Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

103. zk., 2001eko maiatzaren 31, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Iragarpenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
3014

EBAZPENA, 2001eko apirilaren 3koa, Energia zuzendariarena; ebazpen honen bidez, Energia zuzendariak baimena ematen du Lemoizko udalerrian 13,2 kV-ko linea elektrikoaren instalazioa eta Garbi-Mendi izeneko 1192 zenbakiko transformazio-zentroa jartzeko; aldi berean proiektua onuragarria dela aitortzen du.

Erref.: L-1244(2) eta C.T. 5076-ATD-2000-43-as–gf

GERTAKARIAK

1.– 2000ko urriaren 20ko dataz Iberdrola, S.A. enpresak (Gardoki kalea, 8, Bilbo) proiektu bat aurkeztu zuen, Lemoizko udalerrian (Bizkaia) 13,2 kV-ko airetiko linea elektrikoa eta Garbi-Mendi izeneko transformazioa-zentroa jartzeko baimen administratiboa, herri-onurako aitorpena eta proiektua bera onartzea eskatuz. Iberdrolak eskariarekin batera Anizeto Onandia Usategi industria-ingeniari teknikoak sinatu eta Bizkaiko Ingeniari Teknikoen Elkargo Ofizialak 73.816 zenbakiz 2000ko urriaren 13an oniritzitako proiektu teknikoa ere aurkeztu zuen.

2.– Urriaren 20ko 2617/1966 Dekretuko 9. artikuluan eta 2619/1966 Dekretuko 10. artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako, Iberdrola, S.A.–ren aipatu eskaria jendaurrean jarri zen BAOn (2000-12-23), EHAAn (2001-1-19) eta 2000-12-4ko El Mundo egunkarian.

3.– 2000ko azaroaren 20an ofizioa bidali zitzaion Lemoizko Udalari aipatu iragarkia udaletxeko iragarki-oholean jendaurrera jartzeko eskatuz.

4.– 2001eko otsailaren 14an Lemoizko Udalak bidalitako ofizioa jaso zen Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzan. Ofizio horretan aipatu udalak Iberdrola, S.A.–ren eskariaren aldeko iritzia eman zuen, baldin eta horrek bere kontura airetiko linea lurpeko lineaz aldatzen bazuen eta Hirigintza Proiektuaren ondorioz egin beharreko kanalizazioak egiten bazituen. Ofizioan jakinarazten da, halaber, aipatu enpresak onartu egin zuela Udalaren eskaria, eta hala egiaztatzen dela 2001eko otsailaren 14ko dataz aipatu enpresak bidalitako idatzian.

5.– 2001eko otsailaren 21ean Bizkaiko Foru Aldundiaren Herrilan Sailak jarritako baldintzen zerrenda jaso zen.

6.– 2000ko abenduaren 19an eta jendaurreko informazio aldiaren barruan, hiru alegazio jaso ziren Bizkaiko Lurralde Bulegoan, bata Ana Maria Berreteaga Manzarraga andrearena, bestea Mercedes Ateka Etxeandia andrearena eta hirugarrena Construcciones Menchaca y Linaza, S.A. enpresarena, eta hirurak gauza bera esaten zuten, ondoko laburpenean ikus daitekeen bezala:

a) Aipatu lineak alegatzaileen jabetzako lurretan kalteak eragiten ditu, lur horiek hiritargarritzat sailkatuta daudelako Araudi berriaren behin-behineko onespenean.

b) Aipatu instalazioa aldatzeko konpromisoa, hau da, etorkizuneko hirigintzan airetiko linea kendu eta bere kontura lurpeko kanalizazioak egiteko konpromisoa Iberdrola, S.A.–k hartu behar duela beregain.

7.– Iberdrola, S.A.–k 2001eko otsailaren 14an bidali duen idazkian esan du berak ezin duela onartu alegatzaileek 6. paragrafoan adierazten duten inposizioa; hor eskatzen denez, desjabetzapena egin duen erakundeak bereganatu behar luke airetik proiektatutako linea lurperatzeko gastu osoa; horrela eginez gero, proiektuaren helburua gaindituko litzateke, eta hirigintza proiektu berri batean alderdietako bakoitzari dagozkion eskubide eta betebeharrak ere bai, indarrean dagoen 6/1998 Lurraren Legeak horri buruz xedatzen duenari dagokionez.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

A.– Espedienteak bete ditu agindutako arauzko izapideak, bai instalazio elektrikoak baimentzeari buruzko 2617/1966 Dekretuko III. eta IV. kapituluetan ezarritakoa, bai eta instalazio elektrikoen alorreko nahitaezko desjabetzapenei eta zigorrei buruzko 2619/1966 Dekretu bidez onartutako Araudiaren III. kapituluan ezarritakoa ere. Era berean, Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legearen aldi baterako lehen xedapenean ezarritakoarekin eta Industriari buruzko uztailaren 16ko 21/1991 Legean eta honekin bat datozen gainerako legeetan xedatutakoarekin bat dator.

B.– Aurkeztutako baldintza eta alegazioak ikusita, bidezkotzat jo da Bizkaiko Foru Aldundiaren Herrilan Sailak agindutako baldintzak onartzea, hau da, linearen instalazioak ukitutako errepideari buruz indarrean dagoen legeriak xedatzen dituen zutoinen arteko distantziei dagokienean agintzen dituenak.

C.– Udalak ezarritako baldintza eta partikularrek eginiko alegazioei buruz, Iberdrola, S.A. enpresak Udalak ezarritako baldintzak onartzen ditu, airetiko linea kendu eta bere kontura lurpeko kanalizazioak egiteko konpromisoa bereganatzen du, hirigintza proiekturaren ondorioz egin beharreko kanalizazioen bitartez.

D.– Aipatu lege-aginduak eta egokiak diren gainontzekoak ikusita, Energia zuzendariak, otsailaren 23ko 131/1999 Dekretuak, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionalari buruzkoak (99-2-26ko EHAA), ematen dizkion eskumenak betez, honako hau:

EBATZI DU:

Iberdrola, S.A. sozietateari Lemoizko udalerrian 13,2 kV-ko linea elektriko bat eta transformazio-zentro bat instalatzeko baimena ematea eta hori burutzeko proiektua onartzea. Hauexek dira proiektuaren ezaugarri nagusiak:

Aireko linea elektrikoa, zirkuitu bakarrekoa.

– Zerbitzu-tentsioa: 13,2 kV.

– Eroaleak: 3 AL-AC, LA-56 motakoak(54,6 mm2)

– Zutoinak: Metalezkoak eta hormigoizkoak.

– Luzera: 375 m.

– Jatorria: Gorliz-Armintza V zirkuituko aireko lineako 14 eta 15 zenbakidun (egun daudenak) zutoinen artean dagoen 0 zenbakidun zutoina (berria).

– Amaiera: Garbi-Mendi izeneko 1192 zenbakiko T.Z.

Garbi-Mendi izeneko "Garbi-Mendi" 1192 zenbakiko transformazio-zentroa. Edukia:

50 kVA-ko transformadore bat euskarri gainean, oliotan berez hoztekoa.

Transformazio-erlazioa: 13.200/398-230 V.

Baimentzen den instalazioa herritarrentzat onuragarria dela aitortzea. Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 legeko 54. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, onuragarria dela aitortzeak kasu guztietan ondasunak okupatu beharra edo eraginpeko eskubideak eskuratu beharra dakar eta, horrenbestez, horiek presaz okupatu beharra, eta 1954ko abenduaren 16ko Jabetza nahitaez kentzeko Legeko 52. artikuluan presaz okupatzeko aitorpenerako xedatzen dituen ondorioak zehaztu, lege bereko 53. artikuluaren erregistro ondorioetarako.

Baimen hau urriaren 20ko 2617/1966 Dekretuan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuko (2000-12-27ko EAO) (Instalazio elektrikoen garraio-, banaketa-, merkataritza- eta horniketa-jarduerak eta instalazio elektrikoen baimenetarako administrazio-prozedura arautzen dituena) hamaikagarren xedapen iragankorrean xedatutakoaren arabera eman da, eta betiere ondoko baldintzetara loturik:

1.– Obrak onartutako proiektuaren arabera egin behar dira, dagokionean eskatu eta baimentzen diren aldakuntzekin.

2.– Instalazioen titularrak honako erakundeek emandako baldintza teknikoak kontuan hartuko ditu eta beteko: Lemoizko udalerriak eta Herri Lan Sailak emandakoak.

3.– Instalazioak abiarazteko epea urtebetekoa izango da, ebazpen hau ematen denetik hasita.

4.– Instalazioen titularrak obrak amaitu izanaren berri emango dio Bizkaiko Lurralde Bulegoari, honek behin betiko azterketa gauzatu eta instalazioak abiarazteko akta egin dezan.

5.– Baimen hau izateak ez du esan nahi udal- edo probintzia-mailako baimen edo lizentziak eta obrak egiteko beharrezkoak diren bestelakoak izan behar ez direnik; beraz, horietatik bereiz ematen da eta eskatzailea ez du horiek lortzeko betebeharretik salbuesten. Halaber, hirugarrenek izan litzaketen eskubideen kalterik gabe eta jabetza-eskubidea salbu utzita ematen da.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, ondorioz, interesdunak gorako errekurtsoa aurkez dezake Energia, Antolamendu eta Industria Administrazioko Sailburuordetzari zuzenduta hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita, betiere azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legea aldatzen duen 4/1999 Legean ezarritakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2001eko apirilaren 3a.

Energia zuzendaria,

TXABER LEZAMIZ CONDE.


Azterketa dokumentala