
186. zk., 2001eko irailaren 25a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Agintariak eta Langileria
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
5256
EBAZPENA, 2001eko irailaren 3koa, Giza Baliabideak Antolatzeko zuzendariarena, Justizia Administrazioko agenteen kidegoan sartzeko hautaprobetarako deia egin duen 2001eko uztailaren 19ko Agindua argitaratzen duena.
Aginte Judizialaren Lege Organikoaren 455. artikuluan eta Ofizial, Laguntzaile eta Agenteen Kidegoetako Erregelamendu Organikoaren 20.2 artikuluan xedatzen denez, hautatzeko prozesuetarako deialdiak Justizia Ministerioak onartuko ditu, autonomia erkidegoek txostena eman ondoren, eta Justizia Administrazioko langileen eskualdaketa jaso duten erkidegoetan gauzatuko dira.
Aipatutako Erregelamenduaren 20.3 artikuluak finkatzen duenez, halaber, deialdiaren arauak Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren egun berean argitaratuko dira autonomia erkidegoetako aldizkari ofizialetan. Nolanahi ere, egun berean argitaratzea ezinezkoa denean, deialdian jarritako epe-mugak eta epeak Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik hasiko direla ohartarazten du.
Hori dela eta, Justizia, Lan eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko uztailaren 27ko 303/1999 Dekretuaren 14 a) 1 artikuluak, Justizia Administrazioko langileen alorrean Giza Baliabideak Antolatzeko Zuzendaritzak dituen egitekoak finkatzerakoan, ematen dizkidan eskumenaz baliatuz, hau
EBATZI DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Justizia Administrazioko agenteen kidegoan sartzeko hautaprobetarako deia egin duen 2001eko uztailaren 19ko Agindua. Ebazpen honen I. eranskin gisa argitaratzen da agindu hori.
Vitoria-Gasteiz, 2001eko irailaren 3a.
Giza Baliabideak Antolatzeko zuzendaria,
JULIÁN ASURMENDI BARRIO.
2001EKO IRAILAREN 3KO
EBAZPENAREN I. ERANSKINA
2001EKO UZTAILAREN 19KO AGINDUA,
JUSTIZIA ADMINISTRAZIOKO AGENTEEN
KIDEGOAN SARTZEKO
HAUTAPROBETARAKO DEIA EGITEKO
Ministerio honek Justizia Administrazioko agenteen kidegoan sartzeko hautaprobak txanda irekian deitzea erabaki du, ondokoetan ezarritakoarekin bat: Aginte Judizialaren Lege Organikoaren 454. artikulua eta hurrengoak; ofizialen, laguntzaileen eta agenteen kidegoen Erregelamendu Organikoa onartzen duen otsailaren 16ko 249/1996 Errege Dekretua (martxoaren 1eko EAO); eta 1998ko lan eskaintza publikoa onartzen duen martxoaren 27ko 493/1998 Errege Dekretua. Horren aurretik, ordea, Funtzio Publikoari buruzko Zuzendaritza Nagusiak aldeko txostena eman du, eta, gainera, Justizia Administrazioko langileen alorreko eskumena duten autonomia erkidegoak jakinaren gainean jarri dira. Hauek dira, beraz,
Deialdiko oinarriak
1.– Arau orokorrak.
1.1.– Administrazioko agenteen kidegoan sartzeko hautaprobak deitzen dira, honako lurralde-banaketaren arabera:
LURRALDE EREMUA TXANDA IREKIA
Irekia Ezgaituen txanda
Andaluzia 78 3
Kanariak 56 2
Katalunia 111 3
Euskal Autonomia Erkidegoa 15 -
Nafarroa 12 -
Penintsulako gainerako eta Balearrak 194 6
1.2.– Otsailaren 9ko 119/2001 Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoarekin bat, deitutako lanpostu guztietatik 14 minusbaliotasun-maila %33koa edo altuagoa duten pertsonentzat gordeko dira, adierazitako lurralde-banaketaren arabera,, beti ere pertsona horiek hautaprobak gainditzen badituzte eta, bestetik, behar bezala egiaztatzen badute minusbaliotasun hori eta Justizia Administrazioko agenteen kidegoari dagozkion eginbeharrekiko bateragarritasuna.
1.3.– Minusbaliatuentzat gordetako kupoarekin betetzen ez diren plazak txanda irekiari erantsiko zaizkio, lurraldean lurraldekoak. Txanda irekian bete gabe gelditzen direnak ezin izango zaizkie beste lurralde batekoei erantsi.
1.4.– Hautaproba hauek egiteko, men egingo zaio otsailaren 16ko 249/1996 Errege Dekretuak onartzen duen ofizialen, laguntzaileen eta agenteen kidegoen Erregelamendu Organikoan ezarritakoari (martxoaren 1eko Estatuko Aldizkari Ofiziala), bai eta agindu honetan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoari ere (30/1992 Legea urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen).
Deialdi honek jasotzen ez dituen gainerako gorabeheretan Langileak Estatuko Administrazioaren zerbitzura sartzeko Erregelamendu Orokorrean xedatutakoa aplikatuko da. Araudi hori martxoaren 10eko 364/1995 Errege Dekretuaren bidez onartu zen (apirilaren 10eko Estatuko Aldizkari Ofiziala).
1.5.– Espainiako Konstituzioaren 9.2, 14. eta 23.2 artikuluetan eta Europako Batasunaren 1976ko otsailaren 9ko Zuzentarauan xedatutakoari jarraituz, Administrazio Publikoak berdin tratatuko ditu gizon-emakumeak, inolako bereizketarik gabe, enplegua lortzeko jardun-bidean, lanbide prestakuntzan eta lan-baldintzetan.
1.6.– Aginte Judizialaren Lege Organikoaren 315. eta 491. artikuluetan, ofizialen, laguntzaileen eta agenteen kidegoen Erregelamendu Organikoaren 19. eta 20. artikuluetan eta otsailaren 9ko 119/2001 Errege Dekretuko 11. artikuluan adierazitakoari jarraituz, 1.1. oinarrian aipatutako autonomia erkidegoetako Justizia auzitegi nagusietan dauden plaza betegabeentzako deialdia egiten da.
Hautagaiek lurralde bakar batean baino ez dute parte hartzerik izango; eta proba gaindituz gero, nahitaez lurralde horretan lortuko dute destinoa.
1.7.– Oinarri hauek aldi berean argitaratuko dira Estatuko Aldizkari Ofizialean eta plazak deitzen dituzten autonomia erkidegoetako aldizkari ofizialetan. Hori ezinezkoa bada, epe-mugak eta epeak agindua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera zenbatuko dira.
1.8.– Hautaproba hauen gaineko informazioa honako lekuetan eskuratuko da: Justiziako lurralde-gerentzietan, Justizia Ministerioan (Estatuko Justizia Idazkaritza, San Bernardo 21; telefonoa: 91/390 21 67), Justizia Ministerioaren web orrialdean (www.mju.es), Lan Publikoaren eskaintzak, Herri Administrazioen Ministerioko Administrazio-Informaziorako Zentroa (telefonoa: 91 586 14 00), eta lanpostuak deitzen dituzten autonomia erkidegoetako organo eskudunetan.
Autonomia Organoa Telefonoa
Erkidegoa
Andaluzia Subdirección General Recursos Humanos y Medios Materiales, 955 04 32 62
C/ Vermondo Resta, 2 edificio "Viapol" Portal B, 3 planta 41071 Sevilla. 955 04 32 58
Kanariak Director General de Relaciones con la Administración, de Justicia. 928 30 07 56
C/ Buenos Aires, 26. 35002 Kanaria Handiko Las Palmas.
Katalunia Departamento de Justicia. Pau Clarís, 81.08010 Bartzelona 93 316 41 23
93 316 41 24
Nafarroa Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza Saila Iratxeko Monasterioaaren 948 42 67 80
kalea, 22-etxabea, 31011 Iruña 948 42 6791
Euskal Autonomia Justizia Saila. Giza Baliabideak Antolatzeko Zuzendaritza. 945 01 91 32
Erkidegoa Donostia kalea, 1 zk., 01010 Vitoria-Gasteiz
2.– Oposizio-egileen betebeharrak.
Hautaprobetan parte hartzeko baimena jasotzeko, honako hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiarra izatea eta erretiratzeko adina ez izatea.
b) Eskola-ziurtagiria izatea edo ekainaren 14ko 1007/1991 Errege Dekretuaren 15.2. artikuluak aipatzen duen ziurtagiria, edota deialdia argitaratzen denean beraiek lortzeko moduan egotea.
c) Doluzko delituagatik kondenatua ez izana edo arrazoi berberagatik prozesupean edo errua egotzita ez egotea, baldin eta birgaikuntza lortu ez badu edo bertan behera uzteko autoa eman ez bada auzian.
d) Funtzio publikoetan aritzeko gaitasungabetuta ez egotea.
e) Estatuko Kidego batetik, autonomia erkidegoetatik edo toki administrazioetatik zigor prozedura baten bidez bananduta ez izana ez eta, zigor edo auzi bidez, funtzio publikoetan aritzeko indargabetu ez izana ere, behar bezala birgaituta egotea gertatzen bada salbu.
f) Postuan jardutea galarazten dion akats fisiko edo gaixotasunik ez izatea.
Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean bete beharko dira eskakizun horiek, eta karrerako funtzionario gisa karguaz jabetzen den arte eduki beharko dira. Titulazioari dagokionez, aldiz, oinarri honen b) idatz-zatian ezarritakoa bete beharko da.
3.– Azterketa-ordainketa eta eskaerak aurkeztea.
3.1.– Azterketa-eskubideak ordaintzea. Hautaprobetan parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da eskaera-idazkia eredu ofizialaren arabera betetzea eta aurkeztea. Kopia-papereko goiko eskumako angeluan, "750 eredua" jartzen du eta, goialdean, "Justizia Ministerioa, Justizia Administrazioaren hautaprobetan parte hartzeko eskaria eta azterketa-eskubideen tasaren kitapena". Hona hemen eskaera-idazkiak eskuragarri dituzten lekuak: Justizia auzitegi nagusiak, probintzia-auzitegiak, lurraldeko gerentziak, Herri Administrazioetako Ministerioaren Administrazio-Informaziorako Zentroa eta Justizia Ministerioa bera.
Eskaera-idazkia kopia-paperean egindako hiru kopiek osatzen dute: bat "entitate kolaboratzaileentzat", beste bat interesatuarentzat, eta bestea Administrazioarentzat.
Azterketa-eskubideak ordaintzeko, eskaera-idazkia (deialdiak ezarri bezala beteta) zerga-bilketan parte hartzen duten banketxetan, aurrezki-kutxetan edo kreditu-kooperatibetan aurkeztu beharko da. Eskaera-idazkian azterketa-eskubideak ordaindu izana ageri beharko da, edo diru-sarrera jaso duen entitate laguntzaileak emandako ziurtagiri mekanikoaren bidez, edo, bestela, zigilua, baimendutako sinadura eta sarrera egin den data ipiniz, datu horietarako propio lagatako tokian. Behin ordainketa egin eta gero, interesdunak entitate laguntzailetik bi ale hartuko ditu: bat berarentzat eta bestea Administrazioarentzat. Ale bietan ere ageriko da kreditu-entitateak ontzat eman duela egindako ordainketa.
Eskaera-idazkia eredu ofizialari atxiki gabe egiten bada, hautagaia prozesutik at geratuko da. Dena den, aurreikusitako epearen barruan zuzentzerik izango du, baldin eta gainerako eskakizunak betetzen baditu.
Atzerrian aurkeztutako eskaera-idazkiak Espainiako ordezkaritza diplomatikoetan edo kontsuletxeetan bideratu ahalko dira, haietatik deialdia egin duen organoari bidaliko baitizkiote. Horrela eginez gero, interesatuak eskaera-idazkiarekin batera azterketa-eskubideak ordaindu izana egiaztatzen duen jatorrizko agiria aurkeztu beharko du. Ordaindu beharreko diru-kopurua sartzeko: 0182 2581 30 0200000060 kontu zk., BBVA (San Bernardo, 18 de Madril), "Tesoro Público, Ministerio de Justicia, Cuenta restringida para la recaudación de tasas en el extranjero" izenekoa. Dirua BBVA-ko edozein bulegotan sar daiteke zuzenean edo bestela, beste banketxe batetik transferentzia eginez.
Azterketa-tasa 1.200 PTAkoa (7,22 eurokoa) izango da.
Eskaera-idazkiak aurkezteko ezarritako epean azterketa-tasa ordaindu ezean, hautagaia kanpo geratuko da.
Dena den, 3.2. oinarrian ezarritakoaren arabera entitate laguntzailean azterketa-tasa aurkeztu eta ordaindu izanak ez du ordeztuko, inola ere, azterketan parte hartzeko eskaera-idazkia deialdia egin duen organoan, garaiz eta behar bezala, aurkeztu beharra.
Abenduaren 30eko 50/1998 Legearen arabera, ez dute azterketa-tasarik ordaindu beharko:
a) %33ko minusbaliotasuna edo hortik gorakoa duten hautagaiek, eskari-idazkian berariaz adierazten badute legeen arabera zer minusbaliotasun-gradua duten onartua.
b) Deialdi hau argitaratu aurretik hilabete bat lehenago, gutxienez, lan-eskatzaile gisa agertzen direnek. Salbuespen honetaz baliatu ahal izateko nahitaezkoa izango da uko egin ez izana lan eskaintza egokiei, edo lanbidearen sustapeneko edo prestakuntzako edo eraberritzeko ekintzei. Beharrezkoa izango da, halaber, lanbidearteko gutxieneko soldatatik gorako errentarik ez izatea hilabetean.
Lan-eskatzaile izateari buruzko egiaztagiria lekuan lekuko Lanerako Zerbitzu Publikoaren bulegoan jasoko da, Legean ezarrita dauden baldintzak betez. Errenten egiaztapena, berriz, hautagaiak egingo du zinpeko adierazpen batez edo idatzizko hitza emanez.
3.2.– Eskabideak aurkeztea. Eskaera-idazkiak (eskaera-idazkiaren administrazioarentzako alea) Justizia Ministerioren Erregistro Nagusian aurkeztuko dira (Estatuko Justizia Idazkaritza, La Manzana, 2, 28015 Madril), edo bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4. artikuluan ezarritako moduan (lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen). Hogei egun naturaleko epea emango da, ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatuta. Eskaera-idazkian azterketa-tasa ordaindu dela adierazi beharko da, 3.1. oinarrian ezarri bezala.
Eskabideak posta bulegoen bidez bidaltzen badira, kartazala zabalik dagoela aurkeztu beharko dira, posta-funtzionarioak eguna eta zigilua jar diezazkien ziurtatu baino lehen.
3.2.1.– Eskabidea egiterakoan eskatzaileek ondoko jarraibideak konplitu beharko dituzte:
– "Kidegoa" laukian hautagaiek "Agenteen kidegoa" eta kodearen laukian "030" jarri beharko dute, eta, sartzeko moduari dagokionez, txanda irekiari dagokion laukian, "X".
– "Azterketa egiteko probintzia" laukian oposizioko ariketak zer probintziatan egin nahi dituzten jaso beharko dute, eta honek berekin izango ditu agindu honen 1.6 oinarrian aurreikusitako ondorioak. Hautagaiek eskabide bat bakarrik aurkeztu ahal izango dute.
Kokaturik daudeneko lurraldearekin batera ondoren zehazten diren herrietan egingo dira azterketak:
Lurralde eremua Azterketa egiteko herria
Andaluzia Granada (18)
Malaga (29)
Sevilla (41)
Kanariak Kanaria Handiko Las Palmas (35)
Santa Cruz Tenerifekoa (38)
Katalunia Bartzelona (08)
Nafarroa Iruña (31)
Euskal Autonomia Erkidegoa Vitoria-Gasteiz (01)
Lurralde eremua Azterketa egiteko herria
Penintsulako Gainerakoa eta Balearrak. A Coruña (15)
Lurralde eremua Azterketa egiteko herria
Penintsulako Gainerakoa eta Balearrak. Albacete (02)
Burgos (09)
Cáceres (10)
Ceuta (51)
Logroño (26)
Madril (28)
Melilla (52)
Murtzia (30)
Oviedo (33)
Palma Mallorkakoa (07)
Santander (39)
Valentzia (46)
Valladolid (47)
Zaragoza (50)
Edozelan ere, azterketa egin nahi den lekuari buruzko zehaztasunik adierazten ez bada eskabidean, bere helbideari dagokion Auzitegi Nagusia dagoenean sartuko da ofizioz, beraz, deialdi honen 1.6 oinarriari jarraiki delako auzitegiko lurraldeari atxikita geratuko da.
3.2.2.– Legez minusbaliatuak diren hautagaiek ondoko hau adierazi beharko dute "Deialdiaren oinarrien arabera, bete beharreko datuak" izeneko laukian:
– %33ko minusbaliotasuna edo hortik gorakoa dutenek, minusbaliatuentzako erreserbako kupoan sartzea aukeratzen badute, "Minusbaliatuentzako kupoa" dioen laukian adierazi beharko dute hori, eta A) laukian, ariketak egiteko beharrezko denbora eta baliabideen egokitzapenak ere adierazi beharko dituzte. Izan ere, horrela epaimahaiak behar besteko informazioa izango du ariketak egin ahal izateko beharreko egokitzapenak egiteko.
Ezin izango da aldi berean parte hartu txanda irekian eta minusbaliatuentzako erreserbako txandan.
%33tik beherako minusbaliotasuna duten hautagaiek eta %33ko minusbaliotasuna edo hortik gorakoa izanda ere minusbaliatuentzako erreserbako kupoan ez sartzea aukeratu dutenek, "Minusbaliotasuna" laukian adierazi beharko dute hori eta B) laukian, ariketak egiteko denbora eta baliabideen egokitzapena adierazi beharko dituzte.
3.2.3.– Hautagaiek aukerako proba egin nahi badute, hau da, parte hartzen duten autonomia erkidegoko hizkuntza ofizialaren ezagutza mailari dagokion proba egin nahi badute edota horren egiaztagiriak balora dakizkien nahi badute, "Deialdiaren oinarrien arabera bete beharreko datuak" izeneko epigrafearen C) laukian parte hartzen duten autonomia erkidegoko "hizkuntza ofizialari buruzko proba egingo du" esaldiarekin adierazi beharko dute hori eta "egingo du" laukian "X" ipiniko du. Aitzitik, hizkuntza jakitea agiri bidez egiaztatzea aukeratze badu, parte hartzeko eskabidearekin batera, hizkuntza jakiteari buruzko egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, 8.4. oinarrian jartzen duen moduan. Azken kasu horretan, hizkuntza-maila jakiteko hautazko proba ez du egin beharrik izango, eta "hizkuntza ofiziala egiaztatzen du" laukian adierazi beharko du.
3.2.4.– Hautagaiak eskabideetan adierazi dituzten datuei loturik geratuko dira, eta kasu honetan bakarrik aldatu ahal izango dira: eskabideak aurkezteko epearen barruan, aldaketak egiteko arrazoiak azaltzen dituen idazki bat aurkezten bada.
4.– Hautagaiak onartzea.
4.1.– Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, eskaturiko betebeharren konplimendua eta azterketaren ordainketa egiaztaturik, Estatuko Justizia Idazkaritzak kanporatutako hautagaien behin-behineko zerrenda duen ebazpena hartuko du, berrogei egun naturaleko epean. Estatuko Aldizkari Ofizialean eta lanpostuak deitu dituzten autonomia erkidegoetako aldizkari ofizialetan argitaratuko da ebazpena. Ebazpen horretan, halaber, kanporatzeko arrazoiak adieraziko dira, bai eta kanporatutako eta onartutakoen zerrenda ziurtatuak ere. Hona hemen zerrendak ikusgai egongo diren lekuak: Justizia Ministerioa, herri administrazioen administrazio-informaziorako zentroak, Justizia auzitegi nagusiak, probintzia auzitegiak, lanpostuetarako deia egin duten autonomia erkidegoen eskudun organoak eta Justizia Ministerioaren lurralde gerentziak.
Zerrendan, edozelan ere, erregistro-zenbakia, NAN, izen-abizenak eta kanporatzeko arrazoiak adieraziko dira.
4.2.– Hautagaiek kanporatutakoen zerrendan ez daudela ezezik, izenak eta datuak ondo jarrita onartutakoen zerrendan badaudela ere egiaztatu beharko dute. Kanporatutako hautagaiek hamabost egun naturaleko epea izango dute, ebazpena argitaratzen den egunaren biharamunean hasita, deialdia egin duen organoaren aurrean ondoko hauek zuzentzeko: errakuntza materialak, omisioak edo kanporatzea ekarri duen akatsa. Horien arabera, onartutakoen zerrendan behar diren zuzenketak egingo dira. Onartuak izateko eskubidea justifikatzeko, kanporaketa konpontzen ez dutenak edo omisioa alegatzen ez dutenak kanpoan utziko dira behin betiko.
Justizia Ministerioak, ofizioz edo interesatuek eskatuta, zuzendu egingo ditu atzematen diren errakuntzak, baldin eta horrek hautaketa-prozesu normalari ez badio kalterik egiten.
4.3.– Tasa eta prezio publikoei buruzko apirilaren 13ko 8/1989 Legeko 12. artikuluan ezarritakoa betez, azterketa-eskubideak izateko ordaindutako tasa itzuliko da, baldin eta hautagaiak ez badu azterketa egin berari egotzi ezin zaizkion arrazoiak direla medio. Aitzitik, hautagaiak beren erruagatik kanporatu direnean, ez zaie azterketa-eskubideak itzuliko. Horrenbestez, kanporatzearen arrazoia baldintzak ez betetzea edo deialdian eskatutako agiriak ez aurkeztea izan bada, ez da azterketa-tasa itzuliko.
4.4.– Ebazpenak hautagairen bat behin betiko bazter uzten badu, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango du hil biko epean, edo bestela, berraztertze errekurtsoa Estatuko Justizia Idazkaritzari, hilabeteko epean. Ebazpena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera zenbatuko dira epeak.
5.– Epaimahaiak.
5.1.– Epaimahai Kalifikatzaile Nagusi bat izendatuko da deialdi honetan zehaztutako lurralde guztietarako.
Justizia Administrazioko pertsonalaren gainean eskumenak dituzten autonomia erkidegoen lurraldeetan lanpostuak betetzeko deialdirik egiten bada, Justizia Ministerioak epaimahai delegatu bat izendatuko du, autonomia erkidegoko organo proposatuta. Horretarako, aipaturiko organoek hirukote bat jakinaraziko dute proposaturiko bokal bakoitzeko. Autonomia Erkidegoko organo eskudunak izendatuko ditu autonomia erkidegoko funtzionarioen A, B edo C taldeko bokalak, hau da, aipaturiko epaimahai delegatuan Estatuaren Administrazio Zibileko funtzionarioak ordezkatuko dituztenak.
Epaimahairik ez dagoen egoitzetan azterketarik egiten bada, probak egiteko, Estatuko Justizia Idazkaritzak Estatuko Administrazio Zibileko, autonomia erkidegoetako edo Justizia Administrazioko funtzionarioak izenda ditzake. Funtzionario horiek epaimahai kalifikatzailearen edo epaimahai delegatuaren zuzendaritzapean probak garatzen lagunduko dute —horien ordezkari izango direnez—, eta hautaketa-proba bakoitzean egokitzen zaizkien ariketen antolamendu administratiboa egiteko eta ariketok exekutatzeko eskumena izango dute.
Epaimahai Kalifikatzaile Nagusiak, epaimahai delegatuekin batera eta epaimahaiak ez dauden tokietan azterketetarako egoitzetan unitate laguntzaileak daudela, hautaketa-prozesua burutuko du.
Epaimahai Kalifikatzaile Nagusiari dagokio: ariketa bakoitzean egin behar diren probak prestatzea, ariketok egiteko egutegia eta balorazio-irizpideak zehaztea, eta epaimahai delegatu edo izendaturiko unitate laguntzaileetan sor daitezkeen kontsultak eta desadostasunak ebaztea.
Ariketak zuzentzeko irizpideetan epaimahai kalifikatzaile nagusien eta epaimahai delegatuen artean desadostasunik izanez gero, epaimahai delegatuei entzun ondoren, epaimahai kalifikatzaile nagusien irizpideak balioko du.
Epaimahai delegatuek Epaimahai Kalifikatzaile Nagusitik datorkien ahala erabiliz jardungo dute beren lurraldean, haren menpe eta zuzendaritzapean, beti ere hautaketa-prozesuan zehar hautagaien artean aukera berdintasuna bermatzeko.
5.2.– Epaimahai Kalifikatzaile Nagusiak, titularrak eta ordezkoak ondoko osaketa hau izango dute: lehendakari bat, karrera judizial edo fiskaleko funtzionarioen artean izendatutakoa, eta sei bokal. Bokalok: Justizia Administrazioko Agenteen Kidegoko bi funtzionario, Estatuko Administrazio Zibileko A, B edo C taldeko bi funtzionario (Justizia Ministerioan destinatutakoak beharko dute) eta bi idazkari judizial. Bokaletako bat idazkari izango da.
Nahiz Epaimahai Kalifikatzaileko kideak, nahiz epaimahai delegatuak, zein aholkulariak eta kolaboratzaileak, halabeharrez, izendatuak izan diren epaimahaiek edo unitateek egoitza duten herrian izango dute helbidea, dagozkien epaimahaien eta laguntza-unitateen antolakuntza, eraginkortasuna eta ekonomia arrazoiak direla medio. Epaimahai delegatuek osaketa berdina izango dute, Estatuaren Administrazio Zibileko funtzionarioen ordez autonomia erkidegoetako funtzionarioak jarriaz. Horiek izendatzeko, autonomia erkidegoetako organo eskudunek Estatuko Justizia Idazkaritzari izendatu beharreko bokal bakoitzeko hirukote baten izenak jakinaraziko dizkio, salbu eta autonomia erkidegoko A, B eta C taldekoaren kasuan, bada, hauek autonomia erkidegoak zuzenean izendatuko ditu-eta. Bokaletariko batek idazkari gisa jardungo du.
Epaimahai Kalifikatzaile Nagusiko eta epaimahai delegatuetako ordezko kideek beren titularra ez dagoenean jardungo dute.
Epaimahai Kalifikatzaile Nagusiaren, epaimahai delegatuen, eta unitate laguntzaileen izendapenak Estatuko Justizia Idazkaritzaren ebazpen baten bidez jakinaraziko dira eta Estatuko Aldizkari Ofizialean eta lanpostuak deitzen dituzten autonomia erkidegoetako aldizkari ofizialetan argitaratuko. Epaimahai horiek martxoaren 4ko 236/1988 Errege Dekretuan aurreikusitako V. kategoria izango dute.
5.3.– Lehendakariek deialdia egin ondoren, Epaimahai Kalifikatzaile Nagusia eta epaimahai delegatuak eratuko dira. Horretarako, honakook egon beharko dute: presidenteak eta idazkariak, eta, gutxienez, kideen erdiak –titularrak zein ordezkoak-. Horietariko batek, ezinbestez, Justizia Administrazioko agentea izan beharko du. Eratze-saioa gehienez ere hogeita hamar eguneko epean egingo da, izendapena egin den egunetik aurrera.
Hautagaien kopurua jakinda, Epaimahai Kalifikatzaile Nagusiak Estatuko Justizia Idazkaritzari hautaketa prozesua burutzeko beharrezkoa den egutegia proposatuko dio, beti ere, lehenengo ariketaren behin betiko zerrenda argitaratzen denetik aurrera, gehienez ere, hiru hilabeteko epe barruan egin beharko dela kontuan izanik.
Jakinarazpenetarako eta bestelako gertakarietarako, Epaimahai Kalifikatzaile Nagusiak Justizia Ministerioan izango du egoitza: Estatuko Justizia Idazkaritza, San Bernardo kalea 21, 28015 Madril; telefonoa: 91 390 21 67. Epaimahai delegatuek, berriz, agindu honen 1.8 oinarrian zehazten diren helbideetan.
Epaimahaiek gutxienez pertsona bat izango dute egoitzetan–epaimahaikidea ala ez-, hautaproben inguruan sortzen diren gaiak atenditzeko.
5.4.– Estatuko Justizia Idazkaritzak Epaimahai Kalifikatzaile Nagusiari, eta horren bidez epaimahai delegatu eta laguntzaileei, hautaketa prozesua burutzeko beharrezkoak diren baliabide materialak eta giza baliabideak kontratatzeko diru kopurua emango die lurralde guztietan.
5.5.– Epaimahai Kalifikatzaile Nagusiaren bitartez epaimahai delegatu eta laguntzaileek azterketak zaintzeko eta materiala kontrolatzeko eta antolatzeko beharrezkoa izango den zaintzaile- kopurua proposatu ahal izango diote Estatuko Justizia Idazkaritzari. Unitate zaintzaile horiek ezin izango dute epaimahaikideen berariazko eginbeharrik bere gain hartu. Esandako proposamenak Estatuko Justizia Idazkaritzaren onespena jaso beharko du eta zaintzaile horiek Justizia Administrazioko, Justizia Ministerioan destinoa duten Estatuko Administrazio Zibileko edo kasuan kasuko autonomia erkidegoko funtzionarioak izan beharko dute.
5.6.– Epaimahai Kalifikatzaile Nagusiak eta epaimahai delegatuek erabakirik hartu ahal izateko beren kide guztien erdia gehi bat bildu beharko dira eta kide horietako batek, derrigorrez, Justizia Administrazioko agentea izan beharko du. Idazkariek egiten diren batzar guztietako bilkura-akta egingo dute. Akta hori hurrengo batzarrean irakurri eta egin beharreko zuzenketak jaso ondoren, idazkariak izenpetu eta lehendakariak ontzat emandakoan onetsiko da. Bilkura-aktetan batzarraren eguna, ordua eta helburua jasoko dira eta horrekin batera, bildutako kideek egiten dituzten boto partikularrak. Ariketei buruzko batzarretako aktetan, proben edo gaien enuntziatua edo edukia idatziko dira eta baita gorabeherak ere.
Hautaprobako dokumentazio osoa artxibatu eta zaindu egingo da epaimahaiaren edo laguntza-unitateen egoitzan; bertan idazkariek edo gerenteek zainduko dute dokumentazioa. Dokumentazioa ezin izango da erabili egoitza horietatik kanpo, ezta hautaprobaren prozesuaren helburuez bestetarako ere. Behin hautaprobak amaituta, idazkariak edo gerenteak espedientea osatzen duen dokumentazio guztia Justizia Administrazioarekiko Harremanen Zuzendaritza Nagusiari bidaliko diote, artxiba eta zain dezaten.
5.7.– Epaimahaikideek eta unitate laguntzaileek ondoren aipatuko diren arrazoiren batengatik ezin badute parte hartu, idatziz adierazi beharko diote Estatuko Justizia Idazkaritzari: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 28. artikuluan aurreikusten diren egoeraren batean egotea edo deialdia argitaratu aurreko bost urteetan Justizia Administrazioko ofizialen, administrari laguntzaileen edo agenteen kidegoetan sartzeko hautaprobetarako hautagaien prestakuntzan jardun izana.
Epaimahai Kalifikatzaile Nagusiaren eta epaimahai delegatu bakoitzaren lehendakariek epaimahaikide eta laguntzaile guztiei, aurretik aipatutakoaren arabera, idatzizko aitorpena eskatuko diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 28. artikuluan aurreikusten diren egoeretan ez daudela eta prestakuntza jardueretan ez direla aritu adieraz dezaten aritu izanaren aitorpen idatzia eskatuko diete.
5.8.– Era berean, hautagaiek ere aurreko idatz-zatian esandako arrazoiengatik epaimahaikide eta laguntzaileak ezetsi ahal izango dituzte.
5.9.– Uko egitea edo parte hartu ezina aurkezteko epea izendapena argitaratzen den egunetik hasi eta hamar egun naturalekoa izango da. Izendapena Estatuko Aldizkari Ofizialean eta autonomia erkidegoetako aldizkarietan egun berean argitaratzen ez bada, epearen hasiera eguna Estatuko Aldizkari Ofizialekoa izango da.
5.10.– Estatuko Justizia Idazkaritzak, hautaketa prozesua hasi aurretik, Estatuko Aldizkari Ofizialean eta plazak deitzen dituzten autonomia erkidegoetako aldizkarietan argitaratuko du aurrez aipatutako arrazoiak direla-eta epaimahaikide eta laguntzaile izaera galtzeagatik horien ordez jardungo duten kide berrien izendapenaren ebazpena.
5.11.– Epaimahaikide eta unitate laguntzaileek beharrezko neurriak hartuko dituzte, azterketak edo ariketak egiterakoan minusbaliotasunak dituzten hautagaiek besteen antzeko egoera izan dezaten.
Eskatutako egokitzapenak egin ahal izateko, hautagaien artean onartutako eta baztertutakoen behin betiko zerrendak argitaratzen diren bezain azkar, minusbaliotasunak dituzten hautagaiek probak egokitzeko beharrezko neurriak jakinaraziko dizkiote epaimahaiari. Neurri horiek aipatu behar ziren eskarietan, 3.2.2. oinarrian ezarri bezala.
Horretarako, Epaimahaiak txostena, edo dagokionean lankidetza, eskatu ahal izango die ondorengoei: Lan eta Osasun Administrazioko organo teknikoei, Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioan eskumenak dituzten organoei edo autonomia erkidegoetan eskumenak dituztenei.
Azterketak egiterakoan minusbaliatuentzat gordetako kupo barruko hautagairen baten gaitasuna (Justizia Administrazioko agenteen kidegoko funtzionarioek burutzen dituzten lanak egiteko, hain zuzen ere) zalantzan jartzen bada, Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioan eskumenak dituzten organoen, edo hala badagokio, autonomia erkidegoetan eskumenak dituztenen irizpena eskatu ahal izango du Epaimahaiak.
5.12.– Epaimahai Kalifikatzaile Nagusiak eta epaimahai delegatuek ezingo dute, inola ere, lurralde bakoitzean deitu diren plaza kopurua baino hautagai gehiago gainditu edo hautaprobak gainditu dituztela adierazi. Ezarritakoaren aurka doan gaindituen edozein proposamen erabat deuseza izango da.
5.13.– Koordinazioa beharrezkoa denez, epaimahai delegatuek epaimahai kalifikatzaile nagusien menpe jardungo dute, eta horrek ebatziko ditu deialdiaren arauen inguruan sor daitezkeen galderak eta ezadostasunak. Halaber, epaimahai delegatuek derrigorrez bete beharko dituzten jardute-arauak emango ditu.
Hautagai guztien berdintasuna bermatzeko, Epaimahai Kalifikatzaile Nagusiari dagokio ariketen edukia lantzea batetik, eta bestetik, zuzentzerakoan erabili beharreko irizpideak erabakitzea, baita zuzenketa informatizatua denean ere, 5.1 oinarrian ezarritakoarekin bat.
Epaimahai Kalifikatzaile Nagusiak eta epaimahai delegatuek laguntzaile eta zaintzaileei azterketak egiteko ematen den denbora errespetatzea eskatuko diete, guztientzako ezarritako denbora baino gehiago ematea debekatua baitago.
5.14.– Epaimahai kalifikatzaile nagusiek eta epaimahai delegatuek botoen gehiengoz hartuko dituzte erabakiak, eta berdinketa gertatuz gero, lehendakariaren botoak ebatziko du.
5.15.– Oposizio-egileek azterketan lortutako puntuazioari buruzko informazioa eskatuz gero, Epaimahai Kalifikatzaile Nagusiak eta epaimahai delegatuek informazio hori bideratzeko beharrezko diren neurriak hartuko dituzte.
Epaimahai Kalifikatzaile Nagusiak zuzenean eta epaimahai delegatuen bitartez testaren erantzun zuzenen plantila argitaratuko du, bai eta oposizioko ariketetatik kanporatua ez izateko behar den gutxieneko puntuazioa zehazten duen erabakia ere.
Epaimahaietako eta tokian tokiko unitate laguntzaileetako kideek zuhurtasunez jokatuko dute eta isilpean mantenduko bileretan landutako guztia; hau da, epaimahaietako eta tokian tokiko unitate laguntzaileetako kideak diren aldetik jasotzen duten informazioa ezin izango dute erabili izendatuak izan diren prozesutik kanpo.
5.16.– Epaimahai Kalifikatzaile Nagusiak eta epaimahai delegatuek behar diren neurriak hartuko dituzte oposizioko azterketak norenak diren jakin gabe zuzentzea bermatzeko. Hori dela eta, azterketetan izenak, arrastoak, seinaleak edo zeinuak dituzten hautagaiak baztertu egingo dira.
6.– Hautaketa prozesua.
6.1.– Prozesu hau ofizialena baino lehenago hasiko da, epaimahaien eta hautagaien kidegoaren antolakuntza administratiboaren arrazoiak direla kausa. Lehen ariketa ofizialen txanda irekikoa baino astebete lehenago egingo da.
6.2.– Hautagaien jardunaldia "Ñ" letradun lehenengotik hasiko da alfabetoaren hurrenkera jarraituz, Administrazio Publikorako Estatuko Justizia Idazkaritzaren 2001eko martxoaren 12ko Ebazpenean ezarritakoarekin bat etorriz.
Ñ letrarekin hasten den abizenik duen inor ez bada, lehen abizena O letrakin hasten diren abizenak dituzten hautagaiekin hasiko da hurrenkera, eta horrela, hurrenez hurren.
6.3.– Hautaketa-prozesua onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren hasiko da. Iraupena gehienez zortzi hilabetekoa izango da, Estatuko Justizia Idazkaritzak kasuan kasuko epaimahaiaren iritzia entzun ondoren, aurkakoa justifikatzeko arrazoi objektiboren bat ematen ez badu, behintzat.
6.4.– Galarazita dago azterketetara telefono mugikor eta telefonia mugikorreko beste edozein tresna eramatea. Epaimahaiak, laguntzaileek edo zaintzaileek hautagaiei edozein unetan deitu ahal izango diete tresna horien erabilera eta nortasuna kreditatzea eskatzeko.
6.5.– Azterketak egiten ari direla epaimahaiak jakingo balu hautagairen batek deialdian eskatutako baldintzak ez dituela betetzen, hautagai horrekin hitz egin ondoren, azterketatik baztertzeko proposatuko luke. Espedientean hautagaiak onartua izateko eskaeran egindako akatsak edo adierazitako gezurrak bildu, eta Estatuko Justizia Idazkaritzari bidaliko lioke, behar diren ondorioetarako.
Baztertzeko behin betiko ebazpenaren kontra hautagaiak berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezake Estatuko Idazkaritzan, hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzietako Epaitegi Zentralean, hil biko epean. Ebazpena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera zenbatuko da epea (1.7 oinarria).
6.6.– Oposizioaren ariketak egun eta ordu berean izango dira azterketetarako egoitza guztietan; lehen ariketa egingo den eguna Estatuko Aldizkari Ofizialean iragarriko da.
6.7.– Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra egingo da eta ariketa egitera joaten ez diren hautagaiek eskubide hori galdu egingo dute, baldin eta hurrengo hogeita lau orduko epean ez joatearen arrazoia behar bezala frogatzen ez badute, eta beti ere, arrazoia azterketa ekitaldi aurretik jazo bada. Aintzakotzat hartzea, bestalde, Epaimahai Kalifikatzailearen esku geratuko da. Epaimahaiak azterketa egin ahal izan ez dutenen arrazoiak onartuko balitu, beste deialdi bat egingo lieke Epaimahaiak berak jarriko duen egunerako. Alegatutako arrazoia gaixotasuna bada, Epaimahaiak mediku kolegiatu baten ziurtagiri medikoa eska dezake eta, beharrezkoa iruditzen baldin bazaio, informazio gehiago ere bildu dezake. Hautagai hauei Epaimahaiak egingo dien deialdia 6.8. oinarrian aurreikusitako eran egingo da.
6.8.– Oposizioa hasi ondoren, Epaimahai Kalifikatzaile Nagusiaren eta epaimahai delegatuen iragarkiak eta deialdiak 1.8. oinarrian aipatutako zentroetan jarriko dira, eta zabalkunde gehiago izan dezan komeni bada, bestela ere jakinaraziko da, ariketa hasi baino hamabi ordu lehenago ariketa bera bada edo hogeita lau ordu aurretik beste ariketa bat baldin bada.
7.– Oposizioaren ariketak.
7.1.– Hautagaien hautaketa-prozesua oposizioa izango da eta agindu honen eranskin bezala argitaratuko den egitarauaren arabera garatuko diren ondorengo ariketek osatuko dute.
7.1.1.– Lehenengo ariketa. Proba bi izango dira:
Lehenengo proba.– Teorikoa, idatzizkoa eta baztertzailea: programako gaiei buruzko test erako galde-sorta bati erantzun beharko zaio (I. eranskina).
Bigarren proba.– Idatzizkoa: gaitasunari buruzko test psikotekniko bati erantzun beharko zaio; faktore hauek izango ditu: inteligentzia orokorra; agindu errazak ulertzea; antolaketa eta metodoa; atentzioa eta pertzepzio-gaitasuna.
7.1.2.– Bigarren ariketa. Praktikoa, idatzizkoa eta baztertzailea: agente bati dagokion dilijentzia judizial buruzko kasu praktiko bi egin beharko dira, Epaimahaiak proposatuta. 50 galderako galde-sorta bat egin beharko dute: galdera bakoitzak lau erantzun izango ditu, eta bakarra izango da zuzena.
7.1.3.– Hirugarren ariketa.– Aukerakoa da: oposizioan plaza lortuta, berezko hizkuntza ofiziala duen Autonomia erkidegoko lurraldean (1.1. oinarria) parte hartzen dutenek egin beharko dute, baldin eta parte hartzeko eskabidean horrela adierazi bazuten. Parte hartzeko eskabidearekin batera emandako kasuan kasuko autonomia erkidegoko hizkuntza ofizialaren egiaztagiria aurkeztean edo ezagutza-maila neurtuko duen proba bat egitean datza. Nolanahi ere, balorazioa deialdi honen 8.4 oinarrian ezarritako irizpideekin bat etorriz egingo da.
7.2.– Ariketa batetik hurrengora arteko tartea, gutxienez, hirurogeita hamabi ordukoa izango da, eta gehienez ere, berrogeita bost egun naturalekoa.
8.– Ariketen garapenari eta kalifikazioari buruzko arauak.
8.1.– Lehenengo ariketa.
– Lehenengo proba: egitarau teorikoaren gaiei buruzko testak ehun galdera izango ditu eta galdera bakoitzak lau erantzun, eta bakarra izango da zuzena. Proba hori egiteko 60 minutu emango dira.
0tik 100 puntura emango dira.
Lehenengo proban zuzen erantzundako galdera bakoitzeko puntu 1,00 emango da; oker erantzundako galdera bakoitzeko 0,33 puntu kenduko da eta erantzun gabeko galderak ez dira puntuatuko.
Proba hau baztertzaile denez, hautagaiek beharrezkoa izango dute proba bakoitzean Epaimahaiak jarritako gutxieneko puntuazioa lortzea; bestela, baztertu egingo dira.
Lurralde bakoitzean Epaimahai Kalifikatzaile Nagusiak ariketa honetarako izan beharreko gutxieneko puntuazio zein izango den ebatziko du, kontuan hartuta aurkeztu diren hautagaien kopurua, horien jakite–maila eta deitutako lanpostuen kopurua kontutan hartuta. Erabaki hori argitara emango du.
Hautagai bakoitzak lortutako puntuazioa zuzen erantzundako erantzun kopuruaren araberakoa izango da, oker erantzundakoak kendu ondoren, behar izanez gero.
Bigarren proba: gaitasunari buruzko test psikoteknikoak 50 galdera izango ditu, hainbat erantzunekin, eta bakarra izango da zuzena. Proba hori egiteko 30 minutu emango dira.
0tik 25 puntura emango dira, eta zuzen erantzundako bakoitzeko 0,50 puntu emango da.
8.1.1.– Lehenengo proba gaindituta, bigarren proban lortutakoa gehituko zaio hari. Bi proben batuketak emango du lehenengo ariketan lortutako nota.
8.1.2.– Ariketa honetako proba biak egiteko Epaimahaiaren iritziz beharrezkoa den tartea utziko da; dena den, hautagai guztiek egun berean egin beharko dituzte proba biak.
8.2.– Bigarren ariketa.– 0tik 100 puntura emango da, eta bi kasu praktikoetan puntuazioa lortzen ez duten oposizio-egileak kanporatu egingo dira. Lurralde bakoitzean ariketa hau gainditzeko gutxieneko puntuazioa 60 puntukoa izango da eta hori lortzen ez duten hautagaiak kanporatu egingo dira.
Zuzen erantzundako galdera bakoitzeko 2,00 puntu emango dira. Oker erantzundakoengatik 1,25 puntu kenduko dira eta erantzun gabekoengatik 0,75 puntu kenduko dira. Emaitza zenbaki negatiboa bada 0 puntu emango da.
Ariketa egiteko, hogeita hamar minutu emango dira gehienez ere.
8.3.– Hirugarren ariketa. Aukerakoa izango da: 1.1. oinarriaren arabera, berezko hizkuntza duten erkidegoetarako lehiatzen diren hautagaiek egin beharko dute. Gehienez ere, 6 puntu emango dira, hautagaiak erakutsitako ezagutza–mailaren eta agindu honen 7.4. oinarrian jarritako balorazio–irizpideen arabera.
Ezagupenen maila egiaztatzeko, horretarako propio jarritako proba bat egin ahalko da edo, bestela, aipatu hizkuntza badakiela egiaztatu beharko du oposizio-egileak; horretarako, parte hartzeko eskabidearekin batera, parte hartzen duen autonomia erkidegoak egindako egiaztagiria, homologazioarena eta aurkeztutako tituluari dagokion mailarena (8.4. oinarrian ezarri bezala), aurkeztu beharko du.
Autonomia erkidegoko hizkuntza ofizialari buruzko aukerako probaren puntuazioa autonomia erkidego horretan baino ez da aplikatuko. Puntuazio hori oposizioan lortutakoaz batera jarriko da, hautagaia lehiatzen den lurraldearen barruan onartutakoen zerrendan zenbakia jartzeko. Hori dela-eta, puntu hori eta derrigorrezko ariketa bietan jasotakoa bereizita jarri beharko dira, azpieskalafoian sartzeko 10.7. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
8.4.– Autonomia erkidegoko hizkuntza baloratzeko irizpideak. Autonomia erkidegoko hizkuntza baloratzeko, irizpide hauek erabiliko dira:
8.4.1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoetan euskararen erabilera normalizatzeko plangintza arautzen duen urriaren 17ko 224/1989 Dekretuan agindutakoaz bat etorriz:
1.– 2.– hizkuntza-eskakizuna: puntu bi.
2.– 3.– hizkuntza-eskakizuna: lau puntu.
3.– 4.– hizkuntza-eskakizuna: sei puntu.
Nafarroako Foru Komunitatearen abenduaren 15eko 18/1986 Legearen 5. artikuluan aipatzen den alderdi euskaldunean eta mistoan, aurreko idatz-zatian jarritako irizpide berak erabiliko dira.
8.4.2.– Kataluniako Autonomia Erkidegoa: Kataluniako Hizkuntzaren Normalizaziorako Batzordearen 1991ko ekainaren 19ko erabakiaz bat etorriz.
1.– B mailaren egiaztagiria: puntu bi.
2.– C mailaren egiaztagiria: lau puntu.
3.– D mailaren egiaztagiria: sei puntu.
Hizkuntza jakitearen kreditazioa Katalanaren Batzorde Iraunkorrak emandako egiaztagiria edo katalanaren hizkuntza-eremuko baliokidea aurkeztuz egingo da.
8.4.3.– Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean 1. eta 3. hizkuntza-eskakizunen egiaztagiri ofizialik ez dagoenez, alor horretako organo eskudunek horretarako propio jartzen duten azterketa bat gainditu beharko da, eta orduan emango da egiaztagiria.
Autonomia erkidegoetako hizkuntza ofizialen ezagutza-maila oinarri honen arabera egiaztatzeko, autonomia erkidegoek egindako egiaztagiria, homologazioarena eta aurkeztutako tituluari dagokion mailarena, aurkeztu beharko da; edo, bestela, ezagutza-mailari buruzko proba bat egin beharko da.
9– Onartutakoen zerrenda.
9.1.– Ariketa bakoitza amaitutakoan, epaimahaiek eta epaimahai delegatuek lurralde bakoitzean ariketa gainditu duten oposizio-egileen zerrendak argitaratuko dituzte Justizia auzitegi nagusietako iragarki-oholetan (Estatuko Justizia Idazkaritza, San Bernardo, 21; tel.: 91 390 21 67); plazak deitzen dituzten autonomia erkidegoetako organo eskudunetakoan; Herri Administrazioen Ministerioko Administrazio-Informaziorako Zentroan (tel.: 91 586 14 00); Justizia Ministerioko web-orrian (www.mju.es Ofertas de Empleo Público); Justiziako lurralde gerentzietakoan eta auzitegi nagusi eta probintzia auzitegietako iragarkien oholean. Zerrenda horietan azaltzen ez diren oposiziogileak "ez gai" izango dira eta hautaketa prozesutik kanpo geratuko. Lehenengo ariketa gainditu dutenen zerrendaren aurka hautagaiek alegazioak aurkeztu ahal izango dizkiote Epaimahai Kalifikatzaile Nagusiari, 15 egun naturaleko epean.
Epaimahaiek, lurralde bakoitzean lehenengo ariketa gainditu duten hautagaien zerrenda argitaratzen dutenean, bigarren ariketa egiteko deia egingo diete hautagaiei.
Epaimahaiek lurralde bakoitzean bigarren ariketa gainditu duten hautagaien zerrenda argitaratuko dute. Hautagaiek, bestalde, alegazioak aurkeztu ahalko dituzte 9.3 oinarrian aurreikusitako epe eta moduen bidez.
Lurraldeka, bigarren ariketa gainditu duten hautagaien zerrendan daudenei lehenengo ariketan lortutako nota gehituko die dagozkien epaimahaiek.
Lurraldeka ateratzen den zerrendatik, zeina guztirako puntuazio handienetik txikienera ordenatuko baita, lurralde bakoitzean oposizioa gainditu duten hauta-gaien zerrenda osatuko da, hain zuzen ere, honela: lekuan lekuko lurraldean deitutako lanpostu-kopurua eta guztirako puntuaziorik handiena duten hautagaien kopurua bera izan arte. Guztirako puntuaziorik handiena duten hautagaien kopuruak ezingo du gainditu, inola ere, lurralde bakoitzean deitutako plazen kopurua. Puntuazio berdina lortuz gero, honela ezarriko da ordena: lehenengo eta behin, bigarren ariketan lortutako puntuazioaren arabera, eta, bigarrenik, lehen ariketako lehenengo proban lortutako puntuazioaren arabera.
Zerrenda horretan dauden hautagaiak hizkuntza propioa duen autonomia erkidegoren batean lehiatzen badira eta eskabideetan hala eskatu badute, dei egingo zaie hirugarren ariketa, aukerakoa, egiteko.
9.2.– Oposizioko ariketa guztiak amaitu ostean, Epaimahai Kalifikatzaile Nagusiak Estatuko Aldizkari Ofizialean eta lanpostuak deitzen dituzten autonomia erkidegoetako aldizkari ofizialetan behin-behingoz argitaratuko du lurralde bakoitzean oposizioa gainditu duten hautagaien zerrenda, 9.1. oinarriko laugarren eta bosgarren paragrafoetan aurreikusitakoaren arabera. Zerrenda horretan hauek jasoko dira: lortutako zenbakia, NAN, ariketa bakoitzean lortutako puntuazioa eta guztirako puntuazioa. Puntuazio osoarekin batera, baina horretatik bereiztuta eta guztirako puntuazioari gehitu gabe, hala badagokio, honakoa ageriko da: hautagaiak parte hartzen duen lurraldeko hizkuntza ofizialean lortutako puntuazioa.
9.3.– Behin-behineko zerrenda argitaratzen duen erabakiaren aurka, edo bigarren ariketan onartutakoen zerrendaren aurka, interesatuek alegazioak aurkeztu ahalko dituzte dagokion epaimahaian, hamabost egun naturaleko epean, erabakia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.
9.4.– Alegazioak aztertu eta ebatzi ondoren, Epaimahai Kalifikatzaile Nagusiak lurralde bakoitzeko onartutakoen behin betiko proposamena igorriko dio Estatuko Justizia Idazkaritzari, onar dezan eta Estatuko Aldizkari Ofizialean eta plazak deitzen dituzten autonomia erkidegoetako aldizkari ofizialetan argitaratzeko. Proposamen hori, bestalde, derrigorrezko bi ariketetan lortutako puntuazioaren batuketaren arabera ordenaturik egongo da eta, hala badagokio, aukerako azterketan lortutako puntuazioa ere jasoko du.
Ezarritakoaren kontrakoa den proposamen oro erabat deuseza izango da.
9.5.– Oposizioko onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratzen duen ebazpenaren aurka, interesatuek agindu honen azken arauan ezarritako errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute.
10.– Agiriak aurkeztea, destino-eskabideak eta karrerako funtzionarioak izendatzea.
10.1.– Estatuko Aldizkari Ofizialean eta lanpostuak deitzen dituzten autonomia erkidegoetako aldizkari ofizialetan onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratzen denetik hasi eta hogei egun naturaleko epearen barruan, zerrendotan agertzen diren hautagaiek Justizia Ministerioko Erregistro Nagusian, Estatuko Justizia Idazkaritzan (La Manzana, 2); edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako bideak erabiliz, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Nortasun Agiri Nazionalaren kopia konpultsatu bi.
b) Deialdian eskatutako tituluaren kopia konpultsatua edo ikasgai guztiak gaindituta dituela egiaztatzen duen ziurtagiria, bai eta titulua lortzeko eskubideak ordainduta dituela egiaztatzen duen agiria ere.
c) Justizia Administrazioko agenteen egitekoetan jardutea eragozten dion gaixotasunik nahiz akats fisikorik ez duela egiaztatzen duen agiri medikoa. Agiri hori Gizarte Segurantzan interesatuari dagokion Medikuntza Orokorreko medikuak egin beharko dio edo, bestela, Gizarte Segurantzako erregimen batean ere sartu gabe baldin badago, Osasun eta Kontsumo Ministerioko zerbitzu probintzialek eta autonomia erkidegoetako dagokien erakundeek.
100eko 33ko edo goragoko minusbaliotasunaren legezko egoera duten hautagaiek egiaztagiria aurkeztu beharko dute, Gizarte Gaietarako Ministerioko nahiz kasuan kasuko autonomia erkidegoko organo eskudunek egindakoa. Aipatu egoera eta Justizia Administrazioko agenteen kidegoko egiteko propioak betetzeko gai dela egiaztatu beharko ditu agiri horrek.
d) Zinpeko deklarazioa, honako hauek jasoz: bateraezintasun kausaren batean sarturik ez dagoela; egiteko publikoetan jarduteko gaitasun gabetua ez dagoela; ez dela kanporatua izan diziplina-prozedura baten bidez Estatuko, autonomia erkidegoetako eta toki administrazioetako kidegoren batetik; eta ez zaizkiola egiteko publikoak kendu diziplina-prozeduraz nahiz bide judizialetik, birgaitua izan denean izan ezik (II. eranskina).
Penaletako egiaztagiria ofizioz emango du Estatuko Justizia Idazkaritzak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 35.f) artikuluan agindutakoaren arabera. Horretarako, behin betiko zerrendarekin batera argitaratuko den eranskinean jasoko den eredua bete eta bidali beharko dute onartutakoen behin betiko zerrendan dauden hautagaiek.
10.2.– Aurreko idatz-zatian aipatutako agiriak aurkeztea ezinezkoa denean —behar bezala justifikatu beharko da—, deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, legez onargarri den edozein bide erabili ahalko da.
10.3.– Funtzionario publiko diren hautagaiek ez dituzte aurkeztu beharrik izango beren aurreko izendapenerako erakutsi zituzten baldintzak eta betebeharrak. Egoera hori eta beren zerbitzu-orrian dauden gorabehera guztiak egiaztatzen dituen agiria, menpe daudeneko ministerioak nahiz erakundeak egina, aurkeztu beharko dute.
10.4.– Hautagaiek, jarritako epearen barruan, halabeharrezko kasuetan izan ezik, agiriak aurkezten ez badituzte, edota, agiriok aztertuta, 2. oinarrian jarritako baldintzak ez dituztela betetzen ikusten bada, ez dira karrerako funtzionario izendatuko eta, ondorioz, beren egintzak baliorik gabe utziko dira. Gainera, hasierako eskabidean datu faltsuak jartzeagatik eduki dezaketen erantzukizuna izango dute.
10.5.– Estatuko Justizia Idazkaritzak Estatuko Aldizkari Ofizialean eta plazak deitzen dituzten autonomia erkidegoetako aldizkari ofizialetan lurralde bakoitzean eskaintzen diren plazen zerrenda zehatza argitaratuko du, oposizioa gainditu duten hautagaiek bete ditzaten.
Kasu bakoitzean eskumena duen administrazioak eskaini beharko ditu oposizioa gainditzen duten hautagaiek bete beharreko lanpostuak.
10.6.– Destinoen esleitzea hautagaia lehiatu zeneko lurraldean egin beharko da nahitaez, lurralde horretan lortutako puntuazioaren hurrenkeraz eta oposizio-egileen lehentasunaz bat etorriz.
10.7.– Justizia Administrazioko agenteen kidegoak izaera nazionala duenez gero, karrerako funtzionarioak izendatzeko eta dagokion eskalafoian edo azpieskalafoian sartzeko, zerrenda bi osatuko dira. Zerrenda biotan, azpieskalafoian sartzeko, oposizio-egileek lurralde bakoitzean lortutako puntuazioak hartuko dira kontutan, bai eta lehiatzen deneko autonomia erkidegoko hizkuntza ofizialari buruzko proban lortutakoa ere. Berdinketarik gertatuz gero, agindu honen 9.1 oinarrian ezarritakoaren arabera desegingo da berdinketa.
11.– Azken araua.
Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Estatuko Justizia Idazkaritzari, hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, hil biko epean. Agindu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera zenbatuko dira epeak.
Agindu hau aplikatzetik eta epaimahaien egintzetatik sortzen diren administrazio-egintza guztiak errekurritu egin ahalko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritako modu eta epeetan.
Halaber, Estatuko Justizia Idazkaritzak, behar izanez gero, hautaprobak baloratzen dituzten epaimahaien erabakiak aztertu ahalko ditu, aipatu legean esaten den moduan.
Madril, 2001eko uztailaren 19a.
(1996ko urriaren 29ko Aginduz)
Estatuko Justizia idazkaria,
JOSE LUIS MICHAVILA NÚÑEZ.
Justizia Administrazioarekiko
Harremanetarako zuzendari nagusia,
CARLOS LESMES SERRANO.
UZTAILAREN 19KO AGINDUAREN
I. ERANSKINA
Justizia Administrazioko Agenteen Kidegoan Sartzeko Oposiziorako Gaien Zerrenda
LEHENENGO ARIKETA: LEHENENGO PROBA
1. gaia.– 1978ko Konstituzio Espainiarra: egitura eta edukia. Koroaren eskurantzak. Gorte Nagusiak: osaera, eskurantzak eta jarduera. Legeen prestaketa.
2. gaia.– Gobernua eta Administrazioa. Gobernuko presidentea. Ministroen Kontseilua.
3. gaia.– Espainiako Administrazioaren antolaketa: ministroak, Estatu idazkariak, idazkariordeak eta zuzendari nagusiak. Estatuko Administrazio periferikoa. Gobernuak autonomia erkidegoan dituen delegatuak eta delegatuordeak. Estatuaren lurralde-antolaketa Konstituzioan. Toki-Administrazioa: probintzia eta udalerria. Autonomia erkidegoak: eraketa eta eskumenak. Autonomia-estatutuak.
4. gaia.– Konstituzio Auzitegia: osaera eta eginkizunak. Aginte Judiziala. Aginte Judizialaren Kontseilu Nagusia: osaera eta eginkizunak. Jurisdikzioa: epaileak eta magistratuak. Independentzia judiziala. Ministerio Fiskala: osaera eta eginkizunak.
5. gaia.– Auzitegi Gorenaren, Entzutegi Nazionalaren, auzitegi nagusien eta probintzia auzitegien antolaketa eta eskumenen azterketa.
6. gaia.– Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko epaitegiak. Arlo Penaleko epaitegiak. Administrazio Auzigaietako epaitegiak. Lan Arloko epaitegiak. Espetxeratuen Zaintzarako epaitegiak. Adin Txikikoen epaitegiak. Bake-epaitegiak. Antolaketa eta eskumenak.
7. gaia.– Justizia Administrazioko idazkaria. Antolaketa eta eginkizunak.
8. gaia.– Justizia Administrazioko Auzitegi-Medikuen, Ofizialen eta Laguntzaileen Kidegoak. Kidego horien eginkizunak.
9. gaia.– Justizia Administrazioko agenteak. Eskubideak eta eginbeharrak, eta bateraezintasunak. Kidegoko sarbidea. Izendapena eta lanpostuaz jabetzea. Plantillak. Lanpostu hutsak betetzea. Lekualdaketak.
10. gaia.– Bizilekua, oporrak, baimenak eta lizentziak. Ordezkapenak. Justizia Administrazioko agenteen egoera administratiboak. Jarduneko zerbitzua, zerbitzu bereziak, eszedentzia. Justizia Administrazioko agente-izaeraren galera. Etenaldia. Erretiroa.
11. gaia. Diziplinazko erregimena. Hutsegiteak: hutsegite-motak. Zehapenak. Zehapenak zein agintarik ezar ditzakeen. Espedientearen izapideak egitea. Diziplinazko zuzenketen aurka aurkez daitezkeen errekurtsoak. Lanetik bereizitakoak jarduneko zerbitzura itzultzea.
12. gaia.– Sindikatua Konstituzio Espainiarrean. Sindikatuen hauteskundeak, Ordezkaritza-Organoen Legearen arabera. Greba-eskubidea.
13. gaia.– Jurisdikzio-aginduak: prozedura nagusiak. Maila bakoitzaren funtsezko ezaugarriak.
14. gaia.– Deklaraziozko prozesu zibila, Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen ondoren. Tutoretza sumarioak eskatzen diren hitzezko judizioetan agente judizialaren parte hartzeari buruzko aipamen berezia.
15. gaia.– Exekuzioko prozesu zibila eta kautelazko neurriak. Horietan agente judizialak duen eskuhartzea.
16. gaia.– Arlo penaleko prozedura: agente judizialak prozedura horretan duen eskuhartzea.
17. gaia.– Administrazioarekiko auzitako prozedura: agente judizialak prozedura horretan duen eskuhartzea.
18. gaia.– Lan arloko prozedura: agente judizialak prozedura horretan duen eskuhartzea.
19. gaia.– Epailearen eta idazkariaren egintza prozesalak. Egintza-motak.
20. gaia.– Beste epaitegi eta agintari batzuekin egiten diren komunikazio-egintzak. Exhortoak, ofizioak eta manamenduak.
21. gaia.– Prozedura zibileko eta prozedura penaleko jakinarazpenak eta errekerimenduak. Prozedura zibileko eta prozedura penaleko zitazioak eta epatzeak. Agenteak egintza horietan duen eskuhartzea. Denbora prozedura judizialetan; egun eta ordu baliodunak.
22. gaia.– Erregistro Zibila. Espainiako erregistro zibilen egungo antolaketa. Erregistroetan diharduten funtzionarioak. Erregistroko liburuak eta sekzioak. Liburu osagarriak.
23. gaia.– Gizonezkoen eta emakumezkoen aukera berdintasunaren inguruan dagoen Espainiako eta Europa Batasuneko araudia. Espainiako Konstituzioko 14. artikulua. Sexu-diskriminaziorik eza. Sexu-berdintasuna arlo juridiko zibilean. Sexu-diskriminaziogatiko ondorio penalak. Sexu-berdintasuna arlo juridiko laboralean.
II BIGARREN ARIKETA
1. gaia.– Zitazio-zedula bat emateko eginbidea.
2. gaia.–. Komunikazio-eginbidea, prozesu zibilean zedula edo ebazpenaren kopia entregatuz. Gainerako prozesatuei jakinarazpen-zedula bat emateko eginbidea.
3. gaia.– Adiskidetzea eta hitzezko judizio egintzen jakinarazpen- eta zitazio-eginbidea.
4. gaia.– Hutsegiteen judizioaren zitazioa egiaztatzeko eginbidea, eta zitazio-zedulak. Zitazioan ager daitezkeen kasuak.
5. gaia.– Hiriko nahiz landako finken desahuzio-judizioan emandako epaiaren exekuzioko lantzamendu-eginbidea. Maizterraren erreklamazioa lur landuen, lur-sailen eta bere jabetzako beste gauza batzuen lantzamenduan.
6. gaia.– Ordainketa-errekerimenduaren eginbidea eta prozesu kanbiarioan gerta daitezkeen suposamenduak.
7. gaia.– Monizio prozesuko ordainketa-errekerimenduaren eginbidea. Zordunak zor zuen kopurua ordaindu duela-eta, enbargua ez dela egin adierazten duen eginbidea.
8. gaia.– Ordainketa-errekerimenduaren eginbidea eta ondasunen enbarguarena. Eginbide hauetan ager daitezkeen berezitasunak.
9. gaia.– Ordainketa-errekerimenduaren eginbidea eta enbargu-eginbidea prozedura penalean: modalitate desberdinak.
10. gaia.– Ondasunen erremozioa egiteko eta ondasunak gordailatzeko eginbidea.
UZTAILAREN 19KO AGINDUAREN
II. ERANSKINA
Jauna /andrea:....................................................
Helbidea:
Adina:
NAN:
Justizia Administrazioko Agenteen Kidegoko funtzionario izendapena jaso ahal izateko, ez nautela inongo herri administraziotako zerbitzutik banandu, ez naizela ezgaitua izan funtzio publikoetan aritzeko eta ez dudala xedapen organikoetan ezartzen diren inolako ezgaitasun eta bateraezintasunik.
...............(e)n, 2001eko .............ren
Adierazlea,
RSS