Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

103. zk., 2001eko maiatzaren 31, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
2997

AGINDUA, 2001eko maiatzaren 15ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena eta Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena. Honen bidez moldatu egiten da, 2001ean ezartzeko, Unibertsitate-Enpresa ekintzetarako aurreikusitako fondoen kargura Ikerketa eta Berrikuntza Teknologikorako laguntzak emateko deialdia egiten duen Agindua.

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruz indarrean dauden lege-xedapen testu bategina onartzen duen irailaren 27ko Legegintza Dekretuaren IX. titulua ezarritakoaren babesean, abenduaren 26ko 275/2000 Dekretua eman zen. Dekretuaren indarrez, luzatu egin zen Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren konturako laguntzak eta dirulaguntzak arautzen dituzten zenbait xedapenen indarraldia. Eta, horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak, bere sailek eta dagozkien erakunde autonomiadunek aurrekontuen epeak eta baldintzak egokitu ahal izango dituzte, 2001. urtean aplikatu ahal izateko.

2000ko ekitaldian, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak eta Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak Unibertsitate-Enpresa ekintzetarako aurreikusitako fondoen kargura Ikerketa eta Berrikuntza Teknologikorako laguntzak emateko deialdia egiten duen 2000ko uztailaren 28ko Agindua eman zuten. Agindu hori irailaren 1eko 168 zenbakiko EHAAn argitaratu zen. Horiek horrela, bidezkoa da Agindu horren epeak eta baldintzak egokitzea; izan ere, horrela, aplikatu ahal izango da 2001eko ekitaldian zehar.

2000ko azaroaren 14ko Gobernu Kontseiluaren Akordioaren bidez, 1. Unibertsitate Plana onartu zen, Unibertsitatea Antolatzeko Legeak araututako prozedura eta eskumenenen arabera. Plan horrek zenbait aldaketa eragin ditu eta horren ondorioz, deialdi hau UPV/EHUtik kanpo geratu da. Hemendik aurrera, kontratu-programen bidez finantzatuko dira laguntza hauek.

Hori dela eta, honakoa

XEDATU DUGU:

1. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Unibertsitate-Enpresa ekintzetarako aurreikusitako fondoen kargura Ikerketa eta Berrikuntza Teknologikorako laguntzak emateko deialdia egiten duen Aginduak deitutako laguntzen deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak aurkezteko epea honako izango da: hilabetekoa, Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

2. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

Agindu honetan aipatzen diren laguntzak eskatzeko, Aginduaren eranskinean dauden ereduen araberako eskabideak aurkeztu beharko dira. Eskabideak honako leku hauetan eskuratu daitezke: http://www1.hezkuntza.ej-gv.net interneteko helbidean; Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Zientzia Politikarako Zuzendaritzan eta Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzan (Donostia-San Sebastián kalea 1. 01010 Vitoria-Gasteiz). Eskabide horiek Zientzia Politikarako Zuzendaritzara eta Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzara bidali beharko dira. Eskabideak zuzenean bidali ahal izango dira, edo, nahi izanez gero, Herri-Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako bestelako edozein eratan.

3. artikulua.– Diru-baliabideak.

Hona hemen Agindu honetan arautzen diren laguntzetarako zenbatekoa: 22.000.000 PTA (132.222,66 euro) lehenengo urterako, eta 15.962.000 PTA (95.933,55 euro) bigarren urterako.

Eskatzen diren laguntzen zenbatekoa guztira kontuan hartzen bada, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eta Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren beste diru-laguntza programa batzuk burutu ostean, programa horietako aurrekontuan zenbateko erabilgarririk geratzen bada, aukera egongo da artikulu honetan ezarritako zenbatekoa aldatzeko. Edozelan ere, era horretako aldaketarik egonez gero, deialdi honetako diru-laguntzen ebazpena egin aurretik izan beharko da. Bestalde, halakorik gertatuz gero, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak eta Industria Politikako sailburuordeak egingo dute publiko ebazpena baten bidez.

4. artikulua.– Deialditik kanpo utzi diren entitateak.

1.– Euskal Herriko Unibertsitateko ikastetxe, institutu, sail, sekzio edo bestelako ikerketa unitateak.

2.– Unibertsitatearen eta enpresen arteko harremanak sustatzeko eta garatzeko xedea duten EHU-ko erakundeak edo fundazioak.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honi atxikita dago 2000ko uztailaren 28ko Aginduan ezarritako araubide orokorra eta 2001 ekitaldirako aurreikuspenak uztartu eta gero sortutako testu bategina. Hartara, edozeinek izango du haren berri eta interesatuek ere errazago eskuratu ahal izango dute.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du eta bere aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari zuzenduta; edo, bestela, artez aurkez daiteke administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiari zuzenduta. Errekurtsoak aurkezteko epea agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da eta hilabetekoa izango da lehenengoarentzat eta bi hilabetekoa bigarrenarentzat.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2000ko uztailaren 28a.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,

JOSU JON IMAZ SAN MIGUEL.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

INAXIO OLIVERI ALBISU.

ERANSKINA
UNIBERTSITATE-ENPRESA EKINTZETARAKO LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA
EGITEN DUEN 2000KO UZTAILAREN
28KO AGINDUKO ARTIKULUEN TESTU EGOKITUA

1. artikulua.– Deialdiaren helburua.

1.– Unibertsitate-Enpresa harremanak (1 modalitatea) sustatzeko 2001. urteko dirulaguntzetarako deialdia egitea, elkarrekiko Ikerketa Proiekturako proposamen bat gauzatzeko. Diru-laguntza gehienez milioi bat pezetakoa (6.010,121 euro) izango da. Diru-laguntza hau lehenengo aldiz harremanak ezartzen dituzten unibertsitate-taldeentzat eta enpresentzat zuzenduko da lehentasunez.

2.– Ekoizpen-enpresentzat interesgarriak izango diren ikerketa aplikatu eta teknologikorako proiektuak gauzatzeko 2001erako laguntza-eskabidearen deialdia egitea. Aipatutako proiektuetan unibertsitateko eta teknologi zentroetako ikertzaileek parte hartuko dute industria eta/edo ekoizpen-enpresetako I+G unitateekin batera, industria edo teknologi aplikazioari buruzko gaiak garatzeko asmoz, agindu honetan jasotzen diren baldintzen arabera (2 modalitatea).

3.– Ikerketa-gaiek eta helburuek bat etorri behar dute Sustapen Ekonomikoaren Erakundearteko Planean (SEEP) (1999-2003), Zientzia eta Teknologia Planean (2001-2004) eta Cluster-eko Teknologia Planetan finkatutako lehentasunekin; horrez gain, kalitatezkoak eta interes zientifiko eta teknologikodunak izan beharko dute.

4.– Parte hartzen duten 2 modalitateko enpresek, gutxienez, proiektuaren gastuen %10 finantzatu beharko dute eskudirutan.

5.– Xede horretarako 22.000.000 pezeta (132.222,666 euro) izendatuko dira lehenengo urterako eta 15.962.000 pezeta (95.933,55 euro) bigarren urterako.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

3.1 eta 3.2 paragrafoetan agertzen diren erakunde edo enteak izan daitezke diru-laguntzaren onuradunak, baldin eta dagokion proiektuaren ikertzaile nagusia horietan sartuta badago. Proposatutako helburuetarako erabili behar izango dituzte unibertsitate ente horiek jasotako diru-zenbatekoak, betiere beren aurrekontuetan sartu ostean.

Enpresa, diru-laguntzaren artezko onuradun ez bada ere, deialdiaren emaitzen benetako jasotzailea da. Alde batetik, proposatutako gaiak eta ikerketaren emaitzek enpresaren interesekin bat etorri behar baitute eta, bestetik, enpresak emaitza horiek bere know-howren barruan sartuz erabili eta unibertsitate-talde ikertzailearekin izenpetu behar duen hitzarmenean ezarritakoaren arabera ustiatu behar baititu 2 modalitatearen kasuan.

3. artikulua.– Erakunde eskatzaileak.

Jarraian aipatzen diren entitateek deialdi honetan parte hartu ahal izango dute, baldin eta 4. artikuluaren arabera prestatutako ikertzaile-taldeak badituzte:

1.– Euskal Herrian egoitza duten unibertsitateetako ikastetxe, institutu, sail, sekzio eta bestelako ikerketa-unitateak, EHU-koak izan ezik.

2.– Unibertsitatearen eta enpresen arteko harremanak sustatzeko eta garatzeko xedea duten erakundeak edo fundazioak, EHU-koak izan ezik.

3.– EITEko teknologi zentroak.

4.– I+G unitateak dituzten ekoizpen-enpresak, Euskal Autonomia Erkidegoan sozietate-egoitza dutenak, 1 eta 2 paragrafoetako ikertzaile-taldeekin koordinatutako proiektuetan sartuta.

5.– Teknologiako Euskal Sareko beste eragile batzuk, Teknologiako Euskal Sarea arautzen duten xedapenei atxikiz finantzaketarako alde biko hitzarmenik ez dutenak.

4. artikulua.– Ikerketa-taldeen ezaugarriak.

1.– Deialdian parte hartu nahi duten ikerketa-taldeek partaidetza-baldintzak beherago aipatutakoetara egokitu beharko dituzte. Ikertzaile bakoitzak deialdi honetako proiektu batean bakarrik parte hartu ahalko du. 2000ko deialdian bi urteko proiektu bat burutzeko finantzaketa jaso zuten ikerketa-taldeek (hau da, 2001ean aktiboan egongo da) ezingo dute parte hartu.

2.– Ikertzaile-taldea osatuko dutenak hauek izango dira:

a) Ikertzaile nagusia, proiektua zuzenduko duena; doktore izateaz gain, erakunde onuradunen plantillakoa izan beharko du.

b) Ikertzaileak: doktore, lizentziatu, arkitekto, goi mailako ingeniari edo ingeniari teknikoak. Parte hartzen duen entitate bakoitzeko bana egongo da gutxienez eta erakunde edo zentro eskatzailearen plantillakoa izan beharko du. Gainera, ondoko hauekin osatu ahal izango da:

c) Ikerketako laguntzaileak: enpresa parte hartzaileetako bestelako pertsonak izan daitezke. Programaren xede den teknologiaren arloan esperientzia egiaztatua izango dute eta ez dira adierazitako gainerako kategorietakoak izango.

3.– Ezinbesteko baldintza izango da proiektuan gutxienez unibertsitateko ikerketa-talde batek eta enpresa batek parte hartzea. Teknologi zentroetako taldeen partaidetza, berriz, aukerakoa izango da.

5. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

1.– Kontzeptu finantzagarriak:

Deialdi honetan honako hauek finantzatu ahal izango dira:

a) Lankidea: eskabidean agertuko da horretarako ordaindu beharreko diru-zenbateko gisa, diru-laguntza esleitu, ikertzaile nagusiak eguneraketako txostenean proposamena eman eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzak onartu ondoren.

Ordaindu beharreko gehienezko diru-zenbatekoak ez da 1.500.000 PTAtik (9.015,182 euro) gorakoa izango urteko. Ebaluazio Batzordeak finkatuko du diru-zenbatekoa eta proportzionala izango da proiektuan aritutako denborarekiko.

Lizentziatu, industria-ingeniari, arkitekto edo fakultate edo goi mailako eskolako ingeniari teknikoko titulua izango du lankideak. Ez da izango erakunde parte-hartzaileetako plantillakoa eta ezin izango du jaso beka bidezko beste ordainsaririk, beste ikerketa proiektutarako diru-laguntzarik, lansaririk edo izaera publiko edo pribatuko bestelako ordainsaririk.

1 modalitatean ez da egongo kontzeptu horretarako dirulaguntzarik.

b) Ordainsariak: kontzeptu horretarako ordaindu beharreko gehienezko diru-zenbatekoa ez da izango proiektuaren finantzazioaren %30etik gorakoa izango. Diru-zenbateko hori proportzionala izango da Unibertsitateko edota EITEko zentroetako ikertzaileek proiektuari dedikatutako denborarekiko.

1 modalitatean ez da egongo kontzeptu horretarako dirulaguntzarik.

c) Material inbentagarria: kontzeptu horretarako ordaindu beharreko diru-zenbatekoa ez da 3.000.000 PTA-tik (18.030,363 euro) gorakoa izango urteko. Dena den, aparailu bakoitzaren kostea 1.000.000 PTA-tik (6.010, 121 euro) beherakoa izango da beti. Proiektuaren kargura eskuratutako material inbentagarria erakundearen inbentarioan agertuko da, baina altzariak eta instalazioak eta kudeaketarako tresneria inbentagarria berariaz geratzen da horretatik kanpo.

1 modalitatean ez da egongo kontzeptu horretarako dirulaguntzarik.

d) Material suntsikorra: proiektuko jardueretarako beharrezkoa eta behar bezala justifikatzen denean ez da mugarik egongo diru-atal honetan.

e) Bidaiak: proiektuaren jarduerak gauzatzeko edo emaitzak jakinarazteko egin beharrekoak. Diru-atal honek ez du barne hartzen beste bidaia-gasturik, ikerketei lotuta egon arren; hau da, kongresu, ikastaldi eta mintegietara bertaratzeko ezin dira erabili.

f) Bestelako gastuak: finantzatutako proiektuaren kostuaren %5ekoa izango da gehienez urtean. Aurreko diru-ataletan aurreikusi gabeko kontzeptuetarako gastuak ordaintzeko baino ez dira izango.

1 modalitateari dagokionez, proiektuarekin kontaktua hartzeari darizkion gastuak fakturatu ahal izango dizkio enpresak dirulaguntza jaso duen erakundeari.

Behar bezala frogatzen direnetan eta betiere baldin eta ebaluazio teknikoak horrela aholkatzen badu, adierazitako diru-zenbatekoak gainditzen dituzten kosteak onartu ahal izango dira.

2.– Eremu geografikoa.

Deialdi honetako proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako zentro batean edo, koordinatuta, bat baino gehiagotan garatu beharko dira, nahiz eta, salbuespen gisa, autonomia erkidego honen lurralde-eremutik kanpo, noizbehinka, aparteko jarduerak garatzea aurreikusten duten proiektuak onartu ahal izango diren. Parte hartzen duten entitate guztietan ikerketa-jarduerak garatu beharko dira.

3.– Iraupena.

Proiektuak, gutxi gorabehera, 2001eko urtarrilaren 1etik aurrera hasi beharko dira, eta proiektua hasten direnetik aurrera urte batean edo bitan burutu beharko dira.

6. artikulua.– Eskabideak formalizatu eta aurkeztea.

Eskabideak bi modutan aurkeztu ahal izango dira: telematika bidez, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak Interneten gauzatutako interfazeen bidez alegia; edo, bestela, paper bidez, ohiko moduari jarraituz, deialdi hau EHAAn argitaratzen denetik aurrera.

Datuak aipatu barik uzteak, aldatzeak edo eskatutako, informazioaren edozein erabilera okerra egiteak eskabidea ezesteko bide emango du.

1.– Interneten bidezko eskabideak.

Ikerketa proiektuetarako eskabideak egiteko, sistema telematiko bat jartzen du Zientzia Politikarako Zuzendaritzak hori erabiltzen dutenen eskuragarri. Bi atal desberdinez osatua dago:

Deialdirako eskabidea bera, Interneteko honako helbidean dago: http://www1.hezkuntza.ej-gv.net.

Interneteko honako helbidearen bidez sarbidea izango duten deialdiko partaideetako bakoitzaren curriculum vitae-a: http://www1.ej-gv.net/curriculum/admin. Curriculuma aurretik sartuta baldin badago, eguneratu baino ez da egin behar, hala badagokio.

Bi helbideek datuak sartzeko aukera ematen dute eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren Datu Basean grabatzekoa, datuak sartzeko amaierarako tekla sakatzen denean. Eskabideko datuak sistema horren bidez sartzea lortzen duten erabiltzaileek, aipatutako Interneteko helbide horietan horretarako prestatutako adierazpenak betetzen badira, ez dituzte agiriak paperetan bidali beharko, honako hauek izan ezik: 1-2A eranskinak (ikertzaile-talde parte hartzen dutenek sinatuak), 3A eranskina (ikertzaile nagusiak, saileko buruak eta erakundeko legezko arduradunak sinatua; bertan beste eskabiderik edo diru-laguntza osagarririk dagoen adierazi beharko da), 3B eranskina (egonez gero, erakunde laguntzailearen legezko ordezkariak sinatua), eta 3C eranskina (enpresa parte hartzailearen adierazpena, enpresaren legezko arduradunak sinatua, 2 modalitatearen kasuan). Agiri horiek inprimatu eta izenpetu ondoren, posta bidez edo 5.2. idatz-zatian adierazitako prozeduren bidez bidali beharko dira.

Ongi sartutako curriculuma, bertan ezarririk geldituko da ondorengo deialdietarako eta, egon baldin badaude, berrikuntzak sartzea baino ez da geldituko.

Eskabide-mota horietarako epea hilabetekoa izango da, Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita. Aurreko egunera arte osorik (sartze-amaiera emana) heldutako eskabideei sarrera emango zaie.

2.– Ohiko prozedurez, telematikoak ez direnez, egindako eskabideak.

Ohiko bidetik ere, hau da, telematikoak ez diren bideetatik, hilabeteko epea egongo da, Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita. Eskabide horiek helbide hauetara bidal daitezke:

– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila/Zientzia Politikarako Zuzendaritza edo

– Industria, Merkataritza eta Turismo Saila/Teknologia eta Berrikuntzako Zuzendaritza.

Eusko Jaurlaritza.

Erreferentzia: Unibertsitate-Enpresa Ikerketa Proiektuak.

Donostia kalea, 1.

01010 Vitoria-Gasteiz.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideetako batetik.

Ikertzaile nagusiak egin beharko du eskabidea, eta bera atxikita dagoen saileko zuzendariaren eta bere erakunde, antolakunde edo zentroaren legezko ordezkariaren oniritzia beharko du, eskabide-inprimakiaren 3A eranskinean ageri den moduan.

3.– Eskabidearekin batera hauek aurkeztu beharko dira:

3.1.– 2 modalitatea, eskabidearekin batera honakoak aurkeztuko dira:

a) Proiektuaren deskribapen orokorra, 1. eranskinaren arabera.

b) Ikerketa-proiektuari buruzko memoria, 2. eranskinaren arabera).

c) Erakunde eta enpresa parte hartzaileen adierazpena, 3. eranskinaren arabera.

d) Enpresaren ezaugarriak, 4. eranskinaren arabera.

e) Ikertzaile nagusiaren curriculum vitae-a, 5. eranskinaren arabera.

f) Talde ikertzailearen curriculum kolektiboa, 6. eranskinaren arabera.

g) Ikertzaile jakin batzuen curriculum vitae-a, arrazoiren bategatik, dela garrantzitsua delako, dela osagarria delako, edota ikertzaile nagusiak ez daukan diziplinaren bat duelako, bereziki ebaluatzea komenigarria baldin bada.

3.2.– 1 modalitatea, eskabidearekin batera honakoak aurkeztuko dira:

a) Proiektuaren deskribapen orokorra, 1. eranskinaren arabera.

b) Ikerketa-proiektuari buruzko memoria, 2. eranskinaren arabera).

c) Erakunde parte hartzailearen adierazpena, 3. eranskinaren arabera.

e) Ikertzaile nagusiaren curriculum vitae-a, 5. eranskinaren arabera.

f) Talde ikertzailearen curriculum kolektiboa, 6. eranskinaren arabera.

Idatz-zati honetan aipatzen diren agiriak originalean eta bi kopiatan aurkeztu beharko dira, agiriak aurkezteko bide arrunta erabiliz gero.

4.– Inprimakiak.

Eskabideak egiteko inprimaki normalizatuak interesatuen eskura izango dira Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Zientzia Politikarako Zuzendaritzan eta Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Teknologia eta Berrikuntzako Zuzendaritzan (Donostia kalea, 1 - 01010 Vitoria–Gasteiz), Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako unibertsitateetako Ikerketa Errektoreordetzetan eta Internet-eko ondoko helbidean: http://www1.hezkuntza.ej-gv.net.

7. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko organoa.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Zientzia Politikarako Zuzendaritzari eta Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Teknologia eta Berrikuntzako zuzendaritzari dagokie deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea, horretarako dituzten zerbitzuen bidez, hau da, Ikerketa Proiektuak Kudeatzeko Zerbitzuaren eta Ikerketa Zerbitzuaren bidez.

8. artikulua.– Aurkeztutako eskabideko akatsak zuzentzeko modua.

Eskabideak horretarako normalizatuta dauden inprimakietan aurkezten badira, edo aurreko ataletan adierazitako agiri guztiak eransten ez badira, interesatuari 10 eguneko epean akatsa zuzen dezala edo beharrezko agiriak erants ditzala eskatuko zaio, hori egiten ez badu eskabidea ukatutzat hartuko dela adierazita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 42. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

9. artikulua.– Ebaluazioa eta esleipena.

1.– Dirulaguntzak esleitzeko proposamena Batzorde Ebaluatzaileak egingo du, aurkeztutako eskabideak baloratu ondoren.

2.– Ebaluazio Batzordea Zientzia Politikarako zuzendariak eta Teknologia eta Berrikuntzako zuzendariak osatuko dute, hurrenez hurren Ikerketa Proiektuetako Zerbitzu-buruaren eta Ikerketa buruaren laguntza teknikoa izango dutela. Aipatutako Batzordeak proiektu bakoitzari buruzko txostenak eskatuko dizkie kasuan kasuko ezagutza–arloan ospe eta esperientzia aitortua duten ikertzaile eta teknologo adituei.

3.– Ebaluazio-prozesuan, Batzordeak, komenigarritzat jotzen badu, proiektuetan aldaketak sartzea iradoki ahal izango die eskatzaileei, proiektuak programa honen helburuetara hobeto egokitzeko asmoz.

4.– Esleitutako diru-laguntzak ebazteko proposamena egiteko xedez Batzorde Ebaluatzaileak ondoren azaltzen diren irizpideak hartuko ditu kontuan, beroiek erabiliko ditu ebaluatu, aukeratu eta lehentasunaren arabera antolatzeko eta, gehienez, 100 puntu eman ahal izango ditu:

a) 2 modalitatea:

IRIZPIDEAK PUNTUAK

Proiektuaren kualifikazio zientifiko-teknologikoa: proposamenaren interes teknologikoa eta ekonomikoa,

originaltasuna eta izaera berritzailea. Genero perspektiba sartzea, metodologiaren egokitasuna, eta tresna

teknikak; lan plana bideragarri eta posibilista. 20

Ikertzaileen kalitate zientifiko-teknikoa. Aurreko deialdietan finantzatutako proiektuetan lortutako

errendimendu maila eta produktibitate zientifikoa. 15

Ikertzaileek gaian aurretik duten esperientzia. 10

Aurreikusitako finantza-baliabideak proposatutako helburuei egokitzea. 10

Enpresa proiektuan zein neurritaraino sartuta dagoen eta emaitzak aprobetxatzeko duen ahalmena. 20

ENPRESAREN PARTAIDETZA %10 %15 %20 %25 %30

PUNTUAK 10 12,5 15 17,5 20

Ikerketa-taldean teknologi zentro batek parte hartzea baloratuko da. 10

Finantza eragile gisa beste erakunde batek partehartzea. 5

Partehartzaileek lehendik izandako bestelako lankidetzak, bai unibertsitate-taldeen eta enpresen artekoak

bai eta enpresen eta ikerketa-zentroen artekoak ere. 5

Teknologi ikerketaren zati bat enpresa parte hartzailearen I + G unitate batean egitea baloratu egingo da. 5

GUZTIRA 100

Proiektuaren gaia eta helburuak 1.3. artikuluan adierazitakoekin bat ez etortzea, halaber, baztertzeko zioa izango da.

b) 1 modalitatea:

IRIZPIDEAK PUNTUAK

Aurkeztutako azterlanaren kualifikazio zientifiko-teknologikoa. 20

Ikertzaileen kalitate zientifiko-teknikoa. 15

Enpresa proiektuan zein neurritaraino sartuta dagoen. 20

Partehartzaileek lehendik izandako bestelako lankidetzak, bai unibertsitate-taldeen

eta enpresen artekoak bai eta enpresen eta teknologia-zentroen artekoak ere 5

Geroko batean 2 modalitateko proiektu bilakatzeko proposamenaren bidegarritasuna. 35

Teknologi ikerketaren zati bat enpresa parte hartzailearen I + G unitate batean egitea baloratu egingo da. 5

GUZTIRA 100

Proiektuaren gaia eta helburuak 1.3. artikuluan adierazitakoekin bat ez etortzea, halaber, baztertzeko zioa izango da.

5.– Ebaluatutako eskabideekin lehentasun-hurrenkera bat ezarriko da modalitate bakoitzeko, 9.4. artikuluan jarritako ebaluazio-irizpideei jarraituz; horrela, baloraziorik onena lortu dutenak soilik esleituko dira Euskal autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarakoxe jarritako kreditua edota —indarreko legediaren arabera aurrekontuetan aldaketarik eginez gero— kreditu hori egokitzetik ateratakoa agortu artean. Eskabideetarako Ebaluazio Batzordeak ezarriko duen lehentasun hurrenkerak diruz lagundu daitekeen ebaluatutako eskabide bakoitzaren portzentajea zehaztuko du. Esleipenak aukeratutako ikerketa-proiektu bakoitzean eskaturikoaren %100erainokoak izan daitezke.

6.– Onartzen den aurrekontuak hartuko du kontuan agindu honen 5. artikuluan ezarritako kontzeptuak eta aurkeztu diren eta eskabidean ikerketa-ekipoek egiaztatutako beharren arabera eta adituek emandako aholkuen arabera zehaztuko da; diru-laguntzaren zenbateko osoa urteka, aurkeztutako beharren arabera eta onartutako lan-planen arabera banatuko da. Informazio hori eta aldaketaren bat, behar izanez gero, egiteko mekanismoa administrazio agirian egongo dira eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak igorriko du deialdia ebatzi ondoren.

10. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntzekiko bateragarritasuna/bateraezintasuna.

Diru-laguntza hau, 2. modalitatean, bateragarria da beste finantza erakunde batzuek xede berbererako emandako dirulaguntzekin. Ikerketa proiektu batek Eusko Jaurlaritzarena ez den beste erakunde baten deialdian parte hartu badu eta proiektuaren zati baten finantzaketa jaso badu, beste erakundeak finantzatzen ez duen proiektuaren zatia finantzatu ahal izango da deialdi honen bidez; baina betiere ikerketak eskatzen duen finantzaketaren guztirakoa gainditu gabe. Baldin eta proiektuak gainfinantzaketa jaso badu, deialdi honen bidez jasotakoari kenduko zaio gaindikina. Bestalde, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak harremanak hartu ahal izango ditu beste finantza erakundearekin bion artean finantzatzeko hitzarmen bat gauzatzeko.

1 modalitateko diru-laguntzak eta beste erakunde batzuek xede berbererako emandako dirulaguntzak bateraezinak izango dira.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Ebaluazio Batzordeak proposamena aurkeztuko die Industria Politikako sailburuordeari eta Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeari, zeintzuek esleipenak egingo baitituzte elkarrekin hartutako ebazpenez.

2.– Ebazpen hori EHAAn argitaratuko da eskabideak aurkezteko epea bukatu eta sei hilabeteko epean. Ebazpen horren aurka interesatuek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasi eta hilabeteko epean. Epe hori baino lehen ebazpen adierazirik eman ezean, eskabideak ezetsitzat joko dira isiltasuna dela-eta.

3.– Esleipenaren ebazpenean, onartzen den proiektu bakoitzari buruzko erreferentzia hauek jarriko dira:

– ikertzaile nagusiaren izena;

– bere erakundea edo entitatea;

– enpresa partehartzaileen izena edo helbidea;

– ikerketaren izenburua;

– proiektua burutuko den urteko bakoitzari esleitutako zenbatekoak.

12. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko baldintzak.

1.– Deialdia ebatzi ondoren, erakundearen legezko arduradunak, onuradunak eta proiektuaren ikertzaile nagusiak, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko eta Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko ordezkari banak diru-laguntzaren gastua eta administrazio jarraipena eta zientifiko-teknikoa erregulatuko dituen administrazio-agiria sinatuko dute. Onuradunek, aipatutako agiria sinatuta, diru-laguntza nahiz horrek berekin dakartzan konpromisoak onartzen dituztela adieraziko dute.

2.– Diru-laguntzaren zenbatekoa abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan finkatutako berme erregimenari eutsiz bermatuko da. Dekretu horretan ezarri egiten dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako bermeen eta dirulaguntzen itzuleraren sistema orokorra arautzen duen eta hura kudeatzen duen erakunde laguntzaileen baldintzak, erregimena eta obligazioak.

3.– Diru-laguntzaren zenbatekoa proiektuaren ikertzaile nagusia dagoen erakunde nortasun juridikodunari ordainduko zaio.

4.– Erakundea, entea edo zentroa Euskal Autonomia Erkidegoaren alor publikoaren barruan ez badago, Euskal Autonomia Erkidegoari ordaindu beharreko zergak ordainduta dituela egiaztatu beharko du.

5.– Urtebeteko proiektuetarako diru-laguntza ondoren adierazten den moduan ordainduko da:

a) lehen ordainketa esleitutako diru-laguntzari dagokion kopuruaren %75ekoa izango da, ondoren adierazten diren agiriak aurkeztu ondoren:

1 modalitatea: agiri administratiboa eta eguneraketako txostena.

2 modalitatea: administrazio agiria, eguneraketako txostena, Unibertsitatearen eta enpresaren arteko hitzarmena, Enpresak hitzartutako ordainketa (proiektu-gastuen %10 gutxienez).

b) Bigarren zatia diru-laguntzaren gainerako %25ari dagokio eta ondoren adierazten diren agiriak aurkeztu ondoren ordainduko da:

Ikertzaile nagusiak proiektuaren urteko txostena aurkeztu beharko du, ikertzailea dagoeneko Erakundearen legezko ordezkariak sinatuta eta beti ere 2001eko abenduaren 31 baino lehen. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak emango dio txosten-eredua.

Gauzatutako gastuaren zertifikazio bat aurkeztu beharko du erakundeak eta gaindikinak egonez gero, beroiek adierazi eta justifikatu beharko ditu. Urtea amaitzen denetik bi hilabeteko epea izango du zertifikazio hori aurkezteko.

6.– Bi urteko proiektuei dagokienez, ondoren adierazten den moduan ordainduko da dirulaguntza:

a) Lehenengo ordainketa lehenengo urterako emandako diru-laguntzaren %100ekoa izango da, beti ere ondoren adierazten diren agiriak aurkeztu ondoren: administrazio agiria, eguneraketako txostena, Unibertsitatearen eta enpresaren arteko hitzarmena, Enpresak hitzartutako ordainketa (proiektu-gastuen %10 gutxienez).

b) Bigarren ordainketa bigarren urterako emandako diru-laguntzaren %75ekoa izango da eta proiektuko ikertzaile nagusiak proiektuaren lehenengo urteko txostena aurkeztu ondoren ordainduko da, beti ere 20001eko azaroaren 15a baino lehen. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak emango dio txosten-eredua. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak emango dio txosten-eredua.

c) Hirugarren zatia diru-laguntzaren bigarren urteko %25ari dagokio eta ondoren adierazten diren agiriak aurkeztu ondoren ordainduko da:

Ikertzaile nagusiak proiektuaren bigarren urteko txostena aurkeztu beharko du, ikertzailea dagoeneko Erakundearen legezko ordezkariak sinatuta eta beti ere 2002ko abenduaren 30 baino lehen. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak emango dio txosten-eredua.

Gauzatutako gastuaren zertifikazio bat aurkeztu beharko du erakundeak eta gaindikinak egonez gero, beroiek adierazi eta justifikatu beharko ditu. Urtea amaitzen denetik bi hilabeteko epea izango du zertifikazio hori aurkezteko.

7.– Diru-laguntza jasotzen duen erakundearen eta enpresaren edo enpresen arteko lankidetza garatzeko baldintzak, parte hartzen duten entitateek teknologi transferentziarako bulego baten bitartez sinatu beharko duten lankidetza-hitzarmenean jaso beharko dira.

13. artikulua.– Diru-laguntza gauzatzeko baldintzak.

1.– Ikerketa-taldeko kideek erakunde, ente edo zentroetako arau orokorren arabera egingo dituzte gastuak, administrazio agirian ezarritako erregulazioarekin eta deialdiko arauekin bat etorriz.

2.– Erakunde, ente edo zentroen urteko memorietan eta proiektutik eratorritako zientzia argitalpenetan deialdia egiten duten Eusko Jaurlaritzako sailen babesa eta proiektuari esleitutako kodea jaso beharko dira.

3.– Proiekturako proposatutako xedeak betetzeko eta helburuak gauzatzeko erabili ez diren kopuru guztizko eta partzialei nahiz Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeei eta itzulerei dagokienez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26 zk.) xedatutakoari jarraituko zaio.

14. artikulua.– Onarpena eta jarraipena.

1.– Ikertzaile nagusiak eta erakunde, ente edo zentroek diru-laguntzak onartzeak deialdi hau arautzen duten oinarriak nahiz diru-laguntza jasotzen duten proiektuetako bakoitzerako sinatuko diren administrazio-agirietan jasotako klausulak onartzea dakar berekin.

2.– Ikerketa-proiektuaren jarraipen administratibo eta zientifiko-teknikoa egiteko, batzorde bat eratuko da deialdia egiten duten sailetako kideek osatua.

3.– Transferentzia Teknologikorako erakundeen bitartez (BTBak, Eusko-Iker Unibertsitate-Enpresa Fundazioa, Estrategia Teknologikoaren Unitatea, edo beste batzuk) sinatutako lankidetza-hitzarmena aurkeztu beharko da. Bertan, zer ekonomia harreman dauden, ikerketaren garapenean erantzukizunak nola banatzen diren eta proiektuaren emaitzak zen erabilera eta jabetza duten jaso beharko da.

Hitzarmenean proiektuaren emaitzak gozatzeko baldintzak zehaztuko dira.

4.– Faktura originalak erakundean artxibatu eta eskura izango dira, Teknologia eta Telekomunikazio Zuzendaritzak eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzak egiaztatu ahal izan ditzaten.

5.– Erakunde onuradunek deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruzko argibide guztiek eman behar dizkiete Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, dagozkien egitekoei eutsiz eskatzen dizkietenean.

6.– Helburuak lortu izateagatik edota aurreikusitako denbora edo esleitutako finantzaketa agortzeagatik proiektua amaitu ondoren, ikertzaile nagusiak enpresa esku-hartzailearekin batera, hamabi hilabeteko gehienezko epearen barruan, proiektuaren garapenari eta lortutako helburuei eta lortutako emaitzen erabilgarritasunari buruzko amaierako memoria aurkeztuko du.

7.– Diruz lagundutako ikerketaren bitartez lortutako emaitzen aplikazioari eta /edo ustiaketari jarraipena egingo zaio; horretarako, enpresa parte hartzaileak eta emaitza horien hartzaileak, proiektua amaitu eta ondorengo bi urteetan, urteko txosten labur bat aurkeztu beharko ditu.

8.– Proiektua amaitzen den epealdian, ikerketa–proiektua burutzea eta, ondorioz, diru-laguntza agortzea galarazi duen arrazoirik gertatuz gero, ikertzaile nagusiak, erakundearen legezko ordezkariaren oniritziarekin, jarraipen–batzordeari proiektua gauzatu eta kreditua agortu ahal izateko luzapena, gehienez ere sei hilabetekoa, eskatu ahal izango dio, aipatutako eskabidea egiteko arrazoiak behar bezala egiaztatu ondoren. Luzapen horrek ez du esan nahi 12.6 idatz-zatiko azken txostena entregatzeko epea luzatu egiten denik.

9.– Lortutako emaitzek liburuak, monografiak, artikuluak, doktorego-tesiak, lizentziatura-tesinak, kongresuetarako komunikazioak, patenteak, kontratuak, erabiltzeko ereduak eta abar sortarazi badituzte edo horietan zatika jaso badira, horien kopia bidali beharko zaio jarraipen-batzordeari.

15. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza esleitzeko kontutan hartutako baldintzen edozein aldakuntza, baldin eta deialdiaren xedea betetakotzat jotzen bada eta deialdi honetan esleitutako dirulaguntzez gain beste edozein erakunde publiko zein pribatutik diru-laguntzak edo laguntzak jasotzeak, hala gertatuz gero, honen bidezko diru-laguntzak ematen dituen ebazpena aldatzea ekarri ahal izango du. Zientzia Politikarako Zuzendaritzak, kasu horietan, emandako dirulaguntzen kopuruak doitzeko likidazio ebazpena hartuko du.

16. artikulua.– Diru-laguntza itzultzeko arrazoiak.

Diru-laguntza jasotzeko bide eman zuten baldintzak edonola ere bete ez direla egiaztatuz gero, jasotako diru-zenbatekoak eta bidezko legezko interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Diru-laguntzaren zati bat edo osorik itzuli beharko da, ondoko kausaren bat gertatuz gero:

1.– Ikertzaile nagusiak ikerketa-proiektuari uko egitea edota jatorrizkoa ez den bestelako erakunde, ente edo zentrora lekualdatzea, edo hura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora lekualdatzea, proiektua zuzentzea eta aurreikusitako helburuak lortzea arriskuan jartzeko moduan.

2.– Unibertsitate-taldearen eta enpresaren arteko lankidetza–harremanak desegitea edo haustea.

3.– Ondoko arrazoiak direla eta, diru-laguntza baliogabetzea:

a) Ikerketa-proiektu berean beste iturri batzuetatik etorritako finantzaketak metatzea edota, finantzaketa eskatuz, beste erakunde, ente edo zentro publiko nahiz pribatu batzuetan behar bezala justifikatu gabeko ikerketa-proiektuaren aldaerak aurkeztea, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari aldez aurretik horren berri eman gabe.

b) Proposatutako helburuekin eta ezarritako epeekin bat etorri gabe garatzea ikerketa-proiektua, Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren baimenik gabe.

c) Ikertzaile-taldeko kideek finkatutako ikerketa-proiektua bete gabe uztea, nabarmen, batez ere proiektuaren ikertzaile nagusiaren kasuan.

d) Deialdi honen oinarriak eta administrazio-agiriak, osorik edo zatika, bete gabe uztea nabarmen.

e) Datuak nabarmenki ezkutatzea, aldatzea edo eskabidean edozein manipulazio egitea.

Agindu honetan xedatutakoa ez betetzeagatik urte bakoitzari esleitutako diruzen-batekoa aldatu edo baliogabetzea gertatuz gero, banan-banan jakinaraziko da Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak eta Industria-Politikako sailburuordeak hartutako ebazpenen bidez.


Azterketa dokumentala