Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

115. zk., 2001eko ekainaren 18a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
3401

EBAZPENA, 2001eko maiatzaren 10ekoa, Kultura,Gazteria eta Kirol sailburuordearena, I. Eranskinean zerrendatutako Bizkaiko Dorretxeak, banan-banan, monumentu izendapenaz Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera emateko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena, onartu zen.

I. Eranskinean zerrendatutako Bizkaiko Dorretxeek banan-banan duten kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkezturiko Ebazpen Proposamenari jarraituz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehena.– I. Eranskinean zerrendatutako Bizkaiko Dorretxeak, banan-banan, monumentu izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera ematea, III. Eranskinean egindako mugaketa eta deskripzioaren arabera, hala nola II. Eranskinean atxikitzen den deskripzioa ere kontutan hartuz.

Espediente honi hasiera emateak Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legeak sailkatutako ondasunentzat ezartzen duen babes-araubidearen behin-behineko aplikazioa eragingo du, I. Eranskinean zerrendatutako Bizkaiko Dorretxeetan.

Bigarrena – Güeñes eta Zallako Udalei eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei honako honen berri ematea: prozedurari hasiera ematearekin batera eten egingo direla eragindako eremuan lur-zatiketak, eraikuntzak edo eraisketak egiteko emandako udal-baimenak eta ez dela aurrerantzean horrelako baimenik emateko biderik izango eremuan. Alde horietan ezinbestean eta gerorako utzi ezin daitezken lanak egin behar badira, beti ere, dagokion Foru Aldundiaren baimena eskuratu beharko da.

Hirugarrena.– Indarrean dauden xedapenen arabera espedientearen izapideak jarraitzea.

Laugarrena.– Ebazpen hau interesdunei, Güeñes eta Zallako Udalei, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailari jakinaraztea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak Ebazpen horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2001eko maiatzaren 10a.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea,

IMANOL AGOTE ALBERRO.

I. ERANSKINA
DORRETXEEN ZERRENDA

1.– La Quadrako dorrea (Güeñes)

2.– Terreros edo Mella dorrea (Zalla)

II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

1) La Quadrako dorrea (Güeñes)

La Quadra auzoa Kadagoa ibaiaren eskuineko ertzeko hegal batean dago, eta handik Salzedo haraneko sarreretako bat ederki ikusten da. Auzoaren goiko aldean La Quadrako dorrea dago. Eraikinaren bolumen handia nabarmendu egiten da ondoko baserriaren aldean, eta erdi aroaren amaierako urteetan oso ohikoa izango zen irudia osatzen du.

La Quadra konplexutasun handiko gotorlekua da, eta bertako atalak hauek dira: dorrea bera, eta defentsako guneak behar bezala antolatzea ahalbidetzen duen inguruko hesia.

Multzo osoa lur-terraza batean dago. Kanpoko hesiak 360 m2-ko esparru zabal bat mugatzen du, eta bertako harresiak oinalde txiki batean finkatuta eta harlangaitzez eginda daude; angeluetan harlanduak erabili dira.

Atzeko fatxadako harresiari oinplano erdiobaleko dorretxo bat erantsi zioten; dorretxoaren erradioa txikiagotzen doa behetik gora, eta barrualdea hutsik dago. Dorrea eraiki ondoren, XIX. mendean, gehitu zitzaion.

Harresiaren eta dorrearen arteko gunean, eraikin osoaren defentsan lagungarriak ziren era askotako elementuak daude. Sarrera atzean utzi ondoren, eskuinetara jo behar da, eta patio txiki baten aurrean dagoen pasabide estu bat zeharkatu; patio hori gezileihoz eta almenaz beteta dago. Han ezkerretara jo eta beste patio batera heltzen da, eta handik edo ate zorrotz batetik barruko beste lekuetara heltzen da. Era horretan, pasabidez jositako gune konplexu bikain bat osatu zen, defentsa errazten zuena.

Garai batean, hesia eta dorrea, zatika bada ere, lotuta egongo ziren egurrezko eraikin batzuen bidez, baina egun, patioxkak baino ez ditu lotzen. Patio hori harlangaitzezko harresi batez babestutako egitura handia da; harresiaren angeluetan harlandua erabili da. Gerora, patioaren gainean eraikin bat gehitu zen, halamoduzko harlanduz egindakoa, eta hainbat gezileiho dituena; almena batek ematen dio errematea. Obra horiek egin zirenean, patioxkaren ondoko harresi-zati bat berreraiki zen, eta bertan leiho batek argitutako gela bat egin zen. Egun, leihoa babesten zuen hegalpea baino ez da ikusten.

Patio korapilotsu horretara heltzeko atal bikoitzeko eskailera txiki bat igo behar da, eta handik bao zorrotz samar batera heltzen da; bao horrek kainoi eskartzanoa, gontzak eta atalaga dauzka. Arkua atzean utzi, eta beste eskailera-buru batera heltzen da; azkenik, handik, dorrean sartzen da.

Dorrearen gorputza laukizuzen baten antzerakoa eta oso altua da. Harresiak harlangaitzezkoak dira, gehien bat harearrizkoak, eta, tarteka, harlanduak ere erabili dira, batez ere goiko aldean. Angeluetan eta bao-inguruetan ondo neurtutako harlanduak erabili dira.

Barrualdean hiru solairu daude, eta piramidea itxurako teilatu batek estaltzen ditu. Beheko solairuan bi sarrera daude: bata modernoa eta dinteldutakoa; besteak zorroztasun gutxiko arkua, dobela erradial handiak, eta kainoi eskartzanoa dauzka. Horretaz gain, solairu horretan hainbat gezileiho daude.

Lehenengo solairuak zortzi metroko altuera dauka, eta eraikin osoko landuena da. Bertara patio txikitik heltzen da, eta asko dira han dauden baoak, gezileihoak, gorputz osoko kofadurak, leiho zorrotzak, dinteldutakoak, etab.

Dena dela, ezaugarri interesgarriena eskuineko fatxadan dago. Han dekoratutako bao konopial txiki bat dago, aurrealde monolitikoan, Salcedotarren eta Zamudiotarren armarrien artean, lis-lore bat daukana. Leiho horrek dinteldutako kainoia dauka, baina eserlekurik ez, eta hori nahiko bitxia da, kontuan hartuta bao horrek familiaren armarria eramateko aukeratu dela. Baina harrigarriena hauxe da: oso zaila da baora heltzea, zorutik begiratuta goregi dagoelako eta baxuegi garai batean beste zoru bat zegoela pentsatzeko. Bao horren helburua argia sartzen uztea zen, eta, batez ere, armarriak hesiaren kanpoaldetik ikusteko moduko altueran erakustea.

Bigarren solairuan gela zabal bat baino ez dago, eta fatxadetako lau leihoren argia jasotzen du; laurak zorrotz samarrak dira, eta dobelak, leihozangoak, eta barlasai irregularrak dituzte. Horretaz, gain, gainontzeko fatxadetan badira beste hamar gezileiho.

Dorrearen barne-egitura oso sinplea da: pisu oinkatuak dira, tirante eta habetze horizontal handien gainean daudenak; habetzeak irtenguneetan eskoratzen dira, eta goiko pisuek sendotzen dituzte. Solairu batetik bestera joateko atzeko harresiari erantsitako eskailera bat dago.

Esandakoa kontuan hartuta, La Quadra Euskal Herriko dorrerik berezienetakoa da: lau angeluko oinplanoa, bolumen bertikal itxi-itxia, goiko aretoa, zenbait fatxadatako goiko eta beheko sarrerak , etab. La Quadra gotiko errenazentista estiloko dorrea da, eta XVI. mendearen inguruan eraiki ziren erdi aroko berantiarraren dorre banderizen eredu onenetakoa da.

2) Terreros edo Mella dorrea (Zalla)

Terreros edo Mella dorrea Zallan dago, eta Bizkaiko eta, orokorrean, Euskal Herriko dorrerik ezagunetarikoa dugu.

Oinplano karratua eta altuera nabarmena dauka, hiru solairutan banatua: beheko solairua, bizitokia eta bigarren solairua, geroago ganbara ere gehitu zuten.

Hormak azpatutako harriez eginda daude, ilaretan oinarriturik, eta kantalak harlanduzkoak dira; baoen ertzak ere harlanduz eginak dira, baina harri landu txikiagoez eginda.

Beheko solairuan sarbidea dago, sei dobelaz hornituriko bao zorrotzaren gisara, ertzak zuzen ebakita eta kainoi eskartzanoarekin. Kofaduraren ezkerrean, goraxeago, gezi-leiho handia, ikuilua argitzeko balio zuena, eta atzeko fatxadan ere beste bat dago.

Bizitokia lehenengo solairuan dago. Kanpoko sarbidea itxita dauka, baina barrualdetik tunel eskartzano zabal baten silueta nabaritzen da. Patio txikia galdu da, eta gainerako baoak berriagoak dira, eskuineko fatxadako argi-zuloa izan ezik. Estaia hori oso altua da eta, beraz, goialdean gezi-leiho handiak daude, argia goitik sartzen uzteko.

Bigarren solairuan areto zabala dago, eta hiru leiho zorrotz samarrak ditu, bidetik ikusgai dauden hiru fatxadetara ematen dutenak. Zazpi dobela nahiko luzeak dituzte, eta kainoi osoak eta dintelduak dauzkate.

Maila berean fatxadetan gezi-leiho bina daude, leiho alboetan banatuak eta lurraren mailan zulatuak. Gainera, ezkerrean, argi-zulo berri bat dago, zabal-zabala, solairuko goialdean, ganbarako zurajearen ondo-ondoan.

Solairu hori dorreko bitxiena da. Fatxadetan gezi-leiho txiki bina daude, eta leiho horien artean, erdi-erdian, lapur-zuloa. Oso elementu bitxiak dira; batetik, Bizkaian bakarrak direlako; bestetik, erabiltzerik ez dutelako; izan ere, apaingarriak dira, ez dira gudara begirakoak.

Barne-egitura ez dakigu noiz eraberritu zuten, baina jatorrizko banaketa errespetatu zuten. Solairu bakoitzean, erdian jarritako zutabe batek habe maisuari eusten dio, eta habeak hormetan sarturik, gainerako zuraje eta gapirioaren euskarria osatzen dute.

Terreros dorrea gotiko-errenazimenduko estilokoa da, eta 1500 urte inguruan eraiki zen. Euskal Herriko berezienetarikoa dugu: oinplano karratua, itxura bertikala, hiru solairu eta ganbara, sarbide bikoitza fatxada desberdinetan, bao gutxi (goiko solairuan izan ezik), babes-elementuak.

III. ERANSKINA
BABES ESPARRUAREN MUGAKETA

Ezarritako mugaketak Kalifikatutako Kultur Ondasuna eta mugaketa grafikoaren bitartez bildutako lurzorua hartzen ditu bere baitan. Honen helburua ondasunaren ezaugarri intrintsekoei balio ematea da, baita girotze, estetiko eta inguruaren paisaiaren ezaugarriei ere.


Azterketa dokumentala