Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

137. zk., 2001eko uztailaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
4094

117/2001 DEKRETUA, ekainaren 26koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko hizkuntza-normalkuntzarako neurriak finkatzen dituena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 35.3 artikuluaren arabera, autonomia erkidegoari dagokio, bere eremuan, Justizia Administrazioko zerbitzura diharduten langileen plazak hornitzea, betiere, Botere Judizialari buruzko Legeak eskumen hori Gobernuari ematen dion modu berberean.

Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduten langileen alorrean Autonomia Erkidegoek dituzten eskumenak Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 455. artikuluan daude jasota (lege hori azaroaren 8ko 16/1994 Legeak aldatu zuen). Bestalde, lege horretako 1. xedapen gehigarriko 2. paragrafoan, ahalmena ematen zaie gai horretan eskumena duten autonomia erkidegoei legea garatzeko egin behar diren araudiak onartzeko.

Konstituzio Epaitegiak 1990eko martxoaren 29an eta 2000ko apirilaren 13an emandako 56/1990 eta 105/2000 epaiek, berriz, mugatu eta zehaztu egin zituzten Botere Judizialaren Lege Organikoak emandako manuak, goian aipatuak.

Eskualdaketetarako Bitariko Batzordeak 1996ko otsailaren 16an lortutako akordioa onartzen duen martxoaren 26ko 60/1996 Dekretuaren bitartez, Justizia Administrazioaren zerbitzura ziharduten langileak EAEko administraziora pasatu ziren, otsailaren 16ko 249/1996 eta otsailaren 23ko 296/1996 Errege Dekretuetan adierazitako eran. Errege Dekretu horien bitartez, Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduten ofizial, laguntzaile eta agenteen kidegoei eta auzitegiko medikuen kidegoari buruzko araudi organikoak onartu ziren hurrenez hurren.

Justizia Administrazioaren jarduerarako behar diren giza baliabideak beren esku dauzkaten autonomia erkidegoek eskumena izango dute beren eremuan dauden organoen plantillak eta lanpostuen zerrendak finkatzeko eta, hala badagokio, baita lanpostuetan jarduteko behar diren funtsezko baldintzak zehazteko ere, horixe xedatzen baitute otsailaren 16ko 249/1996 Errege Dekretuaren 50. artikuluko 1. eta 2. paragrafoek eta otsailaren 23ko 296/1996 Errege Dekretuaren 16. artikuluko 2. eta 3. paragrafoek.

Araudi organiko horiek hizkuntza-eskakizunaren kontzeptua ere sartzen dute langileen estatutuko arauetan, izan ere, euskal herri-administrazioetako hizkuntza normalkuntzako prozesuari buruzko araudira jotzen baitute.

Aipatutako arauak oinarritzat harturik ematen da Dekretu hau, hizkuntza-eskakizunak ezartzeko irizpideak finkatzeko. Hizkuntza-eskakizun horiek Justizia Administrazioko agente, laguntzaile eta ofizialen kidegoetako plantilletan eta auzitegiko medikuen kidegoko lanpostuen zerrendetan ezarriko dira.

Araudiaren printzipio eta ildo nagusiak finkatzeko, kontuan hartu dira Dekretu honen eraginpean dauden kidegoetako langileen estatutuaren berezitasunak. Beraz, euskara jakitea ezinbesteko baldintza denean jarriko zaie lanpostuei hizkuntza-eskakizuna, merezimendu denean, ordea, araudi organikoek diotena beteko da. Hortaz, langileen estatutu juridikoa aldatuz gero, hizkuntza normalkuntzako plana ere berrikusi egin beharko da, behar diren egokitzapenak egiteko.

Ondorioz, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren eta Kultura sailburuaren baterako proposamenez, Aholku Batzorde Juridikoari entzun ostean, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2001eko ekainaren 26an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Dekretu honen helburua zera da, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren hizkuntza normalkuntzarako neurriak arautzea hiru alorretan:

– Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduten funtzionarioen plantilletan eta lanpostuen zerrendetan hizkuntza-eskakizunak nola jarri arautzea.

– Plantilletan eta lanpostuen zerrendetan ezarritako hizkuntza-eskakizunak kontuan hartuta, euskarazko gaikuntza-ikastaroak nola antolatu arautzea.

– Epaitegietako bulegoetan eta fiskaltzetan euskararen erabilera sustatzeko egin beharreko programak arautzea.

II. KAPITULUA
HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAK

2. artikulua.– 1.– Lanpostuak betetzeko behar den euskara-mailari dagokionez, dekretu honen eraginpeko lanpostuei euskal herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen araudiko 2., 3. eta 4. hizkuntza-eskakizunak ezarriko zaizkie, horrela baitago xedatuta Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduten ofizial, laguntzaile eta agenteen kidegoetako araudi organikoa onartzen duen otsailaren 16ko 249/1996 Errege Dekretuan eta auzitegiko medikuen kidegoko araudi organikoa onartzen duen otsailaren 23ko 296/1996 Errege Dekretuan.

2.– Hizkuntza-eskakizuna plantilletan eta lanpostuen zerrendetan jasoko da baldin eta kasuan kasuko dotazioan ezinbesteko eskakizuna bada.

3.– Plantilletan eta lanpostuen zerrendetan horrela jasota dagoenean, beraz, hizkuntza-eskakizuna ezinbesteko eskakizun izango da. Beste kasu guztietan euskara jakitea merezimendu izango da, Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduten ofizial, laguntzaile eta agenteen kidegoetako araudi organikoan eta auzitegiko medikuen kidegoko araudi organikoan ezarritako eran.

3. artikulua.– 1.– Kasuan kasuko araudi organikoan kidego bakoitzari ezartzen zaizkion zereginak kontuan hartuta, hizkuntza-eskakizun hauek ezarriko dira:

Agente judizialak: 2. hizkuntza-eskakizuna.

Laguntzaileak: 2. hizkuntza-eskakizuna.

Ofizialak: 3. hizkuntza-eskakizuna.

Auzitegiko medikuak: 3. edo 4. hizkuntza-eskakizuna, lanpostu bakoitzaren ezaugarrien arabera. Lanpostu bakoitzari zein hizkuntza-eskakizun dagokion lanpostuen zerrendan jasoko da.

2.– Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, 3. edo 4. hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuak betetzeko prozesuetan, eskatzaile batek ere ez badu behar den hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen, dotazioari dagokion hizkuntza-eskakizunaren azpikoa egiaztatzea onartuko da, baina bakar-bakarrik plaza deialdi horretan betetzeko.

4. artikulua.– Justizia alorrean eskumena duen sailak ezarriko dizkie hizkuntza-eskakizunak lanpostuei, betiere, ordezkaritza handieneko sindikatuei kontsulta egin eta hizkuntza politikaren alorrean eskumena duen sailaren irizpena jaso ondoren.

5. artikulua.– Hurrengo kapituluan ezarritako helburuen eta lehentasunen arabera erabakiko da zenbat hizkuntza-eskakizun ezarriko diren Dekretu hau aplikagarri den eremuko plantilletan eta lanpostuen zerrendetan eta nola banatuko diren.

III. KAPITULUA
HELBURUAK

6. artikulua.– 1.– Dekretu honek hartzen duen eremuan hizkuntza-eskakizunak ezartzeko prozesua hamar urteko plangintzaldietan banatuko da, eta horietako bakoitzak 5 urteko bi epealdi izango ditu.

2.– Epealdi bakoitzaren amaieran, justizia alorrean eskumena duen sailak ebaluazioa egingo du eta hizkuntza politikaren alorrean eskumena duen sailak ebaluazioari buruzko irizpena emango du. Emaitzen arabera, administrazioaren baliabideetan lehentasunak ezarriko dira, hurrengo epealdirako helburuak lortu ahal izateko.

7. artikulua.– 1.– Plangintzaldi bakoitzaren amaieran, Dekretu honen eraginpeko lanpostuen dotazioetatik hizkuntza-eskakizuna ezarrita izan behar dutenen portzentajea ez da izango nahitaez bete beharreko indizea baino txikiagoa.

2.– Nahitaez bete beharreko indizea formula honen arabera aterako da: euskaldunen portzentajea + (ia euskaldunen portzentajea/2). Plangintzaldi bakoitzeko kalkulua egiteko, plangintza hasi aurretik egindako azken erroldako edo biztanleria eta etxebizitza estatistikako datuak hartuko dira kontuan, barruti judizial bakoitzean, euskararen jakite-mailari dagokionez.

3.– Hizkuntza-eskakizunak arian-arian ezarriko dira, plangintzaldiko eta epealdiko helburuetan jarritako portzentajeak iritsi arte. Hortaz, justizia alorrean eskumena duen sailak aldiro-aldiro aurkeztuko dizkio Justizia Ministerioari plantillak eta lanpostuen zerrendak aldatzeko proposamenak.

8. artikulua.– Barruti bakoitzean nahitaez bete beharreko indizea barruti horretako organo guztietan ezarriko da, salbu eta Auzitegi Nagusian, probintzia auzitegietan eta dekanotzetan, izan ere, horietan, nahitaez bete beharreko indizea kalkulatzeko, organoa bera ez ezik, horren menpe dauden

zerbitzu komunak eta laguntza zerbitzuak ere hartuko dira kontuan.

9. artikulua.– 1.– Zortzigarren artikuluan aipatutako eremu eta organo bakoitzean nahitaez bete beharreko gutxieneko indizea plangintzaldi bakoitzaren amaierarako beteta ere, hizkuntza-eskakizunak esleitzeko prozesuak ez du zertan bat etorri organo eta eremu guztietan.

2.– Hizkuntza-eskakizunak azkarrago ezarriko zaizkie baldintza egokiak betetzen dituzten lanpostuei, bereziki, erregistro zibiletakoei, jendeari informazioa ematen dioten zerbitzuetakoei, komunikazio egintzen zerbitzu orokorretakoei eta bake epaitegietakoei.

10. artikulua.– 1.– Organo baten barruan edo organoak berak, zerbitzu komunek eta laguntza zerbitzuek osatzen duten unitatearen barruan hizkuntza-eskakizunak zeintzuk lanposturi esleitu behar zaizkien ebazteko, alderdi hauek hartuko dira kontuan:

– Laneko jardueran hizkuntza zenbat erabiltzen den.

– Lanpostuak autonomia handia izatea.

– Laneko jardueran harreman ugari izaten den eta harreman horiek nolakoak diren.

2.– Lanpostu berbereko dotazioen artean lehentasun hauek ezarriko dira:

1.a Dagokien hizkuntza-eskakizuna egiaztatu duten titularren dotazioak.

2.a Hizkuntza-eskakizuna ezartzeko eskatu duten titularren dotazioak. Eskari asko egonez gero, funtzionariorik gazteenek izango dute lehentasuna.

3.a Hutsik dauden dotazioak.

4.a Hizkuntza-eskakizuna egiaztatu beharrik ez duten titularren dotazioak (lehentasuna izango dute titular zaharrena duten dotazioek).

5.a Lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna kontuan hartuta, euskara-maila altuena duten titularren dotazioak.

6.a Titular gazteenak dituzten dotazioak.

7.a Lanpostuan antzinatasun gutxien duten titularren dotazioak.

IV. KAPITULUA
HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAK EGIAZTATZEA

11. artikulua.– 1.– Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduten langileek hizkuntza-eskakizunak egiazta ditzaten ezarritako sistema kudeatzeko, justizia alorrean eskumena duen sailak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak egoki ikusten dituzten hitzarmenak egingo dituzte.

2.– Justizia Administrazioko ofizialen, laguntzaileen eta agenteen kidegoetako eta auzitegiko medikuen kidegoko funtzionarioek Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ezarritako probak gaindituz egiaztatu ahal izango dituzte hizkuntza-eskakizunak. Hizkuntza-eskakizun horiek Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua erregulatzen duten arauetan daude zehaztuta.

3.– Funtzionario horiek aukera izango dute Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko aldiro-aldiro egiten dituen probetara aurkezteko.

4.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko berariazko probak egingo ditu kasu hauetan: Justizia Administrazioko ofizialen, laguntzaileen eta agenteen kidegoetan eta auzitegiko medikuen kidegoan sartzeko edo lekualdatze-lehiaketaren bitartez kidego horietako lanpostuak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren hautaketa probetan, betiere, prozesu horietako oinarrietan ezarritakoaren arabera.

5.– Funtzionarioek egiaztatutako hizkuntza-eskakizunen balioari eta eraginari dagokionez, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan ezarritako araubide orokorra aplikatuko da, dekretu horren bitartez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua.

12. artikulua.– 1. artikuluan aipatzen diren langileek egiaztatutako hizkuntza-eskakizunak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Hizkuntza-eskakizunen Erregistroan jasoko dira.

V. KAPITULUA
SALBUESPEN ARAUAK

13. artikulua.– 1.– Hizkuntza-eskakizuna ezartzen zaien dotazioen titularrei apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 42.etik 52.era bitarteko artikuluetan jasotako salbuespen-arauak ezarriko zaizkie aldaketa batekin: 45 urtetik gorakoen salbuespenari dagokionez, plangintzaldiko epealdi bakoitzaren hasierako adina hartuko da kontuan.

2.– Halaber, hizkuntza-eskakizuna ezarrita duten dotazioen titularrek, aldez aurretik oinarrizko hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta ez badute, bost urtez salbuetsita egongo dira, plantillan edo lanpostuen zerrendan hizkuntza-eskakizuna ezarri den unetik aurrera. Lehenengo paragrafoaren ondorioetarako, salbuespenaldi hori euskal herri-administrazioetan derrigortasun data jartzen denetik data hori iritsi arte dagoen tartearen pareko izango da.

VI. KAPITULUA
EUSKARA IKASTAROAK

14. artikulua.– 1.– Justizia alorrean eskumena duen sailak neurri egokiak hartuko ditu Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduten funtzionarioetatik dekretu honetan aipatzen direnei hizkuntza prestakuntza emateko.

2.– Hirugarren hizkuntza-eskakizunera arteko ikastaroak Helduen Alfabetatze Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) emango ditu. Laugarren hizkuntza-eskakizuna prestatzeko ikastaroak, berriz, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen bitartez emango dira.

15. artikulua.– Justizia alorrean eskumena duen sailak Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritzaren bitartez aldiro-aldiro antolatzen dituen euskara ikastaroetara nortzuk joango diren erabakitzeko, lehentasun-irizpide hauek erabiliko dira:

– Hizkuntza-eskakizuna funtsezko eskakizun duten dotazioetako funtzionarioak.

– Euskara ondoen dakiten funtzionarioak (kidegoari dagokion hizkuntza-eskakizunetik hurbilen daudenak). Horien barruan lehentasuna izango dute euskararen erabilera sustatzeko esperientzia pilotuetan parte hartzen ari direnek.

– Euskara-maila berbera dutenen artean, lantokian antzinatasun gehien dutenek izango dute lehentasuna.

– Euskara-maila eta lantokian antzinatasun berbera dutenen artean, lehentasuna izango dute justizia-alorrean eskumena duen sailak aurreko ekitaldietan antolatutako ikastaroak ondoen aprobetxatu dituztenek.

– Aurreko irizpideak nahiko ez badira, funtzionario gazteenek izango dute lehentasuna.

16. artikulua.– 1.– Justizia-alorrean eskumena duen sailak prestatutako euskara-ikastaroetara joateko baimena eskuratzen duten funtzionarioei hizkuntza-prestakuntzako banakako plana egingo zaie. Plan hori sailak berak burutuko du.

2.– Planak honako hauek jasoko ditu:

– Hasierako euskara-maila eta lortu beharreko hizkuntza-eskakizuna.

– Prestakuntzaldiaren iraupena, hau da, hartu beharreko klase-orduen kopurua.

– Egutegia.

– Funtzionarioaren onespena.

3.– Prestakuntzako banakako planen iraupena bost urtekoa izango da gehienez. Iraupena planean bertan zehaztuko da, kasuan kasu.

17. artikulua.– Justizia-alorrean eskumena duen sailak antolatutako ikastaroetara lan-orduetan joateko baimenak mugatuak izango dira. Hain zuzen ere, Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduten langileek euskara-ikastaroetan parte hartzeko erregimenaren arauetan zehaztutakoa izango da muga hori.

VII. KAPITULUA
BULEGO JUDIZIALEAN ETA FISKALTZETAN

EUSKARAREN ERABILERA

SUSTATZEKO EGITASMOAK

18. artikulua.– Justizia-alorrean eskumena duen sailak euskara sustatzeko esperientzia pilotuak sustatuko ditu bulego judizialetan, organo eta zerbitzu judizialetan eta fiskaltzetan, baldin eta toki horietako egoera egokia bada esperientziok abian jartzeko.

19. artikulua.– Esperientzia horietan, gaitasuna duten eta prest dauden funtzionarioek eguneroko lana euskaraz egingo dute berariaz aukeratutako organoetako bulegoetan. Horretarako, hainbat baliabide eskainiko zaizkie: itzultzaile baten eta hizkuntza-trebatzaile baten laguntza, agiri normalizatuen eredu informatizatuak, laguntza informatikoa, osagarrizko euskara-ikastaroak eta euskarazko terminoen glosategi bat.

20. artikulua.– 1.– Esperientzia pilotu horiek abian jarri aurretik, zein organotan ezarriko diren erabakiko da. Esperientzia abian jartzeko, hortaz, nahitaezkoa izango da organo judizial edo fiskaltza jakin horretan beren lanpostuko zereginak betetzeko adinako euskara-maila duten aski funtzionario egotea eta behar beste dotaziok nahitaezko hizkuntza-eskakizuna ezarrita izatea.

2.– Halaber, neurri egokiak ezarriko dira lana behar bezala banatzeko, erabilera-esperientzietan parte hartzen duten funtzionarioek lanpetuegi egon ez daitezen, hori zigortzea izango bailitzateke.

3.– Esperientzia abiarazteko eta euskararen erabilera sustatzeko neurriak jartzeko, beharrezkoa izango da gobernu-organo eskudunen onespena eta epailearen idazkarien, epaile edo magistratuen edo fiskalen adostasuna.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Dekretu honetan hizkuntza-eskakizunak ezartzeko aurreikusten den lehenengo plangintzaldia Dekretua indarrean jartzen den egunean bertan hasiko da.

Bigarrena.– Hirugarren hizkuntza-eskakizuna lortu arteko euskara ikastaroak antolatzeko eta emateko, lankidetza-hitzarmenak egingo dira Helduen Euskalduntze Berreuskalduntzerako Erakundearekin (HABE).

Hitzarmen horiek helburu hauek izango dituzte:

– Justiziako funtzionarioei ezarritako hizkuntza-eskakizunetako oinarrizko edukiei doitutako programak eta materialak egitea, egokitzea eta homologatzea.

– Justiziako funtzionarioentzako ikastaroak ematea, 2. eta 3. hizkuntza-eskakizunetan eskatzen den gaitasuna lor dezaten.

– Justiziako funtzionarioei autoikaskuntzarako baliabideak eskaintzea, euskara ikas dezaten.

Hirugarrena.– Epaile eta magistratuei, epaileen idazkariei eta fiskalei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Aginte Judizialaren Kontseilu Nagusiak edo Justizia Ministerioak hizkuntza normalkuntzaren alorrean sinatutako edo sina ditzaten hitzarmenetan, 2., 3. eta 4. hizkuntza-eskakizunak hartuko dira kontuan.

INDARGABETZEKO XEDAPENA

Indarrik gabe uzten dira Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduten ofizialen, laguntzaileen eta agenteen kidegoetako funtzionarioek eta auzitegiko medikuen kidegoko funtzionarioek hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko era arautzen duen martxoaren 11ko 49/1997 Dekretua eta dekretu honen aurka dauden gainerako xedapenak, bai maila berekoak, bai beheragokoak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak eskumena izango du dekretu honetan ezarritakoa gauzatzeko eta garatzeko behar diren xedapenak emateko.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2001eko ekainaren 26an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.

Kultura sailburua,

M.ª CARMEN GARMENDIA LASA.


Azterketa dokumentala