Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

115. zk., 2001eko ekainaren 18a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
3402

EBAZPENA, 2001eko maiatzaren 10ekoa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, I. Eranskinean zerrendatutako Bizkaiko Dorretxeak, banan-banan, monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera emateko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena, onartu zen.

I. Eranskinean zerrendatutako Bizkaiko Dorretxe bakoitzak daukan kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkezturiko Ebazpen Proposamenari jarraituz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehena.– I. Eranskinean zerrendatutako Bizkaiko Dorretxeak, banan-banan, monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedienteari hasiera ematea, II. Eranskineko deskribapena eta III. Eranskineko mugaketarekin bat etorriz.

Bigarrena.– I. Eranskinean zerrendatutako Bizkaiko Dorretxeak, banan-banan, monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedientea jendeaurrean jartzea, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, 20 eguneko epea egongo da alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/92 Legearen 84. eta 86. artikuluetan jasotzen denari jarraiki. Aipaturiko espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea, 1, Vitoria-Gasteiz).

Hirugarrena.– Ebazpen hau interesdunei, I. Eranskinean zerrendatutako Bizkaiko Dorretxeak kokatutako herrietako Udalei, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailari jakinaraztea, jakinarazpena jasotzen duten egunaren biharamunetik hasi eta 15 eguneko epean egoki iritzitako alegazioak eta dokumentuak aurkez ditzaten.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak Ebazpen horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2001eko maiatzaren 10a.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea,

IMANOL AGOTE ALBERRO.

I. ERANSKINA
DORRETXEEN ZERRENDA

1.– Traslaviñako dorrea (Arcentales)

2.– Susunagako dorrea (Barakaldo)

3.– Zubiletako dorrea (Barakaldo)

4.– San Estebango dorrea edo Mendiko dorrea (Carranza)

5.– Sangricesko dorrea (Carranza)

6.– Ibargoengo edo Pontongo dorrea (Gordexola)

7.– Largatxako dorrea, Dorre Beltza edo Dorre Errea (Gordexola)

8.– Oxirandoko dorrea (Gordexola)

9.– Urtusaustegiko dorrea (Gordexola)

10.– Zubiete edo Oribay dorrea (Gordexola)

11.– La Jara edo Salcedo de la Jara edo Mayor de Salcedo dorrea (Güeñes)

12.– La Puente edo Romarate dorrea (Güeñes)

13.– Lazkano dorrea (Güeñes)

14.– Memerea dorrea (Muskiz)

15.– Montaño dorrea (Muskiz)

16.– Santelizeseko dorrea I (Muskiz)

17.– Santelizeseko dorrea II (Muskiz)

18.– Garai dorrea (Sopuerta)

19.– La Puente edo Balpardako dorrea (Sopuerta)

20.– Llanoko dorrea II (Sopuerta)

21.– Villa dorrea (Sopuerta)

22.– Garmako dorrea (Trucios-Turtzioz)

23.– Pando dorrea (Trucios-Turtzioz)

24.– Bolonburuko dorrea (Zalla)

25.– Llantada dorrea (Zalla)

26.– Maruri dorrea (Zalla)

II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

1) TRASLAVIÑAKO DORREA (ARCENTALES)

Traslaviñako dorrea Bilbo-Karrantza errepidetik metro gutxitara kokatzen da, Santa Mariaren Parrokiatik eta Linaresko igoeraren hasieratik (Arcentales) hurbil.

Ederki bereiztutako bi zatiz osatzen da, dena den, kronologikoko eta estilo aldetik oso gertukoak dira biak, XVI. mendean egin baitziren. Gotor-etxe bat da eta bertan bizitzeko zati bat gehitu zitzaion eraiki zen unea baino beranduago.

Lau angeluko oinplanoa eta itxura kubiko nabarmena ditu dorreak, lau isurkiko estalkia duelarik. Beheko solairua, bizitzeko solairua eta ganbara ditu, eta harlanduxkoz, hareharriz eta kareharriz aparejatua dago, harri txikiz betetako horma-atal bikoitza eratuz. Ertarotik aldaketa garrantzitsuak jasan ditu eta ondorioz, material eskasagoz konpondutako gune ugari ditu.

Beheko solairuak ez du jatorrizko baoetatik bat bera ere kontserbatzen, ustez, argi-zuloak eta kortako sarrera besterik ez zirenak. Argi-patio bat zeharkatuz goiko sarrera batera irits daiteke lehen solairuko fatxada nagusian, eta gainerako fatxadetan, saieterak eta beranduagoko bao dintelduak daude. Baina, bizitzeko solairu horretako bao zaharretan daude eraikinaren dekorazio-motibo urriak.

Eskuineko fatxadari atxikita jauregia dago eta horren ardatz handia gotor-etxea bera baino handiagoa da.

Bere horma-atalak entokatutako harlangaitzez eginak daude, tamaina aldetik oso irregularrak dira eta hareharria eta kareharria konbinatzen dituzte. Ertzetetan berriz, hareharrizko harlanduxkoz eginiko kate bikoitzak ditu luze-zeharka ipinita. Harlanduzkoak dira ere baoetako ertzak eta ganbarako almenatua.

Beheko solairuak, kortak, dinteldutako bi sarrera moderno ditu eta ez dago jatorrizkoen arrastorik. Lehenengoa da solairu garrantzitsuena eta 88 bat metro karratuko gela batek osatzen du. Gaur egun, kanpotik irits daiteke bertara argi-patio zabal bat zeharkatuta. Horretan eta atzealdeko fatxadan lau arku konopial daude, zertxobait desberdinak eta triangelu alderantzikatuak osatzen dituzten harlanduzko sailen gainean finkatuta. Hormen lodiera dela eta, kanoiak eskartzanuak dira leihoen barnealdean.

Solairu horren gainean, nekazaritza-erabilerako ganbara bat dago. Horren gainaldea zabaldu egiten da soroko produktuak aireztatu ahal izateko.

Arkitektura militar eta etxebizitza-arkitekturako ale ikusgarria de Traslaviñako multzoa. Estilo gotiko-errenazentista du eta XVI. mendean egindakoa da. Goiko areto edo sala duen dorreen tipologiakoa da bere tamainagatik, garitak eduki izana agiri bidez frogatuta egoteagatik eta fatxada berezituetan bi sarrera izateagatik.

2) SUSUNAGAKO DORREA (BARAKALDO)

Barakaldoko udalerrian eta Argalarioko ipar-ekialdean Susunagako dorrea dago izen bereko auzoan.

Eraikin isolatua da, lau angeluko oinplanoa du eta tamaina txikikoa da. Hiru solairu eta lau isurkiko estalkia ditu.

Duela gutxiko eraberritze lanetan emandako luzitupean ikusezin bilakatu da bere fabrika. Arbastutako hareharrizko eta kareharrizko piezak konbinatzen dituen harlangaitzez egindakoa da, eta altuera irabaziaz bat tamaina txikiagokoak diren lerroetan lakar ordenatuta dago. Fatxada nagusian soilik, harrizko blokeak laukian ordenatu dira ertzak eta baoetako azpadurak egiteko.

Beheko solairuan korta-sotoa dago. Kanpoaldera irekitzen da Txaranbeldutako argi-zulo ugariren bidez eta fatxada nagusiaren albo batean jarritako sarreraren bidez. Azken hori bost dobelako erdi-puntuko arku bat da, eta tailarik ez duen eremu konopialeko ezkutu bat tailatu da horren giltzarrian. Geroago, leihatila bat egin zen aurrealde horretan bertan, duela gutxiko berreraikitzean handitu dena.

Lehen solairua, bizitzeko solairua, lau leihoren bidez argiztatzen zen jatorriz, bat fatxadako. Nagusian bao erdibitu bat zegoen eta harlanduzko pieza bakar batean tailatutako erdi-puntuetan iraultzen ziren haren argiak. Bao horrek mainela galdu zuen eta beherantz luzatu zenean balkoi bilakatu zen , hala ere, jatorrian zeukan itxura dauka berriro gaur egun. Solairu horretan bertan, deigarriak dira ere ezaugarri bereko baina tamaina desberdineko bao bi, izan ere, horietako bat baotxo konopial nahasia da eta bestea, hiru gingilduna. Horien gainean ganbara dago, itsua.

Eraikinaren barnealdeko egitura ez da jatorrizkoa, dena dela, alde gutxi dago horren eta igarotzeko solairuen jatorrizko sistemaren artean. Solairuen arteko komunikazioa eskuineko hormari atxikitako eskailera bidez egiten zen, egurrezkoa hasierako mailetan ezik, azken horiek harrizkoak.

Fatxaden arteko hierarkia nabarmena, nagusiaren aldekoa, agerian geratzen da bizitzeko solairuan dauden dekorazio-elementu bereziengatik: ehiz eszena bat erakusten duten zenbait erliebe. Ezkerraldean, lantza batez armaturiko pertsonai bat bereiz daiteke, ehiz-turuta bati soinu eginaraziz; eskuinaldean txerri bat badirudi korrika doala kontrako alderantz; eta bien artean, balkoiaren gaineko beste bi harlandutan, bi buruko suge edo dragoi bat eta txakur bat dituen moldura dago.

Estilo gotiko-errenazentistako eraikina da Susunaga, eta XVI. mendean eraiki zen bere elementu formalek (puntu-erdiko sarrera, leiho konopiala, ezkutua) eta bolazko dekorazioak argi erakusten duten bezala. Bere tipologiaren barnean benetako prototipoa da. Bere izenak horrela esan arren, ez da benetako dorrea, ez bada jauregi-dorre tipologiakoa: tamaina txikiagoa, bi solairu gehi ganbara, sarrera baten bidez eta zenbait argi-zulo bidez irekitako beheko solairua, dekoratutako leihoak bizitzeko solairuan.

3) ZUBILETAKO DORREA (BARAKALDO)

Zubiletako dorrea izen bereko Barakaldoko auzo batean kokatzen da eta hortik bere izena.

Eraikin mota honek normalean izan ohi duen azalera baino handiagoko oinplano arinki trapezoidala zuen jatorrian. Gaur egun, eraiste baten ondorioz, oinplanoak "L" itxura du eta patio bat dauka. Hiru solairu ditu: beheko solairua, bizitzeko solairua eta ganbara. Bi isurkiko estalkia du eta fatxada nagusiarekiko perpendikularra den gailurra.

Entokatuaren ostean gorderik geratzen da aparejua, baina zenbait gunetan laukian eta ordenaturik jarritako harlangaitza ikus daiteke. Harlandua berriz, eskotaz tailaturikoa, baoen ertz eta inguruetarako erreserbatu da.

Beheko solairuak bi sarrera ditu. Fatxada nagusikoa eskartzanua da dobeleria murriztu zitzaiolako altuera gehiago izan zezan. Ezkerraldekoa berriz, zertxobait zorrotza da. Aurrekoez gain bao-sorta osatzen dute barne laprandurako hainbat argi-zulok, leihatila zorrotz batek eta dinteldutako zenbait bao modernok.

Bizitzeko solairuak alde nagusian pilatzen ditu bere elementu interesgarrienak. Sarrerako arkuaren gainean mainelez erdibitutako bao zorrotz bat nabarmentzen da. Bere aurrealde bikoitza hiru piezatan landua dago, janbak eta mainela berriz monolitikoak dira; barlasaia bi harlandukoa da. Barnealdean asentuak dituen kanoi eskartzanu zabal bat dauka. Horrez gainera, patioaren gainean bi sarrera ditu, eta zenbait dinteldutako baorekin batera, solairu horretako bao-sistema osatzen dute.

Gainean ganbara dago. Altuera gutxiko tokia, eta gisa horretako eraikinerako, ez ohiko tamaina duten saietera estu eta luzeen bidez argiztatutakoa.

Barne egitura hainbat aldiz berreraiki da. Zutoinezko sistema erabilita eraikitako igarotzeko solairuak osatzen dute oraingo eskeletoa. Solairu desberdinen arteko komunikazioa egurrezko eskailera bidez egina dago, eta oraindik badirauen saietera txaranbeldu baten bidez argiztatuta zegoen eskaileren ibilbidea.

Estilo gotiko-errenazentistako eraikina da Zubileta eta XVI. mendean eraiki zen. Mediterraneo aldeko jauregien tipologiakoa da, zehaztasun handiz gainera: itxura etzana, sarrerak beheko solairuan zentralizatzeko joera, bizitzeko solairuaren erdibitutako leiho bikoteen bidez irekitako fatxada nagusia, patio baten bidezko sarrera independentea alboko fatxada batera.

4) SAN ESTEBANGO DORREA EDO MENDIKO DORREA (CARRANZA)

San Estebango dorrea, Mendiko dorrea izenaz ere ezagutzen dena, Karrantzako udalerrian kokatzen da.

Praktikoki laukia den oinplanoko eta altuera oso txikiko eraikina da, azken horren ondorioz itxura zapalekoa delarik. Hiru solairu ditu: beheko solairua, bizitzeko solairua edo solairu noblea eta ganbara. Horrez gainera, duela gutxiko lau isurkiko teilatuz estalia dago, eta barne egitura igarotzekoa da, hau ere modernoa.

Bere hormak ondo ordenatutako harlanduxkoz egindako zokaloen gainean finkatzen dira. Aparejua harri-horma ilaratukoa da, kareharri arrezifalezkoa eta tartekatutako hareharrizko piezak dituena. Baoetako ertz eta azpaduretan agertzen dira soilik hareharrizko harlanduak, eta ondo landuak eta luze-zeharka ipinita daude ertzetan. Bere jatorrizko fabrika kontserbatzen ez duen fatxada bakarra atzealdekoa da, eraitsi ondoren, hormigoizko adreilu entokatua erabilita berreraiki zelako.

Beheko solairua itsua da praktikoki. Atzeko aldean zeuden bi argi-zulo txaranbelduak desagertu dira, eta XVII. mendeko eraberritze baten ondorioz, alde nagusiko dobelatutako sarrera du soilik.

Egitura axialeko patioa dago lehen solairuan. Normalean gertatzen den ez bezala, ezkerreko fatxadari atxikia dago. Izatez sarrera dena zazpi dobelako erdi-puntuko arkua da. Janbetan zehar agian luzatzen zen nazela batek zeharkatzen du aurrealdea, gaur egun oso higatua dagoena. Bere kanoia eskartzanua da eta egurrezko orrian finkatzen zituzten gontzak kontserbatzen ditu oraindik.

Alde nagusian gorputz osoko bao bat dago. Zertxobait zorrotza den zortzi dobelako arku estu bat da, giltzarririk gabea. Kasu honetan argi eta garbi luzatzen da janbetan zehar nazela. Tunela ere eskartzanua da eta gontzak ditu, eta teilatu-hegalez babestutako egurrezko balkoi korritu batera doa gaur egun, fatxadako gauzarik nabarmenena delarik.

Badago bigarren solairu bat, ganbara, altuera gutxikoa eta kanpoarekiko itsua, oso gutxiko argi-zulo bategatik ez bada.

XIV. mende bukaeran eraikitako dorre bandokide bati zegokion orube baten kokatuta egon arren, San Estebanen gaur ikus daitekeena ez da dorre bat, ez bada jauregi trinko etzan bat: lau angeluko eta zabalera nagusitzen den oinplanoa, itxura zapala, metro bete baino lodiera gutxiagoko hormak, alboan jarritako beheko sarrera, patioaren gaineko goiko sarrera, ganbara txikia, bizitzeko solairuan leiho dezente..

Tipologiaz gain bere detaile formalak ere kontuan hartuta, XVI. mendean eraiki zela esan daiteke. Izan ere, erdi aroko dorreekin ez bezala, errenazimendu garaiko jauregiekin lotu daiteke erdi-puntuko arkuarekin errematatutako patio axiala.

5) SANGRICESKO DORREA (CARRANZA)

Gaur egun Sangricesko Dorre izenarekin ezagutzen dena San Julian Elizaren iparraldean dagoen eraikin txiki bat da.

Oinplano karratuko eraikina da eta jatorrian zertxobait altuagoa bazen ere, altuera ertaina du. Zenbait gela eta balkoi bat dituen bolumen bat gehitu zaio aurrealdean.

Harlangaitzean aparejatua dago eta akabera handirik eman ez zaien harlanduzko sendogarriak ditu baoetako ertz eta azpaduretan, baita murruzko zenbait horma-atal ere leihoen inguruan.

Hasiera batean bi solairu gehi ganbara zituen. Gaur egun solairu horiek ditu baina beste banaketa batekin: beheko solairuak altuera galdu du eta horrekin batera, solairu noblea eta ganbara behera ekarri dira. Hori horrela izanik, dobela luzeko erdi-puntuko arku zabal bat zeukan beheko solairuak, gaur, ezkerreko aldean eta leiho bilakatua. Gainera, 1540tik aurrera hedatutako eredu errenazentistei jarraitzen dien kartoi-zapata bat ikus daiteke oraingo atzealdeko fatxadan.

Lehenengo solairuan, gaur egungo ezkerreko fatxada (jatorriz nagusia) aurrekoa eta eskuinekoa zulatzen dituzte hiru leiho handik. Horien kanoiak eskartzanuak ziren eta asentuak zituzten, baina takatuta eta zarpeatuta daude.

Solairu horren goiko zatian Matienzotarren armak dituen armarri bat dago. Armarria ertzean egotea modernitatearen erakusgarri nabaria da, eta horren dekorazio-detaileek hori baieztatzen dute. Horrela XVI. mendeko azken herenean kokatzen da eraikina.

Dena dela, argi-sistema guztiz aldatuta dago, dinteldutako leiho handien azpian beste txikiago batzuk baitaude. Ganbarari dagokionez, hau ere behera ekarri da -ganbarako leihatilen eskubanda gisa zeuden harlanduak ikus daitezke oraindik.

Barneko egitura duela gutxikoa da.

Sangricesko dorrea egia esan, XVI mendeko azken herenean eraikitako jauregi-dorrea da eta beraz, guztiz errenazentista den une batekoa. Horren itxura orokorra bat dator gotiko berantiarreko jauregi-dorreekin, baina bere argi-sistema jatorrian, erdi-puntuko sarrera ikaragarri handi eta dinteldutako leiho handietan oinarritua zegoen, ohitura guztiz errenazentista dena.

6) IBARGOENGO EDO PONTONGO DORREA (GORDEXOLA)

Ibargoengo dorrea Ponton auzoan dago, izena zor dion zubitik metro gutxira.

Lau angeluko oinplanoa du eta nahiko altua da, aretorik ez duen eskualdeko dorreen artean, zifra erlatiboetan handiena. Gainera, eraikina metro baten handitzen duen ganbara gehitu zaio. Jatorrian nahiko kubikoa den bolumen horrek hiru solairu ditu, gehi aipatutako ganbara.

Bere hormak irteera gutxiko zokalo bati finkatuta eta tamaina txikiko harlangaitzean aparejatuta daude, laukian jarritako ilara ordenatuko pieza luzez osatua. Baoetako ertz eta azpadurak hareharrizko harlanduz sendotzen dira.

Bao-sistema oso aldatua dago XVII mendean dorrea sakonki aldatu baitzen. Dena dela, jatorriko bao batzuk eta desagertutako beste zenbaiten arrastoak ikus daitezke oraindik. Horrela, beheko solairuko, kortako, eskuineko aldean sarrera zorrotz bat kontserbatzen da. Bertan gainera, hainbat argi-zulo daude, guztiak barnealdera txaranbelduak. Sarrera nagusia, XVII. mendean egindako ate handi dinteldu bat, aurreko aldean dago. Hasierako fase horretatik geratzen da atxikitako harrizko patio bat zeharkatuta ondoren legokeen sarrera baten aztarna, orain ez dago patioaren arrastorik. Oraintsuko esku-hartze baten ondorioz etxeak erdi-puntuko sarrera berria dauka.

Bizitzeko solairua hobeto argiztatuta zegoen. Fatxada nagusiaren ezkerraldean zertxobai zorrotzan den arkudun sarrera-bao bat dago. Harlangaitzez betetako espazio karratu bat zegoen bere giltzarria zenaren gainean, gaur Urrutiatarren armarria dauka.

Goiko gela falta da Ibargoenen, dorre jatorrenen ezaugarri den bizitzeko bigarren solairua. XVII. mendean eraikinaren barnealdea berregituratu zen. Modu horretara, bizitzeko zegoen lehenengo solairu aprobetxatuz eta ganbara xurgatuz, bizitzeko bigarren solairu bat sortu zen. Kanpotik ere itxura aldatu zuen, goialdean piramide itxurako errematedun almena-saila erakutsiz.

Estilo gotiko-errenazentistako eraikina da Ibargoengoa, XVI. mendean eraikia. Aretorik gabeko dorreen eskema jarraitzen du tipologiaren aldetik: itxura kubikoa, ganbararik gabeko bi solairu, baorik ez beheko solairuan eta zenbait leiho lehenengoan, kortako sarrera-bao estua, zenbait hormetan argiztatzeko gezi-leiho altuak.

7) LARGATXAKO DORREA, DORRE BELTZA EDO DORRE ERREA (GORDEXOLA)

Largatxako dorrea Gordexolako Gordexola udalerriko hegoaldeko muturrean dago, Herreriasko ezkerraldean.

Oinplano laukizuzena du, gaur altuera ertainekoa, baina beste garai baten hamahiru metro inguru neurtu eta hiru solairu zituena.

Horren hormak zokalo baten bermatuta daude, eta laukian jarritako eta tamaina erregularreko ilaretan ordenatutako harlangaitzarekin aparejatuta. Baoetako ertz eta azpaduretan aldiz eskotaz landutako hareharrizko harlanduak erabili dira.

Beheko solairua oso itxia da. Izan ere, tamaina desberdineko bi gezi-leiho txaranbeldu dira bao bakarrak eta atzeko aldean daude.

Lehen solairua bizitzeko solairua da. Dinteldutako kofadura batez gain, gezi-leiho bat dauka; harri bakarreko aurrealde, janba eta barlasaia dituen eta zertxobait zorrotza den boa txiki bat; antzeko beste leiho bat, baina apur bat beheratutako erdi puntuko arkuduna; nazelatutako eta soka bikoitzez apaindutako ertzak dituen bao erdibitu zertxobait ojibala; eta fatxada nagusiko sarrera jasoa.

Solairu horren gainean sala gisa erabiltzen zen bigarren solairu bat zegoen. Oso itxia zen, zenbait gezi-leiho eta dobela biz soilik osatutako aurrealdea duen erdi puntuko bao zabala bakarrik baitzituen. Ziurrenik estalkiaren oinarri gisa erabili ziren zuburuak agertzen dira solairu horren gainetik.

Estilo gotiko-errenazentistakoa da Lagartxako dorrea eta XVI. mendearen hasierako urteetan eraiki zen. Goiko sala badirudi oso itxia izan zela, antzinatasunaren erakusgarri.; aitzitik, beheratutako erdi-puntuko baoak eta gainerakoek zertxobait zorrotzak, bizitzeko solairuak dituan kofadura nahiko ugariak eta sokazko dekorazioak aintzat hartuta, nahiko berandu eraiki zen, 1500 urtea baino beranduago ziur.

8) OXIRANDOKO DORREA (GORDEXOLA)

Zubiete auzoaren hego-ekialdean kokatuta, Oxirandoko dorrea "la calzadilla" aldean agertzen zaigu. Alde hori da antzina Artziniega eta Sodupe lotzen zituena, Herrerias ibaiaren eskuineko aldetik.

Eraikinak lauki zuzeneko planta zabala du, eta piramide erako sabaia. Dorrean argi eta garbi nabarmentzen dira gune bi: alde batetik etxe gotikoa edo Oxirandoko dorrea, kubo itxurakoa eta harlandu ederrez amaitutakoa, eta, beste aldetik, jauregia, lauki zuzeneko plantaduna hau, eta bestearen gisara aparejatua, baina errenazimenduko estiloari jarraituta.

orreak, planta ia laukia, eta garaiera handia du, lau solairu eta ganbara baititu. Baoak gisa honetako eraikinetan ohikoa den modura banatzen dira eraikinean. Beheko solairua korta zen, eta sarrera bakarra zuen fatxada nagusiko arku zorrotzean. Geroago beste sarrera bat gehitu zitzaion, baina horiez aparte solairua guztiz itxia zela esan daiteke, nahiz eta leihotxo pare bat ere azaltzen dituen.

Lehenengo solairua bizitzeko erabiltzen zen. Bertan leiho bi dago, dinteldunak, barruko aldera eserlekuak dituztenak. Horiez gain, itxura modernoagoko beste leiho bat ere eta hainbat saietera aurkituko ditugu hemen. Beste dorre batzuetan bezala, honetan ere lehenengo solairuak oso garaiera handia du, eta hori aprobetxatuz, XVII. mendean eraldaketa egin eta bigarren solairu bat gehitu zitzaion. Solairu berriak lau kofadura dinteldu ditu. Horietatik hiru gorputz osokoak dira, eta forjazko kalostra finez babesturik daude. Balaustre hauek ikusgarriak dira, batez ere, eskuineko fatxadako balkoian.

Egongela hirugarren solairuan dago. Lau leiho zorrotz agertzen ditu, eta horietan aurrealdea, leihozangoak eta karela harri bakarrez eginda daude, eta ertz nazelatu eta kanoi zuzenak azaltzen dituzte. Solairu honen gainean dago ganbara almenatua, eta bertan dago teilaturako igarobidea.

Dorrean ikusgarriena eraikineko armarri nagusia da. Palaciotarren armak islatzen dituen tamaina handiko lan honek, grifo bitan du euskarria, eta aldamenetan pilastra ildaxkatu bana azaltzen du. Pilastren gainean triangelu-formako frontoiak buru-hezurra eta tibia bi erakusten ditu. Frontoiaren isurietan irudi etzanak agertzen dira, aingeru bat inguratuz.

Dorreari mendebaldetik erantsita, jauregiak dorrearen garaiera bera hartzen du. Laukizuzeneko plantaduna, dorrearen gisara, honek ere ondo desberdindutako solairuak ditu: beheko solairua, bastardea, bizitzeko solairua eta ganbara.

Beheko solairuak, bere garaian korta zenak, kanporako argi-zulo txiki batzuk agertzen ditu, baina aipagarriena da eraikinaren sarrera nagusia bertan dagoela: kofadura handia, alboranzkoa, dinteldua eta kanoi eskartzanukoa. Ate honetatik igarota, laukizuzen formako gune txiki batera helduko gara. Legarrez egina, gune honetan antolatzen dira gainerako geletarako pasabideak.

Lehenengo solairuan, bastardean, bada hainbat gela, eta horiek kofadura dinteldu batzuek argitzen dituzte, jauregia eraiki zeneko euskarrien gainean.

Bigarrenak aldiz-solairu nobleak, alegia- eraikina etxebizitza ere bazela agerian jartzen du. Horren erakusle dira, esaterako, hormetan zabaldu ziren arku beheratuko leiho ederrak, eserlekudunak. Bestalde, egongela zabal honen osagarri ederra da gaineko solairuan ikusgai den arkuteria.

Arkuteriak erakusten dituen kalitate artistiko eta orijinaltasuna dira, zalantzarik gabe, Oxirandoko multzo honi indarrik gehien ematen diotenak. Forma dotorez eta italiar estiloan taiututa, apaindutako erlaitz batean du hasiera arkuteriak. Erlaitz horren gainean altxatzen dira begiratokiaren balaustrea eta plinto garaiak, eta horiek dira, hain zuzen, zenbait zutabe toskanarren euskarriak. Zutabe horiek, molduraz eta anerez apaindutako sei arku beheratu sostengatzen dituzte.

Loggia edo arku-galeriaz gain, aipagarria da Bizkaiko beste zenbait dorrek bezala, honek ere garitak dituela. Horien apaingarri agertzen dira kubo batzuk, ertzetan, helburu belikoetatik aske, apaintzeko xede hutsa baino ez dutenak.

Jauregiaren inguru guztia hartzen du beste erlaitz batek, eta horren gainean dorrean dagoenaren moduko ganbara altxatzen da. Izan ere, ganbara bien egitura bera dela esan dezakegu: egurrezko zoruak, eta horien euskarri diren habe horizontalak, horma-irtenguneetan eta poste bertikaletan sostengatuak.

Oxirandoko dorrea gotiko berantiarrean kokatu daiteke, eta aretoa duten dorreen ereduari jarraitzen dio. Zenbait elementuk antzina eraikitakoa dela jotzera eramaten gaituzte, hala nola, soilik kofadura zorrotzak agertzeak, saieteren estutasunak, eta armarriak gehiegi landu gabe egoteak. Baina bada motiborik ere XVI. mendearen hasieran altxatutakoa dela pentsatzeko: beheko eta goiko sarrerak fatxada berdinean kokatzea, edota baoen ertzak nazelez apaintzea.

Jauregiari dagokionez aldiz, ez da inolako dudarik: XVI. mendeko erromanismoari segika eraiki zuten, hala erakusten baitute bere osagairik gehienek. Hala ere, zenbait elementu antzinagoko estilokoak dira, besteak beste, alboranzko sarrera, armarriaren xehetasun formalak, kuboak eta arkuteria. Era honetako eraikinetan, benetan preziatzeko modukoa dugu jauregi hau, bai dituen bolumen eta barne banaketagatik, bai eta arkuteriaren bitxitasun eta kalitateagatik ere.

Oxirando arkitektura zibilaren lanetan ederrenetakoa eta adierazgarrienetakoa da, eta horregatik, lehen mailako ondare-elementu jo behar da.

9) URTUSAUSTEGIKO DORREA (GORDEXOLA)

Zaldu ibaiaren ibarretan, erdialdera edo, Urtusaustegiko dorrea dago, zehatz-mehatz ibaiaren eskuinaldean agertzen den aldapatxo baten gainean. Bere fatxada nagusiak Okondotik Soduperako bidera ematen zuen, eta bertan erantsi zitzaion, XVII. mendean, baserri bat.

Eraikin txikia da, lauki formako plantaduna eta ez oso altua. Izatez, eta jatorriz altuxeagoa izan zela badiote ere, eskualde horretako dorrerik txikiena dugu hau. Beheko solairua, bizitzekoa eta ganbara ditu, eta barneko banaketa igarotzeko solairuen egiturari jarraituz antolatu da. Solairu horiek elkarrekin lotzen dira eraikinaren erdialdean dauden egurrezko eskaileren bidez, estilo barrokoan. Teilatua lau isurkikoa da.

Hormen euskarri gisa harlanduzko zokalo txiki bat azaltzen da, eta aparejatuak nahastean agertzen ditu harlangaitza eta tamaina handiko uharria. Eraikin hauetan ohikoa den bezala, ertzak indartzeko harlanduak erabili dira.

Beheko solairuaren fatxada nagusian saietera bat eta arku zorrotzeko ate handia aurkituko ditugu. Azken hau, zazpi dobelez osatua, egun zati baten hormaz estalita eta kareztatuta dago. Solairu honetako gainerako baoak dira estilo modernoko dinteldun ate bat eta hiru leiho.

Bizilekua lehenengo solairua zen. Haren fatxada nagusiak bidera ematen zuen, eta bertan gorputz osoko bao bat dago, arku karpanel estu-estua. Arku honek lehenagoko arku zorrotza ordezkatu zuen, XVI. mendeko eraldaketa baten ondorioz. Arku karpanel horren gainean mentsula pare batek tejaroz bati eusten zioten. Atzealdean arku zuzeneko leiho bat dago, nahiko faktura landu gabekoa, bi dobela erdizirkularrez eta giltzarri lanak egiten dituen pieza txiki batez osatua.

Lehenengo oineko argiztapena osatzeko lau gezileiho zuden zoruaren parean zulatuak, aurrealdean eta atzealdean; eta beste lau gehieago, fatxada bakoitzeko bana, oinaren zatirik altuenean. Gaur bigarren oina argiztatzeko balio dute, baina eraiki uztenean ez zegoen bigarren oinik.

Ganbara garapen gutxikoa da eta zulo dintelatu moderno batzuen bitartez aireztatzem da.

Urtusaustegi eraikuntza gotiko-errenazentista da, XVI. mendea nahiko aurreratua zela eraikia. Tipologiari dagokionez saloirik gabeko dorrearen ezaugarri guztiak ditu, eta elementu interesgarri gisa nabarmentzekoak du arku zorrotzeko sarbidea, hainbat gezileiho eta erdi-puntuko beheratutako arkua duen leihoa

10) ZUBIETE EDO ORIBAY DORREA (GORDEXOLA)

Zubiete dorrea Herrerias ibaiaren eskuineko erriberan dago, izena ematen dion zubiaren ondoan. Zubi horretan elkartzen ziren Okondotik, Zalduan zehar, zetorren bidea eta Artziniega-Sudupe galtzada.

Eraikina bi bloke ezberdinez osatuta dago: batetik, dorrea bera, gotiko-errenazentista estilokoa, eta bestetik, XVII. mendean eraiki zen jauregi barroko modernoa. Jauregia erantsi zitzaion eta, eraikinak "L" itxurako oin-planta hartu zuen. Jauregia txikiagoa da, eta altuera ezberdina dauka.

Dorreak oinplano ia karratua dauka, eta ez da oso altua. Dena dela, areto nagusiko baoak teilatutik hurbil-hurbil daudela kontuan hartuta, pentsatzekoa da eraiki zenean altuagoa izango zela. Hiru solairu ditu, baina banaketa hori ez zaio erabat egokitzen eraikinak jatorriz zeukan barne-egiturari.

Obra harlangaitzez egina dago, eta hareharri arbastatuak erabili dira errekarriekin nahastuta eta ilara irregular eta zakarretan ipinita. Izkinetan eta bao-inguruetan harmailuz landutako kareharrizko harlanduak erabili dira.

Beheko solairuan jatorriz egindako bao bat dago: arku zorrotz zabal bat da, bederatzi dobela irregularrekoa eta giltzarririk gabea; dobelak salmer luzeetan finkatzen dira. Bao hori dorrearen aurrealdean dago, erabat zentratu gabe. Beste fatxadetan dinteldutako hiruna bao moderno daude.

Bizitokia dagoen solairuaren aurrealdean beste bao zorrotz bat dago. Egun, horra heltzeko, erantsitako jauregiko patioxka moderno bat zeharkatu behar da. Solairu horretan dauden gainerako leihoak hauek dira: leiho txiki zorrotz bat, eta beste zazpi bao; zazpiak garai desberdinetan egindakoak dira, baina denak modernoak edo gaur egungoak.

Bigarren solairua, hau da, egongela, berezi-berezia da. Fatxada nagusiaren erdian gorputz bakarreko bao bat dago: zorrotz samarra, estua eta nahiko altua da; dena dela, berezitasun nagusia erradio laburreko dobelak dituen puntu erdiko kanoia da, eskualdean erabat ezohikoa da eta. Horrelako beste bao bat eskuinaldeko fatxadan dago, eta bestea bezala, puntu erdiko tunela eta dobela laburrak ditu, eta bere arkua erradioa baino handiagoa da.

Jauregia fatxada nagusiari erantsita dago, baina hura erabat estali gabe: bi eraikinek angelu zuzena osatzen dute, eta bien artean, plaza txiki bat sortzen da.

Jauregia apaingarririk gabeko eraikina da, eta bertan bizitokiaren beharrizanen nolabaiteko luxua eta nekazaritzako eta abeltzaintzako giroa nahasten dira. Lehenengo estiloari moldaturiko leihoak eta solairu nagusiko armarria dagozkio, eta bigarrenari, aldiz, ataripea osatzen duen arku bikoitza, baserrietan egon ohi direnak bezalakoa.

Jauregia bolumen etzaneko eraikina da, sakonean handixeagoa dena zabalean baino. Harlangaitzez egina dago, eta bao-inguruetan eta, askoz traketsago bada ere, izkinetan harlandua erabili da.

Aurrealdeak bakarrik gorde du jatorrizko itxura. Beheko solairuan, zutabe nagusiaren gainean arku eskartzano bikoitz bat dago; izkinetan kapitel txiki molduratuz errematatutako pilastrek eusten diote. Lehenengo solairuan hiru leiho daude: horietako bi bat datoz behealdeko arkuekin, eta hirugarrena ezkerralderantz alboratuta dago. Dinteldutako baoak dira, apaingarri lauez inguratuak, eta moduratutako barlasaiak dituztenak; barrualdean, tunel eskartzanoa eta eserlekuak dituzte. Ataripeko zutabearen ardatz berean hegazpedun armarri bat dago, Urrutiarren armak erakusten dituena.

Zubiete dorreak hainbat erakin-motatako ezaugarriak biltzen ditu. Egongela dauka, baina hormetako lodierak eta behealdeko sarreraren kokapenak eta zabalerak egongelarik gabeko dorreen ezaugarrietara hurbiltzen du, eta, ziurrenik, patioxkarik izango ez zuenez, pentsatzekoa da dorre-jauregiekin zerikusia duela.

Jauregiari dagokionez, oso sinplea bada ere, joera klasiko italiarren eredu egoki eta goiztiarra da. Joera horiek Gaztelatik, Arabatik hain zuzen, Bizkaira heldu ziren.

11) LA JARA EDO SALCEDO DE LA JARA EDO MAYOR DE SALCEDO DORREA (GÜEÑES)

Jara dorrea izena ematen dion mendiaren tontorrean dago. Toki garai horretatik Kadagoa ibaiaren tarteko bidea ederki ikusten da, baina, era berean, dorrea bera erraz begiztatzen da beheko aldetik.

Dorreak oinplano karratua dauka, eta ez da altuera handikoa. Dena dela, altuera ez da berdina eraikinaren alde guztietan, oso lur-eremu irregularrean eraikita dago-eta. Bolumena kubikoa da: behealdea eta hiru solairu ditu, eta piramide itxurako teilatu batek estaltzen du.

Erabilitako materiala ez da berdina eraikin osoan, solairuaren arabera aldatzen baita. Behealdean, azpatutako bloke handiek xoborrez betetako hormatal bi osatzen dituzte. Lehenengo solairuan harlangaitz txikiagoa eta nahasiagoa dago, baina eraikinak gora egin ahala, kareorea harlangaitzaren lekua hartzen doa; angeluetan erabili diren harlanduak estuak dira, eta behealdean daudenekin alderatuta, bestelako koloreak dituzte.

Kortak bederatzi dobelako bao zorrotz bat dauka eskuinaldean, eta argia goi-goian dauden hiru gezileihoren bitartez sartzen da bertara; hiru gezileihoak goiko forjatuen habeetatik oso hurbil daude, eta euren funtzioa defentsan laguntzea barik, argia ematea da.

Lehenengo solairuak dinteldutako sarrera dauka, eta bertan dinteldutako tunel bat dago patioxka baten gainean; gaur egun arte patioxkan hamabost maila eta eskubanda gorde dira. Atzeko fatxadan, goialdean, gezileiho bi eta gorputz osoko bao txiki bat dago, bost dobelako arku zorrotz samarra duena. Erdiko hiru dobelak luzeagoak dira muturretako biak baino; bostek ertz kamustuak dituzte. Leiho horiek lehenengo solairuaren zoruari dagozkio, baina solairu hori ez zegoen jatorrizko dorrean.

Solairu berri horren gainean, jatorriz, egongela zegoen. Gaur egun ere, zoruaren maila berean zeuden zenbait gezileiho ikus daitezke: bat aurrealdean eta beste bi albo banatan.

Barne-egitura eraldatuta dago, XIX. mendean egin ziren lanen ondorioz.

Gaur egun, La Jara dorreak itxura zapala badauka ere, bere ezaugarri orokorrek (oinplanoa, hormen lodiera, baoen banaketa, bizitokia zegoen solairuaren altuera) eta dokumentazio-datuek adierazten digute egongeladun dorre-ereduari dagokiola. Eraikina 1500. urtean eraiki zen, eta estiloa gotiko-errenazentista da; bertako elementu bitxienak arku zorrozdun sarrera nagusia, alboko patioxka, gezileihoak eta bao zorrotzak dira.

12) LA PUENTE EDO ROMARATE DORREA (GÜEÑES)

La Puente dorrea edo Romarate dorrea izeneko eraikina Sudupeko zubiaren ondoan dago, Balmaseda-Bilbo galtzada eta Artziniegatik, Gordexolan zehar, zetorren bidea elkartzen ziren tokian.

Eraikinean bi bolumen nabarmentzen dira: batetik, dorrea bera, XVI. mendearen lehenengo erdian eraikia, eta bestetik, aurreko erakina, nagusia baino geroago egindakoa (1700. urtean).

Lehenengoak lauangeluko oinplanoa dauka, eta altuera handikoa denez, kubo itxurako bolumen bat osatzen du. Harlangaitz irregularrez egina dago, baina egun zarpeatua azaltzen da; bao-inguruetan eta izkinetan harlanduak erabili dira. Goialdeko almenak harlanduzkoak dira, eta lau isurialdeko teilatu batek estaltzen ditu.

Bolumen horretan lau solairu eta behegaina daude; denetan hainbat bao daude, gehienak dinteldutakoak; batzuetan leihoak dira, eta beste batzuetan sestrako balkoiak. Beheko solairuan ateak daude, bai eta leihoren bat ere, eta behegainean leihotxoak; solairu nagusian sestrako balkoiak azaltzen dira, eta gaineko bi solairuetan leiho gehiago, eta behegainekoak baino handiagoak.

Azken solairuko fatxada guztietan dauden erdiko leihoek oso itxura bestelakoa dute: konopialak eta nahiko handiak dira, eta kanoi eskartzanoak eta eserlekuak gorde dituzte.

Eraikinaren ezaugarri aipagarriena errematea da. Hormen gainean erlaitz bat dago, eta bertan, lapranduran dauden harburu hirukoitzek hegalkin-petril bati eusten diote. Erlaitza harlanduzkoa da, eta garai batean pikatxoiz egindako irudiak zeudelako arrasto nabarmenak daude; hainbat kainoizulo ditu, horietako batzuk alderantziz eraikiak, eta totxo kubiko-piramidaleko almenek ematen diote errematea. Angeluetan almenadun garita hegalkindu bana daude, eta txikiagotzen doazen mentsula angeluarren gainean eskoratzen dira.

Kubo itxurako bolumen horren aurrealdeari beste eraikin bat erantsi zioten: oso bloke sinplea da, bestea baino txikiagoa. Aurrealdean hiru ardatz ditu, eta bloke nagusian erabilitako material berdinez eginda egon arren, angeluetan harlandu luzetxoagoak ditu. Goiko solairuen artean dauden inposta lauetan ere harlanduak erabili dira, bai eta hormei errematea ematen dien molduratutako erlaitzean ere. Erantsitako blokeko baoak dorrekoen antzera antolatuta daude. Fatxadaren erdian, hegazpe baten babesean, La Puentetarren apaindura gutxiko armarri bat dago,

Hasiera batean, La Puente egongeladun dorre bat izango zen; hala ere, 1681ean berriztatua izan zen eta, gaur egun jauregi barrokoa da. Bizkaiko gehienek bezala apaingarri gutxi dauka. Dena dela, besteek ez bezala, honek erdi aroko dorre gotiko berantiarren elementu berezienetako bat gorde du: almenak, alegia.

13) LAZKANO DORREA (GÜEÑES)

Lazkano dorrea Bilbo-Balmaseda errepidearen ondoan dagoen eraikin txikia da. Alde horretan, errepideak bat egiten du antzinako errege-bidearekin.

Laukizuzen itxurako oinplanoa dauka eta altuera ertainekoa da. Bolumenak paralelepipedo etzan baten itxura dauka eta nahiko sakona da. Bi solairu ditu, bai eta ganbara bat ere, ohikoa dena baino goraxego dagoena. Gailur jarraitua duen lau isurialdeko teilatu batek ematen dio errematea; atzealdeko fatxadan dagoen isurialdeak eranskin bat estaltzen du.

Dorrearen harresietan era askotako materialak erabili dira. Aurrealdeko fatxadaren kanpoko aldean harlandua erabili da, eta barruko aldean harlangaitza. Gainontzeko fatxadetan azpatutako harlangaitzak daude ilaretan jarrita. Bao-inguruetan eta izkinetan ondo landutako hareharriak daude. Ikus daitekeenez, fatxadek hierarkia bati jarraiki daude eraikita, eta horrek lotura handiagoa dauka errenazentista estiloko eraikinekin erdi aroko dorreekin baino.

Lazkanoko bereizgarritasun nabarmenetako bat ohiko zokaloa ordezkatzen duen ezponda sendoa da: bi metroko altuera dauka, eta beheko aldean zabaldu egiten da. Bizkaian dagoen bakarra da, eta kontuan hartuta etxebizitza tankerako eraikin batean dagoela, berezitasuna areagotu egiten da.

Beheko solairuan, kortan, leiho bakarra (dinteldutakoa eta modernoa) eta sarrera daude. Sarrera albo batean dago, eta arku beheratu bat da, erradio handiko dobelak dituena (erdiko hirurak erori samarrak). Arkuaren aurrealdean perlez osatutako dekorazio bat dago.

Atari horren gainean eremuko armarri konopial bat dago, Salazartarren sei muturreko hamahiru izarrak erakusten dituena. Armarriaren gainean eduki humanistako idatzi batek dorreko jabeen ospea goratzen du.

Lehenengo solairua bizitokia zen, eta bertan kofadura moderno bat eta leiho-galeria bat dago. Leihoak era askotakoak badira ere, antzeko ezaugarriak dituzte. Aurrealdeko fatxadan dintelatutako leiho bat dago; horretaz gain, badago beste bat beheratutako arku angeluzuzena duena; biek nazelak dituzte ertzetan, bai eta barlasai irtenak eta triangelu itxurako harlanduen gaineko eskubandak ere. Eskuinaldeko fatxadan tankera bereko beste bi leiho daude.

Solairu horren gainean, bi metroko altuerako ganbara bat dago. Argia leihozango monolitikodun bao lakarretatik sartzen da, eta teilatuak dintel-funtzioa betetzen du. Bistan da ganbara nekazaritza eta abeltzaintzarako erabiltzen zela.

Dorrearen barnealdea eraldatuta dago, baina pentsatzekoa da pisu oinkatuen sistema jarraitzen zuela, egurrezko egitura baten gainean jarrita egongo zena.

Lazkano dorre-jauregi erresidentziala da, eta estilo errenazentista badauka ere, formak gotikoak ditu. XVI. mendean eraiki zutela adierazten diguten hainbat ezaugarri ditu: bolumena, erabilitako materialaren hierarkizazioa, elementu militarrik eza, bizitokiaren solairuko baoen ugaritasuna, eta horien nolakotasuna eta dekorazio platereskoa.

14) MEMEREA DORREA (MUSKIZ)

Memerea dorrea izen bereko auzoaren goialdean dago. Kokagune horretatik ia udalerri osoa ikus zitekeen, eta beraz, bertatik pasatzen ziren bide guztiak ere bai.

Oin ia erabat karratua duen eraikina da, zabalera baino luzera zertxobait gehiago duena. Beheko solairua, bizitzeko solairua eta ganbarikoa ditu. Horiek guztiek bi isuriko teilatu batekin estalita gelditzen den kubo zapal bat osatzen dute.

Hormak, baoen eta angeluen azpadurak kenduta, harlangaitzekin eginak daude. Eskotaz tailatutako hareharrizko harlanduek sendotzen dituzte baoen eta angeluen azpaduak beren perimetro osoan.

Beheko solairuan dago, ezkerretara alderatuta, fatxada nagusia. Horixe da eraikinerako sarbide bakarra: eskozia-profil leunezko ertzak dituzten salmer luzeen gainean dagoen bederatzi dobelatako arku zorrotz handia. Ganga eskartzanoa dauka eta atelangarako tartea gordetzen du oraindik.

Beste aldeetan, barrurantz txaranbeldutako bost argizulo, beste bat ezberdina, eta bao dinteldu moderno bat daude.

Lehenengo solairua zen bizitzeko solairua, solairu nagusia. Beheko solairuaren itxitasunarekin alderatuta, lehenengo solairu honek argi asko du. Aurreko aldean, bao–galeria bat izan nahi zuena dago. Aldeetan, berriz, arku-zorrotzaren antza pixka bat duten baoak, janba eta barlasai monolitikoak daude; azken honen ganga eskartzanoa da.

Ezkerreko aldean ojiba antza duen bao txiki bat eta eskailerari argia ematen dion argizuloa daude. Horiez gain, zortzi leiho moderno ere badaude.

Bigarren solairua teilatupe bat da, eta aurreko hastialean bi irekiera besterik ez ditu. Aipatzekoa da azpiko honen azpiko solairuaren erdialdean dagoenaren antzeko bao dinteldua. Bao hau, hala ere, txikiagoa da eta ertz zapalak ditu.

Barne-egiturari dagokionez, eskuineko oinetan eskoratutako pisu oinkatuen sistema jarraitzen du; oin horiek hiru gatzariri eusten diete, eta gatzariek, harresien laguntzaz, gapirioei.

Solairu batetik bestera joateko eskailera atal-bakar bat dago. Aurreko ezker angeluan hasten da eta ezkerreko horma ukituz doa goruntz. Solairu nagusiko gezileiho batetik eskailerako lehenengo zatiraino sartzen da argia.

Memereakoa ez da egiazko dorrea, estilo gotiko-errenazimendukoa duen jauregi–dorrea baizik: bolumen zertxobait zapala du, bi altuera eta ganbera, sarrera eta argizuloekin lortutako beheko solairu irekia, kalitate dezentea duten leiho handiak dituen bizitzeko solairua... Bolumen orokorra eta bao nagusi gehienak gordetzen ditu, eta XVI. mendearen hasieran, eraiki zutenean, fatxadan jarri zioten irudiaren oso berdintsua ere badu oraindik.

15) MONTAÑO DORREA (MUSKIZ)

Montaño dorrea izen bereko mendiaren hegalean dago, eta handik garai batean Barbadun ibaiaren ahoa eta padurak ederki ikusten ziren (egun, bertan findegiak daude).

Laukizuzen itxurako oinplanoa dauka; egun altuera handikoa ez bada ere, bistan dago garai batean altuagoa izan zela, alboetako bao batzuen goiko partea apurtuta baitago. Bolumenak paralelepipedo etzan baten itxura dauka, eta estiloa gotiko-errenazentista da (XVI. mendea). Egun, hiru solairu ditu.

Azpatutako kareharrizko eta hareharrizko harlangaitzez eginda dago, eta denak ilaretan ordenatuta daude. Izkinetan harmailuz landutako hareharriak erabili dira.

Beheko solairuan hiru gezileiho handi daude: eskuineko fatxadakoak garai batean zegoen patioaren aldera ematen du; ezkerreko beste biak barruko aldean beherantza txaranbelduta daude, eta horregatik, defentsarako barik, argia emateko funtzioa zuten. Beste bi leiho daude: bata modernoa da; bestea, berriz, atzeko fatxadan dago, eta estua, zorrotz-zorrotza eta zortzi dobela erradialekoa da.

Egun, beheko solairuaren eta jatorriz bizitokia zenaren artean, tarteko zoru bat dago, eta bertan dinteldutako leiho modernoak daude. Salbuespen bakarra eskuineko fatxadako gezileihoa da, eta bere kokapena kontuan hartuta, uste izatekoa da barruko eskailera argitzeko funtzioa izango zuela.

Egun ganbara dena, garai batean lehenengo solairua zen. Bertan, giro argitsu eta irekia sortzen duten kofadura asko daude. Ganbarara patio txiki baten gainean dagoen ate batetik sartzen da; ate hori zorrotz samarra da, eta zazpi dobela erradial ditu. Atzeko fatxadan bao zorrotz estu bat dago, gorputz osoko balkoiaren funtzioa egiten zuena. Esandakoaz gainera, solairu hori argitzeko hainbat gezileiho eta dinteldutako bao daude.

Barruko egiturari dagokionez, pisu oinkatuen sistema jarraitzen du; dena dela, pisu horiek ez datoz bat jatorrizko solairuekin.

Patioxka dorrearen berezitasun nabarmenetako bat da. Geratu diren aztarnak ikusita, esan daiteke estalitako eskailera bat zela, tartean hainbat pisu zituena, La Quadrakoaren antzerakoa (Gueñes). Eskuineko fatxadan hasten zen, eta han, gezileiho batek zaindutako tunel horizontal bat osatzen zuen. Patioxka aurrealdeari erantsita egongo zen, –beheko solairuan horixe zen fatxada itsu bakarra - eta beste arku batera helduta, eskailera-buru batetik pasatuz, atera iristen zen.

16) SANTELIZESEKO DORREA I (MUSKIZ)

Santelizes eta Memerea arteko pasabide batean dago Santelizes dorrea, Bilbao-Castro Urdiales galtzada Los Vados edo Las Posaderasetik jaisten zen tokian. Toponimoek adierazten dutenez toki horiek Barbadun ekiditeko aukera ematen zuten.

Egia esan, bi eraikin adosatu dira. Jauregi dorrea da jatorrizkoa eta beranduago, XVI. mendean, oin txikiagoko gorputza erantsi zioten atzealdean.

Santelizesek oinplano lauangeluarra eta altuera ertaina ditu, nahiz eta altuera hori jasodura batek aizundu. Jatorriz bi altuera ziren eta hazkundeak ganbara estali bat jartzeko aukera eman zuen, teilatu piramidala zuela.

Hormak askotariko aparailukoak dira: fatxada nagusia harlanduzko hareharria da eta ikus daitezkeen gainerako paretak harlanduxkoak, nahiz eta ezkerreko hormaren zati handi bat harlangaitzezkoa eta oso irregularra izan. Jasodura harlangaitz homogeneoa da.

Behean dago sarrera. Erdi-puntuko arku handi bat da, zortzi dobelakoa, garai batean dinteldua baina duela gutxi biribiltasuna berreskuratutakoa. Altuera horretan dauden gainerako tarteak argiarentzako gezileihoak eta ate moderno bat dira.

Lehenengo oineko alde nagusian argitasun handiko leiho dinteldua dago, iltze-buruak dituen barlasaiak dituela, hauts-babesa eta harlandu bakarrean tailatutako dintela, triangelu alderantzikatua osatzen duten blokeen karela, kanoi eskartzanoa eta asentuak. Beste tarte bat dago berdina baina moldurarik gabe barlasaian, ezkerreko horman, nahiz eta gaur egun zati bat estalita eduki. Ezkerreko pareta horretan bertan ikus daiteke, baita ere, leiho zertxobait zorroztua. Honako hauek osatzen dituzte oin honetako baoak: sarrera patioxka gainean eta hainbat argi dinteldu, egitura modernokoak.

Barruko egiturari dagokionez, XIX. mende amaierako edo XX. mende hasierakoa, pisu oinkatuen sistemarekin jarraitzen du, berrikuntzak izan dituen arren.

Eranskina dorrearen altuera bereko gorputza da baina oinplano txikiagokoa. Bao bat erakusten du zeharkako zortzi dobela dituen erdi-puntuko arkuan, XVII. mendean ohikoa.

Santelizeseko dorrea eraikuntza gotiko errenezentista da eta jauregi dorreen tipologia du erabat. Tarte apaingarriek, eta fatxaden hierarkizazioak eta tipologiak adierazten digutenez, XVI. mendeko bigarren hamarkadako eraikuntza da.

17) SANTELIZESEKO DORREA II (MUSKIZ)

Santelizeseko dorrea izen bereko auzoaren alde batean dago, Barbadunetik gora Galdamesera daraman bide gainean.

Oinplano laukizuzen nabarmena duen eraikina da, altuera ertainekoa nahiz eta txikia dela irudi zabalerarekin alderatuz gero. Bolumena, beraz, oso oso luzanga da. Gorputz luze horrek karga ertaineko horma dauka, eraikina dimenstio bereko bi hormartetan zatitzen duelarik. Hainbat oin dauzka: beheko oina, bizitzeko oina eta ganbara, bi isurkiko teilatu berezi batez estalia.

Fabrikak kalitate handiko aparailua erakusten digu: hareharrizko harlanduak baoen angeluetan eta inguruetan; eta ondo azpatutako harlanduxkoa hormataletan; toki batzuetan harlanduzkotzat ere kalifikatu daiteke. Badaude, baita ere, harlangaitz txikiko aparailua osatzen duten atalak ere.

Beheko oinak hiru sarrera dauzka, baina atzekoa eta fatxada nagusikoa XIX. mendekoak dira. Ezkerrekoa jatorrizkoa da eta, hasiera batean, horixe zen etxerako sarrera bakarra. Tarte eskartzano zabal bat da eta haren aurrealdea inguratuz bola txikiz osatutako sorta bat dago. Giltzarrian Salazartarren leinuko hamahiru izarrak ageri dira marraztuta. Barruan, eskuinetan, bizilekua zegoen oinera zeramatzaten eskailerak, bi trailuko eskailerak, abiatzen ziren Erdi-puntuko erremateak zeuzkan gezileiho batek ematen zien argia. Altuera horretako multzoa osatzeko hiru leiho eta gezileiho moduko hiru argi-zulo daude.

Lehenengo oina zen bizilekua. Atzealdean bi leiho eta bi balkoi zeuden, XIX. mendekoak guztiak. Baina fatxada nagusiak erakusten dizkigu baorik interesgarrienak. Bi leiho handi dintelatu dira, garai batean asentuak izan zituzten eta triangelu alderantzizkatuan dauden harlanduzko karelak dituztela. Leihozangoetako eta dinteleko apaingarriak ezberdinak dira: ezkerrekoek barneratze garatuko oinarri txikietatik abiatzen den bozel lodia daukate, eta eskuinekoek bola-sorta. Bi argi-zulo horien erdian beste sarrera bat dago, patioxka gainean. Sarreraren dintel monolitikoan noizkoa den adierazten da.

Bigarren oina ganbara da eta lau leiho dauzka fatxada luze bakoitzean eta bat fatxada laburrean.

Barruko egitura ez da hasierakoa, baina hasierakoaren jarraipena da. Lau zutiko ditu oinarri. Behean enbor-piramide formako eserlekuen gainean daude eta bozel laurdeneko zapatak dituzte, XIX. mendekoak. Eraikina ezkerretik eskuinera zeharkatzen duen jazenaren euskarri dira.

Eskuineko fatxada babesteko ia bi metroko altuera duen hormatxoa dago. Badirudi garai batean almenatu eta gezileiho txiki batzuk egon zirela. Horien egiteko bakarra ate aurreko plazatxoa mugatzea izango litzateke, nahiz eta haren formak arkitektura militarra ekarri gogora.

Santelizes jauregi dorrea da. Ezaugarritzat du oinplano karratuaren ordez oinplano laukizuzena daukala eta horrek zabalerako jauregi sinplearen itxura ematen dio. Kronologiari dagokionez berantiarra da, zalantzarik gabe. Eraikinaren kontzeptuak berak adierazten du XVI. mendean eraikitakoa dela eta data hori berresten dute bao konopialen, eskartzanoen eta dintelduen erabilerak, bolak apaingarri gisa erabiltzea eta eskaileraren argi-zuloaren kanpoko forma txaranbelduak.

18) GARAI DORREA (SOPUERTA)

Garaitarren dorrea Artegi mendi-mazelan dago. Balmaseda-Castro Urdiales galtzadaren zati polita ikus daiteke bertatik, El Carraletik pasatzen denean.

Oinplano lauangeluarreko eraikina da; nahiko altxaera txikia da eraikin mota horietarako ohikoa dena kontuan hartuta. Oso bolumen kubikoa osatzen du eta, behar bada, jatorrian altuagoa izango zen. Hainbat altuera ditu: beheko oina, lehenengo oina eta saloia, lau isurkiko teilatua duela.

Harlangaitz azpatutako zokalo ia ikustezinean dorrea dago eraikita, material berberekin. Baoen eskantzu eta azpaduretan harlanduz aparejatuta dago baina ez oso ondo akabatua.

Beheko oinean ez daude hasieran egon ziren zirrikituak. Egia esan, bao bakarra pasabide dinteldu zabal bat da, baina desagertutako dobela batzuek gainean utzi duten mailagain erdizirkularrak adierazten du jatorrian arku bat izan zela. Behar bada erantsitako eraikuntzen azpian egongo dira argia emateko gezileiho batzuk, baina gaur egun ezin dira ikusi.

Patioxka batetik zehar hel daiteke bertara. Jatorrian tejaroz batek estaliko zuen, fatxadan dauden gakoz eutsitako mentsula pare bat ikusten baitira, eusteko prest.

Erdi-puntuko arku batetik sartzen zen dorrera. Oraindik jatorrizko kokapena eta egoera gordetzen ditu baina ezin da ikusi papereztatuta dagoelako. Silueta baino ez da ikusten.

Oin honetako gainerako baoak gezileiho txaranbelduak dira, goiko angeluetan bozel laurdeneko mentsulak dituztela. Bat fatxada nagusian dago, patioxkaren gainean,bi atzekoan eta beste bi ezkerrean. Denak dira zuzenak.

Sala duten dorreetan eskuarki gertatzen ez den bezala, Garain lehenengo oina altuera txikikoa da eta, horrenbestez, ez ditu ohikoak izaten diren argi-zulo altuak behar argia sar dadin.

Goiko salan, argia beste hiru gezileihotatik eta bi bao handiagotatik sartzen da; gezileiho hauek aurreko gezileihoen berdinak dira. Eskuinaldekoa gorputz osoko hutsunea da hamahiru dobelako erdi-puntuko arkuarekin, kanoi eskartzanoa duela. Giltzarri gainean eskudete konopiala dago, Garaitarren armekin.

Ezkerreko fatxadan leiho bat dago, erdi-puntukua hau ere, zortzi dobelakoa eta zabalera irregularrekoa. Kanoi eskartzanoa dauka, laprandura pixka batekin eta bozel laurdeneko mentsulaxka pare bat alboetan, asentu gisa. Zoru-mailaren gainean dago kokatuta eta bertara sartzeko hiru harmailatxo daude.

Garaitarren dorrea estilo gotiko-errenazentistakoa da, 1500 ingurukoa. Motari dagokionez goian saloia daukan dorrea da, baina baditu hainbat bereizgarri, hala nola, lehenengo oinaren garapen eskasa edo bao gutxi bizilekurako saloiean. Bizkaian gordetzen den dorre hermetikoenetakoa da.

19) LA PUENTE EDO BALPARDAKO DORREA (SOPUERTA)

Balpardako dorrea El Carral auzoko sarreran dago, Sopuertako udalerrian, gaur egungo errepideak estalita geratu den Balmaseda-Castro Urdiales galtzadaren ondoan.

Gaur egun bolumen kubikoa da gutxi gorabehera, baina hasiera batean askoz ere baxuagoa izan zen. Beheko oina, bizilekutarako oina eta hainbat jasodura dauzka, hirugarren oina osatzen dutelarik ganbara baten modura. Lau isurkiko teilatuz estalia dago.

Fatxadetan hainbat fabrika ikus daitezke, partehartze anitz izan dituela adieraziz. Lehenengo bi oinak uniformeak dira eta hareharrizko harlangaitza eta kareharria dute akaberan. XVII. mendean egin zitzaion zabalkundean, zabalkunde garrantzitsuenean, ia beste metro bat harlangaitz oso irregularra erantsi zioten, mortero oso buztintsua zuela. Harlanduak, hareharrizkoak eta ondo eskuairatuak, baoetako eskantzu eta uztaietan daude, eta bai saloiko leihoen hormataletan ere.

Behean arku formako sarbidea egon zen, oraingo alde nagusian, baina haren dobelak atera egin zituzten berritu zutenean, haren ordez dintel dobelatuko pasabide bat instalatzeko. Oin horretako argiztapena osatzeko gezileiho bat dago, oso alboratua, hainbat argi-zulo eta hiru leiho.

Egoitzetarako oina izan zen berrituena XVII. mendean. Gaur egun bederatzi leiho dauzka alboetako eta atzeko aldeetan eta bi balkoi berdindu aurreko aldean. Hasierako multzotik bi gezleiho alboratu gordetzen dira atzeko aldean eta beste bat eskuinean, eta bai bi argi-zulo altu ere, bitxiak batzuk: paldozko bost kanoizulo eta bi gezileiho.

Bao horien gainean dago lehenengo aparailu-aldaketa, hiru eraikuntzekin hazita dago eta. Jatorriz saloirik gabeko dorrea zela dirudi eta, geroago, atalik altuena erantsi zitzaiola.

Jasodura hauetatik lehenengoa ganbararen zabalkuntza da. Kanpotik harburu-ilara batera heltzen da bozel laurdenean, eta horrek adierazten du une batean hori izan zela etxearen goiko muga. Gune horretan argi-zulo zabal bat eta bi kanoizulo berri daude.

Bigarren eranskinean hormak estutu egiten dira. Ganbara saloi bihurtu zuten, zalantzarik gabe. Orduan irekitako baoak bi konopio eder dira, aurrealdea eta estradosa bi baketoiez zeharkatua, barneratzeko oinarritxo baten gainean. Horien artetik pasatzen da tetrafoliak dituen tutuerdia. Barlasaiek molduratu konkaboa dute, lore eta pometarako. Alfiz konopialez inguratuta dago, poligono-basoetako mentsulen gainean, lore-apaingarri gehiagorekin dena. Albanegetan eskudete konopialak daude IHS anagramarako, letra gotikoetan, eta behean, Alcedotarren armak. Hori guztia ondo eskuairatutako harlanduzko hormatalean sartzen da. Leiho aipagarri horren gainean beste harburu-ilara bat, teilatuaren hegalkina eusteko, alde honetan luzeagoa baita, leihoa babestu ahal izateko.

Hirugarren jasodura, harlangaitzezkoa, XVII. mendean eraiki zuten. Orduan berritu zuten, baita ere, barruko egitura: egoitzetarako oinak altuera galdu zuen, saloitik zorua jaitsita, eta behin betiko ganbara bihurtu zuten.

Balpardako dorrea estilo gotiko-errenazentistako eraikina da, XVI. mendean egindakoa. Jatorrian saloirik gabeko dorrea izango zen baina, hainbat obraren ondoren, benetako saloi eta guzti gelditu zen, bi leihoz argiztatutako saloia. Esan daiteke leiho horiek Bizkaiko dorreetan aurkitutakoen artean ikusgarrienetakoak direla. XVI.mendeko lehenengo bi hamarkadetakoak dira.

20) LLANOKO DORREA II (SOPUERTA)

Llano Ietik metro gutxira, bide zaharrari begira, Llano II dorrea dago. Tradizioz eraikin militar batekin identifikatu izan da.

Oinplano sakonekoa da, garapen bertikal txikikoa eta, horrenbestez, paralelepipedo etzanaren formako bolumena du. Hiru altuera ditu: beheko oina, bizitzeko oina eta ganbara; gailur jarraitua duen lau isurkiko teilatu batez estalia.

Irteera gutxiko zokalo batean amaitzen dira hormak. Harlangaitzez azpatua, kareharrizko eta hareharrizko piezak dauzka konbinatuta, burdinazko toba ugarirekin, etxebizitzarako oinaren fatxada nagusiaren aldean izan ezik, hor harlangaitza hareharrizko harlandu luzez forratuta dago eta. Izkinetan eta baoetako inguruetan dago harlandua.

Behean dago etxerako sarbide bakarra, arku zorrotz handi bat, gaur erdi-puntuko arku bihurtuta eskuin aldetik nabarmen zabaldu dutelako. Zortzi dobelakoa da, giltzarririk gabea, eta ertz zorrotzekoa. Oinaren gainerakoa hainbat leihotxo dintelduren eta gezileiho txaranbeldu pare baten bitartez argiztatzen da.

Etxebizitzatarako oinak bi leiho dinteldu dauzka fatxadan, harlandu handiz zehaztuta eta barlasaiez babestuta. Barlasaien molduran gola eta listela daude. Kanoiak eskartzanoak dira eta asentuak dituzte. Etxearen aurrealdeko heren osoa betetzen zuen saloierako ziren. Oin honetako gainerako tarteak dintelduak dira.

Ganbara altuera gutxikoa da, oso hermetikoa. Garai modernoetan sarbide zuzena jarri zioten kanpotik, pasabide dinteldua, gaur tapiatua, ezkerraldean. Baina jatorrizko argiak dira alde nagusiko bost almenak.

Fatxadan, ezkerreko leiho dintelduaren gainean, armarri konopial zatitua dago, Salazartarren hamahiru izarrekin ezkerrean era Salzedotarren bost panelarekin hiru zitori horiren gainean, eskuinean. Armarriaren azpian hau dago idatzita, gotiko itxurako hitz larritan: "ESTA ES LA TORE I CASA INFAN/ZONA DEL LINAJE DE LLANO".

Tradizioz dorre sailkapena eman dioten arren, dorre jauregi ezaugarriak ditu: bi altuera eta ganbara, beheko sarbide alboratua, serean jarritako leihoak fatxadan, nahiz eta sakonera handikoak izan. Nahiz eta formazko xehetasun batzuk nabarmen arkakikoak izan, hala nola, arku zorrotzak, XVI. mende erdialdeko eraikuntza da.

21) VILLA DORREA (SOPUERTA)

Villa dorrea Sopuertan dago.

Bolumen luzangako eraikina da. Beheko oina, lehenengoa eta gailur jarraituko lau isurkiko teilatuz estalitako ganbara dauzka. Harlanduz aparejatzen dira haren hormak, harri-horma ilaratuekin. Izkinetan harlanduak dauzka, baoen ingerada eta hormatala sarbidearen eta hurbileneko angeluaren artean.

Behean dago etxerako sarbide bakarra, alde nagusian alboratua. Hamaika dobela irregularreko arku zorrotza da eta kanoi eskartzanoa dauka. Gainera, gezileiho ugari daude oin honetako argiztapena osatzeko.

Lehenengo oinean ohiko leiho-galeria dago. Kasu honetan bi bao konopial dira, aurrealde, janba eta barlasai monolitikoak dituztela, alderantzizko triangelu formako karela, eta kanoi eskartzanoa eta asentuak. Ezkerrekoa handixeagoa da; ertzetan bi perla korda dauzka eta barlasaia poma handiekin apaindua. Eskuinekoan perla txiki ilara bat besterik ez dago eta barlasaiko bolak ere txikiagoak dira. Atzealdean bao moderno dintelduak daude.

Oin honetako zatirik altuenean hainbat gezileiho daude, altuera ezberdinetan jarrita. Fatxada nagusiaren ezkerraldean beste bat dago ez oso altua, eskailera-kaxari argia emateko. Eskuinean beste bat berdina, argi-zulo altua, benetako dorreetan bezala. Funtzio berbera izango zuten atzealdekoak eta ezkerrekoak. Ezkerrekoak kanpoko ertz nazelatuak dauzka.

Gainean ganbara dago eta hainbat gezileiho ganbara aireztatzeko.

Barruko egitura berritu egin dute, baina oinkatutako pisuz osatua dago zutikoen gainean eta hormetan higadurak dauzka.

Izena hala izan arren, Villa ez da dorea, jauregi dorrea baizik: bolumen zanpatua, bi altuera eta ganbara, behealdea sarbidearekin eta argi-zulo batzuekin irekita, etxebizitzarako oinean leiho apainduak daude fatxadarik publikoenean... Bolumen orokorra bere horretan dago eta hutsune nagusi gehienek ezin hobeto gordetzen dute XVI. mende hasierako euskal mendiko jauregitxoen irudia.

22) GARMAKO DORREA (TRUCIOS-TURTZIOZ)

Cuetoko bidea hasten den zubitik atera, eta hortxe dago Garmako dorrea.

Eraikin zabala, oina sakon xamarra du eta kubo baten itxurakoa gutxi gorabehera. Orain, hainbat eraikin ditu erantsita, inguru guztian. Horregatik, bi alde bakarrik ditu agerian, aurrealdea eta eskuinaldea. Solairu bat baino gehiago du: behekoa, bizitokia eta ganbara, eta, gainean, piramide itxurako teilatua, lau aldetakoa.

Hormak harri kontzertatuz eginak, oso irregularrak, eta, angeluetan, harlandu luzeak oso, eta baoen inguruan, berriz, oso handiak.

Beheko aldeak bi irteera moduko ditu, jatorrizkoak, kanpora zabalik. Aurrealde nagusian, arku itxurako sarrera bat du, baina gaur egun dintela dauka eta puntu erdiko trasdosa, ezkerraldera emanda. Eskuinean, leiho dinteldun bat, harlandu handiz egina eta barlasai molduratua. Beste zulo berriago batzuk ere baditu.

Bizitzeko solairua da bitxiena. Eskuinaldean, hiru leiho ditu, harlandu doi-doiez eginak alde guztietan, barlasaiak bozel itxuraz modelatuak eta eskubandak buruz beherako hiruki itxurakoak, nahikoa irregularrak. Erdikoa da aipagarriena: teilatutxo ahur itxurako batek babesten du; ertzetan eta dintelean bozel bikoitza du, ointxo sarkor batzuetatik abiatzen dena.

Bigarren solairua berria da, bizitzeko solairua oso altua dela-eta, horixe aprobetxaturik egina. Aurrealdera zulo batzuk baditu, eta eskuinaldean argizulo pare bat, nahikoa zabalak, XIX. mendeko berritze-lanetan eginak, itxura batean.

Ganbaran bi konopio ditu, bat aurrealdera eta beste eskuinera. Eta, azken horren ondoan, kanoizulo bat, zulo eta zirrikituduna.

Garmako dorrea gotiko-bizkundeko eraikuntza da, XVI. mendekoa. Aretorik gabekoen motakoa da, baina oso berandukoa. Arkudun baoak konopiokoak edo puntu erdikoak dira denak, eta dinteldunak, berriz, oso garatuta daude. Alboko erdiko leihoko teilatutxoa, baketoietako sarguneak, balkoietako leihozangoetako biletetxoak eta konopioak direla-eta, mende horretako lehen herenekoa dugu dorre hau.

23) PANDO DORREA (TRUCIOS-TURTZIOZ)

Pando dorrea Aguera ibaiaren ibarrean dago, ezkerreko ertzean. Fatxada nagusiak bidera eta eguterara ematen du, eta bai herrigunera ere. Izan ere, oso hurbil dago herrigunea.

Esan daiteke bolumen kubikoko eraikina dela, eta hasieran orain baino metro bat gutxiago eduki zuela. Hainbat altueratan zatituta dago: beheko oina, lehenengoa, bizitzeko oina eta ganbara; lau isurkiko teilatu batek estalia dago.

Hormak hareharrizko eta kareharrizko harlangaitzez osatuta daude, neurri txikikoak dira, karratua eta ilaratua. Ondo landatuako harlandua dute izkinetan eta tarteetako ingeradatan; eta bai hormatal txikiak ere, sarbideen eta hurbileneko angeluen artean.

Beheko oineko ezkerraldean hiru argi-zulo dauzka, nahiko handiak eta altuak, eta sarbide bat eskuinean, gaur arku eskartzanoa duela gutxi egindako berrikuntza baten ondorioz. Baina jatorrian erdi-puntukoa izan zen. Beste pasabide moderno bat ere badago, dinteldua eta faktura baldarrekoa, patioxkak babestua.

Lehenengoan sarbidea dago, hamar dobelako erdi-puntua, kanoi eskartzano eta guzti. Oin honetako argiztapena osatzeko bao dinteldu bat dago, tapiatua, beste tarte dinteldu modernoa, sei gezileiho eta beste zortzi bao moderno.

Etxebizitzarako oinaren goialdea bigarren oin bihurtua dago, baina oraindik ere badauka saloia argiztatzen zuen argi-zulo altu bat. Kanpoaldean, fatxada nagusi aldean, bozel laurdeneko bi zuburu zeuden, teilatuaren aurrealdeak aurrerantz egiten zuenez, horri eusteko seguru aski. Horrela ekiditen zen ura patioxkara erortzea egun euritsuetan eta itzala ematen zuen egun beroetan.

Ia ganbara osoa jasodurari dagokio.

Pando dorrea gotiko-errenazentista garaiko eraikina da. Saloirik gabeko dorre motakoa da eta, horien artean, oso berezia. Formazko xehetasun hauek dituelako da berezia: erdi-puntuko arkua, bileta eta bola apaingarriak. XVI. mendekoa da.

24) BOLONBURUKO DORREA (ZALLA)

Bolonburuko dorrea Kadaguako meandro batean dago, malkar baten gainean, eta, azpian, mendean ia, lehengo errege-bidea –herriko bide bat gaur egun-, Santa Ana ermita eta burdinola handi baten hondarrak ditu.

Oina lauki itxurakoa du. Dorrea bera ohi baino luzeagoa da, eta bolumena kubikoa da ia erabat. Aurrealdean, gero, beste eraikin bat erantsi zitzaion, patioxka babesteko. XVII. mendean, eraikin erantsi hori bizitoki bihurtu zuten, eta ezkerraldean beste pabiloi bat eraiki zuten.

Gaur egun, dorreak lau solairu ditu: beheko ukuilua, bizitzeko bi solairu eta ganbara. Hareharria da gehiena, eta angeluetan eta bao inguruetan harlanduak ditu, ondo amaituak.

Beheko solairuak oraindik ere hasierako sarbidea dauka. Arku itxurakoa zen, eta, oraindik ere hortxe daude janbak eta horman giltzarriak utzitako arrastoa. Baina XVII. mendean dorrea berritu, eta giltzarri horiek kendu egin zituzten. Haien ordez dintela jarri zuten, hau da, leiho geminatu bateko erroska harribakarrekoa, puntaduna pixka bat, nazelatua. Ate horren bi aldeetan gezileiho bana zegoen, babes itxura emateko: egiatan, barrutik estuegiak ziren ezertarako.

Solairu horretan bertan, badira beste lau gezileiho (hiru estu-estuak), eta baita argizulo berri bat ere. Horietako batek dorretik lehengo patioxka babesteko eraikinera eramaten gaitu (orain ez dago patio hori).

Sarrera nagusia zena lehenengo solairuan dago, bizitzeko horretan: puntu erdiko arku bat, gaur egun paperez estalia dagoena, eta han amaitzen zen patioxka. kanpoko ezkerreko aldean kanoi eskartzano handi bat dago. Gaur egun atea da, XVII. mendeko erantsira eramaten duena, baina garai batean leiho aulkidun bat behar zuen izan. Eskuinaldean leiho berri batek tunel eskartzano bat dauka, harlanduz egina. Azkenik, atzeko aldean murruarteka altu bat izan zuen garai batean, gaur egungo teilatuko mugan. Orain itxita dago, sukaldeko leihoa zabaldu zenez geroztik.

Gorago, bizitzeko beste solairu bat dago, berritze-lanetan erantsia. Hainbat leiho eta balkoi dago, eta horien artean, bada bao bat ere, apuntatua pixka bat, nazela handikoa. Atzeko hormari erantsita bazen eskailera bat bizitokitik gaur egungo ganbarara eramango zuela, eta bao hori eskailera argitzeko izango zen.

Ganbara baxua da, eta, argia sartzeko, fatxada bakoitzeko bina gezileiho ditu. Barrualdera txaranbelduta eta kanpoaldera oker-oker eginik daude.

Aurreko fatxada baino lehenago beste eranskin bat dago. Eraikin garai bat da, paiotxoa babesteko egina. Berezia da. Bizkaian bakana garai hartan. Lehenik eta behin –azal ditzagun berezitasunak-, oin laukizuzena dorrea baino zabalagoa da eta ezkerretara irtenago dago, beheko solairuko atea babesteko behar bada, kanoizulo bat baitu hara begira. Beste alde batetik, eskailera ez da eraikin betekoa, ohikoa den moduan, bestela ezinezkoa izango baitzen bi kanoizuloak (zulo eta zirrikitukoak) eta gezileiho bat zabaltzea aurreko hormako beheko aldean. Horrela, benetako patioxka bat sortzen zen, lurreko terraza osatzen duen estereobato baten gainean. Harladuzko horma-zati batean bazegoen arku itxurako sarrera bat, apuntatua pixka bat, eta handik sartzen zen.

Pabilioi hori oso garaia zen, eta bizitzeko solairuko zati bat ere hartzen zuen. XVII. mendean, harrizko eskailerak kendu, eta eranskinari lurra jarri zioten, eta, horrenbestez, beheko solairua ukuiluaren beste zati bat bihurtu zen, eta goikoa, berriz, bizitzeko egokitu zuten. Goiko horretan, bao batzuk behar ziren, argi pixka bat sartzeko eta solairua txukuntzeko nolabait, eta, horretarako, aurreko horma-zati bat kendu, eta haren ordez, egurrezko tramaketa bat jarri zuten, harriz eta adreiluz betea, eta, han, hainbat leiho eta balkoi bat zabaldu zituzten.

Aldaketa horiek egin ziren garai hartan bertan, ezkerreko fatxada gainean hegalkin bat eraiki zuten, eta hori dela-eta, beheko ateko dintela dela-eta, eta eskailera dela-eta, alde hori etxeko alde nagusia bihurtu zen, ordura arte beste bat izan bazen ere.

Eraikina berrituta dago barrutik, baina hala ere, itxura batean, lehengo egitura hormetako bi irtengune-sailen gainean eraikia izango zen. Bata, bizitzeko solairuaren parean dago, eta, bestea, ganbararen parean.

Bolonburu dorrea gotikoa-bizkundekoa da estiloz. Bolumena, hormen lodiera eta barrualdea nola antolaturik dagoen ikusita, eta bi sarrera dituenez, bakoitza alde batean, aretorik gabeko dorreen motakoa da garbi. Oina handia du, baoak gutxi apuntatuak (patioxkakoak puntu erdikoak dira ia), eta nazelak nabarmenak. XVI. mendekoa behar du izan, honenbestez.

Baotako batzuk galduak ditu, baina lehengo bolumen bera du, eta sarrera-irteeretako batzuk ere bai. Beste osagai batzuk XVII. mendekoak ditu, nahiko interesgarriak gainera, hala nola, eskailera, bebarruko enkatxoa edo patioxkako itxitura.

25) LLANTADA DORREA (ZALLA)

Llantadako dorrea Sollanora doan bidearen hasieran dago, Zallan.

Oinplano ia karratuko eraikina da, eta altuera gutxikoa; daukan itxura, beraz, nahikoa zapala da. Bi solairu, ganbara eta lau isurialdetako teilatu berria dauzka, bestalde, barnealdeko zuraje-egitura du.

Hormak hare-harriz eta orez egindakoak dira, mortairu ugariz estalita, eta kantaletan, harlanduzko sendogarriak ditu. Ganbarako eraikuntza beste era batekoa da, batez ere kantaletan, behealdea baino beranduago eraiki baitzen.

Gaur egun lehen baino leiho gehiago dago, horietako batzuk azken hamarkadetan zulatuak. Baina garai bateko zenbait ere geratzen dira: hiru gezi-leiho beheko solairuan, eta bi arku handi. Horietako bat, erdian dagoena, zorrotza da, bederatzi dobela eta kainoi eskartzanoa dauzka, eta beheko sarbideetako bat da. Bestea fatxada nagusiko balkoia da, puntu-erdiko arkua dauka, eta zazpi dobelaz eta tunel eskartzanoaz horniturik dago.

Argi denez, harmarri bat zeukan non agertzen baitzen otso hori bat, ibiliz, arma gorri batez, kantaletan lau makal-orri berde, eta ertzak gorriak dira, zortzi sotuer horiz jositakoak.

Llantadako dorrea gotiko-errenazimenduko estiloko eraikina da, XVI mendean eraikia, eta dorretxeen ezaugarri guztiak betetzen ditu.

26) MARURIKO DORREA (ZALLA)

Maruriko dorrea Cadaguako adarra den Maruri errekako haran meharraren goiburuan dago, oso inguru laiotzean. Handik igarotzen zen Aranguren eta Loizaga lotzen zituen bidea, garai hartan ere bigarren mailakoa.

Lurra maldan dago, terrazak eginda badauzka ere. Dorrearen oinplanoa lau-angelukoa da, eta fatxada bakoitza altuera desberdinean dago, lurraren malda dela-eta. Bolumena ia kubikoa da, eta hiru solairu ditu: ikuilua, bizitokia eta ganbara.

Eraikuntza harlangaitzez eginda dago, angelu eta kantaletan zerbait landuago daude harriak. Garai batean sarbide nagusia izango zenaren baoaren ertzetan bakarrik aurki daiteke harlandua.

Beheko solairuan, eskuineko fatxadan, gaur nagusian, atea dago. Sarbide horretan bao dinteldua dago, eraiki berria, baina, ez dago zalantzarik beste zaharrago baten ordez jarri zela. Hormaren azpian, lurraren mailan, isurbide bat dago zulaturik. Fatxada nagusian ez dago argizulorik, kanpoaldean patio txiki bat zegoelako, baina gerora estaliko zuten.

Bizitokirako solairua argitsuena da. Aurreko fatxadan puntu-erdiko arku handia irekitzen zen. Zortzi dobela irregular handi samarrek osatzen zuten. Arkuaren eskuinaldean bao bat dago, eta dintela bozel laurdeneko eta kainoi zuzeneko mentsula txiki batzuen gainean kokaturik dago. Beste bi leiho, berdinak, atzeko eta ezkerreko hormetan daude. Eskuineko fatxadan irekitzen den kofadura dinteldua, lehendik zegoen beste baten zabalkuntzaren ondorioa da. Aurreko hura handitu bazen, ondoko pabilioitik dorrean zuzenean sartzeko bidea ematearren egin zen. Horrekin batera, leiho dinteldu pare bat dago.

Goialdean gezi-leihoak daude, zabalak eta luzeak, barrualderantz txaranbelduak. Alboko eta atzeko fatxadetan daude. Ganbara argitzeko eta egurasteko zuloguneak dira, eta hormek apur bat barrura egiten duten koskan hasten dira.

Hormen amaieran harburuak daude, behinola teilatuaren hegalari eusteko balio izan zutenak.

Eraikinaren barne-egitura garaikidea da, baina dorrearen antzinako gela-banaketa eta altuerak errespetatzen ditu. Albo bateko fatxadatik bestera doan habe maisuari eusten dio zutabe batek, eta habe nagusi horren gainean zurajea datza.

Maruriko dorrea gotiko-errenazimenduko estilokoa da, XVI. mendea ondo hasita eraikitakoa. Tipologiari bagagozkio, areto gabeko dorre berantiarra da: bizitokiko solairua oso behea da, gela asko ditu, eta fatxadak modu hierarkikoan antolaturik daude.

III. ERANSKINA
BABES ESPARRUAREN MUGAKETA

Deklaratutako ondasun bakoitzaren berezko ezaugarriei, eta aldi berean girotze, estetiko eta inguruaren paisaiari, balio egokia emateko helburuarekin, honekin batera datozen planoetan, grafikoki azaltzen diren mugaketak finkatzen dira.

Elementu bakoitzak aurkezten dituen gorabehera ezberdinei erantzuteko asmoz, mugaketek honoko irizpideak jarraitzen dituzte:

a) Lurraldearen gainean finkapen físikoaren jatorrizko baldintzei eusten dieten elementuak. Kasu hauetan, ahal den neurrian, mugaketaren helburua eraikinaren nortasuna segurtatzea da, bere inguruaren gaineko domeinuan oinarritzen dena. Inguru fisiko hori mendi-hegala, gain edo tontorra, haran baten hondo, ordeka, ibai baten ondoa, edota bide bat domeinatzen izan daiteke. Erreferentzia topografiko argirik ezean irudi geometriko baten bitartez finkatuko da mugaketa.

b) Lurraldearen gainean finkapen físikoaren jatorrizko baldintzei eusten dieten arren, bere inguruan landatar gune txikiak edo beste egitura berrien finkagunek baldintzaturik agertzen diren elementuak. Honen ondorioz eraikin isolatu hauek finkatzen direneko lurraldearekin zuten harremana hein batetan desbirtuaturik agertzen zaigu. Horrela ba, elementu hauen mugaketa eraikin edo egitura hauen ondorioz baldintzaturik geratuko dira.

c) Lurraldearen hirigintza prozesuaren poderioz hiriguneen barruan geratu diren elementuak, honen ondorioz jatorrizkoa zuten inguruarekiko harremana berreskuratzea ezinezkoa suertatzen delarik. Kasu hauetan mugaketa eraikinak duen hedapenari mugatzen zaio.


Azterketa dokumentala