Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

184. zk., 2001eko irailaren 21a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
5208

170/2001 DEKRETUA, abuztuaren 31koa, Arrigorriagako (Bizkaian) Malmasingo Gotorlekuaren Esparru Arkeologikoa, Monumentu Multzo izendapenaz, Kultura Ondasun gisa deklaratzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen 2001eko urtarrilaren 31ko Ebazpenaren bidez (otsailaren 28ko EHAA, 42 zk.a), Arrigorriagako (Bizkaian) Malmasingo Gotorlekuaren Esparru Arkeologikoa, Monumentu Multzo izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera ematea erabaki zen.

Jendaurreko informazio-aldia eta interesduna entzuteko izapideak burutu, eta ez da alegazio bakar bat ere aurkeztu.

Hori dela-eta, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen 11.1. eta 12. artikuluetan ezarritakoarekin bat, Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek egindako aldeko txostena ikusirik, Kultura sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2001eko abuztuaren 31n egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Arrigorriagako (Bizkaian) Malmasingo Gotorlekuaren Esparru Arkeologikoa, Monumentu Multzo izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzea.

2. artikulua.– Indarrean dagoen Kultura Ondareari buruzko legeak aurreikusten dituen ondorioetarako, Arrigorriagako Malmasingo Gotorlekuaren Esparru Arkeologikoaren deskripzio formala egitea, Dekretu honen I. Eranskinean agertzen den moduan.

3. artikulua.– II. Eranskinean azaltzen diren arrazoiak direla-eta, ondasunaren mugaketa bezala Dekretu honen Eranskin berean agertzen dena ezartzea.

4. artikulua.– Dekretu honen III. Eranskinean agertzen den Arrigorriagako Malmasingo Gotorlekuaren Esparru Arkeologikoaren babes-araubidea onestea.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Kultura Sailak Arrigorriagako Malmasingo Gotorlekuaren Esparru Arkeologikoa Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitako Kalifikatutako Kultura Ondasunen Erroldan inskribatuko du.

Bigarrena.– Kultura Sailak Jabego Erregistroari Dekretu honen berri emango dio, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusitako eraginetarako. Era berean, interesdunei,.Arrigorriagako Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailari jakinaraziko zaie.

Hirugarrena.– Kultura Sailak Arrigorriagako Udalari eskatuko dio udaleko hirigintza-araudia Monumentu/Monumentu Multzoaren babes-araubideari egokitzeko, horrela Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.2. artikuluan ezarritakoa betez.

Laugarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Monumentu Multzoaren mugaketak barne hartu duen eremu batean egin behar diren lanek dagokien Foru Aldundiko organo eskudunen baimena beharko dute. Baimen hori udal baimena eskuratu aurretik lortu beharko da, Euskal Kultura Ondareraen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 29.1 artikuluan ezarri bezala.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen Dekretu honen aurka, interesdunek, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Gobernu Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari, Dekretu hau azkeneko aldiz argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, bi hilabeteko epean.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Donostia-San Sebastianen, 2001eko abuztuaren 31n.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Kultura sailburua,

MIREN AZKARATE VILLAR.

I. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

Malmasingo gotorlekua izen bereko mendiaren gailurrean dago (361), Arrigorriagan. Gunearen izaera guztiz estrategikoa da, harkaitz baten gailurrean baitago, mendiaren mendebaldeko maldan. Malmasindik Ibaizabalen erdiko eta beheko aldea ikus daitezke. Gotorlekuak bere inguru osoa menperatzen du, jadanik adierazitako izaera estrategikoa areagotuz.

Gotorlekuak iparraldeko muga malkarra du, gailurrera igotzea zailtzen duena, eta beste maldak ere nahiko gogorrak dira, eta gainera bertan jauslekuak eta harresiak eraiki ziren bidea oztopatzeko.

Bi barrunbe desberdin ikusten dira nabariki: bat kanpoaldean, zehaztu gabeko materialez osatutako harresiak mugatutakoa. Oraindik ez da bertan ikerketa zehatzik egin; hala ere, azalean materialik ez dagoenez, pentsa daiteke lurrezko defentsa bat dela, kanpoaldeko jauslekuen bidez areagotzen dena.

Beste barrunbea gotorlekuaren barrualdean dago, non eraikitako harresiaren zati batzuk nabaritu baitaitezke sasiartean ezkutaturik. Hemen, harrien aztarnak, batzutan ugariak, harresiaren izaera argi adierazten dute: tamaina ertaineko harriez eginda dago, eta harriak bata bestearen gainean jarrita daude, masarik gabe. Bigarren barrunbe hau, aurrekoaren moduan, terraza ugariz zeharkatuta dago. Terraza horiek, zalantzarik ez, malda egokitzeko lanekin lotuta egongo ziren, hau da, bertan eraiki ahal izateko lanekin. Eraikuntzarik gehienak material iragankorrezkoak izango ziren.

Aipatutako bi barrunbeen kanpoaldean terraza-moduko eraikuntza batzuk marrazten dira, aurreratutako defentsatzat har litezkeenak. Baliteke laborantza errazteko eginak izatea ere.

Mendi horretan larre eta otadi ugari daude, eta horrek errazten du gotorlekua bere osotasunean ikustea, eta berak bere inguruarekin dituen harremanak antzematea.

II. ERANSKINA
MUGAPENA

a) Mugapenaren justifikazioa:

Lursailean ikusten diren egituren multzoak zehazten du mugapen hau, lursailean ikusten diren gotortutako barrunbea eta aurreraturiko defentsak biltzen ditu eta. Bestalde, proposatutako mugapena mota honetako esparru arkeologikoen logikarekin bat dator, oso antzekoak diren ezaugarri geoestrategikoei jarraituz.

b) Mugapena:

Malmasingo gotorlekua Arrigorriagan dago, Malmasin mendiaren gailurrean, 300 metroko maila-kurbaren barnean.

Mugapen hori eranskin honetan marraztuta dago.

III. ERANSKINA
MALMASINEKO KASTROAREN BABES ERREGIMENA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Babesaren eremua.

Babes-erregimen honek bere baitan hartzen du, bere gune, egitura eta eraikuntza guztiak dituela, Malmasineko Kastroko Gune Arkeologikoaren Monumentu Multzo Kalifikatua. Multzoa Arrigorriagako udalerrian dago, Bizkaiko Lurralde Historikoan, alegia.

2. artikulua.– Izaera loteslea.

Babes-erregimen hau uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legeak, bere 12. artikuluan agintzen duenari jarraituz sortu da eta Malmasineko Kastroa monumentu-multzo bezala Kultura Ondasun Kalifikatua izendatzeko izapidetzaren baitako da. Erregimena, aipatutako legearen 28.1 artikuluari jarraituz, loteslea da hirigintza-planeamendurako.

3. artikulua.– Babes-maila.

1.– Malmasineko Kastroaren Gune Arkeologikoak duen babes-maila kontserbaziokoa da. Gure erkidegoko arkeologian azpimarragarria izateagatik eman zaio babes-maila hori, bere ingurua hondatuko luketen jarduerak saihestearren.

2.– Kontserbazioko mailak bermatu egingo du ondasunak kalterik ez jasotzea; bertan burutu ahal izango diren jarduerak egiturak finkatu edo zaharberritzeko izango dira, ez besterik.

3.– Kastroa landa-ingurura egokitzea sustatuko da, baldin eta hori egiteak ez badu kastroa bera funtsean aldatzen. Gunean kultura, turismo eta aisiari lotutako ekimenak egitea sustatuko da.

4. artikulua.– Hirigintza-planeamendua egokitzeko jarraibideak.

Malmasin Kastroko Gune Arkeologikoa monumentu multzoko kategoriarekin ondasun kalifikatu bezala jasota geratuko da Arrigorriagako udalaren planeamendu-instrumentuen Kultura Ondarearen Katalogoetan. Era berean, gune hau antolatzerakoan, berariazko babes-erregimen honetako arauen menpean geratuko dira planeamendu-instrumentuak eta, nolanahi ere, horiek onartzeko Kultura Saileko oniritzia beharko da.

Instrumentu horiek Kultura Ondasunaren honako babes-erregimen hau baino lehenago idatzi izan badira aldatu egin beharko dira aurreikusitako babes erregimen honen babes-neurriekin bat etorri ez edo horien aurka badoaz.

II. KAPITULUA
ERABILERA ETA JARDUEREN ERREGIMEN
OROKORRA

5. artikulua.– Irizpide orokorra.

1.– Oro har, eta deskribatutako babes-erregimenari jarraituz, ondasunerako arriskugarriak edo kaltegarriak izan daitezkeen jarduerak ez dira onartuko. Eta ez bakarrik lur gaineko zein lur azpiko eraikuntzak hondatzen dituztenak, baita gune arkeologikoaren hurrenkera historikoa aldatzen dutenak ere.

2.– Babes-erregimen honetan zehazten diren erabilera eta jarduerak baino ez dira onartuko. Ondorengo arau hauetan aipatzen ez diren erabilera eta jarduerak erregimenaren kontrakotzat joko dira.

3.– Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak berariaz eta aldez aurretik baimenduta, beste erabilera eta jarduera batzuk onartuko dira, lurra iraultzen ez bada eta babestutako guneko arrasto arkeologikoak errespetatzen badira.

6. artikulua.– Eraikuntzaz kanpoko erabilera eta jarduera onartuak.

1.– Zientzia arloko jarduerak. Arrastoak lekuan bertan uzteko beharra.

Gune arkeologikoko lurra iraultzea bakarrik ikerketa zientifikoek eskatzen dutenean, eta hori baldintza bi betetzen direnean: aldez aurreko egitasmoa egotea eta egitasmo hori Bizkaiko Foru Aldundiak onetsita egotea.

Lekuan izango diren jarduera zientifiko guztiak (indusketa arkeologikoak, analisiak, ikerketak e.a.) ondasuna osorik ikertzeko programa antolatu baten baitakoak izango dira eta euren helburu nagusia ondasunaren balorea handitzea izango da. Edozein jarduera arkeologikoren lehenengo asmoa arrastoak bistaratzen diren lekuan bertan kontserbatzea izango da.

Burutzen den egitasmoak ondasuna sendotu, bertan kontserbatu eta zaharberritzea izango du xede, bai orain lur azalean diren aztarnak bai induste-lanen bidez ateratzen direnak, degradazio-prozesuak saihesteko edo ahalik eta gehien moteltzeko.

Indusketa guztiekin batera programa bat egingo da, ateratzen diren arrastoak kontserbatzeko. Ez da inolako lanik egingo programa hori sortu arte.

2.– Kultura-jarduerei eta ondasuna ezagutzera emateko moduei buruz.

Kultura-jarduerak garatu eta bultzatu ahal izango dira, arrastoak kontserbatzeko kaltegarriak ez diren artean. Horien bidez ondasunak lekua eta ondare bezala dituen baloreak ezagutzera emango dira. Babestutako gunea kultura-ibilbideetan sartu ahal izango da eta horregatik bisitariak hartzeko egokituko da: ondasuna sendotzeko egitasmo txikiak burutuko dira, hori erakusteko modu egoki eta ulergarriak erabiliko dira, guneko elementuren bat berreraikiko da eta abar.

Malmasineko Kastroaren Gune Arkeologikoan horrelako jardueraren bat aurrera eramateko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik Foru Aldundiko Kultura Sailaren baimena izatea, eta hori jasotzeko, kontserbazioa bermatu behar da. Bestalde, arkeologiako aditu batek kontrolatu, zuzendu eta ikuskatuko du jarduera.

Gunea behar bezala seinalatuko da, biztanleak izan zireneko gunearen mugak errespetatuta eta mendiko gidaliburuetan eta antzekoetan jasotzeko erraztasunak emango dira, berorren berri emateko; izan ere, berri emate horrek lagunduko du ondasuna errespetatzen eta mantentzen.

3.– Abeltzaintza.

Babestutako eremuan onargarria izango da bertan belardiak eta larreak izatea, beti ere horretarako ez bada lurra irauli edota lurreko arrasto arkeologikorik mugitu beharrik.

7. artikulua.– Eraikuntzak direla-eta onartutako erabilera eta jarduerak.

Lekua babesteko, ikertzeko edo kultura zabaltzeko ezinbestekoak diren eraikuntzak eta instalazioak baino ez dira onartuko. Horietako edozein egin aurretik, arkeologo aditu batek beharrezkotzat jo behar du, ondasuna ikertzeko eta bere balorea azpimarratzeko osotasuneko egitasmo bat eginda.


Azterketa dokumentala