
184. zk., 2001eko irailaren 21a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
5210
172/2001 DEKRETUA, abuztuaren 31koa, "Abaltzisketatik Alegiara Oreindaindik barrena doan errepidea, 4,529 eta 9,035 kilometroen artean, hobetzeko proiektuaren" eraginpean dauden ondasun eta eskubideak Gipuzkoako Foru Aldundiak, nahitaezko desjabetzearen ondorioz, lehenbailehen hartu behar dituela deklaratzen duena.
Garraio eta Errepide diputatuak, 2001eko otsailaren 6ko Foru Agindu bidez, "Abaltzisketatik Alegiara Oreindaindik barrena doan errepidea, 4, 529 eta 9,035 kilometroen artean, hobetzeko proiektuaren" eraginpean dauden ondasun eta eskubideak jendaurrean jartzea erabaki zuen, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako. Era berean, 2001eko ekainaren 5ean Eusko Jaurlaritzari nahitaezko desjabetzearen eraginpean dauden ondasunak eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekotzat deklara ditzan eskatu zion, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak xedatzen duenari jarraituta.
Lehenbailehen hartu beharreko ondasunak eta eskubideak argi eta garbi identifikatzeko beharrezko datuekin zehaztu eta banakatu ziren ondorio horretarako egin eta espedientean jaso zen zerrendan. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian eta arrazoibide-idatzi bat aurkeztu zen. Arrazoibide-idatzi hau administrazio-espedientean jasoarazten den moduan ebatzi zen.
Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saileko Zerbitzu Teknikoek proposatu diren lurren erabilpenen eta indarrean dauden legeen elkarrekikotasunari dagokionez aldeko iritzia eman zuten.
Eskubide eta ondasun hauek lehenbailehen hartzea atzeraezina da, Abaltzisketatik Alegiara Oreindaindik barrena doan errepidearen 4,529 eta 9,035 kilometroen arteko tartean bi ibilgailu gurutzatzeko zailtasun handiak daude-eta.
Horrenbestez, adierazitako obrak burutzeko bidezkotzat jotzen da Eusko Jaurlaritzak xede horretarako bidezko ondasunak lehenbailehen har daitezen deklaratzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutzapen-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolamenduaren sistema orokorrak edo antolamendu horren elementuren bat eta hiri-lurrean egin beharreko banakako jardunak. Arestian aipatutako Lege horren 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari dagokio horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluan aurkeztea.
Ondorioz, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2001eko abuztuaren 31n egindako bilkuran aztertu ondoren, hauxe
XEDATU DUT:
Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, "Abaltzisketatik Alegiara Oreindaindik barrena doan errepidea, 4,529 eta 9,035 kilometroen artean, hobetzeko proiektua" burutzeko beharrezkoak diren eta horretarako hasitako espedientean zehaztuta eta banakatuta agertzen diren ondasunak eta eskubideak Gipuzkoako Foru Aldundiak, nahitaezko desjabetzearen ondorioz, lehenbailehen hartu behar dituela deklaratzea".
Donostia-San Sebastianen, 2001eko abuztuaren 31n.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburua,
JOSEBA AZCARRAGA RODERO.
RSS