Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

103. zk., 2001eko maiatzaren 31, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saila
3003

90/2001 DEKRETUA, maiatzaren 22koa, "20.1, 20.2 eta 21 Bateratutako Sektorean dagoen lurzatiaren nahitaezko desjabetzeak (Zabalgunea)" eragindako ondasun eta eskubideak Andoaingo Udalak nahitaezko desjabetze bidez lehenbailehen okupatu behar dituela deklaratzen duena.

Gobernu Batzordean eztabaidatu ondoren, "20.1, 20.2 eta 21 Bateratutako Sektorean dagoen lurzatiaren nahitaezko desjabetzeak (Zabalgunea)" eragindako ondasun eta eskubideak hasiera batean jendaurrean jartzea erabaki zuen Andoaingo Udal Plenoak, 2000ko otsailaren 21eko Akordio bidez. Ondoren, Eusko Jaurlaritzari nahitaezko desjabetzearen eraginpean dauden ondasun eta eskubideak lehenbailehen okupatu beharrekoak direla deklaratzeko eskatzea erabaki zen, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Lehenbailehen okupatu beharreko ondasun eta eskubideak banan-banan jarrita eta xehatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian baina ez zen arrazoibide-idazkirik aurkeztu, administrazio-espedientean adierazten den moduan.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saileko Zerbitzu Teknikoek aldeko irizpena eman dute, aukeratutako lurren erabilpenak eta indarrean dauden legeak bat datozelako.

Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da arrazoi hauengatik:

A) Indarrean dagoen hiri-plangintza eta hori gauzatzeko tresnak.

Andoaingo Udal Hiri-Plangintzako Arau Subsidiarioen 20.1, 20.2 eta 21 (Zabalgunea) Bateratutako Sektoreko Plan Partziala Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak onartu zuen behin betiko 1998ko abenduaren 15ean.

Plan Partzialaren Etapa-Planaren arabera, Sektore horretarako aurreikusi diren hirigintza eta eraikuntza-lanak lau etapatan egingo dira, bata bestearen atzetik eta jarraian, gehienez ere, laurogeita hamahiru hilabetetan, Plan Partziala behin betiko onartzen den unetik zenbatzen hasita. Hiri-Plangintzako Araudiaren 54.2 artikuluari jarraituz, Udalak 2000ko urriaren 11n Etapa-Plana aldatu zuen eta hirigintza eta eraikuntza-lanak egiteko epea 2 urte eta 8 hilabetetan zehaztu zen. Aldaketa horren arrazoiak dira onartutako eta zenbatutako hirigintzako proiektua dagoela, 2000ko azaroaren 1ean hasi zena, eta udalerri horretako etxebizitza-eskaria. Aldaketa horren helburua izan da hirigintzako obrak harmonizatzea eta hirigintza egiten den heinean eraikitzen joatea, nahiz eta akaberak amaierarako utzi.

b) Aurreko idatz-zatian adierazi den bezala, Sektore horretako Hirigintza-Proiektua udal-batzak onartu zuen 2000ko uztailaren 11ko osoko bilkuran.

c) 20.1, 20.2 eta 21 bateratutako Sektoreko Estatutuen eta Egikaritzapen-Unitateko Jarduteko Oinarrien Proiektua udal-batzak onartu zuen behin betiko 1999ko apirilaren 29ko osoko bilkuran eta Sektore horretako Konpentsazio-Junta osatu zen 1999ko irailaren 3ko eskritura publikoaren bidez. Era berean, konpentsazio Proiektua 2000ko ekainaren 29an onartu zuen Konpentsazio-Juntak eta gero Udalari aurkeztu zion behin betiko onar zezan.

Okupatzeko beharra

20.1, 20.2 eta 21 (Zabalgunea) Bateratutako Sektoreko Plan Partzialak 647 etxebizitza eraikitzea aurreikusi du. Horietatik 421 babes ofizialeko etxebizitzak dira, bai udal ekimenekoak (127) bai ekimen pribatukoak (gainerakoak).

Andoaingo udalak udalerrian etxebizitzen beharra eta eskaria aztertzeko txostena egitea eskatu zion Ikertalde SAri. Horren arabera, udalerrian dagoen eskaria, biztanleria kontuan hartuz, 1.194 da, udalerriko biztanle guztien %8,2, alegia. Eskari horren %64,6 etxebizitza bila dabiltza (batez ere gurasoen etxetik alde egin nahi duten gazteak edo bikotearekin bizi nahi duten gazteak) eta %35, 4 etxebizitzaz aldatu nahi dute, alokairuan edo lagatako etxebizitzetan bizi direlako. Gainera, aztertu denaren arabera, eskatzaileen %61 prest legoke bere bizilekua beste udalerri batetara aldatzeko, baldin eta hurrengo 4 urtetan etxebizitzarik lortuko ez balute. Batez ere gazteak dira eragozpen gutxien dutenak beraien udalerria ez den beste batetan bizitzeko, eta horrek azken hamar urteetan dagoen biztanleria murrizketaren arazoa areagotuko luke.

Hori dela-eta, Udalak alde batetik Plan Partzialaren Etapa-Plana aldatu zuen, hirigintzako eta eraikitzeko epeak nabarmen murriztuz, eta bestetik Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailarekin harremanetan jarri zen udal babeseko etxebizitzak eraiki ahal izateko.

Juan Manuel Ibarguren Pagola jaunaren oinordekoena den lurzatia, lehenbailehen okupatzeko eskatu dena, Sektore horretako Plan Partzialean herri erabilerako espaloiak, bide-sareak eta aparkalekuak egitera bideratu da. Lurzati hori hirigintzako lehenengo fase horri dagokio eta berehala gauzatuko da.

Euskal Herriko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen okupatu beharrekoak direla deklaratzea desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: jardute-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat, edo hiri-lurrean egin beharreko banakako egintzak. Goian aipatutako Lege horren 26.2. artikuluan ezarritakoaren arabera, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro Saileko orduko Sailburuari dagokio horretarako proposamena Jaurlaritza Kontseiluan aurkeztea.

Ondorioz, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritza Kontseiluak 2001eko maiatzaren 22an egindako bilkuran aztertu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolamenduari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraiki, "20.1, 20.2 eta 21 Bateratutako Sektorean dagoen lurzatiaren nahitaezko desjabetzea (Zabalgunea)" burutu ahal izateko beharrezkoak diren eta horretarako hasitako espedientean zehaztuta eta banan-banan jarrita agertzen diren ondasun eta eskubideak, nahitaez desjabetzeko, Andoaingo Udalak lehenbailehen okupatu behar dituela deklaratzea.

Vitoria-Gasteizen, 2001eko maiatzaren 22an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza

eta Ingurugiro sailburua,

FRANCISCO JOSÉ ORMAZABAL ZAMAKONA.


Azterketa dokumentala