Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

137. zk., 2001eko uztailaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
4106

AGINDUA, 2001eko maiatzaren 10ekoa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, Irungo Aduanetako eta Komisio-hartzaileen Elkargo Ofizialaren Estatutuak onartzen dituena.

Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onartutako Euskadiko Autonomia Estatutuak, bere 10.22 artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoak profesionalen elkargoen eta tituludun lanbideen arloan eskumen esklusiboa duela ezartzen du, Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoaren kaltetan izan gabe.

Eskumen horri jarraiki emandako azaroaren 21eko 18/1997 Legeak (tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzkoak), bere 33. eta 45. artikuluetan ezartzen duenez, elkargoen eta Kontseiluaren estatutuak eta haien berrikuntza Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari jakinaraziko zaizkio behin betiko onartzeko (beren legezkotasuna aldez aurretik egiaztatu ondoren), Estatutuekin batera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta Tituludun Lanbideen Erregistroan inskribatuko den Aginduaren bidez.

Irungo Aduanetako eta Komisio-hartzaileen Elkargo Ofizialaren Estatutuak legeari egokituta daudela egiaztatu ondoren, azaroaren 21eko 18/1997 Legeak (tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzkoak) ematen dizkidan eskumenei jarraiki

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Onarpena.

Irungo Aduanetako eta Komisio-hartzaileen Elkargo Ofizialaren Estatutuak onartzea.

2. artikulua.– Argitalpena.

Irungo Aduanetako eta Komisio-hartzaileen Elkargo Ofizialaren Estatutuak Agindu honen Eranskin gisa argitara daitezen agintzea.

3. artikulua.– Inskripzioa.

Irungo Aduanetako eta Komisio-hartzaileen Elkargo Ofizialaren Estatutuak Tituludun Lanbideen Erregistroan inskriba daitezen agintzea, Elkargoa formalki eratzen denean.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA.

Eraginkortasuna.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2001eko maiatzaren 10a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.

IRUNGO ADUANETAKO AGENTE ETA
KOMISIO-HARTZAILEEN ELKARGO OFIZIALAREN ESTATUTUAK
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK.

1. artikulua.– Irungo Aduanetako Agente eta Komisio-hartzaileen Elkargoa zuzenbide publikoko korporazio bat da, eta nortasun juridiko propioa eta jarduteko erabateko gaitasuna du bere xedeak betetzeko, bere lurralde-eremuan.

2. artikulua.– Korporazio honen jardute-eremua Irungo Aduanaren barrutia izango da, 1645/81 Errege Dekretuaren 29. artikuluaren aginduz legozkiokeenen kaltetan izan gabe.

3. artikulua.– Elkargoaren egoitza Irunen dago, Euskadi Plaza, 4 zk., 1. solairua. (Zaisa).

4. artikulua.– Elkargoak, bere jarduerari dagokionez, men egin beharko dio bai Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legeari (aurrerantzean Profesionalen Elkargoei buruzko legea), baita Espainiako Aduanetako Agente eta Komisio-hartzaileen Kontseilu Nagusiak (aurrerantzean Kontseilua) hartzen dituen erabakiei ere.

II. KAPITULUA
ELKARGOAREN XEDEAK ETA EGITEKOAK.

5. Artikulua.– Aduanetako agente eta komisio-hartzaileen (aurrerantzean Agenteak) lanbidea antolatzea, haien ordezkari bakarra izatea eta elkargokideen interes profesionalak zaintzea dira korporazio honen helburuak, Administrazio Publikoaren (aurrerantzean Administrazioa) eta Kontseiluari dagokion eskumenaren kaltetan izan gabe.

Bere lurralde-eremuan, egiteko hauek dagozkio:

5.1.– Lanbidean jarduteko elkargoko arauak betetzen diren zaintzea, legezko bateraezintasunak zorrotz zaintzea, lanbideko deontologia printzipioei eta agenteen egitekoak eta eskumenak arautzen dituzten indarreko xedapenen printzipioei eustea, bere eskumenen eremuan.

5.2.– Elkargokideei Estatutu hauek eta, hala dagokionean, Barne-Erregimeneko Araudia, baita elkargoko organoek, beren eskumeneko alorretan, hartzen dituzten arauak eta erabakiak ere betearaztea.

5.3.– Elkargokideen maila teknikoa, etikoa eta kulturala ahalik eta onena izan dadin sustatzea, dituen baliabide guztiekin.

5.4.– Elkargokideei aholkuak ematea, beharrezkoa baldin bada, Administrazioarekiko harremanetan.

5.5.– Irizpenak eta txostenak egitea; agintariek, epaile eta auzitegiek, edozein erakunde pribatu nahiz publikok, partikularrek edo elkargokideek lanbideaz egiten dizkioten kontsultei erantzutea; eta perituak izendatzea.

5.6.– Elkargoak erakundeetan, batzordeetan, epaimahaietan eta erakunde publiko edo pribatuetan izango dituen ordezkariak izendatzea, ordezkotza hori eskatzen zaionean.

5.7.– Justizia epaitegietan eta Administrazioan lanbideko intrusismoa salatzea eta segimendua egitea.

5.8.– Legeen urratzea salatzea eta segimendua egitea, lanbiderako kaltegarriak diren egintzak direnean.

5.9.– Behar denean, elkargokideei diziplina-zehapen eta zigorrak jartzea, estatutu hauetan araututako prozeduraz.

5.10.– Elkargokideen kuotak eta diru-ekarpenak finkatzea.

5.11.– Fondoak biltzea eta administratzea, sarreren eta gastuen urteko aurrekontua prestatzea, likidatzea, balantzea egitea eta elkargokideen Biltzar Nagusiari jakinaraztea, sendetsi dezan.

5.12.– Elkargokideen arteko lehia desleiala saihestea.

5.13.– Lanbideko lanak eta lansariak onestea, alderdiek eskatuta.

5.14.– Elkargokideen identifikazio-txartelak egitea eta baliogabetzea.

5.15.– Ahaldun eta laguntzaileentzako ahalmen eta baimen emateak eta ezeztapena onestea.

5.16.– Agente elkargokideen lansarien fakturak kobratzea eta horretarako ezartzen den zenbatekoa edo ehunekoa jasotzea.

5.17.– Bezero berankorren liburu-erregistro bat prestatzea, aduanako eragiketak eskatzen dituzten partikularrei edo erakundeei buruzkoa. Liburu hori soilik informazioa emateko erabiliko da, elkargokideen barne-erabilerarako, eta aplikatzekoa den legerian barne hartzen diren xedapenetara egokituko da.

5.18.– Lanbidearekin zuzenean nahiz zeharka lotuta dagoen beste edozein xede, eta Profesionalen Elkargoei buruzko Legearen 24. artikuluak ematen dizkionak. Horiek ahal den ondoen betetzeko behar den adina sail, zerbitzu edo batzorde eratu ahal izango ditu. Lanbideari eta Elkargoko funtzionamenduari eragin diezaiokeen ororen berri eman beharko die elkargokideei.

3. KAPITULUA
ELKARGOKIDEAK

6. artikulua.– Elkargoan sartzea.

Elkargoan sartzeko, interesik duenak eskabidea egin beharko dio Elkargoari. Betekizun hauek bete beharko ditu aurrez:

6.1.– Aduanetako agentearen titulua edo lanbidean aritzeko legezko gaitasuna ematen dion titulu bat aurkeztu beharko du, edo, hori ezean, notariotza-testigantza edo horren benetako kopia.

6.2.– Ekonomia Jardueren gaineko Zergari dagokion altaren egiaztagiria.

6.3.– Dagozkion fidantzak egin beharko ditu.

6.4.– Sartze-eskubideak ordaindu beharko ditu. Eskubideen zenbatekoa Elkargoaren Biltzar Nagusiak erabakiko du, Kontseilu Nagusiak ezarritako mugen barruan.

6.5 Zinpeko aitormena egin beharko du, lanbidean aritzeko ezgaiturik ez dagoela eta legeek ezartzen duten bateraezintasunik ez duela adierazteko.

7. artikulua.– Eskabidea, behar diren egiaztatzeak egin ondoren, ukatu egingo zaio:

a) Eskatzen diren agiriak aurkezten ez dituenean, edo dudazkoak direnean, benetakoak edo nahikoak izateari dagokionez; kasu horretan, Gobernu-Batzordeak ikertu egingo ditu agiriok.

b) Epai irmo batek eskatzaileari lanbidean aritzeko gaitasuna kentzen dionean.

c) Diziplina-espediente batez zigorra jartzen zaionean, zigorraren aldirako.

Eskaera-orria Elkargoko Idazkaritzan sartu zen egunetik zenbatzen hasi eta ondorengo 15 eguneko epearen barruan, doakionari hartu den erabakiaren berri eman beharko zaio.

8. artikulua.– Elkargokide guztiak behartuta daude lanbideko intrusismo ororen berri ematera.

9. artikulua.– Kuotak.

Elkargokideak behartuta daude kuotak behar den garaian ordaintzera. Elkargoaren Biltzar Nagusiak urtero kuotak finkatuko ditu. Kuotak ohikoak edo ohiz kanpokoak izan daitezke, eta bi kasuetan, finkoak, aldakorrak edo bitarikoak.

Finkoak, elkargokide guztientzat berdina izango den kopuru jakin batekin ezartzen direnak izango dira.

Aldakorrak, elkargokide bakoitzak egiten duen lanaren arabera ezartzen direnak izango dira.

Bitarikoak, zati bat kopuru finkoarekin eta beste zati bat egindako lanaren arabera ordaintzen direnak izango dira.

Obligazio hori ez bada betetzen, Elkargoak Kontseilu Nagusiaren Estatutu Orokorretako 35. artikuluan xedatutakoari jarraituz jardungo du.

10. artikulua.– Elkargoak, bere eremuan, lanbidearen ordezkotza eta defentsa egingo du Administrazioan, instituzioetan, epaitegietan eta partikularrekin; legitimazioa izango du lanbidearen eta elkargokideen interesei eragiten dieten auzietan alderdi izateko; eta eskatzeko eskubidea, legearen arabera, izango du, Profesionalen Elkargoei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legeak ezartzen duenarekin bat etorriz.

Elkargokideen interes profesionalen onerako diren egiteko guztiak ere erabiliko ditu elkargoak.

11. artikulua.– Lan-baimena.

Agente batek ere ez du jarduterik izango beste elkargokide bateri emandako lanen batean, aurrez elkargokide horren baimena jaso gabe edo elkargoaren baimena jaso gabe. Horretarako, hasieran izendatutako elkargokideak sortutako gastu eta ordainsariak likidatu beharko dira.

12. artikulua.– Korporazioko bizitzan parte hartzeko eskubidea eta obligazioa daukate elkargokide guztiek, bereziki, biltzar nagusietara joateko eta, estatutu hauetan ezarritakoari jarraituz, esleitu zitzaizkien karguak leial betetzeko.

13. artikulua.– Errekurtsoak.

Elkargoaren erabakien aurka, elkargokideek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, egintza jakinarazten edo argitaratzen den egunetik hilabeteko epean.

Gorabidezko errekurtsoa aurkeztu zenetik hiru hilabete igarota ez bada erabaki adierazirik hartu, ezetsi egin dela esan nahiko du eta, bidezko diren kasuetan, administrazioarekiko auzitarako bidea irekita geratuko da.

14. artikulua.– kargokideek eskubidea izango dute elkargoak interes profesionalak zaindu diezazkien, lehia desleialaren aurkako babesa eman diezaien, lanbideari buruzko gaietan aholkua eman diezaien, maila teknikoa igo diezaien, eta gizarte aurreikuspeneko arauak bete ditzan, dagozkion organoen bitartez.

15. artikulua.– Elkargoak Aurkibide-Liburu bat erabiliko du, eta bertan, ordena-zenbakiarekin batera, ondoko datuak idatziko dira: elkargokidearen izena, sozietate-izena, helbidea, alta-eguna eta, hala dagokionean, baja-eguna, identifikazio fiskaleko zenbakia, Aduana eta Zerga Berezietako Departamentuak adierazitako informatika-kodearen zenbakia, eta beharrezkotzat jotzen dituen gainontzeko oharrak. Elkargokideen ordena-zenbakia finkoa eta aldaezina izango da.

Elkargokideek, gai honi loturiko aldaketaren bat baldin badago, Elkargoari derrigor jakinarazi beharko diote.

16. artikulua.– Identifikazio-txartelak.

Aduana-Errenten Bulegoaren aurrean behar bezala jarduteko, Kontseiluaren Estatutuetako 31. artikuluaren 17. puntuan ezarrita dagoenaren arabera, Elkargoak hiru kategoriatako identifikazio-txartelak eman eta ezeztatu ahal izango ditu:

a) Banakako Aduana-Agenteentzat eta sozietate-administratzaileentzat.

b) Ahaldun orokorrentzat.

c) Aduana-tramiteak egiteko Ahalorde Partzialak dituzten langile edo agindupekoentzat.

Elkargokideek, gai honi loturiko aldaketaren bat baldin badago, Elkargoari derrigor jakinarazi beharko diote.

17. artikulua.– Ahalordeak.

Agenteek Ahalordeak eman ditzakete aduanako bideratze-eragiketa guztietarako edo eragiketa jakin batzuk egiteko, indarrean dauden xedapenen arabera, beti ere haien bulegoetako langile-zerrendan agertzen diren eta benetan haien agindupekoak diren pertsonei ematen badizkiete, aplikatzekoa den araudiak ezartzen dituen baldintzak betetzen badituzte eta bulegoan lan egiten badute. Baldintza horiek betetzen ez dituen Agentea edo Agentziak erantzukizunean eroriko dira, eta ezgaituta gera daitezke.

Indarrean dauden xedapenek ezartzen dutena kontuan izanik, Agenteen ahaldunek Agente bakar baten ordezkaritza izan dezakete.

18. artikulua.– Ahalordeen Erregistro-Liburuan, ahalordeak bi ataletan bananduta idatziko dira. Atal batean, banakako Agenteek emandako ahalordeak idatziko dira, Ahalorde Orokorrak eta bideratze-eragiketa jakin batzuk egiteko Ahalorde Partzialak bereiziz.

Sozietateak diren Aduana-Agentziei buruzko atalean, horien Gerente, Zuzendari, Administratzaile edo Administrazio-Kontseiluko Lehendakariaren izen-abizenak idatziko dira, kasu bakoitzean pertsona horien artetik Agentziako buru zein den adieraziz. Era berean, aduanako bideratze-eragiketen edo beste edozein ondorioetarako, haien ahaldunak zein diren adierazi beharko da.

Elkargoan erregistra daitezkeen ahalordeak aduana-jarduerarako izango dira, eta ahalorde horietan espreski adieraziko da ahalduna beste pertsona fisiko edo juridiko batekin ordezkatzea debekatuta dagoela.

Elkargokideek, gai honi loturiko aldaketa edo ezeztapenen bat baldin badago, Elkargoari derrigor jakinarazi beharko diote.

19. artikulua.– Sozietateak diren Agentziak.

Sozietateak diren Agentzien ordezkaritza, hala Biltzar Nagusietan nola Gobernu-Batzordeetan, bertako Gerente, Zuzendari, Administratzaile edo Administrazio-Kontseiluko Lehendakariak izango dute, Kontseiluaren Estatutuetako 1. artikuluan ezarritakoaren arabera Agentzia ordezkatuz.

20. artikulua.– Dokumentazioa.

Elkargokideek zabaltzen duten merkataritza-dokumentazioan, izena, helbide fiskala, identifikazio fiskaleko kodea, eta Aduana eta Zerga Berezietako Departamentuak adierazitako informatika-kodearen zenbakia espreski eta leku nabarmenean adieraziko dira, dokumentazioak aipatzen duen lanbide-jarduerari buruz inolako zalantzarik izan ez dadin.

21. artikulua.– Asegurua.

Elkargokideek, egiten duten lanbide-jardunaren ondorioz sor daitekeen erantzukizun zibilaren arriskua dagokion aseguruaren bidez estali beharra dute, Lanbide Elkargoei buruzko Legearen 12. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Elkargoak behar diren neurriak hartuko ditu Agenteek betebehar hori betetzen dutela ziurtatzeko.

22. artikulua.– Korrespontsaliak.

Agente batek beste Agente baten bideratze-enkargua jasotzen duenean, bi profesionalen arteko itun aske baten bidez onartu ahal izango du.

Agente komitentea beti lehen erantzulea izango da, Agente bideratzailearen aurrean, bideratze-eragiketaren berezko ondorio ekonomikoei dagokienez.

Elkargoak xedapen hau hausten duen edozein jarduketari zigorra ezarriko dio, Kontseiluaren Estatutuetako V. Tituluan ezarritakoaren arabera.

23. artikulua.– Berankorrak.

Elkargokideek, komitenteen ordaindu gabeko zorrak kobratzeko esku har dezan eskatu ahal izango diote Elkargoari, zorpekoa dagoela jakinaraziz. Elkargoak, komitente berankorrari zorraren ordainketa posta ziurtatuarekin eta hartu izanaren adierazpenarekin eskatuko dio.

Berankorrak ez badio eskaera horri erantzuten, Elkargoak zorduna Estatutu Orokorretako 31. artikuluko 20. puntuak aipatzen duen Bezero Berankorren Erregistro-Liburuan inskribitu ahal izango du.

Bezero berankorrak dagozkion alegazioen bitartez zorrari eragozpenen bat jartzen badio, Elkargoak zorraren gordailua edo bermea egitea eskatuko dio auzia nola konpontzen den ikusi arte. Bi alderdiak ados baldin badaude, Elkargoaren Gobernu-Batzordeak bitartekotza egin dezake. Halakorik gertatzen ez bada, aurreko paragrafoan ezarrita dagoena aplikatuko da.

24. artikulua.– Beste edozein Elkargo Ofizialetatik komitente bat Bezero Berankorren Erregistro-Liburu Berezian barne hartuta dagoela adierazten duen jakinarazpena jasotzen bada, Agente bakar batek ere ezin izango du komitente horrentzat zerbitzu profesionalik egin. Horretarako, Elkargo honek informazioa eskatu eta emango die etengabe gainontzeko Elkargo Ofizialei, eta hala dagokionean, Kontseilu Nagusiari.

25. artikulua.– Ikuskapenak.

Elkargokideak, Elkargoari Legeak eta Estatutu Orokorrek ematen dizkioten ikuskapenerako ahalmen eta funtzioen betetzea erraztera behartuta daude. Bere ikuskapen-funtzioaren barruan, Elkargoak, Gobernu-Batzordearen erabakiaren bitartez, ikuskapenaren helburua ukitzen duten liburu eta dokumentuen azterketa eska dezake, bai eta elkargokidearen agindupeko langileen nominen azterketa ere, Estatutu hauetako 17. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

26. artikulua.– Bajak.

Elkargokidearen izaera galdu egingo da:

a) Elkargokideak baja eskatzen duenean. Baja Elkargoari eskatu beharko dio, idatziz.

b) Elkargoaren erabakiz ezgaiturik geratzen denean, beti ere Estatutu hauek xedatzen dutena kontuan izanik.

c) Lanbidean aritzeko ezgaitzen duen epai irmo batekin.

d) Ohiko nahiz ohiz kanpoko kuotak ordaintzen ez dituenean, sei hilabetetan, horretarako errekerimendua egin ondoren.

e) Hiltzen denean.

27. artikulua.– Elkargokide ez diren Agenteak.

Beste Elkargo Ofizial batean inskribaturik dauden agenteek barruti honetan lan egin nahi badute, aldez aurretik haien Elkargoaren bitartez jakinarazi beharko dute.

Elkargoak, agente horiei, eskaini diren baina elkargoko kuotak estaltzen ez dituen zerbitzuen benetako kostuari erantzuteko Gobernu-Batzordeak ezarritako baldintza ekonomikoak ordaintzea eskatu ahal izango die.

Eusko Jaurlaritzaren 18/97 Legearen 38. artikuluak ezartzen duenaren arabera, Agente horiek ezin dute Elkargoko organoetan parte hartu eskubide osoko kide gisa.

IV. KAPITULUA
ELKARGOAREN ZUZENDARITZA ETA
GOBERNU ORGANOAK.

28. artikulua.– Elkargoaren gobernu, zuzendaritza eta administrazio organoak Elkargokideen Biltzar Nagusia eta Gobernu-Batzordea dira.

1. ATALA
GOBERNU-BATZORDEA.

29. artikulua.– Aduanetako Agente eta Komisio-Hartzaileen Elkargo Ofiziala Gobernu-Batzordeak gidatuko du, elkargoa zuzentzea eta administratzea dagozkionez gero.

Gobernu-Batzordearen egitekoak, Biltzar Nagusiari espreski adierazi gabekoez gain, hauek dira:

29.1.– Elkargokideei dagokienez:

a) Elkargokide egiteko eskabideak ebaztea.

b) Elkargokideek lanbidean duten jokabidea zuzena den zaintzea, bai euren arteko harremanetan, baita hirugarren batzuekin dituztenetan ere.

c) Legezko gaitasunik ez duenari lanbidean jardun dezan galarazteko behar diren egintzak sustatzea.

d) Hauteskundeetarako deialdiak argitaratzea, Gobernu-Batzordeko karguak betetzeko.

e) Elkargokideei bidezko diren diziplina-espedienteak irekitzea.

29.2.– Elkargoko ekonomiari dagokionez:

a) Elkargoko fondoak biltzea eta administratzea.

b) Aurrekontuak idaztea eta Elkargokideen Biltzar Nagusiari kontuen berri ematea. Horretarako, Ohiko Biltzar Nagusia egin baino hamar egun lehenago, kontuak elkargoan izango dira ikusgai, elkargokide guztiek azter ditzaten.

c) Fondoen mugimenduak baimentzea, bankuko kontuak irekitzean edo intsuldatzean.

d) Elkargoaren zerbitzurako langileak kontratatzea, eta beren ordainsariak eta laneko diziplina-araubideari loturiko guztia ezartzea.

29.3.– Bere lurralde-eremuan, erakunde ofizialei dagokienez:

a) Elkargokideak defendatzea lanbideko lanetan.

b) Elkargoaren izenean, elkargoaren eremuan lanbidean hobeto aritzeko beharrezkotzat jotzen dituen hobekuntzak bideratzea eta interes profesionalerako onuragarri izan daitekeen oro.

30. artikulua.– Karguak.

Elkargo hau Gobernu-Batzorde batek gidatuko du. Batzordea lehendakari batek, bi lehendakariordeek, idazkari batek, idazkariorde batek, diruzain batek, kontulari batek eta lau mahaikidek osatuko dute.

31. artikulua.– Hautespena.

Gobernu-Batzordeko karguak lau urterako dira eta Ohiko Biltzar Nagusian bildutako elkargokideek hautatuko dituzte. Biltzar Nagusia abendurako deituko da, beti ere Elkargoen Kontseilu Nagusiko karguen hauteskundeak egin baino lehen. Batzordea egin eta 15 eguneko epearen barruan, Elkargoak Gobernu-Batzordeko kideen zerrendaren berri emango dio Kontseiluari.

32. artikulua.– Hutsik geratzen diren postuak.

Kideren baten heriotzagatik edo inork kargua uzteagatik Gobernu-Batzordean hutsik geratzen diren postuak Biltzar Nagusiak hornituko ditu, postua hutsik geratu den unetik zenbatzen hasi eta ondorengo hiru hilabeteko epearen barruan.

33. artikulua.– Bilerak.

Gobernu-Batzordea hiru hilabetetik behin bilduko da gutxienez, eta, nolanahi ere, lehendakariak eskatzen duenean edo Gobernu-Batzordea osatzen duten kideen ehuneko hogeiak eskatzen duenean. Deialdia egiteko epea 48 ordukoa izango da, premia larriko kasuak salbu.

34. artikulua.– Erabakiak.

Gobernu-Batzordearen erabakiak baliodunak izateko, kideen erdiak baino gehiagok egon beharko dute gutxienez, bertaratuta edo beste kide batek ordezkatuta. Erabakiak botoen gehiengo soilaz hartuko dira.

35. artikulua.– Akten liburua.

Gobernu-Batzordeko Idazkaritzak akten liburu bat antolatuko du. Bertan, bilkura bakoitzera joandakoen nahiz ordezkatutakoen izenak, egiten diren bilkuren erreferentzia eta hartzen diren erabakien testuak jasoko dira. Akta horiek idazkariaren sinaduraz eta lehendakariaren oniritziaz baimenduko dira.

36. artikulua.– Funtzioak.

Lehendakariak elkargoa ordezkatuko du ekitaldi ofizialetan edo kudeaketa lanetan, Gobernu-Batzordearen erabakiak beteko ditu, lege-arauek ematen dizkioten ahalmenak eta funtzioak erabiliko ditu, eta kalitatezko botoa izango du, berdinketak ebazteko.

Lehendakariordeek, ordena kontuan izanik, lehendakaria ordezkatuko dute, ez dagoenean edo gaixorik dagoenean.

Idazkariak biltzarrek egiten dituzten bilkuren fede emango du eta aktak egingo ditu, horretarako prestatutako liburuan jasotzeko; beharrezkoa denean, elkargoko idazkiak egingo ditu, lehendakariaren oniritziaz. Ez dagoenean edo gaixorik dagoenean Idazkariordeak ordezkatuko du.

Diruzainak fondo sozialak zainduko ditu eta kobrantzak eta ordainketak egingo ditu, Lehendakariaren "ordaintzeko aginduarekin" eta Kontulariaren "jakinaren gainean nago" adierazpenarekin.

Kontulariak Kontularitza soziala zainduko du, eta Diruzaina ordezkatuko du ez dagoenean edo gaixorik dagoenean, eta alderantziz.

37. artikulua.– Hauteskundeak.

Gobernu-Batzordeko kideak boto-eskubidea duten elkargokideek hautatuko dituzte, bozketaz.

38. artikulua.– Gobernu-Batzordeak elkargoan hauteskundeak egingo direla iragarriko du, berritu beharreko karguen agintaldia amaitu baino hogei egun lehenago, eta botoa emateko eskubidea duten elkargokideen zerrenda argitaratu eta jendaurrean jartzeko aginduko du.

39. artikulua.– Elkargoko zuzendaritza-karguetarako botoa pertsonalki nahiz postaz eman daiteke. Botoa emateko, elkargokideek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Elkargoko obligazio guztiak beteta eduki beharko dituzte.

b) Lanbidean aritzeko etenaldian daudenek ez dute botorik ematerik izango.

c) Kasua bada, diziplina-espedientean jarritako zigorrak beteta eduki beharko dituzte.

40. artikulua.– Hautagaiak.

Elkargokide guztiak hautagai izan daitezke elkargoko edozein zuzendaritza-kargutarako, aurreko artikuluan eskatutako baldintzak betetzen badituzte.

Hautagaien aurkezpena eta karguen hautespena, Kontseiluaren Estatutu Orokorretako 55., 56. eta 57. artikuluetan xedatzen denaren arabera egingo dira.

2. ATALA
BILTZAR NAGUSIAK.

41. artikulua.– Elkargokideen Biltzar Nagusia Elkargoaren organo gorena da. Biltzarrak, estatutu hauetako eskumenak erabiliz hartzen ditu erabakiak, eta horiek lotesleak dira elkargokide guztientzat.

Elkargokideen Biltzar Nagusiaren eskumenak:

a) Estatutuak onartzea eta aldatzea.

b) Ohiko eta ezohiko aurrekontuak onartzea eta horiei dagozkien kontuen berri ematea.

c) Elkargoko ondasunen inbertsio-proposamenak onartzea.

d) Gai profesionalak hobeto aztertzeko batzordeak sortzea, hala behar denean.

e) Gobernu-Batzordeko kideak hautatzea.

f) Gobernu-Batzordeko kideen jarduera aztertzea, onartzea edo, kasua bada, gaitzestea.

42. artikulua.– Biltzar Nagusiak ohikoak eta ezohikoak izan daitezke.

Ohiko Biltzar Nagusia urtero abenduan bilduko da, hala dagokionean Gobernu-Batzordean berritu behar diren karguak hautatzeko. Batzordearen kudeaketa ere aztertuko du, eta bere esku uzten dizkioten gai guztiak ebatziko ditu.

Ezohikoak izango dira Gobernu-Batzordeak egiten dituen gainerakoak. Deialdian agertzen diren gaiak baino ezingo dira aztertu.

Ezohiko Biltzar Nagusiak Gobernu-Batzordeak ebazten duenean bilduko dira, bai eta elkargokideen %20k gutxienez eskatzen dutenean ere. Eskabidean deialdiaren xedea jarriko da, argi eta garbi.

Ohiko Biltzar Nagusien gai-zerrenda elkargokide guztiei bidaliko zaie, hamar egun lehenago, gutxienez.

43. artikulua.– Biltzar Nagusiak balioz eratzeko, lehenengo deialdian, biltzarra osatzen duten elkargokideen erdiak gehi batek egon beharko dute, bertaratuta edo ordezkatuta. Bigarren deialdian, berriz, ez da gutxieneko kopururik beharko.

Elkargokide guztiek boto-eskubidea izango dute, elkargoko betebeharrak eguneratuta badituzte.

44. artikulua.– Biltzar Nagusietara joatea nahitaezkoa da. Hala ere, elkargokideren batek ezinezkoa badu joatea eta behar bezala justifikatzen badu, beste elkargokide bati eman diezaioke bere ordezkotza, idatziz, Kontseiluaren Estatutu Orokorretako 64. artikuluan ezarritakoaren arabera, Gobernu-Batzordeko karguak hautatzen direnean salbu.

Elkargokide bakoitzak ordezkotza bakarra izan dezake.

45. artikulua.– Bozketa.

Eztabaidatzen diren gaiei buruzko adostasunik egon ezean, bozketa egitea proposatu ahal izango du lehendakariak. Bertan dauden elkargokideen botoen gehiengo soilaz hartuko dira erabakiak.

Bozketak hiru motakoak dira: arrunta, izenduna eta boto-txartel bidezkoa.

Bozketa arrunta lehendakariak ezartzen duen hurrenkeran zutituz egingo da: eztabaidatzen den bozketa onartzen dutenak, onartzen ez dutenak eta abstenitzen direnak; bertan daudenen hogeirenak eskatzen duenean egingo da.

Bozketa izenduna honela egingo da: elkargokideak bere bi abizen esan eta "bai", "ez" edo "abstenitu egiten naiz" esan beharko du; bertan daudenen hamarrenak, gutxienez, eskatzen duenean egingo da.

Boto-txartel bidezko bozketa Biltzarrera joandakoen herenak eskatzen duenean edo lehendakariak, Mahaia ados dagoela, eskatzen duenean egingo da, elkargokideen begiruneari eragiten zaiola uste denean.

Elkargokideek botoa posta bidez bidal dezakete, Gobernu-Batzordeak karguak berritzeko hauteskundeen deialdian adierazten dituen arauak kontuan izanik.

V. KAPITULUA
ELKARGOAREN EKONOMIA-ARAUBIDEA.

46. artikulua.– Elkargoaren baliabide arruntak:

a) Korporazioak dituen ondasun eta eskubideen produktuak.

b) Elkargokideek ordaindu behar dituzten sartze-eskubideak, bai eta aldizkako kuotak ere.

c) Aduanako eragiketa ezberdinak oinarritzat hartuz finka daitezkeen kuotak.

d) Elkargoak egiten dituen argitalpenetatik ateratako etekinak.

47. artikulua.– Aparteko baliabideak:

a) Entitate publikoek edo pertsona pribatuek elkargoari emandako dirulaguntzak edo dohaintzak.

b) Ezohiko derramak eta kuotak, Elkargokideen Biltzar Nagusiak ebazten dituenak.

48. artikulua.– Baliabide arruntak eta apartekoak Profesionalen Elkargoei buruzko Legeak eta estatutuetako eta araudietako arauek esleitutako obligazioak betetzeko izango dira soilik.

49. artikulua.– Elkargoak gastuen eta sarreren ohiko aurrekontuak eta ezohikoak, egonez gero, prestatuko ditu urtero.

50. artikulua.– Kontu-ikuskapena.

Gobernu-Batzordeak Biltzar Nagusiari onesteko aurkezten dizkion elkargoaren urteko kontuak bi kontu-azterlarik ikuskatuko dituzte. Kontu-azterlariak Biltzar Nagusira bertaratu direnen artean aukeratuko dira, baina ezin dira Gobernu-Batzordeko kideak izan.

Kontuak berresteko eginbidean, espreski adierazi beharko da kontu-azterlariak ikuskatutako kontuekin ados daudela edo, hala dagokionean, kontuekin zergatik ez dauden ados. Azken kasu horretan, Gobernu-Batzordeari txosten xehatua aurkeztu beharko diote aurkeztutako kontuak zuzentzeko, eta kontuetan aldaketaren bat egiten bada, berriz ere Biltzar Nagusiak onetsi beharko ditu.

VI. KAPITULUA
DIZIPLINA-ARAUBIDEA.

51. artikulua.– Zigorrak horretarako bideratutako espedientearen gainean hartutako erabakiaren indarrez baino ezingo dira jarri, Estatutu hauetan arautzen den prozeduraren eta Profesionalen Elkargoei buruzko Legearen 19. artikuluan ezarritakoaren arabera.

52. artikulua.– Administrazioari dagozkion ahalmenak gorabehera, Legearekin eta ezarritako prozedurekin bat etorriz, Elkargo Ofizialaren aurrean espedienteari hasiera emateko eskumena Kontseilu Nagusiak, Biltzar Nagusiak, Gobernu-Batzordeak eta edozein agente elkargokidek izango dute.

Diziplina-ahalmena:

a) Kontseilu Nagusiari dagokio, ukitutako pertsona Elkargoko edo Kontseiluko Gobernu-Batzordeko kidea denean.

b) Biltzar Nagusiari dagokio, gainontzeko kasuetan.

53. artikulua.– Zigor-espediente guztiak banan-banan izapidetuko dira eta antzinatasunaren eta hasiera-urtearen arabera zenbatuko dira, hurrenez hurren.

54. artikulua.– Nolanahi ere, kargu-orri edo salaketa batez hasiko da prozedura, aurrez aipatutako pertsonek edo erakundeek aurkeztuta, elkargo honen Gobernu-Batzordean.

Ez da izenpetu gabeko salaketarik onartuko.

Gobernu-Batzordeak ageri agerian funsgabeak diren salaketak baztertu egingo ditu, arrazoitutako erabaki batez.

55. artikulua.– Salaketa edo kargu-orria jaso ostean, Gobernu-Batzordeak horren kopia bat bidaliko dio salatuari. Salatuak zortzi eguneko epea izango du erantzuteko, bere eskubidearen alde egokitzat jotzen duena alegatu ahal izango du eta erabiliko dituen proba guztiak proposatuko ditu.

Zitazio edo jakinarazpen oro gutun ziurtatuz egingo da, hartu izanaren adierazpenarekin; espedienteari posta egiaztagiriak erantsiko zaizkio.

56. artikulua.– Salaketa edo kargu-orria erantzunda edo horretarako epea iraganda, Gobernu-Batzordeak, bere kabuz edo alderdiren batek eskatuta, probaldi bat irekitzea ebatzi ahal izango du, gehienez 20 egunekoa, behar diren probak egin ahal izateko.

Probaldi honetan, erruztatuak edozein proba proposatu ahal izango du, bere interesen alde.

Elkargoaren Gobernu-Batzordeak ere ahalmen hori edukiko du, eta gertakariak argitzeko bidezkotzat jotzen duen edozein proba egin dezake.

Epea amaituta, eta doakionari entzun ondoren, Gobernu-Batzordea bildu, eta gehiengoz, hartu beharreko erabakia hartuko du eta Biltzar Nagusiak berretsiko du, zeina arrazoitutako idazki batez jakinaraziko zaion doakionari.

60. artikuluan adierazten den kasuan, ebazpena Biltzar Nagusiak berretsi beharko du, eta Kontseilu Nagusiari eta Administrazio eskudunei horren berri eman beharko die.

Gobernu-Batzordeko kideren bat gehiengoz hartutako erabakiren batekin ados egon ezean, boto bereizi bat eman ahal izango du.

57. artikulua.– Arau-hausteak.

Agenteek egindako arau-hausteak oso larriak, larriak eta arinak izango dira, estatutu hauen ondorioetarako.

a) Oso hutsegite larriak izango dira:

1.– Ezgaituta egonik edo bateraezintasun edo debeku-kausaren batean barne hartuta egonik lanbidean jardutea.

2.– Lanbidean jardutearen ondorioz doluzko delitua egitea, parte-hartze maila edozein izanik ere.

3.– Agentzian benetako langile ez direnei ahalmena ematea; ahalmen horiei eustea, estatutu hauek argitaratu aurretik emanikoak izanda ere; eta lanbidean intrusismoa errazten edo sorrarazten duen beste edozein.

4.– Kontuak eskatzen dizkiotenei, kontu ofizialak aldatuta ematea, justifika daitekeen hutsegitea denean salbu, eskatzaileentzat kalte larriak sortzen direnean.

5.– Aduana-Agenteek, indarrean dauden Estatutuetako 27. artikuluan adierazten den derrigorrezko jakinarazpena egin gabe, beste elkargo bateko barrutian lanbidean jardutea.

6.– Bi urteko epean gutxienez bi arau-hauste larri egitea.

b) Hutsegite larriak:

1.– Lanbideko betebeharrak ez betetzea, lanbide-jarduketa eskatzen edo hitzartzen dutenen kalterako denean.

2.– Elkargoen Legearen 13. artikuluak aipatzen duen derrigorrezko lana ez betetzea, zentzuzko arrazoirik gabe eta behar bezala eskatu arren.

3.– Lehia desleiala eta zintzotasun eza dakarten ekintzak.

4.– Irain larriak egitea lanbide bereko beste profesional batzuen duintasunari nahiz lanbideko gobernu-organoei edo laneko arrazoiengatik berarekin harremanetan diren pertsona edo erakundeei, bai eta beroriei eraso fisikoak egitea ere.

5.– Kontseilu edo elkargo profesionalei nahiz barruko organoei behar bezala lan egitea eragozten dieten ekintzak burutzea.

6.– Eskatzen diren agiriak ez gordetzea, erregelamenduz ezarritako gutxieneko epean.

7.– Administrazioak, Kontseiluak edo elkargo honek agindutakoak bete gabe uztea.

8.– Asegururik ez edukitzea.

9.– Lehenago oso hutsegite larritzat hartuetariko edozein, Gobernu-Batzordearen ustez gertakariek goiko a) atalean barne hartzen den kalifikazioa emateko adina garrantzia ez dutenean.

10.– Bideratze-eragiketak egiteko baimena edo ahalmenak ematea, Elkargoak aurretik oniritzia eman gabe, aduanan aurkeztu aurretik.

11.– Bi urteko epean gutxienez bost arau-hauste larri egitea.

c) Aduanetako Ordenantzek eta Kontseiluko eta Elkargo honetako estatutuek ezartzen dizkioten gainerako obligazioak urratzea hutsegite arina izango da, beti ere arau-hauste larria edo oso larria ez badira.

58. artikulua.– Agente elkargokideek beren ahaldunek nahiz laguntzaileek eginiko oso arau-hauste larriak edo arau-hauste larriak estali egiten badituzte, erantzukizuna izango dute eta arau-hauste larri edo arinei dagozkien zigorrak jarriko zaizkie, hurrenez hurren. Erantzukizun hori izango dute, halaber, Administrazioak, kontseiluak edo elkargoak ohartarazita, ahaldun edo laguntzaile horiekin hartu beharreko neurriak hartzen ez badituzte.

Arrazoi horiengatik eta erantzukizun eta zigor horiek izango dituzte elkargoko agenteek, pertsona juridikoek, beren ordezkariek eta menpekoek Administrazioan duten jarduerari dagokionez.

59. artikulua.– Preskripzioa.

59.1.– Oso arau-hauste larriek hiru urtera preskribituko dute, larriek bi urtera eta arinek urtebetera.

59.2.– Preskripzio-epea araua hausten den egunetik aurrera hasiko da.

59.3.– Zigortzeko prozedurari hasiera ematen bazaio interesatua jakinaren gainean dagoela, preskripzio-epea eten egingo da. Baina zigortzeko espedientea sei hilabete baino gehiagotan geldirik baldin badago eta errua ez baldin bada ustezko arau-hauslearena, preskripzio-epea berriz ere martxan jarriko da.

59.4.– Oso arau-hauste larriengatik jarritako zigorrek hiru urtera preskribituko dute, arau-hauste larriengatik jarritakoek bi urtera, eta arinengatik jarritakoek urtebetera.

59.5.– Zigorra jartzeko erabakia erabaki irmo bilakatzen den egunaren hurrengotik aurrera hasiko da zigorra preskribitzeko epea.

59.6.– Betearazteko jardunbideari hasiera ematen bazaio interesatua jakinaren gainean dagoela, preskripzio-epea eten egingo da. Baina jardunbide hori sei hilabete baino gehiagotan geldirik baldin badago eta errua ez baldin bada arau-hauslearena, preskripzio-epea berriz ere martxan jarriko da.

60. artikulua.– Zigorrak.

Aurreko artikuluetan zehaztutako arau-hausteak, honela zigor daitezke:

60.1.– Oso arau-hauste larriak:

a) 500.001 eta 5.000.000 pezeta bitarteko isuna.

b) Urtebete eta egun bat eta hogei urteren arteko ezgaikuntza, Profesionalen Elkargoei buruzko Legearen 17. artikuluak adierazitakoaren arabera.

60.2.– Arau-hauste larriak:

a) Urtebete arteko ezgaikuntza, Profesionalen Elkargoei buruzko Legearen 17. artikuluak adierazitakoaren arabera.

b) 50.001 eta 500.000 pezeta bitarteko isuna.

60.3.– Hutsegite arinak:

a) Hitzezko edo idatzi bidezko ohartarazpena.

b) 50.000 pezetako isuna, gehienez.

Diru-zigorren zenbatekoa, Legearen 16.7 artikuluaren arabera administratuko da.

61. artikulua.– Errekurtsoak.

Gobernu-Batzordeak diziplinaren alorrean hartutako erabakien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Kontseilu Nagusian, estatutu hauen 13. artikuluan jasotzen denarekin bat etorriz.

Kontseiluak gai horri loturik eta gorabidezko errekurtsoak ebazteko hartzen dituen erabakien aurka, zuzenean errekurritu ahal izango da Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan.

VII. KAPITULUA
GORAIPAMENAK ETA SARIAK

62. artikulua.– Kontseiluaren Estatutuetako 94. artikuluak aipatzen dituen goraipamenak, ezin izango zaizkie Elkargo honetako Gobernu-Batzordean dauden kideei eman.

VIII. KAPITULUA
ELKARGOA DESEGITEA

63. artikulua.– Irungo Aduanetako Agenteen eta Komisio-hartzaileen Elkargo Ofiziala desegin ahal izateko, Ezohiko Biltzar Nagusia egin beharko da, gai-zerrendan gai hori bakarrik barne hartuz, eta Biltzar hori egiten den unean boto-eskubidea duten elkargokideen %75ak onartu beharko du.

Edozein arrazoirengatik Irungo Aduanetako Agenteen eta Komisio-hartzaileen Elkargo Ofiziala desegin egiten bada edo legezko izateari uzten badio, desegiteko unean titular ziren elkargokideen artean banatuko da bertako ondarea, zati berdinetan.

Laguntza publikoak jaso baldin badira, laguntza horien arau erregulatzaileetan adierazten den helburua emango zaie.

Kitapena egiteko prozedura, Eusko Legebiltzarraren Lege batek ezarri beharko duena izango da, indarrean dagoen Elkargo Profesionalen Legearen 31. artikuluak xedatzen duenaren arabera.

IX. KAPITULUA
ESTATUTUAK ALDATZEA.

64. artikulua.– Estatutuak aldatzeko ekimena Gobernu-Batzordeak izango du. Elkargokideek ere aldaketa eska dezakete, eta hori egiteko inskribituta dauden Agenteen ehuneko hogeita bost beharko da gutxienez.

Hartzen diren erabakiak, Biltzar horretara bertaratu diren elkargokideen gehiengo absolutuarekin hartu beharko dira.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Estatutu hauetan pezetari buruz egiten diren aipamenak, Europako Moneta Bakarra indarrean sartzen denean eurotan egindakotzat joko dira, horretarako dagokion trukaneurria aplikatuz.


Azterketa dokumentala