Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

86. zk., 2001eko maiatzaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
2351

73/2001 DEKRETUA, apirilaren 24koa, Euskal Autonomia Erkidegoan musikako goi mailako ikasketak ezartzen dituena, Hezkuntza Sistemaren Antolaketa Orokorrari buruzko Legearen arabera.

Hezkuntza Sistemaren Antolaketa Orokorrari buruzko Legeak 39. artikuluan ezarritakoaren arabera, musika-ikasketa arautuak hiru mailatan antolatzen dira: oinarrizko maila, erdiko maila eta goi maila. Apirilaren 21eko 617/1995 Errege Dekretuak goi mailako musika-ikasketen kurrikulumaren oinarriak ezarri zituenak eta espezialitate bakoitzeko materia bereziak gutxienezko komunen aldetik definitu zituenak, aldi berean, goi mailako musika-ikasketen kurrikulumaren oinarriak ere zehazten ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoan, azken urteotan, oinarrizko eta erdi mailako ikasketak normalizatu dira, eta, horiek ezarri ahala irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuak arautzen zuen ikasketa-plan zaharra ordezkatu da. Goi mailako ikasketak ezarriz araututako musika-ikasketen eskaintza osatu da. Horrela, musikako goi mailako titulua lortzeko bide ematen da, eta titulu horrek unibertsitate-lizentziatuaren balio bera izango du ondorio guztietarako.

Ikuspegi zabalago batetik, hau da, hezkuntza-sistemaren errentagarritasun-irizpidetik, musika-ikasketetan goi maila ezartzeak bide emango du kalitatezko prestakuntza artistikoa eskaintzeko eta geroko musika-profesionalen kualifikazioa bermatzeko; izan ere, horiek izango baitira irakasle-plantilen eta EAEko orkestra sinfonikoen plantilen oinarria, bai eta geure autonomia-erkidegoan sor daitezkeen mota askotako taldeen oinarria ere, esaterako, abesbatza, ganbera-talde eta bakarlari ospetsuak. Bestetik ere, goi maila ezartzeak EAEren egungo zernolakoek eskatzen dituzten lanpostuak betetzea bermatuko du. Zeresanik ez, EAEn gero eta gehiago dira aisiarekin eta kulturarekin lotutako ekintzak. Horiek horrela, bidezkoa izango da luzaroan finkatu den tradizioari jarraitzea eta hori bultzatzea, alegia, musika-irakaskuntzari tratamendu berezia eman diona eta orokorrean musikarekiko interes eta musika-kontsumo handiarekin bat datorrena.

Bestalde, eta Musikako Goi Mailaren berezko curriculuma egiten den bitartean, eta Eusko Jaurlaritzak curriculum hori onartu arte, Hezkuntza eta Kultura Ministerioak ezarritakoa aplikatuko da behin-behingoz lurralde-esparru horretan.

Ondorioz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, Aholku Batzorde Juridikoari entzunaldia eman eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2001eko apirilaren 24an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– 2001-2002 ikasturtetik aurrera EAEn Goi Mailako Musika-Ikasketak ezartzen hasiko da pixkanaka, Hezkuntza Sistemaren Antolaketa Orokorrari buruzko Legearekin bat etorriz.

2. artikulua.– Goi Mailako Musika-Ikasketen iraupena lau urtekoa izango da. Dena den, Zuzendaritza eta Konposizio espezialitateak lau edo bost ikasturtetan egin ahal izango dira, aukeran.

3. artikulua.– Musikako Goi Maila osatzen duten espezialitateak apirilaren 21eko 617/1995 Errege-Dekretuaren 3. artikuluan zehaztutakoak dira.

Geroan modalitate gehiago sartu ahal izango diren arren, 2001/2002 ikasturtean ezarri beharrekoak honako hauek izango dira:

a) Musika klasiko eta garaikideko instrumentuak: eskusoinua, harpa, kantua, klarinetea, klabea, kontrabaxua, fagota, zeharkako xirula, gitarra, oboea, organoa, perkutsioa, pianoa, saxofoia, tronboia, tronpa, tronpeta, tuba, biola, biolina eta biolontxeloa.

b) Tradizioko eta herri-musikako instrumentuak.

c) Konposizioa.

d) Pedagogia.

e) Zuzendaritza: abesbatza eta orkestra.

4. artikulua.– Urriaren 3ko Hezkuntza Sistemaren Antolaketa Orokorrari buruzko Legearen 42.3. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, musikako ikasketen goi maila gainditu dutenek dagokien Goi Mailako titulua jasotzeko eskubidea izango dute. Titulu horrek unibertsitate-lizentziatuaren tituluaren balio bera izango du ondorio guztietarako.

5. artikulua.– Apirilaren 21eko 617/1995 Errege-Dekretua betez, honako hauek izango dute musika-ikasketen goi mailara sartzeko aukerak: batxilergo-titulua daukatenek eta erdi mailako hirugarren zikloari dagozkion ikasketak gaindituta dituztenek, baldin eta sartzeko proba berezia gainditzen badute. Proba berezi horrek helburu izango du hautagaiak eskatutako espezialitatea probetxuz ikasteko ezaguerak eta trebezia profesionalak dituen egiaztatzea.

Bestetik, honako hauek ere izango dute goi mailan sartzeko aukera: aurreko atalean aipatutako baldintza akademikoetako bat edo biak bete ez arren, ezarritako proba gainditzen dutenek, baldin eta ariketa berezi baten bitartez erakusten badute erdi mailari dagozkion ezaguerak eta eskatu duten espezialitatea probetxuz ikasteko behar beste ezaguera eta gaitasun dituztela.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Euskal Autonomia Erkidegoan Musikako Goi Mailaren curriculuma ezarri arte, Hezkuntza eta Kultura Ministerioaren 1999ko ekainaren 25eko Agindua aplikatuko da.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena.– Hezkuntza sistemaren antolamendu berria aplikatzeko egutegia ezartzen duen ekainaren 14ko 986/1991 Errege Dekretuaren 33. artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz, (uztailaren 1eko 1487/1994 Errege Dekretuak eraberrituta, alegia, ekainaren 14ko 986/1991 Errege Dekretua eraberritu eta osatzen duena), aurreko ikasketa-planeko gradu guztiak ahitu eta hurrengo bi urteetan Oinarrizko Diploma eta Irakasle Titulua eta Goi Mailako Irakasle Titulua lortzeko proba berezietarako deialdiak egingo dira espezialitate guztietan, bere garaian ezarriko diren baldintzetan, irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuak araututako ikasketa-planak ahitzeak eragindako ikasleentzat.

Bigarrena.– Erdi mailako ikasketekin jarraitzeko aukera indarrean egongo da 2000/2001 ikasturtea amaitu arte.

Hirugarrena.– Goi mailako ikasketekin jarraitzeko aukera 2001/2002 ikasturtea amaitu arte egongo da indarrean, espezialitate hauek izan ezik: orkestra-zuzendaritza, abesbatza-zuzendaritza, musikologia, musika sakroa eta musika-pedagogia. Kasu hauetan 2002-2003 ikasturtea amaitu arte egongo dira indarrean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.– Baimena ematen zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari dekretu hau aplikatu eta garatzeko behar diren xedapenak emateko.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dadin egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2001eko apirilaren 24an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

INAXIO OLIVERI ALBISU.


Azterketa dokumentala