Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

113. zk., 2001eko ekainaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
3318

105/2001 DEKRETUA, maiatzaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari "Euskal Kirol Portua, S.A." sortu eta sozietateko partaidetzak erosteko baimena ematen dion Dekretua aldatzeari buruzkoa.

"Euskal Kirol Portua, S.A." akziokako sozietatean partaidetzak sortu eta erosteko baimena eman zitzaion, ekainaren 6ko 105/2000 Dekretuz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari. Dekretu horretako 2. artikulutik ateratzen denez, honako hauek dira sozietatearen helburuak: bat, kirol portuak eta atxikitako instalazioak planifikatu, sustatu, garatu eta ustiatzea, bai emakidaduna delako edo, bestela, hirugarren publiko edo pribatu batzuen esku utziz; bi, azterlanak gauzatzea eta kudeaketaren eta teknikaren alorretan zerbitzu aholkularitza eskaintzea; hiru, interes handiko kirol portuekin zerikusirik duten enpresetako kapital sozialetan kasu bakoitzerako finkatutako baldintzetan parte hartzea; lau, finantza-entitate publiko eta pribatuetatik maileguak eskuratzea; bost, obligazioak edo antzeko tituluak jasotzea; sei, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorretik eta beste erakunde eta entitate publikoetatik —eta bai Estatuko sektore publikotik ere— diru-laguntzak eta fidantzak jasotzea.

Sozietateak bere helburuak bete ahal izateko aldatu egin behar da ekainaren 6ko 105/2000 Dekretua. Eta aldatu, Euskal Autonomia Erkidegoaren titularitatekoak —edo berorri atxikitakoak— diren ondasun eta eskubideak sozietatearen eskuetan uzteari buruzko erregulazioa sartuz aldatu ere, betiere, kudeaketa sozietateari egozten zaioneko zerbitzu publikoari atxikita badago.

Ondorioz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak eta Garraio eta Herri Lan sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2001eko maiatzaren 29an egindako bilkuran aztertu eta onartu ostean, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari "Euskal Kirol Portua, S.A." sortu eta sozietateko partaidetzak erosteko baimena ematen dion ekainaren 6ko 105/2000 Dekretua aldatzea, aurrerantzean honela geldituko dela:

"5. artikulua.– 1.– "Euskal Kirol Portua, S.A." sozietate publikoa Garraio eta Herri Lan Sailari atxikitzen zaio.

2.– Garraio eta Herri Lan Sailak sozietatearen esku utziko ditu EAEko Administrazioaren titularitatekoak eta honi atxikitakoak diren eskubideak eta ondasunak, betiere, kudeaketa sozietateari egozten zaioneko zerbitzu publikoari atxikitakoak badira.

Sozietatearen esku uzte hori, alde batetik, gauzazko baliabide legetxe gauzatuko da, eta bestetik, bereganaturik dituen eginkizunak burutzerakoan euskarri gisara baliagarri izan dakion sozietateari. Horrek ez dakar ondasunek kalifikazio juridikoz edo titularitatez aldatu behar izaterik; izan ere, ondasunok, sozietateak porrot egiten badu, ordainketa-etendura gertatzen bada edo sozietatea desegiten bada, EAEko Administrazioaren eskuetara itzuliko dira.

Eskubide eta ondasunok sozietatearen esku uztearen ondorioak indarra hartuko dute, hartu ere, Ogasun eta Herri Administrazio Saileko eta Garraio eta Herri Lan Saileko ordezkariek eta sozietatearen ordezkariak Entregatze Agiria izenpetzen duten egunetik aurrera. Eskubide eta ondasunen zerrenda jasoko du agiri horrek.

3.– Sozietateak, zerbitzu publikoaren kudeatzailea den aldetik, kirol portuak eta horiei atxikitako eremuak eta instalazioak egokiro ustiatu ahal izateko, behar beste instalazio eraiki, ondasunak erosi eta egon badaudenen egokitzapena sustatu eta gauzatuko ditu, betiere, bereganaturik dituen eginkizunen ildotik.

Obrako proiektua eta instalazioak ekipamenduz hornitzeko proiektua, aipatutako sozietate publiko kudeatzaile horrek erredaktatu ondoren, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzari aurkeztuko zaizkio, honek onar ditzan. Hori bai, sozietateak zehatz bete beharko ditu alor horretan aplikagarriak diren arauak.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera hartuko du indarra dekretu honek.

Vitoria-Gasteizen, 2001eko maiatzaren 29an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN.

Garraio eta Herri Lan sailburua,

ÁLVARO AMANN RABANERA.


Azterketa dokumentala