

VII. TITULUA
ERREZETA MEDIKOAK

74. artikulua.– GiSEOren eskumenak.

GiSEOk agiri profesional diren aldetik errezeta medikoei buruzko arauak betearaztearen ardura izango du eta egoki irizten dituen neurriak hartuko ditu haien erabilera zuzena bermatzeko. Berebat, jardun librerako errezeta normalizatuak argitaratzea eta banatzea erabaki lezake.

VIII. TITULUA
ZIURTAGIRI MEDIKO OFIZIALAK

75. artikulua.– Elkargoko kide diren sendagileek horretarako beren-beregi argitaratutako eta banatutako inprimaki ofizialetan egingo dituzte ziurtagiriak. Elkargoa agindu hori zehatz-mehatz bete dadin ahaleginduko da, baita zentro, establezimendu eta erakunde guztiek, zeinetan ondorio izango baitute, eredu ofizialean egindako ziurtagiriak eska dezaten ere.

Zenbait xedapen berezitan xedatutako salbuespenetan izan ezik, ez dute indarrik izango izaera medikoko egoerak egiaztatzeko, ziurtagiri mediko ofizialetan sendagileek idatzi ez dituzten irizpenek, ziurtagiriek eta txostenek eta, beraz, deusezak direla alegatuz aurkatu ahal izango dira.

Hona hemen diren ziurtagiri mediko ofizialak:

1.– Ohiko ziurtagiri medikoa. Ondoren aipatzen diren ziurtagirietan zehazten ez diren ondorio guztietarako.

2.– Ongintzako ziurtagiri medikoa. Ongintzako erroldetan erroldatutako nahiz, bizi duten egoera berezia dela eta, elkargoak hartakotzat jotzen dituen pertsonentzat. Horiez gain, osasun laguntzari dagokionez, laguntza unibertsalaren onuradun diren pertsonek ere jaso ahal izango dute ziurtagiri hori. Doako inprimakia.

3.– Heriotzaren berri ematen duen ziurtagiri medikoa. Indarrean diren legeek eta araudiek zehaztutako eran norbaiten heriotza egiaztatzeko erabiliko dira.

4.– Heriotzaren berri ematen duen ongintzako ziurtagiri medikoa. Artikulu honetako 2. paragrafoan aipatutako pertsonen heriotzaren berri aurreko paragrafoan zehaztutako eran emateko erabiltzen diren inprimakiak. Doako inprimakia.

5.– Hauteskundeetako ziurtagiri medikoa. Posta bidezko botoa eskatzeko postetxera joan ezina egiaztatzeko hauteskunde garaian egiten den inprimakia. Doako inprimakia.

76. artikulua.– Sendagileek dohainik egingo dituzte ziurtagiriak, baina sendagileek, beharrezko denean, kobratu egingo dute ziurtagiriak egiteko aldez aurretik egin beharreko zerbitzu medikoengatik. Horrengatiko zenbatekoa nork berea jarri ahal izango du.

IX. TITULUA
ARAUBIDE JURIDIKOA

77. artikulua.– Eskumenak.

Ezin izango zaie eskumenei uko egin eta aitortuta duten elkargoko organoek baliatu beharko dituzte, baldin eta indarrean dagoen legearen arabera ez baitzaio besteri eskuordetzan eman edo bestek ez baditu horiek titularraren ordez eskuratu edo goragoko batek bereganatu.

78. artikulua.– GiSEOren eskumenak.

GiSEOk eskumena du bere jardun eremuan indarrean den legediak eta estatutu honek aitortzen dizkion eginkizunak betetzeko.

79. artikulua.– Eraginkortasuna.

1.– Elkargoak, bere barne araudia dela eta, hartutako erabaki eta ebatziek indarra izango dute eta argitaratu egingo dira. Argitaratu ere egoki aplikatuak izan daitezen.

2.– Elkargoaren gainontzeko erabaki eta ebatziek ematen diren egunetik aurrera izango dituzte indarra eta ondorioak, baldin eta haietan ez bada aurkakorik xedatzen.

Indarrean jartzeko eguna atzeratu egingo da, baldin eta hala eskatzen badu ekintzak edo noiz jakinarazi zain badago.

3.– Onartu eta jakinarazitakoan betearazi ahal izango ditu erabakiak Batzordeak.

Noizean behin baliogabetutako ekintzen ordez emandako ekintzek atzera begira ere eragina izan dezakete, baita interesdunaren aldeko ondorioak badakartzate ere, baldin eta gertakariak atzera egindako egun horretatik aurrera gertatu badira eta horrako horrek ez baditu hirugarren baten interes zilegiak edo eskubideak urratzen.

80. artikulua.– Elkargoaren kabuzko berrikustea.

1.– Elkargoko organoen egintzak, eskubiderik aitortzen ez dutenak, eta kargei dagozkienak edozein unetan berrikusi ahal izango ditu eman dituen organoak. Dena den, aldez aurretik berrikuste hori ez dela araubide juridikoaren aurkakoa txosten bidez egiaztatu beharko da.

2.– Elkargoko organoek edozein unetan zuzendu ahal izango dituzte, bere kabuz zein interesdunak eskaturik, egintzetan egin dituzten akatsak eta huts aritmetikoak.

3.– Gainontzekoetan, egintzok indarrik gabe uzteko nahia administrazioarekiko auzien jurisdikzioan ebatziko da. Dena den, aldez aurretik eta ebatzia hartu zenetik lau urte igaro baino lehen norbaitek ebatziok kalte egin diotela aitortu beharko du.

4.– Berrikuste ahalmena ezin izango da baliatu, bai egintzak preskribitu direlako, bai igaro den denborarengatik edo bestelakoengatik, haiek baliatzea berdintasunaren, onuste edo fede onaren, norbanakoen eskubideen edo legeen aurkakoak badira.

81. artikulua.– Errekurtsoak.

1.– Elkargoko organoen ebazpenen eta prozedurarekin jarraitzea ezinezko bihurtzen duten edo defentsa gabezia sortzen duten egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Sendagileen Elkargoko Euskal Kontseiluan edo, han egin ezean, Sendagileen Elkargo Ofizialeko Kontseilu Nagusian. Horretarako hogeita hamar egun izango dira.

Legeak zehaztutako epean ebazpenaren berri eman ez bada, ezetsi egin dela esan gurako du eta egoki irizten zaion bideari ekiteko aukera izango da.

Ebazpenaren berri berariaz eman bada, errekurtsoa jartzeko epea jakinarazpena jaso zen egunetik aurrera kontatzen hasiko da.

2.– Egintzok zuzenbide administratiboari loturik daudenez, gorago aipatutakoak agortu eta gero, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan aurkatu ahal izango dira zuzenean.

3.– Elkargoaren egintzak ondokoak aurkatu ahal izango dituzte:

a) Ondorio juridikoak norbanakoengan sortzen dituzten egintza edo erabakiak badira, eskubide subjektibo baten jabeek edo gaian interes zilegia, pertsonala eta zuzena dutenek.

b) Zenbait pertsonari kaltea dakarkien egintza edo erabakia bada, elkargoko edozein kidek du eskubidea aurkatzeko.

4.– Errekurtsoa jartzeak ez du eragotziko aurkatutako egintzarekin aurrera jarraitzea. Ebatzi behar duen aginteak, ordea, bere kabuz zein interesdunen batek eskatuta, bertan behera utzi ahal izango du aurkatutako egintza, baldin eta egintzarekin aurrera jarraitzeak kalte konponezinak edo konpongaitzak eragin ahal baditu.

X. TITULUA
DIZIPLINA ARAUBIDEA

82. artikulua.– Printzipio nagusiak.

1.– Elkargoko kideak estatutu hauetan zehaztutako egoera edo baldintzak urratzeagatik erantzun beharrean izango dira.

2.– Estatu honetan zehaztutako diziplina araubideak ez du eragozten elkargoko kideek beste edozein diziplina araubideri ere aurre egin behar izatea, baldin eta haiek urratzeagatik ere erantzukizunik badute.

3.– Izapidetutako espedienteari buruzko diziplina zehapena baino ezingo da jarri. Jarri ere, titulu honetan ezarritakoaren arabera.

4.– Elkargoko Gobernu Batzordeak izango du zehatzeko ahalmena. Gobernu Batzordeko kideak, ordea, Sendagileen Elkargoko Euskal Kontseiluak epaitu eta zigortuko ditu elkargo horretako araudian xedatzen denaren arabera.

5.– Beste lurralde batzuetako kideek egindako ustezko hutsak Gipuzkoako Elkargoak izapidetuko eta epaituko ditu. Epaia emandakoan, kide horren elkargoari jakinaraziko zaio Sendagileen Elkargoko Euskal Kontseiluaren bidez kide hori Euskal Autonomia Erkidegoko elkargoren batekoa bada eta Sendagileen Elkargo Ofizialeko Kontseilu Nagusiaren bidez Espainiako estatuko elkargoren batekoa bada.

6.– Administrazio bidea amaitzen duen ebazpena ematen den unetik bertatik betearaziko dira zehatze erabakiak.

7.– Zigortuak aurretik egin dituen beste huts edo urratze batzuengatik sendagile lanetan jardutea debekatuta badu, jartzen zaion zigorra aurrekoa betetzen duenetik aurrera beteko du.

8.– Gaitasungabetze zigorrak dirauen bitartean kideak debekatuta izango du sendagile lanetan aritzea.

9.– Sendagile lanetan jarduteko eskubidea aitortzen dion titulua izan arren, Gipuzkoan bertako edo beste lurralde bateko elkargoan izena eman gabe sendagile lanetan aritzen den pertsonari gaitasungabetze zigorra jarri ahal izango zaio. Horrelakorik gertatuz gero, zigorra sendagileak elkargoren batean izena ematen duen unetik aurrera kontatzen hasita beteko da.

10.– Ebazpena ematen duen organoak Osasun Sailari, Sendagileen Elkargo Ofizialeko Kontseilu Nagusiari eta Sendagileen Elkargoko Euskal Kontseiluari jakinaraziko die jarri duen zigorra, dagozkion ondorioak izan ditzan.

83. artikulua.– Arau hausten sailkapena.

Arau hausteak arinak, larriak edo oso larriak izan ahal dira.

1.– Hona hemen arau arinak:

a) Elkargoko edo elkargoak izapidetu beharreko agiriei buruzko arauak ez betetzea.

b) Lanari buruzko identifikazio datuak elkargoari ez jakinaraztea nahiz datu horietan izandako aldaketak, norberaren espedientean jasotzeko beharrezkoak, aditzera ez ematea.

c) Txostenak egiteko elkargoaren eskakizunari jaramonik ez egitea.

d) Lan jardunari buruzko publizitatea egiteko elkargoari baimenik ez eskatzea eta zientziak babesten ez dituen iritziak aditzera ematea.

e) Beste sendagile batek gaixoari eskaintzen dion laguntzan muturra sartzea, baldin eta larrialdi egoeraren bat ez bada, gaixoak hala eskatu ez badu edo talde lanean ez badihardute.

f) Gaixoaren edo jendaurrean beste sendagile batzuen lan jarduna kritikatzea.

g) Historia klinikoa ez idaztea eta ez egitea.

h) Medikuntzako eta kirurgiako lizentziaduna edo doktorea izan arren, Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialean edo beste elkargo batean izena eman ez dutenei edo ebazpen irmo bidez sendagile lanetan jardutea debekatuta dutenei norberaren klinika erabiltzen uztea.

i) Estatu hauetako 57. artikuluan xedatutako betebeharrak ez betetzea.

2.– Ondokoak arau hauste larri izango dira:

a) Gaixoak egindako informazio edo ziurtagiri eskaerari ez erantzutea.

b) Diagnosia osatzeko beharrezko diren datuak beste sendagile bati ez ematea, nahiz eta gaixoak hala eskatu.

c) Historia klinikoa behin eta berriro idatzi eta egin gabe uztea edo historia hori nahita aldatzea.

d) Elkargoko erroldan agiri bidez egiaztatu ezin den titulu bat erabiltzea edo titulu bidez egiaztatu ezin duen jarduera batean aritzea.

e) Sendagile lanaren moralaren, begirunearen, duintasunaren, izen onaren eta ohorearen edo elkargoko kideek sor duten begirunearen aurka doazen egintzak, baita elkargoko gobernu organoen aurkako nahita egindako indiziplina oldartzeak eta, oro har, edozein huts larri ere.

f) Gaixo edo jendaurrean beste sendagile batzuen lana gutxiestea.

g) Errua edo zabarkeria dela eta, besteri kaltea ekarriz, sekretu profesionala ez gordetzea.

h) Estupefazienteen erabilerari muga jartzen dioten arauak edo toxikomanien tratamenduari buruzkoak ez betetzea.

i) Eraginkortasuna zehaztu gabe duten sendagaiak edo sendabideak arinegi aditzera ematea eta sendagaien edo sendabideen eragina exageratzea.

j) Estatutu hauetako 58. artikuluan zehaztutako debekuak ez betetzea.

k) Jarduera dikotomikoa.

l) Sendagile jardunerako ezgaitzen duten asaldura organikoren bat agertu arren, sendagile lanetan aritzea.

m) Aseguruak direla-eta duten betebeharra ez betetzea.

n) Elkargoaren arauzko ibilbidea aldatzen edo oztopatzen duten egintzak.

o) Egia esaten ez duten ziurtagiriak edo txostenak egitea.

p) Helburu partikularrak direla-eta besteri elkargoko kideen zerrendak edo etiketak ematea, jatorrizkoak edo aldakiak izan.

q) Urte biren barruan bost huts arin edo gehiago egitea.

3.– Ondokoak oso arau hauste larri izango dira:

a) Sendagile jardunari gagozkiola, dolu edo iruzur delitu den edozein jardun.

b) Sekretu profesionala iruzur bidez ez betetzea.

c) Sendagile jardunari gagozkiola, pertsonen intimitate edo duintasunaren aurkako edozein jardun.

d) Gaixoei nahita eta nabarmen laguntza ukatzea.

e) Gaixoak tratatzeko, zientziak onartu ez dituen baliabideak erabiltzea edo diagnosian eta zaintzan zenbait elementu erabiltzen direlako itxura egitea.

f) Sendaezina sendatuko zaiela esanez familiei eta gaixoei Hitzontzikerian oinarritutako jardunak, hau da, funtsik eta balio zientifikorik gabeak, eskaintzea,.

g) Medikuntza eta kirurgiako lizentziaduna edo doktore izan gabe sendagile lanetan diharduena onartzea edo haren berri ez ematea.

h) toxikomano edo mozkor izatea edo sendagile lanetan jardutea ezgaitzen duten asaldura psikikoak izan eta zeregin horretan aritzea.

i) Estatutu hauetako 58. artikuluan zehaztutako debekuak behin eta berriro ez betetzea.

j) Urte biren barruan huts larri bi edo gehiago egitea.

Dena den, zigorra jarri aurretik Deontologia Batzordeak esan beharrekoa adituko da.

84. artikulua.– Zehapenak.

1.– Aurreko artikuluan jasotako hutsengatik ondoko zehazpenak jar daitezke:

a) Kargu hartzea, pribatua.

b) Ofiziozko ohartarazpena gehi isuna.

c) Sendagile lanetan aritzeko, behin-behineko debekua edo isuna.

d) Sendagile lanetan aritzeko ezgaitzea edo isuna.

2.– Gobernu Batzordeak zehatuko ditu hutsak. Horretarako, aldez aurretik diziplina espedientea egin beharko du. Hona hemen bakoitzak izango duen zigorra:

A.– Huts arinak:

a) Kargu hartzea, pribatua.

b) 18/1997 Legeak zehazten duen isuna, zehapen unean indarrean dagoena.

B.– Huts larriek ondoko zigorra izango dute:

a) Gehienez urtebetez sendagile lanetan jarduteko ezgaitzea. Ezgaitze hori hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera egingo da.

b) 18/1997 Legeak zehazten duen isuna, zehapen unean indarrean dagoena.

C.– Oso huts larriek ondoko zigorra izan ahal izango dute:

a) Urtebete eta egun batetik hogei urte bitarteko sendagile lanetan jarduteko ezgaitzea. Ezgaitze hori hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera egingo da.

b) 18/1997 Legeak zehazten duen isuna, zehapen unean indarrean dagoena.

3.– Sendagile lanetan jarduteko ezgaitzea elkargo guztietarako izango da, eta beste elkargo batean izena eman nahi bada, Sendagileen Elkargoko Euskal Kontseiluaren edo, behar izanez gero, Sendagileen Elkargo Ofizialeko Kontseilu Nagusiaren baimena beharko da. Ezgaitze zehapena Gobernu Batzordeak osoko bilkuran erabakiko du eta, indarra izan dezan, nahitaezko izango da erabakitzean osoko bilkura osatzen duten kideen bi herenak izatea eta bilkura osatzen duten kideen erdiak zehapen horren alde agertzea.

4.– Nolako izaera duen arau hausteak, nolako garrantzia duten arau hausteak eta berori aldatzen duten gainontzeko gorabeherak, halakoa izango da jasoko duen zehapena. Halaber, zigor bat baino gehiago jarri ahal izango da, zigor bakoitzeko halako bat baino gehiago zehaztuta badago.

5.– Aurreko zehapenek ez dute eragozten zigortutakoek beste erantzukizun batzuengatik ere zehatuak izan ahal izatea.

6.– Elkargoko kideek edo elkargoaren menera jarritakoek, jarrera edo gaitasuna dela-eta egindako edozein hutsengatik, Gobernu Batzordeak, dagokion diziplina zehapenaz gain, jatorrizko arazo hori zuzenduko duten prestakuntza jarduerak egiteko edo bitarteko terapeutiko egokiak baliatzeko ere eskatu ahal izango die aipatutakoei.

7.– Gobernu Batzordeak uste badu zehapen espedientea bideratzen den bitartean gaixoei kalte handia egiteko arriskua dagoela, sendagileari debekatu ahal dio, arrazoituta, aldi baterako sendagile lanetan jardutea, bai espedientea erabakitzen den arte, bai debekatzeko izan diren arrazoiak desagertzen diren arte.

8.– Denon jakin-mina erakar lezakeen oso huts larriren batengatik norbait zehatu bada, elkargoaren aldizkarietan eman ahal izango da haren berri.

9.– Elkargoak prestakuntza eta errehabilitazio programak sustatzeko erabiliko du bere zehapen ahalmena baliatuz jarritako isunen ondorioz jasotzen duen diru guztia.

85. artikulua.– Sendagile lanetan jarduteko ezgaitzea edo inhabilitatzea.

1.– Ezgaitze zehazpenak galarazi egiten du zigorrak dirauen bitartean sendagile lanean jardutea.

2.– Nahiz eta medikuntzako lizentziaduna edo doktorea izan, sendagileen elkargoren batean izena eman gabe Gipuzkoan sendagile lanetan diharduenari ezgaitze zehazpena jarri ahal izango zaio. Zigor hori elkargoren batean izena ematen duen unetik aurrera kontatuko da eta izen emate horrek ez du indarrik izango zigorra bete arte.

86. artikulua.– Preskripzioa.

1.– Oso huts larriak hiru urte betetakoan preskribituko dira, larriak bi urte betetakoan eta arinak urtebetegarrenean.

2.– Preskripzio epea arau haustea gertatu zen egunetik bertatik hasiko da kontatzen.

3.– Zehapen prozedura hasteak eten egingo du preskripzio aldia. Dena den, preskripzio epea kontatzeari berriro ekingo zaio, zehapen espedientea arau hauslearen erru ez den zerbaitengatik sei hilabetetik gora geldirik badago.

87. artikulua.– Diziplina erantzukizuna iraungitzea.

1.– Diziplina erantzukizuna ondokoengatik iraungiko da:

a) Errunduntzat jotakoa edo inputatua hil delako.

b) Zigorra bete duelako.

c) Hutsek preskribitu dutelako.

d) Zigorrek preskribitu dutelako edo elkargoak hala erabaki duelako.

2.– Zehapen oharrak behin betiko ezereztuko dira, zigorra betetakoan, huts arina egin duten elkargoko kideek hiru hilabetean, huts larria egin dutenek bi urtetan eta oso huts larria agin dutenek hiru urtetan jokabide zintzoa erakutsi badute.

88. artikulua.– Eskumenak.

Gobernu Batzordearen eskumena da hutsak zehatzea. Dena den, aldez aurretik hutsari dagokion diziplina espedientea bideratu beharko du.

Sendagileen Elkargoko Euskal Kontseiluaren ardura izango da Elkargoko Gobernu Batzordeko kideen hutsak zehatzea. Zehatze hori estatutu hauetan ezarritakoaren arabera egingo da.

89. artikulua.– Zehatzeko prozedura.

1.– Zehatzeko prozedurari elkargoak berak edo norbaitek eskatuta ekin ahal izango zaio. Dena den, hasi aurretik eskumena duen organoaren oniritzia izan beharko du, bai eskumena duen organoak berak hala iritzi diolako, bai salaketaren bat egon delako.

2.– Elkargoko Gobernu Batzordeak ustezko arau hausteren baten berri badu, espedienteari hasiera eman aurretik ezkutuko informazioa bideratu dezake edo, hala erabakiz gero, egintzat amaitutzat jotzea, bai largeste edo artxibatzeagatik zehapenik jarri gabe, bai huts arinak zuzentzeko xedatutako zehapenen bat jarrita.

3.– Prozedura erabakitakoan, prozedurari ekitea erabaki zuen organoak egoki irizten dituen behin-behineko neurriak hartu ahal izango ditu hartu dezakeen erabakia eraginkorra izan dadin, baldin eta erabaki hori hartzeko arrazoi nahikorik badago. Ezin izango da interesdunei kalte konponezinak eragin diezazkiekeen behin-behineko neurririk hartu, ezta legeek aitortzen dizkieten eskubideak urratzen dituenik ere.

4.– Gobernu Batzordeak, espediente bati hasiera ematea erabakitzen duenean, elkargoko kideetako bat instrukzioko epaile izendatuko du. Izendatutakoak espedientatuak baino urte gehiago eraman behar ditu sendagile lanetan edo, holakorik gertatu ezean, gutxienez hamar urte sendagile elkargoren batean. Izendatutakoak nahitaez bete beharko du zeregin hori, baldin eta ez badu abstenitzeko arrazoirik edo espedientatuak errefusatu eta errefusatze hori Batzordeak onartzen ez badu.

5.– Abstenitzeko edo errefusatzeko arrazoiak ondokoak izan ahal dira: laugarren mailarainoko odoleko ahaidetasuna, bigarren mailarainoko ezkon ahaidetasuna, lagun mina edo etsaigo nabaria izatea eta gaian interesa izatea.

6.– Errefusatzeko eskubidea dela eta, espedientatuari izapidegilea eta idazkaria nortzuk izango diren jakinaraziko zaio. Jakinarazten zaion egunetik aurrera bost egun izango ditu errefusatu nahi izanez gero, errefusatzeko.

7.– Espedientatuak elkargoko kide bat izenda dezake aldeztu dezan. Horrako eskubide hori berariaz jakinaraziko zaio eta jakinarazten zaion egunetik kontatzen hasita bost egun baliodun izango ditu Gobernu Batzordeari jakinarazteko nork aldeztuko duen. Jakinarazpen horrekin batera aldeztuko duena lan horretarako gertu dagoela egiaztatzen duen agiria ere bidali beharko zaio batzordeari. Aldeztearen ardura duenak instrukzio epaileak bideratutako izapide guztietan parte hartu ahal izango du, baita aldeztuaren izenean beste eginbide batzuk proposatu ere. Halaber, espedientatua, nahi izanez gero, legelari bat lagun duela bertaratu ahal izango da.

8.– Instrukzioko epailearen lanak izango dira: beharrezko irizten dituen aurrekariak jakinaraztea, gertakariak argitzen lagundu dezaketen frogak eta egintzak egiteko agintzea eta zehatzea merezi duten erantzukizunak zehaztea.

9.– Ustezko errudunaren adierazpenez gain, instrukzioko epaileak karguak jasotzen dituen plegua helaraziko dio. Plegu horretan, besteak beste, nor ageri den aurka adieraziko zaio eta baita ere jakinarazpen hori jasotzen duenetik kontatzen hasita zortzi egun dituela, luza ezin daitezkeenak, erantzun dezan eta nahi dituen frogak aurkez ditzan. Karguak jasotzen dituen pleguari erantzundakoan edo zortzi egun horiek igazitakoan, instrukzioko epaileak proposatutako frogak onetsi edo ezetsi egingo ditu. Onetsiz gero, bideratu egingo ditu. Beste hainbeste egingo du gertakariak hobeto ezagutzen lagunduko duen beste edozeinekin ere.

10.– Jardunak bukatutakoan, instrukzioko epaileak espedienteari hasiera eman zitzaionetik kontatzen hasita sei hilabete izango ditu gehienez ebazpen proposamena egiteko. Proposamen horren hitzez hitzeko aldakia igorri beharko dio espedientatuari eta azken horrek zortzi egun izango ditu, jakinarazten zaionetik kontatzen hasita, espedientea aztertu eta, nahi izanez gero, alegazioak aurkezteko.

11.– Espedientatuak aurkeztutako alegazio idazkia jaso edo alegatzeko epe hori betatu bezain laster, Elkargoko Gobernu Batzordeari emango zaio jardun guztien berri eta batzorde horrek, elkargoko lege aholkulariari eta Deontologia Batzordeari entzun eta gero, egiten duen lehen bilkuran, emango dio ebatzia auziari. Ebatzitakoan, ebazpenaren berri emango dio interesatuari hitzez hitz.

12.– Gobernu Batzordeak espedientea itzuli ahal izango dio instrukzioko epaileari isildu diren eta erabakitzeko nahitaezkoak diren izapideak bidera ditzan. Horrelakoetan, instrukzioko epaileak Gobernu Batzordeak proposatutako probak egingo ditu, inputatuari jakinaraziko dizkio eta lehengo edo beste zigor bat jartzea proposatuko du. Horretarako guztirako hogei egun izango ditu. Proposamen hori espedientatuari jakinaraziko zaio lau eguneko epean nahi dituen alegazioak aurkez ditzan. Horiek guztiak egindakoan, epaileak jardun guztiak Gobernu Batzordeari igorriko dizkio.

13.– Zehapen espedienteari bukaera ematen dion ebatziak erabaki horren zergatia adieraziko du eta ez da onartuko kargu zerrendakoekin eta ebazpen proposamenarekin bat ez datorren, ez gertakaririk, ez zuzenbideko oinarririk, nahiz eta beste balorazio bat izan ahal duten.

14.– Espedienteari amaiera ematen dion ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango du interesdunak Sendagileen Elkargoko Euskal Kontseiluari. Errekurtso hori jartzeko hilabete izango du eta Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialean aurkeztu beharko du. Azken horrek hurrengo hamabost egunetan bideratutako espedientearekin eta hari buruzko txostenarekin batera igorriko du.

15.– Sendagileen Elkargoko Euskal Kontseiluak emandako ebazpenaren aurka administrazioarekiko auzietako jurisdikzioan jarri ahal izango du interesdunak errekurtsoa.

90. artikulua.– Administrazioarekiko auzien zehapen jurisdikzioarekin diren loturak.

1.– Zehapen prozedura bideratutakoan, Elkargoko Gobernu Batzordeak gertaera berak direla-eta prozesu penalen bat abian dela badaki, prozesu horren ardura duen organoari hartutako erabakien berri eman diezaiola eskatuko dio.

2.– Organoak hartutako erabakien berri jakindakoan, litekeen diziplina hutsa eta dagokion zehapena pertsona, gertakari eta oinarri berei badagozkie, Gobernu Batzordeak bertan behera utziko du prozedura epaitegiaren epaia jakin arte.

3.– Elkargoan prozedurari hasiera eman ez bazaio eta, prozesu penala ebazten den bitartean kargugabetzea xedatzeko, aurretiazko eginbideak instruitzen baino ari ez badira, prozedurari hasiera ematea erabaki beharko da.

4.– Epai irmoa, aitortutako gertaerak egiaztatutzat ematen dituena, loteslea izango da elkargoarentzat zehapen prozedurei dagokienetan.

XI. TITULUA
SARIAK

91. artikulua.– Eskumenak.

Gobernu Batzordeak edo elkargoko kideen ehuneko bostek eskatuta Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialak zenbait eratako sariak eman ahal izango ditu, baldin eta estatutu hauetako 94. artikuluan xedatutakoaren ildotik elkargoan edo lanbidean kideek horretarako merezimendurik egin badute. Sari horiek aldez aurretik jakinarazi beharko ditu elkargoak.

92. artikulua.– Arau orokorrak.

1.– Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialak bere kideei ondoko sariak eman ahal izango die:

a) Elkargoko Urrezko Domina.

b) Elkargoko Zilarrezko Domina.

c) Urrezko Intsignia. Elkargoan 40 urte (alde batera edo aldizka) edo gehiago daramatzaten kideei.

d) Zilarrezko Intsignia. Elkargoan 25 urte (alde batera edo aldizka) edo gehiago daramatzaten kideei.

2.– Sari horiek emateko eskumena ondoko organoek izango dute:

a) Elkargoko Urrezko Domina: Elkargoko Kideen Batzarrak.

b) Elkargoko Zilarrezko Domina: Gobernu Batzordeko Osoko Bilkurak.

c) Urrezko eta Zilarrezko Intsigniak: artikulu honetako c) eta d) idatz-zatietan xedatutakoa betetzen dutenek beste barik jasoko dituzte.

Halaber, Gobernu Batzordeak eskatuta Elkargoak sari horiek, sendagile izan edo ez, beste edozein pertsona fisiko zein juridikori eman ahal izango dio, baldin eta horretarako eskatzen diren merezimenduak betetzen badituzte.

3.– Sari horiek emateko saritu nahi diren pertsonen lana baloratuko da, edozein dela ere sendagileen edo medikuntzaren alde edo babesean egindako lana. Dena den, batez ere, ondoko merezimenduak hartuko dira aintzat:

a) Medikuntza munduan eredu bihurtu duen lana.

b) Sendagileen interes gorenak edo etika profesionalaren alde egindako lana.

c) Bakarka egindako sendagile lanak, baldin eta zientziaren, sendagile lanaren, gizartearen edo gizakiaren ikuspegitik entzute aipagarria izan badute.

4.– Elkargoko Kide Ohoretsu titulua oraindik jaso ez dutenen artean zaharrena den kideari emango zaio.

5.– Elkargoko Ohorezko Kide Titulua, izenak berak dionez ohorezkoa baino ez da izango eta hirurogeita hamar urte bete dituzten sendagileek edo hirurogeita bost beteta izan eta erretiratuta daudenek eta elkargoari egoera horren berri eman diotenek jasoko dute.

93. artikulua.– Sarien berri jasotzen duen errolda.

Emandako sari bakoitza horretarako beren-beregi atondutako liburu batean jasoko da. Liburu horrek saria eta horren ondoan sarituaren izen-abizenak eta, elkargoko kideak badira, elkargoan izena eman zuteneko eguna jasoko dira.

XII. TITULUA
ELKARGOKO KIDEEN
AHALMENAK

94. artikulua.– Kargudunen izaera.

GiSEO, erkidegoko eta estatuko legeak onartutako zuzenbide publikoko erakunde den aldetik, hautatutako kargudunen betebeharrak elkargoaren betebehar izango dira, lanbideari eta elkargoari dagozkienetan.

95. artikulua.– Ahalmenak.

Elkargoko kargu bat betetzeko hautatua izan den kideak bere agintaldiak dirauen bitartean kargu horri dagozkionak aske bete ahal izango ditu. Hona hemen karguei atxikitako ahalmenak:

a) Elkargoan duen ardurari dagozkionetan, iritziak askatasun osoz adierazteko ahalmena.

b) Bere ardura pean jarritako elkargoko eskubide eta interesak babesteko egin behar diren beharrezko egintza guztiak sustatzea.

c) Elkargoko gainerako gobernu organoetako kideekin biltzea, elkargoko estatutuen arabera elkargoko gaiei buruz eztabaidatzeko eta erabakitzeko eta haiek kudeatzeko.

d) Bere jardunari dagozkion ahalmenak askatasunez egikaritzearen aurkako usurpatze eta gehiegikerien kontra babestua izatea.

e) Karguari dagozkionetan, eskumena duten gainerako elkargoko organoetatik argibide, aholku eta laguntza egokia jasotzea.

f) Unean-unean aplikagarri diren xedapenekin bat, jardun profesionala eteteko beharrezko erraztasunak izatea, baldin eta elkargoan duen ardurak hala izan dadila eskatzen badu.

XIII. TITULUA
PROFESIONALEN ELKARGO ETA TALDEAK

96. artikulua.–

1.– Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialak onartu egiten ditu bere jurisdikzioan legez antolatutako elkargo eta taldeak. Elkargo eta talde horiek bertan borondatez izena eman duten sendagileen interesak babesteko sortu badira.

2.– Profesionalen elkargo eta taldeetako batzordeetako ordezkariak, aldez aurretik jakinarazten badute, Gobernu Batzordeetara joan ahal izango dira beren eskumeneko gaiak azaltzeko.

3.– Halaber, Elkargoko Gobernu Batzordeak, egoki irizten badio, aipatutako ordezkariok batzordearen bilkuretara bertaratu daitezela eska dezake.

XIV. TITULUA
ESTATUTUAK ALDATZEKO BIDEAK

97. artikulua.– Estatutuak aldatzeko ekimena.

Ondokoek eskatu ahal izango dute estatutuak aldatzeko:

1.– Gobernu Batzordeak.

2.– Elkargoko kideen %20k.

98. artikulua.– Jardunbidea.

1.– Nola Gobernu Batzordeak hala elkargoko kideen %20k eskatu, aldatu edo ordezkatu nahi diren artikuluak adieraziko dira, baita artikulu horien idazkera berria edo lehengoei gehitu nahi zaien zatia ere.

2.– Idazkera edo testu berria elkargoko kideei bidali zaie egoki irizten dituzten alegazioak egin ditzaten.

3.– Gobernu Batzordeak aurkezten diren alegazioak sailkatu, aztertu, onartu edo baztertuko dituen batzorde bat izendatuko du. Horiek horrela gero Elkargoko Kideen Batzarrari aurkezteko.

4.– Batzordeak jaso dituen alegazioen berri emango dio Elkargoko Kideen Batzarrari eta zergatik onartu edo baztertu diren adierazi beharko du. Elkargoko Kideen Batzarrak alegazioak bozkatuko ditu eta onartutakoak estatutuen testuari erantsiko zaizkio.

5.– Estatutuak aldatu diren berri eman beharko zaio administrazioko organo eskudunari.

XV. TITULUA
ELKARGOA DESEGITEA

99. artikulua.–

1.– Lege baten bidez desegingo dira elkargoak.

2.– Profesionalen elkargoak lege bidez desegindakoan, Gobernu Batzordea Batzorde Kitatzaile bihurtuko da edo elkargoko kideetako zazpi izendatuko ditu lan hori bete dezaten, hau da, zorrak kita eta hartzekoak kobra ditzaten.

3.– Kitatu beharrekoak kitatu ostean gerakinik balitz, gerakin hori ondokoen artean banatuko litzateke:

a.– Elkargoko kide zenduen seme-alaben artean, baldin eta seme-alabok ondokoren bat betetzen badute:

1) 21 urte baino gutxiago izatea.

2) 21 urte baino gehiago eta %70etik gorako ezintasunen bat izatea. Ezintasun hori arlo horretan eskumena duen organoak egiaztatu beharko du.

b.– 80 urtetik gorako elkargoko kideen artean, baldin eta kide horiek lanbide arteko gutxieneko soldataren halako hiru baino gutxiago irabazten badute.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialeko Batzordeari estatutuak aldatzeko ahalmena aitortzen zaio estatutuak Sendagileen Elkargoko Euskal Kontseiluaren estatutuetara edo azken horrek bere estatutuan egin dituen aldaketetara egokitzeko.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialeko Batzordeari estatutuak aldatzeko ahalmena aitortzen zaio estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoko, Estatuko edo Europako Batasuneko legeriara egokitzeko.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialeko Batzordeari estatutuak aldatzeko ahalmena aitortzen zaio estatutuak azaroaren 21eko 18/1997 Legeko bigarren xedapen iragankorrera egokitzeko. Horretarako lehenengo eta behin Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak behar den dekretua eman beharko du.


Azterketa dokumentala