Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

113. zk., 2001eko ekainaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saila
3319

104/2001 DEKRETUA, maiatzaren 29koa, "A-3224 errepidea Mañueta herriko tartean egokitzeko eta hobetzeko trazadura-proiektuaren" eraginpean dauden ondasun eta eskubideak Arabako Foru Aldundiak, nahitaezko desjabetzearen onuradun gisa, lehenbailehen okupatu behar dituela adierazten duena.

"A-3224 errepidea Mañueta herriko tartean egokitzeko eta hobetzeko trazadura-proiektua" burutzeko desjabetu behar diren ondasun eta eskubideak hasiera batean jendaurrean jartzea erabaki zuen Arabako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak 2000ko azaroaren 14an egindako bilkuran. Ondoren, 2001eko apirilaren 3an Diputatuen Kontseiluak Eusko Jaurlaritzari nahitaezko desjabetzearen eraginpean dauden ondasun eta eskubideak lehenbailehen okupatu beharrekotzat adieraz ditzan eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Lehenbailehen okupatu beharreko ondasun eta eskubideak banan-banan jarrita eta xehatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan. Zerrenda honetan ondasun eta eskubide hauek zein diren jakiteko behar besteko datu biltzen dira. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian; arrazoibide-idazki batzuk aurkeztu zitzaizkion eta administrazio-espedientean jasoarazten den moduan ebatzi ziren.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saileko Zerbitzu Teknikoek proposatutako lurren erabilpenak eta indarrean dauden hirigintza-arloko legeak bat datozela egiaztatu dute eta aldeko iritzia eman dute.

Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da, ondoko arrazoien ondorioz:

Mañueta Arabako probintzian dago, Kantabriako Mendikatearen hegoaldean eta Ebro ibaitik oso hurbil. A-3214 errepidea eta Errioxako Autonomia Erkidegoan dagoen San Vicente de la Sonsierra herria lotzen dituen A-3224 errepidea udalerri horretatik pasatzen da.

Errepide horrek Mañueta zeharkatzen duen tartean garrantzi handiko lotura sortzen da Errioxako Autonomia Erkidegoko errepide-sarearekin, LR-318 errepidearekin zehazki. Izan ere, "LR-318 errepidea egokitzeko proiektua, N-232 errepidetik, Mañuetatik barrena, San Vicente de Sonsierrarako tartean eta N-232 errepidearen tartea, Arabako probintziaren mugan, 0+000 a 2+700 puntu kilometrikoen artean" izeneko proiektuak errepide hori Arabako probintziaren eta Errioxako Autonomia Erkidegoaren arteko mugaraino hobetzea hartzen du aintzat.

Honako proiektu honek egokitzen duen A-3224 errepidearen tartea zeharbide bat da eta tokiko bide-sarearen parte da. Bertako trafiko ez da oso handia, errepide-tarte honetako erabiltzaileak herriko jendea eta ondoko herrietako jendea da; alabaina, errepide-tarte hau oso zeharbide arriskutsua da.

Arriskugarritasun hau bi arrazoitan datza, batik bat: batetik zeharbide honetan dagoen oinezkoen trafiko handian eta, bestetik, gaur egun dauden oinezkoentzako eremuen egoera kaskarrean, honen ondorioz guztiz murrizten da errepide-tarte honen segurtasuna mota guztietako erabiltzaileentzat.

Honez gain, Mañuetako Udalak ingurune honetako biztanleen komunikabideak hobetzeko beharrezko obrak egin zitezen eta, horien artean, gaur egungo zeharbidea egoki zedin eskatu zion Arabako Foru Aldundiari. Bestalde, kontuan hartu behar zen Errioxako Herrilan Sailak Mañuetako udalerria zeharkatzen duen A-3224 errepidearekin Arabako lurraldean bat egiten duen LR-318 errepidea egokitzeko obrei ekin behar ziela.

Arabako Errepideen Plan Integralak, bigarren seiurtekoan A-3224 errepidearen trazadura hobetzea eta errepidearen plataforma zabaltzea aurreikusten du. Baina, Mañuetako zeharbidea osatzen duen errepide horren tarteak izaera arriskutsu berezia duela aintzat hartuta eta Errioxan LR-318 errepidearekin zeharkako sekzioari dagokionez baldintza homogeneoetan lotu behar dela kontuan izanik, egokia deritzo zeharbide hori hobetzeko eta egokitzeko proiektua aurreratzea, tarte horrek bide-segurtasunaren ikuspuntutik duen arrisku berezi hori konpontzearren.

Hori dela-eta, Arabako Foru Aldundiko Herrilan eta Hirigintza Sailak tarte horretan jardutea erabaki du, trazaduraren ezaugarri geometrikoak eta zeharkako sekzioari dagokionez, Arabako Errepideen Plan Integralean aurreikusten denaren arabera. Horretarako, Mañuetako udalerria zeharkatzen duen tartean A-3224 errepidea egokitzeko eta hobetzeko adierazitako proiektua idatzi eta onartu da. Proiektuan aurreikusten denez, errepidearen oinplano eta aurretiko bistako trazadura hobetuko da, 6,00 metroko zabalerako galtzada eta alboetan 0, 50 metroko bi bazterbide dituen zeharkako sekzioa ezarriko zaio. Gainera, eremu eraikian zehar bideratzen den trazaduraren zatian oinezkoentzako espaloia egingo da; horrela, trafiko-karga beharrezko erosotasun eta segurtasuneko baldintza egokietan jasoko duen eta oinezkoak ibilgailuen trafikoa ahalik eta gutxien oztopatuta hortik ibili ahal izatea ahalbidetuko duen bidea lortu nahi da, bide-segurtasun aldetik oso arriskutsua den tartea desagerraraziz.

Euskal Herriko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen okupatu beharrekoak direla adieraztea, betiere desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: jardute-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolamenduari dagozkion sistema orokorrak edo antolamendu horren elementuren bat, edo hiri-lurrean egin beharreko banakako egintzak. Goian aipatutako Lege horren 26.2. artikuluan ezarritakoaren arabera, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro Saileko sailburuari dagokio horretarako proposamena Gobernu Kontseiluan aurkeztea.

Ondorioz, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren proposamenez eta Gobernu Kontseiluak 2001eko maiatzaren 29an egindako bilkuran aztertu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituta, "A-3224 errepidea Mañueta herriko tartean egokitzeko eta hobetzeko trazadura-proiektua" burutzeko beharrezkoak diren eta horretarako hasitako espedientean zehaztuta eta banan-banan agertzen diren ondasun eta eskubideak Arabako Foru Aldundiak, nahitaezko desjabetzearen onuradun gisa, lehenbailehen okupatu behar dituela adieraztea.

Vitoria-Gasteizen, 2001eko maiatzaren 29an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza

eta Ingurugiro sailburua,

FRANCISCO JOSÉ ORMAZABAL ZAMAKONA.


Azterketa dokumentala