
63. zk., 2001eko martxoaren 30a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Garraio eta Herri Lan Saila
1725
AGINDUA, 2001eko martxoaren 23koa, Garraio eta Herri Lan sailburuarena, salgaien garraio publikoaren arloan lanbidea uzteko laguntzen programa ezartzen duen Agindua, 2001. urtean baliatu ahal izateko egokitzen duena.
Euskadiko Aurrekontu Erregimenari buruz indarrean dauden lege xedapenen Bateratutako Testua onartzen duen irailaren 27ko 1/1994 Legegintza Dekretuaren IX. tituluan jasotzen denari jarraikiz, abenduaren 26an Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako laguntza eta diru-laguntzak arautzen dituzten zenbait xedapenen indarraldia luzatzeari buruzko 275/2000 Dekretua onartu zen, eta ondorioz, Jaurlaritzak, Jaurlaritzako sailek eta erakunde autonomoek xedapen eta arau horiek 2001 urtean aplikatzeko beharrezkoak diren epeak, baldintzak eta eskakizunak egokitu ditzakete.
2000. urterako Garraio eta Herri Lan sailburuak salgaien garraio publikoaren arloan lanbidea uzteko laguntzen programa ezartzen zuen Agindua onartu zuen 2000ko irailaren 25ean, eta 2000ko urriaren 6ko EHAAren 195. alean argitaratu zen. Beraz, Agindu hori 2001 urtean ere baliatu ahal izateko beharrezko diren epeak eta baldintzak egokitu beharra dago.
Ondorioz,
EBATZI DUT:
1. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
Salgaien garraio publikoaren arloan lanbidea uzteko laguntzen programa ezartzen duen Garraio eta Herri Lan sailburuaren 2000ko irailaren 25eko Aginduan ezarritako laguntzak 2001 urtean eskuratzeko eskabideak aurkezteko epea, Agindu hau argitaratu eta biharamunetik aurrera kontatzen hasita, bi hilabetekoa izango da.
2. artikulua.– Onuradunak.
Agindu honetan araututako laguntzak eskuratu nahi dituzten pertsonek, eskabideak aurkezteko epean edo, bestela, 2001eko urtarrilaren 1ean, 2000ko irailaren 25eko Agindua ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte.
3. artikulua.– Eskabideak eta agiriak.
Agindu honetan jasotako laguntzak eskuratu nahi dituztenek, 2000ko irailaren 25eko Aginduaren eranskinean zetorren ereduari jarraikiz egindako eskabidea eta eskatutako gainontzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzan. Agiriak Zuzendaritzan bertan, Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1ean (01010), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako edozein eratan entregatu ahal izango dira.
4. artikulua.– Ordainketa.
Diru-laguntzak emateko eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko agiriak 2001eko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira.
5. artikulua.– Diru-baliabideak.
Agindu honetan aurreikusitako laguntzak 2001 urtean emateko ehun eta berrogeita hamar milioi (150.000.000) pezetako (901.518,18 euroko) diru-kopurua izango da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako kontu-sailetik hartuta.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Orok jakin dezan eta erabiltzaileek errazago erabil dezaten, 2001 urterako egin diren aurreikuspenak 2000ko irailaren 25eko Aginduan ezarritako araubide orokorrarekin bateratu eta lortutako testua Agindu honekin batera doa, eranskin gisa.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Agindu honen aurka, administrazio-bidea agortzen duenez, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Garraio eta Herri Lan sailburuari, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera hilabeteko epearen barruan; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren jurisdikzio horretako salan, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera bi hilabeteko epearen barruan.
Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Vitoria-Gasteiz, 2001eko martxoaren 23a.
Garraio eta Herri Lan sailburua,
ALVARO AMANN RABANERA.
ERANSKINA
Salgaien garraio publikoaren arloan lanbidea uzteko laguntzen programa ezartzen duen Garraio eta Herri Lan sailburuaren 2000ko irailaren 25eko Aginduko artikuluen gaineko testu egokitua.
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da salgaien errepideko garraio publikoan diharduten adin aurreratuko garraiolariek lanbidea utz dezaten 2001. urterako zenbait laguntza arautzea.
2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko ehun eta berrogeita hamar milioi (150.000.000) pezetako (901.518,18 euroko) diru-kopurua izango da, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2000ko Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako kontu-sailetik hartuta.
2. artikulua.– Onuradunak.
Agindu honetan araututako laguntzak eskuratu nahi dituzten pertsonek, eskabideak aurkezteko epean edo, bestela, 2001eko urtarrilaren 1ean, ondorengo zerrendan datozen eskakizunak bete beharko dituzte:
a) Helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.
b) 60 eta 64 urte arteko adina izatea, biak barne.
c) Azken 10 urteotan trakziorako gaitasuna duten ibilgailu astunekin edo baimenduriko gehieneko pisua 6 Tn baino gehiagokoa duten ibilgailu arinekin salgaien errepideko garraio publikoan jarduteko gehienez ere 2 baimen izatea, etenik gabe. Baimen horietan TD motakoak, estatu nahiz eskualde mailakoak ere sartzen dira. Baimena etenda egon ala ez, epea berdin-berdin kontatuko da.
d) Azken hamar urteotan Gizarte Segurantzaren langile autonomoen araubidean sartuta egotea, etenik gabe.
e) Salgaien errepideko garraio publikoa uzteko hitz ematea, garraio-baimenei behin betiko uko eginez edo titular gisa dituen baimen guztiak eskuz aldatuz.
f) Antzeko diru-laguntza edo laguntzaren bat jaso badu, bere kontra hori itzultzeko edo zehapena jartzeko prozedurarik ez hasi izana eta Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ordaindu beharreko diru-laguntzak lortzea debekaturik ez izatea, diru-laguntza edo laguntza publikoen arloan lege-urratzeren bat egiteagatik zehapen tinko bat jarri zaiolako.
3. artikulua.– Eskabideak eta agiriak.
1.– Agindu honetan jasotako laguntzak eskuratzeko eskabideak idatziz aurkeztu beharko dira, eranskinean datorren eredua hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzan, Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1ean (01010), edo administrazio prozeduraren gaineko legean aurreikusitako edozein eratan.
2.– Eskabideak aurkezteko epea Agindu hau indarrean jarri eta biharamunetik aurrera kontatzen hasita bi hilabetekoa izango da.
3.– Agindu honetan araututako laguntzak eskuratzeko agiriei dagokienean, jatorrizkoa edo jatorrizkoaren kopia bat aurkeztu ahal izango da, baina kopia aurkeztuz gero organo aginpidedunak konpultsatu beharko du. Hona hemen aurkeztu beharreko agiriak:
a) Eskabidea, behar bezala beteta. (Aginduaren eranskinean dator eredua).
b) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia eta identifikazio fiskaleko zenbakia.
c) Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren azken ordain-agiria.
d) Onuradunak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duten Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiriak.
e) Azken hamar urteotan inolako etenik gabe Agindu honen 2.c artikuluan adierazitako salgaien errepideko garraio publikorako gehienez ere 2 baimenen titular izan dela ziurtatuko duen kasuan kasuko Foru Aldundiaren agiria.
f) Azken hamar urteotan etenik gabe Gizarte Segurantzaren langile autonomoen araubidean sartuta egon dela ziurtatzen duen agiria.
g) Helburu bererako bestelako diru-laguntza edo laguntzarik jasoz gero, jaso duela, nork eman dion eta zenbat eman dion zehaztuko duen zinpeko aitorpena.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzak aurkeztutako eskabidea behar bezala balioesteko beharrezko jotzen duen beste edozein agiri edo argibide eskatu ahal izango du.
4. artikulua.– Kudeaketa organoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzaren ardura izango da Agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.
5. artikulua.– Agirien gaineko okerrak zuzentzea.
Eskatzaileak aurkezturiko agiriek Agindu honetan eskatutako baldintzak ez dituztela betetzen ikusiz gero, hala jakinaraziko dio organo kudeatzaileak eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea utziko, okerrak zuzendu edo behar diren agiriak aurkezteko; gainera, adieraziko dio, hala egiten ez badu, bere eskaria besterik gabe atzera botako duela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzeko urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen 42. artikuluak ezarritako eran.
6. artikulua.– Diru-kopurua.
1.– Agindu honen arabera gehienez ere 600.000 pezeta (3.606, 07 euro) emango zaizkio garraiolariari, hirurogeita bost urte betetzeko falta zaion seihilabeteko bakoitzeko.
2.– Sei hilabeteko oso horiek, Agindu hau indarrean jarri eta hurrengo hilabeteko lehenengo egunetik aurrera hasiko dira kontatzen. Egun horretatik aurrera sei hilabete baino gutxiago falta bazaizkio garraiolariari hirurogeita bost urte betetzeko, ezin izango du laguntzarik jaso.
3.– Agindu honen 1. artikuluko 2. paragrafoan ezarritako diru-kopurua ez bada aurkeztutako eskabide guztiei artikulu honen 1. puntuan jasotako gehieneko laguntza ordaintzeko iristen, ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabide guztien artean banatuko du dirua Garraio Zuzendaritzak garraiolari bakoitzari falta zaion seihilabetekoen proportzio berean.
7. artikulua.– Bateragarritasuna.
Agindu honen araberako diru-laguntzak bateragarriak dira beste pertsona fisiko edo juridiko batzuk helburu bererako emandako diru-laguntzekin.
8. artikulua.– Esleipena.
1.– Diru-laguntzen esleipena urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. artikuluan ezarritakoari jarraikiz jakinaraziko zaie interesdunei. Agindua indarrean jarri eta sei hilabeteko epean jakinaraziko zaie esleipena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio zuzendariaren berariazko ebazpen bidez. Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortuko, eta, beraz, hilabeteko epean gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Administrazio bereko Garraio eta Herri Lan sailburuordeari.
2.– Sei hilabeteko epean ez bada diru-laguntza esleitzeko berariazko ebazpenik eman, interesdunek ezetsitzat jo beharko dute eskabidea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan ezarritako ondorioetarako.
3.– Diru-laguntza guztiak ematen direnean, onuradunen zerrenda bat argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
4.– Agindu honetan aurreikusten ez diren kontuetan, diru-laguntzak emateko prozedurak honelaxe eraenduko dira: urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako azaroaren 26ko 30/1992 Legearen bidez eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez.
9. artikulua.– Ordainketa.
1.– Laguntza esleituz gero, behin garraiolariak jarduera utzi duela egiaztatutakoan oso-osorik ordainduko zaio, baina honako eskakizun hauek bete beharko ditu:
a) Onuradunak, aurkeztutako eskabidean adierazitakoari jarraikiz, laguntza emateko arrazoi gisa hartutako baimenari edo baimenei uko egin beharko die. Gainera, baimenei baja eman beharko die, edo bestela, hirugarren bati eskualdatu, eta hala egin duela egiaztatu beharko du.
b) Formalki hitz eman beharko du enpresari gisa garraiolari lana behin betiko utziko duela, eta ez duela lanbide gaitasuna beste enpresa baterako jarriko.
c) Ibilgailu astunak gidatzeko balio duen baimena izanez gero, uko egin beharko dio kasuan kasuko Trafiko Buruzagitzan.
2.– Diru-laguntza eskuratzeko betebehar guztiak betetzen dituztela egiaztatzeko agiriak 2001eko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira.
10. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.
1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun gertatzen denak honako betebehar hauek izango ditu:
a) Diru-laguntza eskuratzeko beharrezko diren eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatu beharko diote diru-laguntza eman behar duen Administrazioari.
b) Eman zaion diru-laguntza onartu beharko du. Diru-laguntza esleitu zaiola jakinarazteko agiria jaso eta hamabost eguneko epean onuradunak ez badio berariaz uko egiten diru-laguntzari, onartutzat joko da.
c) Diru-laguntza, eman zaion horretarako erabili beharko du.
d) Helburu bererako beste laguntza edo diru-laguntzaren bat lortu badu, lortu duela eta nork eta zenbat eman dion jakinarazi beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzari.
e) Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta Kontu Epaitegiak beren lana egiteko deialdi honi jarraikiz jasotako diru-laguntzen gainean eskatzen dien informazio guztia eman beharko die.
2.– Artikulu honen 1.e puntuan adierazitako organoen ahalmena gora-behera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio eta Herri Lan Sailak diru-laguntza jaso duen jarduerari buruz bidezko jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.
11. artikulua.– Egoera aldatzearen ondorioak.
Diru-laguntza esleitzeko kontuan hartutako egoeraren bat aldatuz gero, onuradunak beste administrazio batzuk edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako laguntza edo diru-laguntzak jasotzen baditu batera edo-eta helburu bererako bestelako diru-sarrera edo baliabiderik eskuratzen badu, diru-laguntza esleitzeko agindua ere aldatu egin ahal izango da, beti ere deialdi honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen jarraitzen badu.
12. artikulua.– Diru-laguntza itzuli beharra.
Onuradunak oinarri-arauetan eta diru-laguntza esleitzeko Aginduan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, organo aginpidedunak, onuradunari entzun ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat deklaratuko du, eta, halakorik izanez gero, dagokion diru-kopurua Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzultzera behartuko du, azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu legegileak, Euskal Autonomia Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, eta diru-laguntzetarako betebeharrak betetzen direla zaintzeko gainontzeko arauek ezarritakoa betetzeko. Kopuru hori diru-sarrera publikotzat joko da legezko ondorioetarako. Guzti horrek ez du galaraziko, ordea, bestelako zehapenak jartzea, eta kalteengatiko ordainak eta, halakorik izanez gero, erantzukizun penala ere eskatzea.
XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA
Baimena ematen zaio Garraio zuzendariari Agindu hau eta aplikatu beharreko gainontzeko arauak aplikatzekoan sortzen diren auziei buruzko erabakiak hartzeko.
I. ERANSKINA
I.– Garraiolari lana uzteko laguntzetarako eskabide-orria.
Lehenengo deitura:
Bigarren deitura:
Izena: ................................ NAN:
Helbidea: kalea ...................................... zk.
Herria: ................................ Posta kodea
Telefonoa:
II.– Eskabidearekin batera aurkeztutako agiriak (jarri gurutze bat):
n a) Eskabide-orria.
n b) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia eta identifikazio fiskaleko zenbakia.
n c) Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren azken ordain-agiria.
n d) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duten Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiriak.
n e) Azken hamar urteotan inolako etenik gabe Agindu honen 2.c artikuluan adierazitako salgaien errepideko garraio publikorako gehienez ere 2 baimenen titular izan dela ziurtatuko duen kasuan kasuko Foru Aldundiaren agiria.
n f) Azken hamar urteotan etenik gabe Gizarte Segurantzaren langile autonomoen araubidean sartuta egon dela ziurtatzen duen agiria.
n g) Helburu bererako bestelako diru-laguntza edo laguntzarik jasoz gero, jaso duela, nork eman dion eta zenbat eman dion zehaztuko duen zinpeko aitorpena.
III.– Diru-laguntza esleituz gero, eskuratzeko aurkeztu beharreko agiriak:
n a) Enpresario lana behin betiko utziko duela adierazten duen aitorpena.
n b) Lanbide gaitasuneko agiria enpresako beste garraio enpresa baterako ez duela erabiliko adieraziko duen aitorpena.
n c) Baimena edo baimenak baja emanda daudela edo hirugarren bati eskualdatu zaizkiola adierazten duen kasuan kasuko Foru Aldundiaren ziurtagiria. Baja, baimena hirugarren bati eskualdatu zaiolako edo lanbidea utzi behar diolako eman zaiola jaso beharko da ziurtagirian.
n d) Salgaien garraiorako ibilgailu astunak gidatzeko baimena izanez gero, baimen horri behin betiko uko egin diola adierazten duen frogagiria.
Eguna: ..............................
Sinadura: ..............................
RSS